150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Behin betikoz onetsirik Herritarren partaidetzaren gaineko erregelamendua

Barañaingo Udalak, 2006ko ekainaren 20an egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batez onestea Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2006ko 91. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 31n, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean ere eta gisa horretara jendaurrean eduki hiru hilabetez.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2006ko azaroaren 8an._Alkate udalburua, Iosu Senosiain Ibáñez.

ERANSKINA

Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendua

Zioen azalpena:

2003-2007 legegintzaldiaren hasieratik, Barañaingo Udala lanean ari da Barañaingo bizilagunek udal bizitzan parte hartzea erraztu eta sustatzeko.

Gogo horrekin sortu zen Herritarren Partaidetzaren Alorra. Horrek zenbait jarduketa bultzatu ditu, bide berriak ireki nahirik herritarren partaidetza txertatzeko gure herria gobernatzeko maneran.

Prozesu horretan, Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendu hau tresna garrantzitsua da. Barañaingo herritarrek udal gaietan informatzeko eta parte hartzeko duten bide ezberdinen gaineko arauen multzoa da. Orobat, herritarren entitate eta elkarteen eta Udalaren arteko harremanak formalizatu nahi ditu, horretarako beharrezkoak diren bitarteko, modu eta prozedurak proposatuz.

Barañaingo Udalak eskaturik, 2005eko amaieran eta 2006ko hasieran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko lantalde batek herritarren partaidetzaren gaineko azterlana egin zuen gure udalerrian. Haren xedea zen partaidetzaren errealitateari buruzko diagnostikoa eskuratzea zen, baita funtzionatzeko proposamen bat ere _erregelamendu honetan biltzen dena_ herritarren partaidetza izan dadin Barañain gobernatzeko moldearen ezaugarri.

Azterlan horrek agerian jarri du Barañainen elkarte sare bizi, emankor eta askotarikoa dagoela, herritar guztiendako interes handiko zerbitzuak egiten dituena eta, gizarteak atomizaziorako gaur egun duen joeraren kontra, hazten ari dena bai elkarteen kopuruaren aldetik bai egungo taldeetan kidetzen diren jendeen kopuruaren aldetik ere. Izan ere, Barañaingo biztanleriaren %14 biltzen dute.

Erakunde sare hau, ongi hornitua eta errotua, zimendu ederra da partaidetza prozesuak abiarazteko azpegitura eta abiapuntutako balio izateko. Halaber, erakunde horietan prestasuna dago Udalak borondate argi eta espresuarekin sustatzen dituen afera publikoetan parte hartzeko.

Erregelamendu hau Udalbatza osatzen duten udal talde politiko guztien konpromiso esplizitua da, herritarrendako ez ezik herritarrekin gobernatzeko borondatea agertzen baitute.

Herritarren partaidetza da biztanleriak afera publikoetan esku hartzeko jarduera, prozesu eta teknika multzoa, herritarren eskariak eta premiak bereganatzen dituena administrazio publikoak bideragarritasun eta eraginkortasun handiagoez hornitze aldera.

Gobernatzeak mahai gainean jartzen dituen arazoak konpontzeko tresna bat da, errazago bihurtzen da erabakiak modu egokian hartzea, kontsentsua pizten du eta gatazkak saihesten. Erregelamendu honen bidez, Barañaingo Udalak sendotu eta indartu nahi du erantzukizun, demokrazia eta gardentasun maila Udalaren jardueran.

Herritarren premiak zein diren jakiteko biderik zuzenena, baita horiei aitzintzeko ere, herritarren erakundeak udal jarduerara ekartzea da. Partaidetza, gaur egun, razionalizazioaren eta modernizazioren eragilea da gure administrazioaren jardunbidean.

Barañaingo Udalak gogoan duen partaidetza gure sistema demokratiko ordezkatzailearen osagarria da haren alternatiba bainoago, eta xedea du demokraziaren kontzeptua bera toki mailan zabaltzea eta sendotzea eta jendeek gero eta parte hartze handiagora jotzea beren interesei dagozkien erabakietan.

Premiazkoa da, beraz, bulkada ematea herritarren partaidetza bere ezaugarri nagusien artean ezarriko duen toki erakundearen gobernu ereduari, eta horixe da Erregelamendu honen xedea.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Oinarriko araudia.

