156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Iruñerriko Hiri Garraio Publikoaren Gizarte Tarifak arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2006ko urriaren 25ean egindako bilkuran, Iruñerriko Hiri Garraio Publikoaren Gizarte Tarifak arautzen dituen Ordenantza onetsi zuen hasiera batean.

Onespen akordioa 2006ko azaroaren 6ko 133 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen. Horrenbestez, jendaurreko epea igaro eta inolako alegaziorik egon ez denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan zehazten denarekin bat etorri, eta aipatu ordenantza behin betiko onetsi da. Testu osoa argitaratuko da, dagokion ondorioak izan ditzan.

IRUÑERRIKO HIRI GARRAIO PUBLIKOAREN GIZARTE TARIFAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artículo Helburua Ordenantza honek hiriko garraio publikoaren gizarte tarifak arautzen ditu. Ondoko hauek izango dituzte eskura tarifa merkeagoak: 65 urtetik gorakoek, elbarritasunen bat dutenek, langabezian edo sarrera murritzak dituzten 52 eta 65 urte bitartekoek eta familia ugarietako pertsonek.

2. artikulua. Gizarte-tarifen aplikazio-eremua. Gizarte-tarifak Iruñerrian zehar bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publiko erregularra arautzen duen ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritako lurralde-eremuan aplikatuko dira.

3. artikulua. Gizarte-tarifen modalitateak. Hiru modalitate ezartzen dira. Hona hemen baldintzak:

_A tarifa: sarrera murritzak dituzten 65 urtetik gorakoentzat, hurrengo artikuluak zehaztutakoaren arabera.

_B tarifa: sarrerak aurreko atalean ezarritakoak baino gehiago dituzten 65 urtetik gorakoentzat, elbarritasunen bat dutenentzat eta langabetuentzat, hurrengo artikuluak zehaztutakoaren arabera.

Tarifak eskuratu ahal izateko, beharrezko txanpon-txartelak erosi beharko dira baimendutako banku-entitateetan, Ordenantza honetako 5. artikuluak ezarritako izapideak egin ondoren.

Gizarte tarifa horiek ezingo zaizkio bata besteari gehitu.

4. artikulua. Onuradunak.1. "A" tarifen onuradun izateko: urtean, bakoitzak kontzeptu guztiengatik (pentsioak, kapital higigarri nahiz higiezineko errentak) hartzen dituen diru sarrerak ez dira urtean indarra duen ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa (IPREM) baino 1,13 aldiz handiagoak ez badira, izanen, edo adierazle hori baino 1,35 aldiz handiagoak ez badira, ezkontidea edo ezkonkidetasun gisako antzeko harremana duen laguna izanez gero. Ezkontideaz bestelako familia kargak izanez gero (adingabeko seme-alabak, gehienez 23 urte arteko seme alabak, baldin eta legezko langabezian edota ikasten ari badira, edota diru-sarrerarik gabeko seme-alabak badira), aipatu tope ekonomikoei gehituko zaie ondorio askotarako errentaren adierazle publikoaren 0,23 aldiz mendeko pertsona bakoitzeko.

Halaber, bere edo ardurapekoen ondareak 21.000 eurokoa izan beharko du gehienez ere, bere ohiko etxebizitzaren balioa alde batera utzita.

Urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, diru-sarrerak 14 hilabetetan hainbanatuko dira.

2. "B" tarifen onuradun izateko:

_65 urtetik gorakoa izan, eta "A" txartela eskuratzeko baino gaitasun ekonomiko handiagoa eduki ere bai.

_Edo 5 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izan behar, eta ezintasun osoak, baliaezintasun handiak edo % 65eko edo gehiagoko minusbaliotasunak joa egon ere bai.

