33. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

78/2006 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2005-2007 hirurterako Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko 2006rako laguntzak ezartzen dituena.

Europako Kontseiluak, 2004ko apirilaren 26ko EK 797/2004 Erregelamenduaren bidez, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko neurriak hartzeko orotariko arauak ezarri zituen. Batzordeak, 2004ko apirilaren 29ko EB 917/2004 Erregelamenduaren bidez, aurrekoa aplikatzeko xedapenak ezarri zituen. Bi Erregelemanduetan hiru urtean behin programa nazionalak prestatzeko aukera aipatzen da. Programa horiek urtero aurkezten dira eta Batzordeak onesten ditu, erabaki baten bidez, Kontseiluaren EK 797/2004 Erregelamenduarekin bat.

Europar Batasuneko Batzordeak, 2004ko abuztuaren 25eko Erabakiaren bidez, Espainiak 2005-2007 hirurterako aurkezturiko erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko urteko programa onetsi zuen.

Martxoren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak bultzatzeko laguntzak emateko araubidea ezartzen du.

Ildo horretan, plan batzuk egin dira 1998tik aurrera eta, araudiarekin bat, bidezkoa da 2006ko laguntzetarako plana garatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Hona hemen haren arauak:

Lehenbizikoa._Xedea.

Foru agindu honen helburua da erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzera bideratutako jarduerak sustatzeko 2006. urterako laguntzak ezartzea Nafarroan.

Kontseiluaren 797/2004 EK Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, laguntza lerro hauetan sarturiko jarduera edo inbertsioak izan daitezke laguntzen xede, helburu hauek dituztenak:

a) Prestakuntza eta laguntza teknikoa:

_Erlezainak prestatzea.

_Erlezainei laguntza emateko teknikariak kontratatzea.

_Zabalkunde teknikoa.

b) Varroosiaren kontrako borroka:

_Varroosiaren kontrako borrokarako erlezaintzako ADS sustatu eta sortzea.

_Varroosiaren kontra tratamendu kimioterapikoak egitea.

_Borroka biologikoko metodoak.

_Tratamenduko baldintzak hobetzea.

c) Transhumantzia arrazionalizatzea:

_Erlauntzen eta koadroen identifikazioa.

_Trashumantzariako behar den ekipamenduan inbertitzea (maneiatzea eta garraioa).

_Trashumantziarako erlategien berezko kalteetako aseguruak eta erantzukizun zibila.

_Trashumantziako erlezaintzako praktika egokiak zabaltzea.

d) Eztiaren analisia:

_Erlezain taldeek analisi zerbitzuak kontratatzea.

_Eztiaren analisi fisiko eta kimikoa egiteko ekipamenduan inbertitzea.

e) Europar Batasuneko erleak ugaltzen laguntzeko neurriak.

_Nafarroako erle beltzen erreginak hazteko inbertsioak.

_Erle galduak ordezteko erlategiak erostea.

Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberica azpiespezieeen aleak joko dira Nafarroako erle beltztzat.

Bigarrena._Onuradunak.

1. Laguntza horien onuradun izan daitezke 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden banakako erlezaintzako ustiategien titularrak.

Erlezain bakoitzak jarduketa bakar baterako laguntza baizik ez du jasoko ustiategi bakoitzean, dela berak bakarrik, dela kooperatiba nahiz erakunde ordezkari baten kidea den aldetik.

Erlategi abandonatuen eta erlauntza hilen titularrek es dute laguntzak jasotzeko eskubiderik izanen.

2. Onuradun izan daitezke, halaber, nortasun juridiko propioa duten elkarte nagusienak, betiere, gehienbat aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira. Betiere, laguntzak Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena eman duten kideendako izanen dira bakarrik.

Hirugarrena._Eskabideak aurkeztu eta eskatutako betebeharrak egiaztatzeko epea.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hasi eta 2006ko martxoaren 31n bukatuko da.

Laguntzarako eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusten diren beste erregistro administratiboetan.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak egiaztatzeko modua.

a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten titularra eta pertsona fisikoa edo juridikoa denean:

_Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

_Eskatzailearen IFKren edo IFZren fotokopia.

_Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

b) Eskatzailea ekoizleen elkarte bat bada:

_Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ezik.

_Laguntzaren xede den jardueran aritzeko erabakiaren ziurtagiria.

_Erakundea osatzen duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: helbidea, IFZ/IFK, erlategiko zenbakia eta bertako erlauntzen zentsua.

_Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

_Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

Bosgarrena._Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez emanen dira, ondoko lehentasun hauen arabera:

1. Erlezainen elkarteen eskaerak.

2. Gainerako eskabideetan, eskatzaile gazteenak egiten dituztenak lehenetsiko dira, hala nola varroosiaren kontrako borrokarako erlezaintzako osasun defentsarako elkarte bateko nahiz antzeko elkarte bateko kide direnenak. Horien barruan, elauntza gehiago dituztenak lehenestiko dira.

Seigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa edo haren banakako zenbatekoa finkatzeko modua.

