141. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

77/2006 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Foru Komunitateko Administrazioaren ekintzen arintasuna eta eraginkortasun administratiboa areagotu beharra zegoela eta, 1991n Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua sortu zen, batez ere kudeaketa lanak egin behar zituen erakunde autonomo gisa. 1997an beste foru dekretu batek erakundearen estatutu berriak onetsi zituen; horrela institutua eraberritu egin zen eta garaiko egoerara egokitu.

Gero, uztailaren 28ko 278/2003 Foru Dekretuaren bidez, erakunde horren egitura eta eginkizunak denboraren buruan agertutako funtzionamendu beharretara eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak ezarritako araudi berrira egokitu ziren.

Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (KAIMZ) egitura organikoa eta funtzionamendu araubidea erregelamenduz arautu dira, berariazko foru dekretu baten bidez. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak zentro hori atxikita dauka eta bere estatutuetan haren inguruko kontuak sartu behar ditu.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa departamentu horri atxiki behar zaiola.

Gaur egun, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak uztailaren 28ko 278/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren estatutuak ditu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak aldaketa sakonak egin ditu Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduan oro har, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde publikoen eta bestelako erakunde batzuen antolamenduan zehazki; erakunde horiek VIII. tituluan arautzen ditu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrak erakunde publikoak bere aurreikuspenei egokitzeko agintzen du, eta horretarako urtebeteko epea ematen du, indarra hartzen duenetik hasita. Egokitzapen honetarako, beharrezkoa da estatutu berriak egin eta onestea, eta haietan erakunde publikoen eginkizunak eta egitura organikoa deskribatzea, aipatutako foru legearen 98. artikulutik 116.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera.

Horiek horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko azaroaren seiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onestea. Horien testu osoa foru dekretu honi erantsi zaio.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Izendapenak

Berretsi da, egin zen baldintza berberetan, Programak Kudeatzeko Ataleko buruaren izendapena. Aurrerantzean Gazteekin egiten diren Programak Kudeatzeko Ataleko burua izanen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak; zehazki, honako hauek: uztailaren 28ko 278/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituena, eta abenduaren 15eko 696/2003 Foru Dekretua, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (KAIMZ) egitura organikoa eta funtzionamendu araubidea onesten dituena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 6an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

NAFARROAKO KIROL ETA GAZTERIAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera, eskumenak eta eginkizunak

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua administrazio erakunde autonomoa da. Nortasun juridiko propioa du, eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa.

2. artikulua. Atxikipena eta zaintza.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan bera atxikita daukan departamentuak plangintzari eta politika orokorrari buruz ematen dituen jarraibideen menpean dago. Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta zaintzeko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta administrazio antolamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskumen hauek ditu:

a) Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari (KAIMZ) esleitzen dizkienak.

b) Gazteei zuzendutako jarduerak (administrazio, sustapen nahiz prestazio arlokoak) egin, kudeatu edo bultzatzea, eta gazteentzako ekipamendu eta instalazioak sustatu, egin eta kudeatzea.

c) Gazteriaren arloan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko inongo erakunde edo departamenturi esleitu gabe dauden eskumenak. Halaber, Institutuak koordinatuko ditu Nafarroako gazteriari eragiten dieten gaiak, Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak badira, eta Gobernuak haren esku uzten ahal dituen gainerakoak.

d) Ondare, kontratu, aurrekontu eta kontabilitate gaietan, finantzen kontrolean eta langileria arloan, berariazko legeriak erakunde autonomoei ematen dizkien eskumenak.

2._Eskumen horiei loturik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kirolari buruzko Foru Legeak Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari (KAIMZ) esleitzen dizkienak.

b) Gazteriaren arloan aurreko idatz-zatian ezarri zaizkion eskumenetatik sortzen diren sustapen, kudeaketa eta jarraipen eginkizunak.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentro eta instalazioak kudeatzea, mantentzea, zaharberritzea, ekipamenduz hornitzea eta haietan inbertsioak egitea.

d) Laguntza eta dirulaguntzen programak zuzendu eta kudeatzea, eta aholkua eta informazioa ematea, estatutu hauetan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren eskumeneko arloetan.

e) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren helburuak betetzeko lagungarriak diren jarduerak egitea.

f) Indarreko antolamendu juridikoarekin bat esleitu edo eskuordetzen zaizkion beste eskumen guztiak.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Hona hemen Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren zuzendaritza organoak:

_Gobernu Kontseilua.

_Zuzendari kudeatzailea.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Kideak.

1._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

Kontseiluburua: Departamentuko kontseilari titularra.

Kontseiluburuordea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol zuzendariordea.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren zuzendariordea.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Departamentuko idazkari nagusi teknikoa.

