I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
AKATS ZUZENKETA, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak otsailaren 7an emandako 91/2006 EBAZPENArena. Haren bidez Nafarroako ikastetxeetako Batxilergoko 1. mailako ikasleek, 2006ko udan, atzerrian ikastaroak egiteko deialdia onetsi zen.
Ebazpenaren argitalpenean akatsa badela oharturik, izan ere 25. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 27an eta 2213. orrialdean, argitarturiko iragarkian deialdiko oinarriak falta baitira, zuzendu egiten da aipatu oinarriak argitaratuz.
Iruñean, 2006ko otsailaren 27an._Aldizkari Ofizialaren Zerbitzua.
2006KO UZTAILEAN BATXILERGOKO 1. MAILAKO IKASLEEK ATZERRIAN HIZKUNTZA IKASTAROAK EGITEKO DEIALDIA
1._Xedea.
117 toki eskaintzen dira, Hezkuntza Departamentuaren menpeko Nafarroako ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako Batxilergoko 1. mailako ikasleek 2006ko uztailean uda-ikastaroa egin dezaten atzerrian.
2._Herrialdeak eta modalitateak.
Ikasleen ikas-prozesurik egokiena bermatzeko eta toki berean atzerriko ikasle-talde handiak egon daitezela saihestu nahian, Hezkuntza Departamentuak hainbat ikas-modalitate ezarri ditu zenbait herrialdetan.
2.1. Herrialdeak.
Ondoko hauek dira herrialdeak: Irlanda, AEB eta Kanada.
2.2. Modalitateak.
A._Tutoretzapeko ikastaroak Irlandan: lau ikasle irakasle bakoitzarekin eta egonaldia familia batekin.
B._Murgiltze-programa familia batekin eta taldekako jarduerak AEBetan.
C._Ikastaroak eta egonaldia familia batekin AEBetan.
D._Murgiltze-programa familia batekin eta taldekako jarduerak Kanadan.
2.3. Ezaugarri orokorrak.
Talde guztiek monitore arduradun bat izanen dute, ikasleak lagunduko dituena taldea irteten denetik Iruñera itzuli arte.
Ikastaro guztietan eskola-orduz kanpoko jardueren programa bat egonen da, kultur bisitaldiak, jarduera sozialak eta txangoak barne.
3._Parte hartzeko betebeharrak.
Ikastoki horiek eskuratu ahal izateko ikasleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
_Foru Komunitatean erroldatua egotea.
_Ikasturte hau amaitzen denean 18 urte baino gehiago ez izatea.
_2005/2006 ikasturte honetan Batxilergoko 1. maila egiten egotea.
_2004/2005 ikasturteko ekaineko batez besteko kalifikazioetan (DBHko 4. maila) gutxienez "oso ongi" (7) lortu izana, eta azkeneko ebaluazio horretan "gutxiegi" bat ere ez izatea.
_Halaber, 2005/2006 ikasturte honetako lehenbiziko ebaluazioan 7 puntuko batez besteko kalifikazioa, edo altuagoa, frogatzea eta beren espedienteetan "gutxiegi" bat ere ez izatea.
_2004/2005 ikasturteko azken ebaluazioan (DBHko 4. maila) gutxienez "oso ongi" kalifikazioa izatea (7) ingeles irakasgaian.
_2005/2006 ikasturte honetako lehenbiziko ebaluazioan gutxienez 7 puntuko kalifikazioa izatea ingeles irakasgaian.
Kreditazio akademikoa egiteko, ikasle bakoitzak bere ikasketen ziurtagiria aurkeztuko du eta bertan azalduko dira ikasleak izandako kalifikazio guztiak. Ziurtagiri hori ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko idazkariak emanen du, eta bertan ezin da azaldu irakasgai bakar baten errekuperazioa.
