33. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Behin betiko onetsirik Hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantza

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen batzar orokorrak, 2005eko abenduaren 1ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 3. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 6an, eta jendaurreko epean inork ez baitu alegaziorik aurkeztu, bidezko da ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematea argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zangozan, 2006ko otsailaren 13an._Mankomunitateko burua, José Daniel Plano Izaguirre.

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN HIRI HONDAKIN SOLIDOEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA._BALDINTZA OROKORRAK

1. artikulua. Zangozako Eskualdeko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea elkarte izaerako toki entitate bat da, eta haren helburuetako bat da hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak eskaintzea, Mankomunitatean unean-unean sarturik dauden toki entitateen mugapeetan, garbitasun eta txukuntasun publiko egokiak, ingurumenaren babesa eta hondakinen berreskuratzea lor daitezen.

2. artikulua.

1._Lurralde horren barrenean, hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak kudeatzen ditu Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak; haren eta erabiltzaileen arteko harremanak arautzea, horra ordenantza honen xedea; bertzeak bertze, bi alderdietako bakoitzak dituen eskubide, betebehar eta egitekoak zehaztea.

2._Zerbitzu horien tributu eta dirubilketa kontuetarako, toki ogasunei buruz Nafarroan indarra duen arauteria berariazkoari eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen ordenantza fiskalari egin beharko zaie kasu.

3. artikulua.

1._Ordenantza hau, bere eskumeneko eremuan, hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuetan aplikatuko da oro har, bai eta delako eremutik at ematen direnetan ere, osoki edo hein batean.

2._Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espreski araututa ez dauden kasuetan.

3._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak ordenantza aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantzen gainean egoki juzgatzen duen interpretazioa ezarriko du.

4. artikulua. Hiri hondakinak bildu eta tratatzeari buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeko eta aplikatzeko diren bertze xedapenetako oinarriei jarraikiz arautu da ordenantza hau.

5. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu Legearen arabera, hona hemen zer diren:

"Hondakina" edozein gai edo gauza da, ordenantzaren eranskinean ageri diren kategorietan sartutakoa, bere jabeak botatzen badu, bota nahi badu edo, botatzera beharturik badago. Halakoxeak dira Elkarteko Erakundeek onetsitako Europako Hondakinen Katalogoa (EHK) izenekoan bildutakoak ere.

"Hiri edo udal hondakinak" etxebizitza partikularretan, saltokietan, bulegoetan eta zerbitzuetan sortutakoak, bai eta arriskutsuaren kalifikazioa ez dutenak eta haien izaera edo osaketa dela-eta, aipatutako toki edo jarduerak sortutakoekin parekatu daitezkeenak ere. Era berean, hiri hondakinak dira honako hauek:

_Eremu publikoak, berdeguneak eta jostetaguneak garbitzetik heldu direnak, betiere horiek guztiak publikoak badira.

_Tamaina handikoak, altzariak, etxe tresnak, traste zaharrak.

"Kudeaketa": hondakinen bilketa, biltegiratzea, garraioa, balorizazioa eta deuseztapena, jardunbide horien zaintzea barne, hala nola hondakinak utzi edo botatzeko tokien zainketa, itxi eta gero.

"Balorizazioa": hondakinetan dauden baliabideak aprobetxatzeko aukera ematen duten prozedurak oro, giza-osasuna arriskutan jarri gabe, eta ingurumenari kalterik eragin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

"Deuseztapena" bai hondakinak botatzera, bai haien suntsipen oso nahiz partzialera zuzenduak diren prozedurak oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurumenean kalterik eragin lezakeen metodorik erabili gabe.

6. artikulua. 10/1998 Legearen arabera, hiri hondakin solidoak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen jabetzakoak dira, haien haren eskuetan utzi ondoren.

7. artikulua. Ordenantza honen esparrutik at geratzen dira bai edozein motatako hondakinak lurrazpiko egitura naturaletan edo artifizialetan biltegiratzea, bai meategietan onura, ustiapen edo ikerketa jardueretan sortutako hondakinak biltegiratu edo aprobetxatzea.

At geratzen dira, halaber, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretako hondakin eta hondarrak, Lurzoruari buruzko Legearen arabera urbanizaezintzat jotako lurzoruan sortu edo uzten direnean.

II. TITULUA._HIRI HONDAKINEN BILKETA

I. Kapitulua._Baldintza orokorrak eta hondakinen kategoriak

8. artikulua. Titulu honek arautuko du Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan jasoko dituen hiri hondakinak eta biltzeko zerbitzuak.

9. artikulua. Erabiltzaileak dira zerbitzu hauek aprobetxatzen dituzten edo zerbitzu hauek ukitutako pertsona fisiko eta juridiko guztiak.

10. artikulua. Ordenantza hau aplikatzeko, hondakin kategoria batzuk finkatzen dira, eta horiexek zehazten dute, hain zuzen, zein baldintzatan eskainiko diren zerbitzuak. Zerbitzuetako bat _etxeetako zaborrak edo gisakoak biltzea_ nahitaezkoa da, eta gainerakoak borondatezko ditu herritarrak.

A. Etxeetako zaborren bilketa zerbitzua honako hiri hondakin hauei dagokie:

1. Etxebizitzetan, herritarrek elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz sortzen dituzten hondarrak.

2. Herritarrek edo Udalaren garbiketa zerbitzuek espaloiak eskobatzean sortzen diren hondakinak.

B. Etxeko hondakinen parekoak. Horrelakotzat joko dira ondotik aipatzen diren hauek, baldin egunero uzten dena 50 litrotik beheitikoa bada.

a) Saltokietako salgaien azalak, ontziak eta gainerako hondakin solidoak.

b) Zerbitzu, merkataritza edo industri jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeetako hondakinen antzekoak.

c) Jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe edo gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

d) Egoitza, hotel, ikastetxe eta bertze establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

e) Udal azoken jardueretatik heldu direnak.

