156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Iruñerriko hiri garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen 2007ko ordenantza. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarre Nagusiak, 2006ko urriaren 25an egindako bileran, Iruñerriko hiri garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzaren behin behineko onespen erabakia hartu zuen.

Onespen Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik, izan ere 2006ko azaroaren 6ko 133. zenbakian, eta jendaurreko epea iraganik, alegaziorik aurkeztu ez delarik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ordenantza horren behin betiko onespena gauzatzen da, eta agintzen haren testu osoaren argitaratzea, dagozkion ondorioak sor ditzan.

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA. IRUÑERRIKO HIRI GARRAIOAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN ADIERAZPENA

Iruñerriko hiri garraioari buruzko 8/98 Foru Legearen 3. artikuluan definitzen den lurralde eremuan, Mankomunitatea da hiri garraio zerbitzuaren administrazio titularra, eta zerbitzu hori Iruñerriko Hiri Garraioaren Planean xedatu araubide nagusien arabera eman beharra dauka.

Ordenantza hau arau-ingurune horretan ezartzen da, eta bere testua, ezin bestela izan eta, oraingo egoera juridikoan kokatzen da, hau da, zerbitzuaren kudeaketarako bi kontraturen existentzia; kontratu horien kariaz, bi enpresa emakidadunek mantentzen dituzte erabiltzaileekiko harreman zuzenak, zerbitzuen batze prozedura burutzen ez den artean, eta Mankomunitatearen gain gelditzen dira zerbitzuaren zuzendaritza eta egokitzapen funtzioak.

Honela, bada, testu arautzaile honetan zerbitzuaren egituraketa orokorra zein erabiltzaileen eskubide eta betebeharren katalogoa, emakidadunarekikoak zein Mankomunitatearekikoak, biltzen dira. Ezarritako eraentza beteko dela bermatzeko, bi horien aurrean, emakidadunen eta Mankomunitatearen aurrean, erreklamazioak tartekatzeko ahalbidea irekitzen da, hala nola zerbitzuaren funtzionamendutik heldu den erantzunkizunaren oinarrizko hastapenak. Era berean, Mankomunitateak zerbitzua hobetzeko balio izan dezaketen iradokizunak erabiltzaileek aurkez ditzaten bultzatu nahi du.

Zerbitzua Mankomunitatearen titulartasun pean berriki geratu dela eta, logikoki ondorioztatu daitekeenez, Ordenantza honek berrikusia eta birmoldatua izan beharko du, Mankomunitateak zerbitzuan hobekuntzak egin ahala, ibilbideei dagokienez zein ibilgailuetara sartzeko eta egoteko baldintzei dagokienez.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak eta aplikatzeko eremua

1. artikulua. Mankomunitateak hiri garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa zeharkako eran emanen du, eta Iruñerriko Hiri Garraioaren Planean ageri diren araubideei jarraiki.

2. artikulua. Orohar, Ordenantza hau Mankomunitateak eskumena dueneko eremuan emandako hiri garraio zerbitzuei aplikatuko zaie.

II. TITULUA

Zerbitzuaren antolamendua

3. artikulua. Garraio zerbitzuak ibilbideak, maiztasunak eta geltokiak, ordainketa sistemak eta giza-baliabideak eta bitarteko materialak Mankomunitateak alor horietan har ditzakeen erabakiei egokituko ditu, irizpide tekniko, ekonomiko edo sozialei jarraituz.

Mankomunitatearen aldetik eginen diren moldaketak, bai aldi baterakoak, eta horregatik, ordezko ibilbidea izanen dutenak, eta bai behin betikoak, epe nahikoaz aldez aurretik iragarriak izan beharko dira, komunikabide sozialen bidez nahiz dagozkien geltokietan.

4. artikulua. Zerbitzu ematea etengabekoa izanen da, halabeharrezko kasu zehatzetan izan ezik, non Mankomunitateak ahalik eta lehenen gertaera hori iragarri beharko duen.

5. artikulua. Geltokiak bukaerakoak eta aukerakoak izaten ahal dira.

Ibilbide-bukaerako deiturikoak nahitaezkoak izanen dira, eta ordutegien erregularizaziorako baliagarriak. Aukerakoetan, aldiz, geltokian norbait itxaroten dagoenean baizik ez da geldituko ibilgailua, edo ibilgailuaren barreneko tinbrearen bitartez erabiltzaileren batek eskatzen duenean.

