147. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

463/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, azaroaren 2ko 205/1999 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez 190 eredua onetsi zen, honakoetan egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena egiteko: laneko irabazien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga, enpresa- eta lanbide-jarduera batzuk, sariak eta zenbait errenta-inputazio. Horrez gain, eredu horren barreneko orrien ordez ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriak jartzeko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergaren erregelamendu indardunaren 65. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zerga horretan atxikipenak edo konturako sarrerak egin behar dituzten pertsona fisikoek, juridikoek eta gainerako entitateek, administrazio publikoak barne, 190 aitorpen eredua erabili behar dute horretarako. Eredu hori azaroaren 2ko 205/1999 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, eta ondoren zenbait aldaketa egin zaizkio honako arau hauen bitartez: urtarrilaren 17ko 4/2001 Foru Agindua, azaroaren 9ko 279/2001 Foru Agindua, urriaren 29ko 297/2002 Foru Agindua, abenduaren 22ko 424/2004 Foru Agindua eta urriaren 10eko 126/2005 Foru Dekretua.

Foru agindu honen bidez, aldaketak egin dira II. eranskinean, zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarriaren diseinu fisiko eta logikoei buruzkoan, 190. ereduko 2. motako erregistroan (Jasoera). Alde batetik, 2006ko ekitaldirako soilik, H jasoera gakorako _Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren irabaziak_ erabili beharreko 03 eta 09 azpigakoen edukia aldatu da, tomatea, brokulia, mertxika eta zainzuria ekoizteko nekazaritza jarduerak, lau kasuetan industriarako egiten direnak, 09 azpigakotik atera eta 03 azpigakoan sartzeko. Aldaketa honen arrazoia da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean irabazi garbia kalkulatzeko erabiltzen den indizea murriztu egin dela jarduera horietan, eta 0,173 izatera jaitsi, otsailaren 8ko 36/2006 Foru Aginduaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz. Foru agindu horren bidez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erraztua 2006. urterako garatu ziren.

Bestetik, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenetarako, H jasoera gakoko 15. eta 16. azpiklabeak kendu dira, operatiboak ez direlako, eta F jasoera gako berria sortu da, ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak eta antzekoak emateagatik eta literatura, arte edo zientzia lanak egiteagatik eskuratzen diren kopuruak bertan sartzeko, lehen G jasoera gakoan _Jarduera profesionalen irabaziak_ sarturik baitzeuden.

Azkenik, azken xedapenetatik lehenbizikoaren bidez otsailaren 13ko 39/2004 Foru Agindua aldatu da. Foru agindu horretan Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenaren araubidearen menpeko dokumentuak eta aitorpenak non aurkeztu behar diren zehaztu zen, eta aldaketa honi esker, ondasun higiezinak edo horien gaineko eskubide errealak egonez gero, ondasun horiek dauden tokiari dagozkion likidazio-bulegoetako edozeinetan aurkezteko aukera emanen zaio zergadunari.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ahalmena ematen die kontseilariei erregelamendu-ahalmenaz baliatzeko departamentuak bere dituen aferetan.

Horrenbestez, eskurantza hori erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Azaroaren 2ko 205/1999 Foru Aginduko II. eranskineko 2. erregistroa (Jasoera) aldatzea, 2006ko ekitaldirako soilik. Foru agindu horren bidez 190 eredua onetsi zen, honakoetan egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena egiteko: laneko irabazien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga, enpresa eta lanbide jarduera batzuk, sariak eta zenbait errenta-inputazio. Horrez gain, eredu horren barreneko orrien ordez ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriak jartzeko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren. Honelaxe aldatuko da:

Bat._79-80 idazguneetan beste idazketa bat eman zaio 03 azpigakoari, H jasoera gakoan erabiltzeko, eduki hau edukiko duena:

"03: Untxi hazkuntzaren abeltzaintzako jarduera. Tomatea, brokulia, mertxika eta zainzuria ekoizteko nekazaritza jarduerak, lau kasuetan industriarako".

Bi._79-80 idazguneetan beste idazketa bat eman zaio 09 azpigakoari, H jasoera gakoan erabiltzeko, eduki hau edukiko duena:

"09: Sustraiak, tuberkuluak, bazka-landareak, fruitu ez-zitrikoak, ortuzaintza, tabakoa eta beste produktu batzuk, beste azpigakoetan espresuki sartuta ez daudenak, ekoizteko nekazaritza jarduera, kanpoan utzita tomatea, brokulia, mertxika eta zainzuria industriarako ekoizteko nekazaritza jarduerak. Haragitako ardi-azienda eta ahuntz-azienda ustiatzeko abeltzaintzako jarduera".

2. artikulua. Azaroaren 2ko 205/1999 Foru Aginduko II. eranskineko 2. erregistroko (Jasoera) H jasoera gakoan erabiltzen diren 15. eta 16. azpigakoak kentzea, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenetarako. Foru agindu horren bidez 190 eredua onetsi zen, honakoetan egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena egiteko: laneko irabazien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga, enpresa eta lanbide jarduera batzuk, sariak eta zenbait errenta-inputazio. Horrez gain, eredu horren barreneko orrien ordez ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriak jartzeko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren.

