150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

SAN ADRIAN

Deialdia, San Adriango Udalaren zerbitzuko arkitekto tekniko edo aparejadore izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Alkate udalburuaren irailaren 12ko 71/2.006 ebazpenaren bidez onetsi zen 2006ko lan eskaintza publikoa, eta hartan sarturik dago arkitekto tekniko edo aparejadore lanpostua. Alkate udalburuaren azaroaren 7ko 88/06 ebazpenaren bidez onetsi dira delako lanpostu horren deialdiko oinarriak, hain zuzen ere ondoko hauek:

ARAUAK

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da San Adriango Udalaren zerbitzuko arkitekto tekniko edo aparejadore izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da deialdi hau.

1.2. Lanpostuaren edukiak xedea du San Adriango Udalari aholkularitza teknikoa ematea hirigintzaren eta Udalaren obren arloan, eta zehatz-mehatz ondoko lan hauek egitea, behar bezala prestatuak eta aurkeztuak:

a) Txosten teknikoak prestatzea, gai honen gainean indarra duen araudiari jarraikiz, kasu hauetan:

_Lizentzia mota guztiak (jarduera sailkatu edo kaltegabeenak, irekitzekoak, obretakoak, lehen aldiz okupatzekoak, lurra banantzekoak...) eta hirigintza arloko baimenak eman aitzin, horiek ematea Udaleko edozein gobernu organori dagokionean, alderdi guztien gaineko iritzia agertuz, bereziki udal planeamenduarekiko agertzen duten egokitasunaz den bezainbatean.

_Hirigintza kudeatzeko Udalak hala bere ekimenez nola ekimen pribatuaren ondorioz tramitatzen dituen bitarteko guztiak, barne direla konpentsazio batzorde edo gisakoen estatutu proiektuak eta jarduketa oinarriak, eta birzatiketa eta urbanizazio proiektuak.

_San Adriango Planeamendu Orokorra aldatu eta/edo berrikusteko proiektu guztiak, orokorrean, hala partikularrek nola San Adriango Udalak sustaturik, baita Udal Plan Orokorra garatzeko berak tramitatzen dituen planeamenduaren bitarteko guztiak (planeamenduaren bitarteko guztiak barne direla, are xehetasun azterlanak ere).

_Finkak banantzeko, lurzatitzeko eta birzatitzeko eskariek planeamenduarekiko agertzen duten egokitasunaren gainean.

b) Aholku ematea San Adriango Udaleko gobernu organoei, obra proiektuak, planeamendurako bitartekoak, hirigintzaren kudeaketa eta Udalak tramitatzen dituen proiektu guztiak direla-eta sor litekeen edozein kontu teknikoren gainean.

c) Aholkularitza eta laguntza ematea balorazio tekniko bat egin behar duten kontratazio mahaiei, baita Hirigintzako Informazio Batzordeari ere.

d) San Adriango Udalak sustatzen dituen proiektu txikiak prestatzea, hala nola Arau Subsidiarioetan (edo, hala behar badu, Udal Plan Orokorrean) aldaketa egitekoak, planeamendua garatzekoak eta xehetasun azterlanak egitekoak, eta balorazio txostenak prestatzea udal obretarako bidezko diren kasu berariazkoetan.

e) Hirigintza arloko balorazioak.

f) Obrak emandako lizentziekin bat heldu ote diren kontrolatzea.

g) Udalari laguntza ematea obra partikularren zuinketan eta kontrolatzeko ikustaldietan.

h) Udal obren kontrola eta segimendua.

i) Udal eraikinetako mantentze planak prestatzea eta haren kontrola.

j) Jendeari harrera egitea gainerakoen bezalako bulego orduetan.

k) Udalak tramitatzen dituen urbanizazio proiektuetan sarturiko obretako harrera aktak prestatzea, eta txostenak egitea proiektu horietan sarturik dauden obren exekuzioaz eta proiektuekiko egokitzapenaz, Udalak delako obren harrera egin baino lehen.

l) San Adriango Udalaren barnean arkitekto tekniko edo aparejadore bati egokitzen ahal zaizkion eginkizun guztiak.

