21. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

25/2006 FORU AGINDUA, urtarrilaren 30ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola Nafarroako kirol federazioei delegatzen diena, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak koordinaturik eta zaindurik, eta hauteskunde horiek egiteko arauak ematen dituena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 15eko 15/2001 Foru Legean ezarrita dago federazioetako hauteskunde prozesuak Nafarroako kirol federazioek kontrolatuko dituztela delegazioz, Nafarroako Kirol Administrazioak koordinaturik eta zaindurik, eta, hortaz, bidezko da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak delegazio hori egitea.

Nafarroako kirol federazioak eta Nafarroako kirol erakundeak arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuak ezartzen du Batzar Nagusiko kideak eta batzarburua lau urtetan behin hautatuko direla, ziklo olinpikoekin bat.

45.2 artikulua betetzeko asmoz, zeinak hauteskunde prozesuak foru dekretu horren gainerako xedapenak erregelamendu bidez arautuko direla xedatzen baitu, bidezkoa da Nafarroako kirol federazioek eginen dituzten hauteskunde prozesuei buruzko araudia ezartzea.

Bestalde, kontuan harturik kirol federazio bat eratzeko prozesuaren ezaugarriak, federazioko lehenbiziko Batzar Nagusiaren osaera eta lehenbiziko federazioburuaren hautaketa arautuko dituzten hauteskunde erregelamenduan zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagarri izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Hala bada, kirol federazioko bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den Batzorde Kudeatzaileak eginen du hauteskunde erregelamendua.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hauteskunde erregelamenduak ikuskatu eta onetsi beharra ezartzen da eta, beti ere, hauteskunde prozesua ordezkaritza eta partaidetza demokratikoaren printzipoen menpe egonen da.

Azkenik, orokorrean, kirol federazioetan egiten den edozein hauteskunde prozesutarako araudi hau baliagarria dela ikusi da, eta ez dela zertan mugatu urte jakin bateko hauteskunde prozesu batera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta bere lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola Nafarroako kirol federazioei delegatzea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak koordinaturik eta zaindurik.

2. artikulua. Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuei buruzko arauak, eranskinean ageri direnak, onestea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehena._Indarrik gabe gelditu da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emandako abenduaren 12ko 90/2003 Foru Agindua. Haren bidez federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola Nafarroako kirol federazioei delegatzen zaie, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak koordinaturik eta zaindurik, eta hauteskunde horiek egiteko arauak ematen dira.

Bigarrena._Indarrik gabe gelditu dira, halaber, foru agindu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Federazioko lehenbiziko Batzar Nagusia osatu eta lehenbiziko federazioburua hautatzeko, zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagai izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Hala bada, kirol federazioko bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den Batzorde Kudeatzaileak eginen du hauteskunde erregelamendua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari foru agindu honetan xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeko ahalmena ematea.

Bigarrena._Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, Kirol Zuzendariordetzara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 30ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuen arauak

Lehenbizikoa._Aplikazio eremua.

Foru Agindu honetako xedapenak Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan izena emana dauden Nafarroako kirol federazioetan aplikatuko dira.

Bigarrena._Hauteskundeak egitea.

1. Nafarroako kirol federazioek Nafarroako kirol federazio bakoitzak eginen duen hauteskunde prozesua arautzeko erregelamendua aurkeztu behar diote Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, hauteskunde prozesua hasi baino hilabete lehenago, gutxienez, foru agindu honetan ezarritakoari loturik. Hauteskunde prozesua ezin hasiko da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez onetsi ezik.

2. Hauteskunde erregelamendua Zuzendaritza Batzordeak prestatu eta onetsiko du eta federazioko Batzar Nagusiak berretsiko du. Proiektu hori Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari aurkeztuko zaio, onetsi ondorengo hilabeteko epean, luzeenera jota.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak federazioetako hauteskundeetarako erregelamendu guztiak gainbegiratuko ditu eta haien onespena ebatziko, eskaera egin ondorengo bi hilabeteko epean; gainera, hauteskunde prozesuak koordinatu eta babestuko ditu. Horren gaineko ebazpen espresurik eman ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da.

