150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

879/2006 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Berriozarko "Fundación Bidean Laboral" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 94/2006).

Ikusirik Berriozarko "Fundación Bidean Laboral" enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 94/2006).

Gertakariak

1. Departamentu honetan 2006ko urriaren 31n sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 35 artikuluz eta eranskin batez osatua (2006rako lansarien taula barne), enpresaren ordezkariek eta langileen delegatuen parte batek (UGT) 2006ko urriaren 20an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honen eskumena da, lehenago aipatutako manuen ondorioz.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Berriozarko "Fundación Bidean Laboral" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108612) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 10ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

FUNDACION BIDEAN LABORAL (ENPLEGURAKO ZENTRO BEREZIA) ENPRESAREN I. HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lan hitzarmen kolektibo honek Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren eta bere pertsona eremuan sarturik dauden langileen arteko lan harremanak arautzen ditu.

2. artikulua. Iraunaldia eta indarraldia.

Hitzarmen honek 2006ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta 2006ko abenduaren 31 arte iraunen du.

Hitzarmen honetako lansarien egitura osatzen duten kontzeptuen ondorioak 22. artikulutik 26. artikulura bitarte zehazten dira, biak barne.

Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den egunetik beretik iragartzen da.

Hitzarmen hau automatikoki luzatuko da, hitzarmen berri bat argitaratu arte, zeinak aurrekoa indargabetuko baitu.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Lan hitzarmen kolektibo honek langile finkoak, behin-behineko langileak eta bitartekoak hartzen ditu, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresan ari direnak, honakoetan ezarritako edozein kontratazio mota dutenak: Langileen Estatutuan eta hura garatzeko gainerako legerian, batik bat 427/1999 Errege Dekretuaren bidez aldatutako uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan (Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duena). Hitzarmenaren aplikaziotik kanpo gelditzen dira gizarte boluntarioaren lana egiten dutenak edo prestakuntza praktiketan edo erlijio zereginetan ari direnak, eta Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) entitatearekin zerbitzuen errentamendu kontratuak hitzartuak dituzten enpresen plantilletakoak.

3. bis artikulua. Berme pertsonalak

Langileren batek, urteko zenbaketan eta orokorrean, hitzarmen honetan ezarritakoak baino lan baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.

II. TITULUA

Lanbide sailkapena

4. artikulua. Langileen sailkapena.

Langileak, betetzen duten lanaren arabera, lanbide talde edo kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. taldea: Goi mailako teknikariak.

Fabrikazioko burua.

Tailerreko arduraduna.

2. taldea: Erdi mailako teknikariak.

Fisioterapeuta

Logopeda-Pedagogoa.

Tailerreko nagusia.

Sekzioko arduraduna.

Sekzioko nagusia.

3. taldea: Administrariak.

Administrari laguntzailea.

4. taldea: Produkzioko eta Zerbitzu Orokorretako langileak.

Auto-gidaria.

Egiaztatzailea.

Biltegizaina.

Prebentzioko mantentze-lanetako langileak.

Produkzioko langilea.

Artikulu honek biltzen dituen talde, kategoria eta mailak zerrenda hutsa dira eta ez dira lanpostu guztiak zertan beterik egon. Orobat, eginkizunen atxikimendu zehatza egin eta talde, kategoria eta maila berriak sartzen ahal dira.

5. artikulua. Kategorien definizioa eta eginbeharrak.

1. taldea: Goi mailako teknikariak.

Unibertsitate bateko edo maila bereko eskola tekniko bateko titulua daukate. Beren esperientzia edo prestakuntza teknikoa frogatu dute. Kontratuaren xede diren erantzukizuneko eginkizunak egiten dituzte. Zuzendariarekin batera bere arloaren erantzukizun osoa hartzen dute euren gain.

Fabrikazioko burua: ekoizpeneko langileen zuzeneko ardura du, beren arloko nagusiak eta bestelako agintariak barne. Laneko erantzukizuna, diziplina, langileen segurtasuna eta saltzaile eta bezeroekiko zuzeneko harremanak dagozkio bere arloan eta bere erantzukizuneko mailan. Ekoizpena planifikatzen eta kontrolatzen eta lantegia zuzentzen arduratzen da. Laneko kargak, ekoizpenaren ikerlanak eta etekinak ere kontrolatuko ditu. Zuzendaritzarekin batera, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresako beste arloak koordinatuko ditu. Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak eginen ditu.

Tailerreko arduraduna: bere arloko langileen zuzeneko erantzukizuna du. Laneko erantzukizuna, diziplina, langileen segurtasuna eta saltzaile eta bezeroekiko zuzeneko harremanak dagozkio bere arloan eta bere erantzukizuneko mailan. Ekintzetarako plana, fabrikazioarekin elkarlanean aritu, bere arloko etekinak kontrolatu eta hobetzeko ikerlanak eginen ditu. Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta beren karguagatik eta beren erantzukizunagatik dagozkien besteak egiten dituzte.

2. taldea: Erdi mailako teknikariak.

Unibertsitate bateko edo maila bereko eskola tekniko bateko titulua daukate edo euren esperientzia edo prestakuntza teknikoa frogatu dute eta kontratuaren xede diren erantzukizuneko eginkizunak egiten dituzte Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresan. Zuzendariarekin edo arloko nagusiarekin batera beren arloaren erantzukizun osoa hartzen dute beren gain.

