147. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko diruzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2006ko azaroaren 7an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko diruzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan (sartzeari buruzkoan), Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Lanpostua txanda honetakoa da:

a) Lanpostu 1 txanda irekian.

1.2. Hona deialdiko lanpostua:

_Lanpostu 1 Ekonomiako Alorrean, zenbaki hau duena plantilla organikoan: 101000-1.

1.3. Lanpostua lortzen duen izangaia funtzionario bilakatuko da, Iruñeko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak A mailako edo taldeko lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzeko diren gainerako xedapenetan erabakitakoaren arabera.

1.5. Izangaia, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko, eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanposturako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dagoen funtzionarioak bertan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.6. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak lanlekua duen herrian bizi beharra du, eta hori betetzeko Iruñeko udalerrian finkatuko du bere bizilekua.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako, Zuzenbideko edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadunaren titulua izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hautaprobak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen den izangaiak frogatu beharko ditu, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari jarraituz aurkeztuko dira. Eredu hori Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eta interneteko www.pamplona.es helbidean dago eskura. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute parte hartzeko eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Iruñeko Udalari 18,5 euro ordaindu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio eskabideari, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bestela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NAN/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

_Tasa ez bada ordaintzen, izangaia bazterturik geldituko da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Iñigo Huarte Huarte jauna, Ekonomiako Alorreko zuzendaria.

_Ordezkoa: Nuria Larráyoz Ilundain andrea, Ekonomiako Alorreko zuzendari teknikoa.

_Mahaikidea: Begoña Urrutia Jaunicotena andrea, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuko Toki Entitateen Afera Ekonomikoak Kudeatzeko Ataleko burua.

_Ordezkoa: Pedro José Cebrian Leyún jauna, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuko Azterlan eta Analisi Ekonomikoen Ataleko burua.

_Mahaikidea: Francisco Javier Esparza Sánchez jauna, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiko Afera Ekonomikoen eta Inbertsioen Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: Irache Fernández Arellano andrea, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko Afera Ekonomikoen Ataleko burua.

_Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Batzordekide-idazkaria: Julio Sucunza Azcona jauna, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria.

_Ordezkoa: Juan Sáez Leclercq jauna, Lehendakaritzako Alorreko legelaria.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren osaerak balio dezan, bertan mahaikideak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu saio guztietarako edo batzuetarako. Adituek epaimahaiari lagunduko diote eta beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa hasiko da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 3 hilabete iragan ondotik. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

_Lehenbiziko ariketa: Epaimahaiak proposatutako bi gai garatu beharko dira, idatziz, zozketa bidez ateratako lau gairen artean, gehienez ere lau orduko tartean; bi gai izanen dira II. eranskineko lehen atalekoak ("Kontabilitatea. Aurrekontua eta Diruzaintza") eta beste bi, bigarren atalekoak ("Estatistika eta finantzetako matematika").

_Bigarren ariketa: Epaimahaiak proposatutako bi gai garatu beharko dira, idatziz, zozketa bidez ateratako lau gairen artean, gehienez ere lau orduko tartean; bi gai izanen dira II. eranskineko hirugarren atalekoak ("Finantza zuzenbidea eta zerga zuzenbidea") eta beste bi, laugarren atalekoak ("Merkataritza zuzenbidea, zuzenbide zibila eta administrazio zuzenbidea").

_Hirugarren ariketa: Idatziz argitu beharko da, gehienez ere lau ordutan, epaimahaiak proposaturiko kasu praktiko bat, II. eranskineko gaietako bati buruzkoa.

Kasu praktiko osoa nahiz haren zati bat euskarri informatikoan ebatzi edo aurkezteko eska daiteke, eta horretarako Microsoft Word edo Excel programak aplikatu beharko dira.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa:

_Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 25 puntu; gai bakoitzagatik gehienez ere 12,5 puntu emanen dira.

_Bigarren ariketa: gehienez ere 25 puntu; gai bakoitzagatik gehienez ere 12,5 puntu emanen dira.

_Hirugarren ariketa: gehienez 50 puntu.

Oposizioko ariketak kanporagarriak izanen dira. Hori horrela, baztertu eginen dira ariketaren batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak; orobat baztertuko dira, betiere eta ariketa guztien kasuan, oposizioko gai edo kasuetako batean 0 puntu lortzen dutenak.

