156. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

90/2006 FORU DEKRETUA, abenduaren 18koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua izeneko erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuak, 1991ko martxoaren 27an eginiko bilkuran, Emakumearen Berdintasun Planari buruzko Ebazpena onetsi zuen, zeinean Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzitzaion Nafarroako Emakumearen Institutua, Lehendakaritza eta Barne Departamentuari atxikia, sortzeko behar ziren xedapenak har zitzan.

Abuztuaren 3ko 177/1995 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Emakumearen Institutua izeneko erakunde autonomoa sortu zen, Lehendakaritza Departamentuari atxikia, eta haren Estatutuak irailaren 25eko 398/1995 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren. Erakunde horren eginkizuna da Parlamentuak emandako agindua benetan betetzea, hau da, emakumeen kontrako bereizkeria mota guztiak egiazki desagertzen laguntzea eta Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan benetako berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Emakumearen Institutua izeneko erakunde autonomoa departamentu horri atxikiko zaiola eta bere estatutuen bidez arautuko dela.

Nafarroako Emakumearen Institutuak gaur egun dituen arauak irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuak ezarri zituen, zeinen bidez Nafarroako Emakumearen Institutuaren Estatutuak onetsi baitziren.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea onesteak sakoneko aldaketa ekarri du Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketarako, hain zuzen ere, VIII. tituluan arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde publikoen eta haren menpeko beste entitate batzuen arloan.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak bere hirugarren xedapen iragankorrean xedatzen du erakunde publikoak legearen aurreikuspenetara egokitzea eskatzen duela urtebeteko epean foru legeak indarra hartzen duenetik hasita. Egokitzapen horretarako beharrezkoa da Estatutu berriak prestatu eta onestea, eta bertan zehaztea erakundearen eginkizunak eta egitura organikoa, aipatu legearen 98.tik 116.era arteko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Azken urteetan, berdintasunaren aldeko politiketan argi jarri da politika horien helburua zabaldu beharra dagoela eta bere baitan hiritar guztiek dutela lekua. Kontuan hartzekoak dira emakumeen eta gizonen egoera, premia eta aurreikuspen desberdinak. Horregatik, egokiago da Nafarroako Emakumearen Institutuari aurrerantzean Nafarroako Berdintasunerako Institutua deitzea, izan ere erakunde autonomo horrek garatzen dituen berdintasunaren aldeko ekintzak eta programak emakumezkoei eta gizonezkoei zuzenduak daude.

Horiek horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 18ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Izena aldatzea.

Nafarroako Emakumearen Institutua hemendik aurrera Nafarroako Berdintasunerako Institutua izanen da.

2. artikulua. Estatutuen onespena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira eta horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.

Lehenengo xedapen gehigarria._Atxikipena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikiko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria._Izendapenen berrespena.

Izendapen hauek berretsi dira: zuzendari kudeatzailea, Informazio eta Lankidetza Ataleko burua (aurrerantzean Ebaluazio eta Azterlan Atala izanen dena) eta Nafarroako Emakumearen Institutuko Administrazio Unitateko burua.

Hirugarren xedapen gehigarria._Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak Emakumearen Kontseilurako ezarritako osaera eta eginkizun berak izanen ditu, erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean.

Laugarren xedapen gehigarria._Nafarroako Emakumearen Institutuarekiko aipamenak.

Gaur egun dagoen araudian edo jadanik emandako egintza administratiboetan Nafarroako Emakumearen Institutuaz egiten diren aipamen guztiak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaz eginak bezala ulertuko dira.

Xedapen iragankor bakarra._Administrazio Unitatea.

Foru dekretu hau garatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du Nafarroako Emakumearen Institutuaren Estatutuak onetsi zituen irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuaren 19. artikuluak, Administrazio Unitateari dagokionak.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetu beharreko arauak.

