152. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

15/2006 FORU LEGEA, abenduaren 14koa, Gizarte zerbitzuei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

GIZARTE ZERBITZUEI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA I

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren 17. eta 18. idatz-zatien bidez emandako eskumenez baliatuz, Nafarroako Parlamentuak, 1983. urtean, Gizarte Zerbitzuen martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea onetsi zuen, Espainiako Konstituzioan, 9., 14., 39., 40., 49. eta 50. artikuluetan, arlo honetarako jasotzen diren agindu eta printzipioak garatzeko arau aitzindaria.

Foru lege hark, garai hartan aldarrikatutako gainerako lege autonomikoek bezala, printzipio adierazpen eta agindu orokorrak jaso zituen, baina bide eman du iragan diren hogei urte hauetan aurrerapen nabarmena gertatzeko gizarte gaietako politiketan; izan ere, gizarte babes publikoko zenbait ekintza jarri dira abian, pertsonak eta taldeak garatzen lagundu, gabeziei aurre egin eta gizarte bazterkeria eragiten duten faktore eta egoerak arintzeko xedeekin.

9/1983 Foru Legea beste lege batez osatu zen: azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeaz hain zuzen, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzkoa, zerbitzu horietan gutxieneko kalitate zerbitzua bermatzeko helburua zuena.

Baina arau horien abiapuntuan _gainerako autonomia erkidegoetakoen kasuan ere bai_ gizarte zerbitzuei buruzko ideia laguntzarekin zegoen lotuta, eta horren arabera herritarrek ez lukete egiazko eskubiderik euren bizi kalitatea hobetzeko eta Konstituzioak babesten duen ongizaterako behar dituzten zerbitzuak eskuratzeko. Horrez gain, zerbitzu berriak abiarazi eta daudenak modernizatu izanak eta aldaketa sozialaren dinamikak agerian utzi dituzte foru lege horien gabeziak, bereziki honakoei dagokienez: gizarte zerbitzuen sistemaren definizio kontzeptuala eta ezaugarriak, horien antolaketa, egituraketa eta finantzaketa, prestazio motak ezartzea, eskumenak mugatzea eta gaiarekin lotura duten eragile guztien artean beharrezkoa den koordinazioa.

II

Hori dela eta, ezinbestekoa zen, gizarte zerbitzuez baliatzeko aukeraren unibertsaltasuna aitortuko duen arau baten bidez, arautze berriari ekitea, bi ikuspunturekin: bata, egungo errealitateari erantzun beharko diola, eta bestea, aurrerapausoak eman beharko dituela osasun, hezkuntza eta pentsio sistema nazionalarekin batera ongizate estatuaren zutabetzat jo dena, laugarrena alegia, lortzeko bidean. Horrenbestez, foru legeak aurrenekoz aurreikusten du zerbitzu zorroak onestea, eta bertan jasoko da herritarrek zer prestaziotarako eskubidea izanen duten; eskubide hori subjektiboa izanen da, herritarrek prestazioak bete behar dituzten administrazioei eskatuko diete eta, ezinbestean, auzitegietan, eta horrek, beraz, laguntza-izaera kentzen die gizarte zerbitzuei. Horrez gain, homogeneizaziorako elementuak ezarri dira Nafarroako Foru Komunitate osoan, Nafarroako herritarrei gutxieneko prestazioak eta zerbitzuen kalitate baldintza oinarrizkoak bermatzeko, zein herritan bizi diren edo prestazioa non jasotzen duten kontuan izan gabe. Foru legearen beste asmo bat da gizarte zerbitzuak berrantolatzeari ekitea, gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdeak eta gizarte zerbitzuen barrutiak bereiziz. Gizarte zerbitzuetako zentroak oinarrizko osasun laguntza hobetzeko asmoarekin sortutako egitura berria dira, eta barruti horiek izanen dituztte, hain zuzen, jardun esparru.

Onetsiko den arau honek planifikazioaren aldeko apustu garbia egiten du, Nafarroako administrazio publikoen erantzukizuna baita; izan ere, planifikatzea funtsezkotzat jotzen da jarduketa antolatu eta koordinatuak lortu eta, horrela, politika eraginkor eta efizienteak gauzatu ahal izateko. Apustu egiten du, halaber, herritarren partaidetzaren alde, gizarte eragileak, zerbitzuen erabiltzaileak eta biztanleak, oro har, gizartearen beharrak hobekien transmititzen dutenak direlakoan; zerbitzuak betetzerakoan eragile anitzek parte hartzen dutela aitortzen du, botere publikoek herritarrei prestazioak bermatzeko erantzukizuna dutela ahantzi gabe, bai eta foru lege honen xede diren gizataldeak ordezkatzen dituzten entitateen garrantzia ere. Azkenik, bultzada kualitatiboa eman nahi zaio zerbitzuen kalitatea hobetzeko ahaleginari, zerbitzuen ebaluazioak ezarriz, horretarako zerbitzu horien alderdi funtzional eta materialak ez ezik erabiltzaileen gogobetetzea ere neurtzeko aukera emanen duten adierazle objektiboen bidez.

Familiaren ereduan izandako aldaketek eta emakumeak, azken hamarkadan, pixkanaka lan merkatuan sartzeak faktore berriak ekarri dituzte; egoera berri horrek, premia duten pertsonentzako prestazio egokiak ziurtatze aldera, gizarte zerbitzuen sistema tradizionalak ezinbestez berraztertzea dakar.

Herritarrei bitarteko eta zerbitzuak emateko marko egonkorra bermatu beharrak esparru horretan esku-hartzea ekarri behar du, gizarte babesaren eredu berria eratuko duen lege baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateak ematen duen babesa hedatu eta osatuko duena eta, halaber, gizarte laguntza gizarte zerbitzuen erabiltzaileentzat benetako eskubide subjektibo bihurtuko duena.

Asmoa da, beraz, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuetako garapen berria eratzea, Espainiako Konstituzioak goratzen duen estatu sozialaren eredua bultzatuko duena, horretaz gain, asmoa ere bada botere publikoen konpromisoa lortzea, gizarte zerbitzuen sistema unibertsala, kalitatezkoa eta berme izanen duena gauzatze aldera behar diren baliabideak sustatu eta eman ditzaten.

Gizarte zerbitzuen gaineko arautzea eta baimenen araubidea (homologazio, arau-hauste eta zehapenena gehituta) foru lege bakar batean biltzea izan da legearen hautua, sistema osoa modu globalean ulertzea eta aplikatzea errazten duela iritzita.

III

Foru lege hau prestatzeko garaian, gure erkidegoan berria den partaidetzazko prozesua erabili da; bertan parte hartu dute teknikariek, entitateek, elkarteek, profesionalek, gizarte eragileek, unibertsitateek, herritarrek oro har eta arduradun politikoek, bai autonomia erkidegokoek bai toki entitateetakoek, gure iritziz funtsezkoa delako ahal den adostasun politiko eta sozial handiena bilatzea gizarte zerbitzuena bezalako gai zabalen inguruan legeak egiteko garaian, gizartean duten oihartzuna eta garrantzia kontuan harturik. Foru lege hau beraz Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuekin zerikusia duten eragileek egindako ekarpenak aintzat hartu eta txertatzeko ahalegin handi baten emaitza da.

Foru lege honek 95 artikulu ditu, 10 titulutan multzokatuak, eta, gainera, 10 xedapen gehigarri, 4 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta 5 azken xedapen.

IV

Atariko tituluan xedapen orokorrak bildu dira, arauaren aplikazioa ekarriko dutenak, hala nola xedea, botere publikoek arlo honetan jomuga izan beharreko xedeak, aplikazio esparrua eta sistema gidatuko duten printzipioak. Printzipioei dagokienez, arauak berritasunak ekarriko ditu, gizarte zerbitzuez dagoen kontzepzio berriaren isla. Estreinakoz, honako printzipioak jasotzen dira: elkartasuna, laguntza pertsonalizatua, normalizazioa, autonomia sustatzea, planifikazioko ebaluazioa, boluntarioen lanaren kalitatea eta sustapena. Horrez gain, definizio berria eman zaie unibertsaltasun eta berdintasun kontzeptuei. Unibertsaltasunaren printzipioa bilakatu egin da, eta gizarte zerbitzuak pertsonen eskubide subjektibotzat hartzera jotzen da orain. Berdin gertatzen da berdintasunaren printzipioarekin, arauaren xedeetako bat zehazten baitu, alegia pertsona guztiei prestazio homogeneoen gutxieneko maila bermatzea Nafarroako Foru Komunitate osoan, bizi diren herria edozein dela ere. Azkenik, atariko tituluan gizarte zerbitzuen sistemaren definizioa jaso da, prestazio tekniko eta ekonomiko, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatua, titularitate publiko nahiz pribatukoek.

V

I. tituluan, gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubide eta betebeharren katalogoa bildu da; foru legerian aurrenekoz egin da hori. Horrez gain, egoitzetako gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubide eta betebehar berariazkoak ere arautu dira.

II. tituluak gizarte zerbitzuen sistema publikoa arautzen du, foru legearen muina alegia, arauaren jomuga nagusia populazioaren gizarte ongizatea sustatzea baita, eta hau, berriz, erakunde publikoen erantzukizuna; titulu honetan jasotzen diren berritasunek ondorio garrantzitsuak izanen dituzte gizarte zerbitzuen arloan, haietako nagusia herritarrek zerbitzu horietarako duten eskubide subjektiboaren aitorpena.

Titulu honek bost kapitulu ditu. I. kapituluan gizarte zerbitzuen sistema publikoaren definizioa jaso da; zerbitzuen sistemaz bestelakoa da, ematen diren zerbitzuen titularitatea publikoa delako hain zuzen, prestazioa zuzenean eman nahiz zeharka eman gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateen bitartez.

II. kapituluan gizarte zerbitzuen sistema publikoaren parte diren elementuak arautu dira: prestazio tekniko eta ekonomikoak, planak, programak eta ekipo teknikoak. Kapitulu horretan aipatzen dira lehendabizikoz herritarrentzako prestazio bermatuak, eta beraz herritarrentzat egiazko eskubide subjektiboak sortzen dituztenak. Planei dagokienez, plan estrategikoen eta plan sektorialen arteko bereizketa egiten da, eta ezartzen horietako bakoitzak honakoak beharko dituela: txosten ekonomikoa, aplikatuko dela bermatzeko; aldizkako ebaluazioa; eta, prestatzeko garaian, partaidetzaren bermea. Bertan jaso da orobat programen definizioa eta sailkapena, eta azkenik, sistema publikoko profesionalek osatzen dituzten talde teknikoei buruzko aipamenak daude.

III. kapituluan arauaren berritasun nagusietako bat jaso da: gizarte zerbitzuen zorroak, non foru lege honen hartzaileek eskuratu ahalko dituzten zerbitzuak bilduko baitira. Lehenengo eta behin, gizarte zerbitzu orokorren zorroa arautzen da; Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du, 20. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin, eta Nafarroako biztanle guztiei, bizi diren herria edozein izanik ere, emanen zaizkion gutxieneko zerbitzuak bildu beharko ditu. Bigarrenik, Nafarroako toki entitateek zorro hori osatzeko aukera aurreikusi da, zeinek bere lurraldean toki zerbitzuen zorroa onetsiz. Gizarte zerbitzuen zorroek itxuratuko dute herritarrek zerbitzuetarako duten eskubide subjektibo hori, zorroetan ezarriko baita bertan jasotako prestazioen izaera bermatua edo ez-bermatua den eta zein diren horiek eskuratzeko betebeharrak.

IV. kapituluak planifikazioa arautzen du berariaz, eta aipamen berezia egiten du Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoaz.

V. kapitulua gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egiturari buruzkoa da; lehenengo aldiz eskaintzen du lege maila duen arau batean gure erkidegoan dauden laguntza maila ezberdinen gaineko arautze osotua. Halatan, oinarrizko gizarte zerbitzuen edo oinarrizko laguntzakoen eta gizarte zerbitzu espezializatuen edo laguntza espezializatukoen eginkizunak zehaztu eta ezartzen ditu. Bi berritasun garrantzitsu agertzen dira, gainera. Lehena, oinarrizko gizarte zerbitzu guztietan lau programa derrigorrez ezartzera behartzen du (harrera eta orientabide sozialerako programa, autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko laguntzako gizarteratze programa eta haur eta familientzako oinarrizko laguntzako laguntza programa), Nafarroako eremu guztietan laguntza homogeneoa izan dadin; ezarpena pixkanaka eginen da, populazioaren beharren arabera. Bigarrena, egitura berri bat sortzea aurreikusten da: gizarte zerbitzuetako zentroak. Zentro horiek oinarrizko laguntzari sostengu emateko zerbitzuak izanen dira, barrutian jardunen dute eta, salbu eta Iruñean edo plan estrategiko orokorretan ezarri ahal diren beste kasu batzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpe egonen dira.

VI

III. tituluaren gaia eskumen eta antolaketaren araubidea da, eta hiru kapitulu ditu. I. kapituluan Nafarroako administrazio publikoen eskumenak arautzen dira, bereizirik, batetik, Nafarroako Gobernuarenak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak, eta, bestetik, Nafarroako toki entitateenak. Toki autonomia errespetatuz, eskumen banaketa hori dezentralizazioaren eta berdintasunaren printzipioetan oinarritzen da. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen gain uzten ditu Nafarroako Foru Komunitate osoan herritarrei gutxieneko zerbitzuak bermatuko dizkieten eskumenak, eta toki entitateen gain, berriz, laguntza hurbilagoa izatea ekar dezaketen eskumenak, eta aukera ematen zaie bidenabar toki esparruko gizarte zerbitzuen zorroak egiteko.