4. Gobernu eta ordezkaritza organoak normalean lau urtean behin hautatuko dira. Horien agintaldiak ordezkoek jabetza hartu arte iraunen du eta, beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordurarte.

5. Batzar Nagusiak hauteskunde prozesuaren egutegia finkatuko du; prozesu horrek bi hilabeteko iraupena izanen du gehienez.

6. Hauteskundeak, ezinbestean, kirol federazio bakoitzari dagokion urte olinpikoan eginen dira. Olinpikoak ez diren federazioek, berriz, udako Olinpiadak jokatzen diren urtean eginen dituzte. Kasu guztietan, dena den, hauteskunde prozesua dagokion urteko uztailaren 1a baino lehen burutuko da. Data horren ondoren egin nahi duen federazioak eskatu egin beharko du, eskabide arrazoitu eta justifikatuaren bidez, eta baimena eman beharko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak.

Hirugarrena._Hauteskunde zentsua.

1. Hauteskunde zentsuan kirol arloko pertsona eta elkarteen datuak agertuko dira. Behar den federazioak emandako ziurtagiria zentsuan sartuko da, eta horretan Batzar Nagusiko hautesleen izaera edukitzeko Foru Agindu honetan eskatutako beharkizunak betetzen direla adieraziko da.

Federazioak lizentzia kopuruarengatik boto gehiago lortzeko aukera dagoela ezartzen badu, hauteskunde zentsuan kirol elkarteek zenbat lizentzia dituzten adierazi beharko da.

2. Hauteskunde zentsua federazioaren eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren egoitzetan egonen da jendaurrean; egon daitezkeen erreklamazioak egiteko gutxienez bost egun baliodun izanen dira eta Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu.

Zentsuari buruz Hauteskunde Batzordeak ematen dituen ebazpenen kontrako erreklamazioak Kirol Justiziako Batzordeari aurkeztuko zaizkio.

Erreklamazioak ebatzi eta hauteskunde zentsua irmo deklaratu ondoren, ezin izanen da hari buruzko inpugnaziorik egin hauteskunde prozesuaren beste aldietan.

3. Behin betiko hauteskunde zentsuaren ale bat Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura igorri beharko da eta bertan geldituko da gordailatua.

4. Zentsuan sartutako pertsona fisikoen kasuan, haien identifikazio pertsonaleko datuak agertuko dira bakarrik: izena, bi deitura, lizentzia zenbakia eta eman zen eguna.

Laugarrena._Hauteskunde erregelamendua.

1. Federazioek hauteskunde erregelamendu bat izanen dute, hauteskundeetarako deia egin aurretik onetsia.

2. Hauteskunde erregelamenduak ondoko alderdi hauek hartuko ditu, gutxienez:

a) Kasuan kasuko federazioaren Batzar Nagusiaren osaera, estamentu bakoitzaren ordezkariak aipatzen direla.

b) Hauteskunde Batzordearen osaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

c) Baldintzak, epeak, hautagaien aurkezpena eta aldarrikapena.

d) Auziak eta erreklamazioak konpontzeko prozedura.

e) Hauteskunde mahaien osaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

f) Hauteskundeei buruzko errekurtsoak aurkezteko aukera.

g) Bozketa egiteko bideak.

h) Federazioburua hautatzeko arauak.

i) Hauteskundeen egutegia.

j) Batzar Nagusian kide izateari utziz gerta daitezkeen hutsuneak betetzeko prozedura.

Bosgarrena._Hauteskundeetarako deia.

1. Federazio bakoitzeko buruak eginen du Batzar Nagusirako hauteskundeetarako deia, hauteskunde erregelamendua onetsi ondoren.

