156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

293/2006 FORU AGINDUA, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdia onesten duena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren bidez, ezartzen du onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri eta argitaratu beharko ditu. Horrela eskuratzen ahalko dituzte laguntza horiek bai jarduerak egiten dituztenek eta bai deialdiaren xede den egoeran daudenek.

Lehenbiziko Plan Gerontologikoak (1997-2000) bere neurrien artean honakoa jasotzen zuen: hirugarren adineko pertsonei beren bizilekuan segitzeko erraztasunak ematea.

Bestalde, Menpekotasunaren Liburu Zuriak ezartzen du ezen pertsona horietaz arduratzeko politiken ahalegin guztiak zuzendu behar direla haiek ahalik eta denborarik gehiena beren bizilekuan segi dezaten erraztera.

Azkenik, Adin Handiko Pertsonen Sustapen eta Arretarako Plana (II. Plan Gerontologikoa) prestatzeko diagnostikoak sumatu du bat datorrela adinekoen eta beren senitartekoen eskaera haiek beren etxean irauteko ideiarekin, betiere hori gerta dadin behar diren laguntzak ematen bazaizkie.

Eskaera hori sumaturik, garbi geratu da etxean iraute horrek zama handia dakarkiela kasu asko eta askotan pertsona horien familiei eta, bereziki, familia horietako emakumeei, gehienbat haiek hartzen baitute beren gain zaintzaile informalen eginkizuna.

Hala ere, beharrezkoa dirudi, kalitatezko enplegua sortzearen ikuspegitik, zerbitzuak eskuratzeari loturiko laguntzak eman daitezen bultzatzeak, horrela enplegua sortzeko bidea erraztuko baita beren familiek zain ditzaten nahi ez duten pertsonentzat.

Egoera horren aurrean, beharrezkotzat jo da menpeko pertsonentzat eta haien familientzat laguntzak ezartzea, horrela haientzako beharrezko zainketak eskuratzea errazteko behar adinako ahalmen ekonomikoa izan dezaten, betiere eguneroko bizitzako funtsezko eginbeharretan beren etxeetan moldatzeko xedearekin.

Deialdi honek bi modalitatetako laguntzak lortzeko aukera ematen du: a) modalitatea, zerbitzuari loturiko laguntza ekonomikoa; hori eskuratzeko, hilean 80 orduko zainketa-zerbitzuak kontratatu behar dira gutxienez, eta b) familia-inguruan emandako zainketarako laguntza ekonomikoa; horren ezaugarria da menpeko pertsonak behar dituen zainketak senitartekoek edo bere inguruko pertsonek ematen dituztela eta zaintzale nagusi bat izendatu behar dela.

Nafarroako Gobernuaren abenduaren 22ko erabakiaren bidez baimena eman da dirulaguntzen deialdia banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdia onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean daude deialdiaren arauak.

2. 20.000.000,00 euroko gastua baimentzea, 2007ko aurrekontuetako "Etxez etxeko zainketa pertsonalerako laguntzak" izeneko 923001 -93530-4809-231402 kontusailaren kargura edo ekitaldi berean egokitzen diren antzeko kontusailen kargura, betiere aurrekontuan horretarako diru nahikoa baldin bada.

3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko abenduaren 22an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilaria, María Isabel García Malo.

1. ERANSKINA

Arauak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko laguntzen arauak ezartzea.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Honako baldintza hauek bete behar dituzte laguntza hauek eskuratu nahi dituztenek:

_Nazionalitate espainarra izatea edo Espainiako legezko egoiliarra izatea.

_Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako edozeinetan benetan bizi izatea, betiere eskaera aurkezteko data baino bi urte lehenagotik eta etenik gabe izan bada. Bi urtetik beherakoen kasuan, Foru Komunitateko egoitza-aldiaren baldintza haurraren zaintza eta babespea duenari eskatuko zaio.

_Hamabi urte baino gehiago izatea eta menpekotasun handi edo larriko egoera iraunkorrean egotea, deialdiaren 5. arauan ezarritakoaren arabera edo hamabi urte baino gutxiago izatea eta urritasun iraunkorra izatea, baldin eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Ezinduen Balorazio, Atzemate eta Orientatze Taldeak uste badu haurra adin horretara iristean seguruenik menpekotasun handiko edo larriko egoeran egongo dela.

_Menpekotasuna duenaren bizilekua ez izatea egoitza bat.

