Iragarkia
141. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 24a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza
1689/2006 EBAZPENA, urriaren 27koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aplikatzeko Hirigintza Araudia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzen duena. Plan Bereziaren sustatzailea Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea (AENA) enpresa-entitate publikoa da.
Nafarroako Gobernuak, 2006ko maiatzaren 22ko erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen goian aipatutako espedientea. Horrenbestez, argitara eman behar da Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aplikatzeko Hirigintza Araudia.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri duen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/02 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
EBATZI DUT:
1. Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aplikatzeko Hirigintza Araudia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea. Plan Bereziaren sustatzailea Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea (AENA) enpresa-entitate publikoa da. Hirigintza Araudiaren testu osoa jaso da ebazpen honen eranskinean.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta administrazio publikoak ez diren interesdunek haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izanen dute bi hilabeteko epean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua. Aldez aurretik Nafarroako Gobernuari errekerimendua egin ahal izanen diote, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
3. Ebazpen hau Galarko, Noain-Elortzibarko eta Iruñeko udalei eta Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea (AENA) enpresa-entitate publikoari igortzea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2006ko urriaren 27an._Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.
ERANSKINA
1._Baldintza orokorrak.
1.1. Atarikoak.
1.1.1. Izaera eta xedea.
1. Agiri honetan dago Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Iruñeko Aireportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aplikatzeko Araudia. Plan Berezi hori Neurri Fiskal, Administratibo eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 166. artikuluaren babesean egin zen (abenduaren 30eko 53/2002 Legearen 101. artikuluak hein batean aldatu du 166. artikulu hori, eta Interes Orokorreko Aireportuen eta haien Zerbitzu Eremuen Antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuak garatu egin du).
2. 2001eko uztailaren 5eko Ministro Aginduaren bidez Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailea onetsi zen. Hura garatzeko asmoz egin eta tramitatu da Plan Berezia, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala egitean kontuan hartu da berez eta ezinbestez aldi berean gauzatu beharrekoak direla autonomia erkidegoek lurraldea antolatzeko dituzten eskumenak eta Estatuak dituen eskumen sektorialak.
Bi eskumen motak bateratzeko asmoz egin da agiri hau, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian maiz onartu izan den lankidetzaren bidetik.
Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak araudi sektorialari eusten dio, eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko aireko nabigazio zerbitzuetan eta aireko garraioa behar bezala antolatzen laguntzen duten jarduera osagarri guztietan; izan ere, zerbitzu publiko bat kudeatzeko eginkizuna da horien guztien muina.
Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak lurralde-araudiari eusten dio Aireportuaren Sistema Orokorra lurraldean nola ezarri behar den arautzeko.
3. Plan Bereziak, 2591/1998 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren hirigintza eta lurralde antolamendua du helburu, lurraldearen egitura orokor eta organikoaren funtsezko elementua eta eskualde mailako Komunikazio Sistema Orokorraren oinarrizko osagaia den aldetik. Plan Berezia aplikatzeko araudi hau bat dator hirigintzako legeria aplikagarriarekin, plan berezietan edo balio bereko tresnetan dauden zehaztapen eta agiriei dagokienez.
1.1.2. Eremua eta norainokoa.
1. Araudi hau aplikatu beharrekoa izanen da Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren planoetan seinalatutako eremuan.
2. Eremu horretan daude, egungo azpiegitura eta instalazioak ez ezik, baita Aireportuaren Sistema Orokorra handitzeko hartuko diren lurrak ere, haren Plan Zuzentzailean jasorik dauden moduan.
3. Aireportuaren Sistema Orokorrean, aireontzien mugimenduaren azpisistemaz eta aireportuko jardueren azpisistemaz gain (horiek gero deskribatuko dira), aireportu-erreserbak definitu dira. Instalazio berriak eta aireportuko zerbitzuak garatu ahal izateko eta azpisistemak edo horien barneko zonak handitu ahal izateko behar diren lurrak dira.
4. Aireportuaren Sistema Orokorrak aparteko ezaugarriak ditu, garraio moten arteko hiru dimentsioko aldagunea baita. Horregatik, eta jarraibide gisa, inguruko udal planeamenduari begira, jabetza mugatzen duten legezko zortasun aeronautikoak ezarri dira Araudi honetan, zortasun akustikoak ere barne, Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorrari lotuak.
5. Aireportuaren Sistema Orokorraz kanpoko eremuetako hirigintza planeamenduek behar duten koherentzia bermatzeko, Plan Berezian ASOren ingurunearen antolamendua koordinatzeko proposamena egiten da, Sarbide, Zerbitzu eta Azpiegituren Koordinazioa izenburupean.
Inguruko udal planeamendurako jarraibide gisa, Araudi honetan jaso dira Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorrari loturiko legezko zortasun aeronautikoen mugak, akustikoak ere barne direla.