Fisioterapeuta: ebakuntzarik gabeko baliabide fisikoen bidez giharrak eta hezurdura errehabilitatu eta haien alterazioei aurrea hartzeko tratamenduak burutzen dituen profesionala da. Enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak eginen ditu.

Logopeda-Pedagogoa: enplegurako zentro bereziko langileentzako prestakuntza iraunkorreko terapiak eta terapia errehabilitatzaileak egiten dituen profesionala da, langileek beren arloaren barruan hala eskatuta. Enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak eginen ditu.

Tailerreko nagusia: gaia behar bezala ezaguturik, fabrikazioko buruak edo zuzendaritzak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

_Zuzentzen duen taldea dinamizatzea eta langileen gaitasunen arabera haien lanak banatzea.

_Ezarririko ekoizpena eta bere menpe dituen langileek egiten dituzten arloetarako kalitatearen betebeharrak bermatzea.

_Bere sekzioa eten gabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak, ekoizpena hobetzekoak eta antolamendurakoak proposatzea.

_Etekinik hoberenak lortzeko langileei laguntzea eta bere menpe dituen langileen betebehar eta arazoak atzeman eta bideratzea.

_Bere ardura diren makina, instalazio, material, etab. ongi mantentzea.

_Bere lanak egiteko behar diren tresna, lanabes eta bestelako osagaiak kontrolatzea.

_Fabrikazioko buruarekin eta beste arloetako nagusiekin elkarlanean aritzea, bere erantzukizuneko sekzioko etekinen datu eta adierazleak kudeatzeko.

_Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak egitea.

Sekzioko arduraduna: gaia behar bezala ezaguturik, fabrikazioko buruak edo zuzendaritzak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

_Zuzentzen duen taldea, gehienez ere 25 pertsonakoa, dinamizatzea eta langileen gaitasunen arabera haien lanak banatzea.

_Ezarririko ekoizpena eta bere menpe dituen langileek egiten dituzten eginkizunetarako kalitatearen betebeharrak bermatzea.

_Bere sekzioa eten gabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak, ekoizpena hobetzekoak eta antolamendurakoak proposatzea.

_Etekinik hoberenak lortzeko langileei laguntzea eta bere menpe dituen langileen betebehar eta arazoak atzeman eta bideratzea.

_Bere ardura diren makina, instalazio eta materialak ongi mantentzea.

_Bere lanak egiteko behar diren tresna, lanabes eta bestelako osagaiak kontrolatzea.

_Fabrikazioko buruarekin eta beste arloetako nagusiekin elkarlanean aritzea, bere erantzukizuneko sekzioko etekinen datu eta adierazleak kudeatzeko.

_Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak egitea.

Sekzioko nagusia: gaia behar bezala ezaguturik, arloko arduradunek edo zuzendaritzak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

_Bere sekzioko arau eta betebeharrak betearaztea.

_Bere lanerako dituen agiri, ekipo eta tresnak kontrolatu eta kudeatzea.

_Bere sekzioa Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresako beste sekzio eta arloekin koordinatzea.

_Jakinarazten zaizkion helburuak lortzeko prozedurak garatzea. _Enpresaz kanpoko aholkulari eta profesionalei kasu egitea, bere ataleko eginkizunetako argibideak eta lankidetza eskatzen dizkiotenean.

_Bere sekzioa etengabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak eta antolamendurakoak proposatzea.

_Arloetako nagusiekin elkarlanean aritzea, bere erantzukizuneko sekzioaren etekinen datu eta adierazleak kudeatzeko.

_Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak egitea.

Oharra: Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren gaur egungo tamaina dela eta, posible da pertsona bakar batek bere gain hartzea tailerreko arduradunen, sekzioko arduradunen eta sekzioko nagusien kategoriei dagozkien eginkizunak. Pertsona horri eskuarki aurreko definizioetara hobekien egokitzen denari loturiko lanbide kategoria esleituko zaio.

3. taldea: Administrariak.

Administrari laguntzailea: beste batzuek gainbegiraturik, bere arloko langile eta baliabideen tramitazio administratiboa antolatu eta burutzen du, zentroan berean eta hortik kanpo. Harrera kudeatu, txostenak prestatu eta kalitate sisteman ezarririko beste eginkizun eta erantzukizun batzuk eta bere karguagatik eta erantzunkizunagatik dagozkionak egiten ditu.

4. taldea: Produkzioko eta Zerbitzu Orokorretako langileak.

Auto-gidaria: erabili behar duen ibilgailuari dagokion gidabaimena du. Baimendurik dauzkan ibilgailuak gidatzen eta horien funtzionamendua eta garbiketa mantentzen arduratzen da. Zuzemenak agintzen ahalko zaizkio Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren edo besteren tokietan, bai eta garraiatu beharreko mandatuen kontrola egitea ere, eta kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak eginen ditu.

Egiaztatzailea: kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak egiten dituen pertsona da.

