27. ALDIZKARIA - 2006ko martxoaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

52/2006 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, garapenerako lankidetza proiektuak eta arlo horretan sentsibilizatu eta hezteko proiektuak aurrera eramateko 2006ko dirulaguntzetarako deia egiten duena.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen iraunkorrari laguntzeko asmoz, funtsak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Partikularzki, 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako lankidetza proiektuetarako dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2006an garapenerako lankidetza proiektuak eta arlo horretako sentsibilizazio eta hezkuntzarakoak aurrera eramateko deialdiaren arauak onartzen dira, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

2. 14.303.244,88 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik: 11.053.244,88 euro 2006ko ekitaldirako, 2006ko gastu aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900000 91200 4819 143102 kontusailetik, 2.250.000 euro 2007ko ekitaldirako eta 1.000.000 euro 2008ko ekitaldirako.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko otsailaren 21ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

2006an garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntza deialdiaren arauak

Lehenengoa._Xedea eta helburua.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak 2006ko dirulaguntzetarako deia egiten du, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) batera garapen bidean diren herrialdeetako populazio pobretuaren oinarrizko beharrak zuzenean asetzeko proiektuak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposaturiko proiektu hauek, herrialde horietako solaskideekin batera abian jarriko dira, pobreziaren kontra borrokatzeko, beren onuradunen bizi-kalitatea hobetzeko eta bertakoen garapen endogenoa bultzatzeko helburua izanen dute.

2. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira OCDEren Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

3. 2006. urtean Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak diruz lagunduko die munduko garapen arazoei buruz Nafarroako populazioak dituen sentsibilizazioa, hezkuntza eta informazioa bultzatzeko garapenerako hezkuntzako proiektuei ere.

Bigarrena._Aurrekontua.

1. Helburu horretarako 11.053.244,88 euro erabiliko dira, 2006rako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontusailetik.

Zenbateko horretatik gehienez ere 900.000 ekintza txikiak finantzatzeko erabiliko dira eta gehienez ere 400.000 euro sentsibilizatu, hezi eta informatzeko aurreko idatz-zatian aipatzen diren proiektuei buruz.

2. Aurkeztutako proiektuaren izaera eta helburuengatik urte batzuetako dirulaguntza bat beharrezkoa denean, kofinantzaketa onetsi ondoren, hitzarmen bat izenpetuko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak eta hartaz arduratzen den entitateak. Horretan ekitaldi ekonomiko bakoitzean dirulaguntza aplikatzeko behar diren gorabehera zehatzak bilduko dira. Hitzarmenak gehienez ere hiru urte iraunen du.

Hauek izanen dira konpromisoaren zenbatekoak: 2006rako gehienez ere 2.000.000 euro, aurreko idatz-zatiko lehen lerroaldean aipatzen den zenbateko osoan sarturik daudenak; 2007rako gehienez ere 2.250.000 euro eta 2008rako gehienez ere 1.000.000 euro.

Hirugarrena._Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen beharkizunak.

Deialdi honen xede diren deialdiak hartu ahal izateko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea eta legez osatuak. Gainera, hiru GGKE edo gehigoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berez nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedaturikoarekin bat.

b) Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan izena emanak egotea.

c) Irabazi asmorik ez edukitzea.

d) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

e) Egoitza edo delegazio iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Artikulu honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

f) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Proiektu beraren fase baterako lehenago dirulaguntzarik hartuz gero, dirulaguntza haiek hartzeko ezarririko eginbeharrak egin dituztela frogatu beharko dute.

h) Proiektua egin behar den herrialdean kontraparte edo bazkide bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkide horrek pertsona juridikoa izan behar du, bertako herrialdeko legeriaren araberakoa.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko baten batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

j) GGKE taldeak izanez gero, elkarteko entitate bakoitzak bete beharko ditu betebehar guztiak.

Laugarrena._Garapenerako lankidetzarako eta garapenerako hezkuntza proiektuen modalitate eta betebeharrak.

1. Dirulaguntzen onuradun izan ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten proiektuak modalitate hauetakoak izanen dira:

a) Garapenerako lankidetza proiektuak.