Erregelamendu honek xedea du Barañaingo herritarrek eta udalerriko herritarren elkarteek udal jardueran parte hartzeko bitarteko, modu eta prozedurak arautzea, Toki Araubideak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 1; 4.1.a), eta 69. artikulutik 72.enera bitartekoetan aurreikusitakoari jarraikiz, Tokiko gobernua modernizatzeko neurrien gaineko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketa berrian.

Aipatu artikuluez gain xedapen hauek ere oinarritu dute Erregelamendu hau:

a) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 92. artikulutik 96.era bitartekoak eta 318.1 artikulua.

b) Toki Entitateen Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen azaroaren 21eko 27/2002 Foru Legea.

c) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35 eta 37. artikuluetan bereziki, herritarren eskubideez aritzen direnak administrazio publikoen jardueraz den bezainbatean.

Erregelamendu honek indarra izanen du partaidetzari buruzko egungo araudiak dirauen bitartean eta, aldiz, aldatu beharko da hura aldatuz gero.

2. artikulua. Arauaren xedea.

Barañaingo Udalak herritarren partaidetzarako proposatzen duen ereduak xede hauek ditu:

_Herritarren partaidetzarako Barañaingo instituzio esparrua garatzea eta maila goragoko legeetan partaidetzari buruz jasotzen diren eskubideak biltzea.

_Herritarrek udal kudeaketan parte hartzeko bideak erraztea eta sustatzea, administrazioaren eta herritarren arteko komunikazio eraginkorragoaren bidez, betiere begiratuz legeak ezartzen dituen ordezkaritza organoen erabakitzeko ahalmena.

_Partaidetzarako modu, eremu eta organoak ezartzea, nahi duenak herritarren eta gobernu egituren antolaketa molde berrietan parte hartzeko aukera berdintasuna izan dezan, eta bi alderdien arteko harremanetan trabarik izan ez dadin.

_Herritarren partaidetzaren kultura sortzen laguntzea, gizarte zibilaren ikuspegia eta esku hartzea zabaltzeko eta sendotzeko sistema demokratikoaren barnean, eta jarduketa modu parte hartzaileak zehazteko agintarien eta udal langileen artean.

_Barañaingo garapena bulkatzea, herritarren elkarte eta entitateen egitura indartuz.

_Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilpena sustatzea, partaidetza tresna bat gehiago den aldetik herritarrekiko partaidetza eta komunikazioa denbora errealagoan errazte aldera

LEHENBIZIKO TITULUA

Publizitatea eta partaidetza udal organoetan

3. artikulua. Udal organoen bilkuren publizitatea.

Bizilagunak ahalik eta hobekien egon daitezen jakinaren gainean, udal organo guztien deialdiak eta gai zerrendak Herriko Etxeko iragarki oholean eta Udalaren web orriaren bitartez emanen dira argitara. Horrez gain, komenigarritzat jotzen dena helaraziko zaie herriko eta erkidegoko hedabideei.

Udalak borondatezko datu basea sortuko du osoko bilkurako gaiez edo informazio batzordeen gai zerrendez jakingarriak bildu nahi dituzten jende edo elkarteekin, eta jakingarri horiek posta elektronikoaren bidez edo horretarako bitartekorik egokiena erabiliz ailegarazteko lana hartuko du bere gain.

Halaber, Udalak osoko bilkuran hartutako erabaki aipagarrien eta bertze gai batzuen eduki laburtua emanen du argitara iragarki oholetan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, hala behar duenean, baita Udalaren web orrian, herriko eta erkidegoko hedabideetan edo bertzalekoetan ere, hala nola argitalpenak, liburuxkak eta bandoak, publizitate afixak, informazio egintzak, bideoen proiekzioa eta beharrezkotzat jotzen diren bertzelako baliabide guztiak erabiliz.

Interes orokorreko inguruabarrek komenigarri egiten dutenean, erabakiak hartzeko eskumena duen organoak udalerrian bizi diren herritar guztiei edo halako adin edo ezaugarri bat dutenei igortzen ahalko dizkie, zuzenean, beraiei eragiten dieten udal erabaki eta xedapenak, deusetan ukatu gabe bertze bide batzuen bitartez argitaratu ahal izatea.

4. artikulua. Osoko bilkurak.

Osoko bilkurak jendaurrekoak izaten dira, salbu eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 80.1 artikuluan eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 88.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan.

Sarbidea emanen zaie bilkuren nondik norakoak jakiteko interesa duten jende guztiei, eta ahaleginak eginen dira aldi bereko emisioa egiteko hedabide egokienen bidez, hala nola, herriko irrati-telebista, Internet, edo bertzelakoak.