Biltegizaina: materiala hartzeaz eta biltzeaz arduratzen da. Barruko eta kanpoko igorpenak prestatu, enpresaren eta besteren ibilgailuetan zama-lanak egin eta unean-unean hartzen dituen jarraibideen arabera salgaiak plantan banatzen ditu. Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak eginen ditu.

Prebentzioko mantentze-lanetako langileak: ingeniaritzaren eta mantentze-lanen arduradunaren menpe, makina eta instalazio nagusien funtzionamendu eta garbiketa egokia bermatzeko behar diren lanak egiten dituzte. Prebentzioko plana garatzen dute. Zuzenketa txikiak egiten dituzte. Ekoizpen eta segurtasun ekipoak abian jartzen dituzte. Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta beren karguagatik eta beren erantzukizunagatik dagozkien besteak egiten dituzte.

Ekoizpeneko langilea: ekoizpen arloetan eta orotariko zerbitzuetan, lan metodo zehatz baten arabera, zehazki gainbegiraturik, lanak egiten ditu, ahalegin fisikoa edo arreta behar dutenak. Aldian-aldian oinarrizko lanbide ezagutza ere beharko dute, baita egokitzeko epe bat ere.

Artikulu honetan lanbide sailkapen bakoitzarentzat adierazi diren eginkizun eta lanak adibide moduan jarri dira. Hortaz, langile guztiak gainean dituzten agintariek agintzen dizkieten bestelako lan eta eginkizunak egitera behartuta daude, hemen adierazi ez badira ere, betiere beren eskumen eta kategoriaren barnekoak baldin badira.

6. artikulua. Lanbide sustapena.

Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresan hutsik dauden lanpostuak, hark erabikirik, bete edo amortizatzen ahalko dira, hala baderitzo, lanaren, garapen teknologikoaren eta komenigarri egiten duten bestelako inguruabarren arabera.

Hiru modu izanen dira lanpostu hutsak betetzeko: izendapen librea, merezimendu bidezko barne igoera eta kontratazio berriak.

Arlo teknikoetako eta administrazioko lanpostuak eta, eskuarki, agintaritza edo konfiantza eta erantzukizun berezia behar duten lanpostuak, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren egituraren edozein mailatan, izendapen libreen edo kontratazio berrien bidez beteko dira.

Beste lanpostuak merezimendu eta gaitasunaren araberako irizpide eta proba objektiboei jarraituz beteko dira eta halaxe izanen dira lanbide-mailen arteko igoerak. Irizpide eta proba horiek zuzendaritzak ezarriko ditu, langileen ordezkariei galdeturik.

III. TITULUA

Lanean hastea eta lana uztea, probaldia

7. artikulua. Kontratuak.

Kontratu guztiak idatziz formalizatuko dira. Kontratuen iraupenari eta modalitateei dagokienez, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

8. artikulua. A.L.E.

Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak, oro har, Aldi baterako Lan Enpresez ez baliatzeko hitza ematen du. Beraz, Aldi baterako Lan Enpresekin salbuespenezko kasuetan baizik ez dira kontratuak eginen.

9. artikulua. Probaldia.

Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada. Probaldiaren iraupena aldakorra izanen da, bete beharreko lanpostuen eta gainerako gorabeheren arabera. Hala ere, behin ere ez da izanen sei hilabete baino luzeagoa tituludunentzat ez eta bi hilabete baino luzeagoa gainerako langileentzat, halaxe xedatzen baita Langileen Estatutuaren 14. artikuluan.

10. artikulua. Enpresa nahita uztea.

Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresa bere borondatez utzi nahi duen langileak gutxienez 15 egunez aurretik abisatu beharko du, idatziz.

Aurreabisu horren epea ez betetzeak azken likidazioan eta finikitoan kenketa bat ekarriko du, eta haren balioa aurreabisua egin behar zuenetik egin duenera bitarteko egunei dagokien soldata adinakoa izanen da.

Zentroak garaiz eta behar bezala jasotzen badu, beharturik dago lan-harremanari bukaera ematera, eta langileari dagokiokeen bukaerako likidazioa eta finikitoa eman beharko dizkio.

Eginbehar hori bete ezik, langileak eskubidea izanen du kalte-ordain bat hartzeko. Honelaxe kalkulatuko da: atzeratu den egun bakoitzeko bi eguneko lansaria pagatuko zaio, gehienez ere 15 egunekoa.

IV. TITULUA

Lan osasuna

11. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Une bakoitzean indarra duen legeriak agintzen duenari jarraituko zaio, eta, bereziki, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak eta hura garatzen duten arauek ezarritakoari.

12. artikulua. Laneko arropa eta babes-jantziak.

Egiten den lanaren arabera behar diren jantzi eta ekipoak banatuko dira. Horiek guztiak zentzuz erabili eta hondatzen diren heinean berritu beharko dira. Horri dagokionez, espresuki ezartzen da Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak jantzi eta ekipo erabiliak itzultzea eska dezakeela berriak eman baino lehen.

V. TITULUA

Lanaldia, oporrak, lizentziak eta eszedentziak

13. artikulua. Lanaldia.

Lanaldia 1.744 ordukoa izanen da urtero. Egutegiak 221 lanegun eta benetako 1.689 lanordu izanen ditu, 14. artikuluan aipatzen diren atsedenaldiak kenduta.