II. kapituluan, aurrenekoz jaso da lege mailako arau batean Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen lurralde antolaketa, zenbait jarduketa esparru ezarriz. Gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizkoak izanen dira oinarrizko laguntzaren lurralde markoa, eta gizarte zerbitzuen barrutiek, oinarrizko laguntzako zerbitzuen eraginkortasuna hobetze aldera, zenbait eskualde oinarrizko bilduko dituzte. Gizarte zerbitzu espezializatuen jarduketa esparruak ezarri dira, esparru orokorra eta toki esparrua, titularitatea Nafarroako Foru Komunitatearena edo toki entitateena izan, hurrenez hurren. Oinarrizko eskualdeen eta barrutien ezaugarri zehatzak erregelamenduz ezarriko dira.

III. kapituluan gizarte zerbitzuen sistema publikoaren funtzionamendu egokirako alderdi funtsezko bat arautzen da, hau da, administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza. Bereziki garrantzitsua da administrazio autonomikoaren eta toki administrazioaren arteko koordinaziorako aurreikusi den organoa, Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua, gizarte zerbitzuen politika publikoen koordinazioa errazteko eta dezentralizazio egokia bultzatzeko helburuak dituena.

VII

IV. tituluan gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa arautzen da; horren ardura Nafarroako Gobernuarena eta toki entitateena da, baina beste finantza bide batzuk ere aurreikusten dira. Merezi du nabarmentzea foru legean adierazten dela prestazio bermatuak finantzatuko dituzten kredituak handitzeko modukoak izan behar direla, eta hala behar du, zorroetan halakotzat jotzen diren prestazioak izateko herritarrek duten eskubide subjektiboa ziurtatuko bada. Azpiegituren finantzaketaren gaiari ere heltzen zaio foru legean, eta gizarte zerbitzuen zentroen finantzaketa eta gizarte zerbitzu espezializatu eta oinarrizkoen finantzaketa, ezinbestez, plangintzarekin lotzen dira. Kontuan izan behar da, Nafarroako Gobernuaren finantzaketa oinarrizko lau programekin eta horien gutxieneko edukiarekin loturik egonen dela, foru legeak gutxieneko zerbitzuak bermatzeko duen helburuarekin bat. Azken horien kasuan, Nafarroako Gobernuaren finantzaketa oinarrizko lau programekin eta horien gutxieneko edukiarekin loturik egonen da, foru legeak gutxieneko zerbitzuak bermatzeko duen helburuarekin bat. Era berean, erabiltzaileek prestazio batzuen kostuan parte hartzeko aukera aurreikusi da, baina horrek ez du inoiz ere ekarriko zerbitzu bat ez jasotzea baliabide ekonomikorik ez izateagatik.

VIII

V. tituluak, "Kontsulta eta partaidetza organoak" izenekoak, foru legea gidatzen duen beste printzipio bat du edukitzat, herritarren partaidetza alegia, gizarte zerbitzuen arloan funtsezkotzat hartzen dena. Titulu horretan, partaidetzarako moduak arautzeaz gain, azpimarratzen da komeni dela foru lege honetan erabili direnen antzeko partaidetza prozesuez baliatzea, araua garatu eta betearaziko duten arau, plan eta programak prestatzerakoan.

IX

VI. tituluan aipamen berezia egiten da gizarte zerbitzuen profesionalez, eta erreferentziako profesionala ezartzen da: pertsonen eskubide bat da gizarte zerbitzuekiko, eta haren eginkizuna da pertsonari orientabideak eta laguntza ematea esku-hartze sozialeko prozesu osoan. Halaber aipatzen da esku-hartzeak lanbide artekoa izan behar duela, laguntza integrala izan dadin. Azkenik, titulu honetan profesional horien eskubide eta betebehar berariazkoak jasotzen dira, besteak beste, bat nabarmentzekotan, prestakuntza egokia jasotzea, ematen diren zerbitzuen kalitatea hobetzea ekarriko duena.

X

Foru lege honen VII. titulua gizarte zerbitzuen arloan jarduten duen ekimen pribatuari buruzkoa da. Egungo errealitateak beharrezkoa egiten du eragile publiko eta pribatuek batera parte hartzea populazioaren behar sozialei erantzuten, azken erantzukizuna administrazio publikoena bada ere. Konstituzioan jasota dagoen berdintasun eta bereizkeria ezaren printzipioak eta Europako Erkidegoaren Itunean ezarritako lehia librearen printzipioak eskatzen dute arauaren testuan aurreikusten diren neurriek printzipio horiek ez urratzea, gizarte ekimeneko entitateek zeregin garrantzitsua dutela aitorturik ere.

Halatan, I. kapituluan, gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateei aplikatzekoak zaizkien xedapen orokorrak jasotzen dituen horretan, zerbitzuak sortu, mantendu, eman eta homologatzeko ahalmena dutela aitortzen da, betiere foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Baldintza horiek titulu honen II. kapituluan daude araututa, "Baimena eta erregistroa" izenekoan. Foru lege honek gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legean aurreikusten diren baimen administratiboetako bat edo batzuk eduki beharrari eusten dio. Baina aurreko legerian ez bezala, baimenak eman eta gordetzeko ez da soilik kontuan hartuko, azpiegituraren eta zerbitzuaren baldintzei, ratioei eta langileen titulazioari eta zenbait dokumentaziori dagozkien gutxieneko baldintza batzuk betetzea, horri guztiari kalitate estandarrak ere bete beharra gehituko baitzaio. Estandar horiek adierazle objektibotan oinarriturik neurtuko dira, eta bide eman beharko dute zerbitzuen kalitate maila eta, finean, erabiltzaileen gogobetetzea hobetzeko.

Kapitulu horretan erregistroko jarduera ere arautzen da, eta aurreko Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroaren ordez Gizarte Zerbitzuen Erregistroa sortu da, herritarrek gure foru erkidegoan dauden gizarte zerbitzuen ezagutza hobea izan dezaten lagunduko duena. Orobat, gizarte zerbitzuen sistemaren parte ez diren baina foru lege honen aplikazio esparruan sartzen diren jarduera berariazko batzuetarako baimena eta erregistroa arautzen dira.

Zerbitzuak, bai titularitate pribatukoak bai titularitate publikokoak, homologatzeko eta, beraz, gizarte zerbitzuen sistema publikoan sartzeko baldintzak III. kapituluan daude ezarririk. Homologazio administratiboa arauaren beste berritasun bat da, zerbitzuen kalitatearen aldeko apustua indartzeko ezarria. Baldintza horien artean adierazle objektiboen bitartez ebaluaturiko kalitate estandarrak ere egonen dira, enpleguko kalitatea eta antzeko irizpideekin batera.

XI

VIII. titulua gizarte zerbitzuen kalitateaz mintzatzen da berariaz, eta zenbait neurri ezartzen ditu hura hobetzeko, besteak beste Nafarroako Gobernuari ezartzen dion betebeharra, lau urterik behin kalitate plan bat egitea alegia.

XII

Azkenik, ikuskapena eta zehapen araubidea da IX. tituluaren gaia, foru legea betetzen dela ziurtatzeko ezinbesteko tresnak baitira. Bi kapitulu ditu, lehena ikuskapenari buruzkoa, eta bigarrena zehapen araubideari buruzkoa. Ikuskapenaren eskumena gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuaren gain egonen da. Bigarren kapituluaren asmoa da ezarri beharreko zehapenak indartzea, zenbatekoa igoz, batez ere arau-hauste oso larriei dagozkienak, eta hertsapeneko isunak jarri eta kautelazko neurriak hartzeko aukera aurreikustea, zerbitzuak herritarrentzako behar bezalako bermeak izanik eman daitezen.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz.

2. Foru lege honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistema itxuratzea da, halako moduan non bermatuko baita zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematen direla.

3. Azkenik, foru lege honen beste xede bat da bideak ezartzea gizarte zerbitzuen arloko jarduketa publikoak koordinatzeko gizarte politikaren gainerako arloekin eta ekimen pribatuko jarduketekin, pertsonen beharrei erantzuten dieten gizarte zerbitzuak lortzeko.

2. artikulua. Gizarte zerbitzuen arloko politiken helburuak.

Gizarte zerbitzuen arloan botere publikoek bete beharreko jarduketen helburu nagusiak hauexek izanen dira:

a) Pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, ekonomian, politikan, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan.

b) Autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea.

c) Pertsonen eta gizataldeen bizikidetzaren alde egitea.

d) Kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea.

e) Pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

f) Menpekotasunak eta oinarrizko baliabide faltak eragindako premiei erantzutea.

g) Gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezaten bultzatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateenak.

h) Gizarte ongizatearen arloan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak ezabatzea, plan eta programak taxutu eta betetzean genero ikuspuntua aintzat hartuz.

i) Gizarte zerbitzuekin zerikusia duten lanbideen etika kodeetan esku-hartze sozialari dagokionez jasorik dauden printzipio etikoak errespetatzen direla begiratzea.

3. artikulua. Gizarte zerbitzuen sistema.

1. Gizarte zerbitzuen sistema titularitate publiko eta pribatuko prestazio tekniko eta ekonomiko, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute.

2. Gizarte zerbitzuen sistemak modu integratuan eta sarean koordinaturik jardunen du, foru lege honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritako arau markoarekin bat.

4. artikulua. Gizarte zerbitzuen hartzaileak.

1. Europar Batasuneko kide diren estatuetako nazionalitatea izan eta Nafarroako edozein udaletan erroldaturik dauden guztiak eta Nafarroan erroldaturik dauden atzerritarrak izanen dira foru lege honetan ezarritako gizarte zerbitzuen sistemaz baliatzeko eskubidearen titularrak.

2. Gizarte zerbitzuen sistemaz baliatu ahalko dira halaber Nafarroan dauden erbesteratuak, errefuxiatuak edo aberrigabeak, legeria indardunean eta nazioarteko itun nahiz hitzarmenetan ezarritakoarekin bat edo, horrelakorik ezean, elkarrekikotasun printzipioaren arabera.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoak ez du eragotziko baldintza osagarriak bete behar izatea prestazio jakin batzuen kasuan, horiek arautu edo ezartzen dituzten xedapenetan hala zehazten bada.

4. Nolanahi ere, Nafarroan pobrezia, egoera pertsonal, familiar edo sozial larrian diren pertsonak baliatu ahalko dira gizarte zerbitzuen sistemaren barrenean egoera horri erantzuteko bide ematen duten prestazioez. Gizarte zerbitzuetako profesionalek baloratuko dute egoera hori, larritasunaren, prekarietatearen eta presaren arabera.

5. artikulua. Gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioak.

Gizarte zerbitzuen sistemak printzipio hauen arabera jardunen du:

a) Unibertsaltasuna: botere publikoek bermatuko dute gizarte zerbitzuez baliatzeko biztanle guztiek duten eskubidea, berdintasun, ekitate eta birbanaketaren zuzentasun irizpideen arabera; halere, zenbait zerbitzu zehatzez baliatzeko bete beharreko baldintza bereziak ezarri ahalko dira.

b) Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatu beharko dute, sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak arautuz eta jarriz.

c) Berdintasuna: Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak egotea bermatu beharko du.

d) Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari laguntzera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatu, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

e) Hurbiltasuna eta dezentralizazioa: gizarte zerbitzuak pertsonengandik ahalik eta hurbilen eman beharko dira, kontuan harturik haien izaera eta ezaugarriak.

f) Herritarren partaidetza: botere publikoek pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatu eta bermatu beharko dute.

g) Laguntza pertsonalizatua eta integrala: gizarte zerbitzuen sistemak erantzun integrala eman beharko die behar sozialei, behar horien berri izatea ahalbidetuko duen laguntza pertsonalizatuaren bidez.

h) Prebentzioa: gizarte zerbitzuen sistemak premia sozialeko egoerak gertatzeko arriskua saihestera bideratuko ditu batez ere bere jarduketak eta zerbitzuak.

i) Normalizazioa: gizarte zerbitzuen sistemaren lehentasuna izanen da pertsonak beraien ingurune sozial, familiar eta pertsonalean gelditzea, eta bermatzea erkidegoaren bizitzan parte har dezatela, ahal delarik.

j) Autonomia sustatzea: gizarte zerbitzuen sistema lagungarria izanen da pertsonek behar den gaitasuna beregana dezaten norberaren bizimoduari buruzko erabaki pertsonalak hartzeko eta lehentasunak hautatzeko, baita beste arlo batzuetan (gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan, hezkuntzan) parte hartzeko eta moldatzeko.

k) Planifikazioa eta ebaluazioa: botere publikoek ordenan planifikatu beharko dituzte gizarte zerbitzuen esparruan jarraitu beharreko jomugak, estrategiak, politikak eta jarraibideak, bai eta arazo sozialen eta horiek eragiten dituzten arrazoien berri izateko erabili behar diren bideak eta ekintzak ere, aldizkako ebaluazioaren arabera egoki diren aldaketak ezarriz.

l) Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza: botere publikoek ziurtatu beharko dute gizarte zerbitzuen sistemaren berdintasuna, eta ahal den efizientzia eta eraginkortasun handienez funtzionatzen duela, horretarako haien arteko eta ekimen pribatuarekiko koordinazio eta lankidetza bideak bultzatuz.

m) Kalitatea: Nafarroako Gobernuak bermatuko du gutxieneko kalitate estandarrak izatea gizarte zerbitzuen sisteman, eta estandar horiek hobetzea sustatuko du.

n) Boluntarioen lanaren sustapena: botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dute gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, betiere, parte-hartze horrek ekartzen ez badu behar diren zerbitzu profesionalak ordezkatzea.

I. TITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

6. artikulua. Gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak.

Gizarte zerbitzuen hartzaileek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Gizarte zerbitzuez berdintasunez baliatzeko eskubidea, bereizkeriarik eragin gabe zerbitzuen hartzailearen jaioterriak, hizkuntzak, etniak, sexuak, joera sexualak, egoera zibilak, egoera familiarrak, adinak, ezgaitasunak, erlijioak, ideologiak, iritziak edo beste edozein baldintza pertsonalek edo sozialek.

b) Dauden prestazio eta baliabideei buruz eta horietaz baliatzeko bete behar diren baldintzei buruz behar adinako informazio egiazkoa modu ulergarrian jasotzeko eskubidea, bai eta babes sozialeko beste baliabide batzuei eta arlo horretan administrazio publikoek dituzten eskumenei buruz ere.

c) Norberaren egoerari buruzko balorazioa eta, behar denean, behar sozialen balorazioa ere idatziz eta hizkera argi eta ulergarrian jakiteko eskubidea.

d) Norberaren egoeraren balorazioarekin bat heldu den banakako laguntza pertsonal edo/eta familiarrerako plan bat edukitzeko eskubidea.

e) Esku-hartze sozialeko prozesuari buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea, bai eta administrazio publikoek aurkeztutako aukeren artean prestazioak hautatzeko ere.

f) Hartzaileari eraginen dion edozein esku-hartzeri buruz aldez aurretik informazioa jasotzeko eskubidea, baimen berariazkoa eta librea eman ahal izateko. Baimena idatzizkoa izan beharko da esku-hartzeak egoitza batean sartzea dakarrenean. Gaitasunik ez duten pertsonen eta adingabekoen baimena legez ezarritako prozedurari jarraikiz emanen da.

g) Legeria indardunean ezarritakoari jarraikiz emandako prestazioei eta zerbitzuei uko egiteko eskubidea.

h) Gizarte zerbitzuek duten informazioa konfidentziala izateko eskubidea.

i) Banakako espedientea uneoro ikusteko eskubidea, lege indardunetan ezarritakoarekin bat.

j) Erreferentziako profesional bat esleitu eta libreki hautatzeko eskubidea, arauetan ezarritako moduan.

k) Foru lege honen V. tituluan araututako partaidetzarako eskubidea.

l) Kalitateko zerbitzuak jaso eta horretarako ezarriak diren estandarren berri izateko eskubidea.

m) Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko eskubidea.

7. artikulua. Gizarte zerbitzuen hartzaileen betebeharrak.

Gizarte zerbitzuen hartzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Prestazio eta zerbitzuetan ezarritako arau, baldintza, betebehar eta prozedurak betetzea eta profesional eskudunek emandako laguntza programa eta orientabideen arabera jokatzea, prozesuan parte-hartze aktiboa izateko konpromisoa hartuz.

b) Norberaren inguruabar pertsonal, familiar eta ekonomikoei buruzko informazio egiazkoa ematea, betiere hura ezagutzea beharrezkoa bada egoera baloratu eta laguntza emateko; horietan izaten diren aldaketak jakinaraztea.

c) Prestazioa, betiere, hura ematea eragin duen xederako erabiltzea.

d) Gizarte zerbitzuetako profesionalek deitzen dituzten elkarrizketetara joatea.

e) Zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzera, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean.

f) Zerbitzuei buruzko arauetan ezartzen diren gainerako betebeharrak.

8. artikulua. Egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubide eta betebehar berariazkoak.

1. Egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileek, 6. artikuluan aitorturiko eskubideez gain, honako hauek ere izanen dituzte:

a) Askatasun indibidualaz baliatzeko eskubidea, zerbitzuan gelditu edo handik joateko, kontuan harturik lege indardunetan ezarritakoa.

b) Zerbitzuaren barne erregelamendua ezagutzeko eta haren kopia bat edukitzeko eskubidea.

c) Erabiltzaileek egoitzetako zerbitzuei buruz egiten diren aldizkako ebaluazioen emaitzak zehazten dituen txosten publiko bat, egoitzara sartu baino lehen, ezagutzeko eskubidea dute.

d) Laguntza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, norberaren behar berariazkoen araberakoa, laguntza soziala, osasunekoa, farmazeutikoa, hezkuntza eta kultura arloetakoa eta behar pertsonal guztiak bere baitan hartzen dituena, garapen egokia lortzeko.

e) Komunikazioak isilpekoak izateko eskubidea, epaileak ebazpen bidez kontrakoa xedatzen ez badu.

f) Eguneroko bizitzan intimitatea eta pribatutasuna izateko eskubidea, zerbitzuko langileen jarduketa eta esku-hartze protokoloetan jasoko dena.

g) Bizileku duen egoitza etxetzat hartzeko eskubidea, bai eta ingurune familiar eta sozialarekin harremanetan segitzeko ere.

h) Iradokizunak eta kexak jaso eta horien jarraipena eta ebazpena eginen dituen barne sistema batez baliatzeko eskubidea.

i) Bizilekua pertsonalizatzeko gauza pertsonalak edukitzeko eskubidea, gainerako pertsonen eskubideak errespetatuz.

j) Zentroko ohiko funtzionamenduari eraginen ez dioten praktika erlijiosoetarako eskubidea, betiere beste pertsonen askatasunari begirunea izanik.

k) Sendagileak agindu gabe eta gainbegiratu gabe immobilizazio edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik ez badago. Azken kasu horretan, jarduketen justifikazioa beharko da, agiri bidezkoa, eta erabiltzailearen espedientean jasoko dira, arauetan ezartzen den moduan. Ministerio Fiskalari ere jakinaraziko zaizkio.

l) Jasotzen diren zerbitzuen prezioa jakiteko eskubidea eta, halakorik badago, ordaindu behar denarena.

m) Parte hartzeko eskubidea.

2. Egoitzen erabiltzaileek, aurreko artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere izanen dituzte:

a) Elkarrekiko begirunean, tolerantzian eta lankidetzan oinarrituriko jokaera izatea, zerbitzuan bizikidetza eta arazoak konpontzen laguntzeko.

b) Zerbitzuetako langileak eta haien eskubideak errespetatzea.

c) Instalazioak arduraz erabili eta zaintzea.

II. TITULUA

Gizarte zerbitzuen sistema publikoa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

9. artikulua. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa.

1. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten prestazio tekniko eta ekonomiko, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute.

2. Horretarako, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren sistemaren parte izanen dira administrazio publikoek zuzenean emandako zerbitzuak ez ezik gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateen bidez zeharka emandakoak ere.

II. KAPITULUA

Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren elementuak

10. artikulua. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

1. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioen xedea foru lege honetan aurreikusitako helburuak lortzea izanen da.

2. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak teknikoak, ekonomikoak edo materialak izan daitezke.

11. artikulua. Prestazio teknikoak.

1. Prestazio teknikoak profesionalen taldeek pertsonei eta taldeei emandako zerbitzuak dira, prebentziorako, autonomia sustatzeko, laguntzeko eta haien ongizateaz eta bizi kalitateaz arduratzeko, batzuen nahiz besteen beharrak aintzat harturik.

2. Prestazio teknikoak bermatuak eta ez-bermatuak izan daitezke, titulu honen III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

3. Erabiltzailearen etxean, ingurunean, anbulatorioetan eta zentroetan eman ahalko dira, aldi baterako nahiz modu iraunkorrean, eta, zentroetan emanez gero, egunaz, gauaz, egoitza modura edo bestelakoetan.

12. artikulua. Prestazio ekonomikoak.

1. Foru lege honetan ezarritako markoan administrazio publikoek aitortzen dituzten diru xedapen guztiak prestazio ekonomikoak dira.

2. Prestazio ekonomikoak bermatuak eta ez-bermatuak izan daitezke, titulu honen III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

3. Nafarroako administrazio publikoekin kontratu administratiboak eginak dituzten ekimen pribatuko entitateek ez dute haien dirulaguntzarik jasoko kontratu horietan espresuki jasotako zerbitzuak finantzatzeko.

13. artikulua. Prestazio materialak.

Prestazio materialak dira babesteko, osatzeko eta prestazio teknikoei laguntzeko baliabide ez-ekonomikoen multzoa, gizabanakoei, familiei eta taldeei zuzendua, haien eskubide sozialak bermatzeko xedez.

14. artikulua. Prestazio mistoak.

Prestazio mistoak dira osagarritasuna erdiesteko asmoz prestazio teknikoak prestazio ekonomiko edo materialekin konbinatzetik sorturikoak.

15. artikulua. Gizarte zerbitzuen planak.

1. Gizarte zerbitzuen planak gizarte zerbitzuen esparruan erabiltzen diren antolamendu tresnak dira, sistemaren funtzionamenduan ahal den eraginkortasunik handiena lortzeko xedea dutenak; bertan islatzen dira botere publikoek aplikatu beharreko esku-hartze sozialeko politikak.

2. Gizarte zerbitzuen plan estrategikoak eta plan sektorialak hartuko dira halakotzat.

3. Plan guztiek genero eraginari buruzko ebaluazioa eta txosten ekonomikoa izan beharko dute, horrek ziurtatuko baitu planaren aplikazioa; aldizka aldaketak eginen dira helburuen ebaluazio sistematikoaren eta aplikazioaren jarraipenaren arabera.

4. Planak egiteko prozeduran bermatuta egon beharko du parte hartuko dutela plana betetzeko eskumena duten administrazioek eta foru lege honetan partaidetzarako edo/eta lankidetzarako aurreikusten diren organoek, horietako zeini dagokion; plan sektorialen kasuan, planaren xede diren pertsona ukituen parte-hartzeak ere bermatuta beharko du.

16. artikulua. Gizarte zerbitzuen programak.

1. Gizarte zerbitzuen programak plan bat partzialki betetzeko tresnak dira; bertan zenbait jarduera biltzen dira, nolabaiteko homogeneotasunez antolatuak, planean aurreikusitako emaitzak erdiesteko helburuarekin.

2. Gizarte zerbitzuetako programak oinarrizkoak edo erkidegokoak eta espezializatuak izan daitezke. Biak izan daitezke orokorrak nahiz tokikoak.

17. artikulua. Talde teknikoak.

1. Talde teknikoa sistemaren prestazio teknikoak eman edo prestazio ekonomikoak kudeatzen eta kontrolatzen dituzten profesionalen taldea da.

2. Talde teknikoak oinarrizkoak edo espezializatuak izan daitezke.

III. KAPITULUA

Gizarte zerbitzuen zorroak

18. artikulua. Kontzeptua.

Gizarte zerbitzuen zorroak gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazioak ezartzeko tresna dira.

19. artikulua. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa.

1. Gizarte zerbitzu orokorren zorroan, gizarte zerbitzuen sistema publikoak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatzekoak dituen prestazioak zehaztuko dira.

2. Zorro horretan prestazio bermatuak egonen dira sartuta, ez-bermatuetatik bereizirik.

3. Prestazio bermatuak eskubide subjektibo gisa eskatu ahalko dira zorroan bertan ezarritako moduan; bertan adieraziko da, halaber, horietako bakoitzaz baliatzeko baldintzak zein diren eta eskubide hori behin aitorturik zer epetan eskatu ahalko den administrazioan. Administrazioak ez badu erantzuten, administrazioarekiko auzi-jurisdikziora jo ahalko da.

4. Prestazio ez-bermatuak jasotzeko, zorroan ezarritakoari jarraitu beharko zaio, eta aurrekontuetan dagoen diruaren arabera jokatuko da.

5. Zorroko prestazioen kostua ordaintzeko ekarpena egitea eskatu ahalko da, baina hala dela adierazi beharko da zorroan.

6. Kostuen azterketa ekonomikoak eta prestazioak finantzatzeko modua ere jaso beharko dira zorroan.

20. artikulua. Gizarte zerbitzu orokorren zorroan jaso beharreko gutxieneko edukia.

Edozein kasutan, gizarte zerbitzu orokorren zorroetan, gutxienez, honako prestazio hauek jaso beharko dira, eta prestazio bermatutzat joko dira, gainera:

a) Nahitaez ezarri beharreko oinarrizko gizarte zerbitzuetako lau programetan, foru lege honen 31. artikuluan adierazitakoetan, erregelamenduz jasotzen diren prestazioak.

Programa hauek, edonola ere, ondoko prestazioak jasoko dituzte:

Harrera eta orientabide sozialerako programan, honakoa: gizarte zerbitzuen sistemaren prestazio tekniko eta ekonomikoez eta babes sozialeko gainerako sistemem prestazioez baliatu ahal izatea.

Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntzeko programan, honakoa: udalak emandako etxez etxeko laguntza.

Oinarrizko laguntzako gizarteratze programan, honakoa: akonpainamendu soziala tokian tokiko gizarteratzean, gizarteratze akordioen bidez, aldeen arteko konpromiso-tresna gisa.

Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako laguntzako programan, honakoak: foru legediak toki entitateei haurren eta gazteen arloan esleitutako eskumenen ondoriozkoak, horiek oinarrizko gizarte zerbitzuei dagozkienean.

