Iragarkia
152. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 20a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA
Hiri-hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Bortzirietako Mankomunitateko batzarrak, 2006ko irailaren 12ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hiri-hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2006ko 124. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 16an. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean jarraian ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Etxalarren, 2006ko azaroaren 28an._Presidentea, Patxiku Irisarri Elizagoien.
HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Baldintza orokorrak
1. artikulua. Bortzirietako lurraldean hiri hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak kudeatzen dituen Bortzirietako Mankomunitatearen eta erabiltzaileen arteko harremanak arautzea da ordenantza honen xedea, eta bi alderdietako bakoitzak dituen eskubide, betebehar eta egitekoak zehaztea.
2. artikulua. Zerbitzuen tributu eta dirubilketa kontuetarako, toki ogasunei buruz Nafarroan indarra duen araudia eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen ordenantza fiskalari egin beharko zaie kasu.
3. artikulua. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira espresuki araututa ez dauden kasuetan, izaeragatik ordenantzaren esparruan izanik.
4. artikulua. Mankomunitateak ordenantza aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantzen gainean egoki juzgatzen duen interpretazioa ezarriko du.
5. artikulua. Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen eta aplikatzeko diren bertze xedapenen oinarriei jarraikiz arautu da ordenantza hau.
6. artikulua. 10/1998 Legearen arabera, hiri hondakinak Mankomunitatearenak dira, horiek utzi eta gero.
II. TITULUA
Hiri hondakinen bilketa
7. artikulua. Titulu honek arautuko duena da Bortzirietako Mankomunitateak nola emanen dituen hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak eta erabiltzaileak nola baliatuko dituen.
I. KAPITULUA
Baldintza orokorrak eta hondakinen kategoriak
8. artikulua. Erabiltzaileak dira zerbitzu hauek aprobetxatzen dituztenak edo zerbitzu hauek ukitutako pertsona fisiko eta juridiko guztiak.
9. artikulua. Ordenantza hau aplikatzeko, hondakin kategoria batzuk finkatzen dira, eta horiexek zehazten dute, hain zuzen, zein baldintzatan eskainiko diren zerbitzuak, bai derrigorrezkoak bai borondatezkoak.
A) Etxeko hondakinen bilketa zerbitzua honako hiri hondakin hauei dagokie:
1. Etxebizitzetan herritarrek elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz sortzen dituzten hondarrak.
2. Espaloiak eta kaleak eskobatzean sortzen diren hondakinak.
3. Pilak.
4. Hiri hondakinen parekoak: horrelakotzat joko dira ondotik aipatzen diren hauek, baldin eta egunero uzten dena 50 litrotik beheitikoa bada.
a) Landare zaintzako lanetan sortutako hondakinak.
b) Saltokietako salgaien azalak, ontziak eta gainerako hondakin solidoak.
c) Zerbitzu, merkataritza edo industri jardueretan sortu diren etxeko hondakinen antzekoak.
d) Jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe eta gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.
e) Egoitza, hotel, ikastetxe eta bertze establezimendu publikoek oro har sortzen dituzten kontsumoko hondakinak.
f) Udal azoken jardueretan sortzen direnak.
B) Etxeko zaborren bilketan inoiz ere jasoko ez diren bertzelako hondakinak eta, horrenbertzez, debeku da erabilera publikoko edukiontzietan uztea:
1. Industrialak: hona hemen zein joko diren industrialtzat:
a) Lantegi, tailer, biltegi eta denda handietan sortutako hondar, errauts eta zepak; eta hondakinak tratatzeko instalazioetan sortuak.
b) Pneumatikoak.
c) Abeltzaintzako eta nekazaritzako ustiategietan sortuak.
d) Oro har, itxura, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasuna eta bertzelakoak kontuan hartuta, Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz etxeko hondakinen bilketan jaso ezin diren hondakinak. Horrelakotzat joko dira egunero ateratzen den kantitate hori 50 litrokoa baino handiagoa bada.
2. Hondakin klinikoak.
3. Etxeko animalia hilak.
4. Lurrak eta obra-hondakinak.
5. Altzariak, etxeko tresnak, traste zaharrak.
6. Ibilgailu abandonatuak.
7. Herritarrek etxeetan sortutako hondakin arriskutsuak.
10. artikulua. Honako ordenantza honi dagokionez, etxeko hondakinen bilketaren barrenean sartuko dira 9.A artikuluan zehazten diren nahitaez bildu beharreko hiri hondakinak.
