147. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CABANILLAS

Industrialdean paratzen diren industriendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

Udalak erabaki du behin betiko onestea aipatu ordenantza, behar den legezko izapideak egin ondoren. Hona hemen haren testu osoa:

ENPRESAK PARATZEKO ETA HANDITZEKO INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioaren 35. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiek eskubidea dutela lan egin, lan horren bidez hobetu eta beren nahiz familiakoen beharrei erantzuteko adinako lansaria jasotzeko.

Administrazio publiko bat bera ere ez daiteke gelditu herritarren ongizatearekin hain lotura estua duen eskubide hau gauzatzeko aukeretatik kanpo.Toki entitateek eta bereziki Cabanillasko Udalak, beren eskumen eta baliabideek bide ematen dieten neurrian, lagundu dezakete eta laguntza eman behar dute eskubide hau gauzatzean, herritarren behar eta nahi guztien artean garrantzizko eginbeharra baitu, dudarik gabe.

Are gehiago ekonomia eta lan merkatuaren egungo egoeran, enpleguaren ez-egonkortasunagatik eta lana herri handietan pilatzeagatik langileak _gazteak, batez ere_ beren bizitokietatik urrun joan behar duten garaian.

Ordenantza honen xedea da, oro har, bultzada ematea enpresak Cabanillasen paratzeari eta daudenak handitzeari. Horretarako dirulaguntzak emanen zaizkie bai Cabanillasko udal mugapean, eta bereziki haren industrialdean, kokatzeko erabakia hartzen duten enpresei bai bizilagunendako lan eskaintza egonkorra handitzen laguntzen dutenei.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren oinarri juridikoa.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legearen 4-1-a) artikuluan toki entitateei, oro har, aitortzen zaien erregelamendu ahalmena erabiliz. Ordenantzaren arrazoia: bizilagunen interes publikoa kudeatu beharrez, Nafarroako toki entitateek eskumena dute erakunde publiko nahiz pribatuekin eta partikularrekin elkarlanean aritzeko, laguntza ekonomikoak emanez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.etik 223.era bitarteko artikuluetan ezarri moduan.

2. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da enpresak paratu eta handitzeko inbertsioetarako dirulaguntzak arautzea, aberastasuna sortzeko eta enplegua sustatzeko.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Ordenantza hau aplikatzekoa izanen da industria jarduera Cabanillasko udal mugapean burutzen duten enpresei edo bertan kokatzeko asmoa dutenei.

4. artikulua. Onuradunak

Ordenantza honetako onurak jaso ahalko dituzte soil-soilik Cabanillasko udal mugapean, eta bereziki haren industrialdean, berritik ezartzen diren enpresek, enpresaren instalazioak berreraikitzen dituztenek edo bertako instalazioak handitzen dituztenek, eta ez dira onuradunak izanen besterik gabe enpresaren helbidea aldatzen duten enpresak, Cabanillasko udal mugapean inolako presentziarik, jarduerarik edo ekoizpen errealik izan gabe. Halaber, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke halako enpresak, non haien instalazioak bertze udal mugape batetik Cabanillaskora aldatzeko asmoa duten, nahiz eta aldatze hori arian-arian egiten den, baina azkeneko kasu horretan betiere hiru urteko epean guttienez 7 langile finko gelditzen badira industrialdean.

5. artikulua. Laguntza edo dirulaguntza motak.

Udalak, araubide honen babesean, laguntza mota hauek ematen ahal ditu:

a) Fondo galdurako dirulaguntzak, enpresak ezarri edo handitzeko inbertsioetarako, betiere ordenantza hau hasiera batean onesten den unetik aitzinera. Dirulaguntzen kopurua gehienez, enpresak berritik ezartzeko edo daudenak handitzeko, eraikin, obra eta instalazioak egiteko aurrekontuaren %5.

b) Enpresa berriak ezartzeko beharrezkoak diren azpiegiturak sortzen edo hobetzen laguntzea. Laguntza hori gauzatzeko, banan-banako hitzarmenak sinatuko dira Cabanillasko Udalaren eta interesa duten enpresen artean.

c) Hirigintza modu eraginkorrean garatu dadin, hitzarmenak sinatuko dira, ahal den heinean, udal planeamenduaren kudeaketa eta exekuzioan ahal den neurrian laguntzearren, industriarako lurzoru erabilgarria sor dadin.

