17. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

23/2006 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Vianako 19. poligonoko 411-A lurzatian, Los Corrales-Ulagosako bidea alderdian, legar-hobia ustiatzeko proiektuari Ingurumeneko Eraginetarako Baimena ematen diona. Obenasa da sustatzailea.

Espediente hori 2005eko urriaren 5ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen. Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean (2.c eranskina, I atala) sartzen denez proiektua, ingurumeneko eraginetarako baimena lortu behar da.

Foru lege horren 28. artikuluaren arabera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumeneko Eraginetarako Baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen du, arrazoituta, eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumeneko Eraginetarako Baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean ageri diren txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Vianako 19. poligonoko 411-A lurzatian, Los Corrales-Ulagosako bidea alderdian, legar-hobia ustiatzeko proiektuari Ingurumeneko Eraginetarako Baimena ematea. Obenasa da sustatzailea. Ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik baldintza hauek bete beharko dira:

_Indusketa egitean 411-B lurzatiko olibondo urtetsuak, batez ere mendebaldean dauden biak, ez ukitzen ahalegindu beharko da.

_Jarraipen arkeologikoa errazteko eta landare lurra hobeki zaintzeko, hondeatuko den 411-A lurzati osoan eginen da lur horren bilketa, eta aukera izanen da 411-B lurzatia erabiltzea hori pilatzeko, 411-A lurzatiaren mendebaldean dagoen kabailoiko landare lurrarekin batera. Lan horiek bertako zuhaitzak hondatu gabe eginen dira.

_411-A lurzatian hondeaketa egin ondoren baztertzen diren materialak oinarrian jarriko dira homogeneoki eta, lanen bukaeran, lurzati horretan bertan hasieran kendutako landare lurrarekin estaliko dira.

_Inguruko lurretaranzko trantsizioa ezponda etzanen bidez eginen da, eta horietan landare lurrez osatutako geruza bat zabalduko da, gutxienez ere 20 zentimetrokoa, gero eremu hori landareztatzeko.

_Inguru horretan landa bideak ireki edo zabaldu behar badira materialak errazago ateratzeko, lan horien proiektu teknikoa aurkeztu beharko da Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, ingurumenaren arloko baimena lortu ahal izateko.

_Ingurumenaren aldetik gauzatuko den lehengoratze plana bermatu egin beharko da abal solidario bat aurkeztuz, eta hori, dagokionean, bat etorriko da uztailaren 21eko 2065/1988 Foru Dekretuarekin, edo eskudiruzko fiantza bat jarriz Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 3.292,51 eurokoa, lehengoratze planerako aurreikusitako aurrekontuaren parekoa.

_Justifikatu egin beharko da Vianako Udal Planeko hirigintzako araudiaren 172. artikulua, A1 atala, betetzen dela, hor ageri baitira legarrak eta harea ateratzeko jardueretan bete behar diren baldintzak.

_Ondare Historikoaren Zerbitzuaren zehaztapenak ere bete beharko dira, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan sartutakoak.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasiko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Vianako Udalari eta interesatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 18an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0601278