11. artikulua. Etxeko zaborren bilketako zerbitzuan lan hauek eginen dira:
a) Uzteko guneetatik zaborrak hartu eta ibilgailuetara eramatea.
b) Zaborrak ibilgailu horietan hustea.
c) Edukiontziak, hustu ondoren, zeuden lekuan uztea.
d) Lan hauek direla medio eremu publikoan botatako zaborrak biltzea.
e) Zaborrak garraiatu eta Mankomunitateak ezarritako tratamendu zentroan deskargatzea.
f) Edukiontziak garbitzea.
II. KAPITULUA
Etxeko zaborren bilketa egiteko moduak
12. artikulua. Mankomunitateak etxeko zaborren bilketa edukiontzien bidez ezarriko du, egokien jotzen duen maiztasunarekin.
Mankomunitateak, interes publikoaren ikuspegitik komenigarritzat jotzen duenean, edozein unetan, iruditzen zaizkion gorabehera guztiak alda ditzake bilketa zerbitzuen programan.
13. artikulua.
1. Erabiltzaileak beharturik daude Mankomunitateak paratzen dituen edukiontziak zuzen erabiltzera.
2. Edukiontziek bete beharko dituzte Mankomunitateak ezartzen dituen baldintza teknikoak.
3. Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dute zein motatako edukiontzi, zenbat eta non jarriko diren etxebizitza multzo batean, eta merkataritzako edo industriako lokal edo establezimenduetan.
4. Edukiontziak jabetza publikokoak izanen direnez, Mankomunitateko zerbitzuek aldatuko dituzte, hondaturik daudenean. Aldaketa erabiltzailearen kontura izan daiteke, baldin eta gaizki erabiltzeagatik hondatu badira.
5. Mankomunitateak edukiontzien kokalekua alda dezake baldin eta interes publikorako komenigarritzat jotzen bada, betiko edo aldi baterako. Aldi baterako izan denean, lehen zeuden tokira itzuliko dira lekuz aldatzeko arrazoia desagertzean.
6. Mankomunitateko zerbitzuek hainbertze egunetik behin garbituko dituzte beren jabetzako edukiontziak; partikularrak direnak ere garbi ditzakete, betiere jabeen kontura.
7. Mankomunitateak pasabideak paratzeko eta hiri espazioaren erreserba bereziak egiteko eska dezake, zamalanetarako eta edukiontziak behar bezala mantentzeko.
Era berean, hondakin anitz sortzen duten jarduerek - arraindegiak, supermerkatuak, elikagaien industriak, eta abar-, azalera eraikia 200 metro karratutik goitikoa badute, leku itxi bat beharko dute izan, baina behar adina aireztaturik, zaborrak edukiontzietan hor uzteko, eta edukiontziak kanpora atera beharko dituzte ordenantza honek zehazten dituen leku eta orduetan.
8. Arrunt debekaturik dago edukiontzien parean ibilgailuak aparkatzea.
Mankomunitateko kide diren udalek beren udal ordenantzetan aipatuko dute debekaturik dagoela ibilgailuak edukiontzien parean aparkatzea edo zaborrak hartu eta husteko lanak eragozteko moduan aparkatzea; horretarako, lurreko seinaleak erabil ditzakete, egoki juzgatzen badute, eta haien esku izanen da zigortzeko ahalmena, trafikoko bertze arau-hauste bat balitz bezala.
9. Udalek, beren zerbitzuen bitartez, garbi mantenduko dituzte edukiontzien kokapenak eta inguruak.
14. artikulua. Erabiltzaileak, aurreko artikuluan ezarritako betebeharrez gainera, bertze hauek ere izanen ditu:
1. Mankomunitateak zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen arauteriari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Mankomunitatearenak izanen dira.
2. Erabiltzaileak zaborra edukiontzietan sartzera beharturik daude, ezarritako arauei jarraikiz. Debekaturik dago edukiontzietatik kanpo zaborrik uztea.
3. Erabiltzaile nahiz zabor biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte zaborrontziak, kalterik jasan ez dezaten.