6.4. Oposizioko lehen eta bigarren ariketak idatziz eginen dira eta izangaiek irakurriko dizkiote epaimahaiari jendaurreko ekitaldi batean.

6.5. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidatzeko baimena eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak. Era berean, lehen eta bigarren ariketak publikoaren aurrean irakurtzera agertzen ez diren izangaiak ere baztertuko dira.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta haiek egin diren tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero, zerrenda hori Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Lehendakaritzako Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko adierazpena, non hautagaiak adierazi behar baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa den izangaiak:

a) Deialdiko 2.1 oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko diruzain izateko lanposturako izendatua izateko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

7.3. Agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak puntuazioen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, diruzain izateko lanpostuan aritzeko, eta lanpostua esleituko dio ebazpen bidez.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendaturiko izangaiak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten denetik aitzina, lanpostuaz jabetzeko; ez badu lanpostua hartzen, Iruñeko Udalaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Kasu horretan, deialdiko 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio, beste Administrazio Publiko batean ari delako lanean, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2006ko azaroaren 7an._Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena:

Adinez nagusia:

N.A.N./Nortasun agiria:

Jaioteguna (eguna/hilabetea/urtea):

Non sortua (udalerria/probintzia):

Nazionalitatea:

Egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua):

Posta kodea/herria:

Telefonoa:

Sakelako telefonoa:

Azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko diruzain izateko lanpostu 1 oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:

f Txanda irekia.

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*.

(*) Deialdiak jasotzen duenean soilik.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrika, 7-9. 31001, Iruña).

Iruñean, 20.........(e)ko .................aren ........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Lehen atala._Kontabilitatea, Aurrekontua eta Diruzaintza.

1._Kontabilitatearen Plan Orokorraren kontabilitate eredua. Kontabilitatearen Plan Orokorraren ezaugarriak, helburuak eta egitura. Kontabilitatearen printzipioak eta balorazio arauak. Urteko kontuak Kontabilitatearen Plan Orokorraren baitan.

2._Sektore publikoa eta haren kontabilitatea. Kontabilitate publikoa eta sektore publikoaren kontabilitatea. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra: historia, bilakaera eta egungo egoera. Kontabilitate publikoaren ingurune juridiko-ekonomikoa. Kontabilitate publikoaren xedeak. Kontabilitate publikoaren informazioaren baldintzak. Sektore pribatuaren kontabilitatearekin bateratu beharra. Kontabilitatearen normalizazioa eta erakunde normalizatzaileak.

3._Toki Korporazioen Kontabilitatea (I). Kontabilitate jarraibidea toki administraziorako eta erregulazioa Nafarroan: kontabilitateko tresnak. Kontabilitateko agiriak. Kontabilitateko liburuak.

4._Toki Korporazioen Kontabilitatea (II). Gastuen aurrekontuko eragiketak: irekitzea, aldaketak, aurrekontuaren kudeaketa: aurrekontu arrunt eta itxiak, urte anitzeko gastuak, aurrekontu arrunta ixtea eta etorkizuneko aurrekontuak. Dirusarrerei lotutako gastuak.

5._Toki Korporazioen Kontabilitatea (III). Dirusarreren aurrekontuko eragiketak. Irekitzea, aldaketak, dirusarreren aurrekontuaren kudeaketa: aurrekontu arrunt eta itxiak, etorkizuneko dirusarrerak, indarrean dagoen aurrekontua erregularizatu eta ixtea eta etorkizuneko aurrekontuak.

6._Toki Korporazioen Kontabilitatea (IV). Ibilgetu ez finantzarioa eta haren kontabilitatea. Kontzeptua eta ezaugarriak. Ibilgetuaren osaketa Toki Korporazioetan. Amortizazioa: kontzeptua eta metodoak. Amortizazio kuoten eragina.

7._Toki Korporazioen Kontabilitatea (V). Ibilgetu finantzarioa eta haren kontabilitatea. Kontzeptua eta ezaugarriak. Zorpetze eragiketen kontabilitatea.

8._Toki Korporazioen Kontabilitatea (VI). Diruzaintzako eragiketak. Administrazio Publikoen diruzaintzako egitura. Diruzaintzako eragiketen sailkapena eta kontabilizazioa. Kobrantza eta ordainketak aplikatzea. Justifikatu beharreko ordainketak eta kutxa finkoko aurrerakinak.

9._Toki Korporazioen Kontabilitatea (VII). Ekitaldia ixtea: aurrekontuaren emaitza, hura zehazteko beharra. Diruzaintzako gerakina.

