I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
36/2006 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, praktiketako zazpi beka emateko deialdia onesten duena, bat Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzan aritzeko eta sei Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuan.
Turismo Zuzendaritza Nagusiak, Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuaren bidez, praktiketako zazpi beka emateko deialdia egin du, bat Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzan aritzeko eta sei Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuan. Azken horietatik bi Iruñeko Sustapen Atalerako dira, bi Iruñeko Turismo Bulegorako, bat Zangozako Turismo Bulegorako eta beste bat Orreagako Turismo Bulegorako. Beka guztietarako goi mailako titulazioa eskatzen da (Soziologia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Historia, Geografia eta Historia, Giza Zientziak, Kazetaritza, Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak, Enpresa Zientziak, EAZL), Turismoko Enpresa eta Jardueretako teknikari titulua edo Turismoko Enpresa eta Jardueretako diplomatura, bekadunek turismo arloko lanaren alderdi teorikoak eta praktikoak ezagutuz prestakuntza akademikoa osa dezaten. Beka guztiek bederazi hilabete iraungo dute, 2006ko apirilaren 1etik 2006ko abenduaren 31 arte.
Beketarako deialdi honek ebazpenarekin batera emandako txostenaren eranskin gisa ezarri diren arauei jarraituko die.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoarekin bat,
AGINDU DUT:
1._Praktiketako zazpi beka emateko deialdiaren espedientea onestea. Beka bat Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzan aritzeko izanen da eta gainerako seiak Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuan. Azken horietatik bi Iruñeko Sustapen Atalerako dira, bi Iruñeko Turismo Bulegorako, bat Zangozako Turismo Bulegorako eta beste bat Orreagako Turismo Bulegorako.
2._51.093,00 euroko gastua baimentzea, 2006ko gastuen aurrekontuko "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko A10002 A1200 4800 432300 kontusailaren kargura.
3._Ordainketa hilabetero eginen da; 742,00 euro turismo bulegoetako bekadunentzat, 706,00 euro, Sustapen Ataleko bekadunentzat, eta 1297,00 euro Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzan aritzen den bekadunarentzat, betiere Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuak aldeko txostena ematen badu.
4._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.
Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2006ko otsailaren 15ean._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.
ERANSKINA
Unibertsitateko tituludunendako zazpi prestakuntza bekaren deialdia, Turismo Zuzendaritza Nagusian aritzeko (Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzua)
A R A U A K
1._Sorrera.
Turismo Zuzendaritza Nagusian aritzeko zazpi prestakuntza beka sortzen dira, Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuaren bidez. Beka bat Nafarroako Gobernuak Madrilen duen ordezkaritzan aritzeko izanen da eta beste seiak Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuarentzat aritzeko. Azken horietatik bi Iruñeko Sustapen Atalerako dira, bi Iruñeko Turismo Bulegorako, bat Zangozako Turismo Bulegorako eta beste bat Orreagako Turismo Bulegorako.
Beka guztietarako goi mailako titulazioa eskatzen da (Soziologia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Historia, Geografia eta Historia, Giza Zientziak, Kazetaritza, Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak, Enpresa Zientziak, EAZL), Turismoko Enpresa eta Jardueretako teknikari titulua edo Turismoko Enpresa eta Jardueretako diplomatura, bekadunek turismo arloko lanaren alderdi teorikoak eta praktikoak ezagutuz prestakuntza akademikoa osa dezaten, arau hauei jarraikiz.
2._Iraupena.
Beka guztiek 9 hilabete iraungo dute, 2006ko apirilaren 1etik 2006ko abenduaren 30era arte. Epe hori bukatutakoan, bederatzi hilabeteko luzapenak egiten ahalko dira, hasierako aldia eta luzapenak harturik hiru urte bete arte gehienez. Luzapena egiteko Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuak horren aldeko txostena eman beharko du.
3._Dotazio ekonomikoa.
