33. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OTSAGABIA

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsirik

Otsagabiko Udalak, 2006ko otsailaren 13an egin bilkuran, eskatzen den legezko gehiengoa bildurik, erabaki zuen behin betiko onestea Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen haren testu osoa:

Delako ordenantza 2005eko abenduaren 2an egin bilkuran onetsi zen hasiera batez eta jendaurrean egon zen, 2006ko 3. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, urtarrilaren 3an; alegazioak ere jaso ziren, Martín de Andrés Barace jaunak aurkeztuak, ezetsiak izan badira ere.

Orobat, aldatu egin da Ordenantzako 54. artikuluaren idazketa, hain zuzen ere "eta errespetatu egin beharko dira zereal edo patata alorrak, egun horietarako ez bada ......" dioen tokian, honelaxe gelditu da: "eta errespetatu beharko dira alorrak, egun horietarako ez bada..." behar du.

Hortaz bada, behin betiko onetsitako testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraiiz.

Otsagabian, 2006ko otsailaren 14an._Alkate udalburua, Juan Manuel Tohane Contín.

HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Otsagabiko udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Otsagabiko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Otsagabiko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati tikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Otsagabiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Otsagabiko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Otsagabiko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Otsagabiko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aitzinetik Aholkularitza Juridikoko idazkariaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herri ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, horixe idatzi behar da, hots, herri ondasunak direla.

9. artikulua. Otsagabiko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Otsagabiko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, eta Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 30. artikuluan xedatutako prozedurara makurtu beharko dute.

11. artikulua. Otsagabiko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Otsagabiko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Otsagabiko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 26. artikuluak zehazten duen maneran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Otsagabiko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Otsagabiko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Otsagabiko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Otsagabian urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, aparteko famili unitatetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Otsagabiko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. artikulua. 1. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak Udi alderdiko lurretan eginen dira, Landalurren katastroko 6. poligonoan, 36, 37, 38 eta 39. lurzatietan, eranskineko planoan agertzen baitira, hiru modutan eginen dira eta ondoko lehentasunaren arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko ajudikatzea edo Udalaren zuzeneko ustiaketa.

Udalak laborantzarako herrilurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek aplikatuko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

2. Famili baratze izateko edo antzeko aprobetxamenduetarako herrilurren aprobetxamenduak Rial izeneko alderdian eginen dira.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, laborantzako lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatik dagokion zerga oinarria, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

19. artikulua. 1. Herrilurren lehentasunezko aprobetxamendu mota honetarako ezartzen den ereduko lotearen azalera izanen da lanbidearteko gutxieneko soldata (L.G.S.) erdiaren bertzeko dirusarrera garbiak sortzeko behar dena.

2. Aurreko 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) 3 kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea.

b) 4tik 6 kide bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

c) 7tik 9 kide bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea.

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Otsagabiko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Otsagabiko Udalak laborantzako beren herrilurren % 50 erabiliko ditu, gutxienez, banaketa modu honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Hainbat urtetarako laboreak badira, Otsagabiko Udalak baimendu ondoren, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

22. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko lur-saria ordenantza honetako 30. artikuluan zuzeneko adjudikaziorako zehaztutako prezioaren % 50 izanen da.

Zenbateko horiek urtero eguneratu beharko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIren arabera. Nolanahi ere, lur-sariak Otsagabiko Udalak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu, gutienez ere.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Otsagabiko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Otsagabiko Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Otsagabiko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Otsagabiko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Otsagabiko Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Toki entitateak irekitako espedientearen bidez kenduko dira lurzatiak, interesatuari entzutea eman ondoren.

Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak udal diruzaintzan sartu beharko dituzte.

26. artikulua. Otsagabiko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza norberak zuzenean egiten duela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzenean eta pertsonalki lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Otsagabiko Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikaturiko lurzatiaren % 80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

g) Bazka ekoizten duten herrilurren adjudikazio hartzaileak izanik, aziendak Otsagabiko Udaleko abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

2. ATALA

Herritarren artean zuzenean adjudikatutako aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera Otsagabiko Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzak dituen dirusarrera garbien edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, ajudikazio hartzaileak nekazariak izanez gero.

29. artikulua. Adjudikazioaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek lur-sari hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurrak: 105,15 euro/lurzatia/urtea.