10._Toki Korporazioen Kontabilitatea (VIII). Urteko kontuak: egoeraren balantzea. Ekonomia eta ondareko emaitzen kontua eta bere garrantzia. Urteko egoerak. Memoria eta kudeaketa txostenak.

11._Kontu-ikuskapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa Toki Korporazioetan. Kontu-ikuskapenerako arauak sektore publikoan. Barne eta kanpo kontrolerako organoak Toki Korporazioetan.

12._Programatan planifikaturiko aurrekontua: baliabideak esleitzeko formula eraginkorra. Oinarrizko kontzeptuak. Programatan planifikaturiko aurrekontuaren abantailak eta arazo nagusienak.

13._Aurrekontu publikoa eta bere garrantzia. Aurrekontuaren printzipioak. Nafarroako Toki Korporazioen aurrekontuak. Aurrekontuen egitura. Aurrekontuaren zikloa. Aurrekontuko aldaketak. Urte anitzeko gastuak.

14._Toki entitateetako diruzaintza (I). Likideziaren kudeaketa. Diruzaintzako adierazle ekonomiko-finantzarioak. Kobrantzaren prozesua. Kobrantza deszentralizatua. Kobrantza bideak.

15._Toki entitateetako diruzaintza (II). Ordainketaren plangintza. Ordaintzeko moduak. Ordainketari lotutako finantzaketa moduak.

16._Toki entitateetako diruzaintza (II). Diruzaintzako punten errentabilizazioa. Likideziaren aldi baterako defizitaren finantzaketa.

Bigarren atala._Finantzetako matematika eta estatistika.

1._Aldagai estatistikoak. Posizio-neurriak, zentralak eta ez zentralak. Sakabanatze neurriak, absolutuak eta erlatiboak. Asimetriako neurriak eta kurtosia. Kontzentrazio neurriak.

2._Zenbaki indizeak. Zenbaki indize bakun eta konplexuen esanahia. Serie estatistikoen deflaktazioa. Loturak eta oinarri aldaketak. Gehien erabiltzen diren indizeak. K.P.I.aren aipamen berezia.

3._Denborazko serieak: ezaugarriak eta autokorrelazioa. Denborazko serieen osagaiak. Joera sekularra. Urtaroko aldakuntzak. Fluktuazio ziklikoak. Aurresatea.

4._Inferentzia estatistikoa. Laginketa. Populazioa eta lagina. Zenbatespena eta hipotesiaren egiaztapena. Laginketarako metodoak. Laginketako ezaugarrien batezbestekoa eta bariantza.

5._Metodo ekonometrikoak. Bi aldagaien eredu lineala. Karratu txikienen bidezko zenbatesleak. Korrelazio koefizientea. Bariantzaren azterketa. Aurresatea.

6._Finantza eragiketa bakunak: kapitalizazioa eta deskontua. Eragiketa finantzario konposatuak: kapitalizazioa eta deskontua.

7._Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak. Errenta benetakoak, konstanteak eta aldakorrak. Errenta zatikatuak. Betirako errentak.

8._Maileguak. Amortizazio sistemak: ordainketa bakarra, amortizazio kuota konstantea, urteroko konstantea, urteroko aldakorrak, bai progresio aritmetikoan bai geometrikoan. Korritu zatikatuak dituen amortizazio metodoa. Kapital bat eratzeko eragiketak.

9._Jesapen normal klasikoak eta ezaugarri komertzialak dituztenak. Jesapen normalizakorrak: amortizazio saridunak, amortizazio idorrekoak, lotedunak, korrituen ordainketa zatikaturik dutenak, aldizkako administrazio gastuak dituztenak.

Hirugarren atala._Finantza eta tributu zuzenbidea.

1._Finantzen Zuzenbidea, bere edukia. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra, printzipio orokorrak. Ogasun publikoaren pribilegioak. Ogasun Publikoaren araubidea: eskubide ekonomikoak eta exiji daitezkeen betebeharrak. Ogasun publikoaren aldeko eta kontrako interesen araubidea.

2._Gastu publikoa: kontzeptua, sailkapena; horri buruzko printzipio konstituzionalak. Zor publikoa. Dirusarrera publikoak: kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapenerako irizpideak.