1.1.3. Indarraldia, berrikuspena eta aldaketa.
1. Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honen indarraldia Estatuko araudi sektorialak arautzen du; izan ere, interes orokorreko aireportuen gaineko eskumena Estatuari dagokio, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluak dioenez.
2. Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektorial hau denbora mugarik gabe onetsi da. Berak garatzen duen plan zuzentzailearen edukia aldatuz gero, berrikusi egin beharko da.
3. Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetan aldaketa puntualak egiteko, 2591/1998 Errege Dekretuak eta 35/2002 Foru Legeak ezarritako prozedura erabiliko da.
1.1.4. Interpretazioa.
Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala gauzatu eta haren zehaztapenak betearazteko ardura duten administrazio eta erakundeei dagokie hura interpretatzea.
Plan Berezia-Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala interpretatzean sor litezkeen zalantzak eta agirien arteko desadostasunak ebazterakoan, kontuan hartuko da agiri bakoitza bere edukiaren arabera interpretatu behar dela eta Araudiaren testuak lehentasuna duela agiri grafikoen aldean, salbu eta agiri grafikoen interpretazioa eta Memoriatik ondorioztatzen dena bat bera direnean; halakoetan interpretazio hori lehenetsiko da Araudiaren testuaren aldean. Hala ere zehaztapenen inguruko zalantzek irauten badute, Plan Zuzentzailearen helburuak eta Plan Bereziaren edo hura garatzen duen tresna baliokidearen helburuak ongien beteko dituen interpretazioa lehenetsiko da.
Garapen Planeko grafikoetan ageri diren jarduketak ez dira lotesleak eta aldatu ahal izanen dira azterketa sakonagoak egin eta gero.
1.1.5. Lurzoruaren araubidea.
1. Aireportuaren Sistema Orokorraren eremuko lurrak titulartasun eta jabari publikokoak dira, eta Aireko Nabigazioari buruzko uztailaren 21eko 48/1960 Legearen bidez eta hura garatzeko eman diren xedapenen bidez araututa daude. Estatuaren eskumen gailena aireko espaziora hedatuko da, lege horretan ezarritakoarekin bat.
2. Plan Bereziaren eremuko lurrek Aireportu Erabilera Publikoa izanen dute, "Sistema Orokorra" kategoriarekin eta arau hauetan deskribatzen diren aireportu-azpiegitura, -instalazio eta -jarduerekin.
1.1.6. Plan Bereziaren tramitazioa.
1. Plan Berezi hau tramitatzeko, oro har, hirigintzako legeria aplikagarrian (Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) ezarritakoari jarraituko zaio.
2. Halaber, tramitazioari dagokionez, Interes Orokorreko Aireportuen eta haien Zerbitzu Eremuen Antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa beteko da.
1.1.7. Jarduketa sistema: desjabetzea.
1. Interes Orokorreko Aireportuen eta haien Zerbitzu Eremuen Antolamenduari buruzko 2591/1998 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, interes orokorreko aireportuen plan zuzentzaileak onesteak berekin dakar aireportuko zerbitzu eremuan dauden ondasun pribatuen onura publikoa deklaratzea, ondasun horien jabetza kentzeko. Jarduketa sistema, beraz, desjabetzea izanen da.
1.2. Aplikatu beharreko arau orokorrak.
Agiri honen eremuari dagokion guztian, aplikagarriak izanen dira aeronautikako araudia, hirigintzakoa, ingurumenaren arlokoa eta indarra duten beste araudi batzuk.
Aeronautikako araudia. Abiazio zibilaren sektoreko arau berariazkoak aplikatu behar dira, hau da, Aireko Nabigazioari buruzko uztailaren 21eko 48/1960 Legea, eta hura garatzeko eta indarra duen konstituzio-antolamenduari egokitzeko eman diren gainerako xedapenak.
Arau horiek zuzenean aplikatzekoak izanen dira aireportuaren kudeaketari eta ustiapenari dagokion guztian. Horrek ez du zertan eragotzi Nafarroako Foru Komunitateak beste eskumen batzuk erabili ahal izatea eremu berean; eskumenak batera erabiltze hori zilegi da, xede juridiko desberdinak dituztelako.
3. Hirigintzako araudia. Aplikagarriak izanen dira Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko 6/1998 Legea, eta, ordezko gisa, gai honi buruz Lurzoruari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legean dauden Estatu mailako xedapenak (apirilaren 9ko 1346/1976 Errege Dekretuak onetsitako Testu Bategina), baita haren 1978ko erregelamenduak ere, eta Lurzoruari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak oraindik indarrean dituen artikuluak.
4. Ingurumen arloko araudia. Estatuan indarra duten arauak Zaratari buruzko abenduaren 17ko 37/2003 Legean eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan daude; azken horren erregelamendua irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren arabera garatu zen. Espainiako Estatuak arau horiek egin zituen Europako Erkidegoaren 85/337/EEE Zuzentarauari erantzuteko, Erkidegoak ingurumena zaindu eta babeste aldera emandako gomendioak Espainiako zuzenbidean sartuz. Gaur egun aplikagarria da maiatzaren 8ko 6/2001 Legea, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duena; errege dekretu horrek Espainiako zuzenbidean sartu zuen ekainaren 27ko 97/11/EE Zuzentaraua, Kontseiluak emana.