2._Departamentuko zuzendaritza karguren bat, Gobernu Kontseiluan egon beharrekoa, hutsik gelditzen baldin bada, Departamentuko titularrak haren ordez aritu beharreko kontseilukidea izendatuko du behin-behinekoz, harik eta behin betiko izendapena egin arte.

3._Gobernu Kontseiluak, egoki iruditzen zaionean, ahalmena izanen du kirolaren eta/edo gazteriaren erakunde edo organoetako ordezkariei deitzeko, bileretara joan daitezen. Ordezkari horiek hizpidea izanen dute baina botorik ez.

6. artikulua. Ahalmenak.

Gobernu Kontseiluari ondoko ahalmen hauek dagozkio:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamenari buruzko txostena egitea, urtero.

b) Erakundearen zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

c) Ondasun higiezinak erosteko edo erabiltzeko baimena ematea.

d) Erakundearen zentro eta instalazioak erabiltzeko prezio eta tarifen araubidea onestea.

e) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak presako kasuetan ematen dituen ebazpen eta probidentzien berri izatea.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluko buruaren ahalmenak.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluko buruari ondoko ahalmen hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren bileretarako deia egitea eta aztergaien zerrenda ezartzea.

b) Gobernu Kontseiluak hartzen dituen erabakiak eta haren funtzionamendu arauak bete daitezen begiratzea.

Kontseiluburua kanpoan edo gaixorik dagoenean edo bidezko beste arrazoiren bat dagoenean, kontseiluburuordea haren ordez ariko da, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 15eko 15/2004 Foru Legearen 31.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

8. artikulua. Idazkaria.

1._Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria izanen da Gobernu Kontseiluko idazkari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko idazkari nagusia den aldetik.

2._Idazkariaren eginkizunak ondokoak izanen dira:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea kontseiluburuordearekin batera, kontseiluburuaren jarraibideak aintzat harturik, eta erabakiak tramitatzea, bete daitezen.

b) Osoko bilkuretako aktak egitea, harturiko erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak ematea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.

c) Ematen zaizkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1._Gobernu Kontseiluak urtean behin eginen du nahitaez bere ohiko bilkura. Bilkura bereziak, berriz, kontseiluburuak horrexetarako dei egiten duenean.

2._Gobernu Kontseiluak, bere jardunean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legeak organo kolegiatuentzat ezarritako funtzionamendu araubide orokorra izanen du.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak ahalmena izanen du jakintza, prestakuntza edo izen handia izateagatik edo bestelako arrazoiengatik egoki iruditzen zaizkion pertsonen aholkua noiznahi eskatzeko. Horrelakoei berariaz deituko zaie bileretara.

III. KAPITULUA

Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Kargurako izendatzea eta kentzea.

1._Zuzendari kudeatzailea Nafarroako Gobernuak izendatu eta kargutik kenduko du askatasun osoz, Departamentuko kontseilari titularraren proposamenari jarraikiz.

2._Zuzendari kudeatzailea kanpoan edo gaixorik dagoenean, agertu ezin denean edo haren kargua hutsik geratzen denean, Kirol zuzendariordea ariko da haren ordez, eta honek ere, arrazoi berberengatik, ezin badu karguan jardun, Gazteriaren zuzendariordeak ordeztuko du.

12. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren funtzionamenduaren erantzukizunik handiena bere gain hartzea.

b) Erakundearen ordezkari gorena izatea.

c) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta presako kasuetan, beharrezkoa bada, probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Batzordeari horien berri ematea.

d) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren eskumeneko jarduera, organo, zentro eta instalazio guztiak zuzentzea, kudeatzea eta horien barneko antolaketaz arduratzea.

e) Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GJNE) zuzentzea.

f) Erakunde autonomoari atxikitako instalazio eta zentroen funtzionamenduari buruzko arauak onestea.

g) Nafarroako Gobernuari edo Departamentuko kontseilari titularrari espedienteak ebazteko egin behar zaizkien proposamenen gaineko txostenak egitea.

h) Erakunde autonomoaren jarduerarako behar diren administrazio ebazpenak eta administrazio egintzetarako aginduak ematea.

i) Administrazioaren kontratuei buruz indarra duen araudiak erakunde autonomoen ordezkarien esku uzten dituen ahalmenak erabiltzea.

j) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzea, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zuzendari nagusiei ahalmen hori ematen zaien heinean.

k) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileria arloko erreklamazioak salbu.

l) Gastuetarako baimen eta aginduak ematea, haien izaera ekonomikoa edozein dela; ordaintzeko obligazioak onartzea, eta erakundearen aurrekontuaren aurreproiektu-proposamena formulatzea, indarreko araudian ezarritakoari jarraituz.

m) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren helburuak ezartzea, eta urteko memoria eta jarduera-programak egitea.

n) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko atal, bulego eta beste administrazio-unitate batzuetako buruak bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

o) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren zentroetako zuzendariak, haren plantilla organikoan ageri direnak, bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

p) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendariordeen eta Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoak izendatzea aldi baterako, ebazpen bidez, haiek kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik daudenean edo kargua hutsik geratzen denean.

q) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren plantilla organikoaz eta lan eskaintzaz proposamenak egitea eta langileriaren arloko eskumenak dituen departamentuari igortzea.

r) Langileria zuzendu eta antolatzeko ahalmenak erabiltzea, langile bakoitzaren mailari eta izendapenari dagozkien lan eta eginkizunen esleipena barne.

s) Langile bakoitzari lanpostu jakin bat ematea, eta beterik edo hutsik dauden lanpostuetarako atxikipen aldaketak egitea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren barnean.

t) Langileak behin-behinekoz eginkizun-gabetuak daudela deklaratzea, diziplina espedienteak abiaraztea hutsegite larri edo oso larriengatik, eta hutsegite larri edo arinengatiko diziplina espedienteak ebaztea.

u) Erregelamenduz ezarritako opor, lizentzia eta baimenak ematea, eta arauz ezarritako baldintzak betez aparteko lanorduak egiteko baimena ematea.

v) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko langileen lanaldia murrizteko eskaerak ebaztea. Aldez aurretik, bidezkoa denean, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eginen du.

x) Lantokia dagoen herritik kanpo bizitzeko baimena ematea. Aldez aurretik, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eginen du.

y) Haren kargua dela-eta Departamentuko kontseilari titularrak ezartzen dizkion eginkizun guztiak betetzea.

13. artikulua. Eginkizunak delegatzea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskurantzetako batzuk zuzendariordeen eta Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA

Zuzendariordetzak eta Zerbitzua

14. artikulua. Zuzendariordetzak eta Zerbitzua.

1._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak honako unitate organiko hauek ditu, denak ere zuzendari kudeatzailearen mendekoak zuzen-zuzenean:

a) Kirol Zuzendariordetza.

b) Gazteriaren Zuzendariordetza.

c) Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzua.

2._Unitate organiko horietako titularrek elkarrekin lankidetzan beteko dituzte beren eginkizunak, beste unitate organikoetako titularren eskurantzak eragotzi gabe.

3._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak planifikatu, zuzendu eta koordinatuko ditu zuzendariordetzetako eta Zerbitzuko titularren eginkizunak.

15. artikulua. Izendapena.

Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu zuzendariordeak, baita kargutik kendu ere, askatasun osoz, erakunde autonomo hau atxikita daukan departamentuko titularraren proposamenei jarraituz.

16. artikulua. Kirol Zuzendariordetza.

1._Kirol Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikita dauden kirol instalazio eta zentroak antolatu eta kudeatzea.

b) Kirol jarduerak sustatu, koordinatu eta bultzatzea.

c) Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa kudeatzea.

d) Nafarroako kirol federazioak eratzeko eta haien estatutu eta erregelamenduak onesteko baimenak kudeatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dauden kirol modalitate eta espezialitateen aitormena kudeatzea.

f) Elkarteei eta beste erakunde batzuei aitormena emateko kirol arloko arauek eskatzen dituzten baldintzak betetzen ote diren begiratzea.

g) Haien esku utzitako eginkizun publikoak betetzen ari direnean, Nafarroako kirol federazioak koordinatu eta babestea eta, hala behar bada, Nafarroako beste kirol erakunde batzuk ere bai, haien jarduera pribatua ezertan galarazi gabe.

h) Nafarroako lehiaketa ofizialen antolamendua arautu, sailkatu eta gainbegiratzea.

i) Nahitaezko eskolaldian daudenentzat Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea edo antolatzeko baimena ematea.

j) Kirolaren eta kiroltasunaren balio etikoak sustatzea.

k) Foru Komunitateko unibertsitateen arteko kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.

l) Nafarroako kirol federazioen bidez eta, hala bide denean, Nafarroako beste kirol erakunde batzuen bidez, Nafarroako selekzioak osatzen dituzten kirolariak izendatzea.

m) Nafarroako lehiaketa ofizialen eta Nafarroako selekzioen sinbolo eta ikur bereizgarriak sustatzea.

n) Nafarroako goi mailako kirolarien kalifikazioa kudeatzea.