_Batxilergoko 1. ebaluazioaren kalifikazioetarako (2005-2006 ikasturtea):
Maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Aginduaren bosgarren oinarriko 1. puntuari jarraikiz (2002ko ekainaren 17ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 73. zk.) agiri ofizialetan ebaluazioa 1etik 10erako eskalan emanen da, hamartarrik gabe. Zenbaki hamartarrak Batxilergoko batez besteko nota adierazteko baino ez dira erabiliko.
_DBHko 4. mailako azken kalifikazioetarako (2004-2005 ikasturtea):
Abenduaren 9ko 350/2004 Foru Aginduaren arabera (2005eko urtarrilaren 10eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 4. zk.), kalifikazioak 0tik 10erako eskalan emanen dira, hamartarrik gabe, eskala honen arabera: Nahiko: 5, Ongi: 6, Oso ongi: 7 edo 8; eta Bikain: 9 edo 10.
Batez besteko nota kalkulatzeko (hiru hamartarrekin gehienez), kontuan hartuko dira ikasleak egindako ikasgai guztiak, Erlijioa eta Hezkuntza Jarduera Antolatuak izan ezik.
DBHko laugarren maila Espainiako hezkuntza sisteman egin ez duten ikasleek notak baliozkotzeko agiria aurkeztuko dute edo hori eskatu izanaren gordekina.
4._Agiriak.
Ikastokiren bat eskatu nahi izanez gero, ikasleek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte deialdian azaltzen diren toki-egunetan:
4.1. Eskaera-orria, behar bezala betea (2. eranskina).
4.2. Aitak, amak edo legezko tutoreak emandako baimena (3. eranskina).
4.3. Nafarroako erroldan ageri dela frogatzen duen jatorrizko agiria, 2006koa.
4.4. Ziurtagiri akademiko pertsonala (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua); ondokoak jasoko ditu:
_2004-2005 ikasturteko azkeneko kalifikazioak (DBHko 2. zikloko ebaluazioaren azkeneko akta).
_2005-2006 ikasturteko lehen ebaluazioko kalifikazioak.
5._Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
Eskatutako agiriak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Santo Domingo k., z.g., 31001 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusiriko edozein moduren bidez. Eskaerak banan-banan aurkeztuko dira, eta ez dira ontzat hartuko ez faxak, ez ikastetxeetako irteera-erregistroa, ez eta gutun-azalaren kanpoko aldean ageri den posta zigilua ere.
Eskabidea postetxe batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki baten bidez aurkeztuko da, postako funtzionarioak, ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar diezazkion. Hala ez bada, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan noiz sartu eta egun horixe emanen zaio eskabideari.
Dokumentazioa aurkezteko epea 25 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita.
6._Banaketa eta ikastokien esleipena.
6.1. Laguntzak ikastetxe eta maila bakoitzean banatuko dira, ikasle bakoitzak lorturiko batez besteko kalifikazioen araberako hurrenkeran, hoberenetik hasita.
6.2. Ikastetxe bateko ikasle batzuek berdina baldin badute azken kalifikazioa, ebaluazio batzordeak berdinketa deseginen du ondoko irizpide hauei jarraikiz:
a) 2004/2005 ikasturtean eta 2005/2006 ikasturteko lehenengo ebaluazioan ingelesean lortutako kalifikazioen batez bestekoa.
b) Berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da berdindu dutenen artean.
6.3. Ikastetxe bateko ikasle batek uko eginez gero, ikastoki hori ikastetxe horrexetako itxaron-zerrendan dagoen lehenengo ikasleari egokituko zaio, eta horrela jokatuko da zerrenda hori bukatu arte.
6.4. Ikastetxe bateko ikasle batek uko eginez gero eta ikastetxe horretan itxaron-zerrendarik ez badago, eman gabe gelditu den ikastokia bigarren fase batean esleituko da; horretarako, bi itxaron-zerrenda prestatuko dira, zerrenda horietan sartuz deialdiko baldintzak bete arren lehenbiziko fasean ikastorik jaso ez duten ikasleak. Zerrendetako batean, ikastetxe publikoko Batxilergoko 1. mailako ikasleak sartuko dira, eta bestean, berriz, itundutako ikastetxe pribatuetakoak. Hutsik gelditu diren tokiak berriz esleitzeko, lehenengo onuradunaren ikastetxe mota hartuko da aintzat (ikastetxe publikoak/itunpeko pribatuak) eta dagokion zerrendako ikasleen ikasketa espedienteetan ageri den notaren arabera banatuko dira, onenetik hasita.