1.3. Izendapenak lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, San Adriango Udaleko lan-kontratudunen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/84 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.5. Hauta probak gainditzen dituen izangaiak sei hilabeteko probaldia izanen du. Izangaiak probaldia gainditurik, San Adriango Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko da.

1.6. Hauta probak eta sei hilabeteko probaldia gainditu ondotik deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatua izan, Iruñeko Udalean sartu eta lan-kontratudun finko bilakatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da, sarrera emanen zaio araubide horretan eta hark aurreikusten duen babesa izanen du.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko deialdiko 7.2 idatz-zatiak adierazten duen epearen barnean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Arkitekto teknikoaren, aparejadorearen titulua edo horien baliokidea izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Aitzineko baldintzak egiaztatu beharko ditu probak gainditu eta 7. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan izendatua izan dadin proposatzen den izangaiak.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak San Adriango Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (bulego orduetan, 9:30tik 13:30ra) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkate udalburuak, edo eskuordetzen den pertsonak, ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia:

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Emilio Ignacio Ruiz Lorente, San Adriango Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: José Domingo Solano Gil jauna, San Adriango Udaleko lehen alkateordea.

_Mahaikidea: José Martín Errea Rodríguez, San Adriango Udal Plan Orokorra prestatu duen arkitektoa.

Ordezkoa: José Antonio Lorente Orio, arkitektoa.

_Mahaikidea: Jesús María Sos Arizu, Nafarroako Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak izendaturiko arkitekto teknikoa.

Ordezkoa: César García Fresca Frías, Nafarroako Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak izendaturiko arkitekto teknikoa.

_Mahaikidea: Juan Salinero Cascante, Calahorrako Udaleko aparejadorea (Errioxa).

Ordezkoa: Ignacio Sáez Muro, Calahorrako Udaleko aparejadorea (Errioxa).

_Idazkaria: Andrea Lafuente Bozal, San Adriango Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

Hauta probak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako.Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa hasiko da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gutxienez bi hilabete iragan ondotik. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

_Lehenbiziko ariketa: teorikoa; idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere hiru orduz, hainbat galdera labur, epaimahaiak nahi bezainbat, II. eranskineko galdetegiaren lehen zatitik aterata.

_Bigarren ariketa: teorikoa; idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere hiru orduz, hainbat galdera labur, epaimahaiak nahi bezainbat, II. eranskineko galdetegiaren bigarren zaititik aterata.

_Hirugarren ariketa: bi edo hiru kasu praktiko argitu beharko dira, epaimahaiak proposatuak eta lanpostuarekin ikusteko dutenak, II. eranskineko gaien gainekoak.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

_Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 25 puntu, eta gutienez ere 12,5 puntu.

_Bigarren ariketa: gehienez ere 25 puntu, eta gutienez ere 12,5 puntu.

_Hirugarren ariketa: gehienez ere 50 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko da oposizioko ariketetako edozeinetan gehieneko puntuazioaren erdia baino gutiago ateratzen duena.

6.5. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, San Adriango Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik, San Adriango Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan. Gero, San Adriango Udaleko alkate udalburuari edo hark eskuordetzen duenari igorriko dio probak puntuaziorik altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena, zerrenda horrekin eta espediente osoarekin batera.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ordena berean_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Udalari:

7.2.1. a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aitzinetik aurkeztu bada.

c) Zerbitzu medikuen txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatuz gero, alkate udalburuak (ebazpen baten bidez), edo hark eskuordetu duen pertsonak, gainditu dutenen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den hartan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

8._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Udal organo eskudunak, sei hilabeteko probaldia gaindituta, bidezko den lan-kontratu finkoa formalizatuko du arkitekto tekniko edo aparejadore lanpostua betetzeko, eta lanpostu hutsa esleituko dio aitzineko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaiari; lanpostu hori San Adriango Udaleko plantilla organikoan sartuko da.