o) Nafarroako goi mailako kirol jarduera gainbegiratu eta babestea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

p) Kirolaren arloko dopatzea galarazi eta kontrolatzea, kirol federazioak, Estatuko Administrazioa eta, hala bide denean, beste erakunde publiko eta pribatu batzuk lagun.

q) Ohiz kanpokotzat jotzen diren jendaurreko kirol arloko ikuskizun eta jardueretarako baimena ematea.

r) Kirol gaietako ikerketa zientifikoa sustatzea, baita kirolarien kontrol medikoa eta egoera fisikoaren hobekuntza ere.

s) Kirola laguntzak eta dirulaguntzak emanaz sustatzea.

t) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ) dela bide, Nafarroako Kirolari buruzko 15/2001 Foru Legearen 73. artikuluan ezarritako eginkizunak, foru dekretu honetan ezarritakoak eta erregelamenduz zehazten ahal diren gainerakoak garatzea.

u) Kirol arloko laguntzak eta dirulaguntzak emateko eta kirol jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko kudeaketak egitea, bidezko zerga kenkariei begira.

v) Kirolari buruzko Foru Legean agertzen diren helburuak bete eta lortzeko programa berariazkoak burutzea.

x) Zuzendariordetzako atal eta zentroen jarduerak antolatu eta banatzea, eta edukiak kudeatzea informazio sisteman eta informazio bideetan, bereziki web orrian.

y) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendaritzari eta gainerako unitateei laguntzea eta aholku ematea bere eskumenekoak diren gaietan.

z) Aipatutako horiek osatzeko eginkizunak eta antzeko beste batzuk eta, orobat, Zuzendaritzak delegatu edo agintzen dizkionak.

2._Kirol zuzendariordeari dagokio erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko ahalmena, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zerbitzu-zuzendariei ahalmen hori ematen zaien heinean.

17. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetza.

1._Gazteriaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendariordetzako atalen jarduerak antolatu eta banatzea.

b) Gazteentzako programak diseinatu eta koordinatzea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak gazteria arloan dituen eskumenen esparruan.

c) Gazteriaren arloko zeharkako politikak garatzea.

d) Gazteei informazioa, dokumentazioa eta aholkularitza emateko helburua duten ekintzak programatu eta kudeatzea.

e) Gazteen parte-hartzea eta gazteen elkarteak sustatzea.

f) Gazteentzako jarduerak sustatzea eta antolatzea.

g) Eduki propioak kudeatzea informazio sistemetan eta informazio bideetan, bereziki web orrian.

h) Gazteriaren arloan sor daitezkeen batzorde edo lantaldeek onartzen dituzten erabaki eta programak koordinatzea eta, behar denean, kudeatzea.

i) Gazteek eta erakundeek egiten dituzten jarduerak sustatzea eta laguntzea.

j) Beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko akordioak proposatzea eta onartzen direnak kudeatzea.

k) Gazteriaren Kontseiluarekiko harremanak koordinatzea.

l) Gazteei zuzenduriko boluntario programak koordinatzea.

m) Gazteekin lan egiten duten teknikarientzako prestakuntza programak sustatzea.

n) Gazteriaren arloko laguntza eta dirulaguntzak kudeatzea.

o) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikita dauden gazte instalazio eta zentroak antolatu eta kudeatzea.

p) Gazteentzako Aterpetxeen Espainiako Sarearen (REAJ) Partzuergoan sarturik dauden Nafarroako gazte instalazioak gainbegiratzea.

q) Gazteentzako aterpetxeek Nafarroako Komunitatean behar dituzten baimenak emateko proposamenak egitea, sektoreko araudiari jarraituz.

r) Astialdiko heziketarekin zerikusia duten alderdi guztiak arautu eta koordinatzea, astialdiko eskolen onarpen ofiziala eta hartutako prestakuntzaren aitorpena barne direla.

s) Nafarroako Gazteen Entitateen Errolda kudeatu eta zuzentzea.

t) Nafarroako toki entitateetako Gazteriaren Kontseiluen Errolda sortu, arautu eta kudeatzea.

u) Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea osatzen duten Gazteentzako Informazio Gune eta Bulegoen errolda kudeatu eta zuzentzea.

v) Nafarroako Foru Komunitatean gazteentzako aire zabaleko jarduerak arautu eta kontrolatzea, indarreko araudian Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari ematen zaizkion eskumenen eremuan, eta gazteentzako jarduerei buruzko araudia garatu eta kudeatzea.

x) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendaritzari eta gainerako unitateei laguntzea eta aholku ematea bere eskumenekoak diren gaietan.

y) Aipatutako horiek osatzeko eginkizunak eta antzeko beste batzuk eta, orobat, zuzendari kudeatzaileak delegatu edo agintzen dizkionak.

