150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak azaroaren 20an emandako 2833/2006 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari izateko 12 lanpostu oposizio bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak azaroaren 20an emandako 2833/2006 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari izateko 12 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

1._Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honek gidari izateko 12 lanpostu oposizio bidez betetzea du xede. Lanpostuok funtzionarioen araubidekoak dira, D mailakoak, Cordovillan aritzekoak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikiak; 645, 656, 657, 667, 668, 669, 676, 683, 684, 693, 699 eta 6449 zenbakiak plantilla organikoan.

1.2. Deialdiko lanpostu hutsak txanda hauetan banatuko dira:

_5 lanpostu txanda irekian.

_5 lanpostu igoera txandan.

_2 lanpostu txanda murriztuan, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Ezgaitasuna dutenentzako txandako lanpostuak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Orobat, igoera txandan edota ezgaitasuna dutenentzako txandan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2 arauan agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean deialdiko 2.1.2 arauko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Lanpostuek D mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta, kasuan kasu, aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honetako 3., 10., 11. eta 12. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Eskola Graduatuko titulua, DBHko Graduatua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo titulu horietako baten baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) Gutxienez, ibilgailuak gidatzeko B, C, D eta E motetako baimenak izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioaren zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea eta Eskola Graduatuko titulua, DBHko Graduatua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo titulu horietako baten baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea; edo Administrazio Publikoetan 8 urteko antzinatasun onartua izatea.

d) Gutxienez, ibilgailuak gidatzeko B, C, D eta E motetako baimenak izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.1.3. Ezgaitasunak dituzten pertsonendako txandako izangaiek bete beharreko berariazko baldintza.

Ezgaitasuna duten pertsonentzako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna.

2.2. Deialdiko 3.4 arauko bigarren puntuan aipatzen den salbuespena salbuespen, izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiko 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2006ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 31n) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, kartazal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten hautagaiekin zerrenda batzuk osatuko dira, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko. Horretarako, interesatuek deialdiko eskabidean berean adierazi beharko dute kontratazio zerrendetatik zeinetan nahi duten sartu.

Xede horrekin, parte hartzaileek eskabidean agertzen diren kudeaketa esparruetako bakarra hautatu beharko dute, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerrendetan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako departamentu (Administrazio erroa) eta erakunde autonomokoetan sartzeko. Kudeaketa esparru bat baino gehiago hautatuz gero, edo parte hartzeko eskabidean atal hori betetzen ez bada, Administrazio erroko zerrendetan besterik ez dutela parte hartu nahi ulertuko da.

3.4. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat._Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

_Behar bezala betetako ordainketa gutuna erabiliz; Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako finantza entitateetan dituen kontuetan sartuko da dirua. Arestian aipatutako webgunean, deialdiaren iragarkian, ordainketa gutuna eredua ageri da.

_Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, Banestoko (Banco Español de Crédito) 00308124 87 0870002271 kontuan; horrelakoetan ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NAN/IFZ

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako dirusarrerarik ez duela interesatuaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Internet bidez, arestian emandako helbidean.

Bi._Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak, lehengoaz gainera, deialdi honetako 2.1.2 arauan jasotzen diren eskakizunak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.

Hiru._Deialdiko igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko langile finkoak badira baina zortzi urteko antzinatasuna frogatzerik ez badute, deialdi honetako 2.1.2 arauaren c) letran adierazten den tituluaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

Lau._%33ko edo hortik goitiko ezintasuna dutenentzako deialdian erreserba txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek organo eskudun batek ezintasuna frogatzeko emandako agiriaren kopia konpultsatua erantsi beharko diote eskabideari.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesatuak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Amaya Mateos Goñi andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Plangintza, Segurtasunaren Koordinazio eta Trafiko Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: Joaquín María Gainza Ordoqui jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun, Plangintza eta Ikerketa Ataleko burua.

_Mahaikidea: Angel Iturralde García jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Plangintza, Segurtasunaren Koordinazio eta Trafiko Zerbitzuko Trafiko eta Bide Segurtasun Ataleko burua.

_Ordezkoa: Alejandra de la Fuente Lebantini andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Plangintza, Segurtasunaren Koordinazio eta Trafiko Zerbitzuko enpresa zientzietako diplomaduna.

_Mahaikidea: José Ignacio Sola Jiménez jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: José Miguel Gorricho Ochoa jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Antolamendu eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria.

_Mahaikidea: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Ordezkoa: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Mahaikide idazkaria: Juan Carlos Lázaro López jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Sistemen Kudeaketa, Kalitate eta Logistika Ataleko burua.

_Ordezkoa: Fátima Carmen Sesma Vallés andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Teknikoen eta Ibilgailu Parkearen Kudeaketa Bulegoko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko ekainean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehena._Teorikoa, deialdiko II. eranskineko gai zerrendako bigarren zatiko gaiei buruz test motako 50 galdera idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Hutsak zehatuko dira.