Lau programetan, honako prestazio tekniko hauek: harrera, orientazioa, aholkularitza, balorazioa eta diagnostiko soziala edo/eta hezkuntza arlokoa.

b) Oinarrizko errentaren prestazioa.

c) Larrialdi sozialeko prestazioak oinarrizko premien betetzea bermatzera zuzendutako laguntza ekonomiko puntual edo noizbehinkakoak.

d) Menpekotasunaren arloko Estatuko legeetan gutxienekotzat jotzen diren prestazioak.

e) Gizartean babes gabe eta gatazka egoeran dauden haurrei laguntzeko prestazio teknikoak, esku-hartze plana detektatu, jaso, ikertu, baloratu, diagnostikatu eta ezartzearekin lotuak, sistema publikoak doan eman beharrekoak.

f) Aldi baterako ostatua emateko baliabideak, esaterako larrialdietako zentroak eta harrera etxeak etxerik gabeko pertsonentzat, tratu txarrak edo sexu erasoak jasandako emakumeentzat, babes gabeko adingabeentzat.

g) Egoitza batean bizi ahal izatea, aldi baterako edo betiko, menpekotasun egoera, familia-gatazka egoera larria edo familia-ingurune ez-egokia dutela-eta bizitokian jarrai ez dezaketenen pertsonentzat.

21. artikulua. Tokiko gizarte zerbitzuen zorroak.

1. Nafarroako toki entitateek beraien gizarte zerbitzuen zorroak onetsi ahalko dituzte, gizarte zerbitzu orokorren zorroan jasotako prestazioen osagarri, eta horien aplikazio esparrua toki entitate horren lurraldea izanen da.

2. Toki entitateen gizarte zerbitzuen zorroei 19. artikuluko 2., 3., 4., 5. eta 6. idatz-zatietan xedatutakoa aplikatuko zaie.

22. artikulua. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onestea.

Gizarte zerbitzu orokorren zorroaren proiektua gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak eginen du, eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio foru dekretu bidez onets dezan.

23. artikulua. Tokiko gizarte zerbitzuen zorroak onestea.

Tokiko gizarte zerbitzuen zorroak kasuan kasuko toki entitateak emandako ordenantzaren bidez onetsiko dira.

IV. KAPITULUA

Planifikazioa

24. artikulua. Planifikazio orokorra.

1. Planifikazio orokorra Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eginen du, Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoen eta plan sektorial orokorren bidez.

2. Planifikazioaren xedea lurralde desorekak saihestea izanen da, dauden baliabideak hobeki aprobetxatzeko, jarduketarako lehentasunak zehaztuz.

25. artikulua. Toki esparruko planifikazioa.

Toki entitateek beraien planifikazioa egin ahalko dute, zein bere lurraldean planifikazio orokorraren osagarri izan dadin, betiere hura errespetatuz; horretarako, tokiko plan estrategikoak eta plan sektorialak prestatuko dituzte.

26. artikulua. Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoa.

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoak gizarte zerbitzuen politikaren helburuak erdiesteko behar diren neurriak, baliabideak eta ekintzak antolatuko ditu, foru lege honetan ezarritakoarekin bat. Lau urteko indarraldia izanen du.

2. Hauexek dira planaren eginkizunak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko egoera soziala aztertzea, ematen diren zerbitzuak eta dagoen eskaera barne, gizonei eta emakumeei dagozkien datuak bereizirik, ahal delarik.

b) Jarraitu beharreko ildo estrategikoak, bete beharreko helburuak eta horiek erdiesteko gauzatu beharreko ekintzak ezartzea.

c) Jarduketa kronograma bat ezartzea eta horien ardura duten entitateak eta organoak zehaztea.

d) Plan estrategikoan jasotako programa guztiak ebaluatzeko, kontrolatzeko eta jarraitzeko sistema ezartzea. Ebaluazioa urtero eginen da eta ondoren txosten publiko bat ekarriko du, toki entitateen, erabiltzaileen eta, oro har, herritar guztien eskueran egon beharko dena.

27. artikulua. Plan sektorial orokorrak.

Plan sektorial orokorrek gizarte zerbitzuen plan estrategikoen aurreikuspenak garatuko dituzte zenbait egoera sozialetan, populazioa ikuspegi sektorialarekin begiratuta. Zeharkako izaera eta urte anitzeko indarra izanen dute; halaber, behatokiak sortzea aurreikusi ahalko da bertan.

V. KAPITULUA

Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egitura

28. artikulua. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egitura.

Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egiturak bi maila ditu: oinarrizko gizarte zerbitzuak edo oinarrizko laguntzakoak eta gizarte zerbitzu espezializatuak edo laguntza espezializatukoak.

29. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuak.

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuak gizarte zerbitzuen sistema publikoko oinarrizko unitatea dira, sisteman sartzeko atea eta hartzaileengandik eta esparru familiar eta sozialetik gertuen dagoen maila. Toki entitateek izanen dute haien titularitatea.

2. Lurraldeko jarduketa esparrua Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoan ezartzen diren gizarte zerbitzuen eskualdeen arabera ezarriko da.

3. Profesional anitzeko taldea izanen dute, erregelamenduz ezarria.

30. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuen eginkizunak.

Oinarrizko gizarte zerbitzuen eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Premia egoerei antzeman, eta horiek aztertu eta diagnostikatzea, eskumena duten zerbitzuei jakinaraztea eta erantzunak proposatzea.

b) Gizarte zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsonak hartzea, lehen erantzuna emateko.

c) Herritarrei gizarte zerbitzuen sistemaren prestazioez eta babes sozialeko gainerako sistemez baliatzen laguntzea.

d) Premia sozialeko egoerak baloratu eta haien diagnostiko soziala edo/eta soziala eta hezkuntza arlokoa egitea, erabiltzaileak berak, bere ingurune familiar edo sozialak edo premia sozialaz arduratzeko sare publikoko beste zerbitzu batzuek hala eskatzen badute.

e) Premia sozialeko egoeran daudenei laguntza eta akonpainamendu soziala ematea.

f) Prebentzio eta gizarte sustapeneko jarduketak gauzatzea.

g) Titulu honetan aurreikusitako programak betetzea eta horietan jasotako prestazioak ematea.

h) Larrialdi sozialeko prestazioak kudeatzea.

i) Gizartea sentsibilizatzeko jarduketak gauzatzea.

j) Boluntarioen lana eta elkarrentzako laguntza sustatzea.

k) Gizarte zerbitzu orokorren zorroaren prestazioetatik, oinarrizko gizarte zerbitzuei dagozkienak kudeatzea.

31. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuen programak.

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuen jarduketak gutxienez lau programatan bideratuko dira:

a) Harrera eta orientabide sozialerako programa, populazio osoari zuzendua, gizarte zerbitzuetan eskaerak aurkezten dituzten pertsonei esku-hartze soziala emateko. Doakoa izanen da.

b) Autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa, menpekotasuna duten pertsonei haien ohiko ingurunean ahal den luzaroen gelditzea ahalbidetzeko xedea duena. Programa hori menpekotasuna ez dutenei ere zuzendu ahalko zaie, helburua beste programa batzuen bitartez lortzerik ez dagoenean.

c) Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa, gizartean, edozein esparrutan, bazterturik edo baztertzeko arriskuan daudenak gizarteratzen laguntzeko xedea duena.

d) Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako laguntza programa, adingabekoei haien garapen pertsonalerako bide emanen dien ingurunea ziurtatzeko, babesa eta laguntza pertsonala, familiarra eta soziala emateko tresnen bidez.

2. Lau programa horiek nahitaez ezarri beharrekoak izanen dira Nafarroako Foru Komunitate osoan. Ezarpena pixkana eginen da eta oinarrizko eskualde bakoitzean dauden populazio ratioek eta egoera sozialaren gorabeherek baldintzatuko dute. Programa horietako bat edo batzuk ezartzerik ez badago, eskaintza eskualde oinarrizkoa kokaturik dagoen barrutitik edo Foru Komunitateko beste barruti batzuetatik bermatuko da, gizarte zerbitzuetako zentroen bitartez, eta horrek ez die kosturik gehitu behar oinarrizko eskualde horietako biztanleei.

3. Programa horietako prestazioak erregelamenduz ezarriko dira, eta gizarte zerbitzuen zorroan aurreikusi eginen dira gutxieneko intentsitatea, horietaz baliatzeko baldintzak eta, halakorik dagoenean, kostuaren ordainketan laguntzeko aukera.

4. Oinarrizko laguntzan, toki entitateek beraien lurraldean eta eskumenen barruan ezartzen dituzten beste programa edo jarduketak gauzatuz osatu ahalko da esku-hartze maila.

5. Plan sektorialek aipatu programen eta herritar taldeei ematen zaizkien prestazioen eta jarduketen _ematen badira laguntza espezializatuaren bidez_ arteko koherentzia eta erabiltzeko tresnak ziurtatu beharko dituzte.

32. artikulua. Gizarte zerbitzuetako zentroak.

1. Gizarte zerbitzuetako zentroak oinarrizko laguntzarako sostengu zerbitzuak izanen dira, oinarrizko gizarte zerbitzuen programak osatzeko eginkizunarekin.

2. Nafarroako Foru Komunitateak gizarte zerbitzuetako zentro bat gutxienez jarriko du gizarte zerbitzuetako barruti bakoitzean, gizarte zerbitzuen plan estrategikoan ezartzen denarekin bat; horrek ezarriko du halaber zentroaren jarduketa esparrua. Halere, egoera soziodemografikoa dela-eta, zenbait barrutik gizarte zerbitzuetako zentro bera izan ahalko dute.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak izanen du zentro horien titularitatea, salbu eta hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kasuan edo salbuespen gisa Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoetan ezarritako kasuetan.

Erregelamenduz ezarriko da zentro horiek izan beharreko profesional anitzeko taldeak, populazio ratioen eta arazo sozialen garrantziaren arabera.

3. Toki entitateek beraien gizarte zerbitzuetako zentroak sortu ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titularitatekoek dituzten eginkizun berdinekin, toki entitate bakoitzaren jarduketa esparruan.

4. Edozein kasutan, gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak izanen du Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuetako zentro guztien jarduketak koordinatzeko eskumena.

33. artikulua. Gizarte zerbitzuetako zentroak.

Hauexek dira gizarte zerbitzuetako zentroen eginkizunak:

a) oinarrizko gizarte zerbitzuei sostengua ematea haien eginkizunak osatzeko eta gizarte zerbitzu espezializatuekin koordinatzeko.

b) Oinarrizko gizarte zerbitzuekin lankidetzan aritzea eta aholku ematea, eta baliabideak birbanatzen laguntzea.

c) Irizpide homogeneoak ezartzea barruti osorako.

d) Oinarrizko gizarte zerbitzuekin batera aritzea kasuen jarraipena egiten eta haietan esku hartzen.

e) Zeharkako jarduketako programak sustatzea baliabideak aprobetxatze aldera.

34. artikulua. Gizarte zerbitzu espezializatuak.

1. Gizarte zerbitzu espezializatuak esku-hartze sektorialetara bideratutako prestazioak dituztenak dira, beharren tipologiari begiratuta, espezializazio teknikoa behar dutenak edo baliabide jakin batzuk erabiltzea.

2. Gizarte zerbitzu espezializatuak sare baten gisa antolatuko dira lurraldean, dezentralizazio printzipioa, populazio guneen ezaugarriak eta ase behar dituzten beharren garrantzia kontuan harturik. Kasuan kasuko oinarrizko gizarte zerbitzuan laguntza eman ondoren erabiliko dira zerbitzu espezializatuak, salbu eta erregelamenduz ezartzen diren kasuetan.

35. artikulua. Gizarte zerbitzu espezializatuen eginkizunak.

Hauexek izanen dira gizarte zerbitzu espezializatuen eginkizunak:

a) Oinarrizko gizarte zerbitzu batetik heltzeko modukoak ez diren premia sozialeko egoerak baloratu eta haien diagnostikoa egitea.

b) Tratamendu espezializatua eskaintzea eta gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazio teknikoak eta ekonomikoak kudeatzea, prestazioak garatzen dituzten arauei jarraikiz eta gizarte zerbitzuen zorroetan ezarritako baldintza eta ezaugarriekin.

c) Gizarteratze, parte-hartze, gaitze eta errehabilitazio sozialerako neurriak garatzea, pertsonen bizi baldintzak normalizatu eta hobetzeko xedearekin.

III. TITULUA

Eskumen eta antolaketa araubidea

I. KAPITULUA

Administrazio publikoen eskumenak

36. artikulua. Erantzukizun publikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari, udalei eta Nafarroako gainerako toki entitateei dagokie gizarte zerbitzuen arloko eskumenak erabiltzea, foru lege honetan eta toki araubideko legeetan ezarritakoarekin bat, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren funtzionamendu egokia bermaturik egon dadin.

37. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eskumenak.

Nafarroako Gobernuari dagokio:

a) Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onestea.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osorako homogeneoak izanen diren gutxieneko prestazioak bermatzeko behar diren neurriak hartzea.

c) Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoak onestea eta Nafarroako Parlamentura igortzea, bere iritzia eman dezan.

d) Gizarte zerbitzu orokorren plan sektorialak eta programa oinarrizkoak edo erkidegokoak eta espezializatuak onestea.

e) Sistemaren koordinazio orokorrerako eta departamentuen arteko zeharkako koordinaziorako irizpideak eta formulak ezartzea, hala egitea beharrezkoa denean gizarte zerbitzuen kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzeko.

f) Foru lege honen VIII. tituluan aipatzen diren kalitate planak onestea.

g) Haren titularitateko zerbitzuak toki entitateei eskualdatzea onestea, 45. artikuluan ezarritako prozedura bete ondoren. Foru dekretu baten bidez emanen da onespena, eta horrekin batera zehaztuko zer finantzabide, eta zer gauza- eta giza-baliabide eskualdatzen diren.

h) Foru lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan emandako beste eskumen guztiak.

