150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

332/2006 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana. Haren bidez ingurumeneko eraginetarako baimena ematen da Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 11n emandako 214/06 Ebazpenaren bidez onetsitako eguzki-parke fotovoltaikoa 2 ha-tan handitzeko Erriberriko 17. poligonoko 1281. lurzatian. Guztira 20 ha-ko azalera hartuko du. Energías Fotovoltaicas de Navarra, S.L.k sustatu du.

Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.C eranskineko I) atalean sarturik dago. Beraz, ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

2006ko irailaren 25ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumeneko eraginetarako baimena lortzeko eskaera.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emango duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du ingurumeneko ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere jasoko duela, hirigintzako legediaren arabera hori ere eskatu behar den kasuetan.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumeneko eraginetarako baimena ematea Erriberriko 17. poligonoko 1281. lurzatian eguzki-parke fotovoltaikoa 2 ha-tan handitzeko. Parkea, guztira 20 hektareakoa, Energías Fotovoltaicas de Navarra, S.L. enpresak sustatu du. Ingurumenari dagokionez, proiektuak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

_Gutxienez 15 metroko distantzia utzi beharko du instalazioaren itxitura perimetralaren eta ekialdeko ertzaren artean, oso malkarra baita, lurzoruaren higadura eta lubiziak saihesteko eta paisaiaren gaineko eragina murrizteko. Obrak hasi aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalean jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakia: 848 421486 / 848 424905).

_Landare-tratamendu egokia egin beharko da, obra amaitu ondoren, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamendua egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko da, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landatu beharko dira, ondoko hazien nahasketa erabilita: albitz-belarra (Brachypodium retusum), ezkaia (Thymus vulgaris), artemisia zuria (Artemisia herba-alba) eta izpilikua (Lavandula latifolia). Birlandaketak hasi aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalean jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakia: 848 421486 / 848 424905).

_Parkearen inguruan, perimetroan, karraskak (Quercus ilex) landatuko dira, energiaren ekoizpena oztopatzen ez den lekuetan, eta perimetro guztian honakoak ere landatuko dira: abaritza (Quercus coccifera), erromeroa (Rosmarinus officinalis) eta ena arrunta (Rhamnus lycioides) 2 metroko tarteak utziz.

_Inguruko hesiak ugaztun txikiak pasatzen utzi beharko du; beraz, beheko aldean tarte nahikoa izan beharko du, 10 x 15 zentimetrokoa gutxienez.

2. Baimen honek, gainera, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedurari dagokionez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu eta baldintza hau bete beharko du:

Enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, bai proiektuan aurreikusten diren ekintzetarako, eta bai egin asmo diren instalazio eta jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen oinegitura eta bide-zorrei dagokienez.

_Zangak eta zimentazioa egiterakoan, zorupean horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, horren berri eman beharko da, berehala, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuan, Ondare Historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 legeko 43.3 eta 44. artikuluak).

_Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Erriberriko Udalari eta interesatuari, behar diren ondorioak izan ditzan. Iruñean, 2006ko azaroaren 8an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0617884