14. artikulua. Atsedenaldiak.

Lanaldi jarraitua eta lanaldi zatitua duten langileendako 15 minutuko atsedenaldia ezartzen da. Hori benetako lanalditzat joko da.

Halaber, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak sekzioen eta langile taldeen berariazko ordutegietako atsedenaldiak zehaztuko ditu. Atsedenaldi horiek, hala komeni denean, aldatzen ahalko dira antolaketaren edo ekoizpenaren arabera.

Lanaldien arteko atsedenaldiei eta asteko atsedenaldiei dagokienez, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak prestaturiko ordutegi eta egutegietan xedatu bezala eginen da. Horiek, betiere, legeak unean-unean aurreikusiriko gutxieneko iraupenak errespetatu beharko dituzte.

15. artikulua. Lan egutegia.

Lan egutegia eta lanorduak finkatzea enpresako zuzendaritzaren eskumena izanen da, langileei aurrez jakinarazita.

Urtero, bezeroen beharren arabera, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak lan egutegi bat osatuko du, non Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresa egituratzen duten sekzio eta bulegoetako txanda, ordutegi eta lanegunak zehaztuko baitira.

Zentroko sekzio eta bulegoetako lan egutegia zehaztu ondoren, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak aldaketak egiten ahalko ditu. Horien arabera, zentro osoak edo sekzio batzuek hasiera batean egutegian laneguntzat jotzen ez ziren egunetan lan egitea erabaki daiteke.

Laneguntzat jotzen dira lan egutegian jaiegun (oporrak barne) ez diren egun guztiak.

16. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte, pagatuak.

Urteko opor horiek, urte bakoitzean zehar hartu beharko direnak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu, salbu eta lan harremana hautsiz gero edo eszedentzia hartuz gero.

Urte naturalean zehar kontratatutako langileek lan egiten duten denborari proportzioan dagozkion opor egunak izanen dituzte.

Oporrak, hauek hartzean langileak kobratzen duen egiazko soldata indardunaren arabera pagatuko dira.

Oporretarako txandak urtero zehaztuko dira, ahalik eta lasterren, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko adostasunaren bidez. Bezeroen zerbitzu beharrak kontuan hartuko dira.

17. artikulua. Aldi baterako ezintasun egoera oporretan.

Oporraldiaren hasieran lanerako aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek ez dute beste oporraldi bat hartzeko eskubiderik izanen.

Larritzat edo oso larritzat jotzen den lan istripu baten ondorioz, langile batek opor guztietan edo batzuetan aldi baterako ezintasuna badu, lanera itzuli ondoren eskubidea izanen du oporraldian bajan egon den bezainbeste opor egun izateko.

Halaber, langile batek, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondorioz, ospitaleratuz gero, lanera itzuli ondoren, ospitaleratze aldia frogaturik eta kasuan kasuko baja-agiria tramitaturik, eskubidea izanen du ospitalean emaniko opor egun berak izateko.

Bi kasuetan, oporrak hartzeko egun berriak ukituaren eta Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren artean adostuz zehaztuko dira.

Halaber, bi kasuetan, urteko abenduaren 31n langileak, eri edo ospitalean badirau, ez du eskubiderik izanen oporrik berriro hartzeko.

Artikulu honetan aipatzen diren kasu hauek mugatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Lan istripuaren ondorioz aldi baterako ezintasuna larria edo oso larria den erabakitzeko, baja-agirian berean lesioaren kalifikazioa hartuko da kontuan. Baja-agirian gorabehera hori zehaztu ezik, kasu bakoitzean azterketa bat eginen da, banan banakakoa. Betiere kontuan hartuko da salbuespenezko kasu bat den, lesioaren larritasunagatik, oporrak hartzea eragozteko modukoa.

b) Eritasun arruntaren edo lanez kanpoko istripu baten ondorioz, oporretan ospitaleratuz gero, irizpide bakarra gaua ospitalean eman beharra da. Alegia, arau honetatik kanpo gelditzen dira ebakuntza anbulatorioak, kontsultak, tratamenduak eta abar egiteko ospitaleetan sartu beharra, ospitale horietan gaua eman beharrik ez badaukate.

18. artikulua. Baimen ordainduak.

18.1. Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, zilegi dute lanpostuan ez egotea, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontza: 15 egun naturaleko lizentzia ordaindua, zeina luza baitaiteke, gehienez ere, ordaindu gabeko beste 7 egun naturaleko lizentziarekin.

b) Haur baten jaiotza edo adopzioa: 3 egun (horietarik 2 gutxienez, lanegunak) eta 2 egun gehiago izan daitezke, horiek ere pagatuak, zesarea bidezko erditze kasuan.

c) Ondokoen heriotza, eritasun larria, ospitaleratzea edo prozesu larri baten ondoriozko ebakuntza:

_Ezkontidea eta seme-alabak: 3 egun natural.

_Gurasoak: 3 egun natural.

_Anai-arrebak: bi egun natural heriotza kasuan eta egun bat beste kasuetan.

