156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

"MAIRAGA - ZONA MEDIA <> ERDI ALDEA" MANKOMUNITATEA

Estatutuen argitalpena

Mairagako Mankomunitateko Batzarrak, 2006ko ekainaren 28an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mankomunitate horretako Estatutuetako aldaketa.

Hasierako onespen hori Mankomunitateko udalen idazkaritzetan egon zen hilabetean ikusgai, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

2006ko urriaren 4an, Batzarrak behin betikoz onetsi zuen Estatutuetako aldaketa. Mankomunitateko udal bakoitzak aldaketa hori onetsi eta berretsi ondoan, testu osoa argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 50. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Tafallan, 2006ko abenduaren 15ean._Mankomunitateko burua, Javier Ibáñez Iborra.

"MAIRAGA - ZONA MEDIA <> ERDI ALDEA" MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. I. eranskinean agertzen diren udalek Mankomunitatea osatzen dute, beren eskumeneko zerbitzuak elkarren artean antolatu eta eskaintzeko. Zerbitzu horiek Estatutu hauen II. kapituluan aipatzen dira

Kide berrien onartzea eta kanporatzea estatutuetan horri dagozkion arauei jarraituz eginen da.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da, horren ordezko izanik Nafarroako toki entitateei aplikatzen ahal zaien arautegia.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

Izaera publikoko administrazio entitatea den aldetik, Mankomunitate honek ahalmen juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko. Bere lurralde esparrua une bakoitzean mankomunitatea osatzen duten toki entitateen udalerriek osatuko dute.

Bere eskumenen barnean, berak egiten dituen zerbitzuekin zerikusia duten gertakariak izaten diren eremu fisikoetan ariko da Mankomunitatea.

3. artikulua. Izena eta helbidea.

Udalez gaindiko toki entitate horren izena "Mairaga - Zona Media <> Erdi Aldea" izanen da, eta helbidea, berriz, Tafallan izanen du.

II. KAPITULUA

Mankomunitatearen helburua eta xedeak

4. artikulua. Mankomunitateak xede hau izanen du:

1. Toki entitateetako zerbitzu publikoen plangintza, betearazpena eta kontrola eskualde ikuspegi batetik koordinatzea, Mankomunitateak bere kideekin sinatzen ahal dituen hitzarmenetan ezartzen den moduan eta halabereko ahalmen eta mugekin.

2. Toki entitateei laguntza teknikoa ematea, haiek beren eskumenak erabiltzerakoan eta zuzenean egiten dituzten zerbitzuak ematekorakoan.

3. Toki entitateen eskumenen barnean, zerbitzu hauek egitea:

a) Ur hornidura, saneamendua eta hondakin-uren arazketa eta, oro har, uraren ziklo integralaren kudeaketa.

b) Hiri hondakin solidoen bilketa eta tratamendua.

c) Ingurugiroaren babesa a) eta b) atalei lotua dagoen orotan.

d) Ekintza sozioekonomikoa eta eskualdeko garapena bultzatzekoa.

e) Gizarte zerbitzuak.

f) Mankomunitateko udaletan mota guztietako kirol jarduerak, gazteriarendako jarduerak eta soziokulturalak planifikatu, sustatu, eman, garatu eta koordinatzea, dela zuzenean dela udal horiekin elkarlanean, herri bakoitzeko jarduerak errespetatuz.

g) Toki entitateen eskumenen barnean, etxebizitza eta eraikinen zaharberritzea kudeatu eta hirigintzako aholkuak ematea.

h) Mankomunitateko udal batek baino gehiagok erabil ditzakeen langile, bitarteko eta zerbitzuak kontratatzea.

i) Mankomunitatearen langileen bidez, aholku ekonomikoak ematea eta kontu-hartzailetzako egitekoetan laguntzea aholkuak eta laguntza eskatzen duten Mankomunitateko udalei.

4. Bere zerbitzuak eta eskumenak, hurrenez hurren, ahalik eta hobekien kudeatu eta erabiltzeko, Mankomunitateak posible du:

a) Aitzineko 1. lerroaldeko zerrendan agertzen diren gai baterako edo bakoitzerako atal berariazkoak eratzea, Mankomunitateko entitateak haietan sar daitezen.

b) Zerbitzu horiek emateko beharrezkoak diren obra eta instalazioak egitea.

c) Mankomunitateak nahi adina jarduera egiten ahal du arestian aipatutako xedeetarako zuzenean edo zeharka baliagarriak badira, eta legeriak toki entitateei ematen dizkien eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

III. KAPITULUA

Mankomunitatearen zuzendaritza eta kudeaketa organoak

5. artikulua. Mankomunitateak zuzendaritza organo hauek ditu:

_Batzar Orokorra.