_Edo 52 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izan behar, legez langabeturik egon eta beren diru sarrerak, kontzeptu guztiengatik, urtean indarra duen ondorio askotarako errentaren adierazlea baino 1,58 aldiz handiagoak ez badira, ezta errentaren adierazle hori baino 1,81 aldiz gehiago, ezkontidea edo ezkonkidetasun gisako antzeko harremana duen laguna izanez gero, bien diru sarrera guztiak baturik. Ezkontideaz besteko famili kargak izanez gero (adin txikiko seme-alabak 23 urte bitarte, hura barne, legez langabezian daudenak edo ikasten ari direnak, edo seme-alaba ezgaituak eta diru sarrerarik gabeak), arestiko diru-mugari 0,23 aldiz gehituko zaio ondorio askotariko errentaren adierazle publikoa, haren ardurapeko lagun bakoitzeko.

Halaber, onuradunaren ardurapeko lagunen ondarea ez da 21.000 euro baino gehiago izanen, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, diru-sarrerak 14 hilabetetan hainbanatuko dira.

Hala eta guztiz ere, onuraduna izateko beharrezko baldintzak betetzeari utzi bezain pronto galduko dira garraiorako tarifa berezia eskuratzeko eskubidea.

3. "C" tarifen onuradun izateko: familia ugariei buruzko 20/2003 Foru Legearen 3. artikuluan ageri diren baldintzak betetzen dituzten eta aipatutako foru legean ezartzen den titulua duten familia ugari batekoa izan behar.

5. artikulua. Gizarte-tarifetarako eskubidea kreditatzea.

a) "B" tarifaren onuradun izan nahi duten 65 urtetik gorakoek beren egoera N.A.N. zenbakiaren bidez kreditatu besterik ez dute.

b) "A", "B" eta "C" tarifei dagozkien txartelak eduki nahi dituztenek Iruñerriko Mankomunitatean eskatu beharko dute.

b.1) "A" eta "B" tarifetako txartelak eduki nahi dituztenek, 65 urtetik goragokoek izan ezik, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

_Interesatuak berak betetako eskabidea.

_Eskatzailearen N.A.N.aren edo dokumentu baliokidearen fotokopia.

_Karnet tamainako bi argazki.

_Beren ardurapeko pertsonak dituztela diotenek horixe eta pertsona horien ahalmen ekonomikoa egiaztatuko dituzten dokumentuak erakutsi beharko dituzte.

_Langabezia-sariak jasotzen dituen edo ez jartzekotan, interesatua enplegu bila dabilela egiaztatzeko ziurtagiria, egoera hori alegatu duten 52 eta 65 urte bitartekoentzat.

b.2) "C" Tarifako txartela eskuratu nahi dutenek honako dokumentuak erakutsi beharko dituzte:

_Interesatuak berak betetako eskabidea.

_Familia ugaria izatearen titulu ofiziala, Familia ugariei buruzko 20/2003 Foru Legearekin bat.

_Eskatzailearen N.A.N.aren edo agiri baliokidearen fotokopia. Adingabeko batek eskaera egin nahi badu, bere ordezko legalaren baimen agiria aurkeztu beharko du.

_Karnet tamainako bi argazki.

Eskabide-orrian eskatzen diren datu pertsonalak ez emateak edo sistema kudeatzeko parte hartuko duten banku-entitateei datu pertsonalak uzteko baimena ez emateak eskabidea artxibatzea ekarriko du, ordenantza honetako 6. kapituluak aurreikusitako ondorio guztiekin batera.

6. artikulua. Sistemaren kudeaketa. Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko du garraioren tarifa berezia, Udalen, hiriko garraio zerbitzuaren enpresa emakidadunen eta txanpon-txartelak jaulkitzen parte hartuko duten banku-entitateen jardunbidea koordinatuko duelarik.

a) Eskabideak

Argitzeko edo beharrezko datuak emateko ezarritako epea amaitutakoan eskatutakoa erakutsi gabe, interesatuak uko egiten diola eskabideari ulertuko da eta, ondorioz, artxibatu egingo da. Behin arrazoi hauengatik artxibatuta, interesatuek ez dute eskabide berri bat egiterik izango eskabidea artxibatu eta urtebete igaro baino lehen.

b) Eskabideen ebazpena

Aipatu dokumentuak aztertu ondoren, tarifa berezia eman edo ez eman erabakiko du Mankomunitateak. Baietz erabakitzekotan, emandako modalitatea jakinaraziko zaio interesatuari, eta horrekin batera karnet tamainako dokumentu identifikagarria igorriko zaio. Bestela, ezetza jakinaraziko zaio.