Proba horiek gainditu dituen izangaiak bete beharko du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak sartzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritakoa.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez direnek eskubide guztiak galduko dituzte San Adriango Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko, deusetan ukatu gabe arestian ezarri sei hilabeteko probaldia. Halakoetan, deialdi honen 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

San Adrianen, 2006ko azaroaren 7an._Alkatea, Emilio Ignacio Ruiz Lorente.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..............................., adinez nagusia, N.A.N./nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna): .........................., naziotasuna: ................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............, posta kodea/herria: .........................., etxeko telefonoa: ............, laneko telefonoa: .................., fax zenbakia: ..............

Honako hau azaltzen dut:

_Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

_Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

_Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

_Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez, eskatzen dut:

Onartua izatea eskatzen dudala San Adriango arkitekto tekniko edo aparejadore izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data: ............).

San Adrianen, 20.....(e)ko ...............aren ...........(e)an

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. zatia:

1. gaia._6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Egitura. Printzipio orokorrak. Nafarroako toki entitateak. Udalak, kontzejuak, mankomunitateak eta bertze toki ente batzuk. Haien eskumenak. Udaleko gobernu organoak. Toki entitateen ondasunak.

2. gaia._Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena. Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta baldintzak. Ebazpenen eta administrazio egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren baliogabetasuna eta deusezgarritasuna. Administrazioaren isiltasuna. Egintzen berrikuspena administrazio bidean. Administrazio errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

3. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Hautapena. Administrazio egoerak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Diziplina araubidea.

4. gaia._Administrazio kontratazioa Nafarroan, obretarako eta laguntza teknikorako kontratuen aipamen berezia eginez. Kontratuen esleipena: prozedurak eta moduak. Kontratuak betetzea. Kontratuak aldatzea. Kontratuak iraungitzea: amaiera, harrera; desegiteko arrazoiak eta horren ondorioak. Lagapena eta azpikontratazioa.

5. gaia._3819/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzkoa. Printzipio orokorrak. Etxegintzan parte diren eragileak (sustatzaileak, etxegileak, arkitektoak eta arkitekto teknikoak), esku hartzea, ahalmenak eta erantzukizuna. Etxegintzaren Kode Teknikoa. Kontzeptua.

6. gaia._Etxegintzako obra proiektuak eta zuzendaritza: edukia eta xedapen aplikagarriak. Etxegintzaren gaineko araudi teknikoa, estatu nahiz Nafarroa mailakoa.

7. gaia._Etxegintzaren Kode Teknikoa. I. atala. Xedapen orokorrak. Baldintza tekniko eta administratiboak. Oinarrizko eskakizunak. Eranskinak.

8. gaia._Eraikinetako suteen kontrako babesa: 314/2006 Errege Dekretua CTE-SI Etxegintzaren Kode Teknikoa. Segurtasunaren oinarrizko agiria surik piztuz gero. Xedea, esparrua eta aplikatzeko irizpide orokorrak. Barne hedapena. Kanpo hedapena. Barnean direnak kanporatzea. Suteen kontra babesteko instalazioak. Suhiltzaileen esku hartzea. Egituraren jasankortasuna suarekiko. 2267/2004 Errege Dekretua, Industria establezimenduen suteen kontrako Segurtasun Erregelamendua onesten duena.

9. gaia._312/2005 Errege Dekretua, Eraikuntzako produktu eta elementuen sailkapena sutearekin erreakzionatzeko eta hura jasateko beren propietateen ariora. 1942/1993 Errege Dekretua, Suteen kontra babesteko instalazioei buruzko erregelamendua onesten duena.

10. gaia._Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea. Xedea eta esparrua. Langileen eta enpresen eskubide eta betebeharrak. Aitzintzeko zerbitzuak. Lege hau garatzeko erregelamendua.