38. artikulua. Gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuaren eskumenak.

Gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuaren eskumenak hauexek dira:

a) Gizarte zerbitzu orokorren zorroa betetzea.

b) Gizarte zerbitzuen sistemaren koordinazioa bultzatzea.

c) Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoak, gizarte zerbitzu orokorren plan sektorialak eta programa oinarrizkoak eta espezializatuak egitea, eta horiek betetzea koordinatzea.

d) Foru lege honen VIII. tituluan aipatzen diren kalitate planak egitea.

e) Nafarroako toki entitateekin lankidetzan aritu eta laguntza ematea gizarte zerbitzuen politikak aplikatzeko.

f) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titularitatekoak diren gizarte zerbitzu espezializatuak sortu, mantendu eta kudeatzea.

g) Sistemako zerbitzuak erregistratu, baimendu eta kalitatea homologatzeko eginkizunak betetzea.

h) Sistemako zerbitzuen ikuskapen eta kontrol eginkizunak betetzea eta zehapen ahalmenaz baliatzea gizarte zerbitzuen arloan.

i) Foru lege honen arabera dagozkion gizarte zerbitzuen prestazioak kudeatzea gizarte zerbitzu orokorren zorroan aurreikusitakoari jarraikiz.

j) Gizarte zerbitzuen esparru materialeko fundazioen babesletza betetzea, lege indardunetan ezarritako moduan.

k) Herritarren parte-hartzea, elkarteak, boluntarioen lana eta elkarrentzako laguntzarako beste formula batzuk sustatzea.

l) Gizarte zerbitzuen profesionalei zuzendutako prestakuntza programak sustatu eta garatzea.

m) Gizarte zerbitzuen arloan ikerketa eta azterketa sustatzea.

n) Gizarte zerbitzuetako zentroak sortu, mantendu eta kudeatzea Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoan ezarritakoarekin bat.

ñ) Foru lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan emandako gainerako eskumenak, bai eta foru lege hau betetzeko beharrezkoak diren eta Nafarroako Gobernuari espresuki edo beste administrazio publiko batzuei eman gabe dauden gainerakoak.

39. artikulua. Toki entitateen eskumenak.

Toki entitateei honakoak dagozkie:

a) Haien lurralde esparruan gertatzen diren premia sozialak aztertu eta antzematea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak gizarte zerbitzuez eginiko planifikazio orokorrean parte hartzea.

c) Toki esparruko plan estrategiko eta sektorialak eta toki esparruko programa oinarrizkoak edo erkidegokoak eta espezializatuak onestea.

d) Haren lurralde esparruko oinarrizko gizarte zerbitzuak sortu, mantendu eta kudeatzea.

e) Haien lurralde esparruan beharrezkotzat jotzen dituen gizarte zerbitzu espezializatuak sortu, mantendu eta kudeatzea.

f) Toki esparruko gizarte zerbitzuen zorroa onestea, zerbitzu orokorren zorroa haren lurralde esparruan osatzeko asmoa duenean.

g) Foru lege honen arabera eta gizarte zerbitzu orokorren zorroan eta bere gizarte zerbitzuen zorroan aurreikusitakorekin bat dagozkion gizarte zerbitzuen prestazioak kudeatzea.

h) Foru lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan emandako eskumenak.

II. KAPITULUA

Lurralde antolaketa

40. artikulua. Lurralde antolaketaren printzipioak.

Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen lurralde antolaketa honako printzipio hauei lotuko zaie:

a) Dezentralizazioa.

b) Herritarrengandik hurbil egotea.

c) Premia sozialak asetzeko eraginkortasuna.

d) Lurralde oreka eta homogeneitatea.

e) Informazioaren eta zerbitzuen eskuragarritasuna.

f) Koordinazioa eta sareko lana.

41. artikulua. Gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdeak.

1. Gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdeak gizarte zerbitzuen oinarrizko laguntzari lurralde markoa ematen dioten geografia- eta populazio-zedarriak dira, kasuan kasuko lurraldean populazioa gizarte laguntzaz baliatzea bermatzen dutenak, oinarrizko gizarte zerbitzuaren bitartez.

2. Gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdeen ezaugarriak erregelamenduz ezarriko dira, populazio ratioak eta premia sozialekoak kontuan harturik, eta osasun arloko eta administrazio-jarduetarako beste arlo batzuetako zonifikazioarekin bat etortzen saiatuz. Horrez gain, aurreikusiko da jarduketa bereziko eskualdeak sortzea, ezaugarri demografiko, geografiko edo bestelakoak kontuan hartuta, eta horietan oinarrizko gizarte zerbitzua ezarri ahalko da.

42. artikulua. Gizarte zerbitzuen barrutiak.

1. Gizarte zerbitzuen barrutiak hurbiltasun irizpideetan oinarriturik eta ezaugarri soziodemografikoen arabera elkartutako gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde batzuek osatzen dituzte, oinarrizko laguntzako programak partekatzeko eskuragarritasunaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren ikuspuntuetatik.

2. Gizarte zerbitzuen barrutien ezaugarriak erregelamenduz ezarriko dira.

43. artikulua. Gizarte zerbitzu espezializatuen jarduketarako lurralde esparrua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko gizarte zerbitzu espezializatuen jarduketa-esparrua Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa izanen da.

2. Toki entitate baten menpeko gizarte zerbitzu espezializatuen jarduketa-esparrua toki entitatearen beraren lurraldea izanen da.

III. KAPITULUA

Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza

44. artikulua. Administrazioen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren helburu eta printzipio nagusiak.

1. Administrazioen arteko koordinaziorako eta lankidetzarako foru lege honetan aurreikusitako tresnen eta organoen helburua izanen da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak bermatzea eta ahalik eta eraginkortasun eta efizientzia handienak lortzea gizarte zerbitzuen sistemaren funtzionamenduan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren barrenean koordinazio egokia lortzeko, Nafarroako Gobernuak eta gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak behar diren neurriak hartu beharko dituzte, pertsonen gizarte ongizateari eragiten dioten departamentuen jarduketak modu integratuan bete daitezen.

3. Era berean, Nafarroako Gobernuak neurriak hartu ahalko ditu toki entitateen jarduketa eta ekimen pribatuarenak koordinatzeko, honako hauen bitartez:

a) Foru lege honetan ezarritakoaz beste koordinazio organoak sortuz.

b) Lurralde osoan zerbitzuen gutxieneko kalitate baldintzak ezarriz.

c) Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoak, plan sektorial orokorrak eta gizarte zerbitzu oinarrizkoen edo komunitarioen eta espezializatuen programa orokorrak onetsiz.

4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta toki entitateak lankidetzan arituko dira gizarte zerbitzuen arloko politikak aplikatzean, zein bere eskumenekin bat, foru lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitako tresnen bitartez. Halaber, Estatuko administrazio orokorrarekin ere lankidetzan arituko dira, foru lege honen aplikazio esparruan eragina duten Estatuko eskumenen arloan.

45. artikulua. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilu.

1. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua eratuko da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen arteko lankidetza administratiboko organo iraunkorra izan dadin.

2. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluaren xedea izanen da gizarte zerbitzuen arloko politika publikoen koordinazioaren alde egitea eta dezentralizazio egokia bultzatzea.

3. Kontseiluko burua gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularra izanen da; kontseiluko kideen erdia Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ordezkariak izanen dira eta beste erdiak Nafarroako toki entitateenak.

4. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoari buruzko txostena egitea.

b) Plan sektorial orokor eta tokikoei buruzko txostena egitea.

c) Nafarroako Gobernuari Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titularitatekoak diren zerbitzuak toki entitateei eskualdatzea proposatzea; proposamenean, eskualdatu beharreko baliabide finantzario, material eta giza-baliabideen balorazioa jaso beharko da. Kontseiluak arlo horretan toki entitate zehatz bati dagokionez hartutako erabakiek nahitaez beharko dute toki entitate horren aldez aurretiko adostasuna.

d) Lege edo erregelamendu mailako xedapenen bidez emandako gainerako eginkizunak.

5. Kontseiluaren osaketa zehatza eta jarduteko araubidea erregelamenduz ezarriko dira.

46. artikulua. Nafarroako Gizarte Laguntzaren Etika Batzordea.

1. Nafarroako Gizarte Laguntzaren Etika Batzordea kide anitzeko organoa da, aholkularitzakoa, diziplina artekoa eta independentea, eta helburu du zerbitzuetako eta zentroetako langileak sentsibilizatzea egiten duten lanak duen garrantzi etikoari buruz, eta bermatzea pertsonek beren nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatua izateko duten eskubidea, inongo bazterkeriarik gabe, bai eta, era berean, jardun sozialaren alderdi etikoak identifikatzea, aztertzea eta ebaluatzea.

2. Etika batzordearen osaera erregelamenduz ezarriko da, aniztasun irizpideei jarraikiz, eta gizarte zerbitzuen arloan eta gizarte babeseko beste sistema batzuetan prestigio handia duten profesionalek osatuko dute, kasuan kasuko elkarte profesionalak proposatuta.

3. Etika batzordearen berariazko eginkizunak erregelamenduz ezarriko dira, eta, betiere, honakoak jaso beharko dira:

a) Gizarte laguntzarekin zerikusia duten etika gaiei buruzko irakaskuntza-eginkizunak.

b) Gizarte laguntzarekin zerikusia duten etika gaiei buruzko ikerketa-eginkizunak.

c) Gizarte laguntzarekin zerikusia duten etika gaiei aholkularitza- eta irizpen-eginkizunak.

4. Erregelamenduz arautuko da arloetan edo zentroetan etika batzordeak ezartzeko aukera; batzorde horien eginkizunak artikulu honetan araututako batzordearen berdintsuak izanen dira.

IV. TITULUA

Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa

47. artikulua. Finantzaketaren bideak eta printzipioak.

1. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa honakoekin finantzatuko da: Nafarroako aurrekontu orokorretako ekarpenak; Nafarroako toki entitateen aurrekontuetako ekarpenak; nazioko gobernuak egindako ekarpenak, daudenean; testamenturik gabeko jarauntsiak, Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioan eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoarekin bat; xede horrekin entitate pribatuek egindako ekarpenak; eta foru lege honetan ezarritako moduan zerbitzuen erabiltzaileek egindako ekarpenak.

2. Nafarroako administrazio publikoek bermatu beharko dute herritarren eskubidea gizarte zerbitzuen zorroetan aitortzen zaizkien prestazioak jasotzeko eta haien eskumeneko zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko, aurrekontuetan horretarako behar diren zenbatekoak ezarriz.

48. artikulua. Prestazioen finantzaketa.

Nafarroako aurrekontu orokorretan eta toki entitateen aurrekontuetan kasuan kasuko gizarte zerbitzuen zorroan dauden prestazio bermatuak finantzatzeko behar diren kredituak ezarriko dira urtero, herritarren eskubide subjektiboa bermatzearren. Kreditu horiek aski ez badira prestazio bermatu horiek finantzatzeko, handitu egin beharko dira.

49. artikulua. Azpiegituren finantzaketa.

Nafarroako aurrekontu orokorren kargura soilik finantzatu ahalko dira Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoetan aurreikusirik dauden gizarte zerbitzuen azpiegiturak, publikoak nahiz pribatuak.

50. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzaketa.

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuen eta ematen dituzten programen finantzaketa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta Nafarroako toki entitateek hartuko dute bere gain.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ekarpena oinarrizko gizarte zerbitzuen titularrak diren toki entitateekin urte bat baino gehiagorako izenpetuko diren hitzarmenetan ezarriko da, eta ez da inoiz ere izanen foru lege honetan ezarritako programen kostuaren 100eko 50 baino txikiagoa. Programen kostua zehazteko modua eta jarduketa bereziko eskualdeetarako irizpide desberdinak erregelamendu bidez ezarriko dira, 31.3 artikuluan ezarritakoa aintzat harturik.

Edozein kasutan, menpekotasunari buruzko estatuko legeetan bermaturik dauden prestazioak sartuz gero programetan, horiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak finantzatuko ditu osotara.

3. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako finantzaketa jasotzeko, toki entitateek hitzarmenetan bildutako jarduketa guztiak bete dituztela justifikatu beharko dute.

51. artikulua. Gizarte zerbitzuetako zentroen finantzaketa.

1. Gizarte zerbitzuetako zentroen finantzaketa horien titular den administrazioari dagokio, salbu eta hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kasuan, edo salbuespen gisa Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoetan ezarritako kasuetan.

2. 1. idatz-zatian aurreikusitako salbuespenezko kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren finantzaketa kasuan kasuko toki entitatearekin izenpetuko den lankidetza-hitzarmen batean ezarriko da, eta ordainketa gauzatzeko hitzarmenean aurreikusitako jarduketa guztiak bete direla justifikatu beharko da.

52. artikulua. Gizarte zerbitzu espezializatuen finantzaketa.

Gizarte zerbitzu espezializatuen finantzaketa horien titular den administrazioari dagokio.

53. artikulua. Erabiltzaileen parte-hartzea finantzaketan.

1. Gizarte zerbitzuen zorroetan ezarriko da gizarte zerbitzuen sistema publikoko zein prestaziotan eskatu ahalko zaien erabiltzaileei ordainketan parte-hartzea.