Orobat, hedabideetako ordezkariek lehentasuneko sarbidea izanen dute eta erraztasunik handiena izanen dute bere lan egin dezaten.

5. artikulua. Partaidetza osoko bilkuran.

Herritarren elkarte eta entitateen Udal Errekistroan inskribaturiko elkarte edo entitateren batek adierazpen bat egin nahi badu osoko bilkuran zerrendako gairen baten gainean, aldez aurreko tramitazio administratiboan interesatu gisa parte hartu baitu, Alkatetzari eskatu beharko dio osoko bilkura egin baino gutienez ere 2 egun baliodun lehenago. Zehaztu beharko dute zer gairen gainean nahi duten mintzatu eta adierazi nahi dutenaren laburpen bat aurkeztu.

Eledunen Batzordeak oniritziaren ondotik Alkatetzak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia agertzen ahalko du, gai zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketaren, eztabaidaren eta bozketaren aitzin Alkatetzak gehienez ere zehaztuko duen denboran.

Zerrendako gai zehatzetan mintzatzen denean, alkateak etenaldi bat eginen du eta adierazpena burutu ondoan jarraipena emanen zaio bilkurari.

6. artikulua. Galdera txanda osoko bilkuran.

Barañaingo bizilagunek, nork bere izenean edo Herritarren elkarte eta entitateen Udal Erregistroan inskribaturik dauden herritarren elkarte edo entitateak ordezkatuz, Alkatetzari galdetzen ahalko diote udal intereseko gai zehatzen gainean, bilkura bukatuta, galde-eskarien atalean. Alkatetzak ahalmena ematen ahalko dio Udalbatzako edozein kideri, horiei erantzuna emateko.

Bilkura bakoitzean 5 aldiz mintzatzeko aukera izanen da; Alkatetzaren lana izanen da eztabaida kudeatu eta zuzentzea.

Udaleko talde politikoek galde-eskarien gaineko iritzia ematen ahalko dute, laburzki. Informazio eskaera izanez gero, erantzuna idatziz eman beharko da 15 egun balioduneko epean. Horrek ez du galaraziko berehalako erantzuna ematea.

7. artikulua. Partaidetza informazio batzordeetan.

Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrekoak, ezta informazio batzordeenak ere. Hala ere, Herritarren elkarte eta entitateen Udal Erregistroan inskribaturik dauden herritarren elkarte edo entitateen ordezkariak eta norbanakoak joaten ahalko dira azken horien bilkuretara, kasuan kasuko informazio batzordeko gehiengoak baimendu edo gonbidatu baditu.

Informazio batzorde batean adierazpen bat egin nahi badute, bilkura hasi baino 24 ordu lehenago eskatu beharko diote baimena batzordeburuari.

Batzordeak eta, salbuespenetan, batzordeburuak baimendurik, delako bizilagunak edo delako elkarteak bere iritzia ematen ahalko du, ordezkari bakar baten bitartez, adierazten zaion denboran, gai zerrendan sarturiko proposamena irakurri, eztabaidatu eta bozketatu aitzin.

Elkartearen estatutuen araberako legezko ordezkaria izanen da mintzatzen den kidea. Betiere agiri bidez frogatu beharko da eramaten den ordezkaritza.

8. artikulua. Publizitatea eta partaidetza Barañaingo Udalaren menpeko erakunde autonomoetan.

Patronatu, fundazio eta Barañaingo Udalaren menpeko bertze erakunde autonomo edo aholku emaileen oraingo edo geroko estatutuetan arautuko da herritarren partaidetza, haien jarduerari eta gobernu organoei dagokienez.

9. artikulua. Erantzuna herritarren proposamenei.

Udal eskumeneko edo toki mailako intereseko alorretan herritarrek egiten dituzten jarduteko proposamenak, oharrak edo iradokizunak ahalik eta azkarren erantzunen dira.

Proposamenaren edukia kontuan harturik eta behar diren txostenak eskaturik, Udalak hiru hilabeteko epea izanen du gaiari ebazpena emateko.

Adierazpenean egilearen nortasunaren inguruko datuak sartuko dira, baita horiek egiazkoak direla frogatzeko bezainbat argibide ere, administrazioak erantzun ahal izan dezan.

BIGARREN TITULUA

Herritarren partaidetzaren egitura eta funtzionamendua Barañainen

10. artikulua. Informaziorako eskubidea.