2. Deia egin ondoren, Zuzendaritza Batzordea federazioko Batzorde Kudeatzaile gisa eratuko da eta federazioburua jarduneko federazioburu izanen da; hala batak nola besteak administrazio eta kudeaketa lanak baizik ez dute eginen.

3. Aipatu Batzorde Kudeatzaileko kideren bat federazioburu izateko hautagai-zerrendan aukezten baldin bada, Batzordea utzi beharko du lehen edo aldi berean.

Halaber, Batzorde Kudeatzaileak eta federaziokideek ezin izanen dute hautagai-zerrenda bat bultzatu federazioaren bitartekoez baliatuz.

Betebehar hori bete ezean, erantzukizunak eskatu ahalko dira.

4. Deian ondoko alderdi hauek azalduko ditu gutxienez:

a) Hauteskunde zentsua.

b) Hauteskundeetarako egutegia.

c) Federazioko Hauteskunde Batzordearen eraketa.

d) Hauteskundeen Erregelamendua.

Seigarrena._Hauteskundeetarako egutegia.

1. Hauteskundeetarako egutegian ondoko alderdi hauen berri emanen da:

a) Hauteskundeetarako egutegiaren argitalpena eta Federazioko Hauteskunde Batzordearen eraketa.

b) Hauteskunde zentsua argitaratzea eta horren gainean erreklamazioak egiteko epearen hasiera.

c) Zentsuari buruzko erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera eta Hauteskunde Batzordearen ebazpena, zentsuaren gaineko erreklamazioak ebazteko. Zentsuaren behin betiko onespena.

d) Batzar Nagusirako hautagaiak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

e) Batzar Nagusirako hautagaiak aurkezteko epearen amaiera.

f) Batzar Nagusirako hautagaien behin betiko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

g) g) Erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera, erreklamazioak ebazteko Hauteskunde Batzordearen ebazpena eta Batzar Nagusirako hautagaien behin betiko aldarrikapena.

h) Hauteskunde mahaiaren izendapena

i) Nafarroako kirol federazioetako kidea izateko hauteskundeetako bozketak eta aktak federazioetako Hauteskunde Batzordera igortzea.

j) Batzar Nagusirako hautagaien behin-behineko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

k) Hauteskunde Batzordearen ebazpena, Batzar Nagusirako hauteskundeen gaineko erreklamazioak ebatzi eta haren kideen behin betiko aldarrikapena.

l) Nafarroako kirol federazioetako buru izateko hautagaiak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

m) Federazioburu izateko hautagaiak aurkezteko epearen amaiera.

n) Federazioko buru izateko hautagaien behin-behineko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

ñ) Erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera, Hauteskunde Batzordearen ebazpena, federazioburu izateko hautagaien aldarrikapenaren gaineko erreklamazioak ebatzi eta hautagaiak behin betikoz aldarrikatuko dituena. Federazioburu izateko hautagai bakar bat besterik ez badago, ez da beharrezkoa izanen hauteskunde egutegi osoa betetzea, eta ondoren federazioburua bere karguaz jabetuko da Hauteskunde Batzordearen aitzinean.

o) Batzar Nagusia eratzeko deialdia eta federazioburua hautatzea.

p) Hauteskunde Batzordeak federazioburua behin-behinekoz aldarrikatzea eta erreklamazioetarako epeari hasiera ematea. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

q) Hauteskunde Batzordearen ebazpena, federazioburuari buruzko erreklamazioen gainekoa. Hauteskunde Batzordeak emaitzak homologatu eta federazioburuaren behin betiko aldarrikapena.

2. Hauteskunde egutegian ageri diren epe guztiak, Foru Agindu honetan egun baliodun gisa finkatzen direnak izan ezik, egun naturalei buruzkoak direla ulertuko da.

3. Batzarreko kideak eta federazioburua aukeratzeko hauteskundeak ezin izanen dira egin herrialde mailako lehiaketa ofizialak egiten diren egunetan.

