141. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2006ko azaroaren 6an hartua. Haren bidez Tuteran saltoki handi bat jartzeko merkataritzarako baimen berariazkoa ematen zaio Carrefour Navarra, S.L. enpresari, eta dagokion Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onesten da.

I._Aurrekariak.

1._2004ko abenduaren 10ean, Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak hasiera bateko proposamen bateratu bat sinatu zuten. Bertan adierazitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari proposatzen ahal zaio merkataritzako baimen berariazkoa emateko espedientearekin jarraitzeko eta proiektua udalez gaindikoa dela deklaratzeko. Nolanahi ere, proposamenaren bi ataletan nahitaez bete beharreko merkataritza zein hirigintza alorretako zehaztapen batzuk bildu dira. Proposamena Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileari (CNACM) eta Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari (COT) aurkeztu zaie azter dezaten, eta behar diren ondorioak izan ditzan.

2._2004ko abenduaren 21eko bilkuran, aipatutako hasiera bateko proposamen bateratua hartan jorratu baitzen, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak erabaki zuen gaiaren gaineko erabakirik ez hartzea Ministerioak "D" alternatiba baztertzeari buruz espresuki iritzirik ematen ez zuen bitartean, hots, Tuterako herrigunetik kanpo igarotzen den abiadura handiko trenaren alternatibari buruz, izan ere, Carrefour saltokia kokatuko den lurretatik pasatu behar du.

3._Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2005eko urriaren 11n egin bilkuran Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren 2005eko urriaren 10eko txosten osagarria jorratu zuen. Bertan, hauxe proposatu zen: a) Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak 2004ko abenduaren 10ean batera emandako hasiera bateko proposamenari eranstea txosten osagarri hori; eta b) merkataritzako baimen berariazkoa emateko espedientea jarraitu eta proiektua udalez gaindikoa dela deklaratzea, uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean ezarritako tramiteari eta 2004ko abenduaren 10eko batera emandako hasiera bateko proposamenean eta txosten osagarrian ezarritako baldintzei jarraikiz. Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aho batez erabaki zuen espedienteari jarraipena ematea, azaldutako txosten-proposamenean adierazitakoarekin bat.

4._Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailea (CNACM), 2005eko urriaren 21eko bilkuran, hasiera bateko proposamen bateratuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txosten osagarriari buruz aritu zen. Gobernuari proiektua igorri aurretik, txosten juridiko bat eskatzea erabaki zen, merkataritza-gunea edo hipermerkatua den zehazteko.

5._2005eko abenduaren 30eko bilkuran, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren 2005eko abenduaren 23ko txosten osagarria, merkataritzako baimen berariazkoa eskatzeko espedienteari buruzkoa, aztertu zuen. Orobat, merkataritzako baimen berariazkoa emateko tramitazioarekin segitzea erabaki zuen.

6._2006ko otsailaren 20an, Nafarroako Gobernuak honako hau adierazi zuen: "hasiera bateko proposamen bateratuak Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen adostasun txostena jaso zuen 2005eko urriaren 11ko bilkuran ...(eta) Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailea ere proposamenaren alde agertu zen 2005eko abenduaren 30eko bilkuran". Ondoren, Tuteran saltoki handi bat jartzeko merkataritzarako baimen berariazkoaren espedienteari, Carrefour Navarra, S.L. enpresak sustatu baitzuen, jarraipena ematea, eta proiektua Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea erabaki zuen, bai eta, hilabetez, proiektua jendaurrean jarri eta Tuterako Udalari entzunaldia ematea ere.

Erabaki hori 2006ko 30. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, argitaratu zen, martxoaren 10ean.

7._2006ko martxoaren 20an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak Carrefour, S.L. enpresari 2004ko abenduaren 10eko hasiera bateko proposamen bateratua eta 2005eko urriaren 10eko txosten osagarria igorri zizkion, "Foru komunitateko Administrazioaren organo esku-hartzaileek eta Nafarroako Gobernuak, 2006-02-20ko Erabakiaren bidez, berretsiak biak, espedientea tramitatu bitartean aintzat hartzeko xedearekin".

