152. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

465/2006 FORU AGINDUA, abenduaren 1ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, 170, 180, 182, 184, 190, 193, F-50 eta 349 aitorpen ereduak zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarrian aurkezteko betebeharra arautzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 44.1 artikuluak dio administrazio espedienteak tramitatzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta antolamendu juridikoak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan zergen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak ugaritu eta hobetzen ditu. Horrela, alde batetik, zergapekoek errazago bete ahal izanen dituzte zerga betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik errespetatu eginen dira haien eskubide eta bermeak; azkenik, zergen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotu eginen da.

Ekainaren 14ko 188/2006 Foru Aginduaren bidez, aitorpen eredu batzuk bide telematikoaren bidez aurkeztu beharra ezarri zen, aurreko ekitaldian zergapekoen eragiketen bolumena 300.000 eurotik gorakoa izan denean eta Esportatzaileen eta beste Eragile Ekonomikoen Erregistroan izena emana daudenean, hala nola eredu horiei dagozkien aitorpenek 15 pertsonatik 49.999 pertsona bitarteko erregistroak biltzen dituztenean. Betebehar hori 349 ereduari aplikatu beharra dago, betiere 49.999 pertsonaren erregistro kopurua gainditzen ez bada. Telematika bidez aurkezteko betebeharra zabaltzearen ondorioz, bidezko jotzen da 170, 180, 182, 184, 190, 193, F-50 eta 349 ereduen aurkezpena zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarriaren bidez egin beharra mugatzea, eta, hortaz, aurkezpen hori nahitaezkoa izanen da zerrendatutako pertsonen kopurua 49.999 baino handiagoa denean soilik.

Halaber, zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarrien motak homogeneizatzeko, aurkezpen motei buruzko arauak aldatu dira, haietan ezartzen baitira euskarrien motak eta ezaugarriak, eta hemendik aurrera CD-R euskarria (Compact Disc Recordable) baizik ez da onartuko.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigaren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari foru agindu bidez erregula dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 170, 180, 182, 184, 190, 193, F-50 eta 349 aitorpen ereduak zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarrian aurkezteko sistemaren aplikazio esparrua.

1. Ondoren aipatzen diren aitorpen ereduak zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarrian aurkeztuko dira, baldin eta 49.999 pertsona baino gehiagoren erregistroak badituzte, eta gainerako kasuetan ezin izanen da aurkezpen mota hori erabili.

170 eredua. "Etxebizitzen sustatzaileek haien erosketaren kontura jasotako diru kopuruen aitorpen informatiboa".

180 eredua. "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko, Sozietateen gaineko eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergak (finkagune iraunkorrak). Atxikipenak eta konturako dirusarrerak. Hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko zenbait errenta edo etekin. Urteko laburpena".

182 eredua. "Jasotako dohaintzen aitorpen informatiboa".

184 eredua. "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Sozietateen gaineko zerga. Egoitzagabeen gaineko zerga. Errenta-egozpenaren araubideko entitateak. Urteko aitorpen informatiboa".

190 eredua. "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Enpresa eta lanbide jarduera zenbaiten, eta sari eta errenta egozpenen lan etekinen atxikipen eta konturako dirusarreren urteko aitorpena".

193 eredua. "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Kapital higigarriko zenbait irabaziren atxikipenak eta konturako dirusarrerak. Sozietateen gaineko Zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergak (finkagune iraunkorrak). Errenta batzuen atxikipenak eta konturako dirusarrerak. Urteko laburpena".

F-50 eredua. "Hirugarren pertsonekiko eragiketen urteko aitorpena".

349 eredua. "Batasun barneko eragiketei buruzko aitorpen laburtua".

2. Zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarrian aurkezteko arauak eta foru agindu honen lehenbiziko artikuluan aipatutako ereduei dagozkien erregistroen diseinuak gero aitorpen ereduak onesteko emanen diren foru aginduetan ezarriko dira.

170 eredua, abenduaren 9ko 358/2003 Foru Aginduaren bidez onetsia.

180 eredua, abenduaren 29ko 295/2000 Foru Aginduaren bidez onetsia.

182 eredua, abenduaren 15eko 369/2003 Foru Aginduaren bidez onetsia.

184 eredua, martxoaren 1eko 56/2004 Foru Aginduaren bidez onetsia. Foru agindu hori abenduaren 17ko 415/2004 Foru Aginduak aldatu zuen.

190 eredua, azaroaren 2ko 205/1999 Foru Aginduaren bidez onetsia. Foru agindu hori honakoek aldatu zuten: urtarrilaren 17ko 4/2001 Foru Agindua, azaroaren 9ko 279/2001 Foru Agindua, urriaren 29ko 297/2002 Foru Agindua eta abenduaren 22ko 424/2004 Foru Agindua.

193 eredua, abenduaren 29ko 259/1999 Foru Aginduaren bidez onetsia. Foru agindu hori urtarrilaren 17ko 3/2001 eta abenduaren 23ko 429/2004 Foru Aginduak aldatu zuten.

F-50 eredua, otsailaren 26ko 48/2001 Foru Aginduaren bidez onetsia. Foru agindu hori abenduaren 23ko 429/2004 Foru Aginduak aldatu zuen.

349 eredua, otsailaren 28ko 68/2002 Foru Aginduaren bidez onetsia.

2. artikulua. Zuzenean ordenagailuz irakurtzeko euskarrien ezaugarriak.

Aurkezpen arauei jarraikiz, zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduan aurkeztu behar diren aitorpenen euskarriek ondoko ezaugarriak izanen dituzte:

_Mota: CD-R (Compact Disc Recordable) 12 cm-koa.

_Edukiera: 700 MB bitarte.

_ISO/IEC DIS 9660:1999 formatua, Joliet luzapenarekin edo hori gabe.

_Multisesiorik ez.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Foru agindu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituzten foru aginduetan foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezteko diren aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2006ko abenduaren 1ean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0619247