3._Tributu arloko printzipio konstituzionalak. Nafarroaren tributu arloko autonomia. Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa. 13/2000 Foru Lege Orokorra, Tributuei buruzkoa: haren aplikazioa Nafarroako toki entitateen tributuetan. Printzipio orokorrak eta tributupekoen eskubideak: bereziki, oker egindako zerga bidezko dirusarrera berreskuratzeko eskubidea.

4._Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zerga: kontzeptua eta oinarria. Zergen sailkapena. Zergapetzearen printzipioak.

5._Erlazio juridiko-tributarioa. Kontzeptua, izaera eta elementuak. Zergagaia: kontzeptua eta motak. Zerga oinarria: kontzeptua eta bera zehazteko araubideak. Likidazio oinarria. Karga-tasa eta tributu-zorra.

6._Subjektu pasiboa. Tributuaren erantzuleak. Erantzukizuna. Erantzunbeharra besterenganatzeko prozedura. Ondorengoak tributu zorretan. Tributu gaietan jarduteko gaitasuna. Helbide fiskala. Zerga ordaintzetik salbuestea.

7._Tributu zorraren ordainketa: ordaintzeko moduak, epeak eta errekarguak. Preskripzioa. Tributu zorra iraungitzeko bestelako moduak. Tributu-kredituaren bermeak.

8._Tributuen aurkako arau-hausteak: kontzeptua, izaera eta motak. Tributu zehapenak. Tributuen gaineko zehapen prozedura.

9._Tributu arloko kudeaketa. Tributu arloko kudeaketaren prozedura. Tributu arloko likidazioak: kontzeptua, motak eta jakinarazpen araubidea.

10._Dirubilketa (I). Borondatezko dirubilketa eta nahitaezkoa. Dirubilketan laguntzaile gisa jarduten duten entitateen bidezko dirusarrerak. Premiamenduzko prozedura. Premiamenduzko eta bahiturako probidentziak.

11._Dirubilketa (II). Bahitura. Lehentasun-ordena. Entregatu edo gordailatutako ondasunen bahitura. Ondasun eta eskubideak egiaztatu eta ikertzea. Bahitura gauzatzea. Hirugarrengotzak. Bahitutako ondasunak besterentzea. Administrazio-bahiturak eta bahitura judizialak batera. Bahituraren aurreneurrizko idatzoharra.

12._Toki ogasunak: printzipio konstituzionalak. Estatuko, autonomiako eta tokiko ogasunen arteko koordinazioa. 2/1995 Foru Legea, Nafarroako toki ogasunei buruzkoa. Ordainarazpen guztientzako xedapenak: bereziki, ordenantza fiskalak.

13._Nafarroako toki ogasunen tributuz besteko baliabideak. berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Herri ondasunetako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bestelako prestazioak.

14._Nafarroako toki ogasunen tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak. Prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

15._Nafarroako toki ogasunen bestelako dirusarrerak: kreditu eragiketen bidezko dirusarrera finantzarioak. Zor publikoa. Beste entitate publikoen tributuetan duten partaidetza. Dirulaguntzak.

16._Nafarroako toki ogasunen zergak. Lurraren gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Lurren balio igoeraren gaineko zerga. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Luxuzko gastuen gaineko zerga. Etxebizitza hutsen gaineko zerga.

17._Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga: atxikitzeko betebeharra, toki entitateen kargura. Balio erantsiaren gaineko zerga. BEZaren eragina Nafarroako toki entitateen jardueran. BEZa Nafarroako kontratazio publikoan.

Laugarren atala._Merkataritza zuzenbidea, zuzenbide zibila eta administrazio zuzenbidea.

1._Merkataritza zuzenbidea. Kontzeptua eta edukia. Iturriak. Merkataritzako egintzak. Merkataritza-enpresa. Banako merkataria.

2._Merkataritza sozietateak, oro har. Merkataritza sozietatearen legezko kontzeptua. Sozietate zibilarekiko desberdintasunak. Motak. Sozietate irregularrak eta sortze bidean daudenak. Merkataritza erregistroa.

3._Erantzukizun mugatuko sozietatea. Partaidetza sozialak. Bazkideen eskubide eta betebeharrak. Sozietatearen organoak.

4._Sozietate anonimoa. Bere araubide juridikoaren oinarrizko ezaugarriak. Sozietatearen eskritura eta estatutuak. Sozietateko organoak. Sozietatearen ondarea eta kapitala. Akzioak. Handitzea eta txikitzea. Obligazioen jaulkipena. Eraldaketa, bat-egitea eta zatiketa. Desegitea, likidatzea eta iraungipena.

