150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

345/2006 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumeneko Ukipenetarako Baimena ematen duena Murillo el Cuendeko 12. poligonoko 19, 20, 39, 44 eta 45. lurzatietan aspertsiozko ureztaketa sistema instalatu eta ura biltzeko baltsak egiteko proiekturako. Sustatzailea Félix Ibiricu Recalde da.

2006ko maiatzaren 12an goian aipatzen den espedientea sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2.C eranskineko K) idatz-zatiaren barruan dago. Beraz, Ingurumeneko Ukipenetarako Baimenaren araubidearen menpe dago.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du ingurumeneko ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumeneko Ukipenetarako Baimena ematea Murillo el Cuendeko 12. poligonoko 19, 20, 39, 44 eta 45. lurzatietan aspertsiozko ureztaketa sistema instalatu eta ura biltzeko baltsak egiteko proiekturako. Sustatzailea Félix Ibiricu Recalde da.

_Aniztasun ekologikoa konpentsatzeko neurri hauek hartuko dira:

.Lurzati berrietan zapalda batzuk diseinatuko dira, malda mailakatzeko, 2H:1V maldako ezponden bidez bereizita, horrela ezponda horietan epe motzean landare naturalak jarri ahal izateko.

.Oraingo baltsa naturala eta inguruan duen landaredi naturala (larreak, ihidiak eta lezkadiak, gutxienez 2.098 m²-ko azalera dutenak) kontserbatzea gomendatzen da. Hori lurzatiaren ekialdean dago (proiektuan 14. sektorean ageri zen). Adierazi behar da proiektatu diren baltsak ezin direla konpentsazio gisa erabili, zeren eta geotestilez diseinatu direnez ezin baita inguruan landaredi higrofilorik jarri.

.Kontserbatu eginen dira hegoaldeko sakana eta oraingo landare guztiak (lezkak, milazkak, orgazak etab.). Milazka zerrenda bat diseinatuko da sakanaren gainalderako. Landaketetan babesleak, zurkaitzak eta mantentze lanak ere sartzen dira (hutsak betetzea eta ureztaketak bi urtez gutxienez). Sakanaren huste ahalmena handitu beharra izanez gero laborearen ertzean eginen da, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalak aztertu beharko duen proiektua egin eta gero.

.Lurzatien inguruko alepo pinuak eta larre hezeak ere kontserbatu eginen dira, makina astunen sartzea saihestuko da eta ez da hondakinik utziko.

_Baltsa berrien kanpoaldeko ezpondak 2H:1V maldarekin diseinatuko dira, edo etzanagoak, eta landareak ereinen dira paisaian hobeki integratzeko.

_Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Vianako Printzea Erakundearen txosten arkeologikoa eskuratu beharko du, lanek aztarnategirik ukituko duten zehazteko, batez ere lur berdinketa egitean eta baltsa berrietako hondaketa lanetan.

_1.604 euroko fidantza jarri beharko da leheneratze neurriak (landaketak eta ereintzak) eta kontserbazioa (mantenduko diren landare eremuak eta konpentsazio neurri gisa sartu direnak) bermatzeko. Fidantza lanak hasi baino lehen jarri beharko da, eta frogagiria beharko da ikuskatzaileari obrek irauten duten denboran aurkezteko.

_Ureztaketa hasi aurretik, instalazioak abian jartzeko baimena beharko da, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 29. artikuluan ezartzen duen moduan.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Murillo el Cuendeko Udalari eta interesatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 16an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0618496