6. artikulua. Aurrekontuaren muga orokorra.

Udalak urteko aurrekontuan ontzat jotzen duen kontusaila da ordenantza honen babespean onartzen diren dirulaguntzen muga, eta Cabanillasko Udala ez dago behartua ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan zehaztutako diru-muga horretatik goiti.

7. artikulua. Betebeharrak eta baldintzak.

Araubide honetako laguntzez baliatu ahal izateko, ondoko beharkizun eta baldintzak beharko dira bete:

a) Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak Cabanillasen gauzatzea.

b) Inbertsioa zein ondasunetan eginen den, enpresa onuraduna haien jabe izatea eta ondasun horien kudeaketa ekonomikoaz zuzenean arduratzea.

c) Enpresa onuradunak zorrik ez izatea tributu arloko betebeharretan ezta Gizarte Segurantzarekin ere.

d) Enpresa onuraduna kaudimenduna izatea alderdi ekonomiko, finantzario eta teknikoei dagokienez.

8. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Dirulaguntza eskaeran ezarritako epean eginen ditu inbertsioak, eta Cabanillasko Udalari jakinarazi beharko dio noiz burutu eta noiz jarri diren abian, hori gertatu eta hilabeteko epean, eta dirulaguntzak emanen direla jakinarazi aitzin burutu eta abian jarri badira, jakinarazpen hori hartu eta hilabeteko epean.

b) Udalari igorriko dizkio, Udalak berak zehaztuko duen moduan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen edo aurretik zirenen egiaztagiriak, eta inbertsioak benetan egin diren eta hartutako konpromisoak bete ote diren ziurtatzeko ikuskapen eta egiaztapenetan lagunduko du.

c) Diruz lagundu beharreko ondasunak enpresaren jarduerari atxikita eta Cabanillasen kokatuta egonen dira, gutxienez hamar urtez edo, bestela, erabilera aldia amaitu arte, tikiagoa baldin bada, eta ez dira eskuz aldatuko, errentan jarriko edo haien erabilera hirugarrenei lagako. Epe hori inbertsioak abiarazten direnetik aitzina kontatuko da.

d) Dirulaguntza ematen den unetik hasita, enpresa onuradunek gutienez bi urtean eduki beharko dute hasieran eskatutako 7 langile gutieneko kopuru hori.

e) Cabanillasko Udalari datu, agiri eta egiaztapenak eman beharko dizkio, Udalak, emandako dirulaguntzen segimendua eta kontrola egiteko, beharrezkotzat jotzen dituen guztiak, alegia.

II. KAPITULUA

Prozedura

9. artikulua. Prozedura.

a) Aurrekontuko dirua.

Udalak, osoko bilkuran, urtero erabakiko du udal aurrekontuan zenbat diru jarri ordenantza honen helburuak betetzeko.

b) Deialdi publikoa.

Ordenantza honetako 5. artikuluko a) ataleko dirulaguntza motak emateko, Udaleko Alkatetzak deialdi publikoa prestatuko du urtero eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko, interesa duten enpresek, baldin eta onuradun izateko beharrezkoak diren beharkizunak betetzen badituzte, deialdiko epearen barnean eskabidea aurkez dezaten.

Gainerako dirulaguntza motei dagokienez, Udalak dirulaguntzak zehazteko hitzarmenak sinatuko ditu interesa duten enpresek aldez aurretik eskaera aurkeztu eta, betiere, baldintzak negoziatuta. Bertzetik ere, haiek zehazteko behar diren hitzarmenak sinatu ahal ditu.

Interesa duten enpresekin burutu beharreko negoziazioetan, alkateaz gain, udalbatzako kide diren hiri eta landa garapenerako eta ogasuneko batzordekideek hartuko dute parte. Nola nahi den ere, Udaleko osoko bilkura izanen da organo eskuduna negoziazioaren ondotik enpresa eskatzailearekin gauzatzen ahal diren hitzarmenen sinadura baimentzeko.