Autonomia erkidegoan, ingurumen arloko arauak Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuan daude.
2._Plan Berezia garatzeko arauak.
2.1. Araubide orokorra.
2.1.1. Aireportuaren Sistema Orokorraren eremua aldatzea.
1. Aireportuaren Sistema Orokorraren eremua aldatu ahal izateko, 2591/1998 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, Aena enpresa-entitate publikoak Plan Zuzentzailea aldatzeko agiria egin behar du eta Sustapen Ministerioari bidali, onets dezan.
2.1.2. Plan Berezia betetzea.
1. Plan Zuzentzailean eskariari buruz dauden aurreikuspenak gauzatu ahala etorriko dira Plan Bereziaren garapenaren etapak, eta horrela beteko da plana.
2. Plan Berezi honen eremuaren barneko azpiegitura, instalazio eta eraikinak egiteko, bai aireontzien mugimenduaren azpisisteman bai aireportuko jardueren azpisisteman, Plan Bereziak aurreikusten duen garapenerako beharrezkoak diren eraikuntza, konponketa, kontserbazio, aldaketa eta eraispen obrak eginen dira.
2.2. Proiektu motak.
2.2.1. Aireportuko azpiegituren proiektuak.
1. Aireportuaren eremuan aurreikusitako azpiegitura-elementuak eta instalazioak egiteko tresna teknikoak dira, bai azpiegitura eta instalazio berriei dagokienez, bai lehendik daudenak konpondu, zaindu, aldatu edo eraisteko obrei dagokienez.
2. Aireportuko jarduerari lotutako azpiegitura guztiak halako proiektuen bidez eginen dira: hegaldi-eremua eta instalazio eta zerbitzu osagarriak, bide sareko azpiegiturak, oinarrizko zerbitzuen sarea, energia sareak, eta komunikazioen eta segurtasun edo babes zerbitzuen sareak. Kontuan hartu behar dira hurrengo idatz-zatian urbanizazio obren proiektuei buruz dauden oharrak.
3. Aireportuko azpiegituren proiektuetako agiriek eta eduki teknikoek kasuan kasuko sektoreko arau teknologikoak bete behar dituzte.
2.2.2. Urbanizazio obren proiektuak.
1. Tresna tekniko hauen bidez azpiegitura obra osoak eginen dira gune urbanizatuak sortzeko, gune horietan kokatuko baitira aireportuko jardueretan erabiliko diren instalazio edo eraikin multzoak.
2. Urbanizazio obren proiektuek garatu egin behar dituzte Plan Berezian antolamenduari buruz dauden aurreikuspenak; dela zuzenean, dela antolamendu proiektu bat egin eta gero, Plan Bereziko zehaztapenak behar bezain zehatzak ez diren kasuetan.
3. Urbanizazio obren proiektuen agiriak eta eduki teknikoa bat etorriko dira hirigintzako legeria aplikagarrian ezarritakoarekin eta kasuan kasuko egitura-esparruan indarra duten zehaztapen teknologikoekin.
2.2.3. Eraikuntza proiektuak.
1. Plan Berezi honetan aurreikusitako eraikin edo higiezinak eraiki, konpondu, zaindu edo aldatzeko obrak egiteko tresna teknikoak dira.
2. Eraikuntza proiektuek garatu eginen dituzte Plan Berezi honetan jarduera-motaz, kokapenaz, bolumenaz eta inguruarekiko loturaz dauden aurreikuspenak; dela zuzenean, dela antolamendu proiektua eta, behar izanez gero, urbanizazio obren proiektua egin eta gero, Plan Bereziaren zehaztapenak behar bezain zehatzak ez diren kasuetan.
3. Eraikuntza proiektuen agiriak eta eduki teknikoa bat etorriko dira eraikuntzaren arloan indarra duten arau berariazkoekin eta kasuan kasuko udalerri osoan arlo horretan aplikatu behar diren arauekin.
2.2.4. Antolamendu proiektuak.
1. Plan Bereziko zehaztapenak osatzeko eginen dira, beharrezkoa denean, urbanizazio obren proiektuak eta eraikuntza proiektuak egin ahal izateko zehaztasun maila lortzeko.
2. Antolamendu proiektuek Plan Berezian jasotako antolamendu irizpideei eutsiko diete. Proiektu horietan bideak eta bolumenen antolamendua ezarriko dira, proiektu bakoitzaren eremuko instalazio eta eraikinetan aplikatu daitezen. Gainera, bide sarea eta azpiegituren sarea moldatu edo osatu ahal izanen dituzte, hala behar denean, sarbide eta lotune egokiak lortzeko. Arau hauetako 2.3 idatz-zatian ezarritakoari jarraituz tramitatuko dira.