C. Etxeetako zaborbilketan inoiz ere jasoko ez diren bertzelako hondakinak (horrenbertzez, debeku da erabilera publikoko edukiontzietan uztea):

1. Industriakoak: hona hemen zein joko diren industriakotzat:

a) Lantegi, tailer, biltegi eta denda handietan sortutako hondar, errauts eta zepak; eta hondakinak tratatzeko instalazioetan sortuak.

b) Pneumatikoak.

c) Abeltzaintzako eta nekazaritzako ustiategietan sortuak.

d) Oro har, itxura, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasuna eta bertze kontuan izanik, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz etxez etxeko zaborbilketan jaso ezin diren hondakinak, eta egunero ateratzen den kantitate hori 50 litro baino handiagoa bada.

2. Tamaina handikoak, altzariak, etxe tresnak, traste zaharrak.

11. artikulua. Honako ordenantza honi dagokionez, etxez etxeko zaborbilketaren barrenean sartuko dira 10. artikuluan _A) eta B)_ zehazten diren nahitaez bildu beharreko hiri hondakin solidoak.

12. artikulua. Etxez etxeko zaborbilketaren zerbitzuan lan hauek eginen dira:

a) Uzteko guneetatik zaborrak hartu eta ibilgailuetara eramatea, betiere bilketako kamioiak hara iristerik badu; bestela, dagokion Udalak izanen du ardura edukiontziak tokiz mugiarazteko, kamioiak irispena izan dezan.

b) Zaborrak ibilgailu horietara hustea.

c) Edukiontziak, hustu ondoren, zeuden lekuan uztea.

d) Lan hauek direla medio bide publikoan eroritako zaborrak biltzea.

e) Zaborrak garraiatu eta horien hustuketa egitea Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak horretarako ezarritako tratamendu zentroetan.

f) Edukiontziak garbitzea.

13. artikulua. Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak urtero ezarriko du behar den tasa etxeetako zabor bilketaren zerbitzuagatik, baita 11. artikuluan azaldutako zerbitzuak emateagatik, betiere dagokion ordenantza fiskalak zehazten duenaren ariora.

II. kapitulua._Etxez etxeko zaborbilketa egiteko moduak

14. artikulua.

1._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak edukiontzien bidezko etxez etxeko zaborbilketa ezarriko du, egokien jotzen duen maiztasunarekin.

2._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko zerbitzuek urtero emanen dute aditzera bilketa zerbitzuaren ordutegia_, zerbitzuaren beharrak kontuan izanda.

3._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak interes publikoaren ikuspegitik komenigarritzat jotzen duenean, edozein unetan, iruditzen zaizkion gorabehera guztiak alda ditzake bilketa zerbitzuen programan.

4._Mankomunitateko zerbitzuek aldaketarik egin gogo badute (zerbitzuaren ordutegia, modua, maiztasuna), aldez aurretik eta behar den denborarekin jakinarazi beharko dute; Mankomunitateko buruak larrialdi egoeretan emandako xedapenak dira salbuespena.

15. artikulua.

1._Erabiltzaileak beharturik daude Mankomunitateak paratzen dituen edukiontziak zuzen erabiltzera.

2._Edukiontziek bete beharko dituzte Zangozako Eskualdeko Mankomunitateak ezartzen dituen baldintza teknikoak.

3._Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dute edukiontziek nolakoak izan behar duten, etxebizitza multzo batean, eta merkataritzako edo industriako lokal edo establezimenduetan zenbat paratu behar diren; orobat, non paratu behar diren, betiere Udal bakoitzak egiten ahal dituen zehaztapenei jarraikiz.

4._Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezarri ahal izanen zaio.

5._Udalek ahalmena badute edukiontziak non paratu behar diren erabakitzeko, edota horiek lekuz aldarazteko, behin betiko nahiz aldi baterako, betiere interes publikoari begira. Aldi baterako izan denean, lehen zeuden tokira itzuliko dira lekuz aldatzeko arrazoia desagertzean. Nolahani ere, hartutako erabakiak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari jakinarazi beharko zaizkio.

6._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko zerbitzuek hainbertze egunetik behin garbituko dituzte beren jabetzako edukiontziak; partikularrak direnak ere garbi ditzakete, betiere jabeen kontura.

7._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak hiri-barrutian pasabideak eta erreserba bereziak ezartzea eskatu ahal izanen du, zabor edukiontzien zamatze, hustuketa eta era egokian mantentzeko eginbideak burutzekotan.

Era berean, hondakin anitz sortzen duten jarduerek _arraindegiak, supermerkatuak, elikagaien industriak, ostalaritzako establezimenduak eta abar_ eta/edo azalera eraikia 200 metro karratutik goitikoa badute, leku itxi bat beharko dute izan, baina behar adina aireztaturik, zaborrak edukiontzietan hor uzteko, eta edukiontziak kanpora atera beharko dituzte ordenantza honek zehazten dituen leku eta orduetan.

8._Arrunt debekaturik dago edukiontzien parean ibilgailuak aparkatzea, eta halako tokietan non bilketa zerbitzuei edukiontzien husketa galarazten zaien.