4. Herritarrek ez dituzte zamalanak eta eramate lanak eragotziko.
5. Debekaturik dago zaborra sueltoan botatzea edukiontzietara. Erabiltzaileak ongi itxitako poltsa hermetikoetan sartu beharko ditu bere hondakinak, zikindu ez dezaten.
6. Erabiltzaileak ezin izanen ditu edukiontziak eremu publikoan dauden tokitik inola ere mugitu.
7. Ezin izanen da edukiontzietara bota eduki likidoa duen hondakinik.
8. Hiriguneetan kokaturiko saltokiek edo industriek udalerrietako eremu publikoetan dauden edukiontziak erabili ohi badituzte eta horiek bizilagunendako gogaikarriak diren hondakinak sortzen badituzte usaina edo gaiak direla eta (adibidez arraindegietan), Mankomunitateak behartzen ahalko ditu herriguneetatik kanpo kokaturiko halako edukiontzi batzuk erabiltzera, aipatu hondakin motetarako, bederen, han ez baitira gogaikarri gertatuko. Seinaleak paratuko dira edukiontzi horiek non dauden adierazteko. Betehar hori bete ezean, erantzuleari idatziz jakinaraziko zaio eta behar den zehapena ezarriko.
9. Produktu geldoak utzi behar dira bilketa sailkatu horretarako dauden edukiontzietan, III. kapituluan zehazten den bezala.
Geldotzat hartuko dira usteltze azkarra izaten ez duten hondakinak, hala nola beira, papera, kartoia, plastikoa, enbalajeak, brikak eta metalak.
10. Mankomunitateak zehapena jarriko die edukiontziak kentzea edo paratzea eragozten dutenei, hauen jokabidea dela medio.
III. KAPITULUA
Zaborren bilketa sailkatua
1. ATALA
Orokortasunak
15. artikulua. Bai Hondakinei buruzko 10/1998 Legeak, bai Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 11/1997 Legeak betebeharreko helburu batzuk finkatu dituzte, hondakinen berrerabilpen, birziklapen, eta bertze balioztapen erako arloan, hori guztia ingurumena eta jendearen osasuna babesteko asmoz.
16. artikulua. Aitzineko artikuluan ezarritakoari dagokionez, Mankomunitateak bilketa sailkatuaren sistema baduenez, erabiltzaileak sailkatu behar ditu edo edukiontzi berezietan utzi halako hondakinak, aprobetxamendu desberdina dutenak edo aparte biltzea merezi dutenak.
Sailkako bilketako edukiontzi bakoitzean botako dira horretarako bereziki zehaztuta dauden hondakinak, inola ere ez bertzelakorik.
17. artikulua. Era berean, Mankomunitateak zenbait gairen atez ateko bilketak egin ditzake, eguna, ordua eta zer bilduko den -papera, traste handiak, etab._zehaztuta.
18. artikulua. Birziklatzen ahal diren hondakinak, 9. artikuluko B ataleko 1-d puntuan zehazten den bolumena baino handiagokoak, sortzen dituzten enpresek edo industriek bereizita eraman beharko dituzte birziklatzeko instalazioetara, edo euren erabilerarako ez bertzerako edukiontzien eskaera egin, 28. artikuluan ezartzen den gisan, betiere Mankomunitateak bere gain hartzeko modurik ikusten badu.
2. ATALA
Beiraren bilketa sailkatua
19. artikulua. Mankomunitateak beira biltzeko edukiontzi bereziak jarrita ditu.
Edukiontzi horietara, beirazko ontzi mota bertzerik ez da botako, berdin da zein kolore duen, taparik gabe eta edozein likido edo produkturik gabe.
3. ATALA
Sailkako bilketa: papera eta kartoia
20. artikulua. Mankomunitateak papera eta kartoia biltzeko edukiontzi bereziak jarrita ditu.
Edukiontzi horietara edozein motatako papera edo kartoia bertzerik ez da botako, baina bertzelako produkturik -ezkoak, plastikoak edo aluminioa- ez duena; beraz, brik ontziak ere ezin dira bota.
Kartoizko kaxak behar bezala tolesturik edo zatikaturik bota beharko dira, edukiontziaren barnean behar baino leku gehiago har ez dezaten. Debekaturik dago edukiontzietatik kanpo uztea.