Informaziorako eskubidearen aitormenez, Udalak biztanleekiko informazio trukea bulkatuko du udal kudeaketarako, beharrezko juzgatzen diren bitarteko guztiak erabiliz, muga bakarrak direla Espainiako Konstituzioaren 105. artikuluko b letran eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35 eta 37. artikuluetan aurreikusitakoak.

Hartara, gutienez bitarteko hauek erabiliko dira aipatu eskubidea betetzeko:

_Udalaren informazio aldizkaria (BIM) argitaratuko du, aldizkotasun jakina izanen duena, gutienez ere hiru hilekotik behin; hartan, Udalean interes handiena duten gaien zerrenda sartuko da.

_Herritar eta entitateen iritzia eta ekarpenak bilduko ditu, interes publiko eta sozialeko premien gaineko azterlana eta diagnostikoa egiteko tenorean, horretarako informazio kanpainak, eztabaidak, bilerak, kontsultak eta iritzi azterketak erabiliz.

_Zerbitzu publikoak antolatzean, joera izanen da erabiltzaileen iritzia kontuan hartzea haien kudeaketa hobetzeko lagungarria bada.

_Interesa duen udal jarduera guztiaren zabalkudea egiteko, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabili eta garatuko dira. Hartara, toki mailako irrati-telebista sortzeko ahalegina eginen da, eta hori garatzeko erregelamendua prestatuko da, hori guztia deusetan ukatu gabe bertze hedabide batzuen erabilpena, hala nola jakinarazpenak, bandoak, liburuxkak eta afixak, iragarki ohola, prentsako iragarkiak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, etab.

11. artikulua. Herritarren Partaidetzaren Informazio Batzordea.

Herritarren Partaidetzaren Informazio Batzordea azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat osatuko da, hartan alorreko teknikariak parte hartuko du eta haien eginkizunen artean honako hauek izanen dira, adibide gisara:

_Partaidetzarako baldintzak ezartzea: protokoloa, ordezkariak, parte hartzeko moldeak, gaiak, aurrekontuaren zehaztapena.

_Bitartekari lana egitea partaidetzarako lantaldearen, Alkatetzaren, gobernu taldearen eta osoko bilkuraren artean.

_Partaidetzaren Erregelamenduaren jarraipena egitea.

_Elkarteen Baliabide Zentroa erabiltzeko baldintzen erregelamendua prestatzea.

12. artikulua. Herritarren Partaidetzaren Alorra.

Herritarren Partaidetzaren Alorrak lan hauek egiteko ardura izanen du:

a) 10. artikuluko informaziorako eskubidearekin ikusteko izanik herritarrek egiten dituzten eskari guztiak bideratzea, baita Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 69.1 artikuluaren ondorioz Udalak ematen duen informazio guztia bideratzea ere.

b) Jendeari argibideak ematea Udalaren organo eta zerbitzu guztien xedeen, eskumenen eta funtzionamenduaren gainean.

c) Herritarrari harrera egiteko sistema abiaraziko da, erreklamazioak eta/edo iradokizunak biltzeko. Hilabetean behin, Tokiko Gobernu Batzarrari horren berri emanen zaio, Herritarren Partaidetzaren Informazio Batzordearen edo ukitutako batzordeen irizpenaren ondoan.

Guztirako, 012 Infolocal zerbitzua erabiltzen ahalko da.

13. artikulua. Partaidetza prozesuak.

Tokiko Gobernu Batzarrak mugatu eta definituko du zein diren, Udalean, partaidetza prozesuak eramateko adina interesa duten gaiak. Orobat zehaztuko da zein diren partaidetza mailak eta zein, erabili beharreko hedabideak.

14. artikulua. Partaidetzarako lantaldeak.

Partaidetzarako lantaldeak sortuko dira Herritarren Partaidetzaren Informazio Batzordeak abiarazten dituen partaidetza prozesu guztiak eramateko. Beraz, partaidetzarako zenbat gai zehazten diren, hainbertze partaidetzarako lantalde izaten ahalko da.

Lantalde hauetan Herritarren Partaidetzarako zinegotzia izanen da, lantaldeko buru, baita Partaidetzako teknikaria ere.

Gainera, erakundeen ordezkariek parte hartuko dute lantalde hauetan, partaidetza prozesu bakoitzean esku artean erabiltzen diren gaien ariora, baita Udaleko langile batek ere, aktak egiteko, baita gai bakoitzeko adituek ere.

