30. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERATSAIN

Beratsaingo Kontzejuak, 2005eko urriaren 21ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Ordenantza hori jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, 2005eko azaroaren 21eko 139. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Kontzeju honetako iragarki oholean iragarkia jarri ondotik.

Aipatutako epe horretan inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez gero, hasierako onespena behin betiko bihurtu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Beraz, bidezko da ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Beratsainen (Atetz), 2006ko otsailaren 7an._Kontzejuko burua, Miguel Angel Mariñelarena Oyarzun.

BERATSAINGO KONTZEJUAREN (ATETZ) HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Beratsaingo (Atetz) Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta arauzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haiei buruzko xedapena emateaz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Beratsaingo Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Beratsaingo Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, horien definizioa Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezartzen baita, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Beratsaingo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Beratsaingo Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Beratsaingo Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari, bere legezko eginkizunak betetzeko.

8. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Beratsaingo Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da Toki entitateen ondasunei buruzko legerian agindutako moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Beratsaingo Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Beratsaingo Kontzejua ahaleginduko da herrilurrak produkziorako abian jartzera, hobetzera eta ahalik eta hobekien aprobetxatzera, haien izaera sozialari kalte egin gabe. Gainera, kontuan hartuko da haien ustiapenaren xede nagusia Kontzeju honetako bizilagunen jarduera ekonomikoei laguntza ematea dela.

Herrilurretako aprobetxamenduak naturaren baliabide berriztagarriak direla kontuan hartuz eginen dira, baita horien erabilera arrazionala behar den zainketarekin uztartuz ere.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Beratsaingo Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Herritar gisa inskribatua egotea Atezko Udalaren herritarren udal erroldan, bizilekua Beratsainen izanik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizi izatea.

d) Atezko Udalarekin eta Beratsaingo Kontzejuarekin zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Beratsaingo Kontzejuak argituko ditu, haren Herrilurren batzordeak aitzinetik txostena eginda, hala behar bada.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. artikulua. Herrilurren aprobetxamenduak izan daitezke laborantzarako edo aziendak larratzeko, eta hiru modu ezberdinetan eginen dira lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Beratsaingo Kontzejuak modu horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako nahiz aziendak larratzeko herrilurren aprobetxamendua adjudikatzeko prozesua.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu ere.

19. artikulua. Ereduko lotearen azalera, mota honetan, 10 erregu da.

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate aunitz badira, Beratsaingo Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Kasu honetan, Beratsaingo Kontzejuak bere herrilurren ehuneko 50 erabiliko du, gutxienez, banatzeko era honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Labore urteanitzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

22. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak zehaztuko du aprobetxamendu mota honetako herrilurren onuradunek ordaindu beharreko urteko saria.

Zenbateko hori urtero eguneratu beharko da, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera. Nolanahi ere, lur-sariak Beratsaingo Kontzejuak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu gutxienez ere. Hala behar izanez gero, Kontzejuaren kostutzat hartuko da adjudikatu aurretik egindako inbertsioa, inbertitutako dirua benetan berreskuratzeko ezartzen diren kalkuluei jarraikiz.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Lurzatiak aziendak larratzeko erabiliz gero, lurzatien onuradunen izenean katastroan sarturiko aziendak baizik ez dira han larratu ahalko.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Beratsaingo Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Era berean, lan pertsonaltzat hartuko da zeregin jakin baterako (uzta bilketa, adibidez) berariazko makineria erabiltzeko agintzea, agintze hori ohikotasunez izaten bada ere.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo laga egiten duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuko diruzaintzan.

26. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak egoki juzkatzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta per- tsonalki egiten dela ziurtatzeko, eta berdin larratzen den azienda _katastroan sartutakoa_, lurzatiak noren izenean dauden, harexena dela.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustetan, adjudikatu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuek baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren ehuneko 80, gutxienez, lantzen ez duenean, aziendak larratzeko erabili ezik.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarren artean zuzenean adjudikatutako aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, edo beren izenean katastroan sartutako aziendak larratzeko erabiltzen ez dituztenak, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Herritarren artean zuzenean adjudikatuko diren loteen azalera Kontzejuak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik. Adjudikazioa gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabideen arabera eginen da.

29. artikulua. Adjudikazioaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herrilurren onuradunek ordaindu beharreko lur-saria Kontzejuak finkatuko du lurzatien kategoriaren arabera.

Onesten den lur-saria urtero eguneratuko da, nekazaritzako KPIaren bitartez gehienez ere, ordenantza honetako 22. artikuluan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

31. artikulua. Laborantza zuzenean eginen du adjudikazio-hartzaileak berak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Larrean bazkatuko dira lurzatien adjudikazio-hartzaileen izenean katastroan sartutako aziendak, lurzatia larreetarako denean soilik.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira, edo, bestela, Kontzejuak erabakita, adjudikatutako azalerak murriztuko dira aipatu dirusarreren arabera.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak laborantzarako lurra edo larrerakoa sobran baldin badago, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, enkante publikoan adjudikatuko du zehaztuko den eperako, betiere adjudikazioa banaketa berria egitean bukatzen bada.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Kontzejuak finkatuko du eta eskualde horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek, nekazaritzako KPIa nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero, ordenantza honetako 22 eta 30. artikuluetan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

Enkantea egin ondotik laborantzako edo larreetarako lurra sobran gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko bidea

34. artikulua. Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 10 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Kontzejuaren iragarki oholean argitara eman ondoan.

