150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

333/2006 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Udarbe ibaian "Pozo de la Losa" izeneko bainurako eremua egokitu eta hobetzeko proiektua ezesten duena. Olloibarko Udalak sustatu zuen.

Eskabide hori 2006ko abuztuaren 2an aurkeztu zen departamentu honetan. Ingurumeneko eraginetarako baimena behar duen jarduera dela kontuan hartuz, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat tramitatu behar da.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak jakinarazi du, egin beharreko jarduerak aztertu ondoren, bidezko dela ibai ureko igerilekuaren eraikuntza ezestea, honako arrazoiengatik:

_Ibaiaren beraren dinamika aldatzen da, ibaiaren ur-emarien erregimena aldatuz, bereziki ibaiaren emari solidoen zirkulazioan, presaren oztopoa gainditu ezinik gelditzen baita.

_Ibaiaren fazies naturalak aldatu egiten dira, fazies lotiko guneak ur geldodun fazies lentiko gune bihurtzen direlarik. Horrek, era berean, berez defizitarioa den amuarrain ekoizpenerako azaleraren galera dakar, Goiko Amuarrain Eremuan sartzen den ibaiaren zatian. Korronte guneen galerak ur bizietako ziprinidoen (loina eta Graells-eko barboa) dinamikari ere eragiten dio, beren ugalketan horrelako guneak erabiltzen baitituzte errutoki gisa. Ugalketa hori udaberriaren bukaeran eta udaren hasieran izaten da.

_Uraren kalitatea aldatu egiten da presa egindako tartean, solido esekien kontzentrazioa (MES) handitzen baita eta uraren zikina ere bai. Gainera, uraren tenperatura ere igo egiten da, ura baretua delako eta insolazioa areagotzen delako. Uraren oxigenazioa ere murriz daiteke, ura astindu eta oxigenatzen den tarteak urtegietako moduko tarte bihurtzen dituelako eta sedimentazioaren ondorioz, hondoan gelditzen den materia organikoa areagotzen delako.

_Jalkiera prozesua areagotu egiten da ura gelditzen delako eta korrontearen abiadura gutxitzen delako eta, ondorioz, tarte horretan ibai-ohean jalkinak hustu eta metatzen dira.

_Uharka kentzean, metaturiko jalkinak korronteak eramaten ditu, ibaian behera diren errutokiak jalkinez bete eta hondatzen direla.

_Jarritako uharka oztopo gaindiezina da arrainen eta uretako beste espezie batzuen desplazamendu trofikoetarako eta migrazio mugimenduetarako. Igerilekua instalatzeko hilabeteetan bereziki ziprinidoen espezieko migrazio dinamikari eragiten dio.

_Aisialdirako guneari eta aparkalekuaren guneari dagokienez, kokatu nahi den lekuak ingurumen balio handia du, naturaltasun maila handia baitu. Gune horretan ibaia sakana estuan sartzen da eta ertzeetan ia ez dago azalera laurik, ertz osoa arizti sarri batek betetzen duela. Eraikuntza-lanak egiteko, hainbat astigar moztu beharko lirateke eta, seguruenik, aritzak ere bai eta, horrez gain, zuhaixka-sastraka guztiak kendu beharko lirateke. Hori guztia jende gutxi hartzeko moduko aparkalekua eta jateko toki txiki bat egiteko.

Espedientea azterturik, xedapen horretan aipatzen diren izapideak beterik eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ezestea Udarbe ibaian "Pozo de la Losa" izeneko bainurako eremua egokitu eta hobetzeko proiektua. Olloibarko Udalak sustatua da.

2. Ebazpen honen kontra, zeinak ez baitu administrazio bidea agortzen, Administrazio Publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, mendi zaindariari eta Olloibarko Udalari behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 9an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0617912