153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOBEITI

Berriogoitiko eta Artikako 0-3 urtekoendako haur eskolak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2006ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Berriogoitiko eta Artikako 0-3 urtekoendako haur eskolak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 110. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 9an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Berriobeitin, 2006ko azaroaren 20an._Alkatea, José María Irisarri.

BERRIOGOITIKO ETA ARTIKAKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin da, eta xedea du Berriogoitiko eta Artikako 0-3 urtekoendako haur eskoletan _Berriobeitiko Udalaren jabetzakoa baitira_ haurrak inskribatu eta onartzeko araubidea ezartzea eta, horrez gain, ikastetxe horien funtzionamenduaren zenbait alderdi arautzea.

Hartzaileak, plazak eta erabiliko diren hizkuntzak

2. artikulua. Berriobeitiko Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskoletan plaza eska dezakete haur hezkuntzako lehen ziklorako adina (0-3 urte) duten haurren guraso edo tutoreek. Haurrek ikasturtea hasi baino gutxienez 16 aste lehenago jaioak edo jaiotzekoak izan behar dute.

Onartutako haurrak ez dira haur hezkuntzako ikastetxeetan sartuko 16 asteko adina izan arte.

0-3 urtekoendako haur hezkuntzako ikastetxeetako plazak Udalak, osoko bilkuran, ikastetxe bakoitzerako finkatutako hizkuntza ereduaren araberakoak izanen dira; betiere kontuan hartuz betiere Berriogoitiko haur hezkuntzako ikastetxean gaztelania dela heziketa hizkuntza bakarra, eta Artikakoan, berriz, euskara dela heziketa hizkuntza bakarra.

Eskabideak, epeak eta agiriak

3. artikulua. a) Plaza gordetzeko eskabideak.

Aurreko ikasturtean Berriobeitiko Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskoletan ibili diren haurren guraso edo tutoreek hurrengo ikasturterako plaza gordetzeko eskabidea aurkeztu ahalko dute, ikastetxean, ematen zaien ereduaren arabera egina, urte bakoitzean ezartzen zaien epean.

b) Bete beharreko plazak argitaratzea.

Behin plazen erreserba eginik, Hautapen Batzordeak, kontuan izanik 3086/2001 Ebazpenean ezarritako ratioak, argitara emanen ditu bete beharreko plazak eta onarpen prozesuan erabiliko den baremoa, Udaleko iragarki oholean.

c) Lehen aldiz sartzeko eskabideak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak Berriobeitiko Udalean jaso ahalko dira, baita beterik itzuli ere, hartarako jarritako epean.

d) Agiriak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak eredu ofizialaren arabera eginen dira eta haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, onarpen prozesuan balora daitezen:

d.1. Lan egoera eta/edo ikasketak frogatzeko agiriak.

_Urteko eskaera epearen aitzineko hileko nomina, aitarena eta amarena, edo lan egoera erakusten duen ziurtagiria edo gizarte segurantzan _dela araubide orokorrean dela berezian_ kideturik daudela frogatzen duena. Lanaldi partzialean jardunez gero (lanaldi erdia bitarte), horren ziurtagiria. Langile autonomoek kasuan kasuko lanbide elkargoan alta hartua duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baita Autonomoen Gizarte Segurantzako araubidean edo behar den mutualitatean ere.

_Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.

_Arduradunetariko bat eszedentzian egonez gero, lanaldiaren eta lanpostura itzuliko den egunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du (lanaldia kontatuko da, betiere eszedentzia bukatzen bada, gehienez jota, ikasturtea hasi eta ondoko hilabetean).

d.2. Familiaren osaera frogatzeko agiriak:

_Familia liburuaren fotokopia (gurasoak eta seme-alabak).

_Familia ugariaren dokumentu ofizialaren fotokopia.

_Haurra kenduta, famili unitateko beste edozein kideren minusbalioaren ziurtagiria.

_Banantze edo dibortzioko akordioa.

d.3. Errenta mailak frogatzeko agiriak.

_Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egitera beharturik ez izatera, horren frogagiria aurkeztu beharko da eta azken urte fiskaleko dirusarreren zinpeko aitorpena.

_Oinarrizko Errenta hartuz gero, horren frogagiria.

d.4. Etxea edo aitaren nahiz amaren lantokia hurbil izatearen frogagiriak.

_Aitaren edo amaren erroldatze agiria, baita haurrarena ere, Udalak emana; horrekin batera, zehaztu den etxebizitzan benetan bizi direla egiaztatzeko agiriak (uraren, argiaren edo antzekoen ordainagiriak, eskatzailearen izenean betiere).

_Aitaren edo amaren lantokia zein den frogatzen duen dokumentazioa.

d.5. Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

_Babesgabetasuna: babesgabetasunaren deklarazioa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak emana.