35. artikulua. Eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez urte bateko antzinatasuna izanik eta Beratsaingo Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Atezko Udalarekin eta Beratsaingo Kontzejuarekin zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak Kontzeju honetan eta beste udalerri eta kontzejuetan beren jabetzakoak dituen erreguak.

e) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bestelako moduren batean lantzen dituen lurrak, Kontzeju honetako mugapean eta beste batzuetan.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai mugapen honetakoak bai bestelakoak.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Beratsaingo Kontzejuak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Beratsaingo Kontzejuak onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean paratuko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak adjudikatuko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei, eta loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Beratsaingo Kontzejuak onetsiko ditu.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako eta azienda larratzeko herrilurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

41. artikulua. Beratsaingo Kontzejuaren mugapeko lurrak sartzen dira bertan.

Beratsaingo Kontzejuak bere mugapean dituen herrilurretako larre hauen aprobetxamendua herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bitartez eginen da eta horien barrenean egonen dira laborantzarako utzitako herrilurrak, larretarako direnak izan ezik.

42. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, Beratsaingo Kontzejuaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

43. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

44. artikulua. Adjudikazioa 10 urterako izanen da.

45. artikulua. Kontzejuak urtero baimentzen duen azienda kopurua (A.L.U., azienda larriko unitateetan neurtua) baizik ez da larratuko.

46. artikulua. Kontzejuak herrilurren aprobetxamendu horietarako urteko lur-saria ezarriko du ustiapenaren hasieran.

47. artikulua. Kontzejuak onetsitako adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (abeltzaintzako KPIa) onesten dituen indizeak kontuan hartuz.

48. artikulua. Urte bakoitzari dagokion lur-sariaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, ekitaldi bakoitzaren hasieran.

49. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

50. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakita, 10 eguneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek larreen adjudikazio zuzena eska dezaten.

51. artikulua. Eskaerak hartu ondoren, Kontzejuak eskatzaileen egoera ekonomikoa baloratuko du eta lehentasuna emanen egoera ekonomikorik urriena duten famili unitateei. Gero, aprobetxamenduak adjudikatuko ditu behin-behinekoz.

52. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginda, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Hura iraganik halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

53. artikulua. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Beratsaingo Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateen titularrei, aurretik eskatzen baldin badute.

Etxerako egurraren aprobetxamendua eskatzeko, nahitaezkoa da Atezko Udalaren erroldan inskribatua egotea eta Beratsaingo herrian egiazki bizitzea.

54. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei adjudikatzeko epaitzen bolumena, eskaeren eta oihanean dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion bitartean.

55. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

56. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik, hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideak zintzo beteko dituzte. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen adjudikazioa ukatuko zaie.

Herrilurretako bideak ez hondatzeko, Kontzejuak urte bakoitzean ezartzen dituen egunetan aterako dira epaitzak. Horiek urteko aro idorrean izanen dira, ekainetik irailera arte nagusiki.

VI. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

57. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

58. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Bera- tsaingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

59. artikulua. Beratsaingo Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, ukitutako lurrek honako xedea baldin badute: herrilurren gaineko kargak kentzea, herrilurra hobetzea edo arbolak landatzea edota gizarterako proiektuak nahiz hirigintzako planeamenduaren arabera lurzoruaren erabilerak aldatzea eskatzen dutenak egitea.

60. artikulua. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

61. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

62. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

63. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hilabetez jendaurrean paratu eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

64. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen lur-sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Herrilurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Labore iraunkorretarako landaketak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) Kontzejuaren baimenik gabe egitea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Larreetan Kontzejuari esan baino azienda kopuru gehiago edo esan ez zaion motakoa sartzea.

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

l) Naturaren produktuak biltzea horretarako gaitzen duen txartelik gabe.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

65. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori ezin bada zehaztu, hirurogeitik mila berrehun eta bi eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Gainera, l) letrako arau-haustea bada, bildutako produktuak konfiskatuko dira.

Herrilurretako ondasunetan (azpiegiturak, instalazioak, lokalak, oihanak, belaiak, etab.) egindako kalte eta galerak udal zerbitzuak moldatuko ditu. Bestela, hirugarrenei kontratatuko die Kontzejuak. Moldaketa horien ondorioz sortzen diren gastu guztiak kalte eta galeren egileen kontura izanen dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honek indarra hartzen duen egunean herrilurren aprobetxamenduak erregulatzeko indarra duten kontzeju-arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0602608