Bere ezaugarrien, bere edukiaren edo zenbatekoaren arabera ekintza txikiak edo proiektuak izaten ahalko dira. Ekintza txikitzat hartuko dira 20.000 eurotik beheitiko proiektuak, tamaina txikiko ekipamenduak, azpiegiturak edo antzeko lan puntualak dauzkatenak. Besteak proiektutzat hartuko dira. Urtean-urtean edo urte anitzetarako eskatzen ahalko dira.

b) Garapenerako hezkuntza proiektuak.

2. Proiektuek, modalitate guztietan, betebehar hauek bildu beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. arauko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea. Garapenerako hezkuntza proiektuak foru lege hartako 7. artikuluari ere lotuko zaizkio.

b) Finantzaketaren 100eko 20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik _Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta_, edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Garapenerako lankidetza proiektuen kasuan, ekintza txikietan izan ezik, proiektu bakoitzerako gehienez ere 180.000 euro eskatzen ahalko dira urtean.

Garapenerako hezkuntza proiektuen kasuan, gehienez ere 35.000 euro eskatzen ahalko dira.

Muga horiek 250.000 euro arte eta 80.000 euro arte handitzen ahalko dira, hurrenez hurren, hirugarren arauko a) idatz-zatian aipatzen den GGKE taldeek aurkezturiko proiektuetan eta eskatzailea Nafarroako GGKEen koordinadora denean.

Ekintza txikien kasuan, gehienez ere 20.000 euro eskatzen ahalko dira.

e) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak garapenerako lankidetzarako eta garapenerako hezkuntzarako ematen dituen dirulaguntzak lehenbizikoz hartzen dituzten entitateei gehienez ere proiektu baterako emanen zaie dirulaguntza, gehienez ere 30.100 eurokoa izanen dena.

Aurreko idatz-zatian xedatzen denari dagokionez, GGKEk frogatu beharko duten antzinatasuna errespetatuko da, bakar-bakarrik elkarte edo fundazioen formula juridikoa aldatzean, baldin eta entitate juridiko berriaren estatutuetan frogatzen bada, edo lehenago Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak garapenerako lankidetzarako emaniko dirulaguntzak hartu dituen GGKE talde baten kide izan direnean.

Bosgarrena._Eskaerak aurkezteko tokia.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

3. Entitate bakoitzak, gehienez ere, garapenerako 3 lankidetza proiektutarako finantzaketa eskaera aurkezten ahalko ditu, alde batera utzita Foru Komunitatean mikroekintzak eta garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntza jarduerak kofinantzatzeko eskaerak. Hirugarren arauko a) idatz-zatian aipatzen den GGKE taldeek aurkezturiko eskabideak izanez gero, taldea osatzen duten GGKE bakoitza kontuan hartu gabe neurtuko dira.

Seigarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batean:

a) Dirulaguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

1._Entitatearen estatutuak.

2._Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

3._Identifikazio Fiskaleko Txartela.

4._Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako dirulaguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

5._Erakundeak Nafarroan aurreko urtean antolatutako lankidetza eta sentsibilizazio jarduerei buruzko txostena, baita kontabilitatearen egoeraren eta finantzaketa iturrien berri ere.

6._Bi proiektu edo gehiagotarako dirulaguntza eskatzen bada, aurreko ataletako dokumentazioa eskabideetako bakar batean aurkeztuko da.

7._Eskabidea GGKE talde batena izanez gero, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_GGKE taldearen osaera. Taldeak berezko nortasun juridikorik eduki ezik, osaerako agirian taldeari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak egiteko adina gaitasun duen ahaldun edo ordezkariaren izenak agertu beharko du espresuki eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoak ere bai.

_Talde edo elkartea osatzen duen GGKE bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non taldearen izenean eta horren kontu proiektua burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

8._Hirugarren arauko i) idatz-zatiaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen ardurapeko adierazpena.

b) Bazkidearen edo kontrapartearen gaineko dokumentazioa:

1._Estatutuak.

2._Eraketa legalaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

3._Helbide legala, osorik.

