156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

388/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 30ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana; horren bidez, merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko araubidea ezarri da.

ZIOEN AZALPENA

Merkataritzaren sektoreari laguntzeko neurriak arautu dituen maiatzaren 19ko 125/2003 Foru Dekretuan, lagun daitezkeen programa eta jardueren artean, merkataritzaren sektorea indartzeko programa bat ezarri behar dela aurreikusi zen.

Foru dekretu horretako 6. artikuluan ezarri da, foru dekretua garatzeko asmoz eta azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoarekin bat ematen diren foru aginduen bidez ezarriko dela, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan erabilgarri dagoen kopuruaren arabera, programa eta jarduera bakoitzarentzako laguntzen zenbatekoa.

Ondorioz, merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko araubidea ezartzea da foru agindu honen xedea.

Nafarroako Gobernuak 2006ko azaroaren 13an hartutako erabakiaren bidez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari baimena eman zaio merkataritzaren sektorea indartzeko programarako dirulaguntza banakako ebaluazioaren bitartez emateko.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak foru agindu honetan jasotzen den proiektuari buruzko aldeko txostena egin zuen 2006ko azaroaren 21ean egindako bilkuran, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeko 63.2. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru agindu honetan ezartzen den dirulaguntzaren araubideari Europar Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 69/2001 Erregelamendua (EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei nola aplikatu arautzen duena) edo horren ordezkoa aplikatu behar zaio.

Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko araubidea ezartzea.

Diruz lagunduko dira foru agindu honetako II. tituluan zehazten diren jarduerak. Hona hemen jarduera horiek:

A) Inbertsioak egitea:

A.1) Egungo komertzioak modernizatu, zabaldu edota berritzeko inbertsioak.

A.2) Proiektu komertzial berriak ezartzea, esaterako:

a) Hirietan merkataritza zentroak.

b) Nekazaritzako inguruak.

c) Udal merkatuen kontzesionarioak.

d) Famili enpresaren ondorengotza.

B) Irudia eta kudeaketa hobetzea:

a) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua.

b) Irudi komunera egokitzeko inbertsioak.

c) Merkataritzan kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak.

C) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea (IKT).

2. artikulua. Onuradunen betekizunak eta horiek frogatzea.

1. dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezartzen diren betekizun orokorrak betetzen direla frogatzeko eskatzailearen "Erantzukizunpeko aitorpena" aurkeztu behar da.

2. Foru agindu honetako II. tituluan diruz laguntzeko jarduera bakoitzerako ezartzen diren betekizun bereziak betetzen direla egiaztatzeko hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona juridikoa bada: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren kopia eta horren aldaketena, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak merkataritzako pertsona juridikoak badira. Gainerako sozietate eta erakundeek eraketaren egiaztagiriaren kopia (dagokion Erregistroan inskribatutako egiaztagiria).

Ez dute agiri hori aurkeztu beharrik izanen Merkataritza Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jasotzeko asmoz lehenengo aldiz aurkezten diren eskatzaileek, baldin eta jakinarazten badute agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duela. Kasu horretan, agiria noiz eta zein organori aurkeztu zitzaion zehaztu beharko da eta bere erantzukizunpean adierazi beharko du ez dela aldaketarik izan.

Lehenago Merkataritza Zerbitzuaren dirulaguntzaren bat jaso dutenek soilik aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena, eta bertan egiaztatu beharko da agiria aurkeztu zenetik ez dela aldaketarik izan.

b) Merkataritza-sozietateek onetsi den azken ekitaldiari buruzko urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte eta gainerako eskatzaileek azken ekitaldiko galera-irabazien kontua eta egoeraren balantzea.

c) Enpresa txikia delako erantzukizunpeko adierazpena, Fc6.02.01 ereduaren araberakoa eta Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz eman zuen 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoa betez.

3. artikulua. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusiriko tokietan.

Eskaera postetxean aurkezten bada, kartazal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Eskaerak aurkezteko epeak foru agindu honetako II. tituluan ezartzen dira, diruz laguntzeko jarduera bakoitzerako zehaztuta.

3. Jarraian, eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiri orokorrak eta II. tituluan jarduera bakoitzerako ezartzen diren agiri bereziak zehazten dira:

_Foru agindu honetako 2. artikuluan ezartzen diren betekizunak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

_Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskuratu diren beste laguntzei ("de minimis" laguntzak barne) buruzko erantzukizunpeko adierazpena, ezarritako ereduen araberakoa.

_"Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren" inprimaki originala, baldin eta inoiz ez bada Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso.

Foru agindu honetan aipatzen diren adierazpen eta formularioetarako eredu guztiak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian eskura daitezke.

