153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIZUR NAGUSIA

Publizitatearen gaineko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2006ko abuztuaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zizur Nagusiko publizitatearen gaineko udal ordenantza.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoa betetzeko, jendaurrean egon zen, baina epe hori inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Zizur Nagusiko Udalak, 2006ko azaroaren 23an egindako osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen aipatutako ordenantza, eta hemen jarraian ematen da testua osorik.

Zizur Nagusian, 2006ko azaroaren 27an._Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

PUBLIZITATEAREN GAINEKO UDAL ORDENANTZA

Herritarren bizikidetzarako harremanak eta eremu publikoen erabilera modu egokian antolatzearren, Udalak, sektoreko araudi berariazkorik ez izanik eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (abenduaren 16ko 57/2003 Legeak aldatua) XI. tituluak gaitzen duenez gero, egokitzat jo du ondasun publiko edo pribatuetako publizitate jarduerak, udal jabari publikotik ageri direnak, arautzea. Publizitaterako baldintzak ezartzeaz gain, lizentzia emateko prozedura, arau-hausteak, betebeharrak saihesteagatiko zehapenak, debekuak edo mugak ezarri dira, eta publizitatearen gaineko udal ordenantza honetan bildu.

Lehen artikulua._Publizitate jarduketek bete beharreko baldintzak, prozedura eta zehapenak arautzea du xede ordenantza honek, udal jabaritik agerikoak izanik, titulartasun publikoko edo jabetza pribatuko ondasunen gainean egiten direnean.

Bigarren artikulua._Ordenantza honi dagokionez, publizitatea edozein ekintza da, jendeari gizarte, politika, sindikatu, kultura, lanbide, kirol eta ekonomia arloko jarduerak nahiz kontsumorako eskaintzen diren produktu eta zerbitzuak daudela ezagutarazteko egina.

Hirugarren artikulua._Publizitatea ondoko baliabide hauetakoren bat erabiliz egiten ahalko da:

_Hesiak: edozein instalazio geometriko izan daiteke, publizitatearen mezuak adierazteko erabiltzen ahal baldin bada.

_Errotuluak: publizitaterako edozein euskarri da, dagoen tokiko lokal edo instalazioen izena, jarduera eta funtzionamendua ezagutarazteko ezarria.

_Kartelak eta pankartak.

_Hiri altzarien gaineko publizitatea: eremu publikoan dauden gauzak publizitatea egiteko erabiltzea da.

_Publizitate mugikorra: trakzio mekanikoa edo animalien bidezkoa duen edozein elementu baliatuz (ibilgailuak, aerontziak, etab.) publizitatea egitea da.

_Bestelako baliabideak: beste edozein baliabide, publizitatea egiteko erabiltzen ahal dena; konparaziorako, idatzita, ahoz edo megafonoz propaganda norberak banatzea.

Laugarren artikulua._Ez da baimenik emanen publizitateko hesiak jartzeko ondoko toki eta baldintza hauetan:

1. Debeku da lehen eta bigarren mailako babesa duten eraikin katalogatuetan publizitate hesiak jartzea, baita haien ondo-ondoan ere, babespeko eraikina ongi ikusteko traba badira.

2. Debeku da hesiak jartzea ondare katalogatuko zuhaitz eta lorategietan, baita katalogatuta dauden elementu berezietan eta hiri altzarian.

3. Hiriko plaza, lorategi eta berdegune guztietan.

4. Eraikin baten jabeei argi edo ikuspegi eskubidea murrizten zaien tokietan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 403. Legeak horren gainean dioenari jarraikiz.

5. Ibilgailuendako galtzadetan eta espaloietan, baita trafikoaren nahiz oinezkoen segurtasuna arriskuan egon daitekeen toki guztietan ere. Espaloirik ez dagoen lekuan ere ez dago baimenik publizitateko hesiak jartzeko galtzadatik hiru metroko babesgunean, alde batean zein bestean. Hori guztia Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legeak udal mugapean igarotzen diren errepideentzat ezarritako mugak baztertu gabe.