2._Gazteriaren zuzendariordeari dagokio erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko ahalmena, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zerbitzu-zuzendariei ahalmen hori ematen zaien heinean.

18. artikulua. Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzua.

Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko titularra Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko idazkari nagusia izanen da. Hona zerbitzu horren eginkizunak:

a) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko idazkaritza nagusiaren jarduerak planifikatu, koordinatu eta banatzea.

b) Erakunde autonomoaren Erregistro Orokorra eta Agiritegi Orokorra koordinatu eta kudeatzea.

c) Erakunde autonomoaren agiriak konpultsatzea, hirugarrenen aurrean ondorioak sortu behar badituzte, eta ebazpenen ziurtagiriak ematea, baita Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak bere esku dituen agiri eta datuen gainekoak ere, erakunde horretako idazkari nagusia den aldetik.

d) Dagozkion eskumenen ondorioz egiten dituen jardueren gaineko informazioa, aholkuak eta laguntza ematea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, eta ebazpen proposamenak prestatzea.

e) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren giza baliabideak eta barne araubidea koordinatu eta kudeatzea.

f) Hutsegite arinengatiko diziplina espedienteak irekitzea.

g) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren egoitza nagusiaren mantentzea eta funtzionamendua eta bertan egiten diren inbertsioak planifikatu eta kudeatzea.

h) Eduki propioak kudeatzea informazio sistemetan eta informazio bideetan, bereziki web orrian.

i) Erakunde autonomoaren aurrekontu orokorren aurreproiektua prestatzea eta proposamena zuzendari kudeatzaileari aurkeztea.

j) Erakunde autonomoaren jarduera ekonomiko-administratiboa planifikatu eta kudeatzea eta haren aurrekontuaren kontrol orokorra egitea.

k) Jarduketa ekonomikoen kontabilizazio orokorra eta aurrekontuena planifikatu eta kudeatzea.

l) Erakunde autonomoaren jarduera juridikoa koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.

m) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetan, lehen ezarpeneko obretarako, zaharberrikuntza obretarako edo konponketa obra nagusietarako eta horien ekipamendu handietarako inbertsioak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea, baita ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak ere, konponketa arruntetan egiten direnak.

n) Kirol instalazioen plan zuzentzaileak idaztea eta proposamena zuzendari kudeatzaileari aurkeztea, adostasuna ager dezan eta onespenerako tramiteak egin daitezen, indarreko araudiari jarraituz; eta haien betearazpena koordinatu eta kudeatzea.

o) Kirol instalazioetan eta gazteentzako instalazioetan inbertsioak egin daitezen kapital-transferentzien bidez ematen diren laguntzak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.

p) Toki entitateei aholku ematea kirol eta gazteria arloetako azpiegiturei buruz.

q) Erabilera publikoko kirol instalazioetarako eta horien ekipamenduetarako segurtasun planak planifikatu eta kudeatzea, eta toki entitateei aholku ematea segurtasun gaietan.

r) Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Instalazioen Errolda planifikatu, prestatu eta kudeatzea.

s) Bere eskumenekoak diren gaien inguruko aholku eta laguntza ematea zuzendari kudeatzaileari eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko unitate organikoei, eta erakunde autonomoa egoki aritzeko behar diren jarduerak sustatzea.

t) Aipatutako horiek osatzeko eginkizunak edo antzeko beste batzuk eta, orobat, zuzendari kudeatzaileak delegatu edo agintzen dizkionak.

V. KAPITULUA

Atalak

19. artikulua. Atal mailako unitate organikoak Kirol Zuzendariordetzan.

Kirol Zuzendariordetzak atal mailako unitate organiko hauek ditu:

_Kirola Sustatzeko Atala.

_Federazioen eta Kirol Jokoen Atala.

_Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa.

20. artikulua. Kirola Sustatzeko Atala.

Kirola Sustatzeko Atalak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Bere eskumenekoak diren gaietan, Kirol Zuzendariordetzari informazioa ematea.

b) Ataleko jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Kirol eta aisialdiko jarduerak sustatzea.

d) Beste erakunde batzuek kirol arloko jarduerak edo kirol ikuskizun eta gertakariak antolatzeko laguntza ematea eta haiekin lankidetzan aritzea.

e) Goi mailako taldeak eta kirolariak eta haien klubak sustatzeko laguntzak kudeatu eta tramitatzea.

f) Toki entitateekin sustapen lana egin eta lankidetzan aritzea, kirola bultzatzeko asmoz.

g) Kiroltasunaren balioak sustatzea.

h) Kirol jarduera nazionaletarako eta nazioartekoetarako laguntza eta dirulaguntzak kudeatu eta tramitatzea.

i) Eskola-adina dutenei begira, natur inguruneetan egiten diren kirol jarduerak bultzatu eta sustatzea.

j) Adinekoen eta urrituen artean kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea.

k) Kirol Zuzendariordetzari aholkua eta laguntza ematea, bere eskumenekoak diren gaietan, eta Atalarekin zerikusia duten eta Kirolari buruzko Legean ezarrita dauden arloetako kirol araudia garatzeko.

l) Aipatutako eginkizunen antzekoak edo osagarriak diren beste eginkizunak egitea, baita Kirol Zuzendariordetzak agintzen dizkionak ere.

