150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

4718/2006 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordeak emana, zaintzaile izateko (D maila) izangaien zerrenda bat hauta-proben bidez osatzeko, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan sortzen diren beharren arabera aldi baterako kontratatzeko.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordeak, azaroaren 8an emandako 4718/2006 Ebazpenaren bidez, ondoko onarri hauen araberako deialdia onetsi du.

OINARRIAK

1. Deialdia egiten da zaintzaile lanpostuetan (D maila) aritzeko izangaien zerrenda bat hauta-proben bidez osatzeko, gero Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan sortzen diren beharren arabera aldi baterako kontratatzeko, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 42.2.c) artikuluan eta Nafarroako Foru Komuniteko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lan baldintzei buruzko akordioetan ezarritakoari jarraikiz.

Aldi baterako kontratatu beharreko izangaien zerrenda hau erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osatzen dena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aurretik, zaintzaile lanpostuetan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hauta-probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den pertsonarik ba ote dagoen; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

Eskaintzari uko egiten diotelako edo gisa horretako langilerik ez dagoelako, aukera horiek agorturik, zerrenda honetan dauden pertsonei dei eginen zaie, erdietsitako puntuazioaren arabera.

2. Hautatzen diren izangaiak administrazio edo lan araubidean kontratatzen ahalko dira aldi baterako. Kontratua egiten denean honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horrek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen), urtarrilaren 7ko 1/2002 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituena, Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen lan hitzarmen kolektibo indarduna eta aplikagarriak diren gainerako arauzko xedapenak. Lanpostu horri dagozkion lansariak jasoko dituzte, ez, ordea, plantillako funtzionarioei baizik ez dagozkienak, hala nola antzinatasuna, gradua eta familia-laguntza.

Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

3. Izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera Europar Batasuna osatu zuen Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea izatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beheitikoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eskola Agiria edo horren baliokidea izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratua sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hauta-probek dirauteino eta kontratatu arte ere beharko dira bete.

4. Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Erregistroan (Iruñeko González Tablas kalean, z.g.), edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2an) aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideen bidez.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, kartazal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak 1. eranskineko ereduari lotuko zaizkio. Eredua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren bulego nagusian eskuratzen ahalko da (González Tablas kalea, zk.g., Iruña) edo interneteko www.navarra.es helbidean, dela deialdia argitaratu zen aldizkari ofizialetik abiatuta, dela Zerbitzuen Katalogoan, Lan Publikoaren atalean, deialdiaren aipamenetik abiatuta. Eskaera orrian, izangaiek adierazi beharko dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

Eskabidean, halaber, izangaiek idatziz azaldu beharko dute sortzen diren lanpostu guztietara jo nahi duten, bai lanaldi osokoak, bai lanaldi partzialekoak, edo lanaldi partzialeko lanpostuetara baino ez. Deus aipatzen ez badute, sortzen diren lanpostu guztietara jotzen dutela ulertuko da.

4.2. %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna aitorturik duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

5. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak jendaurrean paratuko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (Gonzalez Tablas kalea, zk.g.).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak jendaurrean paratuko du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos, III.aren etorbidea, 2, ataria, Iruña) eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (Gonzalez Tablas kalea, zk.g.).

Bertan hauta-probak egiteko tokia eta eguna adieraziko dira. Probak 2007ko urtarriletik aurrera izanen dira.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Kontrataziorako dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertzerakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesatuei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

7. Hauta-probak zuzenduko dituen epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Antonio Marañón Oricain jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordea.

Ordezkoa: Miguel Garatea Crelgo jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Kudeaketa zuzendariordea.

Mahaikidea: Tomás Larumbe Huerta jauna, Bigarren Hezkuntzako irakaslea, Hezkuntza Departamentuari atxikia.

Ordezkoa: Carlos Ollo Oscáriz jauna, Bigarren Hezkuntzako irakaslea, Hezkuntza Departamentuari atxikia.

Mahaikidea: José Manuel Nava Zugarrondo jauna, psikologoa, Familia Zuzendaritza Nagusiari atxikia.

Ordezkoa: Oscar Pina González jauna, psikologoa, Familia Zuzendaritza Nagusiari atxikia.

Mahaikidea: Laura Jiménez Díaz andrea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Juanjo Ayesa López jauna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Jesús Angel Sánchez Videgáin jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileria Ataleko burua.