2.3. Proiektuen tramitazioa.
2.3.1. Aplikatu beharreko arauak.
1. Neurri Fiskal, Administratibo eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 53/2002 Legearen 101. artikuluan eta Interes Orokorreko Aireportuen eta haien Zerbitzu Eremuen Antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa izanen da arau.
2.3.2. Aenak sustatutako obrak.
1. Aena enpresa-entitate publikoak azpiegitura, instalazio edo eraikinak egiteko behar diren proiektuak sustatuko ditu, bere kabuz, aireportuko jabari publikoa kudeatzen duen entitatea den aldetik, edo aireportuko jarduera eta zerbitzuen kontzesioak dituzten beste entitate edo partikular batzuen bitartez, Aireko Nabigazioari buruzko Legean eta erregelamenduzko xedapen egokietan ezarrita dagoen moduan.
2. Aireportuaren Sistema Orokorraren eremuan, bi azpisistemetako edozeinetan (aireontzien mugimenduaren azpisisteman zein aireportuko jardueren azpisisteman), Aenak nahiz Estatuko Administrazio Orokorreko beste organoren batek, azpiegitura proiektuen, urbanizazio obren proiektuen edo eraikuntza proiektuen bidez, eraikuntza berriak egiteko obrak, konponketa obrak edo kontserbaziokoak sustatzen dituenean, obra horiek interes orokorreko obra publikoak izanen dira. Horregatik, abenduaren 30eko 53/2002 Legearen 101. artikuluan ezarritakoaren arabera, obra horiei ez zaizkie aplikatuko udalen prebentzio-kontrolak, hau da, ez dute obretarako udal lizentziaren beharrik izanen, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga ordaindu beharretik salbuetsita egonen dira.
3. Obra horiek Plan Berezi honetan ezarritakoari lotu behar zaizkio. Hala dela egiaztatzeko, autonomia erkidegoko eta udalerriko administrazio eskudunek txostena eginen dute. Txostena aldekoa dela ulertuko da, administrazioak dokumentazioa jasotzen duenetik hilabete igarotzen bada txostenik eman gabe. Autonomia erkidegoko administrazioaren eta udal administrazioaren txostenak, halaber, hirigintzako legeria orokorraren arabera beste kasu batzuetan bidezkoa zatekeen tramitazioaren ordezkotzat hartuko dira.
4. Betiere, Aenak egin eta sustatzen dituen azpiegitura, urbanizazio eta eraikuntza proiektuek kasuan kasuko sektorean indarra duten arau teknologikoak, erregelamenduak eta prozedura-arauak bete behar dituzte, indarra duen legeria orokorraren arabera.
5. Arau hauetako hurrengo idatz-zatian ezarritakoari dagokionez, eta aireportuko esparruan hirugarrenek sustatzen ahal dituzten eraikuntza obren antolamendu espaziala eta funtzionala bermatze aldera, Aenak antolamendu proiektuak sustatu eta ikus-onetsiko ditu, eta proiektu horien tramitazioa aurreko idatz-zatietan beste proiektu mota batzuetarako azaldu den prozeduraren bidez eginen da.
2.3.3. Hirugarrenek sustatutako obrak.
1. Partikularrek eta zuzenbide pribatuko enpresek eraikuntza obrak sustatu ahal izanen dituzte Aireportuaren Sistema Orokorraren eremuan, Aenak aldez aurretik baimena eta kontzesioa ematen badizkie, aireportuko jarduerak edo zerbitzuak egiteko agente edo eragile gisa. Obra horietarako udal lizentzia eskuratu beharko da, arau orokorrei, kasuan kasuko arau berariazkoei eta zerga edo tributu araubideari jarraituz.
2. Partikularrek sustaturiko eraikuntza proiektuetarako espazio- eta funtzio-esparru egokia sortzeko xedearekin, Aenak, behar izanez gero, antolamendu proiektuak eta urbanizazio obren proiektuak sustatu eta ikus-onetsiko ditu. Horien bidez eraikinen bolumen-parametroak definituko dira eta sarbide nahiz zerbitzuetarako azpiegitura egokiak ezarriko.
3. Antolamendu proiektuak bat etorriko dira Arau hauetako 2.2.4 eta 2.3.2 artikuluetan ezarritakoarekin; bideak eta eraikinetako fatxada_ edo itxitura-lerroak definituko dituzte, baita jarduera motari, eraikinen bolumenari eta kokapenari buruzko baldintzak ere, obretarako udal lizentzia eman dadin bete beharrekoak.
4. Kontzesiodunek terminaletan edo Aenaren beste eraikin batzuetan obrak egin ahal izateko, nahikoa izanen da eraikin edukitzaileari buruzko informazio egokia, Aenak onartu edo ikus-onetsia.
5. Betiere, obra lizentzia eskatzen denean, Aenaren adostasun txostenarekin batera, Aenak onetsitako dokumentazio grafikoa aurkeztu behar da, inguru osoaren antolamendua erakusten duena.