3. artikulua. Azaroaren 2ko 205/1999 Foru Aginduko II. eranskineko 2. erregistroa (jasoera) aldatu da, eta 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenetan izanen ditu ondorioak. Foru agindu horren bidez 190 eredua onetsi zen, honakoetan egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena egiteko: laneko irabazien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga, enpresa eta lanbide jarduera batzuk, sariak eta zenbait errenta-inputazio. Horrez gain, eredu horren barreneko orrien ordez ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriak jartzeko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren. Hauxe da aldaketa:

Bat._78 idazgunean, F jasoera gako berria sartu da, eduki hau izanen duena:

"F. Ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak eta antzekoak, eta literatura, arte edo zientzia lanak egitea."

Bi._79-80 idazguneetan 01 eta 02 azpigakoak sartu dira, F jasoera gakoan erabiltzekoak, honako eduki honekin:

"01. Azpigako hau adieraziko da jasotako kopuruak zergatik salbuetsirik ez dauden literatura, zientzia edo artearen arloko sariren bati dagozkionean.

02. Azpigako hau adieraziko da jasotako kopuruak, F gakokoak izanik, 01 azpigakoan sartu behar direnez bestelakoak direnean."

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Otsailaren 13ko 39/2004 Foru Aginduaren 1. idatz-zatiko 1. eta 2. arauen aldaketa. Foru agindu horren bidez Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenaren araubidearen menpeko dokumentuak eta aitorpenak non aurkeztu behar diren zehaztu zen.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenaren araubidearen menpeko dokumentuak eta aitorpenak non aurkeztu behar diren zehaztu zuen otsailaren 13ko 39/2004 Foru Aginduaren 1. idatz-zatiko 1. eta 2. arauen testua hauxe izanen da aurrerantzean:

"1. "Mortis causa" eskurapenak:

a) Kausatzailea Nafarroan hil bada:

a') Jaraunspen-ondasunen banaketa-dokumentua edo azalpenekoa, Nafarroan egiletsia: zergadunak aukeran du kausatzailea hil zen lekuko likidazio-bulegoan edo dokumentua egiletsi den lekuari dagokionean aurkeztea edo, ondasun higiezinak edo horien gaineko eskubide errealak Nafarroan egonez gero, ondasun horiek dauden tokiari dagozkion likidazio-bulegoetako edozeinetan.

b') Nafarroatik kanpo egiletsitako dokumentua: zergadunak aukeran du kausatzailea hil zen lekuko likidazio-bulegoan edo, ondasun higiezinak edo horien gaineko eskubide errealak Nafarroan egonez gero, ondasun horiek dauden tokiari dagozkion likidazio-bulegoetako edozeinetan.

b) Kausatzailea Nafarroatik kanpo hil bada:

a') Nafarroan egiletsitako dokumentua: zergadunak aukeran du dokumentua egiletsi den lekuari dagokion likidazio-bulegoan edo, ondasun higiezinak edo horien gaineko eskubide errealak Nafarroan egonez gero, ondasun horiek dauden tokiari dagozkion likidazio-bulegoetako edozeinetan.

b') Nafarroatik kanpo egiletsitako dokumentua: zergadunak aukeran du ondasun edo eskubide eskualdatuak dauden lekuei dagozkien likidazio-bulegoetako edozeinetan, eta, Nafarroan ez badaude, Likidazio-Bulego Nagusian.

2. Dohaintzak eta gainerako "inter vivos" eskurapen kostugabeak:

a) Nafarroan egiletsitako dokumentu publiko nahiz pribatuak: zergadunak aukeran du dokumentua egiletsi den lekuari dagokion likidazio-bulegoan edo, ondasun higiezinak edo horien gaineko eskubide errealak Nafarroan egonez gero, ondasun horiek dauden tokiari dagozkion likidazio-bulegoetako edozeinetan.

b) Nafarroatik kanpo egiletsitako dokumentu publiko nahiz pribatuak:

a') Nafarroan dauden ondasun higiezinei edo ondasun higiezinen gaineko eskubide errealei buruzkoak: zergadunak aukeran du ondasun horiek dauden tokiari dagozkion likidazio-bulegoetako edozeinetan aurkeztea.

b') Zerga Nafarroan ordaindu behar duten ondasun higigarri eta azienda-ondasunak: eskuratzailearen helbideari dagokion likidazio-bulegoan, eta bat baino gehiago badira, haietako edozeinen helbideari dagokionean.

c') Ondasun higiezin eta higigarriei batera dagokienean: lehenbizikoentzat ezarritakoaren arabera dagokionarena izanen da eskumena."

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

1. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, bertan aurreikusitako ondorioekin.

2. Azken xedapenetan lehenbizikoan xedatutakoa 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera egiletsitako agiriei izanen zaie aplikatzekoa.

Iruñean, 2006ko azaroaren 27an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0618971