Indarrik gabe geldituko dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretua, Nafarroako Emakumearen Institutuaren Estatutuak onetsi zituena eta otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarria, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa finkatu zuena.

Azken xedapenetan lehena._Araudiaren garapena.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abenduaren 18an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera, eskumenak eta eginkizunak

1. artikulua. Izaera

Nafarroako Berdintasunerako Institutua, administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa

Nafarroako Berdintasunerako Institutua, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuak plangintza eta politika orokorrez ematen dituen aginpideen menpean dago. Bestalde, aipatu departamentuari atxikirik dago, eta Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazio antolamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Xedea eta helburuak

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan.

2. Institutuaren helburuak dira sexuen arteko berdintasuna ahalbideratzen duten baldintzak bultzatzea, izatezko eta zuzenbidezko osotasuna eragozten duten oztopoak gainditzea eta Nafarroako emakumeen eta gizonen gaineko bereizkeria mota guztiak deuseztatzea.

4. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1. Nafarroako Berdinasunerako Institutuak izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumenak.

2. Eskumenen garapenaren arloan, Nafarroako Berdintasunerako Instututuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Xedapen orokorretarako proiektuak prestatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasun gaietan.

b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun gaietan Nafarroako Gobernuaren plangintza orokorra prestatzea, departamentuek euren plangintza sektorialak prestatzeko dituzten eskumenak galarazi gabe.

c) Nafarroako Gobernuaren Berdintasunerako Planak, Foru Komunitatean onesten direnak, garatzea eta ebaluatzea.

d) Nafarroako Foru Komunitatean berdintasun politikak ebaluatzea.

e) Ekintza positiboko neurriak diseinatu eta bultzatzea.

f) Genero ikuspegia Foru Komunitateko Administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan sar dadin bultzatzea, maila eta fase guztietan.

g) Nafarroako Gobernuaren eta haren lehendakariaren foru legean genero kontua dela-eta, bertan ezartzen diren neurrien eraginari buruzko txostenak bultzatzea eta horiek prestatzen laguntza ematea.

h) Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko zereginean.

i) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun arloan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen, instituzioen, entitateen eta erakunde publiko nahiz pribatuen arteko harremanak sustatzea.

j) Nafarroako Foru Komunitatean gizonen eta emakumeen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

k) Erabakiak hartzeko garaian, emakumeen partaidetza eta ordezkaritzarako bidea ematea.

l) Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun egoeren gainean sentsibilizazio jarduerak egitea, bai eta nafar hiritar guztientzat zuzendutako berdintasunerako beharrezko neurrien gainean.

m) Sexuak eragindako bereizkeria kasu zehatzetan egindako salaketak aditzea eta bideratzea eta konponbidea ematea.

n) Genero indarkeriaren kontrako prebentzioa eta jarduketak koordinatzea.

ñ) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren helburuak betetzen lagundu dezaketen gainerako eginkizunak.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

5. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zuzendaritza organo hauek ditu:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendaritza-kudeatzailetza.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

a) Kontseiluburua: Nafarroako Berdintasunerako Institutua atxikia dagoen departamentuko kontseilaria.

b) Kontseiluburuordea: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea.

c) Kontseiluko kideak:

c.1. Lan zuzendari nagusia.

c.2. Toki Administrazioko zuzendari nagusia.

c.3. Hezkuntza zuzendari nagusia.

c.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusia.

c.5. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) zuzendari kudeatzailea.

c.6. Osasun zuzendari nagusia.

c.7. Gizarte Ongizateko zuzendari nagusia.

c.8. Familiaren zuzendari nagusia.

c.9. Lehendakaritza zuzendari nagusia.

c.10. Justizia zuzendari nagusia.

c.11. Barne zuzendari nagusia.

c.12. Ekonomia eta Aurrekontu Politikaren zuzendari nagusia.

c.13. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, erakunde autonomoa atxikia dagoen departamentuko kontseilariak izendatua, Federazioak proposatuta.

d) Idazkaria: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa zuzendariordea.