1. Laguntzak honelakoak izan daitezke:

_Prestakuntza eta laguntza teknikorako 100eko 95.

_Varroosiaren kontrako borrokarako 100eko 90.

_Trashumantzia arrazionalizatzeko 100eko 55.

_Eztia analizatzeko 100eko 55.

_Europako Batasuneko erleak ugaltzeko 100eko 75.

2. Laguntzak aurkezturiko gastuen zenbatekoaren arabera kalkulatuko dira, BEZa sartu gabe.

Zazpigarrena._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duen organoa.

Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntzen eskabideei buruzko ebazpena.

Zortzigarrena._Ebazpena emateko epea.

1. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, aurreko arauetan ezarritakoa betetzeko, eskabideei buruzko ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hilabeteko epean, haiek aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

2. Aurreko atalean ezarritako epea ebazpena jakinarazi gabe bukatzen bada, interesatuak eskabidea ezetsi dela ulertuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 14ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoa jarraikiz.

Bederatzigarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

Programetako neurriak 2006ko abuztuaren 31 baino lehen egin behar dira, eta dagozkien ordainketak urte bereko urriaren 15a baino lehen.

Hamargarrena._Onuradunaren eta, horrelakorik izanez gero, entitate laguntzaileen betebeharrak.

Foru agindu honetako laguntzen onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000,00 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, hiru enpresari kontsultatu ondoren, dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean izan ezik.

Hamaikagarrena._Dirulaguntza zer xedetarako eman den, onuradunak edo entitate laguntzaileak hura bete duela eta dirua horretarako erabili duela egiaztatzeko epea eta modua.

Onuradunek 2006an erlezaintzako produktuak ekoiztu eta merkaturatzeko baldintzak hobetu dituztela frogatu beharko dute deialdi honetako laguntzen bost lerroetako bakoitzean, eta hobekuntzari buruzko agiri guztiak aurkeztuko dituzte. Frogagiri horiek hautatutako erlezainei erlategian berean egindako ikuskapenetan egiaztatuko dira.

1. a) lerroa (prestakuntza eta laguntza teknikoa): ikastaroetan parte hartu duten erlezainen zerrenda, teknikarien kontratuak, aldizkari edo informazio foiletoak eta egindako gastu eta ordainketen fakturak.

2. b) lerroa (varroosiaren kontrako borroka): varrosiaren aurka borrokatzeko erlezainei emandako produktuen fakturak eta haien ordainketena.

3. c) lerrorako (transhumantzia arrazionalizatzea): erlauntzak identifikatzeko materialaren erosketa-fakturak, ekipamenduarenak eta egindako ordainketenak; gainera, trashumantziarako erlauntzen berezko kalteetako aseguruak eta erantzukizun zibilekoa egiaztatuko dira.

4. d) lerroa (eztiaren analisia): zerbitzuen kontratazioari eta analisietarako ekipamenduetako inbertsioei buruzko gastu eta ordainketen fakturak.

5. e) leroa (Europako Batasuneko erleak ugaltzen laguntzeko neurriak): Nafarroako erle beltzen erreginak hazteko inbertsioetan egindako fakturak eta ordainketak egiaztatuko dira, bai eta erle galduak ordezteko erlategien erosketena ere.

Hamabigarrena._Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Laguntzak kobratzeko, onuradunek, jardueran aritu izanaren adierazpenarekin batera, aurkeztu beharko dituzte 2006ko irailaren 5a baino lehen 2005eko abuztuaren 31tik 2006ko abuztuaren 31ra bitarte eginiko gastuen eta ordainketen faktura eta agiriak.

Hamahirugarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu honen bidez ezarririko laguntzak bateraezinak dira beste administrazio edo erakundeek, publiko edo pribatu, Espaniako edo atzerriko, helburu bererako emaniko dirulaguntzekin.

Hamalaugarrena._Onuradunaren betebeharrak publizitate arloan.

Ez dago publizitateari buruzko betebeharrik.

Hamabosgarrena._Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko gorabeherak.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar den ebazpena emanen du, aurkezturiko agiriak eta luzaturiko txostenak ikusirik.

2. Laguntzen ebazpen hori sei hilabeteko epean emanen da, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, ezetsitzat joko da.

Hamaseigarrena._Ez-betetzeak eta haiek graduatzeko irizpideak.

Eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, eta litekeena da zehapenak ezartzea.

Hamazazpigarrena._Dirulaguntza itzultzeko arrazioak.

Diru-itzultzeak, arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35., 42. eta 43. artikuluetan xedaturikoari jarraituz arautuko dira.

Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan aipatzen dena izanen da.

Hemezortzigarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hemeretzigarrena._Emandako dirulaguntzen publizitaterako arauak eta mailak.

Onuradunen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean paratuko da.

2. Foru agindu honek sortutako konpromisoak ordaintzeko 50.000 euroko gastua baimentzea, 2006ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea (FEOGA-G)" izeneko 711001-71310-4700-412205 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2006ko martxoaren 9an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0604187