4. Eskaerak betetzen ez baditu aurreko atalean adierazitako baldintzak, Merkataritza Zerbitzuak interesatuari eskatuko dio ezarritako epean zuzen ditzala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesatuari.

4. artikulua. Organo eskudunak eta eskaerak ebazteko gehieneko epea.

1. Merkataritza Zerbitzuak aztertuko ditu eskaerak eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko du. Organo eskudunari ebazpen proposamena bidaliko dio, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten jasoz.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den egunetik 6 hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da.

Epe hori iragan eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ukatu dela ulertuko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute; errekurtso hau Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari bidali behar zaio, administrazio prozedura erkideari buruzko legeetan xedatutakoari jarraituz.

2. Inbertsioengatiko dirulaguntza emateko prozedura berezia foru agindu honetako II. tituluko I. kapituluan arautzen da.

5. artikulua. Gastuen frogagiriak eta egindako ordainketak.

1. Onuradunek dirulaguntzaren eskaerarekin batera, egindako gastuen eta ordainketen frogagiriak ere aurkeztu beharko dituzte; frogagiriok, gainera, foru agindu honetako II. tituluan dirulaguntza eskuratzeko jarduera bakoitzerako ezartzen den moduan aurkeztu beharko dira.

Jardueraren aurrekontua 30.000 eurotik gorakoa denean (obraren exekuzioaren kostua izanez gero) edo 12.000 eurotik gorakoa denean (ekipamendu ondasunen horniduraren edo zerbitzuen kostua izanez gero), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, hain zuzen, eskatutako eskaintzak eta eskaintza hori hautatzeko frogagiria aurkeztu beharko ditu.

Behar bezala frogatuz gero, eskatzailea aurrekotik salbuetsita egonen da baldin eta diruz laguntzeko gastuen ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago hori hornitzeko edo emateko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eskuratzeko eskaera aurkeztu baino lehen egin bada.

2. Inbertsioengatiko dirulaguntza frogatzeko baldintzak foru agindu honetako II. tituluko I. kapituluan zehazten dira.

6. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 9. artikuluan ezartzen diren betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzeko, eskatzaileak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari baimena emanen dio aipatu betebeharrak egunean dituela frogatzeko behar dituen datuak kontsulta ditzan.

2. Era berean, onuradunek diruz lagundu beharreko ondasunak enpresaren jarduerari atxikita mantenduko dituzte gutxienez 5 urtez edo, bestela, erabilera aldia amaitu arte, 5 urtetik beherakoa baldin bada; ezin dituzte eskuz aldatu, errentan jarri edo haien erabilera hirugarrenei laga. Erregistro publikoan inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, aldiz, aipatu epea gutxienez 7 urtekoa izanen da. Epe horiek inbertsioak abian jartzen diren egunetik hasiko dira zenbatzen.

3. dirulaguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat osorik bete ezean, onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, betebehar horietako bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasuna aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere. Zehazki, mailegu edo errentamendu finantzarioaren eragiketa ezarritako epea baino lehen zati batean edo osorik amortizatzen bada, eman den dirulaguntzaren korrituei dagokien zatia birdoituko da.

7. artikulua. Dirulaguntzaren bateraezintasuna eta "de minimis" laguntzak.

1. Merkataritza sektorea indartzeko programako dirulaguntza jasotzen bada ezin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen edo nazio mailako zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuen edo norbanakoen beste dirulaguntzarik jaso.

Beraz, foru agindu honen xede diren jarduerek beste laguntza araubideren bat jaso badezakete, Merkataritza Zerbitzuak eskaerak beste araubide batzuetara bideratzen ahalko ditu, betiere horrek interesdunari kalterik egiten ez badio.

2. Aurrekoa ezertan ukatu gabe, "Mailegu eta errentamendu finantzarioaren eragiketak finantzatzeko kostua murriztea" izenekoaren barruan ematen diren laguntzekin batera foru agindu honetan ezartzen ez diren beste laguntza batzuk ere jasotzen ahalko dira. Kalkuluak egiteko, emandako beste dirulaguntza edo hobariak hartuko dira kontuan.

3. Foru agindu honen xede den dirulaguntza "de minimis" erakoa da, EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei nola aplikatu arautzen duen Europako Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 69/2001 Erregelamenduan edo horren ordezkoan ezarritakoarekin bat.

Hori dela eta, enpresak behartuta daude araubide honi jarraituz aurreko 3 urteetan jasotako laguntzak eskaera aurkezten duten unean adieraztera. "De minimis" laguntzak (dirulaguntza hau barne) batzean ateratzen den kopuruak araubidean ezartzen den gehienekoa gainditzen badu, dirulaguntza murriztu eginen da gehieneko hori ez gainditzeko.

