150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1707/2006 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2007. urtean Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategi medikoak eta kontsultategi osagarriak eraiki eta/edo berritzeko dirulaguntzetarako deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen du.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 34. artikuluan, 2.b) puntuan, ezartzen du herrietako kontsultategiak eraiki, birmoldatu edo/eta janzteko eskumena Udal edo Kontzejuena izanen dela, Foru Administrazioaren jarraibide eta planen barrenean. Aipatu Legearen 76. artikuluak ezartzen du eskumen hauen finantzazioa Nafarroako Gobernuak prestatzen duen aurrekontu proiektuan sartuko dela urtero. "Oinarrizko Osasun Laguntzaren Egituren Erregelamenduak", maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, herrietako kontsultategiek izan beharreko ezaugarriak eta eman dakiekeen kokapena ezartzen ditu (4. artikulua eta xedapen gehigarriak).

Aipatutako arautegiaz baliatuz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki, birmoldatu eta handitzeko dirulaguntzak eman ditu, ekitaldi bakoitzeko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, eta horretarako zenbait diru-kopuru ordaindu, zerbitzua hartzen duten biztanleen eta kontsultategiaren ezaugarri eta azaleraren arabera zehazten diren eredu batzuetan oinarriturik.

Beraz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategiak eta kontsultategi osagarriak eraiki eta/edo berritzeko 2007. urteari dagozkion dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Diruz lagundutako jardueraren izaera kontuan harturik, eta halaber, dirulaguntza emateari buruzko ebazpena eman eta lau hilabeteko epean hasi behar direla lanak, deialdia aurrekontu ekitaldia itxi aurretik egin behar da. Esanikoak berarekin dakar, batetik, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30. artikuluari jarraikiz, xede horrekin sortu nahi diren kredituak aipatu beharra, zehaztu gabe bada ere, eta bestetik, kreditua egotea dirulaguntza emateko baldintza gisa jarri beharra ere bai. Deialdi honetarako kalkulatzen den gastua bederatziehun mila eurokoa da. Hala ere, diru zenbateko hori 2007. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako behin betiko kredituan aldatzen ahalko da.

Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak eta Zerbitzu Orokorren Ataleko arkitekto teknikoak egin duten deialdiaren porposamena ikusirik; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariaren, Administrazio eta Antolaketa zuzendariaren eta Osasun Departamentuan Ogasunak duen Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasun txostena izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko herrietako kontsultategi medikoak eta kontsultategi osagarriak 2007. urtean eraiki eta/edo berritzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren arauak, ebazpen honen eranskinean azaltzen direnak, onestea.

3. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen finantzazioa "Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraikitzeko eta berritzeko transferentziak" izeneko 547000-52300-7609-312800 kontusailaren eta 2007. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoaren kargura eginen da, eta deialdi honen xede diren dirulaguntzak emanen dira baldin eta ekitaldi horretan kreditua badago. Deialdi honetarako kalkulatzen den gastua bederatziehun mila eurokoa da. Hala ere, diru zenbateko hori 2007. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako xede horretarako behin betiko kredituan aldatzen ahalko da.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Deialdi honen eta haren oinarrien eta egintzen kontra toki entitateek, espedientean interesatuak baitaude, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, xedapena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau igortzea Toki Araubidearen Foru Batzordeari, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Antolaketa zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruari, Zerbitzu Orokorren Atalari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate Zentroari eta Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 21ean._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1. Xedea.

Arau hauen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak herrietako kontsultategi medikoak eraiki edo egokitzeko ematen dituen dirulaguntzen araubidea ezartzea 2007. urterako. Diruz lagundu ahalko dira aurre-aurreko ekitaldiko dirulaguntzen deialdirako eskaerak aurkezteko epea amaitu zenetik 2007ko abenduaren 31ra bitarte hasi edo egiten diren eraiki edo egokitze lanak, bai eta aurreko ekitaldietan egindako obrak ere, kasuan kasuko deialdiko dirulaguntzekin eginak badira.

2. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek Nafarroako Toki Entitateek eskatu ahal izanen dituzte, oinarrizko osasun laguntzako egituren Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honen babesean emanen diren dirulaguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko Nafarroako 2007. urteko Aurrekontu Orokorrek "Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta zaharberritzeko transferentziak" izeneko kontusailerako emandako gehieneko kopurua. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak emateko kreditua izan beharko da ekitaldi horretan.

Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa eraiki edo birmoldatzeko lanen zenbatekoaren ehuneko ehuna izanen da, dirulaguntza jaso dezaketen gehieneko azalera erabilgarrien arabera, ondotik ematen den bezala. Azalera horiek osasun laguntza hartzen duten biztanleak kontuan hartuz ezarri dira, kontsultategi mota ezberdinetarako.

E R E D U A HERRIA ERAIKITAKO AZALERA

I 350 baino gutxiago 54 m² (45 m² erabilgarri)

II 350etik 1000ra bitarte 89 m² (74 m² erabilgarri)

IIa 350etik 1000ra bitarte 107 m² (89 m² erabilgarri)

III 1000tik 2000ra bitarte 137 m² (114 m² erabilgarri)

IIIa 1000tik 2000ra bitarte 169 m² (141 m² erabilgarri)

IV 2000tik 3000ra bitarte 263 m² (218 m² erabilgarri)

V 3000 baino gehiago 432 m² (360 m² erabilgarri)

Eraikitako azalaren metro koadroko gehieneko laguntza ezarri da: 1.320 euro obra berria baldin bada eta 750 euro moldaketa lanak baldin badira.

Dirulaguntzaren xedea izan daitekeen gehieneko zenbatekoa hura emateko unean zehaztuko da, aurkeztutako proiektuaren edo aurrekontuaren arabera.

Diruz lagundutako proiektuaren aldaketek dirulaguntza jaso ahal izanen dute aurretik espresuki ematen bazaie onespena, zortzigarren oinarrian adierazi bezala, une bakoitzean aurrekontuetan dagoen diruaren barrenean.

4. Eskabideen aurkezpena.

Toki entitateek parte hartzeko proposamenak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dituzte (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan. Horretarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eskabidea zuzenduko zaio, deialdi honen oinarriak onesten dituen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 40 egun naturaleko epean. Eskabideei honako dokumentazio hau erantsi beharko zaie (jatorrizkoa edo notarioak edo administrazioak konpultsatutako kopia):

1. Dokumentazio teknikoa. Agiri hauetariko edozein, proiektuaren kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza eta segurtasunaren koordinazioa barne, halakorik bada.

_Lokalak eraiki edo egokitzeko aurreproiektua, behar den bezala baloratua.

_Memoria tekniko baloratua.

_Enpresa eraikitzailearen aurrekontua.

2. Kontsultategi medikoa eraiki edo birmoldatu beharra arrazoitzen duen txostena.

3. Deklarazioa, deialdi honen xedea den kontsultategian osasun arlokoa ez den jarduerarik eginen ez dela azaltzen duena.

_Dirulaguntzaren eskabidea osoki beterik ez badago edo eskabidea baloratzeko alegatutako garrantzizko alderdiak aski egiaztaturik ez badaude, atzemandako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio toki entitateari. Horretarako hamar eguneko gehieneko epea emanen da jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, ohartaraziz zuzentzen ez bada eskabideari uko egin diola ulertuko dela eta hura artxibatu eginen dela.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi honen oinarriak onartzea.

Aurkeztutako datuak osorik egiazkoak ez izateak edo eskatzaileak horiek faltsutzeak zehapena jaso dezake, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa ezartzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

5. Balorazio batzordea.

Batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria izanen da batzordeburua eta Oinarrizko Laguntzako Barrutietako zuzendariordeak (Nafarroako Iparraldekoa, Nafarroako Ekialdekoa, Lizarrakoa eta Tuterakoa) eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorretako teknikari bat, berriz, batzordekideak.

Balorazio Batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.