Mankomunitateko kide diren Udalek beren udal ordenantzetan aipatuko dute debekaturik dagoela ibilgailuak edukiontzien parean aparkatzea edo zaborrak hartu eta husteko lanak eragozteko moduan aparkatzea; horretarako, lurreko seinaleak erabil ditzakete, egoki juzgatzen badute, eta haien esku izanen da zehatzeko ahalmena, trafikoko bertze arau-hauste bat balitz bezala.

16. artikulua. Erabiltzaileak, aurreko bi artikuluetan ezarritako betebeharrez gainera, bertze hauek ere izanen ditu:

1._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Mankomunitatearenak izanen dira.

2._Erabiltzaileak zaborra edukiontzi egokietan sartzera beharturik daude, zaborren sailkapenaren arabera. Debekaturik dago edukiontziak dauden eremuaren inguruan zaborrik uztea.

3._Erabiltzaile nahiz zabor biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte edukiontziak, kalterik jasan ez dezaten.

4._Herritarrek ez dituzte zamalanak eta eramate lanak eragotziko.

5._Debekaturik dago zaborra bildu gabe botatzea edukiontzietara. Erabiltzaileak, partikularra nahiz denda txikia dela, ongi itxitako boltsa hermetikoetan sartu beharko ditu bere hondakinak, zikin ez daitezen.

6._Erabiltzaileak ezin izanen ditu edukiontziak bide publikoan dauden tokitik mugitu, ez nahiago izateagatik beste leku batean egotea ezta hondakinak errazago bota nahi izateagatik ere, edukiontzia dagoen lekura garraiatu ordez.

7._Ezin izanen da edukiontzietara bota eduki likido handiko hondakinik, ezta hondakina bota ondoan edukiontziaren pisua 150 kg-tik gora eramanen lukeenik ere.

8._Hiriguneetan kokaturiko saltokiek edo industriek udalerrietako bide publikoetan dauden edukiontziak erabili ohi badituzte eta horiek bizilagunendako gogaikarriak diren hondakinak sortzen badituzte usaina edo gaiak direla eta. Mankomunitateak behartzen ahalko ditu udalerrietatik kanpo kokaturiko halako edukiontzi batzuk erabiltzera, aipatu hondakin motetarako, bederen, han ez baitira gogaikarri gertatuko. Seinaleak paratuko dira edukiontzi horiek non dauden adierazteko. Betehar hori bete ezean, erantzuleari idatziz jakinaraziko zaio eta behar den zehapena ezarriko.

9._Zaborra uzteko ordutegia arratseko zazpietan hasi eta biharamuneko goizeko seietan bukatuko da. Debekatuta dago hondakinak ordutegi horretatik kanpo uztea, usain txarrik edo bizilagunentzat bertze gogaikarririk izan ez dadin.

Zenbait kasu partikularretan, denden kasuan bereziki, haiek ireki eta ixteko ordutegia arestian aipatutakoarekin bat ez badator, sortzen dituzten hondakinak bide publikoan bildu gabe egon ez daitezen, Mankomunitate honi eskabidea luzatuko diote, bertan agertuz zein arrazoirengatik atera behar izaten duten zaborra ordutegitik kanpo. Mankomunitateak erantzun eginen dio eskabideari, eta kasu bakoitzari dagokion konponbidea zehaztuko du.

10._Sortzen diren hiri hondakin solidoak ezin izanen zaizkie inola ere herrietako bideen garbiketa egiten duten langileei eman.

11._Produktu geldoak bilketa sailkatuetako horretarako diren edukiontzietan utzi behar dira, III. kapituluan zehazten den bezala.

Geldotzat hartuko dira usteltze azkarra izaten ez duten hondakinak, hala nola beira, papera, kartoia, plastikoa, enbalajeak, brikak eta metalak.

12._Debekaturik dago pilak eta bateriak uztea edukiontzi berdeetan edo bilketa sailkatuetakoetan. Horiek edukiontzi berezietan utzi beharko dira, izan ere horrelakoak dituzten denda guztietan.

13._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak, bere jokabidea dela medio edukiontziak jaso edo bere lekuan paratzeko zerbitzua eragozten dutenei zehapena jarriko die.

III. Kapitulua._Zaborren bilketa sailkatua

1. ATALA

Orokortasunak

17. artikulua.

Bai Hondakinei buruzko 10/1998 Legeak bai eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 11/1997 Legeak betebeharreko helburu batzuk finkatu dituzte, ontzien birziklapenaren eta balorizazioaren arloan, hori guztia ingurumena eta jendearen osasuna babesteko asmoz.

18. artikulua.

Aitzineko artikuluan ezarritakoari dagokionez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak bilketa sailkatuaren sistema baduenez, erabiltzaileak sailka edo edukiontzi berezietan utzi behar ditu halako hondakinak, zenbait aprobetxamendu dituztenak edo aparte biltzea komeni dutenak.

Bilketa sailkatuen edukiontzietara haietako bakoitzerako bereziki zehaztuta dauden hondakinak botako dira, inola ere ez bertzelakorik; aitzitzik, horrelako hondakinik ez da botako zabor organikorako eta bestelakoetarako (edukiontzi berdeak) dauden edukiontzietara.

19. artikulua. Era berean, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak zenbait gairen bilketak egin ditzake, atez ate, eguna, ordua eta zer bilduko den _papera, trapuak, etab.- zehaztuta.