4. Hauteskunde Batzordeak zilegi izanen du hauteskunde egutegia aldatzea, hura ezarri ondoren gertatutako gorabeherak direla-eta, eta ahalik eta partaidetzarik handiena bultzatzearren. Hauteskundeetarako egutegia aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimena, eta aurretik Hauteskunde Batzordeari eskabide arrazoitua aurkeztu beharko zaio.

Zazpigarrena._Hautesleak eta hautagaiak.

1. Federazioetako Batzar Nagusirako eta federazioburutzarako hauteskundeetan ondoren azaltzen diren estamentuetako kideak izanen dira hautesle, federazioko lizentzia indarrean badute hauteskundeak egiten diren kirol denboraldian eta aurrekoan.

a) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adinez nagusiko kirolariak.

b) Kirol elkarteak, elkarte filialak, eskoletako kirol elkarteak eta kirol sozietate anonimoak, denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan badute eta Nafarroako kirol erakundeen Erregistroan inskribaturik badaude. Federazioko lizentziarik ez badago, horrelakotzat hartuko da, ondorio hauetarako, federazioak sustatutako lehiaketa eta/edo jardueretako inskripzioa eta parte-hartzea.

c) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adinez nagusiko teknikari, epaile, arbitro eta antzekoak. Horretarako, federazio lizentziatzat hartuko da dagokion kirol federazioan sartuta egotea ekartzen duena, adibidez, dagozkien entrenatzaileen elkargoetako, arbitroen batzordeetako edo antzekoetako kide izatea.

2. Dagozkien denboraldiak, kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarriak kontuan harturik, federazioetako erregelamenduan zehaztuko dira, 7.1. puntuan ezarritakoaren arabera.

3. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek, bietan erabili ahalko dute botoa emateko eskubidea.

4. Erregelamendu bidez eta Batzar Nagusiak onetsirik, berariazko betebeharrak ezarri ahalko dira gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle izateko, kirol modalitatearen ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

5. Federazioko Batzar Nagusirako hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Kirolari, teknikari, epaile, arbitro edo antzekoen estamentuetatik, hautesle diren adinez nagusiko pertsona fisikoak.

b) Kirol erakundeen aldetik, hautesle direnak. Kirol entitate bakoitzak hautagaitza bakarrerako eskubidea du entitate den aldetik, eta hautatua gertatuz gero, Batzar Nagusian ordezkari bat izateko eskubidea du.

6. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek, estamentu bakar batean izan ahalko dira hautagai, haiek aukeratutakoan, hain zuzen.

7. Federazioko buru izateko hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Hautesle diren pertsona fisiko guztiak, aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera.

b) Hautesle diren 18 urtetik goitiko pertsona fisikoak, federazio entitateek federazioburu izateko hautagai gisa proposatuak.

c) Aurrekoaz gainera, federazio bakoitzak zenbait baldintza jartzen ahal ditu federazioburu izateko bete beharrekoak, euren federazio estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, betiere.

d) Federazio bateko buru ez da izaten ahal federazio horrekin lan edo zerbitzu prestatzeko harremanak dituen pertsona fisiko oro. Debeku horretan sartzen da, halaber, federazio horri zerbitzu ematen dion merkataritza-entitate batean lan egiten duen edozein pertsona fisiko ere.

8. Behin-behineko hautagai zerrendak aurkeztu ahalko dira horretarako epea irekita egon eta hautagai izateko baldintzak ustez betetzen ez direla-eta aurkeztutako errekurso bat ebatzi gabe egon arren.

9. Hautatutako hautagaien behin-behineko aldarrikapena behin betiko bihurtuko da automatikoki hautapenaren kontrako errekurtso administratiborik ez dagoenean, ez eta ebazteko zain ere.

Zortzigarrena._Kirol elkarteak.

1. Kirol elkarteek Batzar Nagusian izanen duten ordezkariak elkarteek aukeratuko dituzte, horretarako nahi dituzten pertsona fisikoak izendatuz.