Bigarrena._Orientazioari eta ibilbideei buruzko kasu praktiko bat idatziz erantzutea. Ariketa hau plika sistemaren bidez eginen da.

Hirugarrena._Izangaiek test psikotekniko bat eta, bidezkoa bada, buruz buruko edota taldekako elkarrizketa egin beharko dute, lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko.

Laugarrena._Proba praktikoa, ibilgailuak gidatzeko eta deialdiko xede den lanpostuari buruzko ezagupen praktikoei buruzkoa.

Bosgarrena._Teorikoa, gai zerrendako lehen zatiko gaiei buruz test motako 30 galdera idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia.

Epaimahaiak hasi aurretik ezarriko du ariketa bakoitza egiteko zenbat denbora dagoen.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 110 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: gehienez 25 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez 20 puntu.

Hirugarren ariketa: gehienez 20 puntu.

Laugarren ariketa: gehienez 30 puntu.

Bosgarren ariketa: gehienez 15 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Lehenbiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren ariketetan bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdira iristen ez diren izangaiak. Era berean, bazterturik geldituko dira bosgarren ariketan gutxienez 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

6.5. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin den lekuan eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketa izanez gero, lehen ariketan puntuazio altuagoa erdiesten duenaren alde jokatuko da. Hori eginda, berdinketak oraindik badirau, bigarren, hirugarren eta laugarren ariketetan lorturiko puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horrexetan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna aitortzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua izatea, baldin eta ezgaitasuna dutenentzako txanda murriztuan parte hartu nahi bada.

g) Ibilgailuak gidatzeko B, C, D eta E motetako baimenen fotokopia konpultsatua.

h) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finko, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Ibilgailuak gidatzeko B, C, D eta E motetako baimenen fotokopia konpultsatua.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko arauan xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautaprobak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, 8.3 ataleko bigarren lerroaldean aipatutako kasuan izan ezik, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Ezgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, gidari lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Izendatzen diren izangaiek destinoko herrian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko dute bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

9.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangairen batek ez baldin badu lanpostua bere egiten, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

_Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, parte hartzeko eskabidean aukeratutako esparruaren arabera.

10.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 11. arauan ezarritako prozedurari jarraikiz. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan xedatutako arauen arabera kudeatuko du.

Halaber, zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei igorriko die, esparru horretako arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdiko hamaikagarren arauan ezarritako prozedurarekin bat, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du, deialdiko azken-aurreko ariketa gainditu eta Administrazio Erroko zerrenda hautatu duten izangaiekin.

Era berean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei igorriko die hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez eta erakunde autonomo horretako esparruko kontratazio-zerrendak aukeratu dituztenen zerrenda, aldi baterako kontratazioetarako, deialdi honetako 12. arauan ezarritako prozedurari jarraikiz.

11._Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautaprobak gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azken-aurreko ariketa gainditu eta Administrazio Erroko kontratazio zerrenda aukeratu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

_Ibilgailuak gidatzeko B, C, D eta E motetako baimenen fotokopia konpultsatua.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azken-aurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen artean ez daudenen eta Administrazio Erroko kontratazio zerrendak hautatu dituztenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak probak gainditu bai baino lanposturik lortu ez dutenen zerrendak eta hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez eta esparru horretako kontratazio-zerrendak aukeratu dituztenenak igorri ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunek beren kudeaketa esparruko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak onetsiko dituzte, 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan erakunde autonomo horretako osasun zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeko ezarritakoarekin bat. Akordio hori 2001eko 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Horretarako, Nafarroako Osasun Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea emanen die interesatuei, zentroa hautatu, iraunaldi laburreko zerrendetan egon nahi dutela adierazi eta aipatu erakunde autonomoak zehazten dituen gainerako inguruabarrak betetzeko.

Arau horren arabera osatzen diren zerrendak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kudeatuko ditu, langileak hautatzeko 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan ezarritakoari jarraikiz.

13._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere arauen kontra eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2006ko azaroaren 20an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena ......................, adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala (edo balio bereko beste agiriren bat) ................., Sorteguna ..................., Sorterria ......................, (.......). Nazionalitatea ......................., Helbidea .................., (kalea, zenbakia), .............., herria, ............. probintzia, ....... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko .............. izateko ...............lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onartua izatea eskatzen dudala, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

f Txanda irekia:

f Igoera txanda*

f Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautaprobak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, honako esparruotako batean:

f Administrazio erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua*

f Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua*

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke)

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan eta ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

Ezgaitasuna dudala eta, beraz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*

Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*

Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen dudala.*

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, 200....ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

(*) Bidezkoa bada.

