21. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

NOAIN-ELORTZIBARKO "JULIAN GAYARRE" MUSIKA ESKOLAREN UDAL PATRONATUA

Deialdia, saxofoi irakaslea izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldia partzialean betetzeko, Noain-Elortzibarko Udalaren "Julián Gayarre" musika eskolan

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da saxofoi irakaslea izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Noain-Elortzibarko Udalaren "Julián Gayarre" musika eskolan ari dadin. Oposizio-lehiaketaren sistema hautatu da, oposizioaren ordez, bete beharreko eginkizunek hartaratuta, izan ere horiek zuzen betetzeko uste da beharrezkoa dela irakaslea eskarmentuduna izatea, ikasleen eta ikasle taldeen prestakuntza musikala bere gain hartuko badu ikastetxeko ikasketa planeko bide ezberdinetan ("Prestakuntza", "Musika Eskola" eta "Kontserbatoriorako Prestakuntza"). Orobat, "saxofoi" ikasgaiaren plangintza eta antolaketa akademiko eta pedagogiko guztia izanen du eginkizun, baita musika entzunaldi, emanaldi eta jaialdien noizbehinkako plangintza ere ikastetxean nahiz ikastetxetik kanpora. Administrazio kontratugilean bertze inor ez da eskaintzen den lanpostuaren espezialitate berekoa, eta beraz, udal patronatu kontratugilean langile bakarrik ere ez dago gaiturik lanpostua bereganatzen duen laguna prestatzeko.

1.2. Izendapenak Noain-Elortzibarko "Julián Gayarre" Musika Eskolako Udal Patronatuko lanaldi partzialeko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako. Asteko lanaldia ehuneko 36koa izanen da osotara. Orokorrean, lanpostuaren lan baldintzak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudunen lan hitzarmenean ezarritakoak, edo bertzenaz, etorkizunean udal patronatu kontratugilea bertze bati atxikitzen bazaio edo bere langileekin bertze bat negoziatzen badu, hartantxe ezartzen direnak.

1.3. Lanpostua B mailari dagozkion lansariez hornitua egonen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudunen lan hitzarmenean eta patronatuko plantilla organikoan finkatu bezala. Hartarako izendatzen denak lanaldi partzialeko lan-kontratudunei aplikatzeko indarra duten xedapenetan aipatzen diren eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. 6 hilabeteko probaldia ezarri da, legez nahiz hitzarmen bidez ezarritako salbuespenekin.

1.4. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

2. oinarria._Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetara onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusia eta nazionalitate espainiarra izatea, edo Europako Batasuneko kide diren estatuena.

b) Gutienez ere Erdi Mailako Musika Irakaslearen titulua izatea edo haren parekoa, saxofoi espezialitatean.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatutako baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako 7.2. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Noain-Elortzibarko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean, 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ortziralera.

Eskabide horiek 1. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiko zaizkio eta, haiekin batera, lehiaketaldian balioetsi nahi diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo konpultsaturiko fotokopiak aurkeztuko dira, bai eta deialdi honetako 6.3 puntuak aipatzen duen proiektu pedagogikoa ere.

3.2. Orobat, eskatzaileek, 3.1 oinarriko agiriekin batean, udal diruzaintzan hamabi euro ordaindu izanaren gordekina ere aurkeztuko dute (dirusarrera eginez Noain-Elortzibarko "Julián Gayarre" Musika Eskolako Udal Patronatuaren 2100-4977-92-2200003292 kontu zenbakian, La Caixa aurrezki kutxak Noainen duen bulegoan, edo bertzenaz eskudirutan ordainduta Noaingo Udalaren erregistroan), azterketa eskubideengatik eta agiriak tramitatzeko tasagatik. Oinarri honetan xedatua betetzen ez bada, arrazoi aski izanen da deialditik baztertzeko.

3.3. Eskabideak aurkezteko ezarri den epea ezin da luzatu.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, patronatuko zuzendaritza batzordeko buruak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta egindako okerrak zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Udalaren musika eskolako zuzendaritza batzordeko buruak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5. oinarria._Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Noain-Elortzibarko "Julián Gayarre" Musika Eskolako Udal Patronatuko zuzendaritza batzordeko burua.

Ordezkoa: Noain-Elortzibarko Udaleko zinegotzi bat, Noain-Elortzibarko "Julián Gayarre" Musika Eskolako Udal Patronatuko zuzendaritza batzordeko kide.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat.

Mahaikidea: hiru musika irakasle, horietariko bat saxofoi espezialitatea duena.