_Mankomunitateburua.

_Batzorde Iraunkorra.

6. artikulua. Batzar Orokorra Mankomunitatearen zuzendaritza organo gorena izanen da, eta bere eskumenak estatutu hauek zehazten dituztenak nahiz antolamendu juridikoak esleitzen dion bertze edozein izanen ditu.

7. artikulua. Mankomunitatearen Batzarrak mankomunitateburu bat izendatuko du bere kideen artetik aukeratuta. Mankomunitatearen ordezkaria izanen da bertze pertsona fisiko edo juridiko batzuekin dituen harremanetan, eta horretaz gainera, estatutu hauek esleitutako edo Batzarrak berak ematen dizkion eginkizunak beteko ditu.

Mankomunitateburua batzarkide bat izanen da, horretarako egiten den ezkutuko lehen bozketan Batzarra osatzen duten eskubidedun ordezkarien botoetatik erdia gehi bat eskuratzen dituena.

Batzarkide batek ere ez badu lortzen aurreko lerroaldean eskatutako gehiengoa, bigarren bozketa eginen da, hori ere ezkutukoa, eta horretan mankomunitateburu hautatuko da emandako botoen gehiengo soila lortzen duena.

Berdinketa egonez gero, berdindutako izangaien artean biztanle gehien dituen toki entitateko batzarkidearen alde eginen da eta berdindutako izangaiak toki entitate beraren ordezkariak badira, horietan zaharrena hautatuko da.

Mankomunitateko buruordea buruak izendatuko du, batzarkideen artean.

Buruorde izateko izendatuak edo haren ondoren izendatuek ez badute kargua onartzen, burua hautatzeko bozketan bigarren geratu denari eskainiko zaio kargua eta, hark nahi ezean, ondorengoei.

8. artikulua. Mankomunitateko Batzorde Iraunkorraren osaketa, funtzionamendu eta eskumenak Estatutu sozialetan ezarriko dira; mankomunitateburuak edo Batzar Orokorrak esleitutakoak ere izanen ditu.

Batzorde hori hamar batzarkidek osatuko dute, horietako bat mankomunitateburua eta Batzorde Iraunkorreko burua izanen delarik.

Mankomunitatea osatzen duten entitateek ordezkari hauek izanen dituzte:

Tafalla: 4 batzordekide.

Erriberri: batzordekide 1.

Caparroso: batzordekide 1.

Zarrakaztelu: batzordekide 1.

Ipar aldea: batzordekide 1.

Erdi aldea: batzordekide 1.

Hego aldea: batzordekide 1.

Ipar aldeko batzordekidea (1.861) Barasoain, Garinoain, Leotz, Oloritz, Orisoain, Puiu eta Untzueko udalen ordezkaria izanen da.

Erdi aldeko batzordekidea (2.231) Beire, Murillo El Cuende, Pitillas, San Martin Unx eta Uxueko udalen ordezkaria izanen da.

Hego aldeko batzordekidea (2.531) Melida, Murillo El Fruto eta Santakarako udalen ordezkaria izanen da.

9. artikulua. Honako hau dagokio Batzorde Iraunkorrari:

I._Dirubilketa eta diruzaintza zerbitzuak antolatzea.

II._"Kontratuak egitea, urtebete baino luzeagoak ez direnak baldin eta dirusarrera arrunten %10 baino handiagoko zenbatekoa badute eta urteko aurrekontu arruntean emandako kredituak baino handiagoak eskatzen ez dituztenak, aldez aurretik, betiere, alderdi horiek erakusteko txostenak dituen espedientea formalizatuta."

III._Kudeaketa ekonomikoaren garapena, onetsitako aurrekontuaren arabera.

IV._Ondasunak eskuratu eta besterentzea, zenbatekoa baliabide arrunten %10etik gorakoa ez bada eta ez badira mankomunitateburuaren eskukoak.

V._Aurrekontuetan ezarritako kontuatalen kargurako diru kopuruak banatzea.

VI.-Mankomunitateak bere eskumenaren barnean egin behar dituen jarduketen azterketa, informazioa, proposamena eta sustapena.