II. TITULUA

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak

I. KAPITULUA

Inbertsioak egitea

8. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

Jarraian zehazten diren inbertsioak egiteko dirulaguntza ematen ahalko da:

A.1) Egungo komertzioak modernizatu, zabaldu edota berritzeko inbertsioak.

A.2) Proiektu komertzial berriak ezartzea, esaterako:

a) Hirietan merkataritza zentroak: potentzial nahikoa duten udalerrietako edo hiri eremuetako lehentasunezko esku-hartze eremuetan kokatzen diren enpresak, "Nafarroako udalerrietako hirietan merkataritza zentroak garatzeko potentzialaren gaineko azterlanean" ezarritakoarekin bat.

Diruz laguntzeko moduko inbertsioak izan daitezen, udalerriak Industria eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko dio hirian merkataritza zentroa egiteko proiektua foru agindu honetan ezarritako araubidean sar dezala.

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, bestalde, ebazpen baten bidez adieraziko du proiektua diruz laguntzeko modukoa dela onartzen edo ukatzen duen.

Onartuz gero, enpresek dirulaguntza eskatzen ahalko dute, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera betiere.

b) Nekazaritzako inguruak: eguneroko artikuluak hornitzeko 3.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan kokatzen diren enpresak, Iruñerrian kokatzen direnak izan ezik.

c) Udal merkatuen kontzesionarioak.

d) Famili enpresaren ondorengotza. Hauek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

_Finkatuta dagoen merkataritza enpresa besterendu behar da; hau da, sektorean 10 urte baino denbora luzeagoan ibilia, eta erretiroagatik edo nahitaezko erretiroagatik besterendu behar izan dena.

_Belaunaldi batetik besterako ondorengotza izan behar da, familiakoak izan zein ez.

_Merkataritza jarduera bera mantenduko dela bermatuko da.

9. artikulua. Diruz lagundu beharreko jardueraren baldintzak.

Diruz lagundu beharreko jarduerak hurrengo baldintzak bete beharko ditu:

1. Nafarroako establezimenduetan egindako inbertsioak, adibidez:

a) Lokalak, lurrak eta eraikuntzak.

Diruz laguntzeko moduko inbertsioa izan daiteke, benetan onartu den inbertsioa bider hiru eginez ateratzen den zenbatekoa duena gehienez. Kontzeptu horren barruan, diruz lagunduko dira txikizkako merkataritza enpresek, enpresa para-komertzialek, establezimendu kolektiboek eta merkataritza elkartuko erakundeek egiten dituzten inbertsioak.

b) Lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obra zibila.

c) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:

_Makinak, instalazio teknikoak, merkataritzako altzariak eta ekipamendua, garraiatzeko merkataritza gaiak, turismoak izan ezik.

_Ekipamendu informatikoak eta softwarea (web orriak egiteko eta sarean sartzeko hasierako gastuak eta banda zabalaren bidez Interneteko konexioan alta emateko kostua barne).

_Frankizietan sartzeko eta erosketen zentralei hasieran atxikitzeko kanona ordaintzeagatiko gastuak.

_Merkataritza jarduerarako aktibo finkoan egin behar diren bestelako inbertsioak.

2. Lokalak, lurrak eta eraikuntzak zenbatu gabe, lokala egokitzeko barruko eta kanpoko obretan gutxienez 6.000 euroko inbertsioa eginen da; eta gainerako inbertsioetan gutxienez 4.000 eurokoa.

3. Diruz lagunduko dira 18 hilabetetan egiten diren inbertsioak, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu den egunetik zenbatuta.

10. artikulua. Inbertitzeko dirulaguntzaren modalitatea.

Inbertsio bakoitzak hurrengo dirulaguntza jaso dezake:

A.1) Egungo komertzioak modernizatu, zabaldu edota berritzeko inbertsioak.

Mailegu edo errentamendu finantzarioaren eragiketak finantzatzeko kostua murrizteari dagokionez, sortutako korrituen puntu 2ko dirulaguntza jasoko da. Txikizkako merkataritza enpresek hiriguneko establezimenduetan egiten dituzten inbertsioetarako, 3 puntuko dirulaguntza jasoko da.

Interes-tasaren hobaria ezin da izan eragiketa formalizatzeko eduki den interes-tasa nominala baina handiagoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eta finantza erakundeek sinatutako lankidetza hitzarmenetan ezarritakoaren arabera.

Mailegu eragiketetan, gehienez, lehenengo 4 urteetako korrituetarako dirulaguntza emanen da; eta errentamendu finantzarioaren eragiketetan, gehienez, lehenengo 3 urteetako korrituak.