20. artikulua. 10/1998 Legearen arabera, hiri hondakin solidoak direnez gero, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea hondar horien jabe bihurtzen da biltzeko uzten diren unetik, eta zehapena ezar diezaioke hondakinak eskuztatu edo ebasten dituenari.

21. artikulua. Halako enpresak edo industri batzuen hondakinen artean birziklatzen ahal direnak sortzen dituztenak, eta horiek sortzen badituzte 10. artikuluko C ataleko 1-d puntuan zehazten den bolumena baino gehiago, horiek berezita utzi beharko dituzte eta eurek eraman Mankomunitateak horretarako zehazten duen instalazioetara, edo euren erabilerarako ez besterako edukiontzien eskaera egin behar dute, 33. artikuluan ezartzen den gisan.

Ordenantza fiskaletan ezarriko dira tasa ezberdinak, hau da, hondakinak bereizita uzten diren edota birtziklatzen ahal direnak beste hondakinekin nahasita uzten diren ikusita. Halaber, bilketa sailkaturako diren edukiontzi esklusiboak biltzeko tasak ezarriko dira.

2. ATALA

Beiraren bilketa sailkatua

22. artikulua. Mankomunitateak edukiontzi bereziak ezarrita ditu beira uzteko, berdeak dira eta iglu erakoak, 2,5 eta 4 metro kubikoko edukiera dutenak.

Edukiontzi horietara, beirazko edozein ontzi mota baizik ez da botako, berdin da zein kolore duen, tapaki barik eta ezein likido edo gairik gabe.

Edukiontzi horiek aho bat izaten ahal dute sarreratako, beirazko ontziak botatzeko aukera eman bai baina bertze edozein hondakin mota botatzea galaraziko lukeena; izan ere, hondakin horiek edukiontziko materiala birziklatzea galaraz dezakete, eta birziklatzea da bilketa sailkatuaren helburua.

Beiraren edukiontziak oso noizean behin hustekoak direnez, bat beterik dagoela ikusiz gero, edozein herritarrek Mankomunitateko bulegoetara deitzen ahal du, hustu dezaten.

3. ATALA

Bilketa sailkatua: papera eta kartoia

23. artikulua. Bilketa sailkatuaren barnean, Mankomunitateak papera eta kartoia biltzeko edukiontzi bereziak paratuak ditu, bilketa arruntaren eite bertsukoak baina urdin kolorekoak, tapakia paratuta eta 1.000 litroko edukiera dutenak. Nahiz eta gerora begira Mankomunitateak bilketa mota horretarako bestelako edukiontzi mota jartzen ahal duen, eta sistemak biak batera izan.

Edukiontzi horietara edozein motatako papera edo kartoia baizik ez da botako, baina bertzelako produkturik _ezkoak, plastikoak edo aluminioa_ ez dutela; beraz, brik ontziak ezin dira bota.

Kartoizko kaxak behar bezala tolesturik edo zatikaturik bota beharko dira, edukiontziaren barnean behar baino leku gehiago har ez dezaten. Edukiontzietatik kanpo ez da kartoizko kaxarik utziko, haizeak herrestatu eta karriketan barna barreiatzen ahal dituelako.

Kaxak handiak direlako edukiontzian sartu ezin direnean, tolestu eta, ahal izanez gero, lotu eginen dira, edo, gutxienez, tolestuta sartu edukiontzien artean, barreia ez daitezen.

4. ATALA

Bilketa sailkatua: ontzi arinak

24. artikulua. Bilketa sailkatuaren barnean, Mankomunitateak ontzi arinak biltzeko edukiontzi bereziak paratuak ditu, bilketa arruntaren eite bertsukoak baina hori kolorekoak, tapakia paratuta eta 1000 litroko edukiera dutenak, eta iglu erakoak, 2500etik 3000 litro bitarteko edukiera dutenak.

Edukiontzi horietan, paperezkoak eta kartoizkoak edo beirazkoak ez diren ontziak sartuko dira bakarrik; erran nahi baita: plastikozko ontziak, metalezko latak eta tetra brick ontziak, edo, noizbait hala erabakitzen bada, bertzelakoak.

Edukiontzi horiek aho borobila badute, 25etik 30 zentrimeto bitarteko diametrokoa, ontziak botatzeko aukera eman bai baina bertze edozein hondakin mota botatzea galaraziko lukeena; izan ere, hondakin horiek edukiontziko materiala birziklatzea galaraz dezakete edo materiala garbitzeko tratamendua egitera behartu.

IV. Kapitulua._Zaborretarako instalazio finkoak erabiltzea

25. artikulua. Galarazia dago hondakin solidoak estolderi sarera botatzea.

26. artikulua. Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen zerbitzuek aldez aurretik emandako baimena beharko da etxeko erraustegiak edo zaborren dentsitatea handiagotzeko instalazioak paratzeko.

V. Kapitulua._Hiri hondakin solidoen bilketa bereziak

27. artikulua. Arestiko 10. C) artikuluan definitu diren hondakinen bilketa, hiri hondakin solidoen bilketa berezitzat hartzen da. Horretarako, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak ezarriko ditu edo, bertzenaz, erabiltzaileek nola egin behar duten erranen.

28. artikulua. Apirilaren 21eko 10/1998 Legeak ezarritakoaren ariora, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak hondakin motaren bat arriskutsua dela uste duenean, hura sortzen duenari edo haren jabe denari eska diezaioke, biltzeari ekin baino lehen, beharrezkoa den tratamendua egin dezan, hondakina arriskutsu bihurtzen duen zera kentzeko, edo pertsonendako, gauzendako edo ingurumenarendako arriskutsu izan gabe bildu, garraiatu, tratatu edo deuseztatzeko maneran uzteko eralda dezan.

