152. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Hiri-hondakinen bilketa, tratamendu eta ustiapen edo deuseztatze zerbitzuengatik tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Bortzirietako Mankomunitateko batzarrak, 2006ko irailaren 12ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hiri-hondakinen bilketa, tratamendu eta ustiapen edo deuseztatze zerbitzuengatik tasak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2006ko 125. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 18an. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean jarraian ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Etxalarren, 2006ko azaroaren 28an._Presidentea, Patxiku Irisarri Elizagoien.

ORDENANTZA FISKALA, HIRI HONDAKINEN BILKETA, TRATAMENDUA ETA USTIAPENA EDO DEUSEZTATZEA ETA ZERBITZU HORREK ESKAINTZEN DITUEN GAINERAKO JARDUERAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Oinarriak

1. artikulua. Nafarroako Toki Erakundeei aplika dakiekeen arautegi fiskalak emandako ahalmenen babesean eta horiekin bat etorriz ezarri da ordenantza fiskal hau.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasak ezartzea da, hiri-hondakinak bildu, tratatu, aprobetxatu edo desegiteko zerbitzua emateagatik eta horrekin zerikusia duten gainerako jarduerengatik.

Beraz, ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak aipatzen dituen zerbitzuen eta jardueren tasei dagokiena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Mankomunitate hau osatzen duten udalen mugape guztietan aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Zerbitzu-jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta dagozkien tasak sortzen dituzte:

1. Hiri-hondakinak bildu, garraiatu eta gero aprobetxatu edo desegiteko nahitaezko zerbitzua eskura izan edo/eta erabiltzea, hondakinei buruzko Legeari eta Mankomunitatearen kudeatzeko ordenantzari jarraituz. Kasuak hauek dira:

a) Etxebizitzak.

c) Merkataritza, zerbitzu eta bulegoak.

d) Ostatuak.

e) Jatetxeak.

f) Landetxeak.

g) Hostalak

h) Merkataritzako saltokiak

i) Lantegiak

j) Hiri hondakin solidoak biltzeko edukiontzia eskura izatea.

Tarifa bakoitzean sartutako jardueren zerrenda ez da zehatza, eta beraz, espresuki aipatu gabeko bertze jarduera berdintsuak sartzen dira, gisa berekoak badira.

2. Zuzenean zabortegira botatzea.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua. 1. Ordenantza hauetan ezartzen diren tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira, zordunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak, herentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bertzelako erakundeak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen, erabiltzen edo ustiatzen badituzte edo bertan bizi badira, haien alde zerbitzua ezarriz gero.

2/1995 Foru Legearen 104.2-a) artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira udal bakoitzeko Katastro Erregistroan edo eraikin horien Hirilur Aberastasunaren Erregistro Fiskalean jabe gisa agertzen direnak.

2. Zabortegiratze zuzenei dagokienez pertsona edo erakunde eskatzaileak eta hondakinen titularrak dira zergak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak.

Pertsona fisiko edo juridikoak ustiategi edo jarduera ekonomikoetan aritzearen ondoriozko zorra, horien titulartasunean edo jardunean edozein kontzepturengatik ondorengo gertatzen direnei exijitzen ahalko zaie.

Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eroslea eta saltzailea zorren erantzule solidarioak izanen dira.

Ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi duenak, gaurko titularrak aldez aurreko adostasuna emanda, Mankomunitateari eskatzeko eskubidea izanen du jarduera edo ustiategiaren kasuan kasuko ekitalditik heldu diren tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA

Zerga oinarria

6. artikulua. 1. 4. artikuluko 1. atalean ezarririko zergapeko egintzaetarako, hauxe izanen da tarifa aplikatuko zaion zerga oinarria, indize zuzentzailea barne:

4.1-a eta 4.1-e artikuluaren zergapeko egintzetarako: jendea bizi den edo bizi litekeen katastroko unitatea. Bizitzeko egokia konsideratzen da katastroko unitate oro, salbu eta, udalak hondamendi egoera egiaztatzen badu, edo argirik edo urik ez badu.

Etxebizitza batean Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergari lotutako jarduera egiten bada, tarifarik altuena aplikatuko zaio.

_4.1-b artikuluaren zergapeko egintzatarako: jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta duen edo, zerga honen pean ez dagoenean, arian dagoen jarduera bat ezarri edo burutzeko unitatea. Ezartzeko unitatea dagoela ulertuko da katastroko unitatea dagoenean.

_4.1-c artikuluaren zergapeko egintzarako: Establezimenduaren azalera

_4.1-d artikuluaren zergapeko egintzarako: Establezimenduaren mahai kopurua.