_Beste ahaideak, odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren graduko ahaidetasuna arte (koinatu-koinaten senar-emazteak edo anai-arreben koinatu-koinatak izan ezik): egun bat.

c)bis Ezkontidearen edo seme-alaben ospitaleratzea edo prozesu ez larri baten ondoriozko ebakuntza: egun natural bat.

c) eta c) bis ataletako kasuetan baimenak hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira.

Halaber, espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitaleratzealdia baino luzeagoa izan.

Ospitalizazioaren kasuan, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera.

Langileak, gozamen gerokotuaren sistema berri honen bidez, ezin izanen du inola ere hartu egun gehiago baimena sortzen duen gertakaritik aurrera hartu izan balitu baino.

c) eta c) bis ataletako kasuetan arrazoi horiek direla-eta langileak Foru Komunitatetik kanpora joan behar badu, lizentzia hori egun natural bat luzatuko da alboko probintzien kasuan eta 2 egun natural gainerakoetan.

d) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun bat.

e) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

f) Behar den denbora hartzen ahal da Gizarte Segurantzan familiaren medikuari eta sendagile espezialistei egin beharreko kontsulta medikoen kasuetan eta errehabilitaziorako tratamendu mediko-funtzionaletan eta lanbidearen arloko orientazio, prestakuntza eta berregokitzapen ekitaldietan parte hartzeko, lanaldiz kanpo joaterik ez dagoenean eta seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez direnean.

g) Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

h) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz HZMak edota Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo onartuetan, izena eman duten langileek, azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joan ahal izateko behar-beharrezkoa den denbora.

i) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

j) Erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko, behar-beharrezkoa den denbora, lanorduetan egin behar badira.

a) eta e) bitarteko epigrafeetako lizentziak, biak barne, egun naturaletan kontatuko dira eta, c) epigrafeko ospitalizazioetarako egindako oharraren kasuan salbu, gertaera eragilea sortu den unetik beretik hartuko dira.

"Ezkontidea" aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duen udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

19. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.

Langile guztiek eskubidea izanen dute urtero gehienez ere 15 eguneko baimena eskatzeko. 20 egun lehenago gutxienez eskatuz gero eta zentroan egoera berean bi langile baino gehiago egon ezik, eman egin beharko zaizkie.

Behar bezala frogaturiko salbuespenezko kasuetan, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak, langilearekin edo haren legezko tutorearekin ados dagoela, baimen ordaindugabe luzeagoak ematen ahalko dizkio.

20. artikulua. Eszedentziak.

20.1. Borondatezko eszedentzia norberaren aferetarako.

Langile finko orok aukera izanen du hiru hilabetetik urtebetera bitarteko borondatezko eszedentzia hartzeko, lanpostua gorderik.

Lanpostua gordetzeko denbora bukaturik, langileak, Bisergraf enpresara itzuli ez bada, eskatzen ahalko du eszedentzia luzatu dakiola, lanpostua gorde gabe, baina lanpostu hutsak betetzeko lehentasunezko eskubideari eutsiz, zentroan dauden kategoria berean edo antzekoan.

Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta bi urte igaro eta gero.

20.2. Borondatezko eszedentzia lan munduan sartzeko.

Zentroko langile minusbaliatuei lan munduan sartzeko erraztasunak emateko, ohiko enpresa batean (enplegurako zentro berezia ez den batean) zerbitzu ordainduetan hasiko dela frogatzen duen langile minusbaliatu orok eskubidea izanen du, hori dela eta, borondatezko eszedentzia hartzeko, gehienez ere hiru urtez, lanpostua gorderik. Lanera itzultzea eskatu ondoren, hilabeteko epean itzuli beharko du.

20.3. Seme-alabak zaintzeko eszedentzia eta ahaideak zaintzeko eszedentzia.

a) Langile guztiek, enpresan duten antzinatasuna edozein dela ere, eskubidea dute eszedentzia hartzeko gehienez ere hiru urtez, odol bereko lehen graduko ahaidea zaintzeko, etengabeko zainketa beharrak baditu edo baliaezintasun handian dagoena, Gizarte Segurantzaren iritziz.

b) Amatasun kasuan, langileak (emakumezko zein gizonezko) eskubidea izanen du lau urteko eszedentzia hartzeko, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, atsedenaldia bukatzen denetik kontatzen hasita.

Atal honetan adierazitako eszedentzia aldiak bukaturik, eszedentzian dauden langileek lanera itzultzetzeko hilabete lehenago eskatu ondoren, besterik gabe itzuliko dira eszedentzia eskatu zutenean zeukaten lanpostura.

Eszedentzia emateko xedearekin zerikusirik ez duen beste helburu baterako erabiliz gero, lanpostura berriro itzultzeko eskubidea galduko da.

c) Ezkontidea edo izatezko bikotekidea hil eta 14 urtetik beherako semea edo alaba uzten badu, langileak (emakumezko zein gizonezko) eskubidea izanen du ordaindu gabeko eszedentzia berezia hartzeko. Eszedentzia hori, justifikatua izan beharko baitu, gehienez ere hirurogei egun naturalekoa izanen da, heriotzagatiko lizentziatik kontatzen hasita. Onuradunak idatziz eskatu beharko dio enpresaburuari eta bertan agerraraziko da lanera itzuliko den eguna, zeina automatikoa izanen baita.