II._Aurkeztutako alegazioak.

Espedientearen jendaurreko epean, merkataritza esparruari buruzko alegazio idazki bat aurkeztu da, Manuel Díaz Cejudo jaunak Eroski S.COOP.en izenean egina. Sustatzaileari alegazio idazkia igorri zitzaion, horretarako emandako epean, egoki iruditzen zitzaiona adieraz zezan. Carrefour Navarra, S.L. enpresak ezesteko eskatu zuen. Hona hemen alegazioen eta haien erantzunen edukia:

Edukia:

Lehenbizikoa: Baimentzen ahal diren gehieneko neurriei buruzko irizpideak:

Alegaziogilearen ustez, baimentzen ahal diren gehieneko neurriei buruzko irizpideen araberako espedientea baloratzean, abiapuntutzat hartu dira merkataritzako datuak (eskaintza, eskaria, saltokien metroak eta salmenten bolumena), egun indarrik ez dutenak. Horregatik, proiektua egun dagoen merkataritzako hutsuneari jarraikiz baloratzeko eskatu du.

Bigarrena: Lehenetsi beharreko formatu eta kokapenei buruzko irizpideak:

Alegaziogilearen arabera, proiektuak merkataritza parkearen ezaugarriak ditu edo hiritik kanpo kokatutako biltegi handi edo merkataritza-gune batena. Hortaz, irizpide hori aplikatuta, proiektua ezetsi behar da.

Erantzuna:

1.ari: Proiektuaren azterketan kontuan hartu dira Nafarroako saltoki handien lurralde ereduko balio gaurkotuak, izan ere, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez aldatu ziren. Hitzarmena Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariaren 43/2003 Foru Aginduak onetsi zuen. Eta gaurkotze hori 2003ko azaroaren 28ko bilkuran aurkeztu zitzaion Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileari.

Nafarroako saltoki handien lurralde ereduaren erregelamendua onetsi zuen 150/2004 Foru Dekretuak, 9. artikuluan, ezartzen du Eredua, gutxienez, lau urtean behin berrikusiko dela. Beraz, Eredua osorik berrikusteko epea ez da iragan.

Bestetik, 6.1.e) artikuluak ezartzen duenez, baimentzen ahal diren gehieneko neurriak etengabe eta automatikoki gaurkotuko dira. Orobat, ematen diren merkataritza lizentziak kontuan hartu eta merkataritzako eskaintzari gehituko zaizkio. 2003an neurriak gaurkotu zirenetik, Tuterako merkataritza eremuan ez da merkataritzarako baimen berariazkorik eman. Horrenbestez, azken gaurkotzearen ondorioz baimentzen ahal diren gehieneko neurrien balioak aplikatu dira.

Hortaz, alegazioa ezetsi egin da.

2.ari: 2005eko urriaren 21eko bilkuran Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileari saltoki handiaren proiektua aurkeztu zitzaion, ondokoek osatua:

_Hipermerkatua, 6.280 m²-ko azalera duena.

_Galeria bat, ondokoek osatua: ekipamendu pertsonalerako merkataritzako 7 lokal (405 m²); merkataritzako 2 lokal Eredukoak ez diren produktuak saltzeko (135 m²); eta kafetegi bat (177 m²).

Proiektuaren formatua sailkatzean sortutako auzia dela-eta, txosten juridiko bat eskatu zen merkataritzako gunea edo hipermerkatua ote zen zehazteko. Jasotako txosten juridikoaren arabera, eta foru legeekin bat, proiektua, hipermerkatu batek eta merkataritzako galeria batek osatzen baitute, merkataritzako gune bati dagokio.

Ondotik, 2005eko abenduaren 22an, sustatzaileak idazki bat aurkeztu zuen. Bertan adierazi zuen galeriako lokalen jarduerek ez zutela Saltoki Handien (GE) sailkapena, hipermerkatu gisa, aldatuko.

