150. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

432/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 21ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, larreak hobetu eta oihan lanak egiteko suaren erabilerarako baimenak emateari buruzko araubide berezia ezartzen duena.

Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak debekatzen du sua erabiltzea larreak hobetzeko.

Dena dela, 13/1990 Foru Lege hori garatzen duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 61. artikuluak aukera ematen du oihan arloko administrazioak, salbuespen gisa, sua erabiltzeko baimenak emateko, basoa hobetzeko lanak egin aurreko tratamendu gisa, suaren ordez beste baliabide batzuk erabili ezin diren kasuetan. Horrez gainera, espedientea tramitatzeko prozedura finkatzen da.

Orain, batetik, 59/1992 Foru Dekretu hartan ezarritakoa osatu behar da eta, bestetik, larreak hobetu eta oihan lanak egiteko suaren erabilerarako baimenak emateko araubidea ezarri.

Kasu horietan, erreketa Oihan Administrazioko langileen zuzendaritzapean egin behar da, eta kasu batzuetan, Nafarroako Gobernuko Su-itzaltze Zerbitzuko langileak han direla eta haien lankidetzarekin bat.

Sua larreak hobetzeko erabiltzea arrunt da errotua Nafarroako biztanleriaren sektore batzuetan, aukeran jarri zaizkien ordezko teknikak ez baitituzte barneratu. Azken horiek errotu artean, bidezkoa da larreak hobetzearren sua erabili aurretiko baimenak emateko araubidea ezartzea, ezbairik gabe, oihaneko suteak sortzeko arriskua gutxiagotzeko baliagarri izanen baita.

Bestalde, hainbat oihan lanek beharrezkoa dute aldez aurretik sua erabiltzea, ezinezkoa baita era arrazoituan suaren ordez beste baliabiderik erabiltzea.

Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren azken xedapenetan bigarrenak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak larreak hobetu eta oihan lanak egiteko suaren erabilerarako baimenak emateko araubide berezia honako prozedura honi lotuko zaio:

a) Eskabidea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztuko da eta han egiaztatuko da suaren ordez beste baliabiderik erabiltzea ezinezkoa dela; horrekin batera, larreak hobetzeko izanez gero, erre beharreko gunearen abeltzaintza karga zein den ere adieraziko da. Eskaera egiteko inprimakia Oihanak Kudeatzeko Atalean (Armada etorbideko 2an), edo eskualdeko bulegoetan eskuratzen ahalko da. Eskabideari katastro planoaren fotokopia erantsi beharko zaio, erre nahi den finka ongi zehaztuta gera dadin. Eskatzailea nahitaez pertsona fisikoa izanen da eta izena, deiturak, helbidea eta NAN zenbakia argi eta garbi agertuko dira eskabidean.

b) Eskaerak aurkezteko epea 2007ko martxoaren 16an bukatuko da.

c) Baimena ematen bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak horren berri emanen die interesatuari, behar den udalari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko landa langileei, Foruzaingoari eta Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari; erreketak nahi gabeko ondorio kaltegarririk sor ez dezan beharrezkoak diren jarraibideak agertuko dira.

2. artikulua. Baimenduriko erreketak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 2007ko apirilaren 15era bitarte egin beharko dira.

3. artikulua. Ez da larreak erretzeko baimenik emanen, azken aldiz erre zirenetik gutxienez bost urte iragan ez badira. Halaber, ez da baimenik emanen erretzea ez den beste metodorik erabil daitekeenean larreak hobetzearren.

4. artikulua. Erreketa baimenduetan neurri hauek hartuko dira:

a) Erreketak eginen diren egunean erretzeko gunetik hubilenik dagoen Suhiltzaileen Parkeari horren berri eman beharko zaio, egun horretan erretzeko baimenik ote dagoen egiaztatzeko. Halaber, finkaren kokapena jakinarazi beharko zaio.

b) Baimenaren xede den landaredia baizik ez da erre ahal izanen, eta guztiz debekatuta dago erre beharreko guneetan edo horien mugetan dauden zapaldak, errekak, ezpondak, erretenak, zuhaitz bakartuak edo zuhaizti txikiak erretzea.

c) Erreketa ez da goizeko 9:00ak baino lehenago hasiko eta arratsaldeko 17:00etako bukatua izan beharko du.

d) Haizea zuhaitzen goiko aldea astintzen hasten bada, ez da deus ere erreko eta erretzen hasi eta gero altxatzen bada haizea, bertan behera geldituko da erreketa eta sua itzaliko da. Kantauri aldeko isurialdean ez da erreketarik eginen haizerik indartsuena haizegoa bada, edozein izanik ere haren abiadura, eta, horretaz gain, bero handia egiten badu eta aurreko bi egunetan edo gehiagotan euririk egin ez badu.

e) Errepideetatik hurbil ez da surik piztuko; suak errepide bazterra hartu badu, itzaliko da, haizeak kea errepide aldera igortzeagatik bide segurtasuna arriskuan jartzen denean.

f) Su eman aitzin, erretzeko gunetik erreketa bukatu ondoan ezkutuko berogunea manten dezaketen landare erregai edo antzeko izaerako gai guztiak kenduko dira.

g) Erreketa bitartean gutxienez bost pertsonak egon beharko dute han; erreketaren arduradunak hautatuko ditu pertsona horiek eta sua kontrolatu beharko dute; hantxe egon beharko dute erabat itzali arte eta sugar edo txingarrik ikusten ez dela bi ordu iragan arte. Pertsona horiek sua itzaltzeko esku tresna egokiak eduki beharko dituzte eta horiez gain, ura eta sakelako telefonoa.

h) Erre beharreko eremuaren inguru osoan suebaki bat egin beharko da, lau metro zabal gutxienez. Landareak lurraren mailan moztuko dira eta gelditzen diren hondarrak kanpora botako. Basoak su hartzeko arriskua baldin badago, landaredi guztia kenduko da lurzoru minerala agerian utzi arte. Lurraren ezaugarriak direla kausa, zerrenda hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, arreta berezia jarriko da suak iragan ez dezan erre gogo den azaleraren ingurua.

5. artikulua. Erreketan parte hartzen duten duten pertsonek baimena han bertan beharko dute izan, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko landa langileek, Foruzaingoak edo Guardia Zibilak hala eskatuz gero erakutsi beharko diete.

6. artikulua. Erreketarik egiten bada arestion aipatu prebentzio neurriak hartu gabe, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen arabera zehatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Lehena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 21ean._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0618881