I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
313/2006 EBAZPENA, urriaren 26koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ablitasko La Degollada alderdian Eremu Energetiko Esperimentala instalatzeko ingurumeneko ukipenetarako baimena ematen duena. Sustatzailea Eólica Navarra, S.L. da.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumeneko ukipenetarako baimena emateko ala ukatzeko, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluan ezarrita dagoenez, ingurumeneko ukipenetarako baimen horrek barnean hartuko du lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena, hirigintzako legeen arabera baimen horren beharra dagoen kasuetan.
Eólica Navarra, S.L.k, Ablitasko Udalaren bidez, La Degollada alderdian Ablitasko Eremu Energetiko Esperimentala paratzeko espedientea aurkeztu zuen. Vestas markako 4 sorgailu eoliko instalatu nahi dira, horietako bi V-90 modelokoak, 3 MW-koak, eta beste biak V-100 modelokoak, 2,75 MW-koak, eta 10 urterako administrazio baimena eskatu da. Energia ateratzeko linea elektrikoa 66 kV-koa izanen da, 2,7 km luze, eremu esperimental eolikoko azpiestaziotik Iberdrolak Ribaforadan duen azpiestazioraino.
Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 2C eranskineko I) atalean sailkaturik dago eta, beraz, ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du, tramitazioari dagokiona ere barne dela, 35/2002 Foru Legearen arabera.
Halaber aplikatu beharrekoa da apirilaren 25eko 71/2005 Foru Dekretua, autokontsumorako nahiz saiakuntzarako energia eolikoa sortzeko instalazioen ezarpenari eta erabilerari buruzko arauak ematen dituen apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretua aldatu duena.
Espedientean agiri hauek daude: 2005eko otsaileko proiektu teknikoa, ingurumeneko ukipenei buruzko azterlanarekin; 2005eko urriko proiektu aldatua; ingurumeneko ukipenei buruzko azterlan aldatua, hau ere 2005eko urrikoa; hegaztien gaineko azterketa (eremuaren erabilera eta arriskuak), 2004an egina, urteko ziklo osoan zehar, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 224/2005 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.
Ingurumeneko ukipenei buruzko azterlanaren emaitza, eta, bereziki, hegaztiek eremua nola erabiltzen duten ikusteko urteko ziklo oso batean egin den azterketa, kontuan hartu dira proiektuaren diseinuan eta horrela atera da 2005eko urriko azken proiektua. Sarbidea eta linea elektrikoaren trazadura aldatu egin dira: ingurumenari kalte egiteko arrisku txikiena dagoen eta zuzenketa neurriak ezar daitezkeen aldeak zeharkatuko dituzte. Lau sorgailu eolikoak kokatzeko zenbait aukera aztertu dira. Azkenean, haien artean pasabide nahiko zabalak egoteko moduan kokatu dira, goi-lautadaren ertzetik ahalik urrunen, estepako hegaztiak ibili ohi diren aldeak saihestu nahian.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak urtarrilaren 5ean emandako 8/2006 Ebazpenaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunerako, 4/2005 Foru Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Epe horretan GURELUR - Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Horren edukia eta emandako erantzuna I. eranskinean daude.
Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena eta Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalarena, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez delegatu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumeneko ukipenetarako baimena ematea Ablitasko La Degollada alderdian Eremu Energetiko Esperimentala instalatzeko, Eólica Navarra, S.L.k sustatua, 2005eko urriko proiektuaren arabera. Ingurumen baldintza hauek bete behar dira:
_Sustatzaileak, obrak hasi aurretik, lanak egiteko egutegia aurkeztu behar du. Ingurumeneko ukipenei buruzko azterlanean adierazitako denbora tarteak errespetatuko dira, faunaren gaineko eragina gutxitzeko. Halaber, arriskupeko floraren jarraipen txostena aurkeztuko du. Hori zuinketaren ondoren eginen da.
_Ez da aurreikusten obran zabortegirik egin beharrik, uste baita materialen konpentsazioa izanen dela. Isurketarako guneren bat hartu behar bada, ingurumen baimena lortu beharko da.
_Obrak hasi aurretik, jardueraren eremuan hegaztien jarraipena egiteko proposamena aurkeztuko da, bai obren faserako bai funtzionamendu faserako.
_Lurraren ezaugarriek aukera ematen badute, linea elektrikoa lurperatu eginen da Eremu Esperimentalaren eta autopistaren arteko tartean.
2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu (artikulu hori lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoa da), baldin eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak 71/2005 Foru Dekretua betetzeko agintzen badu, lau prototipoak betiere desberdinak izan beharrari dagokionez. Hirigintzako baldintza hauek beteko dira:
_Asmotan den jarduera gauzatzeak erasaten ahal dien azpiegitura eta zorrei dagokienez, edo gauzatze hori trabatu lezaketenei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik. Eskatutako ebakuazio-linea elektrikoa ere baimenaren babespean egonen da, baldin eta lineak zeharkatuko dituen lurzatien titularrek eskatzaileari baimena ematen badiote. Lurzati horiek espedienteko planoan ageri dira.
