150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko Gizarte Laneko erdi mailako tituludun izateko 20 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2006ko azaroaren 21ean, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko Gizarte Laneko erdi mailako tituludun izateko 20 lanpostu, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak, oposizio bidez betetzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Lanpostuak honela banatu dira, txandetan:

_9 lanpostu txanda irekian.

_9 lanpostu igoera txandan.

_2 lanpostu txanda murriztuan, %33ko edo hortik goitiko minusbaliotasun aitortua duten pertsonentzat.

1.2. Deialdiko lanpostuak hauek dira:

_20 lanpostu Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorrean, plantilla organikoko zenbaki hauekin: 201000-5, 201000-22, 201000-28, 201000-34, 201000-35, 201000-43, 201000-44, 201000-51, 201000-52, 201000-53, 201000-65, 201000-66, 201000-67, 201000-68, 201000-69, 201000-70, 201000-71, 201000-72, 201000-73, 201000-79.

Hala ere, lanpostu hutsak hautatzeko deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den ekitaldian eskaintzen diren lanpostuak izanen dira Ekonomia, Lehendakaritza eta Hiritarren Partaidetzako zinegotzi delegatuaren 2006ko ekainaren 26ko ebazpenaren bidez onetsi zen lekualdatze lehiaketa egin ondoren gelditzen direnak.

1.3. Hauta-probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.

Era berean, minusbaliotasuna duten pertsonendako txanda murriztuko lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hauta-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bertze txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Bestalde, igoera txandan edo/eta minusbaliatuendako txanda murriztuan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok probak gainditzen badituzte, gainditu bai baina txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazi bezala, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean kasuan kasuko txandan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako edo minusbaliatuendako txandako izangaiek.

1.4. Lanpostua lortzen duten izangaiek funtzionario bilakatuko dira, Iruñeko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hauta-probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

1.9. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 3, 10, eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Gizarte Laneko diplomadunaren titulua edo baliokidea izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak.

Igoera txandako izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Gizarte Laneko diplomadunaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan hura eskuratzeko moduan egotea eta administrazio publikoetan gutxienez bortz urteko antzinatasuna frogatzea.

2.1.3. %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandako izangaien betebeharrak.

Ezgaitasuna duten pertsonentzako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna.

2.2. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hauta-probak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko kalea, 7-9; Zapateria kalea, 40; San Saturnino kalea, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Minusbaliotasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi dute eskabidean adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 18,5 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bertzela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

Izangaiaren izen-deiturak.

NAN/IFZ

Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

Kontzeptua: oposizioak.

Deialdiaren xede den lanpostua.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.4. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzen duten izangaiek, horretaz gain, 2.1.2. atalean adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Concepción Mateo Pérez andrea, Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko zinegotzi delegatua

_Ordezkoa: Juan José Unzué Gaztelu jauna, Funtzio Publikoaren zinegotzia.

_Mahaikidea: María Jesús Vicente Goicoechea andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Menpekotasunen arloko Laguntzaren zuzendariordea.

_Ordezkoa: Javier Echeverría Zabalza jauna, Enplegurako Prestakuntzako koordinatzailea.

_Mahaikidea: Milagros Urzainqui Asín andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Laguntza Soziosanitarioko Ataleko burua.

_Ordezkoa: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Gizarte Zerbitzuen koordinatzailea

_Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Batzordekide-idazkaria: Miguel Angel Ilundáin Aizpún jauna, Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko zuzendaria

_Ordezkoa: Ana Góngora Urzaiz andrea, Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko idazkari teknikoa. Hauta-probak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko apirilean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko dira probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehena: gai zerrendako I. zatian (Legeak) dauden gaiei buruz zenbait galdera erantzun beharko dira. Galderek erantzun bat baino gehiago izanen dituzte, baina haietariko bat bakarrik egonen da ongi. Hutsak zehatuko dira. Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

Bigarrena: ariketa idatzia, lau ordutan egin beharrekoa, hiru gairi buruzkoa. Deialdiko II. eranskineko gai zerrendako sei gai aukeratuko dira zozketa bidez, eta epaimahaiak horietatik hiru proposatuko ditu: bi gai, II. zatikoak (Gizarte Lanaren metodologia ) eta gai bat, III. zatikoa (Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko gai berariazkoak). Gai bakoitzean gehienez 20 puntuko balorazioa ematen ahal da.

Hirugarrena: ariketa teoriko-praktikoa, epaimahaiak proposaturiko kasu bat edo gehiago ebatziko dira, gai zerrendako II. eta III. zatietan dauden gaiei lotutakoak. Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

Laugarrena: psikoteknikoa. Zenbait proba eginen dira neurtzeko oposiziogileak noraino egokitzen diren deialdi honetako helburu diren lanpostuen profil profesionalera. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak eginen ditu.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 100 puntukoa izan daiteke, honela banatuak:

Lehen ariketa: gehienez ere 15 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 60 puntu.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 15 puntu.

Laugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da bigarren edo hirugarren ariketetako edozein gaitan 0 puntuko kalifikazioa duen izangaia.

6.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da; hirugarrena, berriz, jendaurreko ekitaldian irakurri beharko zaie epaimahaikoei.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak. Baztertuko dira, orobat, epaimahaiak ariketak irakurtzeko ezartzen duen egunean agertzen ez diren izangaiak.

6.8. Hauta-probak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hauta-probak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta haiek egin diren tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero, zerrenda hori Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Hauta-proben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ondotik zehazten den ordenan_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da: bigarren ariketa, hirugarren ariketa, laugarren ariketa eta lehen ariketa.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritzako Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna frogatzen duen agiria, baldin eta minusbaliatuendako txanda murriztuan haren aldeko izendapen proposamena egin bada eta agiria lehenago aurkeztu ez badu.

d) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

e) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

f) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

i) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.

b) %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna frogatzen duen agiria, baldin eta minusbaliatuendako txanda murriztuan haren aldeko izendapen proposamena egin bada eta agiria lehenago aurkeztu ez badu.

c) Iruñeko Udalaren zerbitzuko Gizarte Laneko erdi mailako tituludun izendatzeko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik zein hautatzen duten. Bertzela, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnak, jakinaren gainean jarri ondotik.

8.2. Hauta-probak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aurrean.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Ezgaitasuna duten izangaiak badira, eta horrek lanpostu hutsetan aritzeko baldintzetan eragina badu, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gaineko txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, Gizarte Laneko erdi mailako tituludunendako lanpostuetan ari daitezen, lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituta.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan bertze Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztietarako balioko dutenak:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko die, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda bat osatuko du deialdi honetako hirugarren ariketan gutxienez ere 6 puntu lortu dituzten izangaiekin.

11._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdiko hirugarren ariketan gutxienez ere 6 puntu lortu dituzten izangaiei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hauta-probek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren hirugarren ariketan gutxienez ere 6 puntu lortu bai baina lanposturik gabeko gaindituen artean ez daudenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko azaroaren 21ean._Zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

ESKABIDE EREDUA

Izena: ................... Adinez nagusi. NAN/nortasun agiria: ............. Jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ jaioterria ................ (herria/probintzia)....................... Nazionalitatea: .............. Egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua): ............ Posta kodea/herria: .................... Telefonoa: ............ Sakelako telefonoa: ...............

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko gizartete langile izateko 20 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:

f Txanda irekia:

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*

(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik

Iruñean, 20......(e)ko ...................aren ..........(e)an.

(Sinadura)

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak Udalak hautapen prozeduran dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9; 31001 Iruña).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. zatia._Legeak

1._Europako politika soziala: itunen aipamen laburrak, gaiari buruzko testuak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Zuzendaritza Nagusia, xede nagusiak eta Europar Batasuneko estatuetarako gomendioak.

2._Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

3._Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. lege-dekretuak. Legegintzako foru dekretuak. Nazioarteko itunak.

4._Iruñeko Udala: Erregelamendu organikoa, antolaketa administratiboa.

5._Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Udalerria: osagaiak, eskumenak. Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Nafarroako toki entitateak. Toki entitateek gizarte laguntzaren arloan dituzten eskumenak.

6._Administrazio prozedura erkidea: Kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

7._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I). Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

8._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II). karrera administratiboa. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak: Araubide juridikoa. Administrazio kontratu ohikoenak: kontzeptuak eta motak. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu eta iraungitzeko arau orokorrak.

10._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

11._Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen proiektua.

12._Datu pertsonalak babesteko Lege Organikoa: datuak babesteko printzipioak; pertsonen eskubideak.

13._Autonomia pertsonala sustatzeko eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko Legearen proiektua.

14._Abenduaren 2ko 51/2003 Foru Legea, ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoa.

15._Adingabeen eskubideak eta haiei laguntzea. Adingabeei buruzko legedia.

16._Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren kontrako babes integralerako neurriei buruzkoa. Helburua eta printzipio orokorrak. Sentsibilizazio, prebentzio eta detekziorako neurri nagusiak. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak. Babes motak.

17. _Boluntarioei buruzko 2/1998 Foru Legea.

II. zatia._Gizarte Lanaren metodologia

1._Plangintza eta gizarte ekintza. Kontzeptua, eginkizunak eta printzipioak.

2._Banakako gizarte lana. Helburuak eta ezaugarriak.

3._Gizarte lana taldean. Helburuak eta ezaugarriak.

4._Ebaluazioa gizarte lanean. Kontzeptua, kontsiderazio orokorrak.

5._Ikerketa soziala. Helburua. Metodoak. Teknika aplikagarriak.