3._Hirigintza-garapenaren mugak eta ukipenak Aireportuaren Sistema Orokorrean eta haren ingurunean.
3.1. Legezko zortasun aeronautikoak.
1. Aireportuaren Sistema Orokorrean eta haren inguruan hirigintza-garapena mugatuta dago zortasun aeronautikoen bidez (zortasun fisikoak, irrati-elektrikoak eta operaziokoak). Muga horiek Estatuak aireko espazioaren gainean duen eskumen gailenaren ondorio dira. Nahitaez bete beharreko arauak dira, horrela xedatuta baitago otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan (abuztuaren 9ko 2490/1974 Dekretuaren bidez aldatua), uztailaren 10eko 1844/1975 Dekretuan eta abenduaren 5eko 1541/2003 Errege Dekretuan.
2. Abiazio Zibilaren Nazioarteko Erakundeak (OACI) ezarritako nazioarteko arauetatik sortuak dira zortasun aeronautiko fisikoak, irrati-elektrikoak eta operaziokoak. Hona non argitaratu diren arau horiek: Nazioarteko Abiazio Zibilari buruzko Hitzarmenaren 14. eranskinean (Nazioarteko Arau eta Metodo Gomendatuak, I. liburukia, Aerodromoen Diseinua eta Eragiketak); Aireportuetako Zerbitzuei buruzko Eskuliburuan; 8168-OPS/611 agirian (I. eta II. liburukiak, Aireko Nabigazioko Zerbitzuetarako Prozedurak, Aireontzien Eragiketak; eta 10. eranskinean (Telekomunikazio Aeronautikoak).
3. Neurri Fiskal, Administratibo eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 29ko 55/1999 Legearen 63. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde planetan, hirigintzakoetan eta zortasun aeronautikoak, akustikoak barne, dituzten eremuak antolatzeko edozein planetan, zortasun horiei lotutako mugak ezarri behar zaizkie aipatutako tresnen xede diren legezko zehaztapenei, ezarritako zortasunen eraginkortasuna bermatzeko.
Nahitaezko desjabetzea bidezkoa izanen da, bakar-bakarrik, eskubide ondaretuak erabiltzea eragozten duten legezko zortasun aeronautikoak ezartzen direnean, akustikoak barne.
3.2. Zortasun aeronautikoetatik sortzen diren hirigintzako mugak.
3.2.1. Zortasun fisiko, irrati-elektriko eta operaziokoen ondoriozko mugak.
1. Zortasun aeronautiko horiek errege dekretuz onetsi behar dira, Aireko Nabigazioari buruzko Legean eta haren ondorengo arau berariazkoetan ezarrita dagoenez.
2. Oztopoen arteko eremuetan, zortasun fisiko, irrati-elektriko eta operaziokoak dituzten horietan, eraikuntza-jarduera askea mugatuta dago. Muga horiek nahitaez bete beharreko arauak direnez, ukitutako udalek (Iruña, Ukar, Biurrun-Olkotz, Untzue, Oloritz, Elo, Leotz, Elortzibar, Galar, Tiebas-Muru Artederreta, Aranguren, Eguesibar, Zizur, Antsoain, Oltza, Itza eta Antsoaingo Fazeria, Itza eta Txulapain) beren hirigintza plan orokorretako araudietan zehaztapen egokiak jaso behar dituzte mugak gaindituko ez direla bermatzeko.
3. Ukitutako eremuetan, eraikin eta instalazioen garaiera Iruñeko aireportuan indarra duten zortasun aeronautikoetan zehaztutakoaren arabera mugatuko da.
3.2.2. Zortasun akustikoen ondoriozko mugak.
1. Aireportuko jarduerek sortzen dituzten hots-mailak eta horien araberako hots-markak aztertzeko irizpideak Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailean jasorik daude. Plan zuzentzailea ministro-agindu baten bidez onetsi zen.
2. Hirigintzako planeamenduari buruzko 55/1999 Legearen 63. artikuluan ezarritakoarekin bat, kontuan hartuko dira aireportuko jardueraren eragin akustikoak, eta mugak jarriko dira, etxebizitza, hezkuntza-dotazio edo ospitale berrien ezarpena eragozteko, eta, oro har, egunez Leq 7ko 60 dB(A) edo gauez Leq 7ko 50 dB(A) gainditzen diren tokietan ezin kokatu diren erabilerak eragozteko. Hori guztia, ezertan ukatu gabe Estatuko, autonomia erkidegoko edo toki mailako beste araudi batzuetan ezarritakoa bete beharra.
3.2.3. Txostenak eta baimenak zortasun aeronautikoen eraginpeko eremuetan.
1. Aireportuko zerbitzu eremuan, eta haren inguruko eremuetan, zortasun aeronautikoak badituzte edo Aireko Nabigazioari buruzko Legearen babesean halako zortasunak ezarri behar bazaizkie, hirigintza edo lurraldea antolatzeko planek eta tresna orokorrek bateragarriak izan behar dute Iruñeko Aireportuaren Plan Zuzentzailean dauden zehaztapenekin. Plan horiei hasierako onespena eman edo tramite baliokidea egin aurretik, Sustapen Ministerioak txostena eman behar du eta txosten hori loteslea izanen da, abenduaren 4ko 1591/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren arabera.