29. artikulua. Ordenantza honetatik at geldituko dira, hondakin arriskutsutzat hartzen baitira, honako arauotan agertzen diren hondakin guztiak: 952/1997 Errege Dekretuan onetsitatako zerrendakoak, baita haiek bildu dituzten ontzi eta enbase guztiak, Europako Arautegietan arriskutsutzat hartzen diren haiek eta hemendik aitzina Gobernuak aipatzen dituenak, Hondakinei buruzko 10/1998 Legeak halaxe agintzen baitu.

30. artikulua. Aurreko artikuluak dioena bermatzearren, aurreko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, eskuztatu edo garraiatzen dituzten ekoizle, edukitzaile eta baimendutako hirugarrenak beharturik daude hondakinen jatorriari, izaerari, osaketari, ezaugarriei, kopuruari, hustuketa motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruzko informazioa ematera Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari.

31. artikulua. Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak zaborbilketa berezien zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasak ezarriko ditu urtero, aldian aldiko ordenantza fiskalak ezartzen duenaren ariora.

1. ATALA

Industrietako eta saltokietako hondakinak bildu, garraiatu eta botatzea

32. artikulua. Industrietako eta saltokietako hondakinak sortu edo horiek dituenak aldez aurretik eskabidea egin beharko du eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak erabakiko du bilketa onartzen duen Mankomunitatearen bitartekoak erabilita, eta hura onetsi ondotik erabakiko du hura egiterik ba ote den, 33. artikuluak erabilera esklusiboko edukiontziei buruz zehazten dituenaren arabera, betiere aipatu hondakinen kopuruaren eta egoeraren arabera, edo bertzenaz, eskabidea egin duenari baimena emanen dio dagokion tratamendu zentroan hondakinak utz ditzan, horretarako behar diren tasak ezarriko dituelarik.

Bota beharreko hondakinen osaketa zein den zalantzazkoa denean, laborategi ofizial baten analisia eska daiteke eta hura Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura igorri, hondakinak onartzeko edo ez onartzeko.

Zabortegian hondakinen tratamenduaz arduratzen diren langileek aztertuko dituzte, betiere, industriek eta saltokiek botatako hondakinak.

Mankomunitateak botaketa bere aldetik egitera edo edukiontzi esklusibo bat erostera behartzen ahal du interesatua, 33. artikuluan aipatzen diren baldintza eta kasuetan.

Behar den baimena dutela hondakinak eskualdeko zabortegira botatzen dituzten industria edo saltokiek tasa bat ordainduko dute, ordenantza fiskalak horrelako hondakinetarako zehazten duena; orobat, tasa bat jar dezake botatako kilo bakoitzeko.

33. artikulua. Etxebizitza partikularrak ez diren erabiltzaileek, hau da, denda, elkarte, industria eta abarrek "erabilera esklusiboko edukiontziak" izanen dituzte, ondoko kasuotan:

1._Mankomunitateko zerbitzu teknikoek egiaztatzen badute egunero sortzen diren hondakinen kopurua 50 litrotik goitikoa dela (50 litroko kopuru hau 10. artikuluko c ataleko 1-d puntuan aipatu da), hondakin arrunta izan edo birtziklatzekoak izan, hau da, papera-kartoia eta ontzi arinak (plastikoak, latak eta brikak).

2._Nahiz eta aurreko kasuan aipatutakoa ez gertatu, Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakitzen badute hondakin mota jakin horretarako beharrezkoa dela edukiontzi esklusiboa izatea. Hau da: likido kantitate handia, usain txarra, dentsitate handia, etab.

3._Isolamendu kasu berezia izateagatik, hondakin arruntetarako edota birziklatzeko edukiontzia bertze inongo erabiltzailek erabili ezin badu, edukiontzi horiek zuzenean eskainiko ditu Mankomunitateak, nolakoak eta 800dik 1000 litro bitarteko edukiera dutenak.

Mankomunitatearen kontura izanen dira mantentzea, edo berria jartzea, baliorik gabe gelditzen denean, edota haren garbiketa.

Edukiontzietan kalteak baldin badira eta horiek erabiltzaileak gaizki erabiltzeagatik sortu badira, horiek ordaindu beharko dituzte konponketa gastuak, edota berria jartzearenak, gehiago ezin erabili badira.

Honetan oinarriturik, ordenantza fiskalean ezarriko da zerbitzu horri dagokion tasa eta horren osagai izanen dira, batetik, zenbateko finko bat edukiontzi motaren araberakoa (hondakin arruntak edo birtziklatzen ahal direnak), eta bestetik, zenbateko aldakor bat, astean zenbat aldiz bildu behar den ikusita, egun batetik seietara, edukiontzi arrunten kasuan, eta egun batetik hiruetara, bilketa sailkatuaren kasuan. Kostuan sartuko dira edukiontziaren amortizazioa eta arestian aipatu zerbitzuak.

Jabeak komeni zaion lekuan paratuko du edukiontzia, bere jabetzako lurretan, egunean zehar, eta eremu publikora atera beharko du arratseko hamaikak baino lehen, zerbitzu egunetan bakarrik, hustu ondotik berriz ere handik ken dezakeelarik.

Mankomunitateko zerbitzuek erabilera esklusiboko edukiontzien zaborbilketa egin dezaten, Mankomunitatean erregistratu beharko dira, behar den zaborbilketako kontratuarekin batera eta bertan zehaztuz edukiontzi mota bakoitzaren kopurua eta astean zenbat egunetan biltzea nahi den.

