153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1173/2006 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza kontseilariak urriaren 3an emaniko 119/2006 Foru Aginduaren bidez izendatutako lanbide heziketako ikastetxeei laguntzeko plana zehaztu eta garatzen duena. Aipatutako foru agindu horretan lanbide heziketako ikastetxe batzuk ikastetxe integratu politekniko izendatu ziren, horien proiektu pilotu esperimentala abian jartzeko.

Nafarroako Gobernuak irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretua onetsi du, Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena. Foru dekretu horren bigarren xedapen iragankorrak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, 2006-2007 ikasturtetik aurrera eta modu esperimentalean, baimena emanen du ikastetxe integratu pilotuak abian jartzeko.

Ondoren, Hezkuntza kontseilariaren urriaren 3ko 119/2006 Foru Aginduak lanbide heziketako ikastetxe batzuk ikastetxe integratu izendatu ditu, proiektu esperimental horretan parte har dezaten.

Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen da ezen, foru dekretu honen osagarri izan behar den araudia ezarri bitartean, ikastetxe pilotuetan ematen diren ikasketetarako eta egiten diren prestakuntza jardueretarako oro har ezarritako araudia aplikatzen ahalko dela, hala behar denean.

Beraz, bada arautze marko iragankor bat, izendatutako lanbide heziketako ikastetxeei bide emanen diena beste ikastetxe eredu batera eboluzionatzeko, eta eredu hori irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuan zehazturik dagoenez, justifikaturik dago laguntza plan bat egitea ikastetxe horiei beren egiturak eta eginkizunak molda ditzaten sostengua emateko.

Ebazpen honetan garatzen den laguntza planean zenbait neurri ezartzen dira, hiru ekintza-ildotan banatuta. Horietan lehenak prestakuntza izaera du, eta xedetzat, berriz, ikastetxe hauetako zuzendaritza taldeei, sailetako buruei eta irakasleei prestakuntzarako eskaintzak eta aholkularitza zerbitzuak ematea, lanbide heziketako ikastetxeko langileei ikastetxe integratu politeknikoaren eredu berri eta berritzaileari itxura hartzen laguntzeko.

Bigarren ekintza-ildoak ikastetxeko elementu estrategikoak ditu jomuga, honakoak, funtsean: prestakuntza integratua, lanbide eta lan arloetako argibideak eta orientabideak, nazioarteko esparrua, esperientziaren bitartez eskuratutako gaitasuna ebaluatu eta ezagutzeko prozesuak eta, azkenik, Kualifikazioen Sistema Nazional berriaren garapenera egokitutako kalitatea kudeatzeko sistema bat.

Hirugarrenik, ikastetxe integratuetan antolaketa, partaidetza eta funtzionamendurako egitura berriak abian jartzeak laguntza neurri multzo bat eskatzen du aldean; neurri horien bitartez proiektuan sartutako ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eskura izanen dituzte egungo egitura eta eginkizunetatik irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuan adierazten denarekin bat etorriko diren beste eredu batzuetara eboluzionatzeko giltzarriak.

Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluaren eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 43/2005 Foru Dekretuaren bidez emandako eskumenez baliatuz, eta kontuan harturik Hezkuntza kontseilariak emandako 116/2006 Foru Aginduaren 5. puntua, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari baimena ematen diona foru agindu horretan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza kontseilariaren 119/2006 Foru Aginduaren bidez ikastetxe integratu politekniko pilotu izendatutako lanbide heziketako ikastetxeei laguntzeko planaren definizioa eta garapena onestea. Hauexek dira

OINARRIAK

I._Ezaugarri orokorrak

A._Helburua eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da Hezkuntza kontseilariaren 119/2006 Foru Aginduaren bidez ikastetxe integratu politekniko pilotu izendatutako lanbide heziketako ikastetxeei laguntzeko plana zehaztu eta garatzea.

B._Xedea eta helburuak.

1. Laguntza plan honen xedea da laguntza teknikoa ematea ikastetxe integratu politekniko esperimental izendatutako ikastetxeei, ikastetxe eredu berria izateko bidean.