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren txosten osagarrian, 2005eko abenduaren 30ean Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileari aurkeztu baitzitzaion, eta sustatzailearen 2005eko abenduaren 22ko idazkia kontuan hartuta, proiektua Tuteratik kanpo kokatutako hipermerkatutzat hartu zen, formatu eta kokapenen lehentasunei buruzko irizpideekin bat. Txostena dela-eta, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak espedientea tramitatzen jarraitzea erabaki zuen, zehaztapen hau eginda: "Galeriako lokalen jarduerek ez dute Saltoki Handien (GE) sailkapena, hipermerkatu gisa, aldatuko".

Hortaz, alegazioa ezetsi egin da.

III._2004ko abenduaren 10ean batera aurkeztutako hasiera baterako proposamenaren alderdi oinarrizkoak.

2004ko abenduaren 10ean batera aurkeztutako hasiera baterako proposamenean proposatu zen merkataritzako baimen berariazkoa emateko espedientea segitzea eta, halaber, Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratzea. Nolanahi ere, proposamenaren bi ataletan nahitaez bete beharreko merkataritza zein hirigintza alorretako zehaztapen batzuk bildu ziren.

Merkataritza alorreko zehaztapenak direla-eta, espediente honetako merkataritza arloko zehaztapenen kontrako alegazioak aurkeztu direla adierazi beharra dago. Beraz, alegazioen gaineko ebazpenen arabera jokatuko da.

Bestalde, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko IV. atalean, "Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenen atalean" alegia, hasiera baterako proposamen bateratuan sartu baitzen, zehaztapen eta zuzenketa batzuk proposatu ziren Saltoki Handien hirigintza antolamenduari buruz. Haietako lehenak Zainketa Zerbitzuak 2004ko urriaren 20an Saltoki Handien ezarpenari buruz emandako txostenaren araberakoak (batez ere sarbideei eta ezaugarriei buruzkoak). Ondotik, zehaztapen gehiago eman ziren ondokoen gainean: sarbideak, barneko bideak, oinezkoendako ibilbideak, aparkalekuak eta abar.

Azkenik, atal horretan, Museoen, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak (garai hartan Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpekoa), Herri Babeserako Zerbitzuak eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak garai batean emandako txostenak aipatu dira. Aipatutako azken Zerbitzu honen ondorioen arabera, ez dago inolako eragozpenik Saltoki Handia ezartzeko.

IV._Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren 2005eko urriaren 10eko txosten osagarriaren oinarrizko alderdiak.

IV.1._Aurrekariak eta sektoreen txostenak.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2004ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, 2005eko martxoaren 1ean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Burdinbide Zuzendaritza Nagusira jo eta txosten bat eskatu zuen, jakiteko "Tuterako herrigunetik kanpo igarotzen den abiadura handiko trenaren trazaduretatik "D" alternatiba behin betikoz baztertzerik ote dagoen". Martxoaren 11n, Burdinbide zuzendari nagusiak, aurreko eskaerari erantzuteko, eta zehaztapen batzuk egin ondoren, ondorioztatu zuen "Sustapen Ministerioak momentuz ezin duela trazadura hori baztertu".

2005eko irailaren 16an, Carrefour enpresak idazki bat aurkeztu zuen. Hari erantsi zitzaion Sustapen Ministerioko Burdinbide Zuzendaritza Nagusiko Plan eta Proiektuen zuzendariorde nagusiaren 2005eko uztaileko txostenaren kopia, Carrefourren saltoki handi berriaren kokapenak Zaragoza-Castejón abiadura handiko trenerako aurreikusitako trazaduran sortzen ahal zuen eragozpenari buruzkoa. Agiri horiekin batera, plano bat ere aurkeztu zen, 2005eko maiatzeko data zuena, "Abiadura handiko trenaren trazaduraren alternatiba proposamena Tuterako saihesbiderako" izenekoa eta Carrefour enpresak egina. Haren arabera, trazadura hegoalderago aldatzen ahal zen. Sustatzaileek diotenez, aurreko txostenak ideia hori hartu zuen abiapuntu.