6. Hesiak ez dira inoiz eraikin hurbilenaren beheko solairua baino altuago izanen. Eraikinik ez izatera, bost metroko altuera gainditu dezakete, lur-arrasetik neurtuta. Eraikinik gabeko tokietan jarritako hesiek bi metroko tartea izanen dute, gutxienez, lur-arrasetik hesiaren beheko ertzera.

7. Obren itxituretan baimena emanen da publizitate hesiak jartzeko, itxiturari datxekiola jartzen baldin badira.

8. Hutsik utzitako merkataritzako lokaletako edo behe solairuetako itxituretan jarri behar diren hesiak lokalaren hutsuneen mugen barrenean beharko dira kokatu, eraikuntza proiektuan zehazten diren horien barrenean, alegia.

9. Kanpo aldean erabilera publikoaren zortasuna duten jabetza pribatuko ondasunetan, ez da baimenik izanen publizitateko hesiak jartzeko, baldin eta horiek zortasuna ezartzeko zioa, erabilera publikoa alegia, oztopatzen badute.

Bosgarren artikulua._Hesiak jabetza pribatuko ondasunetan jartzeko, Udalaren baimena beharko da aldez aurretik. Udala titularra den ondasunetan publizitate hesiak jartzeko eta haiek erabiltzeko, Udalak eman beharko du baietza lehiaketa publiko baten bitartez.

Seigarren artikulua._Udal mugape honetan, eremu publikotik ikusten diren errotulu eta iragarki argidunak jarri aitzin, lizentzia eskuratu beharko da, eta hura ordenantza honetan ezarritako zehaztapenen arabera emanen da.

Zazpigarren artikulua._Hurrengo tokiotan jartzen ahal dira errotuluak:

1. Behe solairuetan, errotuluek Eraikuntzaren ordenantza orokorretan ezarritako baldintzak beteko dituzte.

2. Lehenengo solairuetan, argi zuloetan (leiho eta antzekoetan) jartzen ahalko dira errotuluak.

3. Ez da baimenik izanen aipatu baldintzak betetzen ez dituzten errotuluak jartzeko, non ez den errotuluaren diseinua fatxadaren diseinuaren atala bat, fatxada bere osotasunean harturik.

Zortzigarren artikulua._Ez da baimenik emanen errotulu, kartel edo plakak jartzeko, haien itxura, kolore, marrazki edo idazkiengatik trafiko seinaleekin nahasten badira, haiek ikustea galarazten badute edo ibilgailuetako gidariak itsutzen badituzte. Ezta iragarki islagarrientzat edo material errekinentzat oihanetan edo landaretza handiko eremuetan.

Bederatzigarren artikulua._Hiri altzarian jarritako publizitatea.

Zerbitzu publikoren bat emateko muntaduretan, publizitatea elementu hauetan bakarrik agertuko da:

a) Paperontzietan, faroletan eta publizitaterako zutoinetan.

b) Erlojuetan, termometroetan eta jendeari informazioa emateko gainerako aparatuetan.

Eremu publikoan muntadura horiek jartzeko baimena ematen duten baldintza-agirietan, neurriez gain, zehaztu behar da zein lekutan jarri behar diren, kasuan kasuko gainerako baldintzak eta zenbateko tokia utzi behar duten Udalaren esku, honek egoki ikusten dituen ohar edo iragarkiak jartzeko.

Kartelak aterpe, markesina eta autobusak gelditzeko zutabeetan eta telefono kabinetan ere jartzen ahal dira, aurreko lerroaldean aipatu diren baldintzak bete eta lizentzia eskuratu ondotik.

Hamargarren artikulua._Publizitate mugikorra: trakzio mekanikoa edo animalien bidezkoa baliatuz eginen den publizitatea baimentzeko, aurreikusitako jardueren txostena aurkeztu beharko da, ordutegia, publizitateko baliabideak, erabili beharreko tresnak, etab. adierazita. Udalak lizentzia emanen du baldin eta publizitateko mezuek ordenantza honetan adierazitako baldintza administratiboak betetzen badituzte, eta behar adina bermatzen bada ibilgailuen zein oinezkoen zirkulazioa. Udalak baldintzak zehazten ahalko ditu baimenean publizitate jarduera egin ahal izateko.

