II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ZIZUR
Behin betiko onetsirik Telebanaketari lotzeko eta zerbitzua izateko tasak arautzen dituen udal ordenantza
Zizur Zendeako Udalak, 2005eko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Telebanaketari lotzeko eta zerbitzua izateko tasak arautzen dituen udal ordenantza.
Onesteko erabakia 2006ko 5. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 11n, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Gazolatzen, 2006ko otsailaren 24an._Alkate udalburua, José Ricardo Pérez Torrano.
ORDENANTZA FISKALA, TELEBANAKETARI LOTZEKO ETA ZERBITZUA IZATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 1. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Telebanaketa sarea eskuratzea da.
Subjektu pasiboak
3. artikulua. Zizur Zendeako udal mugapeko etxebizitzen jabeak dira ordenantza honetan araututako tasak ordaintzera behartutako subjektu pasiboak, telebanaketa sarea ezarrita badute edo hari lotzea eskatzen badute.
Karga-oinarriak
4. artikulua. Hauek dira oinarriak:
a) Telebanaketa sareari lotzeagatik.
b) Telebanaketa zerbitzua erabiltzeagatik.
Tarifak
5. artikulua. Tasa hauek ezarri dira:
a) Sarearei lotzeagatik, etxebizitzen jabeek 150 euro ordainduko dute, antena kolektiboa duten blokeak izan ezik, horietan etxebizitza bakoitzak 60 euro ordainduko baitu.
b) Sarea erabiltzeagatik. 20 euroko kuota ezarri da urteko, sareari lotutako telebista duen etxebizitza bakoitzeko.
Kudeaketa arauak
6. artikulua. Zizur Zendeako Udala da telebanaketa sare orokorraren jabea, eta ezin du inork deribazio edo lotunerik egin Udalaren baimenik ez badu.
7. artikulua. Telebanaketa sareari lotu nahi zaizkion pertsonek eskabidea aurkeztu beharko dute Zizur Zendeako Udalean, eta adierazi non dagoen lotu gogo den etxebizitza.
Lotunea egiteko unean, bertan egon beharko du sarearen mantentze lana adjudikatua duen enpresak, deus hondatu ez dadin.
8. artikulua. Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aurretik, lotune eskubideek ordainduta egon beharko dute, halakorik baldin bada.
9. artikulua. Udalaren erantzukizuna da telebanaketaren sare orokorra konpontzea, hau da, seinale egokia bermatu beharko dio etxebizitza bakoitzari espaloiko lotunearen TAPen.
Lotunea egin ondotik, etxebizitzaren jabe partikularrari dagozkio akatsak eta matxurak.
Dirubilketa
10. artikulua. Ordainaldi bakarrean kobratuko da urteko kuota, Udalak aldez aurretik jakinarazita. Lotunea egin baino lehen ordainduko dira hartarako eskubideak.
11. artikulua. Borondatezko aldian tasak ordaintzen ez dituztenei Nafarroko Toki Ogasunen Erregelamenduan ezarritako errekargua gehituko zaie, luzapenagatik. Aipatu erregelamenduko 275. artikuluan ezarritako epeak iraganik, premiamendu bidez kobratuko dira, dagozkien errekarguak eta gastuak barne.
12. artikulua. Bi urteko edo gehiagoko tasak zor dituzten zergadunei baja emanen zaie zerbitzuan eta hornidura kenduko zaie Udalak hala erabakiz gero, aurreko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe.
Zor dituzten tasak ordaindutakoan, zergadun horiek alta eskatzen badute, Udalak, baldintza gisa, egokia iruditzen zaion fidantza eskatzen ahalko die erabakitzen duen eperako. Bidezko eskubideak ordaindu beharko dira, zerbitzuan lehen aldiz alta hartuko balitz bezala, non ez den frogatzen norberarekin zerikusia ez duten arrazoiek ekarri dutela atzerapena ordainketan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara emandakoan.
Bigarrena._Ordenantza fiskal hau aldatzeko, onesteko behar dituen izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.
Gazolatzen, 2006ko otsailaren 24an._Alkate udalburua, José Ricardo Pérez Torrano.
Iragarkiaren kodea: L0603470