_Arriskua: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak edo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoek egindako txostena.

_Hezkuntzako behar bereziak: haurraren minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

d.6. Jaio gabeko haurrak: gutxi gorabehera noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria (gehienez ere: 16 aste ikasturtea hasi baino lehen).

d.7. Beste edozein inguruabar berezi baloratzeko, medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da, inguruabar hori frogatzeko.

Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion atalean.

Aurkeztutako agirien kopiak aztertuko dira, eta hartzeko ardura duenak egiaztatuko du benetakoak diren.

Eskabidean edo gainerako dokumentazioan jarritako datuak faltsuak badira, emandako plaza kendu ahalko da.

Izen emateko epea amaiturik agiriren bat falta bada, agiri hori eskatuko da eta 10 egun egonen dira aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein momentutan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

Irizpideak eta hautatzeko baremoa

4. artikulua. Lehen aldiz sartzeko eskabideak aurkezteko epeak amaiturik, Hautapen Batzordeak, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eskabideak baloratuko ditu baremo hau aplikatuz:

1. Gurasoen lan egoera (15 puntu gehienez):

1.1. Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 15 puntu.

_Gurasoek edo tutoreek, biek lanaldi osoan lan egiten dutenean (lanaldi osotzat hartuko da lanaldi erdia baino gehiago bada).

_Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan, eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik (ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak, hala nola DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateetako titulazioak).

_Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik.

_Guraso bakarreko familietan, adin txikikoaren hezkuntzaz eta mantentzeaz arduratzen dena lanaldi osoan lanean ari denean.

1.2. Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean: 11 puntu.

_1.1 atalean zehaztutako egoeretan, baina dedikazio partziala izanik.

_Aita edo ama lanean edo ikasten, bata jardunaldi osoan eta, bestea, partzialean.

1.3. Aita edo ama edo tutoreetako bat lanaldi osoan lanean eta bestea lana bilatzen: 7,5 puntu.

a) Lan egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

a.1. Gizarte Segurantzan alta eman edo jarduera ekonomikoetan alta izan gabe egindako lana ez da kontatuko.

a.2. Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, lanbidean aritzeari buruzko frogagiria edo jarduera ekonomikoen alta aurkeztuko da.

a.3. Eskatzen den hilean nominarik edo lanaren ziurtagiririk izan ezean, eskari epea zer hiletan den, harexeko lan jardueraren ziurtagiria onartuko da: lan-kontratua, Gizarte Segurantza, etab. edo bestela, lan-bizitzaren agiria.

a.4. Eszedentzian baldin badago, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabetea baino lehen. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik ez dela, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

2. Familiaren osaera (8 puntu, gehienez).

Famili unitateko kideen kopurua kontatzeko, Familia Liburuko guraso eta seme-alaben orria aurkeztuko da. Familia gunean elkarrekin izandakoak ez diren seme-alabak baldin badaude, edo Familia Liburuan agertzen ez direnak, bestelako Familia Liburuen bidez egiaztatu beharko dira, edo jaiotza agirien edo banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.

_Bikiak, hirukiak, laukiak...., edo 6 urtez beheitiko hiru seme-alaba edo gehiago: 6 puntu. 6 urtez beherako 3 seme-alaba edo gehiago kontatzeko, eskabidea noiz egiten den, hura baino lehenagoko seigarren urteko urtarrilaren 1etik aitzina sortuak hartuko dira kontuan.

_Guraso bakarreko familia, 6 puntu.

_Adin desberdineko bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean (tokiaren erreserba sartzen da): 4 puntu.

_Familia ugaria izatea: puntu bat.

_Haurraz aparte, famili unitateko edozein kideren minusbaliotasun onartua izatea: puntu bat.

3. Errenta maila (12 puntu, gehienez): urteko per capita errentaren arabera baloratuko da (aitaren eta amaren zerga-oinarriak familia-unitateko kideen kopuruaren artean zatitzetik ateratzen den kopuruari esaten zaio urteko per capita errenta).

_2.499,99tik beherako per capita errenta: 12 puntu.

_2.500 eta 3.199,99 euroen arteko per capita errenta: 11 puntu.

_3.200 eta 3.799,99 euroen arteko per capita errenta: 10 puntu.

_3.800 eta 4.499,99 euroen arteko per capita errenta: 9 puntu.

_4.500 eta 5.199,99 euroen arteko per capita errenta: 8 puntu.

_5.200 eta 5.999,99 euroen arteko per capita errenta: 7 puntu.

_6.000 eta 6.999,99 euroen arteko per capita errenta: 6 puntu.

_7.000 eta 8.399,99 euroen arteko per capita errenta: 5 puntu.

_8.400 eta 9.799,99 euroen arteko per capita errenta: 4 puntu.