11. gaia._Hirigintzaren antolamendua egiteko determinazioak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen ariora. Xedapen egituratzaile eta xehekatuak. Udal Plan orokorra hiru mila biztanle baino gehiagoko udalerrietan: xedea, edukia agiriei dagokienez, tramitazioa.

12. gaia._San Adriango Udal Plan Orokorra. Lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua. Xede orokorrak eskualde eta sektoreen ariora. Edukia agiriei dagokienez. Kontuan hartzen diren lurralde esparruak eta arauen egiturarekin duen harremana.

13. gaia._Eraikuntzaren eta urbanizazioaren gaineko ordenantzak San Adriango Udal Plan Orokorrean. Edukia. Aplikazioa.

14. gaia._Garapenerako planeamendua. Osotarako planak. Plan Partziala. Plan berezia. Xehetasun azterlana. Tramitazioa. Horien guztien edukia.

15. gaia._Hirigintza kudeatzeko bitartekoak Nafarroako foru araudian: birzatiketa eta urbanizazio proiektuak. Orubearen kontzeptua.

16. gaia._142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena, eta geroko aldaketak. Arau orokorrak. Oinarrizko baldintzak. Etxebizitza berriendako baldintzak. Salbuespenak. Bizigarritasun zedula.

17. gaia._Oztopo fisiko nahiz zentzumenekoei buruzko 4/1988 Foru Legea eta hura garatzeko erregelamendua (154/1989 Foru Dekretua). Alderdi orokorrak eta berariazkoak. Ibilbide motak. Parametro normalizatuak. Sinbologia eta erreserbak. 22/2003 Foru Legea, aitzinekoa aldatzen duena.

18. gaia._Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea. Etxebizitza babestua. Hura lortzeko betebehar orokorrak.Eraikuntzaren baldintzak. Babesaren araubidearen iraupena. Eskualdaketak. Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea.

II. zatia:

1. gaia._Eraikuntza lanetako segurtasunaren eta osasunaren azterlanak. 1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eta hura aldatzen edo osatzen duten arauak. Segurtasunaren eta osasunaren gaineko azterlanak. Laneko segurtasun eta osasunaren plangintza. Segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa. Esku hartzen duten eragileen beteharrak. Gorabeheren liburua. Aldez aurreko gaztigua. Eranskinak.

2. gaia._Eraikuntza lanetako segurtasuna eta osasuna. Arriskuen identifikazioa, aurreneurriak, norbanakoa edo taldeak babesteko ekipoak eraispen obren fasetan, lur erauzketak, egiturak, itxiturak eta estalkiak.

3. gaia._Eraikuntza lanetako segurtasuna eta osasuna. Hodi moduko aldamioak, zintzilikakoak eta motordunak; eskoraketak eta apeamenduak: arauak eta erregelamenduak. Motak. Eskema grafikoak. Betearazpenaren kontrola. Arriskuen identifikazioak, aurreneurriak eta norbanakoa edo taldeak babesteko ekipoak.

4. gaia._Eraikinen zainketa, erabilpena eta mantentzea. Nafarroan aplikatzen ahal den lege esparrua. Jabearen betebeharrak. Betearazpen aginduak. Udalaren ordezko betearazpenak. Obrak antolamenduz kanpoko eraikinetan. Mantentze lanak, badaezpadakoak eta zuzentzekoak. Eraikinaren liburua.

5. gaia._Hondamenak. Hondamen deklarazioa. Klaseak. Eskumenak eta prozedura.

6. gaia._Hirigintzako lizentziak: kontzeptua. Lizentzia behar duten egintzak. Eskumena eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungipena.

7. gaia._4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa. ingurumen arloko esku hartzea behar duten jarduerak, tramitazioa eta eranskinak. Udal lizentziak. Ingurumen arloko esku hartzea behar duten jardueren ikuskapena.

8. gaia._Ikuskizun publiko eta josteta jarduerak. Nafarroan aplikatzeko araudia: Foru legea, katalogoa, ordutegien gaineko arauketa.