III. TITULUA

Zerbitzuan sartzea

6. artikulua. Garraiorako ibilgailuetan sartzea publikoa izanen da, baldintza bakara izanik aldez aurretik tarifa ordaindu beharra, behar bezala lagunduriko 5 urtez beherakoak izan ezik.

Ezin izanen da Ibilgailuan sartu ondoko inguruabarren bat gertatuz gero:

a) Ibilgailua beterik dagoenean, ibilgailuaren aurreko atea ez baita irekiko.

b) Ibilgailua geltokian bidaiariak hartzen ari dela, bidaiaririk gehiago sartzea ezinezko gertatuko balitz; halakoetan, gidariak erabakiko du nor izanen den sartzen azkena.

c) Gidariak sarrera-atea hertsi izan eta geltokitik ateratzeko eta trafikoan barneratzeko maniobra hasia duenean.

d) Tamainua, mota, forma edo beste ezaugarrirengatik tokia kendu, bidaiariak molestatu edo ibilgailua zikindu gabe ezin eraman daitekeen pardel edo gauzarik eramaten denean. Ez dira halakotzat inoiz hartuko zerbitzuaren erabiltzaileek eraman ditzaketen haurren aulki gurpildunak edo erosketa gurdixkak.

e) Animalia batez lagundurik joan, txakur gidariz lagunduriko itsuak izan ezik.

f) Gai arriskugarririk edo lehergairik eramaten direlarik.

7. artikulua. Dagokion geltokian ibilgailua gelditu eta gero, erabiltzaileak aurreko atetik sartuko dira, ahalik eta lasterrenik, zerbitzuaren maiztasunari kalte ez egitearren eta geltokira iritsi direneko ordenaren arabera.

1. Haurren aulki-gurdixkak, ahal delarik, aurreko atetik sartuko dira autobusaren barrenera. Autobusaren egituragatik hala egiterik ez bada, bigarren atetik sartuko dira, gidariari abisu eman eta gero.

Era guztietara, aulkiok autobusean pertsonen ibiltzea galarazi edo pasabidea moztu gabe kokatu beharko dira.

2. Mugikortasun murriztua duten pertsonak, "gurpil-aulkitan" ibilki direnak bigarren atetik sartuko dira autobusera, autobusetan dagoen arrapala baliatuz. Gidariak eragin beharko dio arrapalari

Mugikortasun murriztua duten pertsonak, "gurpil-aulkitan" ibilki direnek lehentasuna izanen dute autobusean haiendako gorderiko lekuan, besteen gainetik, hauek sartzea eta kokatzea erraztu beharko baitiete.

8. artikulua. Dagokion tarifa ordaintzea gidariaren aurrean eginen da, eta ondoko moduetako batez:

1._Dirutan; ez da onartuko gidariari 20 euro baino diru kopuru handiagorik ematea.

2._Txanpon-txartela erabiliz, hartara ezarritako makinan balioetsiaz.

9. artikulua. Ibilgailuan onartu izan eta gero, erabiltzaileak atzeko aterantz ahalik eta gehien joan beharko du, ahal den jende kopuru handiena sartu ahal izan dadin.

IV. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

10. artikulua. Herritar guztiek, eta, hala denean, zerbitzuaren erabiltzaileek eskubidea dute zerbitzu hori ondoren biltzen diren baldintza guzti-guztiak betez eman dadin:

1._Ibilgailuek baldintza tekniko onetan zein garbirik egon beharko dute, eta zehazki ondokoak bete beharko dituzte:

a) Zein ibilbideri dagokion adierazten duen kanpoko zein barneko seinalizazioa edutzea.

b) Haien barnean eta ikusgarri den tokian erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren zerrenda edukitzea, baita erreklamazio-orriak daudela dioen iragarkia eta erabiltzaileak atenditzeko telefonoa ere, Mankomunitateak jarrita.

c) Mugikortasun gutxiko pertsonendako gutxienez lau eserleku edukitzea; halakotzat hartzen baitira minusbaliatuak, adineko jendea, emakume haurdunak, besoetan haurrik daramatenak eta, orohar, beren ezaugarri pertsonalengatik, zutik bidaiatu behar ez duten guztiak, osasun arrazoiak direla edo balizko arriskuak saihesteko. Eserleku horiek ongi nabarmendurik egon beharko dute.

d) Ibilgailuaren barnean, Iruñerriko Mankomunitateak zerbitzuaren funtzionamendu egokirako beharrezko jotzen dituen informazioak oro izatea.