2. Goian aipatutako kontseilukide diren pertsonek ordezkoak izenda ditzakete Kontseiluko bileretara euren ordez joan daitezen, betiere norberaren Zuzendaritza Nagusiari edo erakundeari atxikitako pertsonen artean.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektu proposamena urtero onestea, atxikia dagoen departamentuari igorri aurretik.

b) Nafarroako Gobernuaren Aukera Berdintasunerako Planak betez urteko kudeaketa plana onestea, bai eta prestatzen diren urteko txostenak ere.

c) Erakunde autonomoaren zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

8. artikulua. Kontseiluburuaren ahalmenak.

Kontseiluburuak ahalmen hauek ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren ordezkari izatea edozein jarduera klasetan, eta ordezkaritza hori betetzeko behar diren ahalmen eta aginduak ematea.

b) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izan eta horiek zuzentzea.

c) Gobernu Kontseiluak harturiko erabakiak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren funtzionamendua erregulatzen duten arauak bete daitezela begiratzea.

d) Premia kasuetarako behar diren probidentzia eta ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri ematea Gobernu Kontseiluari.

9. artikulua. Idazkaria.

1. Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa zuzendariordea Kontseiluaren bilkuretan botoz eta hizpidez parte hartuko du eta Gobernu Kontseiluko Idazkaritza eginkizunetan arituko da.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuaren aginduz Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta gainerako kideei hitzorduak jartzea.

b) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera, eta erabakiak bete daitezen tramitatzea.

c) Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak prestatzea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.

d) Bere esku uzten diren gainerako eginkizunak betetzea.

10. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua, bilkura arruntean eta nahitaez, urtean behin bederen bilduko da. Halaber, bilera berezia eginen du, kontseiluburuak horretarako deia eginez gero.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamendurako, organo kolegiatuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak xedatzen duenari men eginen zaio.

11. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait jenderen aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien partaidetza egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA

Zuzendaritza-kudeatzailetza

12. artikulua. Izendatzea, kargutik kentzea eta ordeztea.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargutik kentzea Nafarroako Gobernuaren esku egonen da, Nafarroako Berdintasunerako Institutua zein departamentutan dagoen atxikia, haren kontseilariak proposatuta.

2. Eritasuna dela edo beste edozein arrazoi dela-eta zuzendari kudeatzailea ez dagoenean Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa zuzendariordeak ordezkatuko du.

13. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Zuzendaritza-kudeatzailetzak, Zuzendaritza Nagusiaren mailakoa baita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoaren ohiko ordezkaria izatea.

b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak bete eta betearaztea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren funtzionamenduaz ardura nagusia izatea.

d) Berdintasun politiken arloan urteroko jardun-ildoak zein diren erabakitzea.

e) Giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, integratuki kudeatzea, zerbitzu eraginkor eta kalitatezkoak eman ahal izateko.

f) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren jardueren eta organoen zuzendaritza, koordinazioa eta barne antolaketa.

g) Erakunde autonomoa zein kontseilariri dagoen atxikia, hark ebatzitako espedienteen arrazoi diren proposamenei buruzko informazioa ematea.

h) Ebazpen administratiboak ematea eta erakunde autonomoak jarduteko behar dituen egintza administratiboen exekuzioa agintzea.

i) Erakunde autonomoen ordezkariei kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak gauzatzeko ematen dizkien eskumenak.

j) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren jarduketa programak prestatzea, bai eta aurrekontuen aurreproiektu proposamena eta urteko memoria ere, eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.

k) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren funtzionamendurako behar diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarrean den araudiak ezarri bezala.

l) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren lan metodoak hobetzeaz arduratzea.

m) Lan arloko auzibidera eta auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioak ebaztea eta, orobat, ondarearen gaineko erantzukizuneko prozeduren ondoriozkoak, erakunde autonomoen esparru materialaren barnean.

n) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena egin ondoren.