2. Federazioan inskripzioa egina edo lizentzia duten kirol elkarte guztiek, ezarritako antzinatasuna badute, boto bana emateko eskubidea izanen dute gutxienez.

3. Nafarroako kirol federazioek erregelamendu bidez baimena eman ahalko diete kirol elkarteei boto gehiago emateko, dituzten lizentzien kopuruaren arabera, eta botoen proportzionaltasuna ponderatuko dute kirol elkarte bakoitzaren lizentzia kopuruaren arabera.

Bederatzigarrena._Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea hiru kidek gutxienez osatuko dute. Nolanahi ere, kideetako bi federazioko diziplina batzordeetako kide izan beharko dute, eta gainerakoak zozketaz hautatuko dira hauteskunde zentsuko kideen artean eta denen artean, gehiengoz, federazioburuaren eta kidearen karguak aukeratuko dituzte. Ez dute parte hartzerik izanen federazioko gobernu organoetarako eta ordezkaritzarako hautagaiek. Edozein arrazoi dela eta, diziplina batzordeetan ez badago Batzar Nagusiko tokiak betetzeko behar adina kide, toki huts horiek zozketaz beteko dira hauteskunde zentsuko kideen artean.

2. Nafarroako kirol federazioek Zuzenbideko lizentziatu baten presentzia bermatuko dute Hauteskunde Batzordean. Hark idazkaritza eta aholkularitza lanak beteko ditu, hauteskunde prozesuaren barnean sor daitezkeen auziei buruz.

3. Hauteskunde Batzorde bakoitzeko kideen zerrenda Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraziko zaio.

4. Hauteskunde Batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira; berdinketarik balego, batzordeburuak kalitatezko botoa izanen luke. Hauteskunde Batzordearen erabakiek balioa izateko, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo absolutua bertan egotea.

5. Edozein arrazoirengatik, Hauteskunde Batzordearen agintaldian zehar, kargurik hutsik gelditzen bada, bete egin beharko da, 9.1 puntuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

6. Hauteskunde Batzordearen agintaldia lau urterako da, hurrengo urte olinpikoan hauteskunde berriak egin arte.

Hamargarrena._Hauteskunde Batzordearen eginkizunak.

1. Hauteskunde Batzordeari dagokio:

a) Dagokion federazioko Batzar Nagusirako eta burutzarako hauteskundeak antolatzea.

b) Hauteskunde mahaiek eta hauteskunde horietan parte hartuko duten hautagaien ordezkariek egindako kontsultak ebaztea.

c) Hauteskunde prozesuaren egintzen kontra jarritako errekursoak ebaztea.

d) Hauteskundeetako ekintzetan ofizialki parte hartzen duten pertsona guztien gaineko diziplina jurisdikzioa izan eta hauteskunde prozesuan gertatzen diren arau-hausteak zuzentzea.

e) Hauteskundeetako zentsuak onetsi eta Federazioetako Batzar Nagusirako eta burutzarako hauteskundeetako hautagai-zerrandak eta hautetsiak aldarrikatzea, horien karguen jabetza ematen zaiela.

2. Federazioen Hauteskunde Batzordeak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igorriko dizkio:

a) Hauteskunde Batzordea eratzeko bileraren akta.

b) Hauteskunde zentsua, hala behin-behinekoa nola behin betikoa, onetsi izanaren ziurtagiria.

c) Hauteskunde mahaiaren osaketaren ziurtagiria.

d) Batzar Nagusirako hautagai behin-behineko eta behin betikoen gaineko ziurtagiria.

e) Batzar Nagusirako bozketen emaitzen gaineko ziurtagiria.

f) Zerrenda, datu hauek barne: Batzar Nagusiko kide aldarrikatu dituzten hautetsien izenak, deiturak, helbidea eta telefonoa.

g) Federazioko buru izateko hautagai behin-behineko eta behin betikoen gaineko ziurtagiria.

h) Federazioburu hautatzeko bozketen emaitzen gaineko ziurtagiria.

i) Federazioburuaren kargu hartzearen gaineko akta.