4._Ordezkari legalaren kredentzialak.

c) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

1._Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

2._Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duen mapa (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

3._Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta ekonomikoa (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurretako peritazioa, eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

4._Proiektuaren zikloko faseetako batean, zuzenean edo zeharka, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileren batek parte hartzen badu, izenen zerrenda aurkeztu beharko da proiektuan eman duten denbora eta izan dituzten lana eta eginkizunak atxikirik.

5. Eskatzailearen adierazpena, dioelarik konpromisoa hartzen duela proiektuaren kostuaren eta eskatutako dirulaguntzaren arteko aldea berak zuzenean edo hirugarren pertsonen bidez jarriko duela.

Zazpigarrena._Instrukzioa.

Gizarte Ongizate Zuzendaritza Nagusiak izapidatuko ditu eskabideak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, arau hauen arabera.

Zortzigarrena._Ekintza txikien dirulaguntza baloratu eta zehaztea.

Dirulaguntzaren zenbatekoa bat etorriko da eskatuarekin.

Eskabideek bigarren arauaren 1. zenbakian ezarritako aurrekontu muga gainditzen badute, GGKE eskatzaile bakoitzari onetsiko zaizkion mikroekintzen kopurua murriztuko zaie, eta hurrengo arauko 3. idatz-zatian eskuarki adierazitako irizpide sektorial eta herrikoen arabera emanen zaie lehentasuna.

Bederatzigarrena._Proiektuen dirulaguntza baloratu eta zehaztea.

1. Proiektutzat jotzen diren eskabideak bi fasetan baloratuko dira. Aldagai bakoitza 0tik 100era puntuatuko da, beren pisu espezifikoarekin biderkatuz. Bigarren fasera pasa ahal izateko, proiektuak gutxienez ere 60 puntu lortu beharko ditu, Nafarroako Gobernuak lehenago finantzaturiko proiektuak izan ezik, horiek gutxienez ere 50 puntu izan beharko dituzte eta.

2. Lehen fasean, proiektuen kalitatea aldagai hauen arabera baloratuko da:

a) Eskariaren jatorria eta proiektuaren onuradunak (pisu espezifikoa 100eko 22,5). Proposatzen den ekimenaren jatorria baloratuko da. Alegia, proiektuaren onuradun diren taldeekiko hurbiltasuna eta horien parte hartzea. Era berean, kontuan hartuko da zeintzuk eta zenbat izanen diren proiektuaren onuradunak, zer aukera izanen duten zerbitzu eta prestazioei heltzeko, eta haien parte hartzea proiektu osoan zehar. Halaber, aintzat hartuko dira ekimenak bazter utzitakoak.

b) Proiektuaren aktoreak, hau da, entitate eskatzailea eta tokian tokiko bazkidea (pisu espezifikoa: 100eko 17,5). Entitate eskatzaileen egitura, curriculum-a eta kaudimena aztertuko dira, bai eta haien eginkizuna laguntza ekonomiko eta finantzarioaren, euskarri teknikoaren eta zuzeneko ekintza mailan ere. Berdin, tokian tokiko bazkide gisa aurkezten diren entitateekin.

c) Proiektuaren barne koherentzia (pisu espezifikoa: 100eko 32,5). Proiektuaren diseinuko alderdi teknikoak baloratuko dira (esparru logikoa), hau da, oinarriak, helburuak, jarduerak, bilatutako emaitzak, baliabideak eta egiaztatze indikatzaile eta iturriak bat etortzea eta koherenteak izatea. Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.

d) Proiektuaren bideragarritasuna eta denbora-proiekzioa (pisu espezifikoa: 100eko 27,5). Epe luzean proiektua bideragarria den ala ez baloratuko da, batez ere zutik iraunen duen ala ez kanpoko laguntza desagertzen denean. Bideragarritasun ekonomiko, tekniko eta soziala baloratuko da. Bestetik, egin gogo den ekintzak epe laburrean, ertainera eta luzera duen iraupena baloratuko da.