Hamaikagarren artikulua._Beste baliabide batzuk: aipatu gabeko edozein baliabide erabiliz publizitatea egin gogo dutenek aurrera eraman beharreko jardueren txostena beharko dute aurkeztu. Udalak baimena emanen du ordenantza honetan ezarritako baldintza orokorrak betetzen badira eta behar adina bermatzen badira segurtasuna eta txukuntasuna. Gainera, publizitateak ez die kalterik eginen herritarrei eta ez ditu gogaituko.

Espresuki debekatzen da eremu publikoan propaganda idatzia botatzea.

Hamabigarren artikulua._Kartel eta pankartak: publizitateko kartelak jartzeko baimena emanen da karteldegi, bitrina, erakusleiho edo beste edozein lekutarako, baldin eta haiek jarri, kendu edo aldatzean ez bada hirigunearen itxura zakartzen.

Espresuki debekatua dago kartelak eta pankartak jartzea merkataritzako lokalen erakuslehioetatik kanpo, eraikinen fatxadetan eta behe solairuetan _okupatuak egon edo ez_, aldamioetan, obra itxituretan eta hiri altzarian. Dena dela, salbuespen gisa, Udalak baimena eman ahalko du kartel eta pankartak jartzeko baldin eta eskatzaileak konpromisoa hartzen badu udal administrazioak adierazitako epean haiek kentzeko eta behar adina bermatzen bada euskarriaren hasierako egoera. Kasu horietan, Udalak zehazten duen fidantza jarri beharko da baimena eskuratzeko, baldintzak beteko direla bermatzearren.

Hamahirugarren artikulua._Kasu bereziak: ordenantza honetako aginduak ondoko gertaerek sorturiko baldintza berezietara egokitu edo moldatuko dira:

a) Hauteskundeetako kanpainak.

b) Herriko festak eta Eguberrietakoak.

c) Kirol eta kultur ikuskizunak, ohiko ez direnak (txirrindula itzulia, kultur topaketak, etab.)

d) Garrantzi berdintsuko beste gertakizun batzuk.

Beti beharko da Udalaren baimena, eta beharrezko segurtasun baldintzak, ibilgailu eta oinezkoen zirkulazio egokia, eta osasungarritasun zein txukuntasun publikoa bermatzera mugatuko da.

Hamalaugarren artikulua._Baldintza tekniko-administratiboak:

1. Eraikuntzen babesik gabe kokaturiko publizitate euskarriek ehun eta hogei km/orduko haizea jasateko gai izan beharko dute, aditu eskudunen batek sinaturiko txosten teknikoaren bidez frogatuta.

2. Elementu argidun edo mugikorrak dituzten publizitateko hesi eta errotuluak jarri ahal izateko, aurretik Industria Ministerioaren Herrialdeko Ordezkaritzak edo Foru Komunitateko erakundeetan eskumena duenak eman beharko dute baimena.

3. Publizitateko elementu bakar batek ere ez du bere itxuragatik nahasketarik sortuko trafiko seinaleekin edo bide seinaleetako elementuekin, zutikakoak nahiz etzanak izan.

4. Hots bidezko publizitatea, goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak bitarte bakarrik egiten ahalko da, arlo horren gaineko legerian ezarritako hots mailak betez, betiere.

5. Publizitateko proiekzio finko nahiz mugimenduzkoak debekatuko dira, haiek ikustera bildutako jendeak ibilgailu edo oinezkoen zirkulazio egokia trabatzen duela uste bada edo horrela dela ikusiz gero.

6. Argi bidezko muntadurak baliatzen dituzten publizitate jarduerek ez dute jendea itsutuko, eta ez diete nekea edo eragozpenik sortuko begietan. Arrazoi horiengatik ezetza emateko, Udalak txosten tekniko frogagarriak izan beharko ditu.