6._Elkarrizketaren teknika gizarte lanean. Aplikazioak.

7._Prozesu metodologikoa gizarte lanean: prozesuaren faseak.

8._Talde lana. Printzipioak, metodologia eta teknikak.

9._Etika lanbide jardueran. Gizarte langileen etika kodea. Erabiltzailearen eskubideen katalogoa.

10._Gizarte txostena: txostenaren idazketa, prestaketa eta egitura. Aipamenen erabilera eta estiloa.

11._Esku-hartze sozial komunitarioa. Gizartearen parte-hartzea gizarte zerbitzuetan.

12._Kalitatea gizarte arloko esku-hartzeetan, hobetzeko prozedura, kalitatea bermatzeko sistemak, erabateko kalitatea.

13._Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Jarraibide nagusiak, egitura eta edukiaren azterketa.

14._Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Harrera eta Gizarte Orientabideen Programa.

15._Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Haurrei eta Familiari Laguntzeko Programa.

16._Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Berez Baliatzeko Arazoak dituzten Pertsonendako Laguntza Komunitarioaren Programa.

17._Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Gizarteratzeko Programa Laguntza Komunitarioan.

18._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa. Egitura, eskumenak eta eginkizunak.

19._Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren egitura organikoa. Egitura, eskumenak eta eginkizunak.

20._Nazioko eta nazioarteko adopzioa: araudia, prozedura.

21._Familiari laguntzeko programak, Familiaren Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituenak.

22._Adingabeen babeserako, erreformarako eta gizartearekiko liskarren kasuetarako dauden esku-hartze programak, Familiaren Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituenak.

23._Babesik gabe edo gizartearekin liskarrean dauden adingabeekin esku hartzea: Nafarroako Foru Komunitatean Esku hartzeko esku-liburua.

24._Nafarroan tratu txarrak eta/edo sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeendako programa eta baliabide berariazkoak.

25._Boluntarioak gizarte ekintzan: arauketa, esku hartzeko guneak...

26._Genero indarkeriaren aurkako erabateko babes neurriak Nafarroan. Araudia. Jarduketa protokoloak. Baliabideak.

27._Babesteko agindua. Helburua. Prozedura. Neurri zibil, penal eta asistentzialak. Eskumena. Indarraldia. Etxeko indarkeriaren biktimak babesteko Erregistro Zentralaren aipamen laburra.

28._Adineko pertsonak, gizarte zerbitzuen jarduketaren sektore gisa. Lege esparrua, antolaketa eta gizarte baliabideak Nafarroan.

29._Ezgaitasuna duten pertsonak, gizarte zerbitzuen jardun sektore gisa. Lege esparrua, antolaketa eta gizarte baliabideak Nafarroan.

30._Etxez etxeko Laguntza Programa Nafarroan.

31._Etorkinak, Nafarroako gizarte zerbitzuen jarduketa sektore gisa.

32._Gizarte bazterketari loturiko gizarte baliabideak Nafarroan.

33._Kotizazio gabeko pentsioak: kontzeptua, tipologia, onuradunak, zenbatekoak eta araubide juridikoa. Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legearen ondoriozko laguntzako pentsioak eta prestazioak. Araudia, kontzeptua eta oinarrizko alderdiak.

34._Gizarte zerbitzuen katalogoa Nafarroan: prestazio tekniko eta ekonomikoak.

III. zatia._Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko gai berariazkoak.

1._Iruña: lurraldearen ezaugarriak, ezaugarri demografikoak, elkarte sarea, herritarren lehentasunak gizarte zerbitzuen ikuspegitik.

2._Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorra antolaketaren egitura, programak, zentroak eta zerbitzuak.

3._Auzo unitateak: araudia, eskumenak, helburuak, edukia, egitura eragileak.

4._Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua Iruñean: arauketa, helburuak, edukia, egitura eragileak.

5._Iruñeko Udalaren jarduera, bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan sartzeko: araudia, eskumenak, helburuak, edukia, egitura eragileak.

6._Gizartetik baztertuak, pobrezian edo etxerik gabe bizi diren pertsonak Iruñean: zergatiak eta baldintzak, tipologiak, esku hartzeko esparru legala eta teknikoa, ukitutako pertsonak normalizazio bidean jartzeko estrategia nagusiak, zentroak, zerbitzuak eta prestazioak.

7._Etorkinen egoera Iruñean gizarte zerbitzuen ikuspegitik: Nafarroako eta, zehazki, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen esku hartzea, gerta daitezkeen gabezia sozialei konponbidea emateko. Zentroak eta zerbitzuak.

8._Garapenerako lankidetza programak Iruñeko Udalean.

9._Enplegurako prestakuntzako programak Iruñeko Udalean.

10._Ezgaitasunak dituzten pertsonak laguntzeko programak Iruñeko Udalean.

Iragarkiaren kodea: L0618767