Zenbateko hori proposaturiko lur-sariari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako K.P.I. aplikatuz, baina inguruan antzeko lurrengatik ordaintzen den errentamendu prezioen % 90etik jaitsi gabe.

31. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du adjudikazio-hartzaileak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Otsagabiko Udalak beretako gordetzen ahal du laborantzako herrilurren azaleraren % 5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

Toki entitateak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko lerroaldean aipatzen diren erreserbako lurrak, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira, lehentasuna duen bertze onuradun berriren bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da dagokion baldintza suntsiarazlea.

33. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

34. artikulua. Otsagabiko Udalak zozketa bidez haien eskuetan uzten ahal die lurzati bat, Rial alderdian, halako famili unitateetako titularrei, ordenantza honetako 16. artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen badituzte eta hala eskatu badute, zertarako eta baratzetarako edota horrelatsuko aprobetxamendurako erabil dezaten, betiere honako baldintza hauei jarraikiz:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

d) Lur-saria 7,50 euro/lurzatia izanen da. Proposatzen den lur-sari hori urtero egokituko da, gehienez ere nekazaritzako KPIren arabera.

Otsagabiko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordetzen ahal du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren % 10 baino handiagoa.

3. ATALA

Otsagabiko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

35. artikulua. Otsagabiko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Otsagabiko Udalak finkatuko du eta eskualde horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazaritzako KPIren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Otsagabiko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko bidea

36. artikulua. Otsagabiko Udalak erabakia hartu ondotik, hamabost (15) eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Otsagabiko Udalaren iragarki oholean argitara eman ondoan. Bertan, eskabideak onartzeko epea zehaztuko da.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, eta honako hauen gainean, bertzeak bertze:

a) Otsagabiko bizilaguna dela, gutienez ere urtebeteko (1) antzinatasunarekin, eta urtean bederatzi hilabete egiten dituela, bederen, udalerrian.

b) Otsagabiko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Famili unitatea osatzen duten kideak, famili liburuaren fotokopiarekin batean. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitzak laborantzako zenbateko azalera duen jabetzan, bai Otsagabiko Udal honetan bai bertzetan, eta lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak ote diren zehatuz.

e) Famili unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugapen honetakoak bai bertzelakoak, bakoitzaren abelburuen kopurua eta espeziea adieraziz.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Otsagabiko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Otsagabiko Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Otsagabiko Udalaren iragarki oholean paratuko dira 15 egun balioduneko epean, eta interesatuei jakinaraziko, bidezko juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak adjudikatuko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Otsagabiko Udalak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunetan, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Otsagabiko Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

43. artikulua. Herri larreen aprobetxamenduei dagokienez, Udi izeneko alderdian dagoen eremua finkatu da horretarako, ordenantza honetako 17. artikuluan zehaztu diren Landalurren Katastroko poligono eta lurzatietan, hain zuzen ere.

44. artikulua. Otsagabiko Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Antzinako ohiturari jarraituz.

b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuta.

45. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren antzinako ohituraren araberako adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

47. artikulua. Adjudikazioa urtebeterako (1) izanen da.

48. artikulua. Otsagabiko Udalak zehazten ahalko du herrilur bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua.

49. artikulua. Kontuan hartuz abelburu kopurua, larreen aberastasuna eta ixtegirik dagoen ala ez, Otsagabiko Udalak larreen aprobetxamendua adjudikatzeko hasierako prezioa finkatuko du.

50. artikulua. Adjudikazioaren hasierako prezioa urtero finkatuko da, Otsagabiko Udalak hartutako erabakiaren bidez.

51. artikulua. Urteko lur-sariaren zenbatekoa ordainketa bakarrean egin beharko da, eta urte bakoitzeko abenduaren 1a baino lehen.

52. artikulua. Onuradunak adjudikazio prezioaren % 4 pausatu beharko du, fidantza gisa, adjudikazio egunetik hasita 15 eguneko epearen barrenean.

53. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu, baita indarrean dauden eta aplikatzen ahal diren lege guztiak ere.

54. artikulua. Herriko ohituraren arabera eta nekazariei kalterik ez egiteko, Otsagabiko Udalak ondoko baldintzak finkatzen ditu:

_Udi izeneko alderdian egiten den herrilarren aprobetxamendua irailaren 15etik apirilaren 1era bitarte egin beharko da, eta errespetatu egin beharko dira landa-alorrak, egun horietarako uzta edo biltzea oraindik egina ez bada.