Soilik izanen dira diruz laguntzeko modukoak foru agindu honetako 11. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak.

A.2) Hiriko merkataritza zentroetan, nekazaritzako inguruetan, udal merkatuen kontzesionarioetan eta famili enpresaren ondorengotzan egun dauden establezimenduak eta establezimendu berriak modernizatzeko inbertsioak:

a) Mailegu edo errentamendu finantzarioaren eragiketak finantzatzeko kostua murrizteari dagokionez, A.1) atalean ezarritakoa beteko da.

b) Inbertsioaren %5eko dirulaguntza emanen da.

11. artikulua. Mailegu eta errentamendu finantzarioaren eragiketak.

1. Mailegu eta errentamendu finantzarioaren eragiketetako korrituei hobaria emateko baldintzak berariaz ezarriko dira Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eta Nafarroan dauden finantza erakundeek eta finantza errentamenduko sozietateek sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenetan.

2. dirulaguntzen modalitate hori eskuratu ahal izateko hurrengo baldintzak bete behar dira:

2.1. Mailegu eragiketak:

a) Laguntza jaso dezaketen inbertsioak finantzatzeko erabiliko dira; gehienez inbertsioaren %75ekoak izanen dira eta, nolanahi ere, ezin dira 600.000,00 euro baino gehiagokoak izan.

b) Maileguaren iraupena librea izanen da, baina bakarrik emanen da dirulaguntza lehenengo lau urteetako korrituetarako.

c) Gabealdia gehienez ere 2 urtekoa izanen da.

2.2. Errentamendu finantzarioaren eragiketak:

a) Laguntza jaso dezaketen inbertsioak finantzatzeko erabiliko dira, lokal, lur eta eraikuntzetan egindako inbertsioak alde batera utzita.

b) Gutxienez 24 hilabetekoak eta gehienez 48 hilabetekoak izanen dira, eta gehienez jatorrizko inbertsioaren 600.000,00 eurokoak.

2.3. Finantza erakundeek eta errentamendu finantzarioaren sozietateek sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenetan ezarriko dira gehienetako interes-tasak, dirulaguntzaren eguneratze finantzarioaren tasak eta aplikagarriak izan daitezkeen komisioak.

2.4. Enpresa batek urte natural berean mailegu eta errentamendu finantzarioaren eragiketa bat baino gehiagorako dirulaguntza jasotzen badu, laguntza guztien zenbatekoa gehienez 600.000,00 eurokoa izanen da.

12. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintza bereziak.

Inbertsioak egiteagatik dirulaguntza jaso duten onuradunek hurrengo baldintza bereziak bete behar izanen dituzte:

A.1) Modernizatzeko, zabaltzeko edota berritzeko inbertsioak:

1. Hurrengo baldintzak betetzen dituzten merkataritza enpresak:

1.1. Txikizkako merkataritza enpresak, haien negozioen urteko zenbatekoaren gutxienez %70 jarraian zehazten diren EJSN-93ko jardueretarako badira, jarraikiz:

_50.302 multzokoak (bitartekariak eta katalogoa izan ezik).

_52.1 eta 52.5 multzoen artekoak.

_52.620 eta 52.632 multzokoak (bakarrik saltzaile ibiltariak).

Handizkako merkataritza enpresak, haien negozioen urteko zenbatekoaren gutxienez %70 jarraian zehazten diren jardueretarako badira:

_50.301 multzokoak (bitartekariak eta katalogoa izan ezik).

_51.2 eta 51.7 multzoen artekoak, baina 51.51 eta 51.57 epigrafeak izan ezik.

Enpresa para-komertzialak, negozioen urteko zenbatekoaren gutxienez %70 jarraian zehazten diren epigrafeetarako badira: 71.404 (bakarrik bideofilmak alokatzea), 74.812, 74.831 (bakarrik hirugarren konturako fotokopien zerbitzuak), 93.010 eta 93.020.

1.2. Enpresa txikitzat jotzen direnak, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz eman zuen 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoa betez.

1.3. Jarduera burutzeko administrazioaren baimen edo emakida berezirik behar ez dutenak.

1.4. Merkataritza jarduera Nafarroan egin dutenak, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu den dataren aurreko urtean gutxienez.

Eskaera aurkeztu zenetik urtebetez eratuta ez dauden enpresei baldintza hori betetzat joko zaie, baldin eta titularrak edo gutxienez %50eko partaidetza duen bazkideren batek frogatu badezake merkataritza jarduera urtebetez gauzatu duela, berak bakarrik edo bere sozietatearen bidez.