Batzordeak eginen duen proposamena loteslea izanen da, hala xedatzen baitu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluak. Lege horrek xedea du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak orokorrean juridikoki arautzea.

6. Balorazio irizpideak:

Aurkeztutako eskabideak baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak kontsultategien arloan dituen lehentasunak, aurrekontuetan dagoen dirua eta eskabide kopurua.

b) Aurreproiektua, txosten tekniko baloratua eta/edo aurkeztutako aurrekontua eta kontsultategi medikoan osasun laguntzararako premia errealak batera egokitzen diren.

c) Kontsultategi medikoan osasun laguntza jasoko duten biztanleak.

d) Lokalen kokapena eta sarrera-irteeretarako erraztasuna.

e) Aurkeztutako aurrekontuaren eta egin beharreko obraren arteko egokitasuna. Ondorio hauetarako, baloratzeko irizpide gisa ezarri da honako hau: obra berriaren kasuan, eraikitako azaleraren metro karratu bakoitzeko 1.320 euroko gehieneko modulua, eta birmoldatutako metro karratu bakoitzeko 750 eurokoa.

7. Ebazpena.

Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio proposamen arrazoitua, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik bi hilabeteko epean ebatz dezan. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkezturiko eskabideak ez direla onartu.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ematea jakinarazirik, toki entitateak hamabost eguneko gehieneko epean jakinarazi beharko du aipatutako dirulaguntza ematea espreski onartzen duela.

8. Ordainketa eta justifikazioa.

Dagozkion fakturak, jatorrizkoak edo administrazioak konpultsatutako kopiak, aurkeztuta ordainduko da dirulaguntza, eta zenbatekoa izanen da faktura horietan agertzen den balio osoa, emandakoa gainditu gabe eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimendutako aldaketak, izan badira, gehituta.

Laguntza hauen xede diren eraikitze edo birmoldatze lanak deialdiaren 1. oinarrian aipaturiko epean hasi edo egin beharko dira, eta betiere laguntzak onartu eta bi hilabete igaro baino lehen hasi beharko dira.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorrak arduratuko dira dirulaguntzaren xede diren lanak aurkeztutako proiektu eta aurrekontuekin bat egin daitezen. Aldaketak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak baimendu beharko ditu, eskabideak baloratu behar dituen Batzordeak aldaketa horietarako adostasun txostena eman ondoren.

9. Onuradunen betebeharrak. Ordainketen itzulketa:

Deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradunek, toki entitateek, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xede diren eraikitze edo birmoldatze lanak egitea.

b) Lanen inguruan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorrek eginen dituzten egiaztatze-jarduketa oro onartzea.

c) Beste edozein administraziori xede berarekin eskatutako nahiz lortutako dirulaguntzen berri ematea organo emaileari.

Ondotik aipatzen diren kasuetan, eskuratutako diru-kopuruak osorik edo hein batean itzuli beharko dira eta dirulaguntza ordaintzen den unetik dagozkion atzerapen korrituak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen horretan, eta Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean ezarri bezala. Hona hemen kasu horiek:

a) Beharrezkoa den justifikazioa ezarritako eran eta epeetan ez egitea.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako baldintzak bete gabe, toki entitate onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

c) Kontsultategia osorik edo parte batean osasun laguntza publikoaz kanpoko jarduerak egiteko erabiltzea.

10. Finantzaketa aurrekontuetan.

Deialdi honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak Nafarroako 2007ko Aurrekontu Orokorretako "Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta berritzeko transferentziak" izeneko kontusailaren kargura finantzatuko dira, eta aipatutako kontusailaren zenbateko osoa izanen da gastuaren gehieneko muga.

11. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari atxikiko zaio. Lege horrek xedea du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak orokorrean juridikoki arautzea.

Zehapen prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarrien eta egintzen kontra toki entitateek, interesatuak baitira, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, xedapena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. Araubide juridikoa.

Deialdi honetan zehatz-mehatz ezartzen ez den orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da. Lege horrek xedea du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak orokorrean juridikoki arautzea.

Iragarkiaren kodea: F0619064