3. Bigarren fasean, proiektuen lehentasuna aldagai hauen arabera baloratuko da:

a) Lehentasun Sektorialak (I): Pobreziaren kontrako borroka multidimentsionala edo herri onuradunen oinarrizko beharretara egokitzea (pisu espezifikoa: 100eko 35). Proiektua Milurteko Garapen Helburuetara noraino egokitzen den baloratuko da. Hori horrela, honako hauek izanen dira lehenestekoak: haur guztien erabat immunizatzea, ama eta haurren heriotza tasa gutxitzea, desnutrizio latza desagertaraztea eta desnutrizio moderatua gutxitzea, VIH/HIESaren, malariaren eta prebalentzia eta arrisku handko gaixotasunen kontra borrokatzea, haur guztiak lehen hezkuntzan matrikulatzea, helduen (bereziki emakumeen) analfabetismo tasa gutxitzea, denek edateko ura eskuratzea... Bestetik interes bereziko proiektutzat hartuko dira komunitate txikien garapen ekonomikoa bultzatzeko helburua duten proiektu produktiboak, bai eta giza baliabideak prestatu eta gaitzekoak ere.

b) Lehentasun Sektorialak (II): Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta emakumezkoak bizitzeko baldintzak hobetzea (pisu espezifikoa: 100eko 10). Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako baldintzak sortzen eta emakumeen bizi baldintzak hobetzen proiektuak nola laguntzen duen baloratuko da.

c) Lankidetzaren lehentasun sektorialak (III) Garapen iraunkorra eta ingurumenaren kontrako erasoa (pisu espezifikoa 100eko 5). Garapen irankorraren helburuak proiektuan nola sartzen diren eta bere ekintzek ingurumenean duten eraginari nola egiten zaion aurre baloratuko da.

d) Lankidetzaren lehentasun sektorialak (IV): garapen esku-hartzailea, giza eskubideak sustatu eta defenditzea, erakundeak indartzea eta gobernu zuzena (pisu espezifikoa: 100eko 10). Proiektuaren sektore hauekiko harremana baloratuko da.

e) Lehentasun geografikoak (I): Herriko Giza Garapenaren indizea (pisu espezifikoa: 100eko 15). [100 - (HGG x 100)] formularen arabera puntuatuko da.

f) Lehentasun geografikoak (II): Jarduteko eremu espezifikoaren egoera aztertzea (pisu espezifikoa: 100eko 15). Eremuaren berezko ezaugarriak baloratuko dira bi kontu aintzakotzat hartuz. Alde batetik, prioiektua hiri batean edo herri batean burutzekoa den, herrien garapena lehenetsiko baita. Bestetik, beste ezaugarriak, hala nola, baliabide naturalak, hara joateko bideen erraztasuna, pobrezia indizeak, eta abar.

g) Erakunde eskatzaileen elkartea (pisu espezifikoa: 100eko 10). Proiektuetako parte hartzaileek talde antolatuetan egindako lan eraginkorra baloratuko da, eta bereziki GGKEen taldeak osatzekoa, deialdi honetako hirugarren arauko a) idatz-zatiaren arabera.

4. Dirulaguntza eskabidea aintzakotzat har dadin, proiektuak gutxienez ere 120 puntu lortu beharko ditu bi faseen artean (100 puntu lehenagoko urteetan finantzaturiko proiektuek).

5. Dirulaguntza lortzen den puntuazioaren arabera eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da. Aurrekontuetako dirua gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide hauei men eginen zaie:

_Dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta. 100,00 puntutik 119,99 puntura bitarte (aurreko urtetatan finantzaturiko proiektuak bakarrik) eskatzen denaren 100eko 60; 120,00 puntutik 129,99 puntura bitarte eskatzen denaren 100eko 70; 130,00 puntutik 139,99 puntura bitarte eskatzen denaren 100eko 80:e 140,00 puntutik 149,99 puntura bitarte eskatzen denaren 100eko 90; eta 150,00 puntu baino gehiago eskatzen denaren 100eko 100.

_Entitate eskatzaile bakoitzaren proiektu onetsien kopurua murriztuko da.

Hamargarrena._Urte batzuetan finantzatu beharreko proiektuen dirulaguntza baloratu eta zehaztea.