_4.1-f artikuluaren zergapeko egintzarako: Logelen kopurua.

_4.1-g artikuluaren zergapeko egintzarako: Establezimendu unitatea: 1, jangelarekin. 2, ostatu edota janariekin. 3, Opariak soilik.

_4.1-h artikuluaren zergapeko egintzarako: Langile kopurua.

_4.1-i artikuluaren zergapeko egintzarako: Edukiontzi kopurua.

_4.2 artikuluaren zergapeko egintzarako: Metro kubikoen kopurua.

2._Establezimendu bera jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe batean baino gehiagotan altan bada ulertuko da aplikagarria izanen dela tarifarik altuena.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean organo eskudunak ezarriko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasa eta tarifak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte izanik.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Zerga oinarriari dagokion tasa edo tarifa eta indize zuzentzailea aplikatuta ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotari une bakoitzean legeek finkaturiko zeharkako zergak aplikatuko zaizkio, haietan ezarritako eran eta balditzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. 1. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki aipatzen direnak dira salbuespen eta hobari bakarrak.

X. KAPITULUA

Hobariak

11. artikulua. 1. Lanbide arteko gutxieneko soldata edo zenbateko txikiagoko pentsioa jasotzen dutenen hobaria ehuneko 100 izanen da kasu hauetan:

Ordaintzailea gizarte segurantzako edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazio baten onuraduna denean, zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez duela ezkonkide edo gisa bereko bizikidea duenean 1,2 aldiz gutxieneko soldata, bion diru sarrerak baturik gainditzen ez duela.

Ezkonkidea ez den bertze edozein famili-zamarik izanez gero (adin txikiko seme-alabarik, 23 urte arteko eta adin horretako seme-alabarik ikasketa egiten ari edo legezko langabetu egoeran, edo seme-alaba ezindurik eta diru sarrerarik gabeak), aipatu diru-muga horiei menpeko lagun bakoitzagatik Gutxieneko Soldataren 0,2 gehituko zaie.

Ezin izanen dute tarifa honetaz baliatu, aurreko baldintza bete izanik ere, urteko kopurua lanbide gutxieneko soldata baino handiagoa batzen duten bertze diru sarrera gehigarriak jasotzen dituztenek, eskatzailearen eskutik zein etxebizitza berean bizi direnen eskutik. Halaber, eskatzailearen edo bizikideen ondare higigarri zein higiezina ez da 21.000 euro baino handiagoa, ohizko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aurreko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eskatzaileek ondokoak ekarri beharko dituzte:

a) Eskabidea.

b) Jasotako prestazioaren egiaztagiria.

c) Errenta edo ondare aitorpena, edo horrelakorik egin behar ez izateko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren agiria, hala nola eskatzailearen edo bizikideen diru sarrerak egiaztatzen dituzten bertze agiriak.

d) Udal erroldatik eratorritako elkarbizitze egiaztagiria.

Mankomunitateak, edozein unetan, tarifa hau emateko eskatzen diren betebeharrak mantentzen direlako egiaztapena egin ahal izanen du, baldintzok betetzeari utzi edo egiaztapenean eskaturiko agiriak ekartzen ez dituzten onuradun guztiei tarifa osoa aplikatuko dielarik.

2. Ateratzen den tarifan ehuneko 15eko hobaria izanen da baldin eta etxebizitza edo lokaletik edukiontzira 200 eta 500 metro arteko distantzia badago. Hobari honetarako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da subjektu pasiboak eskaera egitea.

3. Ateratzen den tarifan ehuneko 30eko hobaria izanen da baldin eta etxebizitza edo lokaletik edukiontzira 500 metro baino gehiago badaude. Hobari honetarako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da subjektu pasiboak eskaera egitea.

4. Salbuespenak eta/edo hobariak urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan eskatu behar zaizkio Mankomunitateari, eta epe hori luzaezina izanen da.

Prestazioa zenbat denboraz ematen den, halakoa izanen da salbuespenaren indarraldia, tasaren sortzapen aldiak kontutan harturik, eta, betiere, ez da urtebetekoa baino luzeagoa izanen.

Hobariak urte natural bateko indarraldia izanen du.

XI. KAPITULUA

Sorrarazpena

12. artikulua. 1. 4.1. artikuluan ezarritako tasak seihileko natural bakoitzaren lehen egunean sortuko dira, eta kuotak murriztezin eta hainbanaezinak izanen dira.

2. Zabortegiratze zuzenetarako ezarritako tasak, interesatuak zerbitzua emateko eskatzen duen unean sortuko dira.

XII. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen tasak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. 4.1. artikuluan aurreikusitako tasak seihilekoan behin.