Ordezkoa: Carlos Sarasibar Marco jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari atxikitako Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Epaimahaia hauta-probak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekartzen ahalko ditu probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen bada, epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak edo beste inguruabar bat gertatzeagatik epaimahaia aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8. Hautapen prozesuaren nondik-norakoak eta balorazioa.

8.1. Hautapena egiteko, idatzizko ariketa bat hartuko da aintzat, deialdiaren 2. eranskineko gaiei buruzkoa. Galderak test modukoak izanen dira.

Probaren iraupena epaimahaiak finkatuko du eta izangaiei proba hasi baino lehentxeago jakinaraziko die.

8.2. Proba honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertuko dira.

8.4. Hauta-probak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9. Ariketa gainditzen dutenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutukoan eta ariketa egin den tokian proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordeari zerrenda helaraziko dio, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Hautatzen diren izangaiei Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian ezarritakoa (Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

9.4. Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordeari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka eta deialdiaren ondoriozko egintzen aurka (epaimahaiak hartutakoen aurka izan ezik) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57.4. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2006ko azaroaren 8an._Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren zuzendariordea, José Antonio Marañón Oricain.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

...................................... jauna/andrea, adinez nagusia, ...... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo horren baliokidearen) jabe, ......................... (e)n (......................), 19.....(e)ko .............. aren ....... (e)an jaioa, nazionalitate.............................., egungo helbidea ....................(e)ko (...................) ................. kalean duena, posta kodea ............ etxeko telefonoa.................., harremanetarako telefonoa ..................,

Honako hau azaltzen dut:

Hauta-proben bidez zaintzaile lanpostuetan aritzeko (D maila) izangaien zerrenda bat osatzeko deialdian parte hartzeko onar nazazuela eskatzen dudala, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan sortzen diren beharren arabera aldi baterako kontratatzeko (deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........an).

Kontratazio hauetarako hautagai izan nahi duela:

f Lanaldi partzialean

f Lanaldi partzialean eta lanaldi osoan

(X batez markatu dagokion laukitxoa)

Adierazi dituzten laukien arabera deituko zaie izangaiei kontratuetarako.

Eskabide honetan hautatzen den aukera, hasiera batean, zerrendak indarra duen aldi osorako izanen da. Izangairen batek egindako hautapena aldatu nahi badu, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileria Atalera joan beharko du eta han beste eskabide bat egin.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

f Ezintasunik badudala, eta adierazitako arrazoiengatik atxikirik doan egokitzapena eskatzen dudala (beste orri batean zehaztu beharko dira ezintasunaren arrazoiak eta eskatzen diren egokitzapenak).

(X bat idatzi, behar den laukitxoan)

Horiek horrela,

Aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut, hauta-probetan parte hartu ahal izateko.

Iruñean, 200...(e)ko .........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia._Egoitzetan edo eguneko zentroetan dauden gaixo larriendako teknika eta zainketa aringarri ohikoenak.

2. gaia._Eguneroko bizitzan nork bere autonomia izateko gaitasunak lantzeko programak.

3. gaia._Istripuen prebentzioa eta lehen laguntzak. Larrialdietan nola jokatu.

4. gaia._Zaintzailearen eginkizunak ahalmen urrikoentzako erakundeetan: egoitzetan, eguneko zentroetan, babespeko etxebizitzetan.

5. gaia._Zaintzailearen eginkizunak aisialdiko jardueretan eta irtenaldietan.

6. gaia._Zaintzailearen jokabidea larrialdietan: krisi epileptikoak, kontrako eztarrira sartzeak, erredurak, traumatismoak.

7. gaia._Laguntza zerbitzuen erabiltzaileen gorputz jarrerak: gorputzaren jarrera, jarrera aldatzea, erabiltzailea mugitzea eta garraiatzea, altzari egokituak (oheak, aulkiak, atrilak, etab.).

8. gaia._Higiene arloko beharrak: ahoa, ilea, begiak, azkazalak, larruazala eta genitalak zaintzea, etzaneko ultzerak, etab.

9. gaia._Oinarrizko zainketak. Lanaren bidezko terapia programetan zaintzaileari dagozkion eginkizunak.

10. gaia._Adimen urritu larrien edo sakonen zahartze prozesuan zaintzaileari dagozkion eginkizunak.

Iragarkiaren kodea: F0618268