_Behar adinako baliabide ekonomikorik ez izatea, deialdi honen 4. arauan ezarritako irizpideen arabera.

_Zerbitzuari loturiko laguntza ekonomikoaren modalitatearen kasuan, hilean 80 orduko zainketa-zerbitzuak kontratatzea.

2. Laguntzaren onuradunek, halaber, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte onuradun izateko, artikulu horretako b) letran ezarritakoa izan ezik, laguntza hauek nolakoak diren kontuan harturik ez baitago aplikatzerik hemen.

3. Aurreko ataletan jasotako baldintzak bete behar dira eskaera aurkezten denean eta laguntzak jasotzen diren aldi osoan iraun behar du egoera horrek.

3. Modalitateak, laguntzen zenbatekoa eta kopuruak zehazteko irizpideak.

1. Menpekotasun, "menpekotasun handi" eta "menpekotasun larri" egoera bakoitzerako bi modalitate ezartzen dira laguntza hauetan, eta eskatzaileak hautatu beharko du bietako bat, eskaera aurkeztean.

a) Modalitatea: Zerbitzuari loturiko laguntza ekonomikoa.

Onuradunak edo haren legezko ordezkariak pertsona bat edo zerbitzu enpresa bat kontratatu beharko du, pertsona menpekoari eguneroko bizitzako oinarrizko eginbeharretan moldatzeko behar dituen zainketa pertsonala eta gainerako zerbitzuak eman diezazkion. Modalitate honetarako, kontratazioa egin dela ulertzeko, hilean 80 orduko zerbitzua emateko akordioa behar da gutxienez.

b) Modalitatea: Senitartekoek edo bere inguruko pertsonek egindako zainketarako laguntza.

Modalitate honen ezaugarria da pertsona menpekoak eguneroko bizitzako oinarrizko eginbeharretan moldatzeko behar dituen zainketaz senitartekoak edo bere inguruko pertsonak arduratzen direla eta ez dela beharrezkoa, beraz, zainketa hori kontratatzea. Beharrezkoa da zaintzaile nagusi bat izendatzea.

2. Modalitate bakoitzerako ezarritako gehieneko eta gutxieneko laguntzak honako hauek dira:

a) Modalitatea: Zerbitzuari loturiko laguntza ekonomikoa.

_Gehieneko laguntzak:

-Menpekotasun handiko egoera: 746,53 euro hilean.

-Menpekotasun larriko egoera: 588,75 euro hilean.

_Gutxieneko laguntzak:

-Menpekotasun handiko egoera: 365 euro hilean.

-Menpekotasun larriko egoera: 365 euro hilean.

b) Modalitatea: Senitartekoek edo bere inguruko pertsonek egindako zainketarako laguntza.

_Gehieneko laguntzak:

-Menpekotasun handiko egoera: 568,38 euro hilean.

-Menpekotasun larriko egoera: 426,36 euro hilean.

_Gutxieneko laguntzak:

-Menpekotasun handiko egoera: 365 euro hilean.

-Menpekotasun larriko egoera: 365 euro hilean.

3. Laguntza ekonomikoa hilean zenbatekoa den kalkulatzeko:

a) Menpekotasun egoeraren maila eta eskatutako modalitatea kontuan hartuz emanen da gehieneko laguntza, eskatzailearen familia-unitatearen hileko per capita errentak (PCE) gainditzen ez badu urte osoari dagokion Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) hamabi hilabetez zatiturik, eta gizarte babespeneko araubide publikoetatik (PAN) sortutako antzeko ezaugarri eta xedeak dituen beste laguntzarik jasotzen ez badu.

b) Menpekotasun egoeraren maila eta eskatutako modalitatearen kontuan hartuz emanen da laguntza txikiago bat, eskatzailearen familia-unitatearen hileko per capita errentak (PCE) gainditzen badu urte osoari dagokion Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) hamabi hilabetez zatiturik, eta hileko per capita errenta horren eta Gutxieneko Soldata horren arteko aldea gehieneko laguntza baino gutxiago bada. Honako formula honen arabera kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa kasu horretan:

Laguntzaren zenbatekoa = gehieneko laguntza - (PCE-LGS)

Hala ere, emaitza horri kendu egin beharko litzaizkioke, hala bada, antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten beste laguntza batzuen arabera gizarte babespeneko edozein araubide publikotatik (PAN) jasotako hileko zenbatekoak. Halaber, eta a) modalitatearen kasurako, zenbatekoa ez da izanen egindako zerbitzu kontratazioaren kostua baino handiagoa.