VII._Langileen gaineko auziak konpontzea, Estatutu hauen eta aplikatzekoa den oinarrizko legediaren arabera mankomunitateburuari edo Batzarrari dagozkionak izan ezik, deusetan ukatu gabe Batzorde Iraunkor honen alde eskuordetzeak egitea, indarra duen legeadiari jarraikiz.

10. artikulua. 1. Mankomunitateak bere zerbitzuak zuzen nahiz zeharka kudeatzeko indarra duen legeriak eta, zehatz-mehatz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluan aurrikusten diren bideak erabiliko ditu, zerbitzu horiek egitearren edo bere eskumenak erabili eta kudeatzearren.

2. Berariaz, kudeaketa organo bat izaten ahalko du, eta haren forma erantzukizun mugatuko merkataritza sozietatea izanen da. Sozietateko kapitala Mankomunitatearena izanen da oso-osorik

Horrela eginez gero, merkataritza sozietate horrek bere estatutu sozialetan zehazten diren eskurantzak izanen ditu arau, subsidiarioki toki entitateen araubideko legeria eta aipatu merkataritza sozietateak arautzen dituena aplikatuko zaizkiola. Mankomunitateko Batzar Orokorra sozietatekoa ere izanen da.

11. artikulua. Mankomunitateak, horren kudeaketa organoak eta korporazio mankomunatuek, beren legezko ordezkarien bidez, elkarren artean lan eginen dute zerbitzuak ahalik eta hobekien egiteko. Hori dela eta, behar diren argibideak, sostengua edo zaintza eskainiko diote elkarri.

12. artikulua. Mankomunitateak nomina eta plantilako idazkari bat izaten ahalko du, honako eginkizunekin: aginduzko lege aholkularitza eta fede publikoa.

Lanpostu hori sortzen ez den bitartean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 240. artikuluan xedatuaren arabera bete ahalko dira egitekoak.

Mankomunitateko organoen zuzendaritzapean, egiten diren zerbitzu eta jarduera guztien koordinazio eginkizunak betetzen ahalko ditu, bai eta sozietate kudeatzaileari edo atal berezi bati esleituta ez daudenen zuzendaritza ere.

Kontu-hartzailetzako lanpostu berariazkoa izanen du Mankomunitateak, dagozkion egiteko publikoak betetzeko. Dena dela, Nafarroako Toki Araubidea gaurkotzeari buruzko 11/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Mankomunitateko funtzionarioek bete ahalko dituzte egiteko horiek, baldin eta behar den titulazioa badute eta berariaz lan horiek ematen bazaizkie.

Diruzaintza eginkizuna Batzarrak zehazten duen gisan beteko da, arlo horretan indarra duen arautegia aplikatuz.

IV. KAPITULUA

Batzar Orokorra

13. artikulua. Batzar Orokorra Mankomunitatearen organo gorena izanen da, eta bere eskumenak eta eskurantzak estatutu hauek zehazten dituztenak eta antolamendu juridikoak esleitzen dion beste edozein izanen dira.

14. artikulua. Osaketa.

Mankomunitateko Batzar Orokorrean Mankomunitateko udalak islatuko dira; izan ere, udal horiek osoko bilkuretan hautaturiko pertsonek osatuko dute, eta arau hauek aplikatzetik sortzen den batzarkide kopurua izanen du batzar honek:

_Udal guztiek izanen dute, gutxienez, ordezkari bat eta boto bat; beste bat izanen dute, erroldako lehen mila pertsonetatik aurrera duten milako bakoitzeko.

_Orobat, 10.000 biztanle baino gehiagoko herriek, aurreko araua aplikatzearekin lortzen dituzten ordezkariez gain, beste hiru izanen dituzte.

Mankomunitateko udalen ordezkarien kopurua aldatzeko, kontuan izanen da Udalak berritzeko udal hauteskundeak izaten diren urteko urtarrilaren 1ean erroldetan dagoen populazioa.

Kontzejuren bat aurrerago udal bakun bilakatzen bada, eskubidedun biztanleen arabera dagozkion botoak izanen ditu. Aldi berean, lehenago Kontzeju horri zegokion udalerri konposatuko gainerako kontzejuek, batzarkide ordezkarien kopurua ateratzeko beren eskubidedun biztanleak hartuko dituzte kontutan, bereizi dena alde batera utzita.

Entitateek Batzar Orokorrean duten ordezkaritza eta boto kopurua estatutu hauen eranskinean agertzen da eta aldatuz joanen da kideen kopurua edo egoerak aldatzen diren heinean.