Plano horretan, abiadura handiko trenaren trazadurarako Carrefourrek proposatutako aldaketa agertzen da, honela: a) trazadura berria hegoalderago egongo litzateke, Informazio azterketan agertzen den trazaduraren paraleloan, 100 metrora. Beraz, Foruzaingoaren Polizia Etxea dagoen lurzatian sartuko litzateke; b) trazadura berriaren ardatza saltoki handiaren eraikineko hego-mendebaldeko izkinatik 15 metrora pasatuko litzateke; c) Informazio azterketak adierazten duen bezala, trazadura berri hori Tutera-Tarazona errepidearekin gurutzatuko litzateke, errepidearen azpiko kota batean; eta d) trazadura hori aukeratuz gero, ondorioztatzen ahal da Foruzaingoaren eta Carrefour enpresaren lurretatik pasatuko zela, egitura baten azpitik, eta egitura horren gainean bi instalazioen aparkalekuak kokatuko zirela, ez lubaki gisa ezpondekin, Informazio azterketan aurreikusi bezala.

Sustapen Ministerioko Burdinbide Zuzendaritza Nagusiko Plan eta Proiektuen zuzendariorde nagusiaren txostenak aipatzen du "Ipar- ekialdeko Abiadura Handiko Trenbide Korridorearen Zaragoza-Castejon tartea" izeneko proiektuaren gaineko Informazio azterketa, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa oraindik jaso ez duena, bai eta Tutera parean trenbidea egiteko jaso ziren bi aukerak ere, hots; gaur egungo tren pasabidea eta Tuterako herrigunetik kanpoko saihesbide baten bidezkoa, hegoalderago. Carrefourrek aurkeztutako proiektuak azken trazadura hori ukituko luke. Halaber, txostenak, beste alderdi batzuk gorabehera, adierazten du Azpiegitura eta Garraioen Plan Estrategiko indardunaren arabera jarduketa berri batzuk aurreikusten direla eta horren ondorioz informazio azterketa honetakoak ondoriorik gabe geldituko liratekeela. Hortaz, beharrezkoa litzateke aipatutako trazadurak ikuspegi berri hauei jarraikiz berraztertzea eta, edozein kasutan ere, kontsideratzea Carrefourrek proposatutako abiadura handiko trenaren trazaduraren aldaketa bateragarria dela aurreikusitako trazaduraren parametroekin eta informazio azterketako ukipenez gain besterik sortuko ez duela. Enpresak proposamen hori aurkeztu zuen hipermerkatua eginen deneko lurzatian ukipenik egon ez dadin. Gainera, txostenak xedatzen duenez, Tuterako saihesbideko eraikuntza proiektuak gauzatuz gero, Zuzendariordetza honek trazaduraren aldaketa onartzen ahalko du. Amaitzeko, Carrefour Navarra, S.L. enpresaren eskaeraren alde egin du txostenak, betiere, Burdinbideen sektoreari buruzko Lege berriari jarraikiz, trenbidearen lur mugakideei ezarritako mugak kontuan hartzen badira.

Bestetik, Foruzaingoaren 2005eko urtarrilaren 3ko txostenaren arabera, aparkalekuak Foruzaingoaren Polizia Etxearen ondo-ondoan daude, eraikin nagusiaren segurtasuneko eragin eremua larriki ukituz. Konponbide egoki gisa, eraikina Polizia Etxearen mugarekiko atzera eramatea proposatu da eta bitarteko konponbide bat izaten ahal da, langileentzat besterik ez izatea saltokiaren eta Polizia Etxearen mugen arteko eremuko aparkalekuak.