2. Merkatariek sustatu eta kudeatzen dituzten merkataritza establezimendu kolektiboak eta merkataritza elkartuko erakundeak, baldin eta bazkideen erosteko ahalmena hobetzeko, lehiakortasuna areagotzeko eta sektorea arrazionalizatzen laguntzeko zerbitzuak modernizatzen edo sortzen badituzte. Dena den, establezimendu hauek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

2.1. Txikizkako merkataritza enpresa txikien %75eko partaidetza edukitzea, eta enpresa horien jarduerak EJSN-93ko 52.1 eta 52.5 arteko epigrafeen barruan sartzea.

2.2. Partaideen %60ak gutxienez sozietatearen egoitza Nafarroan edukitzea.

A.2) Proiektu komertzial berriak ezartzea:

Txikizkako merkataritza enpresa berriak ezarri nahi dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak. Baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Negozioen urteko zenbatekoaren gutxienez %70 EJSN-93ko 52.1 eta 52.5 multzoen eta 52.620 eta 52.632 epigrafeen (bakarrik saltzaile ibiltariak) barruan sartzen diren jardueretarako izatea, abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Enpresa txikitzat jotzen direnak, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz eman zuen 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoa betez.

3. Jarduera burutzeko administrazioaren baimen edo emakida berezirik behar ez dutenak.

4. Foru agindu honetako 8. artikuluko A.2) idatz-zatian ezarritako kasuren batean sartzea.

13. artikulua. Eskaera eta agiri bereziak aurkezteko epea.

1. Inbertsioak diruz laguntzeko eskaera inbertsioak egiten hasi baino lehen aurkeztu behar da.

"Finantzatzeko kostua murrizteko" dirulaguntza eskatzen bada, eskaera finantza erakundearen bitartez aurkeztu beharko da mailegu edo errentamendu finantzarioaren kontratua formalizatu baino lehen. Hala ere, urtarrilaren 1aren eta dagokion erakundearekin lankidetza hitzarmena sinatzen den egunaren artean formalizatutako eragiketak hitzarmen hori sinatu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.

"Famili enpresaren ondorengotzarako" dirulaguntza eskatzen bada, ondorengotza egin eta urtebetean aurkeztu beharko da eskaera, eta horrela egin dela frogatzeko titular berriari Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanen zaio.

2. "Finantza-kostuaren murriztapena diruz laguntzeko eskaera" izeneko Fc7.06.03 formularioa betez eginen da eskaera, eta horrekin batera, foru agindu honetako 3.3. artikuluan ezartzen diren agiri orokorrez gainera hurrengo agiri bereziak ere aurkeztu beharko dira:

_Justifikazio-memoria, gutxienez hauekin: enpresaren aurrekarien deskribapena, inbertsioak egiteko arrazoiak, bete nahi diren helburuak, eginen diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda balioztatua, burutzeko aurreikusi diren epeak.

_"Finantza-kostuaren murriztapena" izeneko dirulaguntzari dagokionez, gainera, hurrengo agiriak ere aurkeztu beharko dira: proformako fakturak edo aurrekontuak obra unitateen arabera. Eta lokaletan, lurretan eta eraikuntzetan egin badira inbertsioak: salerosketaren kontratua.

14. artikulua. Inbertsioetarako dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena.

Merkataritza Zerbitzuak eskaera ebaluatuko du baldintzak betetzen diren egiaztatzeko eta, eskatu den dirulaguntzaren modalitatearen arabera, honela jokatuko du:

a) Finantza-kostuaren murriztapena: finantza erakundeari edo errentamendu finantzarioaren erakundeari eskatuko zaio hiru hilabeteko epean aurkez dezan bere bezeroarekin formalizatu duen eragiketaren kontratuaren, polizaren edo eskrituraren kopia. Era berean, errentamendu finantzarioaren eragiketak egin badira, errentamendu finantzarioaren erakundeak erosi duen ondasunaren fakturaren kopia ere aurkeztu beharko du.

Epe horretan aipatu agiriak aurkeztu ezean, interesatuek eskaera bertan behera utzi dutela ulertuko da eta, ondorioz, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

Agiri guztiak aurkeztu badira, "Finantza-kostuaren murriztapenerako" dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena emanen da; ebazpen horretan, gainera, epe bat ezarriko da inbertsioa egin dela eta jasotako fondoak behar bezala erabili direla justifikatzeko hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

dirulaguntza behin bakarrik ordainduko zaio entitate finantzarioari eta honek mailegu edo errentamendu finantzarioko eragiketaren kapital bizia ordaindu den dirulaguntzaren zenbateko berean murriztuko du.

b) Inbertsioaren %5eko dirulaguntza: modalitate hau bakarrik eskatzen bada, Zerbitzuak interesatuari jakinaraziko dio foru agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituela eta epe jakin bat emanen dio inbertsioa hurrengo artikuluan ezartzen den moduan egiten duela justifikatzeko.