15. artikulua. Hautaketa.

Mankomunitateko Batzar Orokorreko ordezkarien izendapena eta kargutik kentzea Mankomunitateko korporazio bakoitzak eginen du, eta izendapenak hurrengo udal hauteskundeetan berrituko dira.

Ez-agertzea, eritasuna, heriotza, kargutik kentzea edo antzeko kasuak gertatzen direnean, dagokion korporazioak batzarkide titularraren ordezkoa izendatuko du, aurrekoa kargutik kendu eta hilabeteko epean.

Mankomunitatean erabakiak hartzeko ahalmena duten organo kolegiatuetan, bakarrik edo elkartuta, ordezkari bakarra duten entitateek titularra eta haren ordezkoa izendatuko dituzte, Estatutu hauekin bat. Biek izanen dute dagokien ordezkaritza, baina bakar batek gauzatu ahalko du botoaren bidez".

Ordezkarien izendapena entitate batzuk elkarrekin egin behar dutenean, bidezko den hautaketa prozedura erabiliko dute, betiere indarra duen legeriari loturik.

16. artikulua. Mankomunitateko batzarkideek honakoetan galduko dute kargu hori:

a) Izendatu zituzten entitateek kargutik kentzen dituztenean.

b) Hautetsi izatetik gelditzen direnean.

c) Korporazio berriak eratzen direnean.

Azken c) ataleko kasuan, Mankomunitatea osatzen duten toki entitateetako batzarkide ordezkariek beren karguetan segituko dute, jardunean, behar diren udal hauteskundeak egin ondoren Batzar berria eratu bitartean. Batzarra eratzeko bilkura toki korporazio berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da. Bitarte horretan, kargua utziko duten organoek ezin izanen dute erabakiririk hartu gehiengo kualifikatua beharrezkoa baldin bada.

17. artikulua. Batzar Orokorrak sei hilabetean behin eginen ditu bilkurak gutxienez, nahiz eta bidezko iruditzen zaion hainbat bilkura egiten ahalko duen, bai mankomunitateburuak deituta, bai Batzorde Iraunkorrak edo Batzarra osatzen duten kideen herenak eskatuta.

Bilkura horiek Udaletako bilkuren funtzionamendua zuzentzen duen arauteriari jarraituz egin beharko dira.

18. artikulua. Bilkurarako deia mankomunitateburuak edo legez bere ordezkaria denak eginen du eta aurretiaz jakinarazi beharko da, eztabaidatuko diren gaiak aztertu ahal izateko. Epe hori ez da inoiz ere 7 egunetik beherakoa izanen.

Bilkuraren eguna, ordua eta tokia agertaraziko dituen deiarekin batera, eguneko gai-zerrenda eta eztabaidarako gaiak hobeki jakiteko beharrezkoak diren agiriak emanen dira.

19. artikulua. Bilkurak baliozkoak izateko quoruma, kideen legezko kopuruaren herena izanen da.

Quorum horrek bilkura osoan iraun beharko du.

Dena dela, zerbitzu bakar bati buruz eztabaidatu eta erabakiak hartzen ahalko dira, nahiz eta Batzarraren quorum orokorra ez egon, baldin eta zerbitzu horretan sartutako kideen herena badago bertan.

Ezin izanen da bilkurarik egin, mankomunitateburua eta idazkaria edo horien legezko ordezkariak agertzen ez badira.

Lehenbiziko deialdian beharrezko quorumik ez bada, bilkura bi egun geroago eginen da, ordu berean. Horretan ere beharrezko quoruma lortzen ez bada, mankomunitateburuak deialdia bertan behera utziko du, eta eguneko gai-zerrendan sartutako gaien azterketa hortik aurrera egiten den lehen bilkurara atzeratuko da.

20. artikulua. Orokorrean, agertzen diren kideen gehiengo soilaren bidez hartuko dira erabakiak.

Horretarako, Mankomunitateko udal batek eskuordetu ez dituen eskumenen inguruko bozketetan, herri horrek gobernu organoetan dituen ordezkariek ez dute botorik emanen.

Bozketetan berdinketa gertatuz gero bertze bozketa bat eginen litzateke eta, berdinketa hautsiko ez balitz, mankomunitateburuaren kalitatezko botoak erabakiko luke.