Halaber, adituren bat izaten ahalko da herritarren partaidetzan, baldin eta gaiaren konplexutasunak hala nahi badu eta beharrezko juzgatzen bada. Jende horiek hizpidea izanen dute baina ez botorik erabakiak hartzean.

15. artikulua. Partaidetzarako lantaldeen eginkizunak.

Partaidetzarako lantaldeen eginkizunak dira:

_Partaidetzarako metodologia eta bideak ezartzea, denborak eta guzti.

_Partaidetza bideratzea eta egituratzea.

_Erabakiak hartzea, partaidetzarako estrategia, plan eta ekintzen gainean.

_Erabakien kudeaketa.

_Bitartekari lana egitea Herritarren Partaidetzaren Informazio Batzordearekin eta, haren bidez, Alkatetzarekin, Tokiko Gobernu Batzarrarekin, osoko bilkurarekin eta gainerako batzordeekin.

_Bitartekari lana egitea, gaien ariora, kontseilu sektorialekin edo, hala behar badu, gainerako udal alorrekin.

_Lantaldeko kideen eta haien ordezkarien eta ordezkatuen artean interesek talka egin eta/edo gatazkak gertatuz gero, horiek kudeatzea.

_Lantaldearen, herritarren erakundeen eta herritarren arteko komunikazioa kudeatzea (giroa piztea, informazioa ematea, etab).

_Lantaldearen lanen agirien, materialen, akten eta abarren zainketa.

_Partaidetza prozesuen jarraipena eta ebaluazio jarraitua.

_Azken ebaluazioa (kanpokoa eta/edo barnekoa).

_Partaidetza prozesu guztiaren azken agiriaren prestakuntza (txostena, parte hartuz egina), kanpoko adituek egin dezaketena, halakorik bada.

16. artikulua. Zinegotzien aholkularitzak.

Udal talde bakoitzak herritarren eskura toki eta eta ordutegi zehatz bat jarriko du Udalaren barnean, haren zinegotziek herritarren galdeak, iradokizunak, kritikak, proposamenak, etab. bil ditzaten.

17. artikulua. Zinegotzien aholkularitzen eginkizunak.

_Barañaingo herritar guztien proposamenak, kritikak eta iradokizunak biltzea, hiriko gai politikoen, zerbitzuen, erakundeen, eta abarren gainean.

_Jasotakoaren gaineko argibideak ematea alor, kontseilu edo batzorde guztiei, zer gai den eta halakori.

_Herritarrei argibideak ematea Udalaren jarduera, zerbitzu, programa eta abarren gainean.

_Beren esparruko aferak trenkatzea.

_Beren taldearendako eta/edo gobernu taldearendako txostenak prestatzea.

HIRUGARREN TITULUA

Herritarren elkarte edo entitateak

18. artikulua. Elkartegintza eta boluntariotza sustatzeko neurriak.

Udalak elkartegintza eta boluntariotza sustatu gogo du, herri nahiz sektore mailakoak izan, herritarrek Barañainekin duten konpromisoaren adierazpen kolektiboa baita, eta boluntariotza haren adierazpen engaiatu eta eraldatzaileena baita.

Barañaingo Udalak, sustapen neurri ezberdinak erabiltzen ahalko ditu, hala nola laguntzak, dirulaguntzak, hitzarmenak edo bertze edozein lankidetza mota, xede horretarako egokia bada.

Alde horretatik, Udala honako hauetan aritzen ahalko da lankidetzan:

_Prestakuntza eta gaikuntza programak, elkarte mugimenduaren bizkortzea eta bulkada erdiesteko.

_Aholkularitza lanak, elkarteen edo boluntariotzaren alde.

_Baliabideen ekarpena, adieraziko diren baldintzetan, udal intereseko jarduerak sustatzeko.

Aurrekontuan dituen baliabideen ariora, Udalak dirulaguntzak emanen dizkio bizilagunen interes orokor edo sektorialen aldeko elkarte edo entitateei. Udalaren aurrekontuak horretarako kontusailak izanen ditu.

19. artikulua. Herritarren Elkarte eta Entitateen Erregistroa. Xede eta ezaugarriak.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroaren xedea da Udalari bide ematea udalerrian diren entitateen kopurua, motak, xedeak, ordezkaritza eta eragina ezagutzeko, hiriko elkarte egitura sendotzen lagunduko duen udal politika egokia antolatze aldera.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroak ez du loturarik Elkarteen Erregistro Orokorrarekin. Beraz, entitate edo erakunde bat bigarren horretan inskribatzeak ez du erran nahi lehenengoan inskribatzen denik, eta alderantziz.

Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko datuak nornahik ikus ditzake.

20. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazteko asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateak, haien xedea udalerriaren interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzea bada; batez ere, auzo elkarteak, guraso elkarteak, kultura, kirol eta josteta elkarteak, gazteen elkarteak, sindikatu, enpresa eta lanbide elkarteak, eta Barañaingo lurralde eremuan diharduten gisako entitate guztiak.

21. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

Inskripzioa egin nahi duten herritarren elkarte eta entitateek eskaera aurkeztu beharko dute Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrean, ondoko agiriak erantsita:

1. Estatutuen kopia eta elkartearen eratze dataren ziurtagiria.

2. Elkarteen Erregistro Orokorreko eta bertzelako erregistro publikoetako inskripzio zenbakiak.

3. Zuzendaritza karguetan dauden pertsonak izendatzeko onetsi eta batzarretako aktetan jaso ziren erabakien hitzez hitzeko ziurtagiriak, kargudunen izenekin.

4. Helbidea.

5. Urteko aurrekontua.

6. Urte horretako jardueren egitaraua.

7. Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

22. artikulua. Inskribatzeko eskaeraren gaineko ebazpena.

Barañaingo Udaleko idazkaritza orokorrak behar diren egiaztapenak eginen ditu elkartea inskribatzeko; erregistroa eskatzen denetik hasi eta hamabortz egun balioduneko epean inskripzio zenbakia jakinarazi beharko dio elkarte interesatuari.

Epea gelditzen ahalko da baldin eta beharrezkoa bada elkarteari errekerimendu egitea hasieran sartu gabeko dokumentazioa aurkezteko. Emandako epea buruturik elkarteak eskatutako datuak ekartzen ez baditu, ulertuko da uko egiten diola inskribatzeko eskariari.

Arestian aipatutako hamabortz egun balioduneko epean elkarte eskatzailearen inskribatzeko eskaerari erantzuten ez bazaio, inskripzioa egintzat joko da, baldin eta elkarteak aitzineko artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztuak baditu.

23. artikulua. Herritarren elkarte eta entitate inskribatuen betebeharrak.

Herritarren elkarte eta entitate inskribatuek Herritarren Elkarte eta Entitateen Barañaingo Udal Erregistroan jakinarazi beharko dituzte beren inskripzio datuen aldaketa guztiak, gertatzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Urtean behin, urtarrilean, erregistroa kudeatzeko ardura duen unitateak eskatuta, herritarren elkarte eta entitateek, txosten labur batean jakinaraziko dute zein den urte horretarako aurreikusirik dauden jardueren programa eta zein, horiek gauzatzeko eskura duten aurrekontua. Orobat jakinaraziko dituzte erregistroa eguneratzeko eskatzen zaizkien datu guztiak.

Herritarren elkarte eta entitateek erantzukizuna izanen dute udal instalazioen erabilerarengatik eta haietan eragiten ahal dituzten kalteengatik.

Betebehar horiek bete ezean, behar den espedientea tramitatu ondotik, herritarren elkarte edo entitatea erregistrotik kentzen ahalko da. Horrek erregelamendu honetan jasotako eskubideak galditzea ekarriko du.

24. artikulua. Udal instalazioen erabilpena.

Udalak Baliabide Zentroa paratuko du herritarren eskura, Herritarren Elkarte eta Entitateen Erregistroan inskribaturiko elkarteendako. Hartan, aretoak, bulegoak, artxiboak, teknologia berrietarako sarbideak, etab. izanen dira, erran nahi baita, bilerak egiteko, materialak zaintzeko eta gisa honetako toki batean lekua izan dezaketen jarduera guztiak egiteko beharrezkoa dena.

Orobat, Herritarren Elkarte eta Entitateen Erregistroan inskribaturiko elkarteek bidea izanen dute Udalaren baliabide publikoak erabiltzeko, bereziki bertze lokal batzuk eta hedabideak, gai honetan aplikatzen ahal den eta indarra duen legeriak erabilpen horri ezartzen dizkion mugak kontuan hartuta.

LAUGARREN TITULUA

Kontseilu sektorialak

25. artikulua. Kontseilu sektorialak. Kontzeptua.

