17. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ANDOSILLA

Deialdia, Andosillako Udaleko albiente izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

O I N A R R I A K

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Andosillako Udaleko albiente izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek Andosillako Udaleko funtzionario publiko bilakatuko dira eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean kidetuko dira eta hartan inskribatuko, araubide horretan aurreikusitako babesean. Deialdi honen xede diren lanpostuak betetzeko izendatuko diren funtzionarioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainontzeko xedapen gehigarriek jasotzen dituzten eskubide pasiboen eta osasun _zein gizarte_ laguntzaren sisteman afiliatuta baldin badaude, horretan segitzeko nahiz Gizarte Segurantzakoan afiliatzeko aukera izanen dute.

1.3. Izendatzen diren izangaiek urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

Orobat, organo eskudunek agintzen dizkieten eginkizunak beteko dituzte (horien artean, udal gobernuko organoen erabaki edota ebazpenak Andosillako herritarren etxeetara eramatea, bai eta ere horien deialdiak eta Informazio Batzordeenak ere).

1.4. Lanaldia zerbitzuko beharretara egokituko da.

1.5. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Andosillako udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen Seigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, nahiko izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non, deialdi honetako 5.2.2 oinarrian aurreikusitako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen arlo ez akademikoan ezta irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan ere.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta ez egotea deialdiaren 3. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetan.

e) Gizonezkoak 1,70 metro luze eta emakumezkoak 1,65 metro luze izatea, gutxienez.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.

g) B.T.P. motako ibilgailuak gidatzeko eta A motako gidabaimenak izatea.

2.2. Baldintza horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte, g) letrako baldintza izan ezik; azken hori, deiaren 5.2.2 oinarrian ezarritakoa betez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda publiko egiten den egunean eduki beharko dute.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Andosillako Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Hura Andosillako Udaletxean egonen da eskura. Orri horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, 1. eranskinean aipatzen diren proba fisikoak egiteko gaitasunik aski badutela frogatzeko, eta erantsi beharko dute izen-emate eskubideetarako hamabi euro ordaindu izanaren egiaztagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria._Oposizioaldia.

5.1. Oposizioa 2006ko apirilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe jarriko da jendaurrean hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak fase hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, proba hauek izanen dituena:

A._Altuera egiaztatzea.

Probei hasiera eman aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B._Lehenengo proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C._Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren gaiei buruzko galderak erantzutea.

b) Matematikako, Fisikako edo Kimikako hamar problema ebaztea. Horretarako, aski izanen da Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa bat.

d) Albientearen eginkizunekin ikusteko duen egungo gai baten gainean idaztea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

D._Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek egiaztatu beharko dute, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta, era berean, oinarri bereko g) baldintza betetzen dutela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

_Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

_Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Bigarren mailakoa edo baliokideren bat.

_B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatua.

_Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearen zinpeko aitorpena.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko behar diren neurriak xedatuko ditu, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, beren gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko dira eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ez gai" agertzen diren izangaiak.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren funtzionamendurako Erregelamenduak arautuko du oinarrizko prestakuntza ikastaroa (100/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 12koa; 2003ko 70. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 4koa). Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiak Andosillako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionarioak izanen dira, erregelamenduz dagozkien lansariak jasoko dituzte eta praktiketako funtzionario gisa dagozkien gainerako eskubideak izanen.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria._Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, I. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntura bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dituzte, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntura bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituztenak.

6.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroak 0tik 800 puntura bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertua geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria._Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Epaimahaiko kideak.

_Mahaiburua: Manuel Osorio Martín, Andosillako Udaleko alkate udalburua.

_Ordezkoa: Juan Carlos Osés Resano, Andosillako Udaleko lehenengo alkateordea.

_Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria.

_Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria.

_Mahaikidea: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria.

_Ordezkoa: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria.

_Mahaikidea: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria.

_Ordezkoa: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria.

_Mahaikide idazkaria: Andosillako Udaleko idazkaria.

_Ordezkoa: José Miguel Corres Botella, Lana ibarreko Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira ateratako puntuazioaren arabera ordenatua, eta izangai horiek izendatzeko proposamena eginen du.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Finkatu epearen barrenean zin egin edo hitz ematen ez duena, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, ez dute karguan izendatuko.

9. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Andosillako funtzionario eta albiente izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposameneko izangaiak, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen badute, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Andosillan, 2006ko urtarrilaren 16an._Alkate udalburua, Manuel Osorio Martín.

I. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko gauzarik, ez betaurrekorik ez bestelakorik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian egitea, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoa ukituz bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

55" baino gehiago 58" baino gehiago Ez gai

55" edo gutxiago 58" edo gutxiago Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2. Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan-etorrian, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu behar dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean pibotatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:

a) Izangaia gelditu egiten bada.

b) Izangaia berari dagokion kaletik ateratzen bada

c) Izangaiak ibili beharreko puska osorik egiten ez badu, muturreko marra zapaltzera iritsi gabe.

d) Izangaiak hiru aldiz jarraian ez badu marra zapaltzea lortzen seinale akustikoak agintzen dionean (marratik metro bateko tartea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

10 baino gutxiago 8 baino gutxiago Ez gai

10 edo gehiago 8 edo gehiago Gai

3. Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Egiteko modua: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

40" baino gutxiago 25" baino gutxiago Ez gai

40" edo gehiago 25" edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4. Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Egiteko modua: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaiaren oin bat edo biak plataformatik kanpora gelditzen badira erortzen denean.

b) Izangaiak plataforma ukitzen badu oinak ez diren gorputzaren beste edozein atalekin.

c) Izangaiak erortzean errebotatu egiten badu plataforman.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago Ez gai

0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago Gai

Denbora kalkulatuko da milarenak kontuan hartu gabe. Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren arabera emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako altueraren arabera neurtuta:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0,39 m baino gutxiago 0,27 m baino gutxiago Ez gai

0,39 m edo gehiago 0,27 m edo gehiago Gai

5. Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parketa, etab.). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoinetako bat botatzen bada.

b) Izangaia ibilbidetik kanpora ateratzen bada.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek osatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

25"8 baino gehiago 27"8 baino gehiago Ez gai

25"8 edo gutxiago 27"8 edo gutxiago Gai

II. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1._Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: bermeak. Auzitegi Konstituzionala. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3._1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5._Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Comptos Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.

6._Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7._Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8._Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10._Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Administrazio prozedura erkidearen faseak. Prozedura bereziak.

11._Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

III. ERANSKINA

Bazterbide medikoak

1._Ikuspegia. Begien sistema.

_Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

_4/10 bi begietan, edo

_3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

_2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

_Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

_Diplopia.

_Diskromatopsia larriak.

_Estereopsi falta.

_Keratotomia erradiala.

2._Entzumena. Entzuteko sistema.

_500etik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

_Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3._Hizkuntza.

_Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz-moteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4._Giharren eta eskeletoaren aparatua.

_Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

_Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

_Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

_Zifosiak, 30º baino handiagoak.

_Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

_Espondilitis ankilosantea.

_Paget-en eritasuna.

_Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

_Fibromialgia.

_Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

6._Digestio aparatua.

_Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

_B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

_Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Zirrosi hepatikoa.

_Behazun-zirrosi primarioa.

_Pankreatitis kronikoa.

_Fibrosi kistikoa.

_Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Kakari eutsi ezina.

7._Bihotz-hodietako sistema.

_Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

_Arritmia eta blokeoak: Aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

_Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

_Balbulopatiak.

_Miokardiopatiak.

_Perikardiopatia kronikoak.

_Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

_Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

_Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

_Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

_Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

8._Arnas aparatua.

_Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

_Pleurako isuri berrituak.

_Berezko pneumotorax berrituak.

_Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

_Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

9._Nerbio-sistema.

_Epilepsia.

_Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

_Neurona motorearen eritasunak

_Ataxiak.

_Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

_Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

_Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

_Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

_Bertigoak.

_Siringomielia.

_Hidrozefalia.

_Miopatiak.

_Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

_Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

_Neke kronikoaren sindromea.

_Anosmia.

_Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

10._Alterazio psikiatrikoak.

_Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

_Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

_Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

_Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

_Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

_Barne-bulkaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

11._Sexu eta gernu-aparatua.

_Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

_Pixari eutsi ezina.

_Giltzurruneko polikistosia.

12._Sistema endokrinologikoa.

_Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

_Hipertiroidismoa eta Hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

_Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

_Mellitus diabetesa.

_Adenomatosi endokrino anizkoitza.

_Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

13._Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

_Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

14._Odola eta organo hematopoietikoak.

_Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

_Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

_Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

_Inmunoeskasiak.

_Esplenektomia.

_Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

15._Bestelakoak.

_GIB birusaren antigorputzen eramailea.

_Amiloidosia.

_Kolagenosia.

_Lupus eritematoso sistemikoa.

_Artritis erreumatoidea.

_Esklerodermia.

_Sjögren-en sindromea.

_Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Loditasuna (GMI > 25).

16._Ohar orokorrak.

_Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

_Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

ANDOSILLAKO UDALARI

Izena: .................., N.A.N.: .........., bizilekua: ..............., karrika: ......................., zenbakia: ....., etxebizitza: ......................., telefonoa: .......................

Honako hau azaltzen dut:

Andosillako albiente izateko 2 lanpostu betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide honi eransten dizkiodala bai osasun ziurtagiri ofiziala, non frogatzen baita gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, bai izena emateko eskubideei dagokien diruaren ordainagiria ere.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztutzat harturik, onartua izatea Andosillako Udaleko albiente izateko 2 lanpostu betetzeko oposizioan.

.....................(e)n, 2006ko ................aren ....(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0600966