2. Zortasun aeronautikoak dituzten tokietan eraikuntzak, instalazioak edo landaketak egin aurretik aeronautika arloko administrazio eskudunaren adostasun txostena behar da, horrela agintzen baitute Zortasun Aeronautikoei buruzko 584/1972 Dekretuak eta hura aldatu duten 2490/1974 Dekretuak, 1844/1975 Dekretuak eta 1541/2003 Errege Dekretuak. Hirigintza arloko Administrazioak txosten hori eskatuko du lizentzia eman baino lehen.
3. Toki Administrazioak edo autonomia erkidegokoak sustatzen badu jarduketa, txostena zuzenean eskatuko zaio Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, proiektua onetsi aurretik.
4._Baldintza partikularrak.
4.1. Aireontzien mugimenduaren azpisistema.
4.1.1. Definizioak.
1. Aireontzien mugimenduaren azpisistemako lurrek aireportu-erabilera publikoa izanen dute, "Sistema Orokorra" izaerarekin.
2. Aireontzien mugimenduaren azpisistemak aireportu-erabilera duten elementu hauek hartzen ditu: hegaldi-eremua, aireontziak aparkatzeko plataforma, nabigaziorako laguntzak eta zirkulazioa kontrolatzeko zerbitzuak. Hurrengo idatz-zatian deskribatzen dira azpisistema horretako azpiegitura eta instalazioak.
3. Aireontzien mugimenduaren azpisisteman funtsezko aldaketak edo zabalkuntzak egiteko, Plan Zuzentzailean jasorik ez badaude, aldez aurretik aldatu egin beharko da Plan Zuzentzailea, Arau hauetako 2.1.1 artikuluan azaldutako prozeduraren bidez.
4.1.2. Aireontzien mugimenduaren azpisistemako elementuak.
1. Aireontziek aireratu aurretik eta lur hartu ondoren zirkulatzeko diren aireportu-azpiegitura guztiak hartzen ditu hegaldi-eremuak: pistak, errodadurarako kaleak eta itxaronguneak. Horien guztien helburua aireontzien zirkulazioaren segurtasuna bermatzea da.
2. Plataforma, berriz, hegaldi-eremuarekin zuzenean lotutako gunea da. Bertan aireontziak aparkatzen dira bidaiari eta salgaiak ontziratu eta lurreratzeko eta aireontzietan lurreko zerbitzuak egiteko (catering-a, erregai hornidura, garbiketa etab.).
3. Nabigaziorako laguntzen multzoa osatzen dute aireko espazio kontrolatuaren barnean aireontzien joan-etorriak eta hurbiltze nahiz aireratze prozedurak segurtasun osoz gauzatzeko erabiltzen diren instalazio guztiek, bai irrati-elektrikoek bai ikusizkoek.
Nabigaziorako laguntzen multzoa noiznahi aldatu edo handitu ahal izanen da, trafikoaren bilakaerak edo aeronautikaren garapen teknologikoak hala eskatuz gero.
4. Instalazio osagarriak aireontzien mugimenduaren azpisistemako eragiketak egiteko behar diren azpiegitura eta zerbitzuak dira. Barne bideak, zerbitzu ibilgailuen aparkalekuak, zamalanetarako guneak eta zerbitzu taldeentzako instalazioak dira, baita sarbide mugatuko eremu batzuk ere, azpisistema hau bidaiarien eta zamalanen terminalekin lotzen dutenak.
4.1.3. Aireontzien mugimenduaren azpisistemaren garapena.
1. Aireontzien mugimenduaren azpisistema Plan Zuzentzailean zehaztutako moduan garatuko da. Haren ezaugarriak zehatz deskribatu dira "Antolamendua" izenburupeko kapituluetan eta Plan Berezi honetako III. saileko planoetan ("Antolamendua" saila).
4.2. Aireportuko jardueren azpisistema.
4.2.1. Definizioak.
1. Aireportuko jardueren azpisistemako lurrek aireportu-erabilera publikoa izanen dute, "Sistema Orokorra" izaerarekin.
2. Aireportuaren eremuan, aireportuko jardueren azpisistemako azpiegitura, instalazio eta zerbitzuak garraio moten arteko aldaketa prozesurako erabiltzen dira. Prozesuaren eraginkortasun funtzionala eta Iruñeko Aireportuaren Sistema Orokorraren mailari dagokion zerbitzuaren kalitatea bermatzen dituzte. Interes Orokorreko Aireportuen eta haien Zerbitzu Eremuen Antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuak arautzen ditu azpisistema honetako jarduerak.