20.4. Gainerako kasuak.

Aurreko ataletan ezarri ez diren eszedentzia kasuetarako, Langileen Estatutuko 46. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta aplikatzekoak diren indarrezko beste edozein legezko arauri ere.

21. artikulua. Lanaldi-laburtzeak, haurrei esne emateak, amatasuna eta haurdunaldiko arriskua.

Haurrari esnea emateko baimenean, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoan, emakumezko langileak aukera izanen du lizentzia artikulu horretan adierazi bezala hartzeko edo amatasun baimena beste hamabi lanegun gehiago luzatzeko.

Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluak aipatzen duen legepeko zaintza dela-eta, langileren batek sei urtetik beherako haurra zaindu behar baldin badu, lanaldi-laburtzea haurrak 7 urte bete bitarte luzatuko da.

Ahaideak zaintzeko edo seme-alabak zaintzeko lanaldi-laburtze horietan, langileak eskubidea du laburtze horren ordutegia berak finkatzeko eta txandaka lan eginez gero, ordutegia txanda bakar batean ezartzeko.

Kaleratze kasuan, bidegabekoa edo/eta objektiboa, kalte-ordainak kalkulatzeko kontuan hartuko den soldata lanaldi osoko soldata izanen da.

Gainerako gai guztietan, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio, zehazki Familiako bizitza eta lana batera eramateari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legeak emandako idazketak dioenari, bai eta aplikatzekoak diren legezko arau indardunetan ezarritakoari ere.

VI. TITULUA

Baldintza ekonomikoak

22. artikulua. Soldaten egitura.

Soldaten egiturak kategoria bakoitzeko oinarrizko soldata, denbora edo lan unitateko sari finkoa den aldetik, eta, hala bada, kasuan-kasuan bidezko diren soldata osagarriak, hurrengo artikuluetan zehazten direnak, bilduko ditu.

Kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren bidez egiazko lanaldia eta hitzarmen honetan edo legeetan ezarririko atsedenaldiak pagatzen dira. 2006rako oinarrizko soldataren hileroko balioak hitzarmen honetako soldaten tauletako eranskinean ageri dira.

Uztailaren 17ko 1368/85 Errege Dekretuaren arabera kontratatutako langileen oinarrizko soldata gobernuak urtean-urtean finkatzen duen lanbideen arteko gutxieneko soldatarekin bat etorriko da. Errege dekretu hori 427/99 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen. Horren bitartez enplegurako zentro berezietan diharduten minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen da.

Arau honetan ezarrita dauden ordainsari guztiak gordinak dira.

23. artikulua. Produktibitate plusa.

Hitzarmen honetako soldaten tauletako eranskinean zehazten diren kategorietarako, 2006rako kasuan-kasuan zehazten diren hileroko zenbatekoekin, lansari osagarri bat ezartzen da lanaren kalitate eta kopuruagatik. Osagarri horri produktibitate plusa deritzo eta urteko hamabi hilabeteetan eta aparteko bi pagatan ordainduko da. Langile bakoitzaren maila zehazteko, faktore hauek ebaluatuko dira:

_Produktibitatea.

_Balioaniztasuna.

_Kalitatea eta akabera maila lanean.

_Prestasuna.

_Absentismoa

Betiere, produktibitatea giltzarria izanen da maila bati edo besteri atxikitzeko.

23. bis artikulua. Laneratze plusa.

Hitzarmen honetako soldaten tauletako eranskinean zehazten diren kategorietarako, 2006rako kasuan-kasuan zehazten diren hileroko zenbatekoekin, lansari osagarri bat ezartzen da lanaren kalitateagatik eta kopuruagatik. Osagarri horri laneratzearen plusa deritzo eta urteko hamabi hilabeteetan eta aparteko bi pagatan ordainduko da.

Era berean, beti arratsaldeko txandan diharduten langileentzat (14:00-22:00) 30 euroko soldata osagarria ezarri da kategoria guztietan.

Laneratze plusa eta beti arratsaldeko txandan lan egitearen plusa izeneko soldata osagarriak hilean hogeita hamar laneguneko oinarriaren gainean aplikatuko dira, hilabete bakoitzean lan egin gabeko egunak eta aparteko pagak deskontatuta. Laneratze plusa eta arratsaldeko txandan segido lan egitearen plusa izeneko soldata osagarriak enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileei aplikatuko zaizkie.

24. artikulua. Kilometrajea.

Langile batek bere autoa zentroaren edo Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren beharren bat betetzeko edo eginkizunen bat egiteko erabili behar baldin badu, 0,24 euro kobratuko ditu eginiko kilometro bakoitzeko.

Zenbateko hori Nafarroako Foru Administrazioko langileek kontzeptu beragatik hartzen dutenarekin berdinduko da urtero.

25. artikulua. Aparteko orduak.

Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak erabaki du aparteko orduak ezinbesteko kasuetan baino ez direla eginen. Eginez gero, gehienbat atsedenaldiekin ordainduko dira, honelaxe: lanegunetan, astelehenetik ostiralera, eginiko aparteko ordu bakoitza ordu bateko atsedenaldia eta larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan edo gauaz (22:00etatik 6:00ak arte) eginiko aparteko ordu bakoitzeko, ordu eta erdiko atsedenaldia.