2. Erregelamenduz ezarriko dira erabiltzaileen parte-hartzearen zenbatekoa zehazteko irizpideak; betiere, erabiltzailearen gaitasun ekonomikoaren irizpidea eta unibertsaltasunarena errespetatu beharko dituzte, halako moduan non inor ez den geldituko laguntzarik gabe bitarteko ekonomikoen ezagatik, eta zerbitzuaren izaera, kostua eta populazioaren zer sektoreri zuzentzen zaion aintzat hartu beharko dituzte.

3. Ordaindu beharra dakarten zerbitzu bakoitzaren titular den administrazioak zehaztuko du ordainketako parte-hartzea zenbatekoa izanen den, betiere zorroan eta foru lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako irizpideak errespetatuz. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman beharko da.

V. TITULUA

Kontsulta eta partaidetza organoak

54. artikulua. Herritarren partaidetzaren bermea eta irismena.

Nafarroako administrazio publikoek sustatu behar dute herritarrek, erabiltzaileen elkarteek, gizarte zerbitzuetako profesionalek eta gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateek gizarte zerbitzuen sistemaren planifikazioan, kudeaketan eta ebaluazioan parte har dezaten.

55. artikulua. Parte hartzeko moduak.

Herritarren parte-hartzea gizarte zerbitzuen sisteman honako baliabide hauekin gauzatuko da:

a) Parte-hartze organikoa.

b) Zerbitzuetako partaidetza-kontseiluetan parte hartzea.

c) Parte hartzeko beste modu batzuk.

56. artikulua. Kontsulta-organoak.

Gizarte zerbitzuen arloko parte-hartze organikoa kontsulta-organo hauen bidez gauzatuko da:

a) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua.

b) Gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialak, Nafarroako Gobernuak sortutakoak.

57. artikulua. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua: izaera eta eginkizunak.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua gizarte zerbitzuen arloko partaidetza- eta kontsulta-organoa da. Gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuari atxikia egonen da.

2. Hauexek izanen dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nahitaezko txostenak ematea gizarte zerbitzuen arloko arau proiektuez, Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoez, plan sektorial orokorrez eta kalitate planez.

b) Aplikazioaren eta betetze-mailaren jarraipena egitea honakoetan: Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoak, plan sektorial orokorrak, kalitate planak eta gizarte zerbitzuen orokorren zorroa.

c) Gizarte zerbitzuen sistema hobetzeko proposamenak, gomendioak eta iradokizunak egitea.

d) Lege edo erregelamendu mailako xedapenen bidez emandako gainerako eginkizunak.

58. artikulua. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua: kideak eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko burua gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularra izanen da, eta kideak, berriz, departamentu horretako ordezkariak, toki entitateetakoak, ordezkaritza handiena duten enpresa erakunde eta sindikatuetakoak, lanbide elkargoetakoak, sortzen diren gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialetakoak, unibertsitateetakoak eta gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetakoak. Kideak eta horiek izendatzeko modua erregelamenduz ezarriko da.

2. Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendu araubidea erregelamenduz ezarriko da, eta edozein kasutan aurreikusi beharko da zenbait batzorde sortu beharko direla, enpleguko kalitateari buruz, gizarte zerbitzuen zorroaren jarraipenari eta aldaketari buruz eta zerbitzuak baimentzeko, erregistratzeko eta homologatzeko sistemari buruz.

59. artikulua. Kontsulta-organo sektorialak.

Nafarroako Gobernuak gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialak sortu ahalko ditu, kontsultarako eta gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunari atxikiak; haiek ukitzen dituzten gizarte zerbitzuen arloko politiken esparru mugatuan jardunen dute. Horien xede eta helburuak, eginkizunak, kideak eta funtzionamenduaren araubidea sortze-xedapenetan ezarriko dira.

60. artikulua. Partaidetza kontseiluak.

Zerbitzu guztiek izan beharko dute ezarria erabiltzaileek edo/eta haien familiek parte hartzeko sistema bat, Partaidetza Kontseiluaren bidezkoa. Kontseiluko kideak, eginkizunak, eta funtzionamendu araubidea erregelamenduz ezarriko dira.

61. artikulua. Parte hartzeko beste modu batzuk.

Nafarroako administrazio publikoek sustatu beharko dute gizarte zerbitzuen arloko arauak eta foru lege honetan aurreikusitako plan eta programak egitean herritarrek parte hartzeko prozesuak ezar daitezen, populazioak erabilitako oinarriak ezagutu, proposamenak aurkeztu, horiek eztabaidatu eta prozesuaren emaitzaren berri izan dezan.

VI. TITULUA

Gizarte zerbitzuetako profesionalak

62. artikulua. Profesionalen esku-hartzearen izaera.

1. Gizarte zerbitzuen arloko esku-hartzearen izaera lanbide artekoa da, laguntza integrala ematea helburu.

2. Erregelamenduz ezarriko dira gizarte zerbitzuetan jarduten duen profesional anitzeko lan-talde bakoitzean izan beharreko titulazioak eta ratioak, bai eta kide bakoitzaren eginkizun nagusiak ere; horiek ezartzeko zerbitzu bakoitzaren helburuak eta ezaugarriak hartuko dira kontuan, hartzaileentzako estaldura egokia eta tratu duina bermatzeko.

63. artikulua. Profesionalen eskubideak eta betebeharrak.

Gizarte zerbitzuetako profesionalek, bakoitzari aplikatzekoak zaizkion legeetan aitortu eta ezarritako eskubide eta betebeharrez gain, hauexek ere izanen dituzte berariaz:

a) Etengabeko prestakuntza jasotzea, lanbidearen ezaugarrietarako egokia, eta prestakuntza horretaz baliatzea gizarte zerbitzuen hartzaileei ematen zaien laguntza hobea izan dadin.

b) Tratu errespetuzkoa eta zuzena izatea zerbitzuen arduradunekin, gainerako profesionalekin eta gizarte zerbitzuen hartzaileekin. Elkarrekiko eskubide eta betebehar hori zerbitzuak antolatzeko erregelamenduetan jaso beharko da, eta hura urratzeak zehapen edo diziplina espedienteak eraginen ditu.

c) Lana eraginkortasunez eta efizientziaz garatu ahal izateko behar den sostengua izanen duten talde teknikoetan sartzea.

d) Partaidetza organoetan parte hartzea foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoarekin bat, eta zerbitzuak aldizka ebaluatzeko prozesuetan parte hartzea.

64. artikulua. Erreferentziako profesionala.

Erreferentziako profesionalaren eginkizuna erabiltzaileak behar dituen zerbitzuak eta prestazioak bideratzea izanen da, eta esku-hartze guztien globaltasuna eta koordinazioa bermatzea.

VII. TITULUA

Ekimen pribatua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

65. artikulua. Printzipio orokorrak.

Gizarte zerbitzuak ematea lehentasunezko jarduera duten pertsona fisikoak edo lehentasunezko helburua hori duten pertsona juridikoak, ematen dituzten zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik badituzte, gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitatetzat hartuko dira foru lege honen ondorioetarako.

66. artikulua. Ikerkuntzaren sustapena.

1. Ikerkuntza jarduerak gizarte zerbitzuen sistemaren maila guztietan sustatuko dira, hori sistemaren aurrerabiderako funtsezko elementutzat hartzen baita.

2. Egindako ikerketen helburu nagusia hau izanen da: herritarren bizi kalitatea hobetzea eta gizarte bazterkeria eragiten duten faktoreen aurka borrokatzea. Ikerketak Nafarroako Foru Komunitateko gizarte errealitatea ikertzera eta aztertzera bideratuko dira bereziki; hain zuzen ere, behar egoerak eragiten dituzten arrazoiak ikertzera eta aztertzera, eta prebentziorako, laguntzarako nahiz birgizarteratzeko esku-hartzeko moduak ikertzera eta aztertzera. Era berean, gizartze zerbitzuen esku-hartzeek duten eraginkortasuna eta efizientzia ere zorrotz ebaluatuko dituzte ikerketok.

3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bai ikerkuntza programak bai horiek betetzeko baliabideen esleipena koordinatuko ditu, inbertsioen ahalik eta errentagarritasun handiena lortze aldera. Era berean, eginiko ikerketen emaitzen hedapena ere erraztuko du.

67. artikulua. Ekimen pribaturako erak.

1. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateak gizarte ekimenekoak eta merkataritza ekimenekoak izan daitezke.

2. 65. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten fundazioak, elkarteak, boluntarioen entitateak, eta irabazi asmorik gabeko beste entitate eta erakunde batzuk dira gizarte ekimeneko entitateak.

3. 65. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta irabazi asmoa duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuak dira, berriz, merkataritza ekimeneko entitateak.

68. artikulua. Ekimen pribatuaren eskubideak eta betebeharrak.

1. Foru lege honetan eta garapen arauetan baimenerako ezarritako baldintzak betetzen dituzten gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateek eskubidea izanen dute gizarte zerbitzuen arloan aritzeko.

2. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateek eskubidea izanen dute haien zerbitzuak homologatzeko eta horrek dakartzan onurez baliatzeko, foru lege honetan eta garapen arauetan ezarritako moduan.

3. Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak, baimen eta homologazio baldintzak betetzeari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eginen dituen egiaztatze eta ebaluatze jarduketen menpe daude, eta eskubidea dute jarduketa horiek berme guztiak betetzen dituen prozedura bati jarraikiz egin daitezen.

II. KAPITULUA

Baimena eta erregistroa

69. artikulua. Baimen administratiborako araubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemaren parte izanen diren gizarte zerbitzuak emateko beharrezkoa izanen da, erregistro horiek 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, foru lege honen hurrengo artikuluan aurreikusitako baimen administratiboak lortu eta horiei eustea, baimenen xedea baita betebehar batzuk eta gutxieneko kalitate estandarrak betetzen direla bermatzea.

2. Gizarte zerbitzuen sisteman sarturik ez dauden gizarte zerbitzuen arloko jarduketak gauzatzeko, berriz, 74. artikuluan aurreikusitako baimen administratiboa beharko da.

70. artikulua. Baimen administratibo motak.

Bete beharreko jarduketaren arabera beharrezkoa izanen da baimen administratibo hauetakoren bat lortzea:

a) Gizarte zerbitzuak non eman behar diren, zentro horien funtsezko aldaketarako baimena.

b) Gizarte zerbitzuen funtzionamendurako baimena, bai eta titularitatea edo eginkizunak eta helburuak aldatzekoa ere.

c) Behin-behineko baimenak salbuespenezko kasuetarako, aldi baterako kokapenak aurreikusten direnerako.

d) Zerbitzuak bertan behera uzteko baimena.

71. artikulua. Baimen administratiboak lortzeko gutxieneko baldintzak.

Baimen administratiboa lortzeko gutxieneko baldintzak erregelamenduz ezarriko dira zerbitzu mota bakoitzerako. Edozein kasutan, arautzeak alderdi hauek jaso beharko ditu:

a) Zerbitzuak eman behar diren azpiegiturak eraiki, kokatu eta egokitzeko eskatuko diren baldintzak.

b) Zerbitzuei beren izaeraren arabera eskatu ahal zaizkien baldintza materialak, segurtasunekoak eta ekipamendukoak.

c) Langileek izan beharreko titulazioak, gutxieneko kopurua, laguntza hartuko duten pertsonen kopuruaren eta okupazio mailaren arabera.

d) Txosten bat eta jarduketa plan bat aurkezteko beharra, zehaztuz esku hartzeko araubidea, laguntza programak garatzeko modua eta horiek betetzeko metodologia eta prozedurak.

72. artikulua. Baimenak emateko prozedura.

1. Foru lege honetan aurreikusitako baimen administratiboak emateko prozedura interesdunak eskatuta abiaraziko da.

2. Prozedura hori erregelamenduz ezarriko da, eta gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuko langileek gutxienez bisita bat eginen dutela aurreikusi beharko da; bisita horretan, entitate eskatzailearen ordezkari batek ere egon beharko du. Bisitaren akta jasoko da, eta, aktaren arabera, eskatutako baimena ematea galarazten duten ez-betetzeak baldin badaude, alegazio epe bat irekiko da.

3. Aurkeztutako eskabideari buruzko ebazpena eta jakinarazpena emateko erregelamenduz aurreikusitako epea iraganik, interesdunek eskabideak administrazioaren isiltasunaren ondorioz ezetsi direla ulertu ahalko dute.

73. artikulua. Baimenei eustea.

1. Emandako baimenei eusteko beharrezkoa izanen da uneoro betetzea 71. artikuluan aipatzen diren baldintzak eta, halaber, ematen diren zerbitzuetan gutxieneko kalitate estandarrei ere eustea.

2. Gutxieneko estandar horiek erregelamenduz ezarriko dira, eta ondotik aipatzen diren alderdien gaineko adierazle kuantitatibo eta kualitatibotan oinarriturik lortuko dira: zerbitzuen egitura, giza baliabideak, emandako zerbitzuaren ebaluazio objektiboa eta erabiltzaileen gogobetetzea.

3. Gutxieneko baldintzak eta kalitate estandarrak ez betetzeak ekar dezake emandako baimena ezeztatzea edo etetea, dagokion prozedura, erregelamenduz ezarriko dena eta betiere interesdunari entzutea ematea bermatuko duena, ireki ondoren.

4. Jarduteko baimena eteteak edo ezeztatzeak Gizarte Zerbitzuen Erregistroan jasotako erregistro datuak ezabatzea ere ekarriko du.

