I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
315/2006 EBAZPENA, urriaren 27koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Valtierrako "Los Tres Caminos" alderdian Eremu Energetiko Esperimentala instalatzeko ingurumeneko ukipenetarako baimena ukatzen duena. Sustatzailea Eólica Navarra, S.L. da.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumeneko ukipenetarako baimena emateko ala ukatzeko, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluan ezarrita dagoenez, ingurumeneko ukipenetarako baimen horrek barnean hartuko du lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena, hirigintzako legeen arabera baimen horren beharra dagoen kasuetan.
Eólica Navarra, S.L.k, Valtierrako Udalaren bidez, "Los Tres Caminos" alderdian, "La Corraliza de Bornás" bazkalekuaren inguruan, Valtierrako Eremu Energetiko Esperimentala paratzeko espedientea aurkeztu zuen. Enercon E70 modeloko eta 2 MW-ko 4 sorgailu eoliko jarri nahi dira, guztira 8,3 MW-ko potentzia. Dorre mota desberdinak izanen dituzte (altzairuzkoa eta hormigoi aurreatezatuzkoa) eta abatzen garaierak ere desberdinak izanen dituzte (58, 64, 85 eta 98). 10 urterako administrazio baimena eskatu da. Ondoko hauek ere proiektuan sartu dira: 66/20 kV-ko azpiestazioa; sorgailu eolikoen arteko lurpeko sare elektrikoa, 20 kV-koa; eta energia ateratzeko lurpeko linea, 66 kV-koa, 4,7 kilometro luze, Caparrosoko parke eolikotik La Sernako transformadore-azpiestaziora datorren lineako 263. euskarriraino.
Jarduera hori Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 2C eranskineko I) atalean sailkaturik dago eta, beraz, ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du, tramitazioari dagokiona ere barne dela, 35/2002 Foru Legearen arabera.
Halaber aplikatu beharrekoa da apirilaren 25eko 71/2005 Foru Dekretua, autokontsumorako nahiz saiakuntzarako energia eolikoa sortzeko instalazioen ezarpenari eta erabilerari buruzko arauak ematen dituen apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretua aldatu duena.
Espedientean agiri hauek daude: 2005eko ekaineko proiektu teknikoa, ingurumeneko ukipenei buruzko azterlanarekin, eta hegaztien gaineko azterketa (eremuaren erabilera eta arriskuak), 2004an egina, urteko ziklo osoan zehar, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 224/2005 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.
Ingurumeneko ukipenei buruzko azterlanaren emaitza, eta, bereziki, hegaztiek eremua nola erabiltzen duten ikusteko urteko ziklo oso batean egin den azterketa, kontuan hartu dira proiektuaren diseinuan. Ahaleginak egin dira ukipen arriskua gutxitzeko, batez ere hegaztiei begira.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 28an emandako 23/2005 Ebazpenaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunerako, 4/2005 Foru Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Epe horretan Gurelur - Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen.
Ikusirik Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalaren txostena eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalarena, esan behar da eremu energetiko esperimentalerako hautatu den kokalekua ugaltze tokia dela Nafarroako Espezie Mehatxatuen katalogoan kalteberatzat edo habitataren aldaketarekiko sentikortzat sailkatuta dauden espezie batzuentzat. Espezie horiek, gainera, Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean ageri dira. Eremu hori hainbat hegazti harrapariren pasagune garrantzitsua ere bada. Egiaztaturik dago honelako instalazioen arriskua, eta ez dago zuzenketa neurririk hartzerik ugaltze garaiko ukipenak saihesteko edo hegaztiek beren eguneroko joan-etorrietan edo migrazioetan instalazioen kontra jo dezaten ekiditeko.
Horrenbestez, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez delegatu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Valtierrako Los Tres Caminos alderdian Eremu Energetiko Esperimentala instalatzeko ingurumeneko ukipenetarako baimena ukatzea. Sustatzailea Eólica Navarra, S.L. da.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Valtierrako Udalari, alegatzaileei eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2006ko urriaren 27an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0617218