3. Dokumentazio hori Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko da, ondorengo epe hauetan:

a) 2.a) puntutik 2.d) puntura bitartekoak, Batzar Nagusirako hauteskundeak egin aurretik.

b) 2.e) puntutik 2.g) puntura bitartekoak, federazioburutzarako hauteskundeak egin aurretik.

c) 2.h) eta 2.i) puntuak, hauteskunde prozesuaren bukaeran.

Hamaikagarrena._Hauteskunde mahaia.

1. Hauteskunde mahai bakarra egonen da eta bertan gutxienik hiru kide izanen dira: mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Kargu horien ordezkoak ere hautatuko dira.

2. Estamentu desberdinetako hauteskunde zentsuko hautesleen artetik aterako dira zozketaz hauteskunde mahaiko kideak, hauteskunde arloko erregelamenduak horri dagokionez besterik ez badio behinik behin. Horrela zehaztu mahaikideek euren artean eta gehiengo soilarekin mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak hautatuko dituzte.

3. Hauteskunde mahaia eratzea ezinezkoa denean titular eta ordezkoak bertaratu ez direlako, lehen hiru boto-emaileek ordezkatuko dituzte eta, hurrenez hurren, mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak hartuko.

4. Hauteskunde mahai bakoitzean nahitaez estamentu bakoitzari dagokion hautestontzi prezintatua, Hauteskunde Zentsuaren zerrenda, kartazalak eta boto-paperak egonen dira.

5. Ezin izanen dira hauteskundeko mahaikide izan Federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetara aurkezten diren hautagaiak.

6. Hauteskunde mahaikideek bozketen garapen zuzena zaindu, boto-emaileen nortasuna frogatu, botoen kontaketa egin eta bozketa-akta prestatuko dute; horretan agertuko dira botoa eman duten hautesleen kopurua, bozketan gertatutako gorabeherak, bozketaren ondorioz egin diren erreklamazioak, eman diren boto baliozkoak, baliogabeak eta txuriak eta hauteskundeen emaitza. Mahaiko idazkariak prestatuko du akta eta mahaiburuak sinatuko du.

7. Hauteskunde Erregelamenduan ezarri ahalko da Batzar Nagusiko kideek zilegi izanen dutela bozketa aldian hauteskunde mahaia beste herri batzuetara eramatea, hauteskunde prozesuan parte hartzeko erraztasunak emateko. Alderdi hori azaldu eta zehaztu beharko da hauteskundeen erregelamenduan.

Hamabigarrena._Hauteskunde barrutia.

Hauteskunde barrutia bakarra izanen da eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartuko du.

Hamahirugarrena._Bozketaren prozedura.

1. Hautagaiek kontu-hartzaile bat izendatu ahalko dute; horretarako, agiri bat emanen diote kargu hori kreditatzeko.

Kontu-hartzaile izateko beharrezkoa izanen da hautagai izatea.

Kontu-hartzaileek botoa emateko eskubidea izanen dute; gainera, hauteskunde mahaira joaten ahal dira eta haren eztabaidetan parte hartu, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Bozketa honela eginen da: boto-emaileak bere izaeraren berri emanen dio idazkariari; horrek hauteskunde zentsuaren alboan botoa eman duela jarriko du, ezaba ezin den materiala erabilita. Ondoren, boto emaileak bere botoa mahaiburuari emanen dio eta azken horrek hautestontzian sartuko du.

3. Batzar Nagusiko kideak hautatzeko ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

4. Bozketa errazteko asmoz, Hauteskunde Batzordeak boto-papera eta kartazalaren ereduak prestatuko ditu.

5. Hautesle bakoitzak, botoa zein hautagairi eman nahi dien, horien izenak jarriko ditu, beti ere estamentu bakoitzari esleitutako ordezkari kopurua gainditu gabe.