_Behin instalazioa eginda, ukitutako lurrak lehengoratu egin beharko dira eta tratamendu egokia emanen zaie. Horrela, jarduketak ahalik eragin txikiena izanen du inguruko paisaian, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 88. artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Proiektuaren ingurumeneko ukipenetarako baimena eman dadin 30.000 euroko fidantza jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik eragiten badu hori konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Ablitasko Udalari, alegatzaileei eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2006ko urriaren 26an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
I. ERANSKINA
_GURELUR - Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkarteak aurkeztutako alegazioak.
1. Eremu esperimentalaren inguruneak garrantzi ekologiko handia du, batez ere estepako hegaztientzat.
2. Ingurumeneko ukipenei buruzko azterlanean agerian jartzen da eremu honek ganga azpizuriarentzat duen garrantzia, eta espezie hori Nafarroan egoera kritikoan dago. Haien iritziz, ganga azpizuriaren gaineko eraginak ondorio larriak ekar ditzake "Peñadil-Planas del Ala" aldean bizi diren aleentzat eta, ziur aski, Aragoiko populazio hurbiletako aleentzat. Ganga azpibeltzaren egoera ere antzekoa da.
3. Mirotz urdinari dagokionez, espezie horrek habia egiten duen aldean habitataren galerak izan dezakeen eraginaz ohartarazten dute.
4. Arrano beltza inguruan bizi da eta espezie hori "kaltebera"tzat katalogaturik dago.
5 eta 6. Azterketa sakonagoa egin behar da "galzoriko espezie"tzat katalogatuta dagoen Naumann belatzak ingurua nola erabiltzen duen jakiteko. Beste zenbait hegaztirentzat sortuko den arriskua ere aipatzen dute.
7. Ingurumen Departamentuak, hegaztiei buruzko Zuzentarauan ezarritakoa betetzeko, arriskupeko espezieak zaindu eta berreskuratzeko planak garatu behar lituzke eta jada eraikita dauden parkeetan egin behar luke ikerketa eolikoa, instalatutako erroten ordez esperimentalak jarriz.
8. Inguruan bada lehentasunezko interesa duen habitat bat, "6220* Thero-Brachypodietea asoziazioko gramineoen eta urteroko landareen eremu subesteparioak", eta 92/43 Zuzentarauan ezarritakoarekin bat, horren gaineko ukipenak saihestu behar dira.
9 eta 10. Uste dute ingurumeneko ukipenen azterlanean ez dela arriskupeko floraren azterketa sakonik egin eta ez direla behar adina aztertu hegaztiak ez diren beste animalia talde batzuk.
11. Nafarroan lehendik ere jakina da honen antzeko tokiak zingira-hontzaren ugaltze eremuak direla.
12. Alegatzaileen iritziz, espedientean aurkeztutako agiriak ez datoz bat 35/2002 Foru Legean ezarritakoarekin, lurzoruaren kalifikazioari dagokionez.
Erantzuna:
1 eta 2. Alegatzaileak lehenbiziko bi puntuetan adierazitakoari buruz, esan behar da ingurumeneko ukipenen azterlanean behar bezala jaso dela inguruan mehatxupean dauden animalia espezieen egoera, eta bereziki estepako hegaztiena. Horrexegatik aldatu da sorgailu eolikoen kokapena 2005eko urriko proiektuan, hegaztien gaineko eraginak nabarmen gutxitzeko, bai hegazti harraparien igarotzeari begira, bai estepako hegaztien ugaltze eremuei dagokienez; lehendik dauden beste azpiegitura batzuen gainean edo alorretan eginen diren azpiegitura lotuen eraginak gutxitu eginen dira. Sustatzaileak Nafarroako Erriberako parke eolikoetan 5 urtean egin den ingurumen-jarraipenean metatutako esperientzia hartu du oinarri. Parke horiek honen antzeko ezaugarri ekologikoak dituzte eta haietan ez da ganga azpizuriaren eta ganga azpibeltzaren gaineko eragin aipagarririk antzeman.
3. Hirugarren puntuari erantzunez, sustatzaileak proposatu du mirotz urdinaren gaineko balizko eraginaren ebaluazioa egin dadila instalazioa abian jarri eta gero.
4, 5, 6 eta 7. Ingurumeneko ukipenen azterlanean abiapuntutzat hartu da urteko ziklo oso baten azterketa, eta kontuan hartu dira Caparrosoko, Montes de Cierzo I eta II, La Banderako eta Serraltako parke eolikoetan bost urtean etengabe hegaztiei egindako jarraipenaren emaitzak. Datu horietan oinarritu da hegaztien gaineko eraginen aurreikuspena.
8. Ingurumenaren arloko beste hobekuntza batzuen artean, 2005eko urriko proiektu aldatuan gutxitu egin da 92/43/EE Zuzentarauko habitaten gaineko eragina.
9. Sorgailu eolikoen azken kokapenak, zangek eta bideek ez dute eraginik izanen arriskupeko landare espezieak dauden aldeetan. Nolanahi ere, Ingurumena Zaintzeko Programaren barnean landareen azterketa zehatza eginen da, zuinketa egin ondoren.
10.etik 14.era bitartekoak. Denei batera erantzuten ahal zaie, esanez ingurumeneko ukipenen azterlana osoa dela eta ingurunearen osagai guztiak aztertzen dituela. Beste alde batetik, esan beharra dago Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak adostasun txostena eman duela espedienteari buruz.
Iragarkiaren kodea: F0617167