3. Aurreko paragrafoan aipatutako helburuak betetzeko, eta aireportu-erabilera publikoaren esparruan, aireportuko jardueren azpisistema "Antolamendua. Printzipio orokorrak" kapituluan deskribatutako eremu eta lerroetan antolatu behar da. Arau hauetako hurrengo kapituluan (4.2.2. "Aireportuko jardueren azpisistemako elementuak"), eremuz eremu eta lerro funtzionalen arabera, jarduera horien zerrenda ematen da, baina ez oso-osoa.
4. Aireportuko jardueren azpisistemako lur guztiak jabari publikokoak dira eta haien titularra Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea (Aena) enpresa-entitate publikoa da. Erakunde horrek berak kudeatzen ditu lurrak. Hala ere, Aireko Nabigazioari buruzko Legean eta hura garatu duten legezko xedapenetan ezarritakoaren arabera, Aenak aeronautika-zerbitzu jakin batzuk eragile edo agente publiko zein pribatuen esku uzten ahal ditu, erregelamenduzko kontzesio administratiboaren bidez, zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko. Kasu horretan, Arau hauetako 2.3.3 artikuluan ("Hirugarrenek sustatutako obrak") ezarritakoa aplikatu ahal izanen da.
5. Aireportuko jardueren azpisistemako azpiegitura, instalazio eta eraikinak egiteko, Arau hauetan deskribatutako azpiegitura proiektuak, urbanizazio obren proiektuak, eraikuntza proiektuak eta, behar izanez gero, antolamendu proiektuak egin eta tramitatuko dira, horretarako adierazitako prozedurak erabiliz.
4.2.2. Aireportuko jardueren azpisistemako elementuak.
1. Bidaiarien eremuan, bidaiariak aireportuan sartzen direnetik ontziratzen diren arte haien trafikorako erabiltzen diren azpiegitura, instalazio, eraikin eta zerbitzu guztiak daude. Hona hemen eremu honetako aireportu-jarduera nagusiak, hiru lerro funtzionalen arabera garatuta:
Lehenbiziko lerroa._Bidaiarentzako eraikinak eta terminala. Segurtasun zerbitzuak, operatiboak eta pertsonalak, merkataritzakoak eta bidaiariei sarbide mugatuko gune edo esparruetan arreta ematekoak.
Bigarren lerroa._Bidaiarientzako harrera eta fakturazio zerbitzuak. Zerbitzu pertsonalak eta merkataritzakoak. Agente eta eragileak, hegazkin-konpainiak, bidaia-agentziak. Ostalaritza zerbitzuak eta bidaiarientzako hotelak. Lurreko garraiobideetara aldatzeko elementu eta azpiegiturak: bide sarea, ibilgailuen aparkalekuak, eta garraio publikoaren terminal eta geltokiak. Terminalen arteko aldaketarako elementuak. Aparkalekuak, ibilgailuak alokatzeko instalazio eta zerbitzuak.
Hirugarren lerroa._Enpresa zerbitzuak, bilguneak, komunikazioak, erakusketa aretoak eta aisiarako guneak. Hegazkin-konpainien eta aireko garraioko enpresen administrazio zerbitzuak.
2. Zamalanetarako eremuan, salgaiak airez garraiatzeko azpiegitura, instalazio eta zerbitzu guztiak daude, dela zama-hegazkinetan garraiatzeko, dela bidaiariak eramaten dituzten hegazkinetako sotoetan. Hona hemen eremu honetako aireportu-jarduera nagusietako batzuk, hiru lerro funtzionalen arabera garatuta:
Lehenbiziko lerroa._Terminaletako eraikinak. Zamaketa-handling-eko agenteak eta eragileak. Posta zerbitzuak, mezularitza, paketeen garraio azkarra, eta gainerako agente espezializatuak.
Bigarren lerroa._Aduanetako zerbitzu eta bulegoak. Garraio-kudeatzaileentzako eraikin eta zerbitzuak. Erabiltzaileei laguntzeko zerbitzu pertsonalak eta komertzialak. Lurreko garraio sareetara aldatzeko elementuak: bide sarea, ibilgailuen aparkalekuak, eta garraio publikoaren geltokiak.
Hirugarren lerroa._Eragile pribatuen instalazio eta biltegiak. Eremuko administrazio bulegoak: eragileentzako enpresa eta logistika zerbitzuak. Zerbitzuko bide eta aparkalekuak.
3. Aireontzietarako zerbitzu eremua. Plan Zuzentzailean "industria eremua" deitzen zaio, eta aireontziak zaindu eta mantentzeko azpiegitura, instalazio, eraikin eta zerbitzuak biltzen ditu. Hura garatzeko litekeena da aireontzietarako plataformak eta kale osagarriak egin behar izatea. Hona hemen eremu honetako aireportu-jarduera nagusiak, hiru lerro funtzionalen arabera garatuta:
Lehenbiziko lerroa._Aireontziei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak, hegaldi-eremuarekiko eta bertako instalazio, tailer eta hangarrekiko lotura behar dutenak.