7. Argi bidezko publizitateak ezin izanen ditu muga hauek gainditu:

_Lurretik gora 5 metro arte, gehienez ere 4.000 kandela metro koadro bakoitzeko. Tarte horretan ezin izanen dira itzal-piztuka dabiltzan argiak ezarri.

_Modu berean neurturiko altuera 5 metrotik gorakoa bada, baina 10 metrora iritsi gabe, gehienez ere 5.000 kandela metro koadro bakoitzeko onartuko da itzal-piztukako argientzat.

_Altuera, modu berean neurtuta, 10 metrotik gorakoa denean, argitasunak muga horiek gainditzen ahalko ditu.

8. Edozein sistema mugikorren bidezko publizitatea egiteko, goizeko bederatzietatik arratseko hamarrak arte da muga. Industria Ministerioaren probintziako ordezkaritzak baimendu beharko ditu ibilgailuak edo publizitatea eramanen duen beste edozein euskarri. Publizitate mugikorra hots bidezkoa bada, zerbitzu teknikoek ezarritako mugek baldintzatuko dute baimena, herritarrak gogaitu ez ditzan.

9. Ez da inoiz baimenik emanen publizitatea egiteko, ez badira behar adina bermatzen muntaduraren segurantza eta funtzionamendua, ibilgailu eta oinezkoen segurantza, kokatzen den tokiaren txukuntasuna eta bizilagunen lasaitasuna eta segurantza, ezta partikularrek izan ditzaketen bista eta argi eskubideak ere.

Hamabosgarren artikulua._Lizentzien tramitazioa.

Lizentziak emateko, xedapen orokorrei eta ondotik adierazten direnei jarraituko zaie:

1. Pertsona naturalek zein juridikoek beharko dute eskatu, publizitatea beren jabetzako ondasunetan egin behar dutenean; bestela, erregistro orokorrean inskribaturiko publizitate etxeek.

2. Baimenaren eskaerari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Publizitate jardueraren ekintza, baliabide, ordu eta abarrak azaltzen dituen txostena, ordenantza honek eta aplikagarri izan daitezkeen arauek ezarritako zehaztapenak beteko direla frogatuko duena.

b) Elementu finkoak jartzekotan, haien azalpena ematen duen txostena erantsi beharko da, neurriak, muntaiaren sistema eta zehazki zein tokitan jarri behar den adierazteko, haizearen indarra jasateko behar den egituraren justifikazio teknikoarekin eta exekuzio materialerako aurrekontuarekin batera.

c) Oinplanoa eta altxaeraren planoa, instalazio osoaren proiekzioak, hala lur gainekoak nola parametro bertikalen gainekoak, adierazteko modukoa, edo haren kokaera zehatzaren eta ingurunearen argazkia.

d) Erantzukizun zibilaren aseguru poliza, publizitate jarduerak inori sortu ahal dizkion kalteak ordaintzeko.

3. Eskaerei buruz, Udalaren zerbitzu teknikoek, zeinek zein behar duen, haren txostena eginen dute, zer nolakoa den baimena behar duen jarduera, hari begiratuz.

4. Jabetza eskubideak salbu utziz eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen dira baimen edo lizentziak.

5. Publizitate kanpaina jakin batean aritzeko lizentziak, halako epe baterako emanen dira.

6. Publizitate hesi eta errotuluak jartzeko lizentziak mugaegunik gabekoak izan daitezke, eta ohiko iraungitze bideez gain, hiru hilabete iraganez gero erabili gabe indarra galduko dute, errua eskatzailearena bada. Gainera, lizentzia emateko garaian tokiak betetzen zituen baldintzak desagertuz gero, bertan behera geldituko da lizentzia.

7. Aurreko puntuetan ezarritakoa betetzen ez bada, ondorio hauek etorriko dira:

_Gordailuan utzitako fidantza galtzea, horrelakorik egin bada.