6. Baliogabeko boto-papertzat joko dira:

a) Hauteskunde Batzordeak ezarri ereduari egokitzen ez zaizkionak.

b) Dauden hautagaiak baino izen gehiago dituztenak.

c) Boto-paperean botazioari ez dagokion edozein ohar jartzea.

d) Hautagai ez diren pertsonei boto ematea.

7. Bozketa egiteko boto-emaileak hautagaiaren izenaren aurrean gurutze edo aspa bat jarriko du.

Hamalaugarrena._Hauteskundeak eta berdinketa.

1. Nafarroako kirol federazioen Batzar Nagusira aurkeztutako hautagai kopurua ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada edo federazioburu izateko hautagaia bakarra bada, behar diren Hauteskunde Batzordeek batzarkide edo, hala behar denean, federazioburu aldarrikatuko dituzte bilkurara agertu direnak. Horrela gertatzen bada, ez da hauteskunderik egin beharko.

2. Federazioko Batzar Nagusirako bi hautetsiren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada eta horrek berekin badakar behar den estamentuko ordezkari kopurua gainditzea, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketaz finkatuko da Batzar Nagusirako kidearen aldarrikapena.

Hamabosgarrena._Federazioburuaren hautaketa.

1. Federazioburua aukeratzeko Batzarraren bilkuraren burua izanen da zozketaz aukeratutako estamentuko hautatu zaharrena. Federazioburuaren idazkari izanen da zozketaz zehaztuko den estamentuko hautetsi gazteena, eta hasierako bi kargu horiek betetzen dituztenak ezin izanen dira estamentu berekoak izan.

2. Bozketa egin baino lehenago hautagai bakoitzak Batzarraren aurrean azalduko du bere programa.

3. Federazioburu izateko hautagaiek euren hautagaitza abalatu beharko dute, gutxienez batzarkideen 100eko10aren sinadurekin. Zilegi da hautagai horiek Batzarreko kide ez izatea.

Batzarreko kide bakoitzak bakarrik hautagai bat abala dezake.

4. Federazioburu izateko hautagaiak aurkezteko epea ez da hiru egun baliodunekoa baino txikiagoa izanen.

5. Federazioburua hautatzeko Batzar Nagusia 1. edo 2. deialdian eratzeko beharrezkoa izanen da Batzar Nagusia osatzen duten kideen erdia gutxienez bertan egotea.

6. Federazioburua hautatzerakoan, ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

7. Federazioburu izateko bi hautagai hautetsiren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, 30 minutuko geldialdia egin eta gero berriro eginen da bozketa; bozketa horren ondoren ere berdinketa gertatzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa egin eta horietako bat aldarrikatuko da federazioburu.

8. Behin federazioburua aldarrikatu eta gehienez ere 10 eguneko epean, Federazioen Hauteskunde Batzordeko buruak, federazioburu hautetsiari dei eginen dio aipatu organo horren aurrean bere karguaren jabetza har dezan. Ekitaldi horren akta idatziko da eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igorriko zaio.

9. Federazio buru izateko hautagai bakarra behin betikoz aldarrikatuz gero, ez da beharrezkoa izanen aurreko puntuan adierazitako prozesu osoari jarraitzea.

Hamaseigarrena._Federazioen Hauteskunde Batzordeari zuzenduriko errekurtsoa.

1. Federazioen Hauteskunde Batzordean jarriko da hauteskundeetako berraztertze errekurtsoa, hauteskunde egutegian ezarritako epean.

2. Errekurtsoa aurkezteko egintza horretan egoki juzkatzen diren alegazioak jar daitezke eta, hala behar denean, bidezko frogabideak aurkeztu beharko dira.

3. Federazioen Hauteskunde Batzordeak hiru egun naturaleko epean ebatziko du errekurtsoa, errekurtsoa jartzen denetik hasita.