Langile minusbaliatuak, edo haren legezko tutoreak, dirutan kobratzea aukeratzen badu, ordu arruntaren %200 kobratuko du egindako aparteko ordu bakoitzeko.

Beste langileentzako, aparteko orduaren prezioa honelaxe kalkulatuko da: urteko lansaria zati urtean eginiko lanorduak. Ordu arruntetatik kanpo eginez gero, dagokion koefizientea gaineratuko zaio.

26. artikulua. Aparteko eskersariak.

Langile guztientzako bi aparteko eskersari izanen dira, bata udan bestea eguberrietan. Haietariko bakoitzaren zenbatekoa, osorik kobratzeko eskubiderik izanez gero, hilabeteko oinarrizko soldata izanen da, ekoizpen-osagarria edo bestelako pizgarria gehiturik, horrelakorik baldin bada.

Aparteko paga horiek urtean urteko uztailaren 5ean eta abenduaren 22an ordainduko dira, egun horietan indarra duten zenbatekoen arabera.

Udako eta eguberrietako eskersarien sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da bi kasuetan, eta ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa, hasiera edo bukaera ezartzeko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko tartea hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenean.

Ohartarazi beharra dago, halaber, soldaten taulen eranskinean ageri diren zenbateko guztiak lanaldi osoari dagozkiola.

VII. TITULUA

Hobekuntza sozialak

27. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasuna eta haurdunaldiko arrisku egoera.

Gorabera bakoitzerako legez xedaturikoaren arabera langile bakoitzari dagokiozko prestazioak osatuko ditu Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak, zehaztapen hauei jarraikiz:

Lan istripuen ondorioz ("in itinere" istripuak barne) ondoriozko aldi baterako ezintasunetarako eta lanbide eritasunetarako, %100eko osagarria izanen da soldata kontzeptu guztietan.

_Eritasun arruntaren edo lanez kanpoko istripuaren ondoriozko urteko lehenbiziko bajan oinarrizko soldataren eta produktibitate plusaren %50ko osagarria emanen da lehenbiziko hiru egunetan Hurrengo bajetan, langileak legez ezarririk dagoena kobratuko du.

_Halaber, egoera horrek diraueino, %100era arteko osagarria emanen da, legez xedaturikoarekin bat haurdunaldian arriskuak dituzten langileei dagozkien prestazioetarako. Hobekuntza lehen egunetik aurrera ordainduko da eta, aldi baterako ezintasunak diraueino, ordainketa delegatuaren bidez.

27 bis art. Erretiro aurreratua

64 urte betetzen dituztenean, langileek erretiro aurreratua eskatzen ahal dute indarra duen legeriaren babesean (1194/85 Errege Dekretua, uztailaren 17koa) (1985 E., 1791 eta 1975-85, 12.753 idatz-zatia).

60 urte beteak dituzten langileek, erretiro partziala lortzeko indarra duen araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte, eskubidea dute erretiroa eskatzeko eta egoera horretan jartzeko, eta enpresak ez du aukera hori ukatzen ahal. Erretiro partziala hartu duen langileak osatzen ez duen lanaldia betetzeko eta erretiro osoa hartzeko falta zaion denborarako errelebo kontratua sinatu baldin bada, kontratu hori bukatzean edo erretiro erabatekoa gertatzen den urtea amaitzean, langile ordezlea enpresako langile finko bihurtuko da.

Aurreko lerroaldean aipatutako lanaldi partzialeko kontratuen kasuetan, enpresaburuek eta langileek ados jarririk, urtean zehar egin beharreko lanordu guztiak urte sasoi jakin batzuetan egitea itundu dezakete. Horrelakoetan, urteko ordainsari guztiak, edo urtetik beherako aldiari dagozkionak, itundutako urte sasoi horietan kobratuko lirateke.

VIII. TITULUA

Hutsegiteen eta zehapenen diziplina araubidea

28. artikulua. Zehapenak jartzeko gaitasuna.

Zentroko zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, lanean hutsegiteak egiteagatik, ondoko artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

29. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Langileek lanean edo lanaren ondorioz egiten dituzten diziplina hutsegiteak honelakoak izen daitezke: arinak, larriak eta oso larriak.

A) Hutsegite arinak:

A.1) Lankideenganako errespetu edo begiramendu falta.

A.2) Hilean behin lanera ez joatea, bidezko arrazoirik gabe. Langilea lanaldia hasi eta ordubete pasa iristen bada lanera, lanera ez joatea bezala joko da.

Honek ez du esan nahi egun horretako lansari osoa galduko duenik, lanetik kanpo emaniko denborari dagokiona baizik.

A.3) Lanera berandu iristea, bidezko arrazoirik izan gabe, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak ezarririko ordutegiaren arabera, gehienez ere hiru egunetan hilean.

Langilea berandu iritsi dela ulertuko da, lanaldia hasi eta ordubete pasa baino lehen iristen bada zentrora.

A.4) Gorputz-higienerik eza.

A.5) Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere.