74. artikulua. Berariazko baimenak.

1. Foru lege honen 65. artikuluan xedatutakoaren arabera, gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateak ez diren baina gizarte zerbitzuen arloan aritzea aurreikusia duten pertsona fisiko eta juridikoek gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak emandako baimen berariazko bat lortu beharko dute, baimena eskatzean adierazitako jarduketarako baizik balio izanen ez duena.

2. Baimen horiek lortzeko gutxieneko baldintzak eta prozedura erregelamenduz ezarriko dira.

3. Gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuan Baimen Berariazkoen Erregistroa sortuko da eta erregelamenduz garatuko da.

4. Baimen berariazkoak berekin ekarriko du entitate horiek aukera izatea gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak onetsitako dirulaguntza deialdietan parte hartzeko.

75. artikulua. Gizarte Zerbitzuen Erregistroa.

1. Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak gizarte zerbitzuen erregistro bat eduki beharko du, eta bertan agerraraziko da zer zerbitzu dauden gizarte zerbitzuen sisteman sarturik eta zer administrazio publiko edo gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitate diren zerbitzu horien titular edo kudeatzaile.

2. Gizarte Zerbitzuen Erregistroan jaso beharreko datuak eta horiek inskribatu, aldatu eta ezeztatzeko prozedura erregelamenduz ezarriko dira, horietatik zein diren publikoak adieraziz.

3. Erregistro horretan inskribatu beharreko zerbitzuen entitate titularrek Nafarroako aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak jaso ahal izateko beharrezkoa izanen da inskripzio hori egitea.

III. KAPITULUA

Homologazio administratiboa

76. artikulua. Homologazio administratiboaren araubidea.

Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateek ematen dituzten zerbitzuek, sistema publikoan sartu ahal izateko, homologazio administratiboa lortzeko beharrezkoak diren baldintzak bete beharko dituzte.

77. artikulua. Homologaziorako gutxieneko betebeharrak.

1. Erregelamenduz ezarriko dira homologazio administratiboa edukitzeko eskatuko diren baldintzak, eta kontuan hartuko dira gizarte ekimeneko entitateek emandako zerbitzuen ezaugarri bereziak. Ezartzen diren adierazleek gutxienez alderdi hauek hartuko dituzte aintzat:

a) Foru lege honen 73.2 artikuluan ezarritakoak; baimen administratiboei eusteko ezarritakoa baino kalitate maila handiagoa eskatuko da.

b) Kalitatea profesionalen enpleguan.

c) Informazio ekonomiko eta finantzarioa nahiz kudeaketakoa ekartzea.

2. Homologazio administratiboa eskatzeko, foru lege honetan aurreikusitako baimen administratiboak bete beharko ditu, kasua bada, eta Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatu ahal izateko baldintzak ere bai; gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak egiaztatu beharko du hala dela, eta zerbitzua homologazioa jasotzeko egokia dela adierazteko ebazpena emanen du. Homologaziorako prozedura abiarazteko aukera ukatzen duen ebazpenaren kontra lege indardunetan aurreikusitako errekurtso administratiboak aurkeztu ahalko dira.

78. artikulua. Homologazio administratiboa emateko prozedura.

1. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateek homologazio administratiboa lortzeko prozedura entitate interesdunek eskatuta abiaraziko da.

2. Prozedura hori erregelamenduz ezarriko da, eta gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuko langileek gutxienez bisita bat eginen dutela aurreikusi beharko da; bisita horretan, entitate eskatzailearen ordezkari batek ere egon beharko du. Bisitaren akta jasoko da, eta zerbitzuak, aktaren arabera, eskatutako homologazioa lortzeko behar diren baldintzak betetzen ez baditu, alegazio epe bat irekiko da.

3. Aurkeztutako eskabideari buruzko ebazpena eta jakinarazpena emateko erregelamenduz aurreikusitako epea iraganik, interesdunek eskabideak administrazioaren isiltasunaren ondorioz ezetsi direla ulertu ahalko dute.

79. artikulua. Homologazio administratiboari eustea.

1. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateek homologazio administratiboari eusteko, unean-unean erregelamenduz ezarriko diren kalitate estandarrak bete beharko ditu zerbitzuak, eta kalitate mailaren aldizkako ebaluazioak onartu. Ebaluazio prozedura erregelamenduz ezarriko da.

2. Kalitate estandarrak ez betetzeak emandako baimena ezeztatzea edo etetea ekar dezake, dagokion prozedura, erregelamenduz ezarriko dena eta betiere interesdunari entzutea ematea bermatuko duena, ireki ondoren.

3. Zerbitzua bertan behera gelditzeak emandako homologazioa ezeztatzea ere ekarriko du.

80. artikulua. Titularitate publikoko zerbitzuen homologazioa.

1. Titularitate publikoko zerbitzuek, zuzenean kudeatu nahiz ekimen pribatuko ekimen baten bitartez, homologaturik egon beharko dute.

2. Zerbitzu horiek homologatzeko prozedura erregelamenduz ezarriko da.

3. Zerbitzuaren titular den administrazioak ez duenean zerbitzua zuzenean kudeatzen, neurriak ezarri beharko ditu kudeatzen duen entitateak behar dena egin dezan zerbitzua homologaturik egoteko. Administrazio titularrak gai horri dagokionez hartutako neurriak eta egindako eskaerak entitate pribatuak ez betetzeak izenpetutako kontratua suntsitzea ekar dezake.

VIII. TITULUA

Gizarte zerbitzuen kalitatea

81. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen kalitatea hobetzea sustatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko kalitate planak ezarritako marko orokorraren barruan.

2. Horretarako, foru lege honen VII. tituluan, III. kapituluan, aurreikusitako homologazioa lortzeko dirulaguntzak emateari lehentasuna emanen dio, zerbitzu guztiek homologazioa lortzeko eskatzen den kalitate maila beregana dezaten.

3. Era berean, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak jendaurrean jarriko du, urtero, homologazio hori duten zerbitzuen zerrenda.

82. artikulua. Kalitate plana.

1. Nafarroako Gobernuak kalitate planak onetsiko ditu Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuetarako, kalitate prozesuen garapena eta aplikazioa ziurtatzeko oinarrizko tresna gisa.

2. Planak lau urteko indarraldia izanen du, baina aldizka aldatu beharko da, haren helburuen ebaluazio sistematikoaren eta aplikazioaren jarraipenaren arabera.

3. Kalitate planek, gutxienez, alderdi hauek jaso beharko dituzte:

a) Lortu beharreko kalitate helburuak, zehaztuta.

b) Hobekuntzarako bide eta sistemak, orokorrak eta sektorialak.

c) Erabiltzaileen eta haien familien iritziei buruzko azterlanak.

d) Genero ikuspegia, zerbitzuak kudeatu, antolatu eta ematean.

IX. TITULUA

Ikuskapena eta zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Ikuskapena

83. artikulua. Ikuskapenaren menpeko jarduketak.

1. Foru lege honen aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek betetako jarduketa guztiak egonen dira Gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren menpe.

2. Gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak eginkizun horiek beteko dituzten ikuskatzaileak gaituko ditu, eta langile horiek agintearen agente izaera izanen dute jardunean daudelarik.

3. Ikuskatzaileek baimentzeko, homologatzeko eta erregistratzeko prozesu guztietan izanen dute erantzukizuna, bai eta, lege honen aplikazio esparruan, entitate publiko nahiz pribatuek ezarri beharreko aldizkako ebaluazio eta kalitate prozesu guztietan ere.

II. KAPITULUA

Arau-hauste administratiboak

84. artikulua. Arau-hausteak eta subjektu erantzuleak.

1. Gizarte zerbitzuen arloko arau-hauste administratiboak dira subjektu erantzuleen ekintzak eta ez-betetzeak, baldin eta lege edo erregelamenduzko arauen kontrakoak izan eta titulu honetan tipifikaturik eta zehaturik badaude.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

3. Titulu honetan tipifikaturiko arau-haustetzat har daitezkeen ekintzak edo ez-betetzeak egotzi ahal zaizkien pertsona fisiko nahiz juridikoak dira subjektu erantzuleak.

4. Zerbitzuetako administratzaileak, gerenteak, zuzendariak eta arduradun teknikoak ere erantzuleak izan daitezke, bere eginkizunen esparruan eta foru lege honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

5. Zerbitzuetako titularrak kudeaketaren egile ez direnean, kudeatzaileen ekintzen eta ez-betetzeen erantzun subsidiarioa hartuko dute bere gain.

85. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Egoitzako zerbitzuen erabiltzaileei legez aitorturiko eskubide hauek urratzea: zerbitzuko barne erregelamendua eskura izan eta ezagutzea, kexak eta iradokizunak jaso eta ebazteko sistema bat egotea, erabiltzaileari zerbitzuaren prezioa eta ordainetan eman behar duena jakinaraztea eta erabiltzailearentzat garrantzitsuak diren objektu pertsonalak edukitzea.

b) Erabiltzaileen erregistrorik ez izatea edo behar bezala eguneraturik ez edukitzea, erregelamenduan halakoa edukitzea eskatzen den zerbitzuetan.

c) Gizarte zerbitzuen erabiltzaileak prestazio eta zerbitzuetarako ezarritako arauak, betebeharrak, prozedurak eta baldintzak ez betetzea, eta gizarte zerbitzuetako profesionalen programei eta orientabideei ez jarraitzea, halako moduan non esku-hartze sozialaren xedeak izaera galtzen duen.

d) Gizarte zerbitzuen erabiltzaileek eman zaizkien prestazioak erabiltzea emandako helburuaz beste baterako.

e) Finantzaketan parte hartzeko betebeharra urratzea, gizarte zerbitzuen erabiltzaileei legez eskatzekoa denean.

f) Gizarte zerbitzuen arloan foru lege honen 74. artikuluan araututako baimen administratibo berariazkoa izan gabe jardutea.

g) Zerbitzuen titularitatea aldez aurretik baimen administratiborik izan gabe aldatzea.

h) Foru lege honen V. tituluan ezarritako moduan herritarrek gizarte zerbitzuetan parte hartzeko duten eskubideaz baliatzea galaraztea.

i) Foru lege honetan ezarritako oinarrizko gizarte zerbitzuetako edozein programa ez ezartzea edo gaizki betetzea, lege hau garatzeko xedapenetan eta gizarte zerbitzu orokorren zorroan eskatzen den moduan.

86. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Gizarte zerbitzuen erabiltzaileak horietaz berdintasunez balia daitezen galaraztea.

b) Gizarte zerbitzuen hartzaileei buruzko datu pertsonalen, familiarren edo sozialen gaineko konfidentzialtasun betebeharra ez betetzea, gizarte zerbitzuen esku dauden datuei dagokienez.

c) Hartzaileentzako banakako edo/eta familiako laguntza plana egiteko betebeharra ez betetzea, edo hura egin edo aplikatzerakoan ez betetzea horretarako dauden lege manuak, bereziki kasuaren balorazioari, hartzaileek banakako esku-hartze prozesuan parte hartzeari eta erreferentziako profesional bat izendatzeari dagokiena.

d) Egoitza batean sartu, bertan gelditu eta bertatik ateratzeko gizabanakoen askatasunaz baliatzea galaraztea, salbu eta adingabeko eta ezgaituentzako lege indardunek ezarritakoaren kasuan.

e) Egoitzako zerbitzuen erabiltzaileei ez ematea laguntza espezializatua eta integrala, etengabe eta bakoitzaren premia berariazkoekin bat heldu dena.

f) Egoitzako zerbitzuen erabiltzaileen eskubide hauek ez betetzea: intimitatea errespetatzea, komunikazioen sekretua, praktika erlijiosoa, egoitza etxetzat hartzea eta ingurune familiar eta sozialarekin harremanetan egotea.

g) Zerbitzuko prezioen araubidea ez betetzea edo aldatzea.

h) Gizarte zerbitzuak eman behar diren zentroen funtsezko aldaketak egiteko edo zerbitzu horien funtzionamendurako beharrezkoa den aldez aurretiko baimen administratiborik izan gabe jardutea gizarte zerbitzuen arloan, edo eginkizunak eta helburuak funtsean aldatzeko baimenik gabe, eta, hala ezarririk dagoen kasuetan, foru legearen 70. artikuluan araututako behin-behineko baimenik gabe.

i) Baimendutako gizarte zerbitzu bat horretarako aldez aurretiko baimen administratiboa lortu gabe bertan behera uztea.

j) Sistema publikoko gizarte zerbitzu gisa beharrezkoa den homologazioa izan gabe jardutea.

k) Baimen administratiboak edo homologazioa lortzeko behar diren datuak faltsutzea, bereziki honakoak: entitatearen nortasunari eta gizarte- edo merkataritza-izaerari dagozkienak; ezaugarri material, ekipamendu eta segurtasunekoei dagozkienak; zentroak eraiki, kokatu eta egokitzeko baldintzei dagozkienak; laguntza eta zuzendaritza arloetako langileek bete beharreko titulazio baldintzei eta ratioei dagozkienak; eta kasu bakoitzean eskatzen diren kalitate estandarrak betetzeari dagozkionak.

l) Baimenak eta homologazioa emateko baldintzak betetzen ote diren egiaztatu eta ebaluatzeko jarduketak ez onartzea, galarazi edo eragoztea.

m) Zerbitzuek jarduteko edo homologaturik egoteko bete behar dituzten baldintzak eta kalitate estandarrak erregulatzen dituen araudia ez betetzea.

n) Administrazioaren ikuskapen lanari trabak jartzea.

87. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larriak honako hauek dira:

a) Gizarte zerbitzuak ematea halakoak direla ezkutaturik, arloan indarra duen legeriaren aplikazioa saihesteko.

b) Sendagileak agindu gabe eta gainbegiratu gabe immobilizazioa edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikoren bat jasanaraztea zerbitzuen erabiltzaileei, non eta ez dagoen haien nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik.

c) Zerbitzuetako erabiltzaileei tratu txar fisiko nahiz psikikoak eragitea.

d) Ikuskatzaileei, salatzaileei, erabiltzaileei edo haien familiartekoei koakzioak edo/eta mehatxuak edo beste edozein presio larri eragitea.

e) Zerbitzuek funtzionatzeko eta denboran zehar baimen administratiboak edo homologazioa lortzeko baldintzei eusteko bete behar dituzten gutxieneko baldintzak eta kalitate estandarrak erregulatzen dituen araudia ez betetzea, horrek erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen duenean.

88. artikulua. Preskripzioa.

Foru lege honetan tipifikaturiko arau-hauste oso larriek lau urteren buruan preskribatuko dira, larriek hiru urteren buruan eta arinek urtebeteren buruan, arau-haustea egin zenetik hasita.

III. KAPITULUA

Zehapen administratiboak

89. artikulua. Zehapen administratiboak.

1. Aurreko kapituluan ezarritako arau-hausteek honako zehapen hauek ekarriko dituzte:

a) Arau-hauste arinak: idatzizko kargu-hartzea edo gehienez ere 12.000 euroko isuna.

b) Arau-hauste larriak: 12.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriak: 60.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isuna.

2. 85. artikuluko c) eta d) letretan tipifikaturiko arau-hauste arinen zehapen gisa, sei hilabetetik hiru urtera bitarteko epean arau-haustearen xede izan den prestazio horretaz baliatzeko debekua ezarriko zaio gizarte zerbitzuen erabiltzaileari. Arau-hauslea legez ezgaituriko erabiltzaile baten legezko ordezkaria denean, 6.000 euro bitarteko zehapena ezarriko zaio horri, eta erabiltzaileari ez zaio ezarriko puntu honetan agindutakoa.

Arau-haustea egoitzako zerbitzuei dagokienean, zehapen gisa gizarte zerbitzura igorriko da erabiltzailea, edo, zerbitzu horren onuradun izateko gutxieneko baldintzak betetzen ez baditu, emandako prestazioa kenduko zaio.

90. artikulua. Hertsatzeko isunak.

1. Arau-haustea legez eska daitekeen jarrera edo jarduketaren bat ez betetzea denean, zehapenari errekerimendu bat erantsiko zaio, zehazturik arau-hausleak zehazki zer egin behar duen egoera leheneratu eta legez eskatzekoak diren baldintzak betetzeko, eta zer epe duen horretarako.

Horretara beharturik dagoenak errekerimendu horretan ezarritakoa moduan eta epean betetzen ez duenean, zehapenerako eskumena duen organoak hertsapen isunak ezartzea erabaki ahalko du.

2. Hertsapen isunak errepikatu ahalko dira, gutxienez hilabetea iraganik batetik bestera, eta haien zenbatekoa ez da izanen zehapen gisa ezarritako isunaren zenbatekoaren 100eko 30etik gorakoa. Zenbateko hori honako irizpide hauek kontuan harturik zehaztuko da:

a) Egoera zuzentzeko betebeharra betetzen atzeratzea.

b) Betebeharrak nahita ez betetzea, edo ez-betetzeak behin baino gehiagotan gertatzea.

c) Eragindako kalteen izaera.

3. Norbaitek ordaintzeko betebeharra izan eta ordaintzen ez badu, hertsapen isunak premiamendu bidez eskatu ahalko zaizkio, jakinarazpena egin eta hogeita hamar egun baliodun iraganik.

4. Hertsapen isunak eta ezar litezkeen zehapenak independenteak eta bateragarriak izanen dira.

91. artikulua. Zehapen osagarriak.

Arau-hauste oso larrietan honakoak ere zehapen gisa metatu ahalko dira:

a) Foru lege honetan aurreikusitako jarduerak betetzeko hurrengo bost urteetarako desgaitzea, eta horrekin batera kasuan kasuko baimen administratiboa edo/eta homologazioa ezeztatzea.

b) Zentroetako zuzendariak zuzendari izateko desgaitzea hurrengo bost urteetarako.

c) Finantzaketa publikoa jasotzeko urtebetetik bost urtera bitarteko eperako desgaitzea.

d) Zerbitzua aldi baterako etetea, osorik edo haren zati bat, gehienez ere urtebetez.

e) Zerbitzua behin betikoz bertan behera uztea, osorik edo haren zati bat; baimen administratiboa eta, halakorik dagoenean, homologazioa ere ezeztatzea ekarriko du horrek berekin.

f) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin kontratatzeko desgaitzea urtebetetik bost urtera bitarteko eperako.

g) Emandako homologazioa galtzea bi urtetik bost urtera bitarteko eperako.

h) Zehapen organoak, behin zehapenak irmo direlarik bide administratiboan, horiei publizitatea ematea erabaki ahalko du pertsona fisiko nahiz juridiko erantzuleen izenak publiko eginez, egindako arau-hausteak espresuki adierazirik. Publizitatea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta egokitzat jotzen diren komunikabideetan eginen da.

92. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Ezarri beharreko zehapenak zehaztu eta mailakatzeko, zehapenak arau-haustetzat jotako egitatearen larritasunari egokitu beharko zaizkio, eta, horretarako, bereziki kontuan hartuko dira irizpide hauek:

a) Norainoko asmo edo arduragabekeria izan den arau-haustea egitean.

b) Sortu diren edozein motatako kalteak eta pertsonentzako nahiz ondasunetarako sortu edo izan den arrisku egoera.

c) Arau-hausteetan berrerortzea edo halakoak behin eta berriz egitea.

d) Arau-haustearen oihartzun ekonomiko eta soziala.

e) Arau-hausleak urratutako araudia bere kabuz bete izana, zehapen prozedura abiarazi baino lehen.

f) Arau-hausteak edozein bereizkeria mota eragin izana.

2. Arau-haustearen ondorioz lortutako etekina foru lege honetan ezarritako zehapenaren zenbatekoa baino handiagoa denean, zehapenaren zenbatekoa igo eta lortutako etekinaren 100eko 10etik 25era bitarte handiagoa izanen da.

93. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek lau urteren buruan preskribatuko dira, larriek hiru urteren buruan eta arinek urtebetera, zehapena ezartzen duen ebazpena irmo egin eta biharamunetik hasita.

94. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Foru lege honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da, erregelamenduz ezar daitezkeen berezitasunak galarazi gabe.

2. Foru lege horretan zehapenetan aurreikusitako murrizketa aplikatzerik ez da izanen zehapena arau-hauste oso larri batengatik ezartzen denean.

95. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Zehapen prozedura abiarazi aurretik, eta pertsonentzako arrisku egoerak sortu badira, lehenbailehen desagerrarazi edo arindu beharrekoak, organo eskudunak kautelazko neurri hauetako bat hartu ahalko du:

a) Zentroa aldi baterako ixtea, osorik edo haren zati bat, edo zerbitzua nahiz jarduerak, osorik edo haien zati bat, aldi baterako etetea.

b) Erabiltzaile berriak hartzeko debekua aldi baterako.

2. Hartutako kautelazko neurriak zehapen prozedura abiarazten den unean berretsi, aldatu edo kendu beharko dira, hau da, neurriok hartu eta hamabost egun iragan aurretik.

3. Neurri horiek edozein unetan hartu ahalko dira, zehapen prozedurari behin abiarazi delarik, eman daitekeen azken ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko; kasu horretan fidantza bat aurkeztea ere eskatu ahalko da, behin-behineko neurri gisa, egokitu daitekeen isunaren gutxieneko zenbatekoaren adinakoa.

Lehen xedapen gehigarria._Prestazio ekonomikoen enbargaezintasuna eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaintzetik salbuestea.

Unean uneko araudi indardunean adieraziko da gizarte zerbitzu orokorren zorroan jasotako prestazioetatik zein diren enbargaezinak eta zein egonen diren pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsirik.

Bigarren xedapen gehigarria._Eguneko eta gaueko zentroetako prestazioak parekatzea.

8., 85, 86 eta 89. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, eguneko eta gaueko zentroetako prestazioak eta egoitzetako prestazioak parekatu egin dira, betiere haien izaera dela eta xedatutakoa aplikatzekoa zaienean.

Hirugarren xedapen gehigarria._Iruñeko gizarte zerbitzuetako zentroak.

Foru lege honen 32. artikuluan araututako gizarte zerbitzuetako zentroak, Iruñeko gizarte zerbitzuen barrutikoak direnak, Iruñeko Udalaren titularitatekoak izanen dira.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak finantzatuko ditu zentro horiek, foru lege honen 51. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, betiere gizarte zerbitzuen plan estrategikoan aurreikusitakoarekin bat baldin badatoz.

Laugarren xedapen gehigarria._Homologazioak berdintzea.

Gizarte zerbitzu homologatuak, menpekotasunari buruzko estatuko legeetan xedatutakoaren ondorioetarako, baimena duten zerbitzuak direla ulertuko da, baina, betiere, aipatutako legeetan baimen hori lortzeko ezartzen diren gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.

Bosgarren xedapen gehigarria._Gizarte zerbitzuen arloko kontratuen exekuzioan errekerimendu sozialak ezartzea.

Nafarroako administrazio publikoek errekerimendu sozialak sartu beharko dituzte, nahitaez, gizarte zerbitzuen arloan egiten dituzten kontratu guztietako administrazio klausula partikularren pleguetan; betiere, aplikatzekoak zaizkien kontratuen arloko legeetan ezarritakoari jarraikiz.

Seigarren xedapen gehigarria._Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluaren eraketa.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean gehienez ere eratuko da Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua.

Zazpigarren xedapen gehigarria._Gizarte Zerbitzuen Erregistroa sortzea.

Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere urtebeteko epean sortuko du bertan aurreikusitako Gizarte Zerbitzuen Erregistroa.

Zortzigarren xedapen gehigarria._Gizarte zerbitzuetako zentroak sortzea.

Gizarte zerbitzuetako zentroen ezarpena foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere zortzi urteko epean gauzatuko da, Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoetan aurreikusitakoarekin bat.

Bederatzigarren xedapen gehigarria._Nafarroako gizarte zerbitzuen lehen plan estrategikoaren onespena.

Nafarroako Gobernuak foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere urtebeteko epean onetsi eta igorriko du Nafarroako Parlamentura Nafarroako gizarte zerbitzuen lehendabiziko plan estrategikoa.

Hamargarren xedapen gehigarria._Lanpostuak sortzea.

Foru lege honetan aurreikusitako homologazio sistema ezartzeko, gizarte zerbitzuen arloko departamentuan beharrezkoak diren lanpostuak sortuko dira.

Lehen xedapen iragankorra._Oinarrizko gizarte zerbitzuen programen ezarpena.

31. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak eskaintza bermatu beharko du halakoa eman dezakeen gizarte zerbitzuen zentrorik ez den bitartean.

Bigarren xedapen iragankorra._Dauden baimen administratiboak.

Aurreko araudiari jarraikiz emandako baimen administratiboek indarra izanen dute aurrerantzean ere. Halere, foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere hiru urteko epean, entitateak arau honen babesean ezarritako baldintza berrietara egokitu beharko dira, bestela emandako baimena galduko baitute.

Hirugarren xedapen iragankorra._Homologazio administratiboa eskatzea.

Foru lege honetan aurreikusitako ondorioetarako, foru lege honek indarra hartu eta lau urteko epean eduki beharko da homologazio administratiboa.

Laugarren xedapen iragankorra._Eskualdeak.

Erregelamendu bidez gizarte zerbitzuen zonifikazio berria onetsi bitartean, foru lege honek indarra hartzean dauden eskualdeek izanen dute indarra.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetutako xedapenak.

1. Arau hauek indarrik gabe geratu dira:

a) Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea.

b) Gizarte zerbitzuen arloko itunei buruzko urriaren 25eko 20/1985 Foru Legea.

c) 9/1990 Foru Legea, azaroaren 13koa, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzkoa.

d) Urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretua, oinarrizko gizarte zerbitzuen araubidea ezartzen duena.

e) Foru lege honetan ezarritakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

2. Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duenak, indarra izanen du aurrerantzean ere, foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoa ez den guztian.

Azken xedapenetan lehena._Haur eta gazteen arloko aplikazioa.

Haur eta gazteen arloan foru lege honen aplikazioa subsidiarioa izanen da berariazko legerian xedatutakoarekiko.

Azken xedapenetan bigarrena._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aldaketa.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 2. artikuluko 3. idatz-zatiari e) letra gehitu zaio. Hona testua:

"e) Gizarte Zerbitzuen Foru Legean aipatu eta gizarte zerbitzu orokorren zorroan bermatutzat jotzen diren prestazio ekonomikoak, pertsona fisikoen edo familien bizi premiak asetzeko xedea dutenak."

Azken xedapenetan hirugarrena._Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onestea.

Nafarroako Gobernuak 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen onetsiko du gizarte zerbitzu orokorren zorroa.

Azken xedapenetan laugarrena._Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituzten erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bosgarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hiru hilabetera hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko abenduaren 14an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0619841