Astean zenbat aldiz nahi den bilketa erabaki ondoren, zehatz-mehatz finkatu beharko da zein egunetan eginen den, betiere Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen adostasunez.

Edukiontzi esklusiboa izan behar duten erabiltzaileek aukera izanen dute, aurrekoa egin beharrean, euren hondakinak beren bitartekoak erabilita eramateko, nora eta Mankomunitateak zehazten dien hartara, betiere botatzeko baimena Mankomunitateari aldez aurretik eskatuta.

Mankomunitateak agintzen dienean, edukiontzi esklusiboen kontratuen titularrek _saltokiek edo industriek_ horiek kendu eginen dituzte eta hondakinak beren bitartekoak erabilita Mankomunitatearen instalazioetara eraman, betiere Mankomunitateak zaborrak botatzeko baimena eman ondoren eta Mankomunitatearen ustez, hondakin horiek arazoak sortzen ahal badituzte bilketa zerbitzuako edota haien ondoko tratamenduan.

Nolanahi ere, Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakiko dute zein den aukera egokiena _edukiontzi esklusiboa ala zaborrak botatzeko baimena_ kasu bakoitzean. Ordenantza fiskalean urtero ezarriko dira ordaindu beharreko tasak.

2. ATALA

Tamaina handikoak, altzari, etxeko tresna eta traste zaharren bilketa

34. artikulua. Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak bilketa zerbitzu berezia ezarriko du, tamaina handikoak, altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak biltzeko. Zerbitzu hori hilabetean behin eginen da, hain zuzen ere hil bakoitzeko lehenbiziko ortzegun edota ortziraletan, betiere jaiegun ez badira, horrelakoetan bilketa zerbitzua hil bakoitzeko bigarren ortzegun edota ortziralean eginen baita.

Etxe partikularretan gehienez ere tamaina handiko hiru ateratzen ahal dituzte bilketa bakoitzean.

Zerbitzu hori partikularren etxebizitzei baizik ez zaie eskainiko. Mankomunitateak kasuan-kasuan erabakiz gero, irabazi asmorik gabeko ente edo erakunde publiko edo pribatuetara ere zabaltzen ahal da, gaiak tratatzeko gaitasunik ez badute. Nolanahi ere, interesatuak beren bitartekoak erabilita eraman beharko ditu Mankomunitatearen instalazioetara, edota enpresa baimendu baten bitartez kudeatu.

III. TITULUA._ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

35. artikulua. Zehapen ahalmena Mankomunitateak du bere eremu osoan. Honako jarduera eta egoera hauek arau-haustetzat hartuko dira:

1._Hondakin solidoak ezarritako zabortegitik kanpo uztea edo Mankomunitateak edo kide diren Udalek baimendu gabeko lekuetan uztea; arau-haustearen erantzuletzat hartuko dira egileak eta, ibilgailuetan garraiatzen badira, horien jabeak.

2._Erabiltzaileak berak sortutako hondakin solidoak, arrazoirik gabe, Mankomunitatearen esku ez uztea.

3._Mankomunitateak, ordenantza honen bidez edo hau garatzeko eman ebazpenen bidez, hondakinak biltzeko ezarritako baldintza, leku eta orduei ez lotzea.

4._Bide publikoan edukiontzien lekua aldatzea, denbora baterako edo betikoz.

5._Mankomunitatearen oharrei kasurik ez egitea, erabiltzaileei erraten dienean erabilera esklusiboko edukiontziak erosteko edo, hondakin gogaikarriak sortzen dituzten saltokien eta industrien kasuan, hondakinak edukiontzi isolatuetara botatzeko, ordenantza honen 17. artikuluko 8. puntuan jasotzen den bezala.

6._Edukiontzietan pintaketak egitea, edozein motatako paperak irastea, edo publizitaterako erabiltzea; azken kasu horretan iragarlea bera hartuko da erantzuletzat.

7._Edukiontzietan kalteak eragitea. Araua hautsi duenaren kargu geldituko dira horiek konpontzeko gastuak.

8._Hondakinen garraioa eta zamalanak galaraztea, edota edukiontziak beren lekuetan paratzera ez uztea.

9._Garraioko ibilgailuak edukiontzietara hurbil daitezen eragoztea eta, oro har, zerbitzua eman ahal izateko egin beharreko jarduerak egin daitezen ez uztea.

10._Hondakin solidoak estolderi sarera botatzea.

11._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen baimenik gabe etxeetan hondakinetarako instalazioak paratzea.

12._Hondakin toxiko edo arriskutsuak uztea edota biltzen direnekin batera nahastea.

13._Arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatutako argibideak ukatzea, eta benetan halakoak direnen kasuan, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak ez ematea.

14._Biltzen ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek kutsatu gabeekin edo aurretratamendu prozesuan daudenekin nahastea.

15._Animalien gorpuak edozein lurretan uztea edo jabetza publikokoak direnetan ehorztea.

16._Ordenantza hau bete ahal izateko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak egin daitezen ez uztea.

17._Hondakinak lurrekin edo obra-hondakinekin nahastea.

18._Hondakin solidoak behar bezala utzi eta gero ebastea.

19._Halako hondakin batzuetarako sailkako bilketa ezarri bada, horrelakoak, horretarako edukiontzi berezietara bota beharrean, etxez etxeko bilketa zerbitzuko edukiontzietara botatzea, eskuarki eta neurri handietan egiten bada.