Hala ere, atal honetan xedatutakoaren arabera laguntzaren zenbatekoa 365 euro baino gutxiago baldin bada, deialdi honetan ezarritako gutxieneko laguntza emanen da, hilean 365 alegia.

c) Menpekotasun egoeraren maila eta eskatutako modalitatea kontuan hartuz, ukatu eginen da laguntza, eskatzailearen familia-unitatearen hileko per capita errentak (PCE) gainditzen badu urte osoari dagokion Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) hamabi hilabetez zatiturik, eta hileko per capita errenta horren eta Gutxieneko Soldata hamabi hilabetez zatiturik gehienezko laguntza adina edo gehiago bada.

4. Baliabide ekonomiko zenbagarriak.

Eskatzailea sartzen den familia-unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzerakoan, hura osatzen duten kideen errenta eta ondarea hartuko dira kontuan.

1. Errentatzat hartzen dira familia-unitateak honako hauetatik eskuratzen dituen sarrera guztiak:

_Lan-etekinak, pentsioak eta aurreikuspen sozialeko prestazioak barne, edozein delarik ere haien araubidea, deialdi honen 6. arauan ezarritakoak izan ezik. Besteren konturako lan-etekinen sarrera gordinetatik kendu behar dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutakoak.

_Higigarrien nahiz higiezinen kapitalen etekinak.

_Enpresa_ edo lanbide-jardueretako etekin garbiak.

2. Familia-unitatearen higigarrien eta higiezinen kapital osoa hartzen da ondaretzat.

Ondarearen balioespena egiteko, Ondarearen gaineko Zergarako ezarritako arauak hartuko dira kontuan.

_Higigarrien kapitala honako hauek osatzen dute: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizitza-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, arte-lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak.

_Higiezinen kapitala landa_ eta hiri-ondasunek osatzen dute.

3. Familia-unitatea honakoek osatzen dute:

a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

b) Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

d) Hala hautatuz gero, familia unitateko 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak sartuko dira, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino dirusarrera txikiagoak badituzte eta beren gurasoen menpekotasunean bizi badira.

4. Familia-unitatearen per capita errentaren kalkulua.

Hileko per capita errenta familia-unitatearen urteko errentatik abiatuz kalkulatuko da, kideen kopuruaz eta hamabiz zatituz.

5. Menpekotasun egoeran dauden pertsonei ez zaie laguntza emanen, baldin eta familia-unitatearen ondarearen balioa guztira, ohiko etxebizitza salbuetsirik, 100.000 euro baino gehiago bada.

Halaber, laguntza ekonomikoa ukatu edo, hala bada, iraungi eginen da, baldin eta sumatzen bada eskatzailearen edo laguntzaren onuradunaren edo kide den familia-unitateko kideren baten itxura hutseko pobretzea gertatu dela.

5. Menpekotasunaren balorazioa.

Deialdi honek izanen dituen ondorioetarako bakarrik, eta esparru nazionalean menpekotasunaren balioraziorako baremoak indarra izan arte, Hirugarren Pertsonaren Laguntzarako (HPL) baremoan gutxienez 45 puntuko balorazioa duten pertsonek izanen dute menpekotasun handiaren egoera eta 35etik 44 puntu bitarte dituztenek, berriz, menpekotasun larriaren egoera.

Esparru nazionaleko menpekotasunaren baloraziorako baremoa onesten denean, menpekotasun handiko edo larriko pertsonatzat hartuko dira haren arabera hala dagokienak.

6. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntza ekonomikoa jasotzea bateraezina da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 17an eman 1040/2004 Ebazpenean araututako etxez etxeko arretarako laguntzak kobratzearekin. Etxeko arretarako laguntzak jasotzen dituztenek beren esku dute erabakitzea zer nahi duten: laguntza hura jasotzen jarraitu edo deialdi honetako laguntzak eskatu.

Deialdi honetako onuradunek, gizarte babespeneko edozein araubide publikotan (PAN) ezarritako antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten beste prestazioak jasotzen badituzte, kendu egin beharko dituzte 2. arauko 3.2. atalean ezarritakoaren arabera legokiekeen laguntzatik. Bereziki, Gizarte Segurantzari buruzko Legeko 139.4 artikuluan araututako ezintasun larriaren osagarria kenduko dute, %75eko minusbaliotasuna edo handiagoa duen 18 urtetik gorako seme-alabarengatiko esleipen ekonomikoaren osagarria, kotizatu gabeko ezintasun pentsioaren beste pertsona baten beharrarena, eta Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzko Legeko hirugarren pertsonarentzako laguntzaren subsidioarena.