B) Hutsegite larriak:

B.1) Hilabete berean lau aldiz berandu iristea lanera, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.2) Hilabetean bi egunetan lanera huts egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.3) Lantokitik ateratzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.4) Noizean behin mozkortzea edo bestelako drogak hartzea.

B.5) Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere, langileak lehenago ere arrazoi horrengatik zehapena jaso duenean.

B.6) Gorputz-higienerik eza, behin eta berriro, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

B.7) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez fitxatuz.

B.8) Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean.

B.9) Hiru hutsegite arin egitea, desberdinak izanagatik, hiruhileko berean, tartean hutsegite haien idatzizko zehapena izan denean.

C) Hutsegite oso larriak:

C.1) Lantokian diziplinarik edo obedientziarik eza, behin eta berriro, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C.2) Lanera behin eta berriz berandu iristea, bidezko arrazoirik izan gabe, hamar aldiz baino gehiago hilean edo hogei aldiz baino gehiago hiru hilabetean.

C.3) Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, bidezko arrazoirik eman gabe.

C.4) Bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja lortu edo luzatze aldera egindako edozer ere.

C.5) Lankideak hitzez larriki iraintzea.

C.6) Lankideei eraso egitea.

C.7) Sexu jazarpena.

C.8) Lantokian behin eta berriro mozkortzea edo bestelako drogak hartzea, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C.9) Agintekeria.

C.10) Leialtasunik eza eta, eskuarki, kontratuko fede ona urratzen duen beste edozein portaera.

C.11) Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresaren edo beste lankideen ondasunak lapurtzea edo/eta ebastea.

C.12) Sei hilabetean hutsegite larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan, baldin eta langileari, haien ondorioz, zehapenik jarri bazaio.

30. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:

A) Hutsegite arinak izanez gero:

_Hitzezko kargu-hartzea.

_Kargu-hartze idatzia.

_Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

Lanera arrazoirik izan gabe berandu iristeagatik egiten diren hutsegiteak gehiago zehaztuz, zehapen hauek ezarriko dira:

_Lehenbiziz eta bigarrengoz berandu iristea: hitzezko kargu-hartzea.

_Hilabete berean hirugarrenez berandu iristea: idatzizko kargu-hartzea.

Berandu iritsi aurreko hilabetean bitan edo gehiagotan berandu iritsiz gero, zehapen hauek ezarriko dira:

_Lehenbiziz eta bigarrengoz berandu iristea: egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.

_Hilabete berean hirugarrenez berandu iristea: bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

B) Hutsegite larriak izanez gero:

_Hiru egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

C) Hutsegite oso larriak izanez gero:

_21-60 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

31. artikulua. Zehapenetarako prozedura.

Zehapen ororen berri, hitzezko kargu-hartzea salbu, idatziz emanen zaio langileari. Jakinarazpen horretan zehatz-mehatz esanen zaio zein hutsegite egin duen eta noiz, hutsegitearen kalifikazioa eta zer zehapen jarriko zaion.

32. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribituko dira; larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, Fundación Bidean Laboral (Enplegurako Zentro Berezia) enpresak hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

33. artikulua. Legeria.

Enpresa hitzarmen honetan arautzen ez den orotan indarra duen legerian, Langileen Estatutuan, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan eta araudi osagarrian araututakoari jarraituko zaio.

34. artikulua. Lan arloko Auzitegia.

Edozein erreklamazio edo auzi aurkeztu baino lehen, ezinbesteko betebeharra da aurretik Nafarroako Lan Auzitegira jotzea, adiskidetzea edo bitartekotza lortzen saiatzeko. Halaber, enpresako langileei gomendatzen zaie arbitrajea onar dezatela. Horretarako auzitegi horretan eratutako arbitraje elkargora joko dute.

35. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmenaren batzorde paritarioa eratu da, langileen bi ordezkarik (enpresan duten sindikatuen eta delegatuen ordezkagaitasunaren proportzioan) eta enpresaburuen beste bik osatua.

Erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira ordezkaritza bakoitzean.

Batzorde Paritarioaren eginkizunak:

a) Sor daitezkeen zalantzak eta interpretazioak argitzea eta hitzarmenaren erabakiak bete daitezen begiratzea.

b) Eta alderdiek interesgarri iritzitako beste gai guztiak.

Batzorde paritarioa biltzeko, aski da hura osatzen duten bi alderdietako batek eskatzea.

A B C D E F G H I J

K O N T Z E P T U A KLGS B kat. C kat. D kat. E kat. Sekz. nag. Sekz. ard. Auto-gidaria Tailerreko nag. Tailerreko ard.

OINARRIZKO SOLDATA 540,90 540,90 540,90 540,90 540,90 540,90 540,90 540,90 540,90 540,90

LANERATZE PLUSA - 12,00 30,00 48,50 24,00 24,65 51,60 172,00 33,10 -

PRODUKTIBITATE PLUSA - - - - 34,00 80,00 85,50 54,00 259,00 359,10

ARRATSALDEZ LAN EGITEAREN PLUSA - - - - - - - - - -

BESTELAKOAK - - - - - - - - - 100,00

GUZTIRAKO GORDINA 540,90 552,90 570,90 589,40 598,90 645,55 678,00 766,90 833,00 1.000,00

Iragarkiaren kodea: F0618271