_9.800 eta 11.299,99 euroen arteko per capita errenta: 3 puntu.

_11.300 eta 12.799,99 euroen arteko per capita errenta: 2 puntu.

_12.800 euroko errentak edo gehiagokoak: puntu bat.

b) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

b.1. Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, bereizi nahiz dibortziatzeko epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabarentzako legezko neurriak daudenean izan ezik. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.

b.2. Aitorpenik ez bada, Ogasuneko bulegoaren agiria aurkeztuko da, aitorpena aurkeztera beharturik ez dagoela egiaztatzeko eta, gainera, aitzineko urtean izandako dirusarreren frogagiria (nominak, oinarrizko errenta, zinpeko aitorpena eta abar).

b.3. Urteko per capita errentatzat hartuko da familia-unitatearen (aitaren eta amaren) dirusarrera garbi guztiak familia kideen kopuruarekin zatitzearen emaitza. Dirusarrera garbitzat hartzen da P.F.E.Z.aren aitorpeneko zerga-oinarria (zerga-oinarriaren oinarri orokorra gehi, horrelakorik bada, oinarri likidagarri berezia).

4. Aitaren edo amaren etxearen edo lantokiaren hurbiltasuna (gehienez ere 50 puntu).

_Famili unitatea eskatzen den eskolaren udalerrian bizitzea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, 45 puntu.

_Aitak edo amak eskatzen den eskolaren udalerrian lan egitea, 5 puntu.

_Berriobeitiko osasun eskualde oinarrizkoan sartzen diren herrietan bizitzeagatik, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, baldin eta udal horrek hitzarmena sinatu badu Berriobeitiko Udalarekin 0-3 urteko haurrendako eskoletarako, 15 puntu.

_Berriobeitiko Udalarekin 0-3 urteko haurrendako eskoletarako hitzarmena sinatu duen udalerriren batean bizitzeagatik, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, 7 puntu.

c) Hurbiltasun geografikoaren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

c.1. Famili unitate osoa herrian bizi ez bada, puntuak famili unitateko kideen artean zatituko dira eta batuko erroldatu kopuruari dagozkionak.

5. Bestelako irizpideak. Hautapen Batzordeak beste behar larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak, hartzen ahal ditu kontuan; 10 puntu, gehienez ere.

Baremoaren ataletan xedatutakoa gorabehera, arriskuan eta babesik gabe dauden haurrak eta hezkuntza behar bereziak dituztenak zuzenean sartuko dira Haur Hezkuntzako ikastetxeetan, gizarte zerbitzu eskudunek eta/edo Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko arlo honetako unitate teknikoak proposatuta.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondoren:

_Famili unitatearen erroldatzearen antzinatasuna.

_Per capita errenta txikiena.

_Adin handiena.

Ebazpenaren faseak

5. artikulua. a) Behin-behineko zerrendak.

Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira onartuen behin-behineko zerrendak eta behin-behineko itxaron zerrendan daudenak, betiere baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.

b) Erreklamazioak egiteko epea.

Erreklamazioak egiteko epea 10 egunekoa izanen da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.

Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira Udalean, behar bezala arrazoituak eta justifikatuak, Hautapen Batzordeari zuzenduta, behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduz.

c) Behin betiko zerrendak.

Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrendak Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira, erreklamazioak egiteko epea bukatu eta ondoko 7 egunetan. Zerrenda horiek ere, izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondotik lortutako puntuazioaren arabera eginen dira.

Matrikula gauzatzea. Bajak

6. artikulua. a) Matrikulak Berriobeitiko Udaleko 0-3 urtekoendako haur eskoletan gauzatuko dira, horretarako ezarriko den epean gauzatu ere. Matrikula egiteko honako hauek aurkeztu beharko dira:

_Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

_Aitaren eta amaren N.A.N.aren edo I.F.Z.aren fotokopia.

_Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken urte fiskaleko aitorpenaren fotokopia, aitarena eta amarena.

_Ordainagiriak helbideratuko dituen banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertuz.

_Jateko edo osasuneko behar bereziak izanez gero, haiek biltzen dituen txosten medikoa.

_Ikasturtearen azken hilabeteko kuota ordaindu izanaren frogagiria.

Zuzendaritzaren bitartez, ikastetxeak bere funtzionamenduaren gaineko argibideak eta Udalak ikasturte horretarako onetsitako eskola egutegia emanen dizkie haur onartuen familiei.

b) Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste esleipen bat eginen da itxaron zerrendako ordenari jarraituz.

c) Kuotak igortzeari utziko zaio haurren guraso edo tutoreek ikasturtean zehar gertatzen diren borondatezko bajen berri ematen diotenean ikastetxeko zuzendaritzari, betiere idatziz. Azken hiruhilekoko bajek ez dute kuota guztien ordainketatik salbuetsiko.

d) Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik, ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari.