21. artikulua. Batzarreko kideen legezko kopuruaren erabateko gehiengoak aldeko botoa eman beharko du, gai hauetan erabakiak hartu ahal izateko:

a) Ordenantza eta tarifa orokorrak onesteko, zerbitzuen erabiltzaileak edo Mankomunitatearen, sozietate kudeatzailearen edo gainerako atalen funtzionamendu sistema ukitzen direnean.

b) Obra eta inbertsioen urteanitzetarako planak onesteko.

c) Mankomunitatean kide berriak onartzeko.

d) Mankomunitateburua eta mankomunitateburuordea izendatu, kargutik kendu eta botatzeko, eta haien dieta eta lansariak zehazteko.

e) Toki araubideko arautegiaren arabera, aipatu quoruma behar duen bertze edozein gaitan.

22. artikulua. 1. Indarra duen legeriak zehazten duen prozeduraren barnean, beharrezkoa izanen da Batzarreko kideen legezko kopuruaren 2/3en aldeko botoa, honetarako:

a) Mankomunitatearen estatutuak onetsi eta aldatzeko.

b) Sozietate kudeatzaileak edo atalak sortzeko eta estatutuak edo horien erregelamenduak onetsi nahiz aldatzeko.

2. Entitate bat halako atal edo zerbitzu bati atxikitzeko, entitate interesatu horren adostasuna beharko da. Puntu hau aldaezina izanen da, aho batez ez bada, Mankomunitateak gerora izan ditzakeen aldaketetan.

23. artikulua. Batzarrak hartzen dituen erabaki guztiak Mankomunitateko korporazio ukituei igorri beharko zaizkie berehala, haien berri izan eta bidezko jarduketak egin ditzaten.

V. KAPITULUA

Mankomunitateburua, mankomunitateburuordea eta langileak

24. artikulua. Mankomunitateburua izanen da Batzarrak edo Batzorde Iraunkorrak hartzen dituzten erabakiak betearazteko ardura duen organoa; bi gobernu organo horien eztabaidak zuzenduko ditu eta Estatutuak zuzen betetzea zainduko du.

Berari dagokion eskumenaren barnean, legeek alkateei ematen dizkieten eskurantza berberak izanen ditu.

25. artikulua. Mankomunitateburu kargua Batzarrak izendatuko du eraketa bilkuran eta toki entitateetako kideak berritzen diren denboraldi berdinetarako berrituko dira horiek ere, kargutik kentzen dituztenean izan ezik, halakoetan hautaketa ahalik eta azkarrena eginen baita, kargu hutsa betea egon dadin.

Mankomunitateburua edo mankomunitateburuordea kargutik kentzeko prosamena eginez gero, izangai bat ere proposatu beharko da, kargu hutsa ahalbait lehenen bete dadin.

VI. KAPITULUA

Eskurantzak

26. artikulua. Batzar Orokorra.

Mankomunitateko Batzarrak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Bere eraketa, berritze eta handitzeari dagozkion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatu eta kentzea ere, estatutuei eta aplika daitezkeen lege eta erregelamenduei jarraikiz.

b) Mankomunitatearen xede diren aldetik egiten diren zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko beharrezkoak diren plan eta proiektuak onestea.

c) Urteko aurrekontuak eta kontuak onestea, bai Mankomunitatearenak bai atal berezienak, eta haiek aldatzea haiek betearazteko arauetako determinazioekin bat.

d) Edozein motatako ondasunak erostea eta besterentzea, Mankomunitatearen izenean eta hura ordezkatuz kontratuak egitea, zenbatekoagatik eta indarra duen legediaren arabera, mankomunitateburuak eta Batzorde Iraunkorrak ahalmenik ez dutenean.

e) Mankomunitateak bertze administrazio publiko batzuekin, Mankomunitateko entitateak barne, eskumenen kudeaketa eskuordetzeko egiten dituen hitzarmenak onestea.

f) Mankomunitatean sortu behar diren atalak eratzeko erregelamenduak onestea, bai eta horien berritzea ere.

g) Mankomunitateko entitateek Batzarrarekin sinatu beharreko koordinazio hitzarmenak onetsi edo berrestea.

h) Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzaren finantzabide zehatzak onestea.

i) Zerbitzuak kudeatzeko bideak onestea.

j) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

27. artikulua. Batzarrak Batzorde Iraunkorrari eskuordetu ahal izanen dizkio Udalek osoko bilkuretan eskuorde ditzaketen eskurantzak.

28. artikulua. Batzarretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, Udalen osoko bilkuren egintzak zuzentzen dituen bera izanen da.

29. artikulua. Mankomunitateburuaren eskurantzak.

