156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

752/2006 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Kultura zuzendari nagusiak emana, Orbaitzetan (Nafarroa) dagoen Orbaitzetako Arma Ola izeneko multzoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzen duena, jardueraren elementu guztiak barne direla, haren historiaren atal baitira.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkitektura Ondarearen Atalak honako txostena aurkeztu du:

"Aezkoako Batzarre Nagusiak eskatu du Orbaitzetan (Nafarroa) dagoen Orbaitzetako Arma Ola izeneko multzoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea ireki dadila, jardueraren elementu guztiak barne direla, haren historiaren atal baitira.

Orbaitzetako Arma Ola 1784an sortu zen Carlos III.aren errege aginduaren bitartez, burdinola zaharra zen tokian. Ola sortu ahal izateko Aezkoak mendien aprobetxamendua lagatu zuen. Proiektua Lacy kondearen ideia izan zen, Artilleria Errege Gorputzaren ikuskatzaile nagusia baitzen. Asmoa zen hein batean ordezkatzea Eugiko Ola, bertako basoa agortzen ari zelako. Ola bi fasetan eraiki zen, 1794. urtera arte, baina 1778rako gerra munizioak egiten ari ziren. Ia mende oso batean, Trubiarekin batera, Espainiako iparraldeko industriagune militar garrantzitsuena izan zen.

Errege Olaren multzoa hiru maila ezberdinetan egituratzen da. Goikoan etxebizitza, zerbitzu eta zaintzarako eremua dago, plaza baten inguruan, mutur batean eliza, beste muturrean kaserna eta erdian jauregia dituena. Bigarren mailan kokatzen dira mea eta ikatzerako biltegiak eta langileen etxeak. Hirugarren mailan daude munizioak gordetzeko patioa, ikuskapen gela, airetako tornuak, munizioen garbiketa, errefinategia eta erreberberozko labeak, brontzezko modeloak urtzeko. Hortik goitiko tartean harlanduzko presa egin zen.

Nafarroako Ondare Kulturalari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Legean, eta abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen Interes Kulturaleko Ondasunen deklarazioa arautzen duen urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, proposatzen da Errege Ola interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzeko, multzo teknologiko aipagarria delako, herrietako industria tradizionaletik XVIII. mendeko eredu ekonomiko berrirako eta herri industrialerako iragapena irudikatzen duena.

Multzoaren mugapenaren lehenbiziko zioa da Errege Olan oraindik dauden elementuak gordetzea, eta bigarrena ikusizko panoramika babestea."

Horrenbestez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Legean, abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen Interes Kulturaleko Ondasunen deklarazioa arautzen duen urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuan eskuordeturiko ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Orbaitzetan (Nafarroa) dagoen Orbaitzetako Arma Ola izeneko multzoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea irekitzea, jardueraren elementu guztiak barne direla, haren historiaren atal baitira, ebazpen honi erantsitako agirietako mugapenarekin.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau interesatuei eta Orbaitzetako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea eten egin behar direla inguru horretako lurzatiketa, eraikitze eta eraispenerako udal lizentziak, bai eta jada emanik daudenen eraginak, hala ezartzen baitu azaroaren 22ko 14/2005 Legearen 19.1d artikuluak. Nolanahi ere, toki horretan berehalaxe egin behar bada lanen bat ezinbestean, beharrezkoa izanen da kultur arloko departamentu eskudunaren baimena.

4. Ebazpen honen berri ematea Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Kultura Ministerioko Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistroari, aurretiaz idatzia gera dadin.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egoteko, interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2006ko azaroaren 23an._Kultura zuzendari nagusia, Camino Paredes Giraldo.

Iragarkiaren kodea: F0618956