5._Balore-titulua. Kontzeptua eta motak. Kanbio-letra: letraren izaera eta eginkizun ekonomikoak. Ordainketa-agindua, endosua, onarpena eta abala. Ordaintzeko aurkeztea, ordainketa eta letra ordaindu gabea. Protestoa. Edukitzaileak bere eskubideen defentsan erabil ditzakeen bideak.

6._Ordaindukoa. Txekea: kanbio-letrarekin zertan den berdina zertan desberdina. Baldintzak. Txeke bereziak.

7._Merkataritzako obligazioak. Merkataritza kontratuak. Merkataritzako salerosketa. Komisio-kontratua. Leasing-a.

8._Banku-kontratuak. Sailkapena. Bankuetako kontu korronteak. Banku-gordailua. Banku-maileguak. Kreditua irekitzea: kontzeptua, izaera eta motak. Kreditu-irekierako kontratuen araubidea. Bankuko deskontua.

9._Konkurtso-prozedura. Konkurtso-deklarazioa. Konkurtso-administrazioa. Konkurtso-deklarazioaren ondorioak. Konkurtsoko masa aktiboa eta pasiboaren zehaztapena. Hitzarmen edo likidazio faseak. Konkurtsoaren kalifikazioa. Konkurtsoaren bukaera eta berrirekitzea...

10._Eskubide errealak. Bermeko eskubide errealak. Ondasun higiezinen hipoteka eta Jabetzaren erregistroarekin duen zer ikusia. Hipotekei buruzko printzipioak Espainiako Zuzenbidean. Jabetza erregistroan inskriba daitezkeen titulu eta egintzak. Erregistro-fede publikoa. Hirugarren hipotekarioa.

11._Administrazio-zuzenbidearen iturriak. Konstituzioa: kontzeptua, ezaugarriak eta balio juridikoa. Legea. Legegintza dekretuak. Lege dekretuak. Erregelamenduak. Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta baldintzak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazioaren isiltasuna.

12._Administrazio prozedura eta dagokion lege arau-emailea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: hasiera, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena. Egintzen berrikuspena administrazio bidean. Administrazio-errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

13._Administrazio-kontratuak Nafarroan (I). 10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzkoa: aplikazio eremua eta araubide juridikoa; Administrazioaren kontratuen xedapen amankomunak. Administrazio kontratu ohikoenak. Administrazioaren prerrogatibak. Administrazioarekin kontratuak egiteko bete behar diren baldintzak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak: kontratazio espedientea; kontratuaren prestaketa; pleguak. Interesdunen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna.

14._Administrazio-kontratuak Nafarroan (II): esleipenerako prozedurak eta moduak. Burutzea, formalizatzea eta jakinaraztea. Kontratuak betearaztea: xedapen orokorrak; obra kontratuaren betearazpena. Kontratuen aldaketa. Kontratuen iraungipena: betetzea eta onarpena; suntsitzeko arrazoiak eta bere ondorioak. Lagapena eta azpikontratazioa. Nafarroako toki entitateen kontratuetarako arau berariazkoak.

15._Funtzio publikoa: harreman juridiko funtzionarialaren izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutua. Hautapena. Funtzionario izaera lortzea eta galtzea. Administrazio-egoerak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

16._Udal administrazioa. Udal organoak. Alkatea. Osoko bilkura. Gobernu batzordea. Bestelako organo erabaki hartzaile eta informazio emaileak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har. Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa.

17._Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. Idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintza. Nafarroako Kontuen Ganbara: eskumenak eta eginkizun fiskalizatzailea.

18._Zerbitzu publikoaren jarduera: kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Administrazioak jarduera pribatuak bere gain hartzea: tresnak. Sustapen jarduera. Dirulaguntzak: kontzeptua, izaera eta araubide juridikoa

19._Nafarroako toki entitateen ondasunak (I): kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea.

20._Nafarroako toki entitateen ondasunak (II): erabilera eta aprobetxamendua; bereziki, administrazio kontzesioak. Besterentzea eta karga.

21._Europako erkidegoak: aurrekariak, helburuak eta izaera juridikoa. Jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Itunak, erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak eta bestelako iturriak. Europar Batasuneko zuzenbideak barne antolamenduaren gainean duen eragin zuzena eta lehentasuna.

Iragarkiaren kodea: L0618095