Ordezkoa: hiru musika irakasle, horietariko bat saxofoi espezialitatea duena.

Mahaikide idazkaria: Noain-Elortzibarko "Julián Gayarre" Musika Eskolako Udal Patronatuko zuzendaritza batzordeko idazkaria.

Ordezkoa: Noain-Elortzibarko Udaleko idazkaria.

5.1. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, gutienez.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.3. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Lehiaketaren garapena:

Izangaien merezimenduak baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

6.2.1. Aurretiazko esperientzia irakaskuntzan. Gehienez ere 12 puntu emanen dira.

a) Irakaskuntza publikoan, eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion plazetan egindako ikasturte oso bakoitzetik: 3 puntu ikasturte bakoitzeko eta gehienez ere 12 puntu.

b) Irakaskuntza pribatuan, eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion plazetan egindako ikasturte oso bakoitzetik: puntu bat ikastaro bakoitzeko, gehienez ere 3 puntu.

c) Irakaskuntza publikoan, eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion plazetan egindako ikasturteen zatikiengatik: 0,5 puntu hilabeteko eta gehienez ere, 3 puntu.

d) Irakaskuntza pribatuan, eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion plazetan egindako ikasturteen zatikiengatik: 0,15 puntu hilabeteko eta gehienez ere, 1,00 puntu.

e) a) eta b) azpiatalei dagokienez, ikasturte osotzat hartuko dira 6 hilabeteko zerbitzu egiazkoak, ekainaren 30ean kontatuak. c) eta d) azpietaletako zerbiztauk ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a arte baizik ez dira kontatuko. Zerbitzuak ikastetxe batean baino gehiagotan batera egin badira, ez dira puntuak batuko.

a), b), c) eta d) azpiatalek balio dezaten, beharrezkoa izanen da lanaldia astean 10 irakastordu baino gehiago izatea. Astean 10 ordu baino gutiago izanez gero, bertze ikastetxe batean egindako zerbitzuei batzen ahalko zaizkie, betiere aldiak eta espezialitateak berak badira, gutienekoa osatu arte.

6.2.2. Espediente akademikoa. Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

Atal honengatik, izangaiak aurkeztu duen espediente akademikotik, alegia, lanpostuan sartzeko izaera orokorrez galdatu den titulazioari dagokion horretatik, ateratzen den banaz-bertzeko puntuazioa baizik ez da baloratuko, eta jarraian zehazten den gisan:

_6 arte: 0 puntu.

_6,01-7,5: 1,5 puntu.

_7,51-10: 3 puntu.

Zenbateko zehatza agertzen ez den kasuetan banaz-bertzekoa ondoko baliokidetzen arabera eginen da:

_Nahikoa: 5 puntu.

_Gai. 5 puntu.

_Oso ongi: 7 puntu.

_Bikain: 9 puntu.

_Ohorezko matrikula: 10 puntu.

_Hitzez hitz "ongi" kalifikatutakoetan, 6 joko da notatzat.

6.2.3. Bertze merezimendu batzuk. Gehienez ere 15 puntu emanen dira.

a) Eskuratu nahi den espezialitateko goi mailako titulua izateagatik: 12 puntu.

b) Kontzertuengatik: 3 puntu gehienez.

b.1) Banakako kontzertuagatik: puntu bat; gehienez ere 3 puntu.

b.2) Bertze batzuekin batera egindako kontzertuengatik: 0,5 puntu, gehienez ere 3 puntu.

Egindako zerbitzuak dagokion administrazio publiko edo entitate pribatuaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira, eta egiazki emanak onartuko dira kontratazio araubidea edozein izanda ere. Aldi berean egindako lanen kasuan, puntuaziorik altuena ematen dutenak onartuko dira bakarrik.

Egiaztagiriak:

6.2.1. atala. Ikastetxeko ziurtagiria, zerbitzuen espezialitatea eta iraupena jasotzen dituena, baita, espresuki, lanaldiko irakastorduen kopurua ere, zerbitzuak lanaldi partzialean egin badira.

6.2.2. atala. Ikastetxearen ziurtagiri akademikoa.

6.2.3. atala. Ziurtagiri akademikoa edo fotokopia konpultsatua lanpostuan sartzeko eskatzen den tituluarena eta alegatzen dituen merezimendu guztiena.

6.3. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

_Lehenbiziko ariketa: interpretazioa, Eugéne Bozzaren "Pulcinella" (Op. 53 1. zenbakia) obra. 10 puntu gehienez.

_Bigarren ariketa: interpretazioa, aukera libreko obra programa, gehienez ere 30 minutuan. 14 puntu gehienez.