Bigarren lerroa._Aireontziei arreta emateko landa-zerbitzuak. Zerbitzu ibilgailuetarako zirkulazio sareak eta aparkalekuak.
Hirugarren lerroa._Eremuko administrazio bulegoak: Langileei arreta emateko zerbitzuak. Instalazioak, biltegiak eta tailer osagarriak. Eremuko bideak eta aparkaleku osagarriak.
4. Zerbitzuen eremua. Aireportuaren zainketa eta kudeaketa teknikorako azpiegitura, instalazio, eraikin eta zerbitzuak biltzen ditu. Hona hemen eremu honetako aireportu-jarduera nagusiak, hiru lerro funtzionalen arabera garatuta:
Lehenbiziko lerroa._Kontrol dorrea. Bloke teknikoa. Handling eta catering agenteen eta hegaldi-eremuan jarduten duten gainerako eragileen instalazio eta zerbitzuak.
Bigarren lerroa._Arrapalak eta hegaldi-eremua zaindu eta mantentzeko instalazio eta zerbitzuak. Zerbitzu ibilgailuen aparkalekuak eta laguntza elementuak.
Hirugarren lerroa._Langileei arreta emateko zerbitzuak. Biltegiak, kotxetegiak, eta zerbitzuko elementu eta ibilgailuak mantentzeko tailerrak. Catering agenteen eta gainerako eragileen instalazioak, administrazioa eta biltegiak. Aireportuko Administrazioaren bulego eta zerbitzuak. Eremuko bideak eta zerbitzuko aparkalekuak.
5. Abiazio orokorraren eremua. Aireontzi ez-komertzialetan, aerotaxietan, hegazkin pribatuetan eta kirol hegazkinetan aireko garraioan aritzeko azpiegitura, instalazio, eraikin eta zerbitzuak biltzen ditu. Hona hemen eremu honetako aireportu-jarduera nagusiak, hiru lerro funtzionalen arabera garatuta:
Lehenbiziko lerroa._Terminaleko eraikina, aireontzietarako tailerrak eta hangarrak.
Bigarren lerroa. erabiltzaileentzako arreta zerbitzuak eta administrazio eta operazio zerbitzuak. Erabiltzaileen ibilgailuen aparkalekuak eta sarbideak.
Hirugarren lerroa._Zerbitzu lagungarriak. Gizarte, kultur eta kirol jarduerak.
6. Energia horniduraren eremua. Aireportuaren Sistema Orokorraren funtzionamendurako behar diren energia-azpiegituretako hargune, instalazio, terminal eta banaketa-sareak biltzen ditu. Besteak beste, sare hauek izanen dira:
Erregaiak biltegiratu eta banatzeko sarea. Informazio eta komunikazio sistemak. Energia elektrikoaren transformazioa eta banaketa. Argi eta seinaleen sistemak. Suteen aurkako babesa eta borroka. Uraren tratamendua, biltegiratzea eta hornidura. Hondakin uren drainatzea, saneamendua eta arazketa. Hondakinen bilketa eta tratamendua.
4.2.3. Aireportuko jardueren azpisistemaren garapena.
1. Aireportuko jardueren azpisistema etorkizunean nola garatuko den zehatz azaltzen da Plan Berezi honetako "Antolamendua" izenburupeko kapituluetan eta III. saileko planoetan ("Antolamendua" saila).
2. Plan Berezi honetan aireportuko jardueren azpisistemarako egin den zonifikazioan, eremu funtzionalak definitzen dituen horretan, aldaketa puntualak egin ahal izanen dira Aireportuaren Sistemaren bilakaerak hala eskatzen duenean.
3. Aireportuko jardueren banaketa sailkapen kontzeptuala da. Jarduerak hainbat eremu eta lerrotan banatu dira baina horrek ez du esan nahi espazioan bereizita daudenik. Edozein eremu garatu ahal izanen da beste batzuetarako aurreikusitako aldean, eta jarduera desberdinak elkartu ahal izanen dira, etengabe garatzen eta aldatzen ari den aireportu-teknikaren irizpideei jarraituz.
4.3. Aireportu-erreserba:
1. Aireportu-erreserbako lurren etorkizuneko garapenari dagokionez, Plan Berezi honetako "Antolamendua" izenburupeko kapituluetan azaltzen da nola garatuko diren.
2. Plan Bereziak aireportu-erreserbak jaso eta/edo garatuko ditu bere antolamenduan, dela eskatutako kalitatearen eta edukiaren hobekuntzengatik, dela aireportuaren eta inguruaren arteko koordinazioari loturiko beste arrazoi batzuengatik.
3. Aireportu-erreserba hauek, garaia denean, antolamendu proiektu baten bidez garatuko dira.
4.4. Arau iragankorrak.
1. Aireportuko egungo instalazioak eta lehendik urbanizatuta dauden aldeak mantendu, egokitu edo handitzeko obrak egin ahal izanen dira, dauden azpisisteman edo eremuan daudela.
Iragarkiaren kodea: F0617266
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