Deialdi honetako edozein modalitatetan ezarritako laguntza ekonomikoa eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonak eta Eguneko Zentroetan egonaldiak egiteko laguntza jasotzen dutenak edo Eguneko Zentro bateko postu publiko propio edo hitzartutako baten erabiltzaileak badira edo Etxeko Laguntzarako Udal Zerbitzuen erabiltzaileak badira, 365 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute hilean.

7. Eskaera.

Espresuki prestatutako inprimakien bidez eginen dira eskaerak, eta eskuragai egonen dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren bulego nagusietan (González Tablas, zk.g., Iruña) eta Foru Komunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzu guztietan. Erakunde horren www.cfnavarra.es/inbs webgunean ere eskura daitezke.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan (González Tablas, zk.g., Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 38.4 artikuluan ezarritako tokietan aurkeztu ahal izanen dira. Eskaerak 2007an aurkezten ahal dira.

Eskabideak arau hauetan eskatzen diren betebeharrak bete ezik, eskatzaileari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epean, akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkez ditzala. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpenaren bidez aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, bere eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

Eskaera aurkezteak baimena ematen dio Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuari, bidezkotzat jotzen dituen jardueren bitartez egiaztatzeko interesatuek emandako informazioa zuzena den, ea eskatutako baldintzak betetzen diren kasu horretan eta onuradunak laguntza jasotzeagatik dituen betebeharrak betetzen dituen.

8. Dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo egoitza-txartela espainiar nazionalitatea ez duten pertsonen kasuan.

_Familia Liburuaren fotokopia.

_Errolda-agiria, eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzeko.

_Legezko ezintasunaren kasuan, legezko ezintasunari buruzko auzitegi ebazpena eta tutore izendapena.

_Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) azken aitorpenaren fotokopia.

_PFEZaren aitorpena egitera behartua ez bada, familia unitatearen dirusarrera guztien zinpeko aitorpena, non jasoko baitira: unitateko kideen izenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia, dirusarrerak zein kontzeptuz eskuratzen dituzten, urteko kopuruak, data eta sinadura.

_Familia unitateko kideen jabetzako ondare ondasunen gaineko zinpeko aitorpena.

_Laguntzaren onuradunari egindako transferentzia bidez kobratzeko eskabidea.

_Ardurapeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioena, artikulu horren b) letran ezarritakoa salbu utzirik.

Arau honetan eskatzen den dokumentazioa ez da aurkeztu behar lehendik ere Foru Komunitateak bere esku baldin badauka; izan ere, kasu horretan eskatzaileak bidezko du Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9.4) artikuluan xedatutakoari atxikitzea.

9. Dirulaguntzak emateko prozedura eta ebazteko epea.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntza-eskaerak banaka aztertuko dira, eta espedienteak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuko dirua bukatu artean.

Ebazpena emateko eta eskatzaileari jakinarazteko 3 hilabeteko epea dago, eskaera Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko erregistroan sartzen den egunetik hasita.

Epe horretan ebazpenik eta jakinarazpenik ez bada ezetsitzat joko da eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

10. Prozeduraren irekitzea.

1. Laguntzak emateko prozedura irekitzeko organo eskuduna Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atala da.

2. Instrukzio organoak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Balorazio Atalari eskatuko dio, dirulaguntza jasotzeko deialdiko gainerako beharkizunak betetzen dituzten eskatzaileen kasuan, laguntza-eskatzailearen menpekotasun egoerari buruzko balorazioa, eta lehen egina ez badu, interesatuei hitzordua jarriko die menpekotasunaren balorazioa egiteko.

3. Instrukzio organoak zilegi du eskatzea dirulaguntzaren eskatzaileari familia-unitatearen baliabide ekonomikoei buruzko informazioa eskuratzeko dokumentuak, eta edozein Administrazio publikorengandik eskuratzea deialdi honetako beharkizunak betetzen diren egiaztatzeko beharrezkoa lukeen edozein informazio.