Mankomunitateburuari eginkizun hauek dagozkio:

a) Bilkuretarako deialdiak egin eta horietan buru egitea, eta hartzen diren legezko erabakiak betetzeko eta betearazteko agindua ematea.

b) Bere erantzukizupean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia haundia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

c) Kontuhartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontu proiektuak prestatzea eta legezko zein arauzko xedapen aplikagarrien arabera onetsitakoek behar bezalako garapena izan dezaten xedatzea.

d) Aurrekontuko kontsignazioen barnean Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

e) Bertako fondo eta ondasunak administratzea eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.

f) Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

g) Entitatearen egintza eta agiriez ematen diren egiaztagiriak ikus-onestea bere sinaduraren bitartez.

h) Mankomunitatearen eta korporazio kideen arteko koordinazioa, baita barne organo ezberdinen artekoa ere, segurtatzea.

i) Lan eskaintza publikoa onestea, osoko bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

j) Ondasun higigarri eta higiezinak besterentzea eta kostu bidez eskuratzea, legeriak udalbatzetako alkate udalburuentzat une bakoitzean ezartzen dituen baldintza eta kasu beretan; orobat, urteko kontratuak egitea, aurrekontuko dirusarrera arrunten %10 ez badute gainditzen, edo zenbait urtetakoak, gastua ez bazaie aplikatzen lau ekitaldi baino gehiagori eta urte guztietako zenbateko metatuak ez badu gainditzen aipatutako portzentajea.

k) Zerbitzuek funtzionamendu ona izan dezaten eta Mankomunitatearen xedeak behar bezala bete daitezen beharrezko diren gainerako eginkizunak, toki araubideko oinarrizko legediak ezarritako eskumen banaketa errespetatuz, baldin eta Batzarrari, Batzorde Iraunkorrari edo sozietate kudeatzaileari ez badagozkio.

30. artikulua. Langileen eskurantzak, eginkizun publikoak betetzeko.

Mankomunitateko idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako egiteko publikoak betetzen dituzten pertsonak Mankomunitatearen funtzionarioak izaten ahalko dira, eta kasu horretan tokiko funtzio publikoari aplikatzekoa den legedian ezarritakoarekin bat hartuko dute kargua; edo, bestela, Mankomunitatean ordezkaritza duten udaletako idazkari eta kontu-hartzaileen artean hautatuko dira, eta kasu horretan izendapena edozein mementutan baliogabetzen ahalko da.

Kargu horiei legediak emandako egiteko publikoez gain, Batzarrak bidezko juzgatzen dituen eskurantzak ematen ahalko dizkie, elkartutako toki entitateak ongi funtzionatzeko.

31. artikulua. Atalak.

Atalek, beren funtzionamenduan, autonomia eta beren baliabideen eskuragarritasun eta titulartasun osoa izaten ahal dute, langile plantilak barne, zertarako sortu ziren, xede haiexek behar bezala bete daitezen.

Atal baten barnean egon nahi duten toki entitate guztiek bertan sartzeko erabakia hartu beharko dute eta aldez aurretik Mankomunitateko kide izan.

32. artikulua. Mankomunitateko organoek beren eskurantza batzuk atal bereziei eskuordetzen ahal dizkiete, horien eraketa erregelamenduen onespena edo aldaketa egiten denean, beti ere antolamendu juridikoari jarraituz.

Atal bati bereziki ematen ez zaizkion zerbitzuak Mankomunitateak kudeatuko ditu, bai eta Batzarrak erabakitzen dituenak ere, atal batentzat baino gehiagorentzat baliagarriak izateagatik.

VII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

33. artikulua. Mankomunitatearen eta bere atal berezien baliabide ekonomikoak honako hauek izanen dira:

a) Ondarea, horren barnean izanik Mankomunitatearen xedeak betetzeko orain eta gero beharrezkoak diren eskubide eta ondasun materialak. Ondare horrek bi osagai ditu: batetik, Mankomunitateko entitateek eta bertze administrazio publiko batzuek atxikitako eskubide eta ondasun materialak, beren gain edo eskuordetuta dituzten zerbitzuak ematekoak, alegia, eta bertzetik, Mankomunitatearenak diren edo eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

Mankomunitatearen ondasunen araubide juridikoa toki entitatei buruzko legedian aurrikusitakoa izanen da.

b) Edozein erakunde publiko edo pribatuk eta partikularrek emandako dirulaguntza, laguntza edo emariak.