2. Xede horrekin honako helburu zehatz hauek garatuko dira:

a) Zuzendaritza taldeei prestakuntza eta sostengua ematea nazioartean homologatzen ahalko den ikastetxe politekniko integratu baten ereduan sakondu dezaten.

b) Irakasle eta sailetako buruentzako hurbilketa eta hasierako prestakuntza berariazkoa, ikastetxe eredu berriaren alderdi tekniko estrategikoen arloan.

c) Ikastetxe integratu politeknikoen eginkizun berriak abian jartzeko pixkanakako prozesuaren jarraipena egitea.

d) Proiektu funtzionalaren prestaketa prozesuan laguntza ematea.

e) Ikastetxe hauetako partaidetzarako organo berriak sortzeko prozesuan aholkularitza eta koodinazioa eskaintzea.

f) Ikastetxearen irudi berria zehazten eta garatzen laguntzea.

g) Ikastetxe integratu politeknikoaren eredurantz eboluzionatzeko prozesuari buruzko informazioa biltzea eta behar diren laguntzak zehaztea.

C._Faseak.

Laguntza plan hau irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean zehaztutako prozesu esperimentalean gauzatuko da, eta fase hauek izanen ditu:

1. Prestakuntza fasea. Fase honetan, eginkizuna da gauzatu beharreko prozesu esperimentala zehaztu, diseinatu eta bultzatzea, bai eta ikastetxe eredu berrirako trantsizioa prestatzea ere, antolaketan nola eginkizunetan.

2. Garapen fasea. Fase hau Kualifikazioen Sistema Nazionala garatu bitartekoa izanen da, eta edozein kasutan, Foru Komunitatean ikastetxe integratuen eredu berria ezartzeko aukera emanen duen azken emaitza-bilketa egin artekoa.

3. Ebaluazio fasea. Fase honetan prozesuaren azken balorazioa eginen da, bai eta ikastetxe integratu politeknikoaren eredua lanbide heziketako beste ikastetxe batzuetara hedatzeko behar diren proposamenen prestaketa ere.

D._Planaren koordinazioa.

1. Ebazpen honetan arautzen den laguntza plana Hezkuntza Departamentuak bete eta koordinatuko du, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren bitartez.

2. Prozesu horretan zehar, laguntza teknikoa emanen zaie ikastetxe integratu politekniko esperimentalei, bereziki ikastetxe eredu berrirako trantsizioaren barruan aldaketa handiena dakarten faktoreei begira, kontuan hartuta eredu berri horretan eginkizun berritzaile batzuk ageri direla, Nafarroan Kalifikazioen Sistema Nazionala ezartzearekin lotutakoak.

II._Prestakuntzarako laguntza.

E._Zuzendaritza taldeen prestakuntza.

1. Ikastetxe integratu politeknikoetako zuzendaritza taldeek beren eginkizunetarako behar dituzten aholkularitza eta prestakuntza espezializatua jasoko dute ikastetxe integratuen esparruan. Edozein kasutan, proiektu pilotu esperimentala gauzatzean prestakuntza jarduerak beteko dira, ikastetxe hauetako zuzendaritza lanaren eta lidergoaren inguruan.

2. 2006-2007 ikasturtean, ikastetxe hauetako zuzendariek edo zuzendaritza taldeetako kideek, zehazten direnek, beste ikastetxe batzuk aztertzeko bisitak eginen dituzte, zehazki kalitateagatik eta ikastetxe integratu politeknikoen ezaugarriekin bat datorren funtzionamendu ereduagatik nabarmendu diren ikastetxeak alegia.

F._Sailetako buruak.

Ikastetxe integratu politeknikoetako lanbide-arloko, kanpoko lanbide jardueretako eta ikastetxe integratu politeknikoen orientabideko sailetako buruek prestakuntza espezializatua jasoko dute ikastetxe integratu politeknikoaren eredu berriaren inguruan. Edozein kasutan, proiektu pilotu esperimentalean zehar Hezkuntza Departamentuak jardunaldi teknikoak eginen ditu ebazpen honen III. kapituluan zehaztutako alderdi estrategikoei buruz.

G._Irakasleak.