1. Turismo bulegoetako bekak 9 hilabeterako dira eta bakoitza 6.678,00 eurokoa da, guztira. Sustapen Ataleko beka bakoitza 6.354,00 eurokoa da, guztira. Diferentzia ekonomiko hori bekadunak izanen duen ordutegiaren konpentsazio gisa ezartzen da. Azkenik, Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzan aritzeko beka 11.673 eurokoa izanen da, guztira, izan ere, bekadunak ohiko bizilekutik kanpora joan beharko du.
2. Ordainketa hilabetero eginen da; 742,00 euro turismo bulegoetako bekadunentzat, 706,00 euro, Sustapen Ataleko bekadunentzat, eta 1.297,00 euro Nafarroako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzan aritzen den bekadunarentzat, betiere Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuak aldeko txostena ematen badu.
3. Diru kopuru horri Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokiona kenduko zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
4. Bekadunei ematen zaien dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.
5. Guztirako gastua, hots, 51.093,00 euro, 2006ko gastuen aurrekontuko "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko kontusailaren bidez finantzatuko da, baina Nafarroako aurrekontu orokorretan horretarako behar beste kreditu sortzearen baldintzapean izanen da.
4._Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia egin zen eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Titulazio hauetakoren bat izatea: unibertsitateko lizentziaduna edo baliokidea, Turismoko Enpresa eta Jardueretako teknikaria edo Turismoko Enpresa eta Jardueretako diplomaduna. Tituluak agintaritza espainiarrek luzatu edo homologatua izan beharko du.
f) Eskatutako titulu hori prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteetan eskuratua izatea.
g) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.
5._Eskabideen aurkezpena.
1. Bekak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahal dira.
2. Eskatzaileek Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabide orria.
b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta helbidea Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.
c) Deialdia baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.
d) Euskara-maila eta atzerriko hizkuntzetan (ingelesa eta/edo frantsesa) duen maila frogatzeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko agiriak edo horien fotokopia konpultsatuak.
e) Euskararen, ingelesaren eta/edo frantsesaren titulu ez-ofizialen ziurtagiriak edo horien fotokopia konpultsatuak.
f) Lizentziadun edo diplomadun tituluaren ziurtagiria edo fotokopia konpultsatua.
g) Izangaiaren "curriculum vitae-a", bertan adierazita ikasketa osagarriak, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak, lortutako bekak eta egindako ikerlanak, hizkuntza ikastaroak, bai eta izangaiari egokiak iruditzen zaizkion gainerako jarduera edo merezimendu guztiak ere. Agertutako merezimenduak jatorrizko agirien edo horien fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatu behar dira.
3. Epearen barruan aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela. Gorabehera horren berri interesatuari eman beharko zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.
4. Prestakuntza bekak jasotzeko eskabidea aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren arauak onartzea.
6._Eskaeren ebaluazioa.
1. Eskaerak Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuak tramitatuko ditu.
2. Bekadunak honako hauek osatuko duten ebaluazio batzorde batek hautatuko ditu: Miren Ausín Lecuna andrea, Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuko zuzendaria, mahaiburu lanetan; Carmen Oroz Iribarren andrea, Sustapen Ataleko burua, eta Ana Beroiz Beorlegui andrea, Turismoa Sustatzeko Euskarrien Bulegoko burua. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu batzorde horrek, eta bekak puntu gehien ateratzen duten izangaiei ematea proposatuko du, ondoko baremoan oinarrituz:
a) Bete behar den postuarekin lotuta dauden ikasketa osagarriak, ikastaroak, etab.: Gehienez ere 5 puntu.
Honako baremo honen arabera puntuatuko dira:
Turismoaren inguruko masterra: 2,25 puntu.
50 ordutik gorako ikastaroak: 1,75 puntu.
25 ordutik gorako ikastaroak: 0,75 puntu.
25 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.
b) Euskara eta atzerriko hizkuntzak, Hizkuntza Eskola Ofizialeko agirien bidez: Gehienez ere 15 puntu.
Honela kontatuko dira:
Hizkuntza Eskola Ofizialeko 1. maila, euskaran, ingelesean edo frantsesean: puntu bat.
Hizkuntza Eskola Ofizialeko 2. maila, euskaran, ingelesean edo frantsesean: 2 puntu.
Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. maila, euskaran, ingelesean edo frantsesean: 3 puntu.
Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. maila, euskaran, ingelesean edo frantsesean: 4 puntu.
Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. maila, euskaran, ingelesean edo frantsesean, edo EGA titulua: 5 puntu.
c) Euskara eta atzerriko hizkuntzak, ofizialak ez diren tituluen bidez: Gehienez ere 12 puntu.
Euskarazko, ingelesezko edo frantsesezko oinarrizko mailako titulu ez-ofiziala: 1,5 puntu.
Euskarazko, ingelesezko edo frantsesezko erdi mailako titulu ez- ofiziala: 2,5 puntu.
Euskarazko, ingelesezko edo frantsesezko goi mailako titulu ez-ofiziala: 4 puntu.
e) Buruz buruko elkarrizketa: gehienez ere 15 puntu.
3. Ebaluazio Batzordeak prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatzen ahalko dizkio dagokion organoari.
4. Ebaluazioa bukatutakoan, Ebaluazio Batzordeak hautatuei buruzko proposamena egin eta igorriko dio organo eskudunari, onartutako pertsona bakoitzaren osoko puntuazioa azalduta. Proposamen hori loteslea izanen da.
Proposamenean deialdia osorik edo zati batean hutsik deklaratzea erabaki daiteke.
7._Bekak ematea.
1. Ebazpen proposamena ikusirik, bekak Turismo zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpen zehatzik jakinarazi edo argitaratu gabe bukaturik, eskaera ezetsi dela ulertuko da.
2. Ebazpenean beka hartuko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta, gainera, espresuki agertuko dira, halakorik baldin bada, ezezkoa jaso dutenak, izenak eta lortutako puntuazioak adieraziz.
3. Prozeduraren ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie administrazio prozedura erkideari buruzko legerian ezarritako moduan, eta jendaurrean jarriko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña).
8._Jardueren hasiera eta ukoak.
1. Prestakuntza bekaren onuradunak gehienez hamar eguneko epea izanen du jardunean hasteko, beka eman zaiola jakinarazten zaionetik edo organo eskudunak zehazten duen egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
2. Jarduketan hasten denean, eta Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzeko, bai eta zinpeko aitorpen edo promesa, helburu bererako bestelako departamentu, administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuen laguntza publiko bateraezinik ez dela jasotzen ari frogatzeko.
3. Edozein arrazoi dela-eta, onetsitako bekari uko egiten bazaio, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuari jakinarazi behar zaio, idatziz. Norbaitek bekari uko eginez gero, Batzordeak bekak emateko ezarri duen puntuazio ordenari jarraikiz beteko da haren lekua, ezertan ukitu gabe uko egin arte onuradunak dituen betebeharrak betetzea.
9._Jarduerak.
1. Bekadunak Turismorako Argibide Bulegoan eta Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuaren menpeko turismo bulegoetan arituko dira, une bakoitzean agintzen zaizkien eginkizunak betez, turismo ferietara joatea barne. Horrelakoetan, dietak eta eman beharreko zerbitzuen ondoriozko gastuak ordainduko zaizkie.
2. Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen dituzte.
3. Bekadunek, astero, gehienez 30 ordu emanen dituzte lanean eta bekaldiko hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen dute.
4. Organo eskudunak prestakuntzarako bekaldia eten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripuaren kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak daudenean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraungo du eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.
10._Tutoretza.
1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du bekadunen jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.
2. Tutoreak egin beharreko lanak agindu eta ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.
11._Praktiken ziurtagiria.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, onuradunak egindako memoria eta Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, asistentziaren eta aprobetxamenduaren ziurtagiria emanen du, onuradunak eskuratzen duen jakintza eta ezagutza mailaren arabera.
12._Bekadunen betebeharrak eta eskubideak.
Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako betebehar eta eskubideak izanen dituzte.
13._Bateraezintasuna.
Prestakuntzarako bekak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek helburu eta xede bererako emandako beste beka batzuekin.
14._Araubide juridikoa.
Arau hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
15._Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita.
Iragarkiaren kodea: F0603090