20._Oro har, ordenantza honetako eta hiri hondar eta hondakin solidoei buruzko 42/75 Legeko xedapenen kontra dagoen edozein egintza edo huts.

36. artikulua.

A) Arau-hauste arinak 150 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

B) Arau-hauste larriak 450 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

C) Arau-hauste oso larriak 600 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira edo unean-unean indarra duen legeak, Mankomunitateko biztanleen kopurua kontuan izanik, alkateari ezartzen uzten dion gehieneko isunarekin.

37. artikulua.

A) Arau-hauste arinak dira ordenantza honetako 35. artikuluko 3, 4, 5, 6 eta 18 zenbakietakoak.

B) Arau-hauste larriak dira 35. artikuluko 1, 2, 9, 12, 13, 14, 15, 16, 17 eta 19 zenbakietakoak.

C) Arau-hauste oso larriak dira 35. artikuluko 7, 8, 10, 11 eta 20 zenbakietakoak.

38. artikulua. Arau-hauste arina behin eta berriz egitea arau-hauste larritzat hartuko da.

Arau-hauste larria behin eta berriz egitea arau-hauste oso larritzat hartuko da.

39. artikulua. Zehapenak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira erruduntasun maila, egindako okerraren tamaina, arau-hausteak berarekin dakarren arriskua eta egon daitezkeen bertzelako egoera aringarri edo astungarriak.

Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.

40. artikulua. Zehapen bidea ofizioz edo alderdi baten eskariz hasiko da, behar den salaketa egin eta gero. Salaketa justifikatu gabea eta ausartegia bada, ikuskapenak sortu gastuak salatzailearen kontura geldituko dira.

41. artikulua. Zehapen espedienteari probidentzia bidez emanen zaio hasiera, honako edukiarekin bederen:

a) Ustez erantzule den/direnen identifikazioa.

b) Prozedurari hasiera emateko abiapuntu izan diren egintzak, labur azaldurik, haiei dagozkiekeen kalifikazioa eta zehapenak, ezertan ukatu gabe instrukziotik hel daitekeena.

c) Instruktorea eta, halakorik balitz, prozeduraren idazkaria, zehazki adieraziz haiek errefusatzeari buruzko arauak.

d) Espedientea ebazteko organo eskuduna eta horrelako eskumena ematen dion araua, adieraziz ustezko erantzuleak aukera baduela bere borondatez erantzukizuna aitortzeko, hori guztia abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuaren 8. artikuluan adierazitako ondorioekin.

e) Ezarritako epeen barrenean, alegazioak egiteko eta prozeduran entzutea izateko eskubidea.

42. artikulua. Hasiera emateko erabakia instruktoreari igorriko zaio, horri buruz dauden jarduketa guztiekin batera, eta jakinarazi eginen zaie salatzaileari, horrelakorik balego, eta interesatuei, alegia, erruduntzat hartzen direnei. Jakinarazpenean berean ohartaraziko zaie interesatuei ezen, prozedura hasteko edukiari buruz hamabost eguneko epean alegaziorik egin ezean, hasiera hori ebazpen proposamentzat hartzen ahal dela, baldin eta egotzitako erantzukizunari buruzko pronuntziamendua agertzen bada bertan, eta hori guztia abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuko 18 eta 19. artikuluetan adierazitako ondorioekin.

43. artikulua. 1._Interesatuek hamabost eguneko epea izanen dute egoki juzgatzen dituzten alegazio, dokumentu eta informazioak aurkezteko eta, nahi izanez gero, probak proposatzeko, horretarako erabili behar dituzten baliabideak zehaztuz.

2._Arestiko lerroaldean agertzen den jakinarazpena eginda, prozeduraren instruktoreak ofizioz eginen ditu egintzak aztertzeko beharrezko diren jarduketa guztiak, erantzukizun zehagarriak ote diren finkatzeko jakin behar diren datuak eta informazioak eskatuz.

3._Prozeduraren instrukzioaren ondorioz egintzen hasierako finkapena, kalifikazioa, ezartzen ahal ziren zehapenak edo zehagarri diren erantzukizunak aldatzen badira, hori guztia jakinaraziko zaio ebazpen proposamenean errudun agertzen denari.

44. artikulua. 1._Alegazioak jasota edo hamabost eguneko epea iraganda, instrukzio organoak erabaki dezake proba epea irekitzea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legeko 80 eta 137.4 artikuluetan xedatuarekin bat. Epe hori gutxienez hamar egunekoa eta gehienez hogeita hamarrekoa izanen da.

2._Erabakia interesatuei jakinaraziko zaie, eta bertan ezesten ahal dira _betiere horretarako arrazoiak emanez_ haiek aurkeztutako probak, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 137.4 artikuluan ezarritakoaren arabera bidegabeak badira.

3._30/92 Legearen 81. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira instruzkio organoak egoki juzgatzen dituen probak; proba horiek ez dira prozeduraren edozein unetan interesatuek aurkezten ahal dituzten agiriak.

4._Agintea aitortua duten funtzionarioek egiaztatutako egintzek, legeak eskatzen dituen betekizun guztiak eginda agiri publikoen bidez aurkezten badira, frogen balioa izanen dute, betiere ezertan ukatu gabe administratuek beren eskubideen edo interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

5._Egindako frogen balorazioa funtsezko oinarria bada prozeduran hartzen den erabakian, ebazpen proposamenean sartu beharko da, egintzen ebaluazioan ezinbertzeko atala delako.