Kartoi kopuru handiak sortzen dituzten denda eta enpresek eskatzen ahal diote Mankomunitateari atez ateko bilketa zerbitzua emateko. Mankomunitateak erabakiko du zerbitzu hau ematen ahal den, bere zerbitzu teknikoen iritzia ikusita.
4. ATALA
Sailkako bilketa: ontzi arinak
21. artikulua. Mankomunitateak ontzi arinak biltzeko edukiontzi bereziak jarrita ditu.
Edukiontzi horietan, paperezkoak, kartoizkoak edo beirazkoak ez diren ontziak bakarrik sartuko dira, hau da, plastikozko ontziak, metalezko latak eta brick ontziak, edo, noizbait hala erabakitzen bada, bertzelakoak.
5. ATALA
Sailkako bilketa: pilak
22. artikulua. Mankomunitateak pilak biltzeko edukiontzi bereziak paratuak ditu, toki desberdinetan banaturik.
IV. KAPITULUA
Hiri hondakinen bilketa bereziak
23. artikulua. 9.B) artikuluan definitu diren hiri hondakinen bilketak berezitzat hartzen dira. Mankomunitateak zerbitzu horiek ezarri ahalko ditu edo, bertzenaz, erabiltzaileek nola egin behar duten erranen du.
24. artikulua. Apirilaren 21eko 10/1998 Legeak ezarritakoaren arabera, Mankomunitateak hondakin motaren bat arriskutsua dela uste duenean, hura sortzen duenari edo haren jabe denari eska diezaioke, biltzeari ekin baino lehen, beharrezkoa den tratamendua egin dezan, hondakina arriskutsu bihurtzen duena kentzeko, edo pertsona, gauza edo ingurumenerako arriskutsu izan gabe bildu, garraiatu, tratatu edo deuseztatzeko moduan uzteko eralda dezan.
25. artikulua Ordenantza honetatik kanpo geldituko dira, hondakin arriskutsutzat hartzen baitira, honako arauotan onetsita agertzen diren hondakin guztiak: 952/1997 Errege Dekretuan, baita haiek bildu dituzten ontzi eta enbase guztiak, Europako Arautegietan arriskutsutzat hartzen diren haiek eta hemendik aitzina Gobernuak aipatuko dituenak, Hondakinei buruzko 10/1998 Legearen arabera.
26. artikulua Aurreko artikuluak dioena bermatu ahal izateko, aurreko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, eskuztatu edo garraiatzen dituztenak eta baimendutako hirugarrenak beharturik daude hondakinen jatorriari, izaerari, osaketari, ezaugarriei, kopuruari, ebakuazio motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruzko informazioa ematera Mankomunitateari.
1. ATALA
Industrietako eta saltokietako hondakinak bildu, garraiatu eta botatzea
27. artikulua. Edozein industriak edo saltokik, Mankomunitateko lurralde eremuaren barnean kokaturik badago edo, egon gabe ere, hondakinak barnean ekoizten baditu, bere hondakinak bere aldetik eraman eta Mankomunitateko zabortegian bota ditzake, betiere horiek hiriko hondakinekin parekatzen ahal badira, eta zaborrak botatzeko behar den baimena aldez aurretik eskatuta.
Bota beharreko hondakinen osaketa zein den zalantzazkoa denean, laborategi ofizial baten analisia eska daiteke eta hura Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura igorri, hondakinak onartzeko edo ez onartzeko.
Zabortegian hondakinen tratamenduaz arduratzen diren langileek aztertuko dituzte, betiere, industriek eta saltokiek botatako hondakinak
Mankomunitateak interesatua behartzen ahal du hondakinak bere kontura eramatera edo edukiontzi esklusiboen alta ematera, 28. artikuluan aipatzen diren baldintza eta kasuetan.
28. artikulua. Etxebizitza partikularrak ez diren erabiltzaileek, hau da, denda, elkarte, industria eta abarrek, "erabilera esklusiboko edukiontziak" izanen dituzte, aldez aurretik interesatuak eskatuz gero, ondoko kasuotan:
1. Mankomunitateko zerbitzu teknikoek egiaztatzen badute egunero sortzen diren hondakinen kopurua 50 litrotik goitikoa dela (50 litroko kopuru hau 9. artikuluko B ataleko 1-d puntuan aipatu da), hondakin arrunta izan edo birziklatzekoak izan: papera-kartoia eta ontzi arinak (plastikoak, latak eta brikak).