ñ) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egin eta Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen departamentura igortzea.

o) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko pertsonal-buru izatea.

p) Erakunde autonomoko langileei diziplina espedienteak irekitzea, hutsegite arin, larri edo oso larriak egiteagatik.

q) Erakunde autonomoko langileei hutsegite arin, larri edo oso larriak egiteagatik irekitako diziplina espedienteak ebaztea.

r) Erakunde autonomoko langileriari dagokionez, behin-behineko bereizte egoera administratiboak deklaratzea.

s) Nafarroako Berdintasunerako Institutua atxikia dagoen departamentuko kontseilariak agintzen dizkion eginkizun guztiak.

14. artikulua. Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskurantza batzuk Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa zuzendariordearen esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA

Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetza

15. artikulua. Atxikipena. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetza zuzenean Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Zuzendaritza-kudeatzailetzaren mendekoa izanen da.

2. Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa zuzendariordearen izendapena eta kargu kentzea Nafarroako Gobernuak eginen du, Nafarroako Berdintasunerako Institutua atxikia dagoen departamentuko kontseilariak proposatuta.

16. artikulua. Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzaren eginkizunak:

Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendaritza-kudeatzailetzari jarduketen urteko plangintza proposatzea, berdintasun politiken esparruan eta adierazitako ildoei jarraikiz.

b) Nafarroako Foru Komunitatean prestatzen diren Berdintasun Planak aurrera eramateko plangintza egitea, mainstreaming estrategia dualetik eta ekintza positiboetatik abiatuta.

c) Erraztasunak ematea egin asmo diren Urteko Planen prestakuntza eta laguntza teknikoa egiteko, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta plan horietan esku hartzen duten administrazio publiko eta erakundeekin batera.

d) Foru Komunitateko Administrazioaren baitan garatutako genero ikuspegiaren eta ekintza positiboen integrazioa koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

e) Onesten diren Berdintasun Planen gaineko txostenak urtero egitea.

f) Zuzendaritza-kudeatzailetzari unitate organikoen funtzionamendurako jarraibideak proposatzea.

g) Gai ekonomikoetan Zuzendaritza-kudeatzailetzari aholku ematea eta, zehazki, aurrekontuen aurreproiektuak prestatzerako garaian eta aurrekontuetako aldaketa proposatzean.

h) Erakundearen autonomoaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuena kontrolatzea.

i) Eskuorde gisa, erakunde autonomoko langileriaren antolaketaren gaineko ahalmenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak bakoitzaren arabera banatzea barne, bai eta izendapenak egitea, absentismoa kontrolatzea eta Zuzendaritza-kudeatzailetzari langileriaren arloko jarduketa egokiak proposatzea ere.

j) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian tramitatzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikitako langileen gai guztiak, betiere gai horiei buruzko ebazpena ematea Institutuaren eskumena bada.

k) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileen urteko prestakuntza plana egitea eta horren jarraipena egitea.

l) Zuzendaritza-kudeatzailetzak agintzen dizkion beste eginkizunak.

V. KAPITULUA

Atalak

17. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren atalak.

Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzak atal hauek ditu: Informazio eta Programa Atala eta Ebaluazio eta Azterlan Atala. Unitate organiko horiek ondorengo artikuluetan ezarritako eginkizunez gainera Nafarroako Gobernuko departamentuen arteko koordinazioaz ere arduratuko dira, sektorekako plangintzaren eta onesten diren berdintasun planen arabera.

18. artikulua. Informazio eta Programa Atala.