Aurreko egoera horietan, Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio familiari ikastetxean baja eman zaiola haurrari. Hamar egun iragan eta ez badago familiaren jakinarazpenik, plaza hutsa beteko da, itxaron zerrendako ordenari jarraikiz. Kasu horietan ez da matrikulagatik ordaindutako kuota itzuliko.

e) Matrikula gauzatzearen ondorioz haurrak ikastetxera etorri behar du eta ikasturteko hamaika hilabetekoak ordaindu behar dira matrikulan hautatutako modalitatean, non ez den borondatezko bajarik tartean. Ikasturtea hasia dela egiten bada matrikula, haurra ikastetxean sartzen den unetik aitzinera hasiko da kuotak ordaintzen, eta ikasturtearen azken hilabeteari dagokion matrikularen kuota ordaindu beharko da.

Epez kanpoko eskabideak

7. artikulua. Ikasturtean zehar ere aurkezten ahalko dira eskabide berriak, horretarako ezarritako epetik kanpo, hurrengo ikasturterako eskabide epea baino lehen, baldin eta haurrek 16 aste egin badituzte eskabidea aurkezteko egunean. Eskabide horiek kontuan hartuko dira tokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron zerrenda agortu ondoren, plazak eskabidea egiten den dataren arabera esleituko direlarik.

Egutegia eta ordutegia

8. artikulua. a) Udalak ikasturte bakoitzerako onesten duen eskola egutegiari jarraituko diote 0-3 urtekoendako haur eskolek.

b) Eskola zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte.

Tokia eskatzeko epean, gurasoek eska dezakete ikasturte bakoitzean eskaintzen diren ordutegiak.

Familien eskaerak aztertuta eta kontuan izanik eskola antolatzeko behar diren gutxieneko ratioak, Udalak behin betiko ordutegiak ezarriko ditu, matrikula egiterakoan familiek haien artean hauta dezaten.

c) Umeak 7,30 orduz egonen dira ikastetxean, gehienez ere.

Tarifak

9. artikulua. Tarifa ezarriko da, familien tarifak arautzeko Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuak argitaratzen duen araudiari eta Udalak behar den ordenantza fiskalean onesten dituen tarifei jarraikiz.

Berriobeitiko Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolen zerbitzuak erabiltzen dituzten familiek matrikula egiterakoan konpromisoa hartzen dute ikasturtearen kostu osoa ordaintzeko, aukeratutako modalitatean, hamaika hilabetekoa izanen baita.

Haur Hezkuntzako ikastetxean bi seme-alaba dituzten familiek %50eko deskontua izanen dute bigarren haurragatik dagokien tarifan. Tarifa hori ikastetxeari dagokion tarifa txikienaren parekoa izanen da, gutxienez.

Haur Hezkuntzako ikastetxean 3 seme-alaba edo gehiago dituzten familiek %50eko beherapena izanen dute bigarren haurraren tarifan, eta ikastetxeari dagokion tarifarik txikiena hirugarren eta hurrengo seme-alabengatik.

Ikastetxean matrikulatutako haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, jangelari dagokiona barne, baldin eta zerbitzu hori kontratatua badute, baita justifikatutako arrazoiengatik ikastetxera joaten ez badira ere.

Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua egitetik beretik sortzen da, erabili ala ez.

Dirubilketaren arduradunak ordaindu gabeko kuoten berri eman beharko dio Hautapen Batzordeari, gehienez ere hilabeteko epean, eta horrek haurrari ikastetxean baja eman ahalko dio, bidezkoa irudituz gero.

3 ordainagiri ordaintzen ez badira, haurrari baja emanen zaio 0-3 urtekoendako haur eskoletan.

Jantoki zerbitzua noizean behinka eskatzen dutenek zuzendaritzari jakinarazi behar diote 2 egun lehenago. Tarifa bat aplikatuko da halakoetan, hurrengo hileko kuotarekin batera ordainduko dena. Zerbitzua hilean bost aldiz baino gehiagotan erabiltzen bada, jantokiari dagokion kuota osoa aplikatuko da.

Hautapen Batzordea

10. artikulua. Hautapen Batzordeak onarpen deialdia ebatziko du, baremoan ezarrita dauden irizpideei jarraikiz.

Honako hauek osatuko dute Hautapen Batzordea: Berriogoitiko eta Artikako 0-3 urtekoendako haur eskoletako zuzendaria; Berriobeitiko udalburua; administrari-ofizial bat eta Berriobeitiko Udaleko idazkaria.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan Nafarroako Gobernuak Haur Eskoletartako eman duen araudia aplikatuko da, baita aplikagarriak diren gainerako xedapen guztiak ere.

Iragarkiaren kodea: L0618621