2. Nahiz eta aurreko kasuan aipatutakoa ez gertatu, Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakitzen badute hondakin mota jakin horretarako beharrezkoa dela edukiontzi esklusiboa izatea hau da, usain txarra, dentsitate handia, eta abarreko kasuetan.
3. Isolamendu kasu berezia izateagatik, bilketa arrunteko edo sailkako edukiontzia bertze erabiltzaile batek erabili ezin badu.
Mankomunitatearen kontura izanen dira mantentzea edo berria jartzea, baliorik gabe gelditzen denean, edota haren garbiketa.
Edukiontzietako kalteak erabiltzaileek gaizki erabiltzeagatik sortu badira, horiek ordaindu beharko dituzte konponketa gastuak, edota berria jartzearenak, gehiago ezin erabili badira.
Jabeak komeni zaion lekuan paratuko du zabor arruntaren edukiontzia, bere jabetzako lurretan, eta eremu publikora atera beharko du bilketarako, eta hustu ondotik berriz ere handik ken dezake.
Mankomunitateko zerbitzuek erabilera esklusiboko edukiontzien zabor bilketa egin dezaten, Mankomunitatean erregistratu beharko dira, behar den zabor bilketako kontratuarekin batera eta bertan zehaztuko da edukiontzi mota bakoitzaren kopurua eta bilketaren maiztasuna.
Erabiltzaileek, edukiontzi esklusiboak eskatu beharrean, aukera dezakete hondakinak bere kontura zentru batera eramatea edo Bortzirietako zabortegira birziklagarriak ez diren kasuetan, baimena eskatu ondoren.
Mankomunitateak agintzen dienean, edukiontzi esklusiboen kontratuen titularrek -saltokiek edo industri horiek kendu eginen dituzte eta hondakinak beren aldetik eraman hondakindegira, Mankomunitateak ematen duen zaborrak botatzeko baimena izan ondoren. Mankomunitatearen ustez, hondakin horiek bilketa zerbitzuari edo Mankomunitateak ezartzen dituen plantetan egiten den tratamenduari arazoak ekartzen dizkietenean eginen da hori.
2. ATALA
Hondakin klinikoak bildu eta garraiatzea
29. artikulua. Hondakin klinikoak bildu, garraiatu eta tratatzean, hondakin haiei buruz irailaren 13an emandako 296/1993 Foru Dekretuan xedatuari jarraikiko zaio.
Mankomunitateko zerbitzuak arduratuko dira Dekretu horretako 1. eta 2. multzoetako hondakinak bildu eta tratatzeaz; 3. multzokoak tratatu eginen dituzte bakar bakarrik, Dekretuan deskribatzen diren sistemetako bat erabiliz geldotu ondoren.
3. ATALA
Etxeko animalia hilen bilketa eta garraioa
30. artikulua. Goi mailako arautegia aplikatuko da.
31. artikulua. Etxeko animalia hilak utzi nahi dituztenak, ezarriko diren baliabideen bitartez eginen dute.
32. artikulua. 31. artikuluan aurreikusitakoak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.
4. ATALA
Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta botatzea
33. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, lur eta obra-hondakintzat hartuko dira honako hondakin hauek:
1. Indusketak egin eta gero ateratzen diren lur, harri eta gisakoak.
2. Eraikuntza, eraispen eta lurreratze lanetatik ateratako hondakinak eta, oro har, obra handietako eta ttikietako soberakinak.
3. Aurrekoen antzeko materialak eta egoera berezietan Mankomunitatearen zerbitzuek halakotzat jotzen dituztenak.
34. artikulua. Kontrolik gabeko zabor-botatzeak, desegokiak edo baimendu gabeko lekuetan egin ez daitezen, jabetza publikoko lurrak baimenik gabe okupatuz, bidezorua hondatuz edo eremu publikoa zikinduz, Mankomunitateko udal bakoitzak, material mota horiek botatzeko leku batzuk paratuko ditu. Horrela, lur eta obra-hondakinak dituztenek aipatu lekuetan utziko dituzte.