21. artikulua. Federazioen eta Kirol Jokoen Atala.

Federazioen eta Kirol Jokoen Atalak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bere eskumenekoak diren gaietan, Kirol Zuzendariordetzari informazioa ematea.

b) Ataleko jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Kirol Erakundeen Erregistroa antolatu eta kudeatzea.

d) Kirolen babesa sustatzea eta interes sozialaren deklarazioak kudeatzea.

e) Nafarroako kirol federazioen egoitza den Kirol Etxea kudeatzea.

f) Kirola sustatzea, lankidetzan aritzea eta kirola kudeatzea Nafarroako kirol federazioekin eta intereseko beste entitate batzuekin batera; bereziki, kirol arloko teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak bultzatzea.

g) Nafarroako kirol federazioen hauteskundeak gainbegiratzea eta haien kudeaketaren ohiko jarraipena egitea, baita Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin hitzarmena duten beste entitate batzuena ere.

h) Nafarroako Kirol Jokoak sustatu, koordinatu, kudeatu eta gainbegiratzea, eskola-adina dutenentzako funtsezko kirol programa gisa; kirolaren hezkuntza-balioak sustatzea, batez ere kiroltasuna, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin lankidetzan.

i) Nafarroako unibertsitate esparruko kirol jarduerak koordinatzea.

j) Kirol arloko boluntarioen jarduerak eta prestakuntza eta kirol arloko lankidetza sustatzea.

k) Kirol arloko araudia garatzeko aholku ematea, Atalarekin zerikusia izan eta Kirolari buruzko Legean ezarrita dauden gaietan.

l) Aipatutako eginkizunen antzekoak edo osagarriak diren beste eginkizunak egitea, baita Kirol Zuzendariordetzak agintzen dizkionak ere.

22. artikulua. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ).

1._Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ) atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 73. artikuluan ezartzen zaizkionak. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendaritzak planifikatu, zuzendu eta zainduko ditu eginkizun horiek.

b) Kirolarekin zerikusia duten Nafarroako industria eta zerbitzu sektoreen lehiakortasuna, modernizazioa, berrikuntza eta dibertsifikazioa hobetzea.

c) Nafarroako kirolarien kirol marka hobetzea.

d) Herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea kirol jarduerarekin zerikusia duten esparruetan, arreta berezia emanez biztanle talde bereziei, adibidez, adinekoei eta eri kronikoei.

e) Goi mailako kirolarien eta biztanle talde berezien arreta beharrak asetzen ahalegintzea eta eraginkortasunez aurre egitea sortzen diren erronkei.

f) Kirol arloko ikerketan estandar handiak lortzea, kirol errendimendu handiarekin eta osasunarekin zerikusia duten arloetan.

g) Bere baliabide zientifiko eta teknologikoak etengabe eguneratzea.

h) Eraginkortasuna lortzea I+G proiektuetan eta doktoregaien prestakuntzan.

i) Eraginkortasuna lortzea kirol arloko teknikari trebe eta berritzaileen prestakuntzan.

j) Lan merkatuaren beharrak aseko dituzten kirol arloko profesionalak prestatzea.

k) Motibazioa, sormenaren estimulua, lantaldeko kideen garapen pertsonalaren sustapena eta lantaldeetan parte hartzeko gertutasuna lortzea.

l) Laguntza teknikoa ematea Nafarroako goi mailako kirolariei eta biztanle talde bereziei.

m) Ikerketa aplikatuaren arloko proiektuak bideratzea, diziplina anitzekoak, goi mailako kirolarien eta biztanle talde berezien ahalmen funtzionalaren hobekuntzarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko eta teknologia berritzeko.

n) Indarra duen araudiari jarraituz, ariketa fisikoaren arloko hezkuntza eta zabalkunde programak garatzea; bereziki, helburu hauek dituztenak: kirol arloko teknikarien prestakuntza, osasunerako kirolaren arloko teknikarien prestakuntza, kirolaren kudeaketa, etengabeko prestakuntza eta doktoregaien prestakuntza.

o) Parte hartzea eta lankidetzan aritzea ariketa fisikoaren azterketaren arloan diharduten erakunde, elkarte, antolakunde eta sozietate nazionalekin eta nazioartekoekin batera, indarra duen araudiari jarraituz.