Aldi berean, behar adinako jarduketak egingo dira gizarte-tarifen onuradunek dagokien txanpon-txartela jaso dezaten.

Eskabidea gehienez ere 2 hilabetetan ebatziko da, aurkezten denetik hasita. Epe hori ebazpen espresurik eman gabe iraganda, ezetsitzat joko da.

c) Eskabideen berrikuspena.

Iruñerriko Mankomunitateak, Udalen laguntzaz, garraioko gizarte-tarifen onuradunen erregistroa eguneraturik izanen du beti ere. Aitzin-aitzineko urtean onuradunei galdetu zaizkien baldintzak betetzen direla edo betetzen segitzen direla noiznahi frogatzen ahalko du, Mankomunitateak horretarako errekerimendua egin ahala.

Onuradunek baldintzak betetzen ez badituzte, edo Udalak onuradun izateko baldintzak betetzen direla frogatzeko eskatzen dituen agiriak ekartzen ez badituzte, edo horiek epez kanpo ekartzen badituzte, ofizioz utziko dituzte gizarte-tarifa gabe. Halaber, errekerimendua jasotako onuradunak tarifa sozialaz ordenantza hau urratuz baliatu dela frogatuz gero, behar den zehapen espedientea irekiko da. Kontrako frogarik ezean, gizarte-tarifaz zuzen kontra baliatzen zela ulertuko da, baldintzak betetzen direlako frogagiriak ez ekarriz gero.

Aurreko lerroaldean adierazi bezala laguntza ez emateagatik onuradun bat gabetzen badute eta zehapenik paratzen ez badiote, haren portaerak ordenantza hau urratzen ez duelako, ez du gizarte-tarifa berriz ere eskatzen ahalko harik eta gabetu dutenetik urtebete iragan arte.

Erregistroan gabetzen badute laguntza eman behar horretan huts egiteagatik, eta zehatzen badute haren portaerak ordenantza hau urratzen zuelako, ez du berriz ere gizarte-tarifa eskatu ahal izanen ezarritako zehapena preskribatu arte.

7. artikulua. Onuradunen eta administrazioaren arteko harreman juridikoaren edukia.

1. Onuradunen eskubideak. Onuradunek eskubide hauek dituzte:

a) Ordenantza honetan ezarritako tarifa berezia eskuratzea, baldin badagokie, beren adinaren, gaitasunaren eta egoera sozioekonomikoaren arabera.

b) Onuradunaren identifikazio-txartela izatea. Iruñerriko Mankomunitateak karnet tamainako egiaztagiri bat emango die _kreditazioa N.A.N.aren bidezkoa izan ezik_, eta hartan onuradunaren izen-deiturak, helbidea, eta N.A.N. zenbakia jasoko dira, baita "A", "B" edo "C" txartelaren titular egiten dituen pasa-hitza.

c) Txanpon-txartel elektronikoa biltzea, sistemaren kudeaketan parte hartzen duten banku-entiteetatik; txartelak ordenantza honek helburu dituen "gizarte-tarifak" burutzeko beharrezko profila agertuko du.