35. artikulua. Mankomunitateko zerbitzuek edukiontzi bereziak paratzen ahal dituzte, kide diren udalen herriguneetatik kanpoko toki libreetan, etxeetako bolumen txikiko obretatik ateratako hondakinetarako.
Edukiontzi horietan bakarrik bota daitezke 33. artikuluan obra-hondakintzat hartu diren haiek, eta gehienez ere metro kubiko bat egunean.
Arrunt debekaturik dago obra-hondakinak edukiontzi horietatik kanpora botatzea. Beterik baldin badaude, erabiltzaileak udalerriko hondakindegira eraman eta bere hartan bota beharko ditu. Horrela egiten ez bada, dagokionak zehapen ahalmena erabiliko du.
Mankomunitateko zerbitzuek, aldian behin, edukiontziak hartu eta dagokien herriko hondakindegira hustuko dituzte, edo Mankomunitateko zabortegian.
5. ATALA
Altzari, etxeko tresna eta traste zaharren bilketa
36. artikulua. Mankomunitateak altzari, etxeko tresna eta traste zaharrak biltzeko, zerbitzu berezia antolatuta dauka. Interesatuek aurretik gaztigatuko dute.
Zerbitzu hori partikularren etxebizitzei baizik ez zaie eskainiko. Mankomunitateak erabakiz gero, bertze kasu batzuetan ere eskaini ahalko du dituen baliabideak kontuan hartuta.
Debekaturik dago altzariak, etxeko tresnak eta traste handiak bide eta eremu publikoetan uztea, baita zaborrontzi barrenean edo ondoan ere.
6. ATALA
Etxeko hondakin arriskutsuen bilketa
37. artikulua. Mankomunitateak antolatuta dauka etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko zerbitzu berezia, herri guzietara joaten den ibilgailuaren bitartez, aldez aurretik ezarritako toki, egun eta orduetan.
Urtero erabiltzaileei jakitera emanen zaie egutegi baten bitartez.
7. ATALA
Azienda ustiategietako silo plastikoen bilketa
38. artikulua. Mankomunitateak antolatuta dauka azienda ustiategietako siloetako plastikoen bilketa. Interesatuek aurretik gaztigatuko dute.
8. ATALA
Atez ateko paper eta kartoi bilketa
39. artikulua. Kartoi kopuru handiak sortzen dituzten denda eta enpresek eskatzen ahal diote Mankomunitateari atez ateko bilketa zerbitzua emateko.
Mankomunitateak erabakiko du zerbitzu hau ematen ahal den, bere zerbitzu teknikoen iritzia ikusita.
Papera/kartoia tolestu eginen da, eta plastiko, zur, metal eta horrelakorik gabe utziko da lokalaren sarreran, hartzeko moduan eta azkar biltzeko prestatua, kasu bakoitzean adierazten diren data eta ordutegian.
9. ATALA
Ibilgailu abandonatuen bilketa eta garraioa
40. artikulua. Mankomunitateak ibilgailu abandonatuak bildu eta garraiatuko ditu, dagokion udalak hiri hondakin gisa deklaratu ondoren.
10. ATALA
Erabilitako pneumatikoak uzteko lekua
41. artikulua. Mankomunitateak sistema kontrolatuak paratuko ditu, erabilitako pneumatikoak uzteko, betiere etxe partikularretatik datozenak, ezin baitira edukiontzietara bota; gero, egokitzat jotzen den tratamendua eman behar zaie.
V. KAPITULUA
Zaborretarako instalazio finkoak erabiltzea
42. artikulua. Galarazita dago hondakin estolderi sarera botatzea.
III. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
43. artikulua. Zehapen ahalmena Mankomunitateak du bere eremu osoan. Honako jarduera eta egoera hauek arau-haustetzat hartuko dira:
_Arau-hauste oso larriak:
1. Hondakinak ezarritako zabortegitik kanpo uztea edo Mankomunitateak edo kide diren udalek baimendu gabeko lekuetan uztea. Arau-haustearen erantzuletzat hartuko dira egileak eta, ibilgailuetan garraiatzen badira, horien jabeak.