2. Sortzen diren unean ordainaraziko dira zabortegiratze zuzeneko tasak.

XIII. KAPITULUA

Dirubilketa

14. artikulua. 1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko 86. artikuluan zehaztuarekin bat, 4.1. artikuluan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira.

2. 4.1 artikuluan ezarritako tasek sortzen dituzten tributu-zorrak, 13. artikuluaren arabera ordainarazi eta gero, ordaindu behar diren seihileko naturalaren lehen hilabetearen lehen egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira.

Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzen diren egunetik aitzina hasiko da kontatzen hilabeteko borondatezko aldia.

3. Borondatezko zerbitzuetarako ezarritako tasak, jarduera edo zerbitzuaren eskaera egiten den momentuan ordainduko dira.

15. artikulua. 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 84. artikuluan ezarri bezala ordaindu beharko dira.

Mankomunitateak zorraren atzerapena edo zatikako ordainketa onar dezake 2/1995 Foru Legearen 90. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

16. artikulua. Tributu-zorrak honela ordain daitezke:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboek, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz.

b) Ordainketak helbideratu ez dituzten subjektu pasiboek Mankomunitateak kobrantzarako bereziki ezartzen dituen banku edo aurrezki bulegoetan

XIV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arau hausteei eta zehapenei buruz xedatuak aplikatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetatik sortutako tasak Bortzirietako Mankomunitateak likidatu, kudeatu, ikuskatu eta bilduko ditu zuzenean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Orain arte ezarritako arau guztiak indarrik gabe geratzen dira, baldin eta, maila bera edo ttikiagoa izanik, ordenantza honetako xedapenei aurka egiten badiete, haiekin bat ez badatoz edo bateraezinak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek 2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Sei hilabetetik beherako "denboraldiaz" egiten diren jarduerek seihileko kuota bakar bat sortuko dute jarduerari dagokion tarifan.

ERABILTZAILEEN ETA TASEN MAILAK EUROAK

Zentsatutako etxebizitza guztiak, bertan norbait era Iraunkorrean bizi ala ez 69,10

Zaborrontzira 200 metrotik 500 metrora dauden baserriak 58,80

Zaborrontzira 500 metrotik gora dauden baserriak 48,40

1-Merkataritza eta zerbitzuak. Elikagaien eta elektragailuen sektoretakoak ez direnak: Mertzeriak, drogeriak, burdindegiak, okindegiak,

ileapaindegiak, lan bulegoak 69,10

2-Merkataritza. Elikagai dendak (harategiak, arraindegiak, janari dendak), etxetresna elektrikoenu dendak eta farmaziak 135,60

3-Merkataritza: Autozerbitzuak 206,90

1-Ostatua. Noizbehinka irekitzen diren ostatu eta biltegiak eta jarraian irekita egoten diren bertze batzuk ere, 30 m²ko edo gutxiagoko azalera

dutenak 137,80

2-Ostatua. 30 m² baino azalera handiagoko ostatuak eta janari denda daukaten ostatuak 276,00

3-Ostatua. Pub eta diskotekak 344,80

1-Jatetxea. Modu iraunkorrean irekiak dauden Elkarte gastronomikoak, eta bortz mahai edo gutxiago dituzten jatetxeak 344,80

2-Jatetxea. Bortz mahai baino gehiago dituzten jatetxeak 620,70

Landetxeak 138,30

Zaborrontzira 200 metrotik 500 metrora dauden landetxeak 117,60

Zaborrontzira 500 metrotik gora dauden landetxeak 96,80

1-Hostala. Hamar logela edo gutxiagokoak 482,50

2-Hostala. Hamar logela baino gehiagokoak 689,40

Merkataritzako saltokiak, opariak bakarrik saltzeko 344,30

Merkataritzako saltokiak, janaridenda edota ostatudunak 689,40

Merkataritzako saltokiak, jatetxedunak 1.034,20

Lantegiak, lau langile bitarte 69,10

Lantegiak, 5-10 langile bitarte 137,80

Lantegiak, 11-30 langile bitarte 344,80

Lantegiak, 31-60 langile bitarte 689,40

Lantegiak, 60-150 langile bitarte 1.034,20

Lantegiak, 150-300 langile bitarte 1.959,60

Lantegiak, 300 langile baino gehiagorekin 2.888,40

Zuzenean zabortegira botatzea, metro kubikoko 29,80

Pneumatikoak zabortegian uztea, kilo bakoitzeko 0,30

Norberaren erabilerarako edukiontzia 670,00

Iragarkiaren kodea: L0619390