Trebakuntza zientifiko, tekniko eta didaktikorako Lanbide Heziketako irakasleei zuzendutako prestakuntza jarduerez edo bestelakoez gain eta ebazpen honen hurrengo kapituluan aurreikusten denaz gain, paperezko informazioa eta sarekoa ere prestatuko dira, Nafarroan Kualifikazioen Sistema Nazionalaren ezarpena eta prozesu horretan ikastetxe integratu politeknikoek duten zeregina zabaltzeko eta horri buruzko informazioa emateko.

III._Ikastetxeko ildo estrategikoak abian jartzeko laguntza.

H._Prestakuntza integratua

1. Ikastetxe integratu politeknikoek prestakuntza eskaintza integratua garatuko dute 2006-2007 ikasturtetik aurrera, hau da, gazteentzako hasierako prestakuntza eta langileentzako lanbide prestakuntza etengabea. Hezkuntza Departamentuak koordinatu eta sostengatuko du lanbide prestakuntza etengabea diseinatu, kudeatu eta ebaluatzeko prozesua.

2. Proiektu esperimentalean zehar eta prestakuntzarako moduluen katalogoa, onetsitako kualifikazioekin edo horietatako sortzen diren lanbide heziketako titulu berriekin lotua, gauzatzen den heinean, katalogo horretako prestakuntza etengabearen eskaintzak sustatuko dira.

I._Lanbide eta lan orientazioa.

1. Prozesu esperimentalean zehar, Hezkuntza Departamentuak lanbide informazio eta orientazioko sare integratuko eredua jarriko du abian, hain zuzen ere Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean garatu den hori. Horretarako, behar diren informazio eta prestakuntza jarduera guztiak eginen dira.

2. Ikastetxe Integratu Politeknikoetan lanbide orientazioaz arduratzen den pertsonak lanbide eta lan orientazioaren ikuspegi berriak ikastetxe hauetan eskatzen duen prestakuntza espezializatua jasoko du.

3. Ikastetxe integratu politeknikoaren ereduarekin bat datorren lanbide eta lan orientazioa garatzeko, aholkularitza egokia emanen da, proiektu esperimentalean zehar bertan parte hartzen duten eragileekin arlo honi buruzko koordinazio bilerak eginez.

J._Nazioarteko esparrua.

Ikastetxe integratu politeknikoa nazioartera irekitzea, batez ere Europako herrialdeetara, laguntza neurri batzuetan oinarriturik eginen da, besteak beste, hauetan:

1. Ikastetxeko langileen hizkuntz gaitasunak hobetzeko prestakuntza eta laguntza.

2. Aholkularitza eta prestakuntza espezializatua mugikortasun ekintzetan edo nazioarteko proiektu pilotuetan parte hartzeko.

3. Proiektu funtzionala garatzeko prozesuan laguntzea, ikastetxearen nazioarteko proiekzioarekin lotutako arloetan.

4. Gure inguruko herrialdeetako beste ikastetxe batzuekin hasierako hartu-emanak egiteko kudeaketa eta laguntza.

K._Gaitasunaren ebaluazioa.

1. Nafarroako Gobernuak 2005eko apirilaren 4an onetsitako erabakiarekin eta nazio mailan gai honetaz ezartzen den arautzearekin bat, ikastetxe integratu politeknikoek parte hartuko dute lanean nahiz beste bide formal eta ez-formaletatik eskuratutako gaitasunak ebaluatu eta ziurtatzeko prozesuak abian jartzen.

2. Prozesu berritzaile hauetan aurrera egiteko, Hezkuntza Departamentuak laguntza ekintza hauek gauzatuko ditu:

a) Gaitasuna ebaluatzeko sisteman espezializaturiko materialak prestatzea: informazio orriak, informazioa interneten, gaitasuna ebaluatzeko gidak, horrelako prozesuak garatzeko programa informatiko egokiak, laguntza materiala orientatzaile eta ebaluatzaileentzat.

b) Alderdi nabarmenetan espezializatutako lan-jardunaldiak, nazioarteko adituen parte-hartzearekin.

c) Prozesu hauetan parte hartzen duten orientatzaile eta ebaluatzaileentzako ikastaroak.

L._Kalitatea.

1. Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeekin beraiekin elkarlanean, sistema bat garatuko du bertan gauzatzen diren ekintzen kalitatea bermatzen lagunduko duena eta ikastetxe integratu politeknikoen proiektu pilotuan esperimentatuko dena. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 230/2006 Ebazpenean ikastetxe multzo handi baterako planteatzen den antzera, proposatutako ereduan ikastetxe hauetako eginkizunekin loturiko prozesuak jasoko dira, bereziki, arlo hauekin zerikusia dutenak:

a) Prestakuntza eskaintzak, batez ere lanbidekoa eta etengabea.

b) Lanbide orientazioko sistema integratua

c) Ikastetxea nazioarteko esparrura eramateko prozedurak.

d) Gaitasuna ebaluatzeko sistema.

e) Ikastetxeak ematen dituen zerbitzuen lege_ eta sarbide-bermeak.

2. Aurreko puntuan aipatzen den sistema garatzeko aholkularitza eta prestakuntza egokia, arlo honetako koordinazio bilerak eginez proiektu esperimentalean zehar.

IV._Parte-hartzea, antolaketa eta funtzionamendua

M._Antolaketaren egitura.

1. Lanbide heziketako ikastetxea ikastetxe integratu politekniko bilakatzeko trantsizio prozesu bat behar da, antolaketaren egitura berria sortzeko. Horretarako, eginkizun berriak garatzeak eskatzen dituen aldaketa eta hobekuntza guztiak eginen dira egituretan.

2. Ikastetxe mota berriarekin bat datorren antolaketaren egitura bilakatu eta sortzeko prozesu honetan, Hezkuntza Departamentuak aholkularitza emanen dio zuzendaritza taldeari eta behar diren aldaketak aztertuko, egoki diren proposamenak egin eta irakasleen ordezkaritza organoetara igorriz.

N._Gizarte Kontseilua.

1. Ikastetxe integratuko Gizarte Kontseilua sortzeko, kideak izendatzeko prozedura bat ezarriko da. Kontseiluaren kideak eta eginkizunak zein diren 63/2006 Foru Dekretuaren 12. artikuluan zehazturik daude.

2. Gizarte Kontseilua sortu eta abian jartzeko, aholkularitza emanen zaie ikastetxe integratu politeknikoei eta zerikusia duten alderdi guztiek parte har dezaten behar diren jarduketak koordinatuko dira.

Ñ._Proiektu funtzionala.

1. 63/2006 Foru Dekretuak 9. artikuluan jasotzen duen proiektu funtzionala ikastetxe bakoitzak prestatuko du, hiru alderdi nagusi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen ezaugarriak eta ildo estrategikoak

b) Antolaketa eta funtzionamendua

c) Bete beharreko ekintzak

2. Hezkuntza Departamentuak 63/2006 Foru Dekretuaren 8. artikuluan zehaztu eta proiektu funtzionala diseinatzeko behar den jarduketa plana emanen die ikastetxeei.

3. Proiektu funtzionala egiteko, Hezkuntza Departamentuak aholkularitza emanen die ikastetxe integratu politeknikoei, bai eta behar dituzten prestakuntza eta baliabideak ere.

O._Izena eta irudia.

1. Ikastetxe integratu politeknikoaren izen berria eta inguruari eskainiko dizkion eginkizun eta zerbitzu berriak direla eta, ikastetxeen gaitasunen barrenean nahitaezkoa da planteamendu zorrotza egitea alderdi hauei dagokienez:

a) Logotipoak, tipografiak, papertegia, etab.

b) Esku-orriak, koadernotxoak eta informazio eta zabalkunderako beste material batzuk.

c) Ikastetxearen web orria.

2. Ikastetxeei aholku emanen zaie aurreko puntuan aipatutako guztian, baita baliabideak ere ikastetxe eredu berriak behar duen egokitzapena aurrera ateratzeko.

P._Hezkuntza Departamentuak laguntza plan hau betetzeko behar diren diru baliabideak eskualdatuko dizkie ikastetxe integratuen proiektu pilotu esperimentalean parte hartzen duten ikastetxeei.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera jakinaraztea argitara dadin.

3. Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Nafarroako Kualifikazioen Institutua Atalera, Lanbide Heziketa Berriztatu eta Garatzeko Atalera, Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalera eta proiektu pilotu esperimentalean parte hartzeko izendatutako ikastetxe integratu politeknikoetara.

Iruñean, 2006ko azaroaren 14an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

Iragarkiaren kodea: F0618443