Epamahaimaiak programaren interesa eta aniztasuna ere baloratuko ditu.

_Hirugarren ariketa: epaimahaiaren aitzinean azaltzea lehen eskola nola eman 7 urteko ikasle bati edo ikasle talde bati, Musika Hizkuntzaz edo saxofoiaz batere ez dakienari. 9 puntu gehienez.

_Laugarren ariketa: 9 puntu gehienez. epaimahaiaren aitzinean defenditzea norberak aurretik aurkeztutako II. mailarako proiektu pedagogikoa (7-13 urte) Noain-Elortzibarko Udalaren "Julián Gayarre" musika eskolaren ikasketa planaren barrenean, saxofoi espezialitatean. Gehienez ere 30 minutuko denbora dago.

Proiektu horrek ondoko atal hauek izanen ditu gutienez:

_Aurkeztutako proiektuaren oinarri psiko-pedagogikoak.

_Programazio orokorra: edukiak, baliabide didaktikoak (erabili beharreko materialak) eta ebaluazioa.

_Borzgarren ariketa: epaimahaiak planteatutako egoera pedagogiko baterako material didaktikoa prestatzea. 9 puntu gehienez.

_Seigarren ariketa: epaimahaiak emandako obra edo obra zati baten alderdi tekniko, musikal eta abarren ikaskuntzari ekiteko baliabide didaktikoak eta horien sekuentziazioa azaltzea epaimahaiari. 9 puntu gehienez.

6.3.1. Ez da beharrezkoa izanen haurrak bertan izatea probak egin bitartean. Izangaiak ikastetxeko materiala erabiltzen ahalko du, internet ezik. Proba guztiak baztergarriak izanen dira eta ariketa bakoitzean gutienez ere puntuazioaren % 50 erdietsi beharko da.

6.4. Buruz buruko elkarrizketa epaimahaikoekin. Aurreko probak gainditzen dituzten izangaiek epaimahaikoengana joko dute buruz buruko elkarrizketa bat egiteko. Gehienez ere 10 puntu, ez da baztergarria.

6.5. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora eman borzgarren eta seigarren ariketak prestatu eta egiteko.

6.6. Ariketa bakoitzaren zuzenketa eginik, epaimahaiak musika eskolako iragarki oholean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, atera dituzten kalifikazioekin batera.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azkeneko ariketaren kalifikazioa eginik, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda igorriko dio Musika Eskolako Udal Patronatuko zuzendaritza batzordeari, ateratako puntuazio osoaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioko gainerako ariketetan lortutako kalifikazio guztien batura egin eta gero, eta horrekin batean izendapen proposamena eginen du puntuazio hoberena atera duen izangaiaren alde. Proposamen hori Musika Eskolako iragarki oholean paratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.2. Izendapen proposamena iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, izangai proposatuak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Musika Eskolaren bulegoetan:

1._Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

2._Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren tituluen jatorrizkoak edo fotokopia behar bezala kautotuak, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak izanaren gordekinarenak.

3._Zin egin edo hitz emandako aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo zigortua ez dagoela edota inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4._Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dien eritasunik edo akats fisikorik ez dutela erakusten duena.

7.3. Aipatu epean, ongi justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu eta izangaiak 7.2. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoan, zuzendaritza batzordeak, ebazpen bitartez, izendatuko du izangai hori, saxofoi irakasle lanpostua bete dezan.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean jabetu beharko du lanpostuaz. Aipatu epean, eta ezinbertzeko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko dagokion salari zuzendua, bi hilabeteko epearen barrenean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

Noain-Elortzibarren, 2006ko urtarrilaren 24an._Noain-Elortzibarko "Julián Gayarre" Musika Eskolako Udal Patronatuko burua, Juan Francisco Balda Garralda.

1. ERANSKINA

Izena: ............................., adinez nagusia, N.A.N.: .................., bizitokia: ......................, (.............), karrika: ................, zenbakia: .......... posta kodea: ......................, telefonoa: .........................

Adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala, Noain-Elortzibarko Udalaren "Julián Gayarre" Musika Eskolan saxofoi irakaslea izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez:

Onartua izatea eskatzen dut Noain-Elortzibarko Udalaren "Julián Gayarre" musika eskolan saxofoi irakaslea izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian.

Noain-Elortzibarren, 2006ko ...............aren ............(e)an.

NOAIN-ELORTZIBARKO "JULIAN GAYARRE" MUSIKA ESKOLAKO UDAL PATRONATUKO BURUA.

Iragarkiaren kodea: L0601862