Oharra._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Orgainkoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremena kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalen tratamendua eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haren aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

LEHEN ZATIA

Gai zerrenda orokorra

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa: atariko titulua. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Botere legegilea eta botere exekutiboa: Gorte Nagusiak, Gobernua eta Administrazioa; elkarren arteko harremanak. Estatuaren lurralde-antolaketaren abiaburu orokorrak.

2. gaia._Nafarroako Foru Komunitatea. Nafarroa Konstituzioan. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa. Bere izaera eta erreforma. Atariko titulua. Foru erakundeak: Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

3. gaia._Legea: kontzeptua eta motak. Erregelamendua: kontzeptua eta motak. Legearen eta Erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamenduak emateko ahalmena eta horren mugak. Erregelamenduen kontrola.

4. gaia._Administrazio egintza: kontzeptua, motak eta osagaiak. Administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

5. gaia._Administrazio egintzen berrikuspena. Administrazio errekurtsoak eta errekurtso judizialak: printzipio orokorrak eta motak. Ofiziozko berrikuspena.

6. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak: langile motak. Funtzionario publikoen lege araubidea: funtzionario bihurtzea, haren egoera etetea eta izatetik gelditzea. Karrera administratiboa. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

BIGARREN ZATIA

Gai zerrenda espezifikoa

1. gaia._Nafarroako natur inguruneen ezaugarriak: kokapena, hedadura eta mugak. Erliebea. Klima. Landaredia. Hidrografia. Naturgune babestuak.

2. gaia._Nafarroako biztanleria eta hiriguneak: biztanleriaren kokapena eta haren eboluzioa. Mugimendu naturalak eta migraziozkoak. Biztanleriaren jatorria, adina eta sexua. Hiri sarea. Iruñerria.

3. gaia._Nafarroako eskualdeen analisia: Mendialdea. Erdialdea. Erribera.

4. gaia._Nafarroako errepide sarea: autobideak, autobiak eta errepide arruntak. Estatuko Errepide Sarearen oinarrizko ezagupena.

5. gaia._Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea. Zirkulazioaren erregelamendu orokorra.

6. gaia._Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorra. Gidariei buruzko Erregelamendu Orokorra.

7. gaia._Automobila: bilakaera, motak eta ezaugarriak. Automobil motak, eman behar zaien erabileraren arabera. Turismoak. Automobil motak karrozeriaren eraketaren arabera. Automobil baten ezaugarri nagusiak: neurriari dagozkionak, teknikoak, aukerak, automobilaren fitxa teknikoa.

8. gaia._Motorrak. Motorren osagai nagusiak, diesel eta gasolina motorren funtzionamendu printzipioa, zilindro-kopurua, konpresio indizea, potentzia eta motor-parea.

9. gaia._Motorren hoztea eta labainketa. Hoztearen eta labainketaren helburua. Hozte motak. Motorretan erabiltzen diren hozte sistemen osagaiak. Hozteko likidoa. Berogailua. Olioztatzeko zirkuituak, zirkuituen osagaiak. Olioak.

10. gaia._Elikatzeko eta iheserako oinarrizko sistemak. Elikatze sistemen osagarri ohikoenak. Elikatzea eztanda-motorretan. Injekzio bidezko elikatze-sistemak. Elikatzea diesel motorretan. Diesel injekziozko sistemen oinarrizko osagaiak. Sistemen funtzionamendua. Ihes sistemak, ihes gasak eta katalizatzaileak.

11. gaia._Transmisioa: enbrageak, abiadura aldagailuak, diferentzialak eta transmisio ardatzak. Transmisioaren osagarriak. Funtzionamendua: enbragearena, eskuzko abiadura aldagailuarena, ohiko diferentzialarena eta transmisio ardatzena.

12. gaia._Suspentsioa. Suspentsio sistema hedatuenak. Suspentsio hidropneumatikoa. Suspentsio sistemaren osagaiak.

13. gaia_Direkzioa. Gidagailu sistemaren osagaiak eta haien funtzionamendua. Lagunduriko gidagailua, osagaiak eta haien funtzionamendua. Gidagailua lerrokatzea.

14. gaia._Balaztak. Balaztatzeko sistema hidraulikoaren osagaiak. Balazta likidoa. Diskozko balaztak. Danborrezko balaztak. Serbofrenoa. ABS balaztak.

15. gaia._Gurpilak eta pneumatikoak. Gurpilaren osagaiak. Estalki motak. Pneumatikoaren identifikazioa. Tubeless estalkiak. Puzteko presioa. Aquaplaning. Gurpil uztaiaren neurriari buruzko terminologia.

16. gaia._Ibilgailuaren oinarrizko sistema elektrikoak. Bateria. Zama zirkuitua. Abiarazteko zirkuitua. Pizteko zirkuitua. Argiteria zirkuitua. Maniobra zirkuitua. Osagarriak.

Oharra._Gai guztiak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: F0619154