156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

1932/2006 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak emana, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremua birzatitzeko proiektua hasiera batez onesten duena. Banaketa-eremu horretako Konpentsazio Batzordeak sustatu du proiektua.

2006ko urriaren 9an, Francisco Javier Lizarraga jaunak, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremuko Konpentsazio Batzordeko buruak, banaketa eremu hori birzatitzeko proiektua aurkeztu zuen, tramitatua izan zedin.

Idazkiaren arabera, 2006ko ekainaren 6an Konpentsazio Batzordeko Batzar Orokorrean banaketa eremuaren esparruko jabe guztietatik %59,49k birzatiketa proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztearen aldeko botoa eman zuten, aipatutako ondorioak izan zitzan.

Espedienteari buruz egindako txosten teknikoaren arabera, aurkeztu den birzatiketa proiektua Erripagaineko UPSaren araberakoa da, jendaurrean jartzeko behar den dokumentazio guztia baitu. Beraz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 151. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoaren arabera tramitatu behar da, jendaurreko epean aurkezten diren alegazioen ondorioz egin beharreko berrikuspen xehea deusetan galarazi gabe, horrelakorik bada.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 29.2 artikuluan adierazitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. banaketa eremua birzatitzeko proiektua hasiera batez onestea. Proiektua banaketa eremu horretako Konpentsazio Batzordeak sustatu du.

2. Birzatiketa proiektua jendaurrean egonen da hogei egunez. Epe horretan edozeinek bidezkoak iruditzen zaizkion ohar eta alegazioak egiten ahal ditu idatziz. Horretarako, interesatuek espedientea eskura izanen dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko bulegoetan (Iruñeko Armada etorbideko 2ko 2. solairuan).

3. Ebazpen honen berri ematea Burlatako, Iruñeko, Uharteko eta Eguesibarko udalei eta sustatzaileari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 28an._Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F0619147