Azkenik, Industria Segurtasuneko Zerbitzuak txosten bat eman du 220 KV-ko linearen zortzapenari buruz, saltoki handiaren ezarpena dela-eta. Kasu horri aplikatu beharreko manuak aipatu ondoren, eraikinak linearekiko gorde beharreko distantzia finkatu da.

IV.2._Txosten osagarriko hirigintza gogoetak.

Trenbidearen eta saltoki handiaren arteko ukipena dela-eta, konponbide bakarra aurkitu da, sustatzaileak zehatz-mehatz ikertu beharrekoa. Harekin bat, trenbidearen trazadura mugitu beharko litzateke Informazio azterketan agertzen denaren paraleloan, 30 metro iparraldera, hau da, eraikina lurzatiaren hegoaldeko ertzean jarri beharko litzateke, Foruzaingoaren lurren ondoan (eraikina hegoalderantz eramatea 40 metro). Planteamendu honek ere Sustapen Ministerioaren adostasun txostena jasoko luke, izan ere, eraikinaren ipar-ekialdeko izkinarako trazadura Carrefourrek hego-mendebaldeko izkinarako proposatutakoaren baliokidea litzateke eta, gainera, abantaila hauek izango lituzke: trazadura berri honetarako baldintza topografiko berberak mantentzea, baiezko erantzuna ematea Foruzaingoak egindako proposamenari eta, 200 KV-ko linea dela-eta, gorabeherarik ez egotea.

V._Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren 2005eko abenduaren 23ko txosten osagarriaren oinarrizko alderdiak.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearekin 2005eko urriaren 21ean hitzartutakoarekin bat, txosten juridiko bat eskatu zen merkataritzako zentro bat edo hipermerkatu bat ote zen zehazteko. Txostenak ondorioztatzen duenez, 2004ko abenduaren 10eko hasiera baterako proposamen bateratuan deskribatutako azaleraren eta erabileren arabera, proiektua merkataritzako zentro bati dagokio.

2005eko abenduaren 22an sustatzaileak idazki bat aurkeztu zuen. Bertan adierazi zuen "hipermerkatuko kutxen aurreko lokalak, egun indarra duten arauei jarraikiz, proiektuaren hipermerkatu sailkapena zalantzan jartzen ez duten jardueretarako erabiliko direla, betiere, arauek indarra izan eta aldatzen ez diren bitartean".

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren txosten osagarrian eskaerako proiektuari merkataritzako baimen berariazkoa emateko proposatu zen, zehaztapen hauek kontuan hartuta:

_Hipermerkatuan saltoki gisa erabiltzen ahal den gehieneko azalera: 6.280 m².

_Azalera hori handitzeko, ezinbestekoa izanen da merkataritzako baimen berariazkorako beste espediente bat tramitatzea.

_Galeriako lokalen jarduerek ez dute Saltoki Handien sailkapena, hipermerkatu gisa, aldatuko.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak, 2005eko abenduaren 30eko bilkuran, merkataritzako baimen berariazkoaren espedientea tramitatzen jarraitzea erabaki zuen.

VI._Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren proposamen bateratua, espedientea ebatzi aurretik.

Espedientea ebatzi aurretik, 2006ko ekainaren 23an, Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak proposamen bateratu bat sinatu zuten, eta Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku- emaileari eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari igorri zieten. Proposamenean, egokitzat jotzen dute Nafarroako Gobernuari proposatzea merkataritzako baimen berariazkoa eman eta, bide batez, Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onets dezala, Tuteran Saltoki Handi bat (GEC) jartzeari dagokionez. Nolanahi ere, "Carrefour Navarra SL" enpresak sustatutako proiektu horretan zehaztapen hauek hartu behar dira kontuan: merkataritzako baimen berariazkoa dela-eta, Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak 2005eko abenduaren 23ko txosten osagarrian proposatutakoak; eta, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren gainean, ondoko zehaztapen eta zuzenketa hauek, Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi aurreko testu bategin batean sartuko direnak:

a) Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko IV. atalean proposatutakoak, "Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenen atalean" alegia, 2004ko abenduaren 10eko hasiera baterako proposamen bateratuan sartu baitzen, betiere, hurrengo zehaztapenak ukitzen duena alde batera utzita.