1. Aurreko arauan xedaturikoarekin bat positiboki baloratu diren eskabideetan, urte batzuetan finantzatu beharrekoak badira, urte batzuetarako onetsiak izateko aldagai hauek baloratuko dira:

a) Proiektuaren helburua (I), globaltasuna eta integraltasuna (25 puntu gehienez). Jarduketak biltzen dituen tokian-tokian berez garatzeko epe ertain eta luzeko prozesuak baloratuko dira.

b) Proiektuaren helburuak (II), giza gaitasuna handitzea (35 puntu). Pertsonek beren oinarrizko beharrei aurre egiteko aukerak handitzeko epe ertain eta luzeko prozesuak baloratuko dira.

c) Proiektuaren izaera (I), inbertsioa (30 puntu gehienez). Proiektuaren aurrekontu osaren inbertsio eta ohiko gastuen ratioak baloratuko dira. Inbertsioak lehenetsiko dira ohiko gastuen gainetik.

d) Proiektuaren izaera (II), tamaina (10 puntu gehienez). Tamaina ekonomikoagatik eskualdeko, nazioko edo atzerriko hiru administrazio publiko baino gehiagok betera finantzatzen dituzten proiektuak lehenetsiko dira.

2. Urte batzuetarako finantzatuak izateko, gutxienez ere 70 puntu lortu beharko dituzte eta proposatu beharreko dirulaguntza aurreko arauko puntuazio eta irizpideen arabera kalkulatuko da.

Hamaikagarrena._Garapenerako hezkuntza proiektuen dirulaguntza baloratu eta zehaztea.

1. Lehen arauko 3. idatz-zatian aipatzen diren garapenerako hezkuntzako eskabideak aldagai hauen arabera baloratuko dira:

a) Zenbat eta nolakoak diren proiektuaren onuradunak (7 puntu). Nor eta zenbat izanen diren proiektuaren onuradunak baloratuko da eta ekintza zer esparrutan eginen den.

b) Parte hartze soziala (10 puntu bitarte) nazioarteko elkartasunerako jarduketetan baloratuko da eta parte hartzen duten pertsonen konpromisoa ere bai.

c) Denbora eta globaltasuna (9 puntu bitarte). Hezkuntza eta sentsibilizaio lanaren jarraipena eta zabalagoa den parte hartze proiektu bat osatzea baloratuko da.

d) Helburuak (20 puntu bitarte). Nazioarteko harremanetan dauden desberdintasunak, hauen zergatikoak eta ondorioak ezagutarazteko eta esparru horietan herritarren eginkizun aktiboak sustatzeko ekintzak baloratuko dira.

e) Barne koherentzia (15 puntu bitarte), hamaikagarren arauko 2. idatz-zatiko baldintzetan.

f) Zehaztasuna (9 puntu bitarte). Jardueren zehaztasunak, denborarako epeak eta aurrekontuaren sailkapena baloratuko dira.

g) Genero ikuspegia (5 puntu bitarte). Proiektuak gizon eta emakumeen arteko berdintasunari ematen dion sustengua baloratuko da.

h) Proiektuan parte hartzen duten erakundeen kopurua, gehienez 15 puntu, honela banatuak: bi (3,75 puntu), hiru (7,5 puntu), lau (11,25 puntu) eta lau baino gehiago (15 puntu).

i) Entitatea Nafarroan erroturik egotea, haren esperentzia eta garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntzaren arloko garapena eta boluntarioak mobilizatzeko gaitasuna (10 puntu bitarte).

2. Proiektu bat ontzat eman dadin 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez, Nafarroako Gobernuak aurretik diruz lagundutako proiektuek izan ezik, 50 puntutik gora lortu beharko baitituzte. Dirulaguntza lortzen den puntuazioaren arabera eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da.

Emandako kontsignazioa gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta eta erdietsitako puntuazioen arabera. 50,00 puntutik 59,99 puntura bitarte (lehen finantzaturiko proiektuak bakarrik) eskatzen denaren 100eko 50, 60,00 puntutik 79,99 puntura bitarte eskatzen denaren 100eko 75 eta 80,00 puntu baino gehiago eskatzen denaren 100eko 100. Entitate bakoitzak finantzaturiko proiektuak gutxitzen ahalko dira.