Informazio eta Programa Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dokumentazio zentroaren kudeaketaz eta antolaketaz arduratzea, berdintasun arloko ezagupena kudeatzearen ardura duen unitate gisa.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web-orriaren edukia mantentzea eta egunera jartzea.

c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta sustapenaren arloan Nafarroako Foru Komunitatean dauden baliabide, zerbitzu eta laguntzen gaineko informazioa ematea.

d) Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari jarduketa planak proposatzea bedintasun arloan, atal honi atxikitzen zaizkion departamentuekin lankidetzan, bai eta hiritarrak sentsibilizatzeko jarduketak ere.

e) Genero indarkeriaren kontrako erakundeen arteko akordioaren jarraipena koordinatzea.

f) Genero indarkeriaren arloan urterako onesten den plangintza koordinatzea eta betetzea.

g) Departamentuetako legegintzaz arduratzen diren unitateekin lankidetzan aritzea eta aholku ematea, sexuan oinarritutako eraginari buruzko txostenak egiteko.

h) Erakunde autonomoaren jarduerekin lotuta agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

19. artikulua. Ebaluazio eta Azterlan Atala.

Ebaluazio eta Azterlan Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketa Zuzendariordetzari jarduketa planak proposatzea berdintasun arloan, atal honi atxikitzen zaizkion Nafarroako Gobernuko departamentuekin lankidetzan, bai eta hiritarrak sentsibilizatzeko jarduketak ere.

b) Urteko ebaluazio txostenak egitea urterako onetsitako planak betetzeari buruz.

c) Emakumeen berdintasun eta sustapen gaiei buruzko azterlanak eta txostenak prestatzea.

d) Berdintasun arloko jarduketa planak ebaluatzeko adierazleak proposatzea, Nafarroako Gobernuko departamentuekin batera.

e) Berdintasun politiken jarraipena koordinatzea eta betetzea, Toki Administrazioko Departamentuarekin lankidetzan eta Nafarroako Toki Administrazioekin harremanetan arituz. Tokiko Berdintasun Planak.

f) Berdintasun gaietan jarduketa planak koordinatzea eta betetzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarekin lankidetzan, enpresaburuen elkarteei, sindikatuei eta Nafarroako enpresei zuzenduak.

g) Bereizkeria kasuengatik jarritako salaketak bideratzea.

h) Emakumeen elkartegintza eta botere-hartzea bultzatzeko planak ezartzea.

i) Erakunde autonomoaren jarduerekin lotuta agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

20. artikulua. Bulegoak eta antzeko unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Berdintasunerako Institutua atxikia dagoen departamentuko kontseilariaren aginduz eginen da, zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

VI. KAPITULUA

Partaidetza organoak

21. artikulua. Partaidetza organoak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak partaidetza organo hauek ditu:

a) Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua.

b) Etxeko tratu txarren edo/eta eraso sexualen biktima izan diren emakumeei laguntza integrala emateko erakunde arteko akordioaren Jarraipenerako Batzordea.

22. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizuna da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren organo aholku-emailea den aldetik, aipatu erakunde autonomoak garatu behar dituen programen plangintzan, programazioan eta antolaketan parte hartzea.

2. Horren osaera eta funtzionamenduaren araubidea Nafarroako Berdintasunerako Institutua atxikia dagoen departamentuko kontseilariak ezarriko ditu erregelamendu bidez.

23. artikulua. Erakunde arteko Akordioaren Jarraipenerako Batzordea.

Erakunde arteko akordioaren Jarraipenerako Batzordea etxeko tratu txarren edo/eta eraso sexualen biktima izan diren emakumeei laguntza integrala emateko akordioaren koordinazio organoa da.

24. artikulua. Batzordearen eginkizunak.