b) "Ipar-ekialdeko Abiadura Handiko Trenbide Korridorearen Zaragoza-Castejon tartea" izeneko proiektuaren gaineko Informazio azterketan aurreikusitako trenbide trazadura agertzen zen Carrefourrek aurkeztutako plano batean. 30 metro iparraldera eramanen da, paraleloan, hau da, Carrefourrek proposatutako kontrako norabidean. Ondorioz, merkataritzako eraikina lurzatiaren hegoaldeko ertzean egonen da, Foruzaingoaren lurren ondoan. Horretarako, aipatutako eraikina 40 metro mugituko da, planoan duen kokalekuaren paraleloan.

VII._Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren gaineko testu bategina.

Agindutako testu bategina aurkeztu ondoren, adierazi beharra dago bertan sartu beharreko zehaztapen eta zuzenketak bete nahi direla. Baina, hala ere, beste akats edo/eta gabezia batzuk atzeman dira, Saltoki Handi bat (GEC) eraikitzeko proiektuan konpondu beharrekoak. Proiektuan merkataritzako lurzati hori osorik urbanizatzeko lanak sartuko dira, bai eta haiek egun dauden azpiegiturekin eta urbanizazioarekin egoki lotzeko guztiak ere. Hauek dira egin beharreko zuzenketa aipagarrienak:

_Tuteratik zuzenean saltoki handian (GEC) sartzeko errepideko lerroa biribilguneko kanpoko lerroan sartzen da. Beraz, hori zuzendu behar da.

_Biribilgunetik sartzeko bi lerroek, aparkalekura iritsi aurreko zatian, gutxienez 150 metro luze izan beharko dute.

_Saltokirako sarbideak egun dagoen oinezkoendako pasabidea errespetatuko du.

_630. hiri-lurzatiaren hegoaldearekin muga egiten duten aurreikusitako aparkalekuak lurzati horretan sartzen dira. Beraz, sarbideetarako proposatutako konponbidea berraztertu beharko da lurzati horren mugak kontuan hartuta.

_Saltoki handiko erabiltzaileak Tutera-Tarazona errepideko zerbitzuen poligonoko sarbide beretik ez sartzeko eragozpenak ezarri nahi dira. Halakoak partzialak izaten ahal dira, Ablitastik edo Tarazonatik datozen ibilgailuei zerbitzuen poligonoan biribilgunetik sartzen uzteko modukoak.

_Salgaietarako sarbide propio eta independientea aurreikusteko egokitasuna dela-eta, adierazi beharra dago Carrefourrek Informazio azterketako trenbide trazaduraren aldaketa proposatu zuen agirian salgaietarako sarbide bat agertzen zela. Arrapala batek osatua zegoen, eta malda nahikoa zuen salgaiak sartzeko kalearen eta Saltoki handiko plataformaren arteko lau metroak gainditzeko (296,20 kota). Edonola ere, saltoki handiko plataformara iristeko arrapalak kota hori lortu beharko du banda ukitu baino lehen (30 metro zabal). Izan ere, banda horren ardatzetik trenbidearen trazadura berria pasatuko da.

_Topografiako arrazoiak direla-eta, ez dago aukerarik erabiltzaileendako bestelako sarbiderik, aurrekotik aparte, aurreikusteko. Dena den, aparkalekuko kaleen sareko puntu batzuen eta salgaietarako sarbidearen arteko lotura, larrialdi kasuetan, ibilgailuak ateratzeko bide gisa erabiltzen ahal da.

_Saltoki handian sartzeko bidean, eskuin aldean, bateriako aparkaleku batzuk daude. Kenduz gero, ibilbide horretatik kanpo daudenek berdin segituko dute.