Hamabigarrena._Alegazioen izapidaketa.

1. Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko bilera bat egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa baldin bada, organo instruktoreak eskabidea berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion dirulaguntzari egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batua baino. Organo instruktoreak erabakitzen ahalko du aurkezturiko aurrekontuko kontusail batzuk dirulaguntzatik kanpo gelditzea.

Hamahirugarrena._Ebazpena emateko epea.

1. Gizarte Ongizateko zuzendari nagusiari dagokio aurkezturiko eskabideen gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeari eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuari jarraituz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskabideak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamalaugarrena._Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz jakinaraziko zaie interesatuei.

Hamabosgarrena._Dirulaguntzaren aurrerakinak.

1. Onarturiko dirulaguntza 60.000 eurokoa edo hortik goitikoa bada, dirulaguntzak emateko ebazpenean aurrerakin bat pagatuko da, baldin eta funtsak hartu beharra frogatzen bada.

2. Onarturiko dirulaguntza 60.000 eurotik goitikoa bada, dirulaguntza osoa aurreratzen ahalko da, banku-abala edo legeetan aurreikusten den beste berme bat aurkezturik, baldin eta funtsak hartu beharra frogatzen bada. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.

Organo emaileak aukera izanen du 60.000 euroko edo hortik goitiko aurrerakinen bidez pagatzeko. Horrela dirulaguntzen onuradunek ez dute behin ere 60.000 eurotik goitiko aurrerakinik izanen bermerik gabe. Bigarren eta hurrengo aurrerakinak ez dira pagatuko aurreko aldian bai Nafarroako Gobernuaren funtsekin, bai bestelako diru-ekarpenekin eginiko gastuen 100eko 70 frogatu arte, exekuzioaren hein bateko txosten tekniko eta ekonomiko baten bidez.

3. Urte batzuetarako finantzaketa izanez gero, hurrengo urtekoa dirulaguntza kobratzeko, aurreko urteko dirulaguntza eta Nafarroako Gobernua ez beste diru-ekarpenak, urte horretakoak, osorik justifikatu beharko da, kasuan kasuko lankidetza hitzarmenean finkaturiko baldintzetan.

Gainera, urte bakoitzerako aurrerakinetarako aurreko arauei jarraituko zaie eta azken aurrerakin bat gordeko da, dirulaguntza osoaren 100eko 10ekoa, hitzarmenaren indarraldiko azken urtean eginikoaren 100eko 70aren justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu ondoren pagatuko dena.

Hamaseigarrena._Dirulaguntzen justifikazioa.

1. Proiektua bukatu ondoren, onuradunek, hiru hilabeteko epean, txosten tekniko eta ekonomiko bat aurkeztuko dute proiektuaren betetze-mailaz, inprimaki ofizialetan eta euskarri informatikoan. Horiek Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahal dira, Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean.

2. Justifikazio txosten guztietan, bai dirulaguntza kobratzeko eskatzen diren hein batekoetan, bai azkenekoan, agiri hauek agertuko dira:

a) Funtsak tokian tokiko bazkideari igorri zaizkiola eta aplikaturiko truke tasak frogatzen dituzten jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua.

b) Tokian tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, dirulaguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

c) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena: efikazia, eraginkortasuna, eragina, bideragarritasuna, proiektuaren estrategiaren ebaluazioa eta proiektuaren onuradun diren taldeen parte hartzea eta asetze maila.

d) Justifikazioko kontua, osagai hauek bilduko dituena:

_Entitate onuradunaren lege ordezkariaren ardurapeko adierazpen izenpetua, kontuko datu guztiak egia direla dioena.

_Proiektuko dirusarrera eta gastuen balantzea.

_Gastu guztien zerrenda, jardueraren, gastu motaren eta finantzaketa iturriaren arabera sailkaturik. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriko testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo martxa onaren berri emateko.

3. Gastuen zerrendekin batera haien egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, entitate onuradunaren egoitzan edo bulegoan egonen direnak, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez berraztertzen ahalko ditu.