45. artikulua. Froga bukatuta, halakorik egiten bada, prozeduraren instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du eta bertan adieraziko egintza guztiak behar bezala arrazoituak, azalduz zer egintza jotzen diren frogatutzat eta haien kalifikazio juridiko zehatza. Halaber, zer arau-hauste egin den zehaztuko du, halakorik egin bada; orobat, zein diren erantzuleak eta jarri beharko litzaiekeen zehapena, edo bertzela, arau-hauste edo erauntzukizunik ez dagoela azalduko du.

46. artikulua. 1._Ebazpen proposamena interesatuei jakinaraziko zaie, prozedura ikusgai dutela adieraziz. Jakinarazpenarekin batera prozedura osatu duten dokumentuen zerrenda ere igorriko zaie, interesatuek egoki juzgatzen dituztenen kopiak egin ditzaten, eta hamabost eguneko epea emanen zaie alegazioak egiteko eta prozeduraren instruktoreari egoki juzgatzen dituzten agiriak eta informazioak aurkezteko.

2._Ordenantza honetako 54. artikuluan azaldutakoa salbu, entzutea emateko tramitea saihesten ahal da, betiere prozeduran interesatuak egindako alegazioak edo aurkeztutako frogak bakarrik agertzen badira edo horiek bakarrik kontuan hartzen badira.

3._Ebazpen proposamena berehala igorriko zaio prozedura ebatzi behar duen organo eskudunari, prozeduran diren gainerako agiri, alegazio eta informazioekin batera.

47. artikulua. Organo eskudunak ebazpena emanen du, arrazoiak emanez. Interesatuek agertutako gai guztiak eta prozedura horretatik eratorritakoak erabakiko ditu ebazpen horrek.

Ebazpena gauzatuko da organo eskudunak ebazpen hori emateko borondatea zuela egiaztatzen duen edozein bide erabiliz.

Ebazpena hamar eguneko epean emanen da, ebazpen proposamena eta prozeduran diren agiriak, alegazioak eta informazioak jasotzen direnetik.

Zehapen prozedura hauen ebazpenek, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 89.3 artikuluan zehaztutako elementuak biltzeaz gain, egindako frogen balorazioa bildu beharko dituzte, batez ere erabakiaren fun- tsezko oinarri direnak. Halaber, egintzak finkatuko dituzte eta, halakorik balitz, erantzule diren pertsonak, egindako arau-hausteak eta ezartzen diren zehapenak, edo, bertzela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoelako adieraziko dute.

Ebazpenak interesatuei jakinaraziko zaizkie.

Hasi eta sei hilabete iraganda oraindik ebazpenik ematen ez bada, eta kontuan hartuta interesatuei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izan daitezkeen eteteak, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 43.4 artikuluan ezarritako iraungitze epea kontatzeari ekingo zaio.

Iraungitze epea iraganda, organo eskudunak ziurtagiria luzatuko du, interesatuak hala eskatuta, eta bertan agertuko da prozedura bukatu dela eta jarduketak artxibatu egin direla.

48. artikulua. 1._Administrazio bideari amaiera ematen dioten ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean jakinarazpen egunetik.

2._Administrazio bideari amaiera ematen ez dioten ebazpenak ez dira betearazle izanen, harik eta errekurtso arruntaren ebazpena eman arte, interesatuak halakorik jarri badu, edo hura jarri gabe ere, horretarako epea bukatu arte.

3._Zehatutako arau-hausleak ebazpenaren kontra errekurtsoa jartzen badu, errekurtso horren ebazpenean eta, halakorik bada, administrazioak bere kabuz berrikusteko prozeduren ebazpenetan, ezin izanen zaizkio interesatuari zehapen handiagoak jarri.

49. artikulua. 1._Zehatzen diren egintzek Administrazioari kalteak edo galerak ekarri badizkiote, prozeduraren ebazpenean honako hau sartzen ahal da:

Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengo hartara itzuli behar duela.

Egindako kalte-galerengatik sortzen den kalte-ordaina, haren zenbatekoa prozeduran zehar finkatzerik bada.

2._Aurreko lerroaldeko b) letran azaldutako zenbatekoa finkatzerik ez bada, egindako kalte-galerengatik sortzen den kalte-ordaina prozedura osagarriaren bidez finkatuko da, eta haren ebazpena betearazlea izanen da ematen den unetik. Prozedura hori itundutako amaierakoa izan daiteke, baina ez amaiera horrek, ez arau-hausleak heldu daitekeen ebazpena onartzeak, ez dute esan nahiko arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen duenik. Prozeduraren ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari.

IV. TITULUA._ERREKLAMAZIOAK ETA JURISDIKZIOA

50. artikulua. Toki Administrazioaren arloan indarra duen legeriak ezarri prozedurari jarraikiz, zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkeztutako erreklamazio, zalantza eta jabeldurak, kasu bakoitzean administrazio publikoko erakunde eskudunak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz. Horrek ez du galaraziko Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen jarduketen eta erabakien aurka egitea, hori bidezko denean.

51. artikulua. Aitzineko artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, justizi auzitegiei dagokie beren eskumeneko aferetan parte hartzea, alderdi interesatuaren eskariz.

Nolanahi ere, erabiltzailearen eta Mankomunitatearen edo haren edozein egintzaren artean sortzen diren auziak, toki entitateen egintza eta erabakien aurka jotzeko araubideari lotuko zaizkio, administrazio izaerako xedapenei hertsiki jarraikiz, hura toki entitatea baita.

Iragarkiaren kodea: L0602794