_Saltokiaren eraikinaren kokalekua 40 metro paraleloan mugitu behar da hegoaldera. Aldaketa horren ondorioz, egun hegoaldeko fatxadan dauden bateriako aparkalekuak pareko fatxadara pasatuko lirateke; hegoaldekoan, berriz, bide-gune bat utziko litzateke soilik, suhiltzaileen ibilgailuak sar daitezen eta, bidezkoa izanez gero, enplegatuen aparkalekurako.

_Zirkuitu bikoitzeko 66 KV-ko eta 13,2 KV-ko lineak berriro nola jarri zehaztuko da, saltoki handia jartzekoa den lurretatik pasatzen baitira.

Inguruabar horietaz gain honako hauek ere aintzat hartuko dira:

_Aparkalekuak errepideko zortasun eremutik kanpo jarriko dira, hau da, gutxienez, zelaitzearen kanpoko ertzetik 8 metrora.

_Aparkalekuetara sartzeko lerroetatik ezin izanen da zerbitzu-gunera pasatu.

_Oinezkoendako ibilbideetan ez da eraikuntza-oztoporik egonen.

_Foruzaingoaren instalazioetarako aurreikusitako hondakin uren igorlea kontuan hartuko da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin eta Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearekin bat, Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeari eta gainerako arau aplikagarriei jarraikiz, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Carrefour Navarra S.L. enpresari merkataritzako baimen berariazkoa ematea, Tuteran saltoki handi bat ezartzeko, zehaztapen hauekin:

_Hipermerkatuan saltoki gisa erabiltzen ahal den gehieneko azalera, 6.280 m².

_Azalera hori handitzeko, ezinbestekoa izanen da merkataritzako baimen berariazkorako beste espediente bat tramitatzea.

_Galeriako lokalen jarduerek ez dute Saltoki Handien sailkapena, hipermerkatu gisa, aldatuko.

3. Saltoki handi hori jartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, zehaztapen hauekin: saltoki handia eraikitzeko proiektuan merkataritzako lurzati hori osorik urbanizatzeko lanak sartuko dira, bai eta haiek egun dauden azpiegiturekin eta urbanizazioarekin egoki lotzeko eta haiei jarraipena emateko guztiak ere. Proiektuan, halaber, erabaki honetako azalpen zatiko VII. atalean, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren testu bateginaren gainean, ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

4. Saltoki handia eraikitzeko proiektua, gauzatu aurretik, Herri Lan eta Garraio Departamentuan aurkeztuko da, bidezkoa bada onetsia izan dadin. Orobat, proiektuan jasoko dira sarbideen argiztapen egokia, bai eta behar den seinaleztapena ere. Proiektuaren gastuak, obrak egitekoak eta argien eta seinaleen mantentze-lanetakoak Carrefourren kargura izanen dira.

Era berean, Saltoki handia eraikitzeko proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztuko da, azken honek txostena eman dezan, dagokion lizentzia eskatu baino lehen.

5. Sustapen Ministerioko Burdinbide Zuzendaritza Nagusiko Plan eta Proiektuen zuzendariorde nagusiak, 2005eko uztaileko txostenean, baldintza bat jarri zuen abiadura handiko trenbidearen trazadura aldatzeko Carrefourrek aurkeztutako proposamenari adostasun txostena emateko, hauxe: Burdinbideen sektoreari buruzko Lege berriari jarraikiz, trenbidearen lur mugakideei ezarritako mugak aintzat hartzea.

6. Egin asmo diren instalazioetan eragina izan edo horiek baldintzatu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituzte.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Industria eta Merkataritzako eta Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusietara eta Ondare Historikoaren, Ingurumenaren Integrazioko eta Herri Babeserako Zerbitzuetara igortzea.

8. Erabaki hau Sustapen Ministerioko Burdinbide Zuzendaritza Nagusiko Plan eta Proiektuen zuzendariorde nagusiari, Tuterako Udalari, alegaziogileei eta Carrefour, S.L. enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2006ko azaroaren 6an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0617753