147. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

310/2006 EBAZPENA, urriaren 24koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana. Ingurumeneko Eraginetarako Baimena ematen du Iruñerriko Mankomunitateak sustatutako Undioko hornidura proiekturako.

2006ko abuztuaren 7an goian aipatzen den espedientea sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2.C eranskineko N idatz-zatiaren barruan dago. Beraz, Ingurumeneko Eraginetarako Baimenaren araubidearen menpe dago.

Lehen aipatutako foru lege horren 28. artikuluaren arabera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumeneko Eraginetarako Baimena emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du, arrazoituta, eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du ingurumeneko ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela eta 27. artikuluarekin bat etorriz, jarduera egin nahi den udalean jakinarazi beharko da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumeneko Eraginetarako Baimena ematea Iruñerriko Mankomunitateak sustatutako Undioko hornidura proiekturako.

Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

_Jarduera gunea, landaredi naturala duten eremuak ukitzen dituena (biltegi berriaren inguruan) balizatu beharko da ukitu behar ez diren eremuetan kalteak saihesteko xedez.

_Biltegi berria kokatuko den lekuan lurra berdintzearen ondorioz sobran gelditzen den lurra zabortegi baimendu batera eramanen da edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, ondoko lursail naturalekin egokitu eta azalerek fisiografikoki bat egin dezaten. Sortzen diren lur-erauzketako ezpondak eta lubetak ere behar bezala biribilduak utzi beharko dira.

_Indusketa lanekin hasi aurretik landare-lurraren geruza kendu beharko da, gutxienez 30 cm-koa. Kentzen den lurra landare-lurra berrezartzeko eta zorua lehengoratzeko izanen da obrek ukituriko azalera osoan.

_Paisaian egindako kalteak zuzentzeko neurri gisa biltegiaren inguruaren eremu osoan lanek ukituriko azalera ereinen da eta bertako zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira inguru hurbileko paisaian egindako jarduera ezkutatzearren.

_Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kenduta izan beharko dira.

_Vianako Printzea Erakundeari ura erregulatzeko tankeari dagokion zangak irekitzeko eta zelaitzeko lanak eginen diren lurzatiaren gaineko txosten arkeologikoa eskatuko zaio.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumeneko Eraginetarako Baimenaren ondorioetarako.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Zizur Zendeako Udalari, Undioko Kontzejuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko urriaren 24an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0617016