Jarraipenerako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Etxeko tratu txarren edo/eta eraso sexualen biktima izan diren emakumeei laguntza integrala emateko erakunde arteko akordioaren edukiak betetzen diren aztertzea.

b) Erakunde sinatzaileei komenigarri jotzen diren jarduketak proposatzea, akordioan bildutako neurrien eta jarraibideen benetako aplikazioa helburu.

c) Erakunde sinatzaileek elkarrekin jarduteko proposamenak egitea, bai eta erakunde batean baino gehiagotan eragina izanen duten esku-hartzeak eta jarduketak koordinatzeari buruzkoak ere, akordio haren xedeko gaiari buruz.

d) Proposamenak prestatzea Jarduketa Akordioaren indarraldian sor daitezkeen ekimen edo egoera berriei akordioaren edukiak egokitzeko.

e) Urte bakoitzeko bukaerako txostena egitea, akordioaren edukien betetze-mailaren jarraipenari eta ebaluzioari buruzkoa.

f) Baliabideak nazioan nahiz nazioartean gai honi buruz ematen diren oinarrizko lege guztiei egokitzea.

g) Erregelamendu bidez agintzen zaizkion beste eginkizun guztiak.

25. artikulua. Batzordearen osaera.

Jarraipen Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeburua: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea.

b) Buruordea: Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendaria.

c) Batzordeko kideak:

c.1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak izendatutako kide bat.

c.2. Osasun Departamentuak izendatutako kide bat.

c.3. Hezkuntza Departamentuak izendatutako kide bat.

c.4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatutako kide bat.

c.5. Familiaren Zuzendaritza Nagusiak izendatutako kide bat.

c.6. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak izendatutako kide bat.

c.7. Nafarroako Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak izendatutako kide bat.

c.8. Nafarroako Fiskaltzako ordezkari bat.

c.9. Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Zerbitzuak izendatutako kide bat.

c.10. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

c.11. Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

c.12. Lau ordezkari, Nafarroako Segurtasun Indar eta Kidego bakoitzak izendatutakoak.

c.13. Emakumeentzako Laguntza Juridikoko Zerbitzuaren koordinazioaz arduratzen den pertsona.

d) Idazkaria: Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Informazio eta Programa Ataleko burua.

26. artikulua. Batzordearen funtzionamendua.

1. Batzordeak osoko bilkuren bidez edota azpibatzordeen bidez jardun ahal izanen du.

2. Bost azpibatzorde eratu dira, guztiak Nafarroako Berdintasunerako Institutuak koordinatuak:

a) Emakumeari ematen zaizkion tratu txarrei arreta eman eta aurrea hartzeko gizarte baliabideak aztertu eta baloratzeko erakundearteko azpibatzorde teknikoa.

b) Polizia azpibatzordea.

c) Azpibatzorde judiziala.

d) Azpibatzorde juridikoa.

e) Osasun azpibatzordea.

III. TITULUA

Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

27. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko irailaren 27ko 17/1985 Foru Legearen arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikiko zaizkio:

a) Nafarroako Ondarekoak diren ondasun eta eskubide guztiak, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkionak; ondare horren ondasun direnez gero dagozkien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, hori guztia delako foru legearen 61. eta hurrengo artikuluen norainokoaz.

b) Gizarte Zerbitzuen arloan gertatutako eskualdatzearen ondorioz, Nafarroako Ondarekoak izatera pasatu diren Gizarte Segurantzako sistemaren ondasun eta eskubideak, erakunde autonomoari atxikitzen zaizkionak.

28. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko baliabideak ondoko hauek izanen dira:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen korritu, errenta eta etekinak.

b) Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako esleitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako aurrekontu orokorren kargura emandako transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen dirusarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

29. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

3. Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

30. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kudeaketa ekonomikoa _kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren edukin ekonomikoko ondasun eta eskubideak sartzen dira_, Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetza dela kontabilitatea.

31. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA

Langileak

32. artikulua. Langileen araubidea.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileria honako hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Gobernuak egindako izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikiak edo atxikiko direnak.

c) Estatuko Administrazio Nagusitik edo beste administrazio batetik Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxiki zazkion langileak.

d) Erakunde autonomo bereko lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA

Egintzen araubide juridikoa

33. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langile, kontratazio eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioko araudi berariazkoari jarraituko zaio.

34. artikulua. Errekurtsoak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

35. artikulua. Defentsa juridikoa.

1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuaren Lege Aholkularitzak lege aholku ematen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0620084