Kontseilu sektorialak aholku emateko partaidetza organoak dira, eta haien xede nagusia da udal jardueraren esparru guztien arduradunei aholku eta argibideak ematea.

Herritarren elkarte edo entitateek halako kontseilu sektorial bat eratzeko eskaria egiten ahalko diote Udalaren osoko bilkurari, horretarako arrazoiak emanda. Onespena erabateko gehiengoaz eman beharko zaio.

Udalak sortzea erabakitzen duen kontseilu sektorialak bere gobernu eta jarduera eremuetara egokituko ditu.

Bertzeak bertze, kontseilu sektorial hauek izaten ahalko dira:

a) Emakumearen Kontseilua.

b) Kulturaren Kontseilua.

c) Euskararen Kontseilua.

d) Gazteriaren Kontseilua.

e) Hezkuntzaren Kontseilua.

f) Kultura artekotasunaren Kontseilua.

g) Kirolen Kontseilua.

h) Enpresa txiki eta ertainen, herriko merkataritzaren eta enpleguaren Kontseilua.

26. artikulua. Kontseilu sektorialak. Eratzea.

Barañaingo Udalak kontseilu sektorialen sorrera bulkatuko du eta sostengu emanen du eskura dituen bitarteko egokienen bidez, horiek beren xedeak bete ditzaten.

Sektore kontseilua eratu ondoan, Udalbatzak osoko bilkuran erabakia hartuta, funtzionatzeko behar den araudiaz hornituko da.

27. artikulua. Kontseilu sektorialak. Eginkizunak.

Kontseilu sektorialek lege edo erregelamendu mailako arauetan, erregelamendu honetan edo, halakorik bada, haiek garatzekoetan zehazten diren eginkizunak izanen dituzte eta bertzeak bertze honako hauek, Udalaren jarduketa esparruetan bereari dagokionez:

1. Udaleko organo guztiei argibideak eta aholkuak ematea bere eskumeneko gaietan.

2. Ikusteko duten sektoreen babesa, garapena eta bizi kalitatearen sustapena bulkatzea.

3. Bere jarduketa sektorearen barnean elkartegintza, boluntariotza eta elkarlana sustatzea.

4. Kontseiluaren esparruaren barnean ari diren erakunde, elkarte edo entitate publiko nahiz pribatuen arteko koordinazioa, lankidetza eta elkarlana indartzea.

5. Pertsonen eskubideeen babesa bilatzen duten politika integralen aplikazioa bulkatzea.

6. Bere esparruko proposamenak lantzea, zehazten diren bideak erabilita bere jarduketa eremuaren ardura duen Zinegotzigoak azter ditzan.

7. Aldez aurretik eta arrazoiak emanez eskaera eginda, argibideak biltzea bere jarduketa eremuko udal programen gainean.

8. Agenda 21eko garapen iraunkorreko prozesuetan elkarlan aktiboa bulkatzea.

9. Aurrekontuak prestatzeko prozesuetan parte hartzea, zehazten diren esparruetan. Horiek partez hartuz garatuko dira haren jarduketa eremuan.

BORZGARREN TITULUA

Herritarren ekimena

28. artikulua. Herritarren ekimena.

Udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten bizilagunak herri ekimenaz baliatzen ahal dira, legeek ezarritako ildotik, erabaki edo jarduketa proposamenak edo xedapen orokorretarako proiektuak aurkeztuz udal eskumeneko gaietan.

Ekimenak udalerrian zentsaturiko bizilagunen %10en sinadura beharko du gutienez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 96- bis 1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Udalak osoko bilkuran eztabaidatu eta bozketatuko du ekimena, deusetan ukatu gabe arlo horretan eskumena duen organoak eskuordetza bidez ebatzi ahal izatea. Betiere legezkotasunaren gaineko Udalaren txostena beharko da, baita Udaleko kontu hartzailearen txosten berariazkoa ere, ekimenak izaera ekonomikoko eskubide eta betebeharrak ekartzen baditu.

Ekimenak tokiko herri kontsulta baterako proposamena eramaten ahal du erantsirik, eta hura Toki Entitateen Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen 27/2002 Foru Legeak aurreikusten dituen prozeduraren bidez eta halabereko baldintzetan tramitatuko da.

Baldin eta ekimenerako behar den herritarren gutieneko ehunekoa txikiagoa bada kontsulta tramitatzeko behar dena baino, haren araudi berariazkoan xedatutakoari jarraikiz, ehuneko horri gehitu beharko zaizkio behar diren sinadura guztiak.