2._Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko (KAIMZ) zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zentroaren helburuak, programak eta jarduerak diseinatu, planifikatu, ebaluatu, koordinatu eta garatzea.

b) Zentroaren laguntza, ikerketa eta prestakuntza jarduerak koordinatu eta sustatzea eta haietan parte hartzea.

c) Kirol Zuzendariordetzari eta Zentroko langileei informazioa ematea garatutako estrategien eta lortutako emaitzen gainean.

d) Zentroaren jarduera Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko unitate organikoekin koordinatzea, behar denean.

e) Ekintzak Foru Komunitateko Osasun Administrazioarekin koordinatzea, Foru Administrazioaren langileak eta baliabideak ahalik ongien erabiltzeko.

f) Zentroaren kudeaketa-arloetan aplikatu beharreko arauak bete daitezen begiratzea.

g) Zentroaren filosofia planifikatu eta garatzea, bereziki Zentroaren eta erabiltzaileen arteko harremanei eta garatu beharreko ekintzetan Zentroko langileek duten inplikazioari begira.

h) Foru dekretu honen 28. artikuluan zentroetako zuzendariei ezartzen zaizkien eginkizun orokorrak.

i) Aipatutako eginkizunen antzekoak edo osagarriak diren beste eginkizunak egitea, baita Kirol Zuzendariordetzak agintzen dizkionak ere.

23. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetzaren unitate organikoak.

Gazteriaren Zuzendariordetzak honako unitate organiko hauek ditu:

_Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atala.

_Gazteekin egiten diren Programak Kudeatzeko Atala.

24. artikulua. Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atala.

Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bere eskumenekoak diren gaietan, Gazteriaren Zuzendariordetzari informazioa, aholkua eta laguntza ematea.

b) Ataleko jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Gazteriaren arloan, zeharkako jarduerak kudeatzea.

d) Toki entitateei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea gazteriaren arloan.

e) Gazteentzako programetarako laguntzak kudeatzea, indarra duen araudiari jarraituz.

f) Gazteriaren arloan sortzen diren departamentuarteko batzordeei laguntzea.

g) Gazteriarekin zerikusia duten azterlanak egitea.

h) Gazte elkarteei aholku ematea.

i) Gazteriaren arloko departamentuarteko programak koordinatu edo garatzea, hala behar denean.

j) Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea kudeatu eta koordinatzea.

k) Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GJNE) koordinatzea; aisialdiko eskolen onarpen ofiziala kudeatu eta koordinatzea.

l) Intereseko argitalpenak editatzea, Zuzendariordetzaren esparruan.

m) Gazteriaren arloko teknikariak prestatzea, indarra duen araudiari jarraituz.

n) Gazteriaren arloan ari diren pertsonen prestakuntza etengabe eguneratzeko ekintzak sustatzea.

o) Gazteriaren Zuzendariordetzaren eskumeneko erroldak arautu eta kudeatzea.

p) Nafarroako Gazteriaren Sariak antolatu eta kudeatzea.

q) Aipatutako eginkizunen antzekoak edo osagarriak diren beste eginkizunak egitea, baita Gazteriaren Zuzendariordetzak agintzen dizkionak ere.

25. artikulua. Gazteekin egiten diren Programak Kudeatzeko Atala.

Gazteekin egiten diren Programak Kudeatzeko Atalak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bere eskumenekoak diren gaietan, Gazteriaren Zuzendariordetzari informazioa, aholkua eta laguntza ematea.

b) Ataleko jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Gazteei zuzenduriko programak garatu eta kudeatzea.

d) Gazteen arteko trukeak sustatzea.

e) Gazteen kultur garapena sustatzea.

f) Atzerrian hizkuntzak ikasi eta lantzeko programak sustatu eta kudeatzea.

g) Gazteen mugikortasuna erraztea.

h) Gazte txartelaren programa kudeatzea.

i) Gazteei zuzenduriko Europako programak kudeatzea.

j) Gazteen boluntario lanak sustatzea.

k) Aipatutako eginkizunen antzekoak edo osagarriak diren beste eginkizunak egitea, baita Gazteriaren Zuzendariordetzak agintzen dizkionak ere.

26. artikulua. Bulegoak eta unitate parekatuak.

Bulegoak eta bulegoekin parekatutako bestelako unitate administratiboak sortu, aldatu eta kendu ahal izanen dira, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariaren foru aginduen bidez, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen proposamenari jarraikiz, eta funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena egin ondoren.

