33. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

36/2006 FORU AGINDUA, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunentzako hiru prestakuntza beka emateko, Turismo Zuzendaritza Nagusian (Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzua) aritzeko.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezarri zen. Dirulaguntzak emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren arauak onartu beharko ditu, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.

Turismo Zuzendaritza Nagusiak proposatu du unibertsitate tituludunentzako hiru prestakuntza beka emateko deialdia onestea; beka horiek Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuan aritzeko dira, eta haien xedea da onuradunen prestakuntza akademikoa osatzea ezagutza espezializatuekin eta esperientzia praktikoarekin, administrazio publikoen nahiz enpresa pribatuen eskaerei aurre egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Unibertsitate tituludunentzako prestakuntzako hiru beka emateko deialdia eta haren arauak, Foru Agindu honen eranskinean ageri direnak, onestea. Bekak Turismo Zuzendaritza Nagusian (Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzua) aritzeko dira.

2. 18.352 euroko gastua baimentzea, 2006ko gastuen aurrekontuaren "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko A10001-A1100-4800-432300 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2006ko otsailaren 15ean._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

E R A N S K I N A

Unibertsitate tituludunentzako prestakuntzako hiru beka emateko deialdia, bekak Turismo Zuzendaritza Nagusian (Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzua) aritzeko dira

A R A U A K

1._Sorrera.

Turismo Zuzendaritza Nagusian, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuan aritzeko hiru prestakuntza beka sortu dira:

a) Zuzenbideko lizentziadunentzako beka bat, izaera juridikoko gaiekin zerikusia duten eginkizunak betetzeko.

b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzako lizentziadunentzako beka bat, izaera ekonomikoko gaiekin zerikusia duten eginkizunak betetzeko.

c) Arkitektura Teknikoko diplomadunentzako beka bat, titulazioari dagozkion gai teknikoekin zerikusia duten eginkizunak betetzeko.

2._Iraupena.

Prestakuntza beken iraupena emako ebazpenean adierazten den datan hasiko da eta 2006ko abenduaren 31n amaituko. Zernahi dela, organo eskudunak luzatzen ahalko ditu, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak eskatuz gero, hamabi hilabete arteko aldietarako luzatu; gehienez ere hiru urte hartuko dituzte hasierako aldiak eta luzapenek, denak batuta.

3._Dotazio ekonomikoa.

Prestakuntzako beka bakoitzaren dotazioa 706 eurokoa izanen da hilean, hilabetea igarotakoan eman ere; zati proportzionala ere ordainduko da, hala ordaindu beharra gertatzen denean.

Bekaren iraupena luzatuz gero, diru-kopurua eguneratu eginen da, KPIk Nafarroan duen aldaketa aplikatuz.

4._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia egin zen eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo arauan azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua deialdi honen aurreko hiru urteetan eskuratu izana.

g) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

5._Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea.

Bekak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahal dira.

Interesatuek Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan (Nabarreria 39, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, zein beka eskatzen den edo diren aipatzen duena.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

c) Deialdia baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Curriculum vitae, egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, informatikako ezagupenak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena. Ziurtagirien bidez erakutsi beharko da, baloratzeko.

e) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

f) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

6._Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordearen eginkizuna honakoa izanen da: prestakuntzarako beken eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatu, alegatutako merezimenduak aztertu eta ebazpen proposamena egitea. Honela osatuko da:

a) Batzordeburua: Nazareth Yábar Martínez andrea, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Kideak: Margarita Cueli Erice andrea, Berriztapen eta Kalitate Atalburua eta Pilar Zapico Revuelta andrea, Araubide Juridikoaren Atalburua.

c) Idazkaria: José Miguel Gamboa Baztán jauna, Turismoaren Antolamendu Ataleko burua.

7._Eskaeren ebaluazioa.

Eskatzaileek alegatutako merezimenduen balorazioa ondorengo baremoaren arabera ezarriko da:

a) Ikasketa espedientea: gehienez 5 puntu.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez 2 puntu.

c) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: gehienez 2 puntu.

d) Hizkuntzak: gehienez puntu bat.

e) Informatika jakitea: gehienez 2 puntu.

8._Bekak ematea.

Ebazpen proposamena ikusirik, bekak Turismo zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpen zehatzik jakinarazi edo argitaratu gabe bukaturik, eskaera ezetsi dela ulertuko da, isiltasun administratiboa dela eta.

Ebazpenean beka eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da, eta espres agerraraziko da, halakorik baldin bada, zein eskaerari esan zaion ezetz, izenak eta emandako puntuazioak adierazirik.

Ebazpena onuradun diren eskatzaileei jakinaraziko zaie, hau da, puntuazio altuena eskuratu dutenei, eta, halaber, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Nabarreria 39, Iruña).

9._Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak lanean hasi beharko dira hamar eguneko epean, emateko ebazpenean adierazitako egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez diren.

Jarduerak hasten direnean, eta Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzeko.

Edozein arrazoi dela eta emandako bekei uko eginez gero, ukoa idatziz jakinarazi beharko zaio Turismo Zuzendaritza Nagusiari (Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzua), gutxienez ere jarduerak eten baino hamabost egun natural lehenago. Uko eginez gero, zilegi izanen da beka horiek Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo daudenei ematea, baina horrek galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortutako betebeharrak betetzea.

10._Jarduerak.

Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusian arituko dira lanean, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratuta. Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen dituzte.

Bekadunek, astero, gehienez 30 ordu emanen dituzte lanean eta bekaldiko hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen dute.

11._Bekadunen betebeharrak eta eskubideak.

Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako betebehar eta eskubideak izanen dituzte.

12._Bateraezintasuna.

Prestakuntzarako bekak bateraezinak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu eta xede bererako emandako beste beka batzuekin.

13._Araubide juridikoa.

Arau hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

14._Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0603149