55. artikulua. Prozedura. Otsagabiko Udalak aldez aurretik erabakia hartuta, 15 eguneko epea hasiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazio zuzena eska dezaten, aldez aurretik ediktua jarrita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta toki entitatearen iragarki oholean.

56. artikulua. Antzinako ohiturari jarraikiz, adjudikazioa enkante bidez eginen da, famili unitateen titularren artean, betiere ordenantza honetako 45. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta honako zera hauek kontuan hartuta:

a) Ordenantza honetako 56. artikuluan ezarritako epean, eskabidearekin batera, eskatzaileek Ordenantza honetako 45 eta 53. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela erakusten duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, proposamen ekonomikoarekin batera, gutunazal itxian. Proposamen hori enkantearen hasierako prezioaren adinakoa izanen da, gutienez.

b) Proposamen ekonomiko onuragarriarena aurkeztu duen eskatzaileari eginen zaio adjudikazioa, behin-behinekoz.

57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 3 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

58. artikulua. Los pastos sobrantes del reparto vecinal podrán adjudicarse mediante subasta pública por espacio de 8 años y con sujeción a la normativa vigente y a lo previsto en la presente Ordenanza en lo que sea de aplicación.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

59. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Otsagabiko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

60. artikulua. Otsagabiko Udalak urtero finkatuko du famili unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Otsagabiko Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

61. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

62. artikulua. Egurra banatzerakoan Otsagabiko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

63. artikulua. Aitzineko artikuluak aipatzen dituen famili unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Otsagabiko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.

64. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Otsagabiko Udalak aurrekontu arruntean.

65. artikulua. Onuradunek debekatuta dute aprobetxamenduetatik sortutako hondarrak pilatzea, eta ezin izanen dituzte utzi ez bideetan, ez eta mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dituzte Udaleko landazainek agindutako jarraibideak. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen adjudikazioa ukatuko zaie.

66. artikulua. Adjudikazio prozedurari dagokionez, Udalaren osoko bilkuraren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

67. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta, betiere, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/93 Foru Legearen arabera, eta arlo honetan aplikatzen ahal den legeriaren arabera.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

68. artikulua. 1. Otsagabiko Udalak indarrik gabe utzi ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesatuek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Otsagabiko Udalaren erabakia, edo toki entitateko gobernu eta administrazio organo gorenarena, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta aurkezten diren alegazioei buruz Otsagabiko Udalaren osoko bilkurak hartutako erabakia.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

69. artikulua Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

70. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Otsagabiko Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Herrilurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Alatzeko eremuak eta/edo herrilarreen aprobetxamendurako ezarritako aldiak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

71. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 300 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

VI. TITULUA

Errekurtsoak

72. artikulua. Ordenatza hau interpretatzerakoan edo Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren gorabehera guztiak ondoko errekurtsoetako bat paratuz ebatziko dira:

a) Legeria orokorreko jurisdikzioaren edo administrazioaren arloko errekursoak, organo eskudunei zuzenduta.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, kapitulu honetako bigarren atalean ezartzen baita. Aipatu Auzitegi horren esanbidezko edo ustezko ebazpenek amaiera emanen diote foru bide administratiboari eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunetan.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

1. Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onesteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, honako prozedura honi jarraikiz:

a) Toki erakundeko osoko bilkurak hasierako onespena ematea.

b) Jendaurrean jarri, onespen erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta erakundeko iragarki oholean iragarri ondotik, hogeita hamar egunez gutxienez, epe horretan herritar eta interesatu legitimoek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kontrako iritziak edo oharrak egin ahal izan ditzaten.

c) Aurkezten diren erreklamazio, kontrako iritzi edo oharrak ebaztea, eta a) atalean aipatu den organoak behin betiko onespena erabakitzea.

Dena dela, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da, baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Herri ondasunen aprobetxamendua arautzen duten ordenantzak onesteko, beharrezkoa da udalbatza osatzen duten kideen legezko kopuruaren gehiengo absolutuak aldeko botoa ematea.

Ordenantza aldatzeko egin beharreko tramiteak onespena emateko berberak izanen dira.

2. Toki entitateek onetsitako ordenantzek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen dituzte ordenantzen testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan, salbu eta ordenantza fiskalen kasuan, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0602830