15. artikulua. Inbertsioetarako dirulaguntzaren justifikazioa.

Inbertitzeko eskatu den dirulaguntzaren modalitatearen arabera, egin diren gastuak eta ordainketak honela justifikatuko dira:

a) "Finantza-kostuaren murriztapena": onuradunak finantza erakundearen bitartez aurkeztu beharko ditu, dirulaguntza eman eta ordaintzeko ebazpenean ezartzen den epearen barruan, inbertsioa egin dela eta jasotako fondoak behar bezala erabili direla egiaztatzen duten agiriak.

Horretarako, "Inbertsioen justifikazioa" izeneko Fc7.06.04 formularioa erabili beharko du eta hurrengo agiriak aurkeztu beharko ditu:

_Egindako jardueren memoria zehatza eta bete nahi diren helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

_Egin diren inbertsioen frogagiriak, hau da, fakturak eta ordaindu izanaren agiriak: ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak.

b) Inbertsioaren %5eko dirulaguntza: ezarritako epean baldintzak betetzen dituen eskatzaileak a) atalean aipatzen diren formularioa eta inbertsioa justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko du.

Merkataritza Zerbitzuak agiri guztiak aztertu ondoren dirulaguntza eman eta ordaintzeko ebazpen proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunak dirulaguntzaren modalitate horretarako eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.

II. KAPITULUA

Irudia eta kudeaketa hobetzea

16. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diruz lagunduko dira Nafarroako merkataritzako establezimenduen irudia eta kudeaketa hobetzeko jarduerak, hurrengoen ondorioz egin badira:

a) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: Nafarroako Gobernuaren Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuak eman dituen gomendioen ondorioz inbertsioak egin dituzten enpresak. Laguntzak eskuratu ahal izateko jarraipen-fitxan agertzen diren ekintza guztiak egin direla egiaztatu beharko da.

Nafarroako Barne Merkataritza Berritzeko Planean aurreikusten den Zerbitzu honen helburua da txikizkako merkataritza establezimendu batek egun duen egoera aztertzea eta establezimenduaren kudeaketa berritu eta hobetzeko gomendio teknikoak egitea, horrela errentagarriagoa izanen delako eta sektorean lehiakorragoa ere izanen delako.

dirulaguntza hori jasotzen ahalko dute foru agindu honetako 19. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresek.

b) Irudi komunera egokitzeko inbertsioak: erosketen zentraletako, hirietako merkataritza zentroetako edo txikizkako udal merkatuen kontzesionarioetako enpresak, horien irudi komunera egokitu daitezen.

Diruz laguntzeko moduko inbertsioak izan daitezen, erakundeak inbertsioak egiten hasi baino lehen eskatu beharko dio Industria eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiari proiektua foru agindu honetan ezarritako araubidean sar dezan.

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, bestalde, ebazpen baten bidez adieraziko du proiektua diruz laguntzeko modukoa dela onartzen edo ukatzen duen.

Onartuz gero, enpresa elkartuek dirulaguntza eskatzen ahalko dute, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

c) Merkataritzan kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: dirulaguntza jasotzen ahalko dute UNE 175001 "Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea" Arau multzoaren arabera lehenengo ziurtagiria lortzeko beharrezkoak diren inbertsioak egin behar dituzten enpresak.

17. artikulua. Diruz lagundu beharreko jardueraren baldintzak.

Diruz lagundu beharreko jarduerak hurrengo baldintzak bete beharko ditu:

1. Aurreko artikuluren baten ondorioz irudia eta kudeaketa hobetzeko egin behar diren inbertsioak, eta kontzeptu hauetako bat izan behar dute:

a) Lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obra zibila.

b) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:

_Makinak, instalazio teknikoak, merkataritzako altzaria eta ekipamendua, garraiatzeko merkataritza gaiak, turismoak izan ezik.

_Ekipamendu informatikoak eta softwarea (web orriak egiteko eta sarean sartzeko hasierako gastuak eta banda zabalaren bidez Interneteko konexioan alta emateko kostua barne).

_Frankizietan sartzeko eta erosketen zentralei hasieran atxikitzeko kanona ordaintzeagatiko gastuak.

_Merkataritza jarduerarako aktibo finkoan egin behar diren bestelako inbertsioak.