2._Geltokietako markesinak garbirik eta itxura onean mantendu beharko dira, erabiltzaileak behar bezala erabiltzeko moduan.

3._Geltokiek, markesinarik egon ala ez, aski seinaleztaturik egon beharko dute, eta haietako bakoitzean, dagozkien ibilbideen nondik eta norakoez gainera, beharrezko jotzen den informazio guztia azaldu beharko da.

4._Erabiltzaileek eseririk bidaiatu ahal izanen dute, betiere eserleku hutsik egonez gero, guztiak okupaturik egonik eskubide hori ezin eskatu izanen baitute.

5._Zerbitzu ikuskatzaileek zein ibilgailuetako gidariek erabiltzaileek zerbitzuari buruz eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete bidaiariei, beti eta une orotan erabiltzaileek merezi duten begirune eta errespetua gordez.

6._Aire egokiturik ez duten edo erabiltzeko eran ez daukaten ibilgailuek leihatilak irekirik eduki ahal izanen dituzte, erabiltzaileen eskakizunen arabera, haien artean adostasunik ez dagoenean erabakia gidariaren esku geldituko delarik.

7._Barneko megafonia sistema daukaten ibilgailuetan bakar-bakarrik erabiltzaileei beharrezko abisuak emateko baliatuko da. Gidariak irratigailu pertsonala erabili ahal izanen du, bolumen baxuan eta erabiltzaileak inolaz ere molestatu gabe.

8._Halabeharrez, gidariak ibilgailutik jaitsi behar duen kasuan, bidaiariak barnean daudela, motorea itzali beharko du, kontaktu-giltza kendu, bildutako dirua gorde eta atzeko atea irekita utzi, segurtasun neurri gisa.

11. artikulua. Erabiltzaileek kexak zein iradokizunak egin ahal izanen dituzte, zerbitzua hobetzeko xedez, bai ahoz bai idatziz aurkeztu ahal izanen direnak, Mankomunitateak horretarako zabaldurik duen atentzio zerbitzuan.

12. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileek segidan zerrendatzen diren arauak hertsiki bete behar izanen dituzte:

a) Ibilgailutik jaistea beti geltokian eta erdiko nahiz atzeko atetik eginen da, eta erabiltzaileak arinki egin beharko du. Salbuespen gisa, eta halabeharrezko kasuetan, gidariak geltokitik kanpo jaistea baimendu ahal izanen du.

b) Erabiltzaileek gizalegez jokatu beharko dute ibilgailuaren barnean, beste erabiltzaileei edo gidariari inolako molestiarik eragin gabe.

c) Betiere, erabiltzaileek zerbitzuaren inguruan eta Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera gidariak adierazten dituen ahozko arauak bete beharko dituzte, harekin eztabaidan sartu gabe eta ibilgailua gidatzea inola ere etenarazi gabe.

d) Eserlekuak okupatzen dituztenek, arrunta izan zein minusbaliatuei gordetakoa izan, ibilgailuan sartzen diren mugikortasun gutxiko lagunei (10.1 atalean zehazturik daudenak) utzi beharko diete.

e) Sartzeko debekua jasotzen dutenek ibilgailutik atera beharko dute berehala, hura martxan dagoenean izan ezik, hurrengo geltokian jaitsi beharko baitute halakoetan.

f) Motxila daramatenek, ibilgailuan sartzeko, bizkarretik erantsi eta eskuan eraman beharko dute.

13. artikulua. Ondoko jokabideak erabat debekaturik egonen dira:

a) Ibilgailuaren barnean erretzea.

b) Lehiatiletan barrena agertzea.

c) Gidariarekin mintzatzea, zerbitzuari buruzko informazioa eskatzeko izan ezik.

d) Inolako zarata gogaikarririk zein alferrikakorik sortaraztea.

e) Eserlekurik beste pertsonentzat gordetzea.

f) Ibilgailuaren barnean jan edo edatea.

g) Paper zein beste gauzarik ibilgailuaren barnean botatzea.

h) Ibilgailuaren barnean eskale aritzea.

i) Ibilgailuaren barnean orriak, liburuxkak, edo beste edonolako propaganda eta publizitate gaiak banatzea.

V. TITULUA

Erreklamazioak

14. artikulua. Erabiltzaileek erreklamazioak helarazi ahal izanen dituzte, zerbitzuaren funtzionamenduari buruz, Mankomunitatearen egoitzan bertan zein ibilgailuetan zuzenki, dagozkien erreklamazio-orriak baliatuz.