Egiaztagiriak fakturak eta, halakorik ezean, banku-laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte.

Gastuak Espainian gertatuz gero, egiaztagiriak jatorrizko agiriak izanen dira, gainerakoetan, fotokopiak izanen dira, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar den bezala kreditatuak.

Egiaztagiri horiek gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez daudenean gaztelaniara itzuli beharko dira.

Hamazazpigarrena._Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak.

1. Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatzen direnean, txosten gehigarri bat aurkeztu da hornitzaileak hautatzeko prozeduraz eta irizpideez, gutxienez haietariko hiruri eskaturiko baldintzak aurkeztuz.

2. Dirulaguntzen xede diren gastuak obra burutzekoak direnean eta 30.000tik goitikoak direnean ere aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzko txosten gehigarria.

3. Proiektuaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari 100eko 10eko edo hortik goitiko zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKEk Nafarroan dituen gastu administratiboak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak, bestelako ohiko gastuak, eta bakar-bakarrik zuzenean proiektuaren identifikazio, formulazio, jarraipen eta ebaluazioaren ondoriozkoak direnak. Identifikazioaren kasuan 2005eko azken lau hilabeteetan eginiko gastuak aplikatzen ahalko dira.

Gastu horiek hamaseigarren arauan xedaturikoaren arabera justifikatuko dira, nekez justifikatzen ahal direnak izan ezik, horiek dirulaguntzaren onuradun den GGKEaren legezko ordezkariak emaniko ziurtagiriaren bidez justifikatuko baitira. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri honen bidez justifikatzen den zenbatekoak ezin gaindituko du zeharkako kostuen 100eko 30 edo dirulaguntzaren 100eko 3.

Gainera, zeharkako kostuen kontusailaren barruan 100eko 10 (edo dirulaguntza osoaren 100eko 1) sartzen ahalko da proiektua Nafarroan zabaltzeko jardueretarako, garapenerako lankidetzaren arloan jendarteko iritzia sentsibilizatzearren.

4. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

5. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

Hemezortzigarrena._Eginbeharrak.

Proiektu jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateak behartuak daude:

a) Proiektua dirulaguntza emateko beharkizunetan azaldu bezala egitera. Proiektua dirulaguntza edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da beranduenez. Entitatea beharkizun honetatik libre geldituko da baldin eta ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu eta Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiak onartu.

b) Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aitzin, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari baimen administratiboa eskatzera.

c) Nafarroako Gobernuaren kontu erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean egitera, bertako produktuekin. Eginbehar hau egiterik ez bada, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaltzen dituen izkribu baten bidez.

d) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturik eskatu eta horrek emaniko dirulaguntzen zenbatekoa jakinarazteera.

e) Bestetik tokian tokiko bazkide edo kontraparteari dirulaguntzaren iturriaren berri zehatza ematera.

f) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela frogatzera, deialdi honetako hamaseigarren arauan aipatzen diren hein bateko eta azkeneko txostenen bidez.

g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzera.

h) Nafarroako Gobernuari laguntza ematera proiektuaren garapenaren berri ematera, Nafarroako populazioa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

i) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztera. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan, eta Garapenerako Nafarroako Lankidetzarenaren logotipoa, dirulaguntzen onuradun direnen logotipoarekin batean, hiruak tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzera eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematera. Bereziki, hamaseigarren arauko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuak egiaztagiriak organo emailearen esku uztera, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.

k) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzera, egiaztatze eta kontrol lanak egiten ahal izateko.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hemeretzigarren arauan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzera.

m) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasun horiek dirulaguntzaren xede den helbururako erabiliko beharko dituzte, gutxienez ere zazpi urtez erregistro publikoetan inskribatzen ahal diren ondasunak badira eta bi urtez beste ondasunak.

Hemeretzigarrena._Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, dirulaguntzen onuradunek harturiko dirua itzuli beharko dute.

2. Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimena administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

_Proiektuaren teknikaren eta aurrekontuaren betetze-maila.

_Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari igorria, eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra Gizarte Ongizte, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0603187