9. gaia._Ondasun higiezinen balio, prezio eta kostuei buruzko ezagutza. Kontzeptua eta klaseak. Azaleren neurketa eraikuntzetan. Azalera erabilgarria eta azalera eraikia. Elementu komunen azalera.

10. gaia._Balorazioak. Higiezinen balorazioak, metodo ezberdinen balorazioa (merkatuko alderaketa metodoa, kostuaren metodoa, errentaren metodoa).

11. gaia._Lurzoruaren eragin-balioa. Kontzeptua. Lurzoruaren eragin-balioa lortzeko soberakin metodoa. Soberakin-balioa zehaztean parte hartzen duten prozesuen kostu eta etekinen azterketa.

12. gaia._Nafarroako hirilurreko ondasunen katastroko balioa zehazteko arau teknikoak. Lurzoruaren balioa zehazteko arauak. Eraikinen balioa zehazteko arauak. Hirilurreko ondasunen katastroko balioaren zehaztapena.

13. gaia._Obra baten antolaketa. Ezarpen plana. Sare bidez programatzeko sistemak. Kontusailen etekinen zehaztapena. Baliabideen aprobetxamendua. Obren kostua.

14. gaia._Prezioen taulak. Prezio bakunak, sailez sailekoak eta osagarriak. Alde biko prezioak. Kostu zuzen eta zeharkakoak. Aurrekontuak: exekuzio materialarena, kontratarena, lizitazioarena eta esleipenarena. Prezioen berrikuspena eta formula polinomikoak. Unitateak, neurketa eta obra unitate nagusien balorazioa: lur erauzketak, egitura, igeltserotza, estalkia, estaldurak eta muntadurak.

15. gaia._Eraispenak. Motak. Metodoak. Makineria. Egiteko prozesuak. Obra horien kontrola eta ikuskapena.

16. gaia._Lur erauzketak eta indusketak zimentazioak egiteko. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Landako eta laborategiko saioak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Landako eta laborategiko saioak lurzoruen mekanikan. Makineria.

17. gaia._Azaleko zimentazioak eta euspenak. Motak. Araudiak. Materialak. Obra horien kontrola eta ikuskapena.

18. gaia._Egiturak. Motak. Araudiak. Materialak. Obra horien kontrola eta ikuskapena.

19. gaia._Estalkiak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia.

20. gaia._Fatxaden itxierak eta trenkada multzoak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia.

21. gaia._Barne estaldurak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia.

22. gaia._Kanpo estaldurak. Motak. Materialak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia.

23. gaia._Isolamendu termiko eta akustikoa eraikinetan. Araudia. Materialak. Obra horien kontrola eta ikuskapena.

24. gaia._Kanpoko eta barneko arotz lanak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia.

25. gaia._Iturgintza eta saneamenduko instalazioak, berokuntza eta ur bero sanitarioa. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia.

26. gaia._Argindar eta igogailuko instalazioak. Araudia. Kontrola eta ikuskapena. Instalazioen segurtasuna.

27. gaia._Eraikuntzako patologia: Azterketa. Diagnostikoa eta esku hartzea. Arrazoi fisiko, mekaniko eta kimiko ohikoenak.

28. gaia._Eraikuntzako patologia. Hezeguneak: motak, azterketa, etorkia, egiten dituzten kalteak eta esku hartze teknikak.

29. gaia._Eraikuntzako patologia. Egiturakoak. Motak, azterketa, etorkia, egiten dituzten kalteak eta esku hartzeko teknikak.

30. gaia._Kalitatearen kontrolerako plana. Produktu, ekipo eta sistemen obrako harreraren kontrola. Obraren exekuzioaren kontrola. Obra burutuaren kontrola. CE markatzea. Produktuen normalizazioa eta ziurtapena. Kalitate markak eta zigiluak. Egokitasun teknikoaren ebaluazioak. Normalizazio eta ziurtapenerako entitateak. Saioak eta ziurtapenak egiteko laborategiak.

Iragarkiaren kodea: L0617849