2. Pertsona onuradunen betebeharrak. Onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Txanpon-txartel elektronikoa erabiltzen duten unean gidariari edo garraioko ikuskaritzari identifikazio-txartela erakustea. "A", "B" eta "C" gizarte-tarifaren txartela pertsonala eta eskualdaezina da eta, beraz, beste lagun batek hori erabiltzeak zehapena ekarriko du, behar den zehapen espedientea irekita. Egiaztatze txartela ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileak titularraren argazkia duen ordain-txartel pertsonalizatua baldin badauka.

b) Gizarte-tarifa ematea ekarri zuen egoeran edozein aldaketa baldin bada, horren berri ematea.

3. Zehapen araubidea.

Ordenantza honetako xedapenak ez betetzea arau-hauste arina da.

Arau-hauste larriak, berriz, egitate hauek dira:

a) Eskabidean datu faltsuak adieraztea.

b) Txanpon-txartel elektronikoa titularra ez den batek erabiltzea, eta titularrak horretarako bere txartela lagatzea.

c) Gizarte-tarifaren txartela ematea ekarri zuen egoeran edozein aldaketa baldin bada, horren berri ez ematea.

Edozein arau-hauste egiteak dagokion zehapen espedientea irekitzea ekarriko du, eta hura administrazio prozeduraren gaineko arauei jarraikiz tramitatuko da.

Arau-hauste arinak 6 hilabetetan preskribituko dira eta larriak urtebetean. Epe horiek egintzen berri izaten denetik aurrera kontatuko dira.

4. Zehapen araubidea eta bestelako erantzukizunak arau-hausteengatik

Arau-hauste arinak egiteak txartela 6 hilabete baino gutxiagotan kentzea eta 600 eurorainoko isuna jartzea ekartzen ahalko du.

Arau-hauste larriak egiteak 3.000 eurorainoko isuna jartzea ekartzen ahalko du. Halaber, txartela 6 hilabete baino gehiagorako eta 5 urte baino gutxiagorako kentzea erabaki daiteke, deusetan ukatu gabe erantzukizun penalak galdatzea, arau-hausteak Iruñerriko Mankomunitateari ekarri dizkion kalte-galeren ordaina ematea eta zuzen kontra erabilitako diruketa itzultzea

Berrerortzerik bada, zehapenak beren maila gorenean ezarriko dira. Arau-hauste baten egilea ordenantza honetako beste arau-hauste batengatik zehaturik badago, eta lehenbizikoz ezarritako zehapena oraino preskribitu ez bada, berrerortzea dago. Arau-hauste arin batean eta beste bat larrian berreroriz gero, arau-hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da, bere maila ertainean.

Zehapen arinak urtebetean preskribituko dira eta larriak 2 urtetan. Epe horiek egintzen berri izaten denetik kontatuko dira.

5. Gertakizunak

Txartela galdu edo ebatsiz gero, onuradunak gehienez ere zazpi egunetan eman beharko du horren berri, eta prestazioa besterik gabe berrituko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Titularraren argazkia dakarren ordain-txartela pertsonalizatua Hiriko Eskualde Garraioan behin betiko ezarrita ez dagoen bitartean, C tarifa (familia ugarietako pertsonena) gauzatu nahi duten pertsonek honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte kudeaketa sisteman parte hartzen duten banku-entitateetan: eskumena duen erakundeak igorritako familia ugari titulua eta interesatuaren N.A.N. edo dokumentu baliokidea. Horixe zehazten baitute ordenantza honetako 5.b.2, 6.a, eta 7.1.b artikuluek. Banku entitate horiek txanpon-txartel elektronikoa igorriko dute. Azken horrek C gizarte tarifa gauzatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak izanen ditu.

Horrela, 7.2.a artikuluan zehazten denari jarraiki, eskumena duen entitateak igorritako familia ugariaren agiria aurkeztea nahikoa izanen da honako egoeratan: Txanpon-txartel elektronikoa erabiltzean, gidariari C gizarte tarifaren egiaztatze txartela erakutsi behar zaionean; edo garraio inspekzioa egiten denean.

Iruña, 2006ko abenduaren 21a._Mankomunitate burua, Luis Ibero Elia.

Iragarkiaren kodea: L0620267