Ordenantza honetan arauturiko laguntzak baliatu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute alkateari zuzendutako eskaera eginez, eta eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dituzte:

a) Eskatzailearen izaera fisikoaren edo juridikoaren egiaztagiriak

b) Enpresa eskatzailearen kaudimen ekonomikoaren egiaztagiriak.

c) Enpresa eskatzailearen kaudimen teknikoaren egiaztagiriak.

d) Garatu beharreko jarduerari edo instalazioari buruzko txostena, espresuki adierazten dituena azalera, behar diren langileak eta haien kualifikazioa (lekualdatzeak edo lanpostu berriak diren zehaztu beharko da), fakturazioa, makineria edo instalazio teknikoak, garapenaren gaineko aurreikuspenak, inbertsio aurreikusiak, enpresa talde baten partaide izatea eta Udalaren osoko bilkurak dirulaguntzaren gaineko erabakia har dezan beharrezkoak izan daitezkeen gainerako guztiak. Udalak beharrezkotzat jotako agiriak aurkezteko eskatu ahal izanen du, dirulaguntza emateko beharkizunak eta baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

c) Eskumena.

Udalaren osoko bilkurari dagokio aurkezturiko eskaeren gaineko ebazpena ematea.

d) Administrazioaren isiltasuna.

Udaletxean eskabidea eta agiri osagarriak aurkeztu eta hiru hilabete iraganik Udalak berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

III. KAPITULUA

Laguntzen ordainketa

10. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Laguntzak, inbertsioa egiteko dirulaguntza zuzenak direnean, ez dira ordainduko enpresa onuradunak Udalari jakinarazi arte haiek bukatu eta abian jarri direla, eta Udalak berak zehaztu moduan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen edo aurretik zirenen egiaztagiriak Udalari igorri arte.

Nolanahi ere den, delako dirulaguntza ordaintzen ahal da inbertsiorik burutu gabe, baldin eta enpresarekin halako itunak egin badira, baina horrelakoetan enpresak abal bat aurkeztu beharko du, dirulaguntzaren zenbatekoaren adinakoa. Abal hori exekutatuko da ezarritako epeetan inbertsioa gauzatzen ez bada eta kontratuan agertzen diren eraikinak egiten ez badira. Halaber, nahitaezko baldintza da horretarako aurrrekontuko kontusaila edukitzea.

Horretarako, baimena zer ekitalditarako den, hurrengo ekitaldietara luzatu beharreko gastuen gaineko konpromisoak ere hartzen ahalko dira, gastu horiek xedatu aurreko legezko tramiteak ekitaldian berean hasten badira eta konpromiso horiek ez badituzte gainditzen Udalak ekitaldi bakoitzerako ezartzen dituen mugak.

Behar diren egiaztapenak egindakoan, Udalak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

Dirulaguntzen enpresa onuradunek kobratu aitzin egiaztatu beharko dute tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituztela.

Tributu arloko betebeharrak kitatuak daudela kreditatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

_Zerga Administrazioaren Agentziaren egiaztagiria.

_Jarduera ekonomikoen gaineko zergako alta eta azken ordainagiria.

_Nafarroako Foru Ogasunak emandako egiaztagiria, Foru Ogasunarekin zerga arloko zorrik ez dagoela egiaztatzeko.

Gizarte Segurantzari dagozkion beteharrak beterik daudela egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzako Lurralde Bulegoaren egiaztagiria aurkeztuko da.

Zorrak geroratuak nahiz zatikatuak badaude edo, inpugnazioaren ondorioz, bertan behera uztea erabaki bada, egoera horren gaineko ebazpena aurkeztu beharko da.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako obligazioak betetzen ez badira, enpresa onuradunak berak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu, egiaztapen lanak oztopatzen badira edo laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate edo inguruabarrak ezkutatzen badira, emandako onurak deuseztatuko dira eta, hala behar bada, erabilitakoak itzuli eta berandutza korrituak eskatu.

Aipatutako kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da kontraesanaren eta probaren printzipioen arabera, eta onuradunari entzutea emanen zaio. Espedientean beharrezkotzat jotzen diren proba eta alegazioak bilduko dira, eta Udaleko osoko bilkura izanen da dirulaguntzak ebatzi edo ezesteko organo eskudun bakarra.

V. KAPITULUA

Azken xedapena

12. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325-1-C artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Cabanillasen, 2006ko azaroaren 2an._Alkatea, Ana María Rodríguez Enériz.

Iragarkiaren kodea: L0618694