153. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

432/2006 FORU AGINDUA, abenduaren 14koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2007ko lan egutegia onesten duena.

Lan zuzendari nagusiak, ekainaren 7ko 486/2006 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean 2007. urteko jaiegunak zein izanen diren erabaki ondoren, bidezko da langile horien urte horretako aste barreneko jaien egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa onestea, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaiegunak zehaztea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileendako, 2007an, aste barreneko jaiegunak hauexek izanen dira:

Urtarrilaren 1a: Urteberri.

Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

Apirilaren 5a: Ortzegun Saindua.

Apirilaren 6a: Ortziral Saindua.

Apirilaren 9a: Pazko biharamuna.

Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

Uztailaren 6a: San Fermin bezpera, 12:00etatik aurrera jai Iruñean lan egiten dutenendako.

Uztailaren 7a, 9a eta 10a: Sanferminak, jaiegunak Iruñean lan egiten dutenendako.

Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

Azaroaren 1a: Omiasaindu.

Azaroaren 29a: San Saturnino, jaieguna Iruñean lan egiten dutenendako.

Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.

Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

Abenduaren 25a: Eguberri.

2. Iruñean lan egiten ez dutenentzat jaiegun izanen dira, herriko bestak direla-eta, santu zaindariaren eguna, hurrengo hirurak eta bezpera, azken hori 12:00etatik aurrera. Gainera, beste jaiegun bat ere izanen da, herriari usadioz edo erlijioaren aginduz dagokiona hain zuzen ere.

2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan urteko lanorduen kopurua, 1.592koa izanen dena, honela banatuko da:

1. Astelehenetik ortziralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 15 minutukoa izanen da. Nahitaez aritu beharko da 8:00etatik 15:00ak arte; gainerako 15 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:45etik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:15 arte.

2. Artikulu honetan ezarritako urteko lan orduen banaketa doitzeko, aurreko atalak ezarritako lanaldia duten eta Iruñean lan egiten ez duten langileek 24 ordu eta 45 minutuko murrizketa orokorra izanen dute herriko bestetan, edo herriari usadioz edo erlijioaren aginduz dagokionean, kasu bakoitzeko egoeraren arabera banatuta. Murrizketa honek Iruñean diharduten langileei dagokienak bezainbat ordu egiten du.

3. Artikulu honetako aurreko ataletan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla eta, lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat (lana txandaka, gauez, e.a.) dutenei, ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion Mahai Orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.

4. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, horretan interesa duen Departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan artikulu honetako lan-ordutegia ez-bezalakoa izatea baimen dezake, aitzinetik goiko idatz-zatian aipatu diren Mahai Orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren eta, betiere, ezarritako urteko lanordu-kopurua errespetatzen bada.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abenduaren 14an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0619898