2. Erabiltzaileak berak sortutako hondakinak, arrazoirik gabe, Mankomunitatearen esku ez uztea.
3. Edukiontzietan kalteak egitea. Araua hautsi duenaren kargu geldituko dira horiek konpontzeko gastuak.
4. Edukiontziak beren lekuetan paratzeko galaraztea edo eragoztea.
5. Lan hauek galaraztea: Hondakinen garraioa eta zamalanak, edukiontziak mantentzea eta garbitzea, eta orokorrean, zerbitzua emateko lan desberdinak edozein modutan eragoztea.
6. Hondakinak saneamenduko sarera botatzea.
7. Etxeetan hondakinetarako instalazioak jartzea, Mankomunitatearen baimenik gabe.
8. Hondakin arriskutsuak uztea, edo biltzen direnekin batera nahastea.
9. Biltzen ez diren hondakin klinikoak uztea, edo biltzen ahal direnekin nahastea.
10. Mankomunitate honetako zerbitzuek biltzen ez dituzten hondakin motak edukiontzietan edo inguruetan uztea.
_Arau-hauste larriak:
1. Hondakinak uztea ordenantzan ezarritako hondakin mota bakoitzeko edukiontzietatik kanpo.
2. Mankomunitateak, ordenantza honen bidez edo hau garatzeko ematen diren ebazpenen bidez, hondakinak biltzeko ezarritako baldintza, leku eta orduei ez lotzea.
3. Edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea, Mankomunitatearen baimenik gabe.
4. Ordenantza hau bete ahal izateko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak egin daitezen ez uztea.
5. Arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatutako argibideak ukatzea, eta benetan halakoak diren kasuan, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak ez ematea.
6. Edukiontzietan pintaketak egitea, edozein motatako paperak itsastea, edo publizitaterako erabiltzea; azken kasu horretan iragarlea bera hartuko da erantzule zuzen edo subsidiario gisa.
_Arau-hauste arinak:
1. Hondakinak behar bezala utzi ondotik ebastea.
2. Oro har, ordenantza honetako eta Hondakinei buruzko 10/98 Legeko xedapenen kontra dagoen edozein ekintza edo huts.
44. artikulua. Arau-hauste arina behin eta berriz urte baten barrenean egitea arau-hauste larritzat hartuko da.
Arau-hauste larria behin eta berriz urte baten barrenean egitea arau-hauste oso larritzat hartuko da.
45. artikulua. Zigor ekonomikoen mugak:
A) Arau-hauste oso larriak 600 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.
B) Arau-hauste larriak 300 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.
C) Arau-hauste arinak 150 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.
46. artikulua. Zehapenak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira erruduntasun maila, egindako okerraren tamaina, arau-hausteak berarekin dakarren arriskua eta egon daitezkeen bertzelako egoera aringarri edo astungarriak.
Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren ekintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.
47. artikulua. Ordenantza honetan tipifikatutako arau hausteengatik erantzukizuna exijitzeko, aurretik zehapen prozedura tramitatu beharko da, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak arautua (haren bidez onetsi zen zehapen ahalmena erabiltzeko Erregelamendua).
IV. TITULUA
Erreklamazioak eta jurisdikzioa
48. artikulua. Zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkeztutako erreklamazio, zalantza eta galderak, kasu bakoitzean administrazio publikoko erakunde eskudunak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz. Horrek ez du galaraziko Mankomunitatearen jarduketen eta erabakien aurka egitea, hori bidezko denean, Toki Administrazioaren arloan indarra duen legeriak ezarritako prozedurari jarraikiz.
49. artikulua. Aitzineko artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, justizi auzitegiei dagokie beren eskumeneko aferetan parte hartzea, alderdi interesatuaren eskariz.
Nolanahi ere, erabiltzailearen eta Mankomunitatearen edo haren edozein egintzaren artean sortzen diren auziak, toki entitateen egintza eta erabakien aurka jotzeko araubideari lotuko zaizkio, administrazio izaerako xedapenei hertsiki jarraikiz, hura toki entitatea baita.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten dira bai ordenantza hauetan arautzen diren gaiei buruz orain arte izan diren ordenantzak, bai ordenantza honi aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arauak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek 2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L0619389
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