VI. KAPITULUA

Zentroak

27. artikulua. Zentroak.

1._Hauek dira Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak:

a) Kirol Zuzendariordetzaren mendekoak:

_Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ).

_"Larrabide Estadioa" Kirol Teknifikazioaren Zentroa.

_Gelbentzu Josteta Zentroa.

_Kirol Etxea.

b) Gazteriaren Zuzendariordetzaren mendekoak:

_Fuerte del Príncipe Gazteen Egoitza.

_"Otadiko Santo Kristo" Gazteen Aterpetxe eta Prestakuntzarako Baliabideen Zentroa.

_"Baztan" Gazteen Aterpetxea.

_"Belbieretxea" Gazteen Aterpetxea.

_Getadarko Gazteen Aterpetxea.

28. artikulua. Zentroetako zuzendariak.

1._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren plantilla organikoan berariazko lanpostu gisa zuzendari kargua ezarrita duten zentroek zuzendaria izanen dute. Zuzendariaren ordainsariak plantilla organiko horretan ageri direnak izanen dira.

2._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zentro-zuzendari izateko lanpostuak erakunde autonomoko horretako unitate administratiboetako burutzak bezala beteko dira.

3._Zentroetako zuzendariei dagokie zentroak kudeatzea gai ekonomiko eta administratiboetan, langileria eta ekipamendu arloetan eta instalazioa mantentzeari dagokionez, baita agirien araubidea eta artxiboa ere. Halaber zentroko jarduerak programatu behar dituzte, beren eskumeneko eremuan, eta ezertan eragotzi gabe gaia dela-eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko beste unitate organiko batzuei dagozkienak. Azkenik, zentroaren kudeaketa-arloetan aplikatu beharreko arauak bete daitezen begiratuko dute.

VII. KAPITULUA

Organo kolegiatuak

29. artikulua. Organo kolegiatuak.

Hauek dira Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikitako organo kolegiatuak:

a) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea.

b) Nafarroako Kirol Kontseilua.

c) Bere sorrerako araudiari jarraituz atxikitzen zaion beste edozein organo.

III. TITULUA

Ondarea, baliabide ekonomikoak, aurrekontuak, eta ekonomia eta kontabilitate araubideak

30. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko Foru Legearekin bat, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen eskubide eta ondasun guztiak erakunde horretara afektatuko dira, baina Nafarroako Ondarearen ondasun diren aldetik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, aipatu foru legearen 61. artikuluan eta ondokoetan zehaztuta dagoen moduan.

31. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Hona hemen Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baliabide ekonomikoak:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen korritu, errenta eta fruituak.

b) Foru Komunitateak erakundeari bere zerbitzu eta prestazio sozialetarako esleitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen dirusarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

32. artikulua. Aurrekontu araubidea.

1._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuaren araberakoa izanen da. Aurrekontu hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2._Aurrekontuen egitura, dirusarrera eta gastuen sailkapenari eta horien zehaztasun mailari dagokionez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak burutzeko dauden arauei lotu beharko zaie, haien osagai izanen baita.

3._Aurrekontuen exekuzioa eta likidazioa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen ahal zaizkien arau orokorrek zuzenduko dute.

33. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren kudeaketa ekonomikoa, hau da, eduki ekonomikoa duten eskubide eta betebeharrak dakartzaten egintza, agiri eta espedienteen kontu-hartze eta kontabilizazioa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarrita dauden era eta baldintza berberetan eginen da.

34. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1._Kontabilitate publikoaren araubideari dagokionez, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari Foru Komunitateko Administrazioari ezartzen zaizkion arau berberak aplikatuko zaizkio.

2._Kontu-emateak Nafarroako Kontu Orokorretarako agindutakoari jarraikiz formalizatu, tramitatu eta ebatziko dira.

IV. TITULUA

Langileak

35. artikulua. Langileriaren araubidea.

Honako hauek osatzen dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren langileria:

a) Zuzendaritza karguetakoak, Nafarroako Gobernuak libreki izendatuak.

b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari atxikitako Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioak, eta aurrerantzean atxikitzen zaizkionak.

c) Erakunde autonomoari atxikitako administrazio-kontratudunak eta aldi baterako lan-kontratudunak.

V. TITULUA

Egintzen araubide juridikoa

36. artikulua. Araubide juridikoa.

1._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluko I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2._Langileriari, kontratazioari eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboek Foru Komunitateko Administrazioko araudi berariazkoari jarraituko diote.

37. artikulua. Errekurtsoak.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko organoen egintza eta ebazpenen aurka, legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak jar daitezke.

38. artikulua. Defentsa juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Lege Aholkularitzak lege aholku ematen ahalko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0617751