2. Gutxienez 1.000 euroko inbertsioa egin beharko da.

3. Diruz lagunduko dira hurrengo epeen barruan egiten diren jarduerak:

a) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren jardueren fitxa onetsi den egunetik urtebetean. Hala ere, epe hori luzatu eginen da egin beharreko inbertsioen ezaugarriak direla-eta epe luzeagoa behar bada eta aipatu fitxan horrela ezartzen bada.

b) Irudi komunera egokitzeko inbertsioak: proiektua diruz laguntzeko modukoa dela onesteko ebazpenean (aurreko artikuluan aipatu den horretan) ezartzen den epean.

c) Kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: lehenengo ziurtagiriaren auditoretza gainditu den egunaren aurreko 6 hilabeteetan.

18. artikulua. dirulaguntzaren zenbatekoa.

Irudia eta kudeaketa hobetu ahal izateko, inbertsioaren %20rako dirulaguntza emanen da, baina jarraian jarduera bakoitzerako ezartzen diren mugak kontuan hartuta:

_Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: 6.000 euro.

_Irudi komunera egokitzeko inbertsioak: 6.000 euro.

_Kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: 3.000 euro.

19. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintza bereziak.

Irudia eta kudeaketa hobetzeko dirulaguntzaren onuradunak izanen dira hurrengo baldintza bereziak betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresak:

1. Negozioen urteko zenbatekoaren gutxienez %70 EJSN-93ko 52.1 eta 52.5 multzoen barruan sartzen diren jardueretarako izatea, abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Enpresa txikitzat jotzen direnak, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz eman zuen 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoa betez.

3. Jarduera burutzeko administrazioaren baimen edo emakida berezirik behar ez dutenak.

20. artikulua. Eskaera eta agiri bereziak aurkezteko epea.

1. Foru agindu honetako 17. artikuluan jarduerak burutzeko ezartzen diren epeak amaitu eta hilabetera aurkeztu beharko da irudia eta kudeaketa hobetzeko dirulaguntzaren eskaera.

2. "Merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko eskaera" izeneko Fc7.06.05 formularioa betez eginen da eskaera, eta horrekin batera, foru agindu honetako 3.3. artikuluan ezartzen diren agiri orokorrez gainera hurrengo agiri bereziak ere aurkeztu beharko dira:

a) Memoria zehatza, gutxienez hauekin: garatu diren jarduerak, bete nahi diren helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa, egin diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda baloratua eta, gainera, kasuaren arabera, hurrengoak ere bai:

_Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: jarraipen-fitxan aurreikusitako ekintzen frogagiriak eta ezarri direlako adierazpena.

_Erosketen zentralen eta hirietako merkataritza zentroen irudi komuna egokitzea: dagokion merkatarien elkargokoa delako frogagiria.

_Kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: arauaren zein puntu bete behar den adieraztea eta lehen ziurtagiriaren auditoretza gainditu izanaren frogagiria.

b) Egindako ekintzen frogagiriak: fakturak eta ordaindu izanaren agiriak, adibidez, ordainagariak, letrak eta banku-karguak.

III. KAPITULUA

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea

21. artikulua. dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diruz lagunduko da informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzea, ondoko jarduerak eginez:

1. Merkatarien elkarteek egin dituzten inbertsioak zerbitzuak Internet bidez emateko sistemak ezarri eta garatu ahal izateko. Besteak beste:

a) Elkarteek euren bazkideei ematen dizkieten zerbitzuak hobetzen lagun dezaketen sare informatikoak ezartzea.

b) Bazkide diren establezimenduek salmentak egitea elkarteak sarean duen atariaren bidez.

2. Elkarte bateko merkatariak elkarteari lotutako proiektuak abiarazi eta garatzeko euren artean edo elkartearen egoitzarekin sarearen bidez konektatuta egoteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren inbertsioak.

22. artikulua. Diruz lagundu beharreko jardueraren baldintzak.

Diruz lagundu beharreko jarduerak hurrengo baldintzak bete beharko ditu:

1. Merkatarien elkarteek ekipamendu eta aplikazio informatikoetan egindako inbertsioak, eta aurreko artikuluan aipatutako proiektuak ezarri eta garatzeko beharrezkoa den aholkularitza teknikoa.

Aholkularitzarako gastuek dirulaguntza jasotzen ahalko dute inbertsioa egin bada.

dirulaguntzaren eskaera aurkeztu baino 9 hilabete lehenago egin diren gastuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza.

2. Elkarte bateko merkatariak euren artean edo elkartearen egoitzarekin sarearen bidez konektatuta egoteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren inbertsioak, elkarteari lotutako proiektuak gutxienez 5 komertzioko programa taldekatuetan abiarazi eta garatzeko.

dirulaguntzaren eskaera aurkeztu baino 3 hilabete lehenago egin diren gastuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza.

23. artikulua. dirulaguntzaren zenbatekoa.