7._Hautapen batzordea eta deialdiaren ebazpena.
7.1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, aurkeztutako eskaerak hautatuko dituen batzordeak proposaturik, deialdi honen behin-behineko ebazpena emanen du 20 eguneko epean. Batzordeak ondoko kide hauek izanen ditu.
Mahaiburua: Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo horren eskumena hartzen duen pertsona.
Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Bulegoko burua.
Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Ataleko bi aholkulari tekniko.
7.2. Hezkuntza Departamentuak deialdiaren behin-behineko ebazpena jakinaraziko du haren emaitzak jendaurrean paratuz Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta bere web gunean (http://www.pnte.cfnavarra.es). Halaber, kopia bana igorriko du ikastetxeetara, ikasleek jakin dezaten.
7.3. Eskatzaileek 10 egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko ebazpena Hezkuntza Departamentuan jendaurrean paratzen denean hasita, haren aurkako erreklamazioak aurkezteko.
7.4. Erreklamazio horiek aztertu eta ebatzi ondoren, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, emandako laguntzei buruzko behin betiko zerrenda onetsiko du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Deialdia ebatzi ondoren, Hezkuntza Departamentuak ikasle bakoitzari jakinaraziko dio zein egoeratan dagoen.
8._Onartu eta uko egiteko baldintzak.
8.1. Laguntza onartzeak berekin dakar Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintza eta arauak onartzea, bai joan-etorriko bidaietarako, bai ostatu hartzeko, egonaldirako eta jarduera programarako.
8.2. Ukoak idatziz helaraziko zaizkio Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariari, posta arruntaz (Santo Domingo, z.g. - Iruña 31001), posta elektronikoz (eechenie@pnte.cfnavarra.es) edo faxez (848 426052), jakinarazpenetik 10 eguneko epean.
8.3. Ikastoki horiek bateraezinak izanen dira helburu bereko beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.
8.4. Jokabidea txarra edo ezegokia denean, ikaslearen itzulera agintzeko aukera egonen da; halakoetan, ikaslearen familiak berak ordaindu beharko ditu egoera horrek sortutako gastuak.
9._Bestelako xedapenak.
9.1. Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du eskatzaileek aurkezten dituzten datuak ikuskatzeko.
9.2. Hezkuntza Departamentuak lehiaketa publikoaren bidez hautatuko ditu egitarauaz arduratuko diren enpresak eta ikuskatuko du egitaraua ongi egiten ari den.
9.3. Ikastaroaren kostua gehienez ere 1.300 eurokoa izanen da ikasle bakoitzeko. Familiek ikastaroaz arduratzen den enpresa esleipen-hartzaileari zuzenean ordainduko diote ordaindu beharreko azken diru-kopurua.
9.4. Enpresa esleipen-hartzaileak eta Hezkuntza Departamentuko arduradunek, ekainaren lehenbiziko hamabostaldian, bilera bat eginen dute hautatutako ikasle eta haien familiekin, bidaiari, egunei, ordutegiari, programari eta abarrei buruzko argibideak emateko.
Bilera hori osagarria izanen da, aurretik enpresak familiekin jarriko baitira harremanetan, bidaia nahiz ikastaroa egin ahal izateko argibideak oro emateko.
10._Aurkezturiko agiriak jasotzea.
Behin betiko zerrendak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hilabetean, agiriak Hezkuntza Departamentuko Informazio Bulegoan berreskuratzen ahalko dira. Epe hori iraganik, agiriak suntsitu eginen dira.
11._Errekurtsoa.
Deialdi honen aurka nahiz deialdiaren oinarrien eta aplikaziorako egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F0603357