11. Prozedura ebaztea.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak, organo instruktoreak egiten duen proposamena ikusita, deialdi honetako laguntza eman eta ordaintzeari buruz ebatziko du.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

12. Laguntzaren ordainketa.

Laguntzak hilero ordainduko dira eta eskaera behar bezala aurkeztu eta hurrengo hileko lehenbiziko egunetik aurrera sorraraziko dira, edo, zerbitzuari loturiko laguntza ekonomikoen kasuan, zerbitzu-prestazioa kontratatu zenetik, eskaeraren dataren ondorengoak badira, 2007ko abenduaren 31 arte. Ordainketa hilean behin eginen da, eskatzaileak emandako kontu korronte edo aurrezki kontuan.

13. Onuradunen betebeharrak eta ez-betetzeak.

1. Onuradunak honako hauek bete beharko ditu:

a) Jasotako dirulaguntzak zertarako diren, hartarakoxe erabiltzea.

b) Deialdian eskatzen diren beharkizunak eta baldintzak betetzea.

c) Zerbitzuari loturiko laguntzen kasuan, onuradunak edo haren legezko ordezkariak, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenetik hilabeteko epean, honakoak aurkeztu beharko ditu: lan kontratua eta langile kontratatua gizarte segurantzan alta eman izanaren agiria, edo, hala bada, zerbitzuak ematen dituen entitatearekin sinatutako kontratua. Halaber, epe berdinean, agiri horiek aurkeztuko ditu, kontratuan aldaketaren bat egiten denean edo kontratu berri bat sinatzen denean.

d) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak egin ditzakeen egiaztapenak jasan, horretarako eskatzen zaizkion agiri eta ziurtagiriak aurkeztu eta laguntza emateko kontuan hartu ziren inguruabarrak aldatzen badira haien berri ematea.

e) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari adieraztea, hala gertatzen bada, deialdi honetan arautzen diren laguntzen antzeko xede eta ezaugarriak dituzten beste laguntza, dirusarrera edo baliabide batzuk eskuratu izana.

2. Betebehar horiek bete ezik edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, hartutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

14. Laguntzaren berrikuspena eta aldaketa.

Laguntza eta haren zenbatekoa emateko baldintzak hasiera batean kontuan hartutako egoeraren aldaketaren menpekoak izanen dira. Onuradunak edo haren legezko ordezkariak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinarazi beharko dio gertatzen den edozein gorabehera. Jakinarazpen hori zuzenean edo gizarte zerbitzu oinarrizkoaren bidez egiten ahalko da.

Ikuskatzeko prozedura irekitzen ahalko da, bai interesatuek eskaturik, bai ofizioz. Horretarako, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak baloratu ahal izateko behar dituen agiriak eskatzen ahalko ditu.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako laguntza ere aldatzen ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungitzen ahalko da laguntza, kasuan-kasuan.

15. Etena.

Menpekotasuna duen pertsona egoitza batean aldi bateko egonaldietarako postu baten erabiltzailea bada, laguntza etenda geldituko da pertsona hori postu horretan egonaldi bat egiten ari denean.

16. Laguntzaren iraungipena.

1. Honako kasuotan iraungiko da laguntza jasotzeko eskubidea:

a) Laguntza emateko ezarritako beharkizun edo baldintzetakoren bat ez edukitzea edo gabe gelditzea.

b) Egoitza batera bertan bizitzeko sartzea.

c) Foru Komunitatetik kanpo egotea lau hilabete baino gehiagoko epe etengabean, behar bezalako kausa ez-ohikoetan izan ezik.

d) Titularraren heriotza.

e) Laguntza eskuratzeko jokabide iruzurtia.

f) Eskuratutako laguntza behar ez denerako erabiltzea.

2. Menpeko pertsona ospitaleratzeagatik ez da iraungiko laguntza.

3. Laguntza iraungitzeko gertaera bat baldin bada, hurrengo hilaren lehenbiko egunetik aurrera izanen du ondorioa iraungipenak. Jakinarazpena atzeratzearen ondorioz epe horretatik aurrera ordaindutakoa itzuli egin beharko da.

17. Aurrekontuko dirua.

Administrazioak eskabideen gaineko ebazpena egitean, laguntzak emateko betiere ezinbestekoa izanen da aurrekontuetan horretarako dirua egotea.

18. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Laguntzaren xedea kontuan hartuz, ez da adieraziko nori eman zaion, azaroaren 9ko Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legeko 15.1 b) artikuluan xedaturikoarekin bat.

19. Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

20. Aplikatzekoak diren arauak.

Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean onesten da; beraz, arauetan jasota ez dagoen guztietan, lege hori bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F0620002