150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

355/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ardogintzarako mahats barietateen sailkapena ezartzen duena.

Mahastigintza eta ardogintzaren merkatuaren antolamendu komuna ezartzen duen Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1493/99 (EK) Erregelamenduak bere 19. artikuluaren 1. atalean xedatzen du estatu kideek sailkatuko dituztela ardogintzarako mahatsondo barietateak.

Mahastietako produkzio gaitasuna arautu zuen abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuaren bidez, Europar Batasuneko arautegi hori gauzatu zen eta haren 28. artikuluan mahatsondo barietateak sailkatzeko kategoriak ezarri zituen. Errege Dekretu beraren 31. artikuluak xedatzen duenez, autonomia erkidegoek, bakoitzak bere lurraldean, mahatsa produzitzeko edo ugalketa begetatiborako diren "vitis" espezieko mahatsondo barietateen sailkapena eginen dute. Halaber, 32. artikuluak sailkapena egiteko modalitateak zehazten ditu.

Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubideari esker, eskumen osoaren titularra da nekazaritza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak onartzen duenez.

Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuaren 28., 29., 31. eta 32. artikuluekin bat, bidezkoa da Nafarroan ardo produkziorako erabiltzen diren "vitis" generoko mahatsondo barietateak sailkatzea, 1472/2000 Errege Dekretuaren V. eranskina eta azken urteotan ardogintzan Nafarroak izan duen esperientzia kontuan hartuz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Ardogintzarako mahats barietateen sailkapena.

Nafarroako Foru Komunitatean sailkatu diren ardogintzarako mahatsen barietateak honako hauek dira:

A) Barietate gomendatuak:

_Cabernet Sauvignon, B.

_Garnatxa Beltza, B.

_Chardonnay, Z.

_Graciano, B.

_Merlot, B.

_Ale Xeheko Moskatela, Z.

_Tempranillo, B.

B) Baimena duten barietateak:

_Garnatxa Zuria, Z.

_Sauvignon Blanc, Z.

_Viura, Z.

_Malvasía, Z.

_Syrah, B.

_Mazuela, B.

_Xarello, Z.

_Parellada, Z.

_Pinot Noir, B.

_Monastrell, B.

_Bobal, T.

_Riesling, Z.

_Gewurztraminer, Z.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Arauak indargabetzea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak martxoaren 21ean emandako 56/2005 Foru Agindua, Ardogintzarako mahats barietateen sailkapena ezartzen duena, indargabetu da.

Azken xedapenetako lehenbizikoa._Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea.

Foru agindu hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraziko zaio, Mahastietako produkzio gaitasuna arautzen duen abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuaren 33.1 artikuluak agindutakoari jarraikiz.

Azken xedapenetako bigarrena._Aplikazio osagarria.

Foru agindu honetan xedatutakoak ez ditu deusetan ukitzen "Nafarroa" jatorrizko deiturak eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuak euren ardoak egiteko onartzen dituzten mahats barietateen gainean dauzkaten arau murriztaileagoak.

Azken xedapenetako hirugarrena._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 20an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0618958