_Iragarkia zortzi egun baino lehen kendu beharra, hutsegilearen kontura.

_Lizentziaren titularrak izanen du erantzukizuna baimendutako publizitatea egitean sortutako kalteengatik. Udalak partikularrari ezarri ahalko dizkio gastuak, gauzak lehen zeuden bezala jartzeko ordezko betearazpenak egin behar dituenean.

Hamaseigarren artikulua._Arau-hausteak.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

Oso larriak dira ondorio hauek dituzten arau-hausteak:

a) Bizikidetzaren asaldura nabarmena, eragin larria, berehalakoa eta zuzenekoa duena jendearen lasaitasunean edo haien eskubide legitimoetan, nahiz araudiari jarraitzen dioten jarduera guztien garapen arruntean edo osasungarritasun edo txukuntasun publikoan; betiere, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako portaerak ez direnean.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea duen pertsona bati edo gehiagori hura galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten ohiko funtzionamendua galaraztea edo hura modu larrian oztopatzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegitura, instalazio edo elementuetan kalte larria eragitea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea duen pertsona bati edo gehiagori hura galaraztea.

f) Herritarren segurtasuna asaldatu beharrik gabe, eremu publikoetan edo haietako edozein instalazio eta elementutan, higigarri edo higiezin izan, kalte larria eragitea.

2. Gainerako arau-hausteak larriak eta arinak dira, irizpide hauen arabera:

a) Zenbateko asaldura sortzen den besteen edo jardueren lasaitasunean edo haien eskubideen erabilera baketsuan.

b) Zenbateko asaldura sortzen den osasungarritasun edo txukuntasun publikoan.

c) Zenbateko asaldura sortzen zaion jendeari zerbitzu edo eremu publiko bat erabiltzeko, hartarako eskubidea izanik.

d) Zenbateko asaldura sortzen den zerbitzu publiko baten ohiko funtzionamenduan.

e) Zenbateko kaltea sortzen den zerbitzu edo eremu publiko baten hornidura, azpiegitura, instalazio edo elementuetan.

Arau-haustea hirigintzaren aurkakoa bada, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamazazpigarren artikulua._Zehapenak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteek honako neurriok ekarriko dituzte:

_Arau-hauste oso larriek: 3.000 euro bitarteko isuna.

_Arau-hauste larriek: 1.500 euro bitarteko isuna.

_Arau-hauste arinek: 750 euro bitarteko isuna.

Hemezortzigarren artikulua._Erantzuleak eta zehatzeko prozedura.

1. Ordenantza honen aurkako arau-hausteen erantzule izanen dira:

a) Lehenbizi, publizitate enpresa edo pertsona fisikoa zein juridikoa, lizentziarik eskuratu ez edo lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetako aginduak bete gabe, iragarkia jartzen duena.

b) Horien ordez, iragarkia jarrita duen eraikinaren jabea edo instalazioaren kontzesioduna.

2. Abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduak arautzen du zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura, ordenantza honetan jasoa, alegia.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa._Ordenantza hauek onetsi aurretik ezarritako publizitate hesiak legeztatu egin beharko dira, haiei egokituz. Horretarako, publizitate enpresa behartua dago ordenantzak eskatzen dituen eskaera eta dokumentuak aurkeztera; bestela, desmuntatu eta kendu egin beharko ditu. Nolanahi ere den, ordenantza honek indarra hartu ondoko hiru hilabeteren buruan bukatuko den epean jardun beharko da.

Bigarrena._Epe hori agortuz gero, udal zerbitzuek aurreko lerrokadan xedatutakoa urratuz ezarrita dirauten kartel zein publizitate hesiak desmuntatu eta kenduko dituzte, arduradunaren kontura.

Hirugarrena._Ordenantza honekin bat ez datozen gainontzeko publizitate instalazioak, hemen xedatzen denari lotu beharko zaizkio, baldin eta berritze zein egokitze obrak egiten badira edo titulartasunean aldaketarik gertatzen bada.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0618968