c) Ondasun edo zerbitzuen errenta, etekin eta prezioak.

d) Kontribuzio bereziak, obrak egiteko edo Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuak ezarri, handitu nahiz hobetzeko.

e) Xedeak lortzeko hitzartzen diren kreditu eragiketa eta maileguetatik sortzen direnak.

f) Mankomunitateko korporazioen ekarpenak.

g) Indarra duen arauteriarekin bat, Mankomunitateak berak ezar ditzakeen edo legez dagozkion ordainerazpenen etekina.

h) Bertze entitate batzuei, Mankomunitatekoak barne, egokitu arren, eskuordetze hitzarmenen bidez bere gain dituen ordainerazpenen etekina.

i) Indarra duen arautegiak bidezko egiten duen edo ordainerazpena Mankomunitatearen esku uzten duen bertze edozein.

j) Mankomunitateko entitateei emandako zerbitzuen ordainak, estatutu hauetako 4. artikuluan adierazitako eskumenen esparruan.

34. artikulua. Mankomunitatearen administrazio antolaketaren funtzionamendu gastuak aurreko artikuluan aipatutako dirusarreretako edozeinekin ordainduko dira.

35. artikulua. Mankomunitateak bere ondare guztiaren inbentario baloratua egin beharko du, urtero zuzenduko dena eta Batzarra berritzen den aldioro egiaztatuko.

36. artikulua. Mankomunitateak eta bere atal bereziek baliabideak lortu eta aplikatzea, bertzeak bertze, irizpide hauetan oinarrituko da:

I._Mankomunitateak egindako zerbitzuen tarifak, berak ordainerazten dituenean, ez dira ezberdinak izanen udal mugapeen arabera, guztietan berberak ezarriko baitira.

II._Baliabideak ezarriko zaizkio sortarazten dituen zerbitzuari edo behar den dirulaguntza, kuota, kreditu, tarifa prezio edo dirusarrera lortu duenari.

III._Mankomunitateko herrien artean ez da inoiz ere mozkinik banatuko. Ekarpenak gutxiago igotzeko edo jeisteko, edo erreserba fondoak eratzeko nahiz aplikazio berriak egiteko erabiliko dira mozkinak.

37. artikulua. Ur hornidurarako beren zerbitzua era esklusiboan ematen segitzen duten Korporazioek, zerbitzu horretarako komenigarri juzkatzen dituzten ordainerazpenak zehaztu eta ezartzen ahal dituzte.

Nolanahi ere, Mankomunitatearen eskutan dauden zerbitzuen zergapeko ordainarazpenak koordinatzeko, Mankomunitatek bere gain hartzen ahalko du zergapeko ordainarazpen guztiak batera kobratzea, horien eskumena duen udalbatza bakoitzak hori erabaki eta Mankomunitatearekin adosten badu.

38. artikulua. 1. Mankomunitatearen eta bere atal berezien aurrekontu eta kontuak, bai egituran, bai eratu eta onesteko prozeduran, Nafarroako Udalei ezar dakizkiekeen legezko edo erregelamenduzko aginduei lotuko zaizkie.

2. Instalazio orokorren eta herrietako zerbitzu mankomunatuen kudeaketa ekonomikoa berezitua izanen da bai aurrekontuetako aurrikuspenetan, bai kontabilitatearen kontrolean ere.

39. artikulua. 1. Mankomunitateko korporazioak behartuta daude, eskubidedun biztanle kopuruaren proportzio zuzenean, Mankomunitateak edo bere atal bereziek izaten dituzten betebehar eta zorrei erantzutera, horretarako beren ondasun eta baliabideak erabiliz, Mankomunitatearenak aski ez badira.

2. Atalen batek sorrarazitako betebehar eta zorrei, horretan sartuta dauden toki entitateek baizik ez diete erantzunen.

Udalerri elkartuek, Mankomunitateari egin behar dizkioten ekarpen berariazkoak egozteko, zehaztu beharko dute zein zerbitzutara atxikitzen diren Mankomunitateak kudea ditzan, deusetan ukatu gabe gastu orokorrak finantzatzeko behar diren ekarpenak egin behar izatea zerbitzu bakoitzaren ondoriozkoen heinean.

3. Udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, beraiei dagozkien transferentzietatik ken ditzaten Mankomunitateak edo atal bereziek edozein kontzepturengatik zor duten diru kopurua, ordainketak egin ahal izateko. Halaber, baimena ematen zaio horietatik heldu diren fondoak kudeatu edo gordailaturik dituen edozein entitate publiko edo pribaturi, ordezkapen eragiketa bera egin dezan arestian aipatutako ordainketan.