4. Hauteskundeetako berraztertze errekurtsoa ezetsitzat joko da ezarri epean ebazpen espresurik jasotzen ez bada.

Hamazazpigarrena._Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordea.

1. Federazioko Batzar Nagusiko ebazpenen aurka errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordeari zuzendua, 5 egun balioduneko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik edo, arau hauetako hamaseigarren kapituluan ezarritakoari jarraikiz, Hauteskunde Batzordean aurkeztutako errekurtsoa ixiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat hartu eta biharamunetik aitzina.

Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa, artikulu honetan aipatzen dena, aurkeztu aurretik, beharrezkoa izanen da errekurtsoa jartzea federazioko Hauteskunde Batzordearen aurrean, arau hauetako hamaseigarren kapituluko 1. atalean ezarritakoari jarraikiz.

2. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek bide administratiboa agortzen dute eta zilegi izanen da haien aurka errekurtsoa jartzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

3. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak aldeendako baliozkoak eta nahitaez eta berehala betetzekoak izanen dira, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka jotzeko aukera galarazi gabe.

Hemezortzigarrena._Altak eta bajak Batzarrean.

1. Dagozkion kirol federazioetako Batzar Nagusiko kideen izaera galduko dute, hautapen aldian hautatzeko bete behar izan zituzten beharkizun guztiak berekin ez dituzten pertsonek edo entitateek. Batzarkide karguari uzteko, beharrezkoa izanen da behar den espedientea irekitzea; horren barnean, interesatuari hamar egun balioduneko epea emanen zaio, nahi badu, alegazioak egin eta baja hori ekarri duen egoera konpontzeko. Epe hori iraganik, hurrengo bilkuran eta interesatuak han daudela, Federazioko Batzarrak berak behar dena ebatziko du eta horren berri emanen Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ez zaio federazioburuari aplikatuko.

3. Batzar Nagusian biltzen diren estamentu bakoitzeko ordezkarien bajak eta hutsak, hauteskunde erregelamenduak horri dagokionez araututakoa gorabehera, estamentu berean, hauteskunde emaitzen zerrendan hurrengo postuan dauden hautagaiek beteko dituzte.

4. Edozein arrazoirengatik kargu huts horiek betetzeko behar diren baldintzak biltzen dituen hautagairik ez izatera, baldintza horiek berekin dituzten entitate edo pertsonekin beteko dira, horiek gertatzen diren unean.

Hemeretzigarrena._Hauteskunde prozesuaren hedapena.

1. Nafarroako kirol federazioek Batzar Nagusiko kideak eta batzarburua hautatzeko deialdiei hedapen eta publizitaterik handiena eginen diete eta Hauteskunde Erregelamenduan helburu hori lortzeko behar diren baliabide guztiak jarriko dituzte; gutxienez deialdia, hauteskunde zentsua eta egutegia federazio guztietako iragarki oholean jarriko dira.

Federazioburua hautatzeko Batzarra eratzeko deialdiaren berri eman beharko zaie banan-banan batzarkideei.

2. Batzar Nagusirako hautatutakoen zerrenda Federazioaren egoitzan egongo da jendaurrean eta federazioburu izateko hautagaiei emanen zaie, hala eskatzen badute.

Hogeigarrena._Federazioburutzarako hauteskunde partziala.

1. Aurreko puntuetako arauak era berean aplikatuko dira edozein arrazoi dela medio federazioburutzarako hauteskunde partziala egin beharra izanez gero agintaldi olinpiko bakoitzaren barnean. Horrelakoetan, agintaldiak hurrengo ziklo olinpikoan hauteskunde berriak egin arte iraunen du.

2. Aurreko kasu horretan hauteskunde egutegia aplikatuko da federazioburutzarako hautagaiak aurkezteko unetik beretik (Eranskin honen 6.1.l. atala).

Iragarkiaren kodea: F0601725