IKT aplikatzeko dirulaguntza inbertsioaren %25 izanen da, baina jarraian jarduera bakoitzerako ezartzen diren mugak kontuan hartuta:

_Elkartea: 12.000,00 euro.

_Programa taldekatuak: 1.500,00 euro merkataritzako establezimendu bakoitzeko.

24. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintza bereziak.

IKT aplikatzeko dirulaguntzaren onuradun izanen dira hurrengo baldintza bereziak betetzen dituztenak:

_Merkatarien elkarteak eta ezaugarri eta xede berdintsuak dituzten elkarteak, ordezkaritza nahikodunak: gutxienez 10 enpresa txikik osatuko dituzte, horietariko gehienak merkataritzakoak izanen dira, Nafarroan kokatutako dira eta ez dira elkarren mendekoak izanen.

_Merkataritzako txikizkako enpresa txikiak: EJSN-93ko 52.1. eta 52.6. multzoen arteko jardueraren bat izanen dute, merkataritzakoak izanen dira eta eskaerak gutxienez 5 komertziok osatutako proiektu taldekatuetan aurkeztuko dituzte.

25. artikulua. Eskaera eta agiri bereziak aurkezteko epea.

1. Foru agindu honetako 22. artikuluan inbertsioak burutzeko ezartzen diren epeak amaitu eta hilabetera aurkeztu beharko da IKT aplikatzeko dirulaguntzaren eskaera.

2. "Merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko eskaera" izeneko Fc7.06.05 formularioa betez eginen da eskaera, eta horrekin batera, foru agindu honetako 3.3. artikuluan ezartzen diren agiri orokorrez gainera hurrengo agiri bereziak ere aurkeztu beharko dira:

a) Memoria zehatza, gutxienez hauekin: garatu diren jarduerak, bete nahi diren helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa, egin diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda baloratua eta, gainera, programa taldekatuen kasuan, dirulaguntzaren xede izanen diren komertzioen zerrenda.

b) Egindako ekintzen frogagiriak: fakturak eta ordaindu izanaren agiriak, adibidez, ordainagariak, letrak eta banku-karguak.

Xedapen gehigarri bakarra._Gastuaren urteko baimena.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren ebazpen bidez baimenduko da urtero foru agindu honetan arautzen den merkataritzaren sektorea indartzeko programarako dirulaguntzaren gastua.

Xedapen iragankor bakarra._Hasitako prozedurak.

1. Foru agindu hau ez zaie aplikatuko indarrean jarri baino lehen hasi diren "Mailegu edo errentamendu finantzarioaren eragiketak finantzatzeko kostua murriztea" izeneko prozedurei; aitzitik, prozedura hauei aurreko araudia aplikatuko zaie.

2. Foru agindu hau indarrean jarri baino lehen Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuan parte hartu duten enpresek foru aginduan ezarritako dirulaguntzari jasotzen ahalko dute, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

_Inbertsioak 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen egin badira, dirulaguntzaren eskaera foru agindu hau indarrean jarri eta hilabetera aurkezten ahalko da.

_Inbertsioak 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen egin ez badira, 2007ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira inbertsioak eta eskatzen ahalko da dirulaguntza.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Arauak indargabetzea.

1. Foru agindu honek indarra hartu eta indargabetuta geratuko dira bertan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak. Bereziki hauek geratuko dira indargabetuta:

_66/2000 Foru Agindua, maiatzaren 11koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariarena; horren bidez, Nafarroako merkataritzako banaketaren sektoreko enpresa txikiak informatizatzeko ematen diren itzuli beharrik gabeko zuzeneko laguntzak arautu dira.

_69/2000 Foru Agindua, maiatzaren 18koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariarena; horren bidez, merkataritzako banaketaren sektoreko enpresentzat urtarrilaren 16ko 4/1995 Foru Dekretuan ezartzen diren inbertsioetarako laguntzak garatu dira.

_38/2001 Foru Agindua, martxoaren 22koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariarena; horren bidez, Nafarroako merkataritzako banaketaren sektoreko enpresa txikiak informatizatzeko ematen diren itzuli beharrik gabeko zuzeneko laguntzak arautu dituen maiatzaren 11ko 66/2000 Foru Agindua aldatu da.

_132/2001 Foru Agindua, azaroaren 8koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariarena; horren bidez, merkataritzako banaketaren sektoreko enpresentzat urtarrilaren 16ko 4/1995 Foru Dekretuan ezartzen diren inbertsioetarako laguntzak garatu dituen maiatzaren 18ko 69/2000 Foru Agindua aldatu da.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoak ez du galarazten foru agindu honen xedapen iragankor bakarrean ezarritakoa.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 30ean._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0619303