VIII. KAPITULUA

Hirigintzako kudeaketa

40. artikulua. Ez da ez zerbitzurik ez urik emanen, ez eta isurketarik onartuko ere, hirigintzako erakunde eskudunak aurretik baimendu ez dituen urbanizazio edo eraikuntza berrietan.

IX. KAPITULUA

Kide berrien onarpena

41. artikulua. Mankomunitatean kide berriak onartzeko, hura eskubidez osatzen duten kideen legezko erabateko gehiengoak aldeko botoa eman beharko du. Ondoren onarpen erabakia jendaurrean jarriko da hamabortz egunez, bidezko alegazioak aurkeztu daitezen. Epe horretan entzutea emanen zaio Nafarroako Gobernuari, egoki iruditzen bazaio, proposatu diren onarpenen gaineko iritzia ager dezan. Epea bukatu eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez badu, onarpena behin betikoa izanen da.

X. KAPITULUA

Indarraldia eta desegitea

42. artikulua. Mankomunitateak mugagabeko indarraldia izanen du.

43. artikulua. Mankomunitatea osoki edo partez desegiteko, toki araubidearen gainean berari aplikatzen zaion legerian zehazten dira arrazoiak. Bertan dagoen entitateren baten bereizketa eskabidea onartu ahal izateko, ziurtatu egin beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala eman ahalko dituela, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik egiten eta azken honek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela. Mankomunitateko Batzarrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakiak horren ondorioak beharko ditu, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Estatutu hauek indarra hartzen duten unean Batzarreko eta Batzorde Iraunkorreko kideak diren pertsonek beren karguak utziko dituzte, eta Mankomunitateko entitate bakoitzak organo bakoitzerako izendatzen dituen pertsonek hartuko dute haien lekua, Estatutu berrietan ezarritako osaketa berriarekin bat.

Dena dela, organo horien burua eta buruordea beren karguetan geratuko dira, kargutik kentze, kargu uzte edo heriotzerik ez bada behintzat; karguetan geratu, harik eta udalek aukeratutako kide berriek horien ordezkoak ezarri arte.

Bigarrena._Eratzen denetik aitzinera, Mankomunitateak azterketa bereziak eta harremanak hasiko ditu bera osatzen duten entitateekin, hornidurako sare lokalak bere gain hartzeko oinarriak zehaztu ahal izateko, eta halaber jarduera horri dagozkion eskubide eta eskurantzak.

Herrietako hornidura sareak Mankomunitateari uzteak berekin dakar herri bakoitzak dituen ur instalazio eta baliabide guztiak uztea; herriek horiek erabiltzen ahalko dituzte udal eskumeneko zerbitzuetarako (lorategiak ureztatzeko putzuak, futbol zelaiak...), Mankomunitatearen helburuak betetzeko ezinbestekoak ez badira.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauen edo atal bereziak eratzeko erregelamenduen kontrakoa ez den orotan, Nafarroako Mankomunitate eta Udalen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen toki araubideko arautegia aplikatuko da.

I. ERANSKINA

H E R R I A ORDEZKARIAK

TAFALLAKO UDALA 13

ERRIBERRIKO UDALA 3

PITILLASKO UDALA (ura) 1

BEIREKO UDALA 1

BARASOAINGO UDALA 1

GARINOAINGO UDALA 1

OLORIZKO UDALA 1

Oloritz -

Mendibil -

Soltxaga -

Etxague -

Beste entitate batzuk -

M. EL CUENDEKO UDALA 1

Murillo el Cuende -

Traibuenas -

Arrada -

UXUEKO UDALA 1

SAN MARTIN UNXKO UDALA 1

PUIUKO UDALA 1

UNTZUEKO UDALA 1

ORISOAINGO UDALA 1

LEOZKO UDALA (zaborra) 1

Artariain -

Iratxeta -

Leotz -

Oleta -

Beste entitate batzuk -

JATORRIZKOA, GUZTIRA: 28

ZARRAKAZTELU 2

Figarol -

Beste entitate batzuk -

MURILLO EL FRUTO 1

MELIDA 1

SANTAKARA 1

CAPARROSO 2

HANDITZEA, GUZTIRA: 7

ALDATUA, GUZTIRA: 35

Iragarkiaren kodea: L0619848