29. artikulua. Herritarren ekimena interes publikoko jarduerak sustatzeko

1. Herritarren ekimenaren bidez eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 53.etik 55.era bitarteko artikuluetan ezarria goiti-beheiti, legezkotasunetik atera gabe udalerriko bizilagunek, elkarte edo entitateen bidez, Udalari eskatzen ahalko diote interes publikoko eta udal eskumeneko halako jarduera batzuk egiteko aukera azter dezan, hori egiteko eskainiz diru baliabideak, ondasunak, eskubideak edo auzolana.

2. Udalak urtero kontusail bat erabiltzen ahalko du herritarren ekimen mota honen bidez egin litezkeen jarduerei aurre egiteko. Erregelamendu bidez ezarriko da elkarlan hori nola gauzatu, Udalak horrela erabakitzen badu.

30. artikulua: Herritarren ekimenen tramitazioa.

1. Herritarren Elkarte edo Entitateen Udal Erregistroan inskribaturiko herritarren elkarte edo entitateren baten bitartez, nornahik aurkezten ahalko du ekimen bat, arestian aipatu baldintzetan.

2. Udalak ekimena jasota, herritarrei horren berri ematen ahalko zaie jendaurrean edukiz Udalak erabakitzen dituen baliabideen bitartez eta hilabetez, non ez den komeni, premia dela-eta edo organo eskudunaren balorazioan munta duten bertzelako arrazoiak direla eta, orokorrean ezarri ez bezalako epea erabiltzea.

3. Udalak bi hilabeteko epea izanen du ebazteko, jendaurrean egoteko epea bukatu eta biharamunetik edo jendaurreratze hori beharrezkoa ez dela erabakitzen den unetik hasita. Ekimenaren gaineko erabakia, bertzeak bertze, interes publikoko arrazoiei begiraturik hartuko da.

SEIGARREN TITULUA

Herri kontsulta

31. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

Udalak, Toki Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legearekin bat, bizilagunen interesetarako garrantzi berezia duten gaien gaineko herri kontsulta egiten ahalko du, baldin eta gai horiek Udalaren eskumenekoak eta toki mailakoak badira, salbu eta toki erakundearen ogasunei buruzkoak.

32. artikulua. Behar diren gutieneko baldintzak.

Herri kontsultak betiere baldintza hauek beteko ditu:

1. Zentsaturik herritar guztien eskubidea kontsultatuak izateko.

2. Kontsultagai diren aukeren berri izateko eskubidea, idatziz nahiz irudi bidez ahalik eta informazio gehien jasoz.

33. artikulua. Eskumen materiala.

Udalaren osoko bilkurari dagokio herri kontsulta erabakitzea bere eskumeneko gaien gainean, baita egiazki egitea ere.

Orobat, Udalaren osoko bilkurak erabakiko du herri kontsulta egitea, indarra duen hauteskunde zentsuan inskribaturiko hautesleen %10ek eskatzen badute, gutienez ere, egun indarra duen araudiari jarraikiz.

Titulu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko legerian xedatuari jarraituko zaio, edo bertzenaz, Estatuakoari, bereziki Erreferendum mota ezberdinak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 2/1980 Lege Organikoari, eta Toki Entitateen Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen azaroaren 28ko 27/2002 Foru Legeari.

34. artikulua. Bertze kontsulta batzuk.

Bizilagunen interesak hala nahi duenean, Udalak bizilagunen iritzia galdegin dezake, inkestak, iritzi zundaketak edo Udalaren eskumeneko gai batez bizilagunek duten aburua jakiteko bertze edozein bide erabiliz; horretarako komunikazio elkarreragilea lortzeko edozein bide ere erabil dezake.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenbizikoa._Osoko bilkurak argituko ditu erregelamendu honen interpretazioak eta aplikazioak pizten dituen duda guztiak, Herritarren Partaidetzaren Batzordeak aitzinetik txostena eginda, betiere indarra duen legeriak eta udal erabakiek ezarritakoarekin bat.

Erregelamendu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan, une bakoitzean aplikatzekoa den araudiari eta bereziki erregelamendu honen testuan aipatuari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira udal ordenantza eta erregelamenduetan egonik haren kontra egiten duten xedapen guztiak. Orobat, indarrik geldituko dira erregelamendu honetan xedatuarekin bateraezinak diren erabaki guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek indarra hartuko du haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L0617820