Zerbitzuaren kudeaketa soilari dagozkion erreklamazioak emakidadun enpresak garbituko ditu, eta Mankomunitatearen gain geratuko dira zerbitzuko titularra den aldetik dituen eskuduntzei dagozkienak bakarrik. Erreklamazio hauek administrazio-prozedura arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera izapidetu beharko dira.

Enpresak berehalakoan eman beharko dio Mankomunitateari tartekatutako edozein erreklamazioren berri, zer eta Arautegi honetan ezarritakoa ez betetzeagatik bere aurka zehapen-prozedura hasi beharko balitz ere.

15. artikulua. Emakidadun enpresak 15 eguneko epean erantzun beharko die, arrazoiak emanez eta justifikatuki, aurkeztutako erreklamazio guztiei.

VI. TITULUA

Zerbitzuaren funtzionamenduak sortarazitako kalteak

16. artikulua. Erabiltzaileek beren ondasunetan edo eskubideetan zerbitzuaren funtzionamenduaren ondorioz jasaniko kalte ororengatik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute, Legeak ezartzen dituen neurrietan eta ondoren aipatzen diren moduetan.

17. artikulua. Emakidadunak izanen du hirugarreni kalte-ordaina eman beharra, zerbitzuaren funtzionamenduak sorturiko kalteengatik, ez horrela Mankomunitateak ezarritako klausularen bat betetzerako eginpidean sortu izan balira.

18. artikulua. Erabiltzaileek berekin eroandako ondasunak bidaiariek berek eramanak direla ulertuko da, beren zaintzapean, nolaz eta, enpresaren erruz edo zabarkeriaz izan ezbada, ez baita galera edo izorramenduagatik inolako erantzukizunik izanen.

VII. TITULUA

Arau hausteak eta zehapenak

19. artikulua. Arau-haustea izanen da Ordenantza honetan zein gainerako ordenamendu juridikoan gai honi buruz ezarritakoaren aurka egindako egintza oro.

Ondokoak arau-hauste larritzat hartuak izanen dira:

a) Norberaren, beste bidaiarien, emakidadun enpresako zein Mankomunitateko langileen osasunarentzat arrisku izan daitezkeen egintzak.

b) Ibilgailuetan zein markesinetan matxurak eragitea.

c) Ibilgailuetan drogak edo gai sorgorgarririk hartzea.

d) Larritasun-egoerako gailuetan eragitea.

Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako beste egintza guztiak arau-hauste arintzat hartuak izanen dira.

20. artikulua. Arau-hauste arinengatiko zehapena 300 euro arteko isuna izanen da, eta larriengatikoa 301 euro eta 600 euro bitarteko isuna, bai eta, hala behar denean, gauzak beren lehengo egoerara itzultzeko beharra ere.

Txartela ordaindu beharra ez betetzeak 60 euro isuna izanen du zehapentzat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

Mankomunitateburuak Ordenantza honendako ebazpen argigarri edo interpretaziozkoak eman ahal izanen ditu, jendaurrean jakinarazteko ordenantza honen bide berberak jarraitu beharko dituztenak.

Bigarrena

Iruñerriko Mankomunitateak, garraio zerbitzuko titularra den aldetik dagozkion jardunbide guztietan, behar direnak gehituko ditu pixkanaka, zertarako eta minusbaliatuen eta zentzumen gutxituko pertsonendako oztopoak kentzeari buruz indarrean dauden legeen aplikazioa bermatzeko. Zerbitzu honenak diren bitartekoetan egiten diren inbertsioak betebehar horiek zein diren aztertuta erabakiko dira, baita minusbaliatu eta zentzumen gutxitukoen Elkarteen txostenak ikusita ere.

Hirugarrena

Iruñerriko Mankomunitateak, garraio zerbitzuaren titularra den aldetik dagozkion jardunbide guztietan, herritar guztiendako diskriminazio gabeko erabilera bermatzeko zerbitzu egokia sustatuko du. Erabilera-arauetako moldaketak edo inbertsioak Nafarroako Emakumearen Kontseiluaren ekarpenak edo txostenak kontuan harturik gauzatuko ditu.

Iruñean, 2006ko abenduaren 18